2013tik behin baino gehiagotan ekarri dut hona Garesko Udalaren inguruan Izarbeibarren (eta Izarbeibarko) euskara sustatzeko burutzen ari den lana. Beste hainbat eskualdetan ohiko bihurtu diren Euskararen Egunez, kultur zikloez eta bestelako ekimenez gain, liburu uzta oparoa eragiten ari da lan hori: Izarbeibarko euskarari buruzkoak edota Izarbeibar eta Mañeruibarko etxe-izenen ingurukoak.

Duela zenbait hilabete orain arteko azken fruitua eman du uzta horrek, eta horixe da honako honetan, nahi baino beranduago bada ere, aipatu nahi dudana.

 

Izenburua: Izarbeibarko ipuñak ibarreko euskaraz

‘Izarbeibarko ipuñak’ liburuaren azala.

Egileak: Aitor Arana (testuak), Amaia Aizpun, Kepa Colomo, Karol Colomo, Maribel Tena, Xabi Vélez (irudiak).

Argitaratzaile: Garesko Udala

Urtea: 2016

Hizkuntza: euskara

Laguntzaile: Nafarroako Gobernua

Orrialde kopurua: 117

Salneurria: 8€ 

 

Iturri zaharretik ur berria

Nafarroako eskualde batzuetan gibelka doa gaur betidaniko hizkera eta gero eta gutxiago dira hura baliatzeko gauza direnak; halaxe ari da gertatzen, esate baterako, Aezkoan. Baina ez da oraindik guztiz eten aetzen euskara,  badira oraino eutsi ahal izan dioten gazte apur batzuk ere, eta ekimen txalogarria abiarazi dute: aldian behin hiztun edadetuekin bildu eta solastea, hitz-aspertuz hitz-aspertu ibarreko mintzoa goxo-goxo barneratu edo errotu ahal izateko; adinekoen iturritik edan ahal izateko, alegia. Horrek ez du aezkerak mende luzez ibarrean izan duen estatusaren iraupena bermatuko, baina erraztu dezake etorkizuneko aetzek erabiliko duten euskarak behinolako aezkeraren zenbait ezaugarriri bederen eustea, ezaugarri horiek ibarreko hiztunen euskarari kolorea ematea, eta, azken batean, atzo izan zena bihar izango denarekin nolabaiteko zubi batek lotzea.

Izarbeibar bezalako eremuetan ordea, itzali da behinolakoa, joan ziren azken hiztunak, ez dago atzoko euskararen eitea harrapatzeko balia daitekeen ezpainik. Ezinezkoa da orduan behinolako mintzoaren eta egungo belaunaldi euskaldunen arteko zubiak eraikitzea? Nekezagoa bai; baina ez, ausaz, guztiz ezinezkoa. Gaur hona ekarri dudan liburuaren hitzaurrean irakur daitekeen gisan, Izarbeibarko euskararen ezagutzak, hark utzitako lekukotasunak zabaltzeak, lekukotasun haietan zehar ageri zaizkigun hizkuntza ezaugarriak hedatzeak eta haien araberako testu zahar-berriak ontzeak eragin lezake, neurri batean bada ere, Izarbeibarren eredu batua etxeko zaporea duten ekarpenekin aberastu ahal izatea, eta Garesko, Obanosko, Utergako edota Enerizko biharko euskaldunak, pixkanaka-pixkanaka eta atzokoaren ezagutzatik abiatuz, nortasun handiagoko eredu batua barneratuz joan ahal izatea. Ahoz ezin, ordea, eta idatzian oinarrituz baino ez dago bide hori egitea. Horra hor Izarbeibarko ipuñak honen tankerako lanek eman diezaguketena: liburuan bertan bildutako esaldiari segika, “iturri zaharretik ur berria” sortzea. Erraza ez izan arren, ezin erronka erakargarriagoa.

Irakurri eta ikusi

Liburuaren irudietako bat, Kepa Colomo artistak marraztua

Hamar ipuinek osatua da liburua. Nabari da, testuak aukeratzean, eskualdean errotutako kontagai edo elementuetatik abiatzeko ahalegina. Esate baterako, Izaki misteriotsua Obanosen Urte Zaharretan kontatu ohi zen asmazio batean dago oinarritua; Garesko Txoria, aldiz, izenak adierazi bezala, XIX. mendeko iturrien arabera Puiko Ama Birjinaren irudiari aurpegia garbitu asmoz hurbiltzen zitzaion hegaztiaren kondairan. Liburuaren amaieran bibliografia atala dago, nahi duen irakurleak testu bakoitzaren sorburua ezagutu ahal izateko.

Aipagarria da, horrekin batera, kontakizunekin batera ageri diren irudiak ere Izarbeibarko errealitatearekin lotzeko asmoa, bai Gares aldeko marrazkilarien eskuetan utziz, bai irudi horietako askotan irakurleak erraz asko eskualde inguruarekin lotu ditzakeen erreferentziak txertatuz.

Aise eta gustura irakurtzeko moduko ipuinak dira guztiak, baina funtzio didaktikoa atzendu nahi ez duen lan bati dagokion bezala hiztegi-azalpenak ere badakartza liburuak oin-ohar gisa, hedapen urria izan duten Izarbeibarko hainbat hitz hobeto uler daitezen, eta eskuarki erabiltzen den batuarekin batera zezkida, zinda, dira (=dit) bezalako aditzak edo naure, orordi, glarima, txintxurri edo sulso bezalako hitzak irakurleen artean hedatzearren.

Testuak ondu dituen Aitor Arana idazle legazpiarra (1963) sarritan hurbildu zaio mende honetan zehar Nafarroako euskarari,  Espartzako Antonia Gartzia anderearen ekarpenean oinarrituz 2001ean Zaraitzuko hiztegia kaleratu zuenetik. Dagoeneko galdu diren mintzo nafarrak izan ditu batik bat aztergai, eta lan emankorra burutu du Izarbeibarko euskararen inguruan ere. 2002an, esaterako, Izarbeibarko hiztegia mardula plazaratu zuen Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. 2011n, bestalde, Irakurgaiak Izarbeibarko euskaraz. Uterga, Ukar eta Garesko testu zaharrak eta berriak eman zuen argitara Garelako elkartearekin batera. Gares aldeko euskararen inguruko bibliografia aztertu behar duenarentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu da Arana.

Liburu gomendagarri hau eskuratu nahi duena, edo informazio gehiago behar duena, Garesko Udalarekin jar daiteke harremanetan.

 

Izarbeibarko hizkerara hurbildu nahi duenak badu zer irakurria.