Albisteak

Miranda Argako Euskararen Eguna, asteburu honetan

Miranda Argako Euskararen Lagunak

Uda hurbildu ahala ugaritzen ari dira nonahi euskararen ingurumarian antolatutako jai-ospakizunak. Erronkariko uskararen festa bezala, Miranda Argan ere Euskararen Eguna izango dute larunbat honetan, goizez hasita eta gauera arte luzatzeko asmoz. Hamaikagarren ediziora helduko da aurtengoan Euskararen Lagunak elkartekoek proposatutako festa-eguna. Ohiko kalejira, dantza, herri-bazkari, zezensuzko eta haurtxoentzako ekintzez gain, aipatzekoa da VI. ‘Erdialde’ Idazlan Labur Lehiaketari dagozkion sariak banatuko dituztela udaletxean eguerdiko hamabietan.

Egitaraua eta xehetasun gehiago, Euskararen Lagunak elkartearen blogean.


Tafallako Euskararen Eguna, heldu den larunbatean

Tafallako Euskararen Eguna

Gutxi falta da Tafallan Euskararen Eguna berriro ere  ospatu dezaten. 2006an emeki-emeki hasi zuen ibilbidea, zortzigarren ediziora iritsi da aurtengoan. Goizeko bederatzi eta erdietan ekingo diote Tafallako txistulariek herria girotzeari; goiz-goizetik gaueko ordu txikiak arte musikan, dantzan eta haurrentzako ekintzetan oinarritutako hamaika ikusgai izango du hurbiltzen denak.

Udalaren batzar-aretoan izango da ekitaldi ofiziala, arratsaldeko ordu batean. Cristina Sota alkatea ere bertaratuko da, eta AEK-ko irakasle batzuek omenaldia jasoko dute. Ondoren herri bazkaria izango da. Tafallako hainbat lekutan daude eskuragarri bazkari-txartelak; Euskara Zerbitzuan, esaterako.

Egitaraua hemen aurkituko duzue zabalago.

 


2013an, Solaskide programarik ez

San Fermin Ikastola

San Fermin Ikastola da Solaskide programan parte hartu duen ikastetxeetako bat

Bertan behera gelditu da A eta D ereduetako DBHko zein Batxilergoko gazteen ahozko gaitasuna sustatzea helburu duen Solaskide programa, nahiz eta Nafarroako Gobernuak 2013 urteari zegozkion eskaera orri eta gainerako agiriak ohi bezala plazaratuta izan. Krisialdia gorabehera, aurrera egin du azken urteotan zehar programa honek; inguruan izan dituen erakundeek (IKAk, AEK-k, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak) Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute, programa diru laguntzarik gabe laga duela eta utzikeriaz jokatu duela adieraziz.

Informazio gehiago, Nafarroako Hitzan.

 


Euskararen Nafar Kontseiluko bokalak aukeratu ditu Nafarroako Gobernuak

Orreaga Ibarra

Orreaga Ibarra erroibartarra da Euskararen Nafar Kontseiluaren kideetako bat

Euskararen Nafar Kontseiluko hamasei bokal izendatu zituen atzo nafar gobernu autonomoak. Hamasei bokal horietatik hamalau, Kontseiluan lau urtez parte hartzeko hautatu ditu; bi urtez aritzeko, aldiz, gainerakoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa zein Pribatua, Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia edota Nafarroako Ikastolen Federazioa dira Kontseiluan ordezkaria duten erakundeetako batzuk. Ordezkari horietaz gain, euskararen arloan itzal handikoak diren hainbat lagun hautatu ditu Nafarroako Gobernuak: unibertsitateko irakasleak, filologoak edota idazleak, besteak beste.

Zerrenda osoa ezagutzeko, hona hemen albistea prentsan:

Diario de Noticias

Diario de Navarra


Uskararen Eguna 2013, Izaban

uskarareneguna2013

‘Uskaraz komunikatuz’ leloa aukeratu dute aurtengo ediziorako

Urtero ospatzen den Erronkariko Uskararen Egunak hilaren 25ean, larunbatarekin, izango du aurtengo hitzordua. Hamazazpigarren aldiz elkartuko dira haraneko zazpi herriak, eta Izaba izango da oraingo honetan festaren ardura hartuko duena; iaz Bidankozek antolatu zuen, eta Uztarroze izan zuten bilgune 2011n. Kebenko Kultur Elkarteak ez ezik, Izabako Udalak eta beste hainbat enpresa eta elkartek eman diote babesa goizeko hamarretan hasi eta gauera arte osatuko ez den egitarau zabalari: txistulariak, herri bazkaria, tailerrak eta kontzertuak izango dira, besteak beste.

Informazio zehatzagoa nahi duenak, jo dezala hona.


Abian da Baztan-Bidasoako Bertsopaper Lehiaketa

berakulturHogeita seigarren edizioa du aurtengoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak antolatutako lehiaketa honek. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea dute laguntzaile. Parte-hartzaileak lau mailatan banatuko dituzte eta horrela haur, gazte nahiz helduentzako aukera izango da. Lanak Berako Kultur Etxera bidali beharko dira, eta aurkezteko epea datorren maiatzaren 17an amaituko da. Sariak hilabete hondarrean banatuko dituzte.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2020(e)ko otsaila
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    242526272829  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu