Albisteak

Miranda Argako Erdialde ipuin lehiaketako lanak, liburu batean

Miranda Arga Erdialde

Urte mordoxka darama lanean Miranda Argako Euskararen Lagunak elkarteak bere inguruan euskara sustatu nahirik. Hamarretik gora, esate baterako, Mirandako Euskararen Eguna errealitate bihurtzen. Horrekin batera Erdialde izeneko kontakizun labur lehiaketa ere sortu zuten 2008an.

Orain, lehiaketa hori seigarren ediziora iristearekin batera, liburu bat argitaratu berri dute elkartekoek, aurreneko bostetan saritutako lanak bildu eta plazaratzeko.

Hemen klik eginez irakurri ahal izango duzue liburua nola eskura daitekeen, eta baita aurtengo seigarren edizioan saritutako parte hartzaileen zerrenda eta lanak ere.


Eremu ez euskalduneko ikastolen egoera ekonomiko larria salatu dute

Arangoiti Ikastola

Arangoiti Ikastolako gela bat. Irunberrikoa eremu ez euskaldunean dauden zentroetako bat da.

Eremu ez euskalduneko sei ikastolak (Irunberri, Tafalla, Tutera-Fontellas, Lodosa, Viana eta Zangoza) diru-arazoak itota daudela azaldu zuten atzo Nafarroako Ikastolen Elkarteko ordezkariek Parlamentuko Hezkuntza Batzordean. Legearen barrenean daude zentro guztiak eta duela urte batzuk  lege bat adostu zen haiei diru laguntza eman ahal izateko, baina finantzaketa-plana bertan behera gelditu zen 2008an eta azken urteotan pilatutako defizita laster milioi bat eurokoa izango dela jakinarazi zuten atzoko agerraldian.

Albistea, zabalago:

Diario de Noticias

Berria

 


Izarbeibarko euskara mintzagai gaur Garesen

Koldo Colomo

El euskera en Valdizarbe. Presencia histórica y factores de su desaparición izenburupean, hitzaldi erakargarria proposatu dute arratsalderako Garesen. Fernando Pérez de Laborda eta Koldo Colomo eskualdeko euskararen historiaz arituko dira, baina horrekin batera hizkuntzei buruzko hausnarketa orokorragoak egiteko borondatez. Bi ikertzaileok ahalegin nabarmena egin dute Izarbeibarko euskarari buruzko ezagutza barreiatzearren, eta inguruko hainbat herritan eskaini dute dagoeneko gaur Garesen entzun ahal izango denaren antzeko hitzaldirik. Horretaz gain, Colomoren hainbat artikulu irakur ditzake nahi duenak Cuadernos de Etnología y Etnografía de Navarra aldizkarian, edota Pérez de Labordaren blogean bildutako datu eta lekukotasunak ikusi. Bi egileok elkarrekin prestatutako Gares toponimoari buruzko lana argitaratu zuen duela pare bat urte Fontes Linguae Vasconum aldizkariak.

Hitzaldia arratsaldeko zazpi eta erdietan hasiko da, Garesko liburutegian.


Euskararen Eguna Elortzibarren izango da asteburu honetan

Elortzibarko Euskararen Eguna

Euskararen Egunaren egitaraua (egin klik irudian)

Noain izango da larunbatean ospatuko den Elortzibarko Euskararen Egunerako topaleku. Goizeko hamarretan ekingo diote jaiari, eta proposamenez lepo datorren egitaraua prestatu dute Elortzibar Euskara Taldeak, Noaingo Gau Eskolak eta AEK-k.

Ohiko musika-eskaintza, erakustaldi eta haurrentzako ekintzez gain, aipatzekoa da arratsalde partean burutuko duten flasmob-a, eta herri-bazkarirako txartel bakoitzarekin euro bateko laguntza emango diotela bazkaltiarrek Dravet Fundazioari. Fundazio honen helburua izen bereko sindromea (haurrengan eragiten duen epilesia mota larri bat) ikertzea da.

Elortzibarko Euskararen Egunean indar berezia hartuko du ziurrenik inguruko euskaltzaleen aldarrikapen kutsuak. Gogoratu beharra dago eremu ez-euskaldunean dagoela Noain-Elortzibar, eta uko egin ziola 2010ean udalak Aranguren, Galar edota Belaskoainekin batera eremu mistoan sartzeko aukerari. UPN alderdiak gehiengo osoa du Noain-Elortzibarren.


Zangozako Euskararen Eguna, asteburu honetan

Zangozako Euskararen Eguna

Iturria: gerindabai.blogspot.com (egin klik irudian)

Zangozak hartuko du etzi azken aste hauetan Euskararen Eguna ospatu duten herrien lekukoa. Goizeko hamaika eta erdiak aldera Arkupetan hasi eta gaueko ordu txikiak arte iraungo duen ekitaldia antolatzeaz Bi Haizetara elkartea arduratu da, ohi bezala; 2002tik ari da elkarte hau Zangozan euskara sustatu eta bultzatzeko lanean.

Larunbateko Euskararen Eguna bisitatzen dutenek egitarau zabala dastatu ahal izango dute: irrintzilariak, trikitilariak, dantzariak, karaokea, herri kirolak, haurrentzako tailerrak…ez dira faltako ohiko herri-bazkari eta gau parteko musika emanaldiak ere.

Gogora, bestalde, Faltzesen ere larunbatean bertan izango dutela Euskararen Eguna.

Zangozakoaren egitaraua, Udalaren ekaineko kultur agendaren euskarazko bertsioan.

 


Faltzesko Euskararen Eguna, abian bihartik aurrera

Faltzes

Ekainaren 1ean izango dute berez Faltzesen azken urteotan ohiko bihurtu den euskararen festa. Hala eta guztiz ere, aurtengoa hamargarren Euskararen Eguna izango delarik, zifra biribil hori aurrerapenez ospatu nahi izan dute eta bihar, maiatzak 25, ikuskizun berezia izango da Pedro Iturralde aretoan arratsaldeko 8etatik aurrera. Herriko zenbait kultur taldek hartuko dute parte biharkoan: herriko abesbatza arituko da, eta dantzariak, txalapartariak edota antzerkia ere izango dira bertaratzen direnentzat.

Heldu den larunbateko festari dagokionean, aldiz, Tafallako Baigorri abesbatza eta Tafallako Joaldunak izango dira ikus eta entzungai Faltzesen, eta horiekin batera kontzertuak, herri-bazkaria, irrintzi lehiaketa edota haur-jolasak ere iragarri dituzte, besteak beste.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu