Euskararen lekukoak

Euskararen lekukoak: BERRIOBEITI INGURUA

Artika3

Artika zaharra eta berria. Zendeako hiru biztanletik bi bizi da dagoeneko azken honetan.

Hiru Berrio- izan ditu aspalditik Iruñeak ipar-mendebaldean, Arga ibaiaren eskuin ertzean: Berriobeiti (gaztelaniazko Berrioplano), Berriogoiti eta Berriozar; XIII. mendeko agirietan baziren dagoeneko Berrio de Yuso, Berrio de Suso edo Berrioçar. Denen artean 600 biztanle baino ez zituzten duela 60 urte eskas, oraindik ere hirurak Antsoain zendeako herrixkak zirenean; gaur egun laukoiztu egin dute populazioa Berriogoitik zein Berriobeitik eta 10.000 biztanle ingurura heldu da Berriozar; udalerri beregaina da azken hau 1991tik, Antsoain bezalatsu. Hauek biak gainerakoetatik banantzearekin, Berriobeiti udalerrian bildu ziren behinolako zendeako beste hamar herriak: Larrageta, Lotza, Añezkar, Oteitza, Elkarte, Ballariain, Berriogoiti, Berriobeiti, Aitzoain eta hiriburua bertatik bertara duen Artika, azken boladan nabarmen hazten ari dena, hura ere.

Dermioa

Antzinako zendea gaur egun: beltzez, Berriobeiti udalerria. Gorriz, Berriozar. Berdez, Antsoain.

Bestelakotu da giza-jarduera, kanbiatu da paisaia; bi mundu ezberdin dira atzoko zendea eta gaurko udalerriko herririk jendetsuenak. Desberdin askoak, gaur bertan, dermioaren sartalde-mugako Oteitza eta sortalde-muturrean den azken labealdiko Artikaberri, hiriburuaren jarraipen huts.

Aldaketa gaitza hizkuntz paisaian, halaber. XVIII. mendera bitarteko artikarren, elkartearren, berriozarren oihartzuna euskara hutsean ari zaigu, albisteak erdaraz datozenean ere; euskaraz mintzo ziren eta halaxe jakinarazten zizkietan kanpotarren esanak, gehien-gehienek zerbait ulertuko bazuten; agirika ere, euskaraz egin behar elkarri. XIX. mendean irauli zen hainbat mendetan apenas aldatutako egoera: orduan zabaldu zen nonahi gaztelania, euskararen transmisioa eteteraino. Gizaldi hartan zehar sortu ziren zendean gurasoen euskara jaso zuten azken biztanleak, seguruenik ere ipar-mendebalderago eta beranduago; ez ziren gutxi izan XX. mendera arte heldu zirenak. Zoritxarrez, lanbro artean iraungi zen herri haietako euskara, bildu eta ikertzeko aukerarik izan gabe. Antsoain zaharraren iparraldeko Gulibarren, Txulapainen, Ezkabarteko Anotzen, are Olaibarren ere… baziren 1970eko hamarkadan bertako euskara nola edo hala emateko gauza ziren hiztunak. Larri, baina muga-mugako belaunaldi euskaldun hark XX. mende hondarreko ikertzaileen lana aberasteko bezainbeste eutsi zion.

Ez ordea handik beheiti. Hiriburu ondoko eremuetako hondar hiztunei buruzko albisterik ez dago ia, eta badirudi arestian aipatu ibarretan baino hamarkada batzuk lehenago gertatu zela hizkuntzaren galera Irurtzundik Iruñerako bide nagusiaren bazterrean, iparralderago puska batean iraun zuen arren: halako denbora-jauzia dago Txulapaingo euskararen desagerpenaren eta Antsoaingoaren artean. Edo agian ez horrenbestekoa, baina albiste-eza ia erabatekoa da. Ondoren datorrena euskararen XIX. mendera bitarteko nagusitasuna agerian jarri eta XX. mendeko datu apurrak bildu eta pittin bat eguneratzeko ahalegina da.

Berriobeitiko udaletxea

Berriobeitiko udaletxea (argazkia: www.diariodenavarra.es)

XVIII. mendera bitartekoak: elebakartasuna nagusi

XVII. mendeko albiste batzuetan agerikoa da Berriobeiti inguruko gizon-emakumeek, salbuespenak salbuespen, ez zutela euskara beste hizkuntzarik (ongi) ulertzen; egoera beraren isla lirateke ondorioz horren esplizituak ez diren gainerakoak ere. Esan gabe doa bascongadotzat jo zituztela 1587ko zerrenda ezagunean otei cauallaryayn, berrio de suso, elcarte, berrioçar, aynçoayn, anezcar, berno plana (sic), ansoayn edo articaGasteizko Apaizgaitegiko zerrenda beti erabat fidagarria ez den arren, ez litzateke harritzekoa aipatu herrietako bizizaleak, oro har, euskaldun elebakarrak izatea.

Hori iradokitzen du, bete-betean esan gabe, 1607ko albiste batek. Artikan, sarde bat eskatzeko aitzakiaz, zirikatu asmoz hurbildu omen zitzaizkion larrainera Martin Etulain eta Beltran San Martin izeneko bi gizaseme Catalina Ibiricu zeritzon andrazko bati: el dicho Martin de San Martin le torno a dezir sin causa y ocasion alguna, para efecto de buscar ocasión de riñas, si el dicho abiento [sardea] le dio y presto con buena voluntad y la dicha Catalina respondiendole, que si, le torno a replicar con amenaças de muerte en su lenguaje bascongado, deçiendo, baybada, que propiamente denota pronostico de algun grave y cruel delito. Bistan da elkarrizketa hura euskaraz izan zutela; baina, horretaz gain, gorriz markatutako hitzek euskara Catalinaren hizkuntza bakarra zela iradoki dezakete. XVIII. mendeak are argiagoak diren elebakartasun irudiak utzi dizkigu, gero ikusiko den bezala.

Berriozarko alde_zaharra2

Berriozarko alde zaharra (iturria: Berriozarko Udala)

Harreman hizkuntza euskara zela eta herri-agintariek ere bazerabiltela, Berriozarko ondorengo adibideak ager dezake. 1660ko Mendekoste meza ondorean istilua sortu zen San Esteban elizaren kanpoaldean. Ospakizunetan ohikoa zen bakea lehenbizi eliztarrik adinekoenari ematea, eta horren ardura izanik halaxe egin zuen sakristau gazteak, inorengana baino lehen Juan Sanz izeneko batengana hurbilduta. Herriko alkateak ez zuen begi onez ikusi bakea hartutako lehenengoa bera ez izatea, eta kontu eske joan zitzaion elizatik irtendakoan sakristauari. Alkatearen jokabidea ikusita, Juan Sanz bera gerturatu eta honela esan omen zion: ero gucios gure ayde que en lenguaje castellano quiere decir, todos los locos nuestros parientes. Martin Berriozar izan zen honen guztiaren lekuko; abizenaren herrikoa zen hura ere.

Are makurragoak ere bota bide zizkion Sanzek alkateari: ‘muturzikin’, ‘ero zikin’, eta halako beste zenbait. Zoritxarrez gaztelaniaz iritsi zaizkigu euskaraz esandako haiek guztiak. Iruñeko biztanle Joan Garrizek entzun (eta ulertu) zituen gainerako irain haiek, eta lekukotasuna eman. Ez da harritzekoa, edonor asetzekoak baitira XVII. mendeko iruindar askoren euskaltasuna islatzen duten albisteak.

Berriobeiti aldera itzulita, XVIII. mende hasierako lekukotasunetan apaldu beharrean are nabarmenago ageri da Iruñe ondoko nafar haien elebakartasun ia erabateko hura. Lehen mende-erdian bederen, alferrikakoa zen euskaraz ongi moldatzen ez zen apaizaren ahalegina. Hori salatu zuten Berriozarko herritarrek 1713an, erretore Lizarrako José San Román izan zuten garaian. Kexu agertu ziren berriozartarrak, gaztelaniaz ez zekitenez ez ziotelako bikarioari behar bezala ulertzen: hark ba omen zekien euskaraz, baina tirriki-tarraka bakarrik. Zekienari aski iritzita Iruñean azterketa egin ziezaiotela eskatu zuen San Romanek, eta domingotar batek aztertuta oniritzia eman zioten, nahiz eta onartu ez zuela behar adinako etorririk: le falta la expedición para poder hablar corriente el dicho vascuenz. Nolanahi ere, Berriozarren jarraitu zuen Lizarrakoak, eta ez du ematen euskara hobetzeko agindurik eman ziotenik. Herrikoen hizkuntza oso kontuan ez hartzen hasi izanaren seinale?

Eta, hala ere, berriozartarren jarrera hura ez zen salbuespena izan. Añezkarren —Iruñerako bidean bertan— eta Oteitzan aritzeko San Adriango erdalduna izendatu zuten hurrengo hamarkadan. Bertakoek ez zuten hori eta horrenbestez onetsi: euskaraz trebatu beharra ezinbesteko zuela esan zioten (versado en la lengua bascongada, ydioma natural), argudio argia erabiliz: de inmemorial tiempo a esta parte se an seruido de vicario que a entendido la lengua bascongada; gehienek ez omen zuten besterik ulertzen. Herritarrei arrazoia emanda ordezko iruindarra izendatu zuten, baina San Adriangoak auzia atzerarazi, bitarte hartan euskara-azterketa prestatu eta behar zuen “nahikoa” lortu ahal izan zuen azkenik (1729). Nekez hartuko zuen horrenbesteko lanik bere helburua erdiesteko guztiz ezinbestekoa izan ez balitz. Elkarte eta Lotzan ere, besteak beste, euskara erabili zuten erretoreek gizaldi osoan zehar herritarrei katekesia irakatsi eta gotzain-aginduak adierazteko.

Elkarte

Elkarte erabat euskalduna zen XVIII. mendean (Argazkia: www.enciclopedianavarra.com)

Ez dira erretore-aukeraketaren inguruko auziak herri haietako hizkuntza-egoeraz mintzo zaizkigun bakarrak. 1716an, kaparetasun-frogak behar zituen eneriztar batek bi ordezkari erdaldun bidali zituen Berrio herrira (zeinetara, ordea?) datu-bilketa egitearren. Gaztelaniaz hitz egin zezaketen lau lekuko aurkitu, eta handik harat, no haviendo allado otros [= erdaraz zekien besterik] para continuar este examen determinamos examinar testigos vascongados. Euskaldun elebakarrak, alegia. Horretarako, herriko abadea izan zuten itzultzaile. Bazen beraz elebidunik Berrioetan eta haien inguruan, baina XVIII. mende hasieran gutxi zirela ematen du.

Ondorengo hamarkadetan ere gehiengoa edo giza-talde handi askoa biztanle (ia) elebakarrek osatuko zutela pentsa daiteke, baina urteen joan-etorria, ezinbestean, kalterako izan zuen egoera hark. Nahiz eta XVIII. mende erdialdeko Libro de repartimientos delako zerrendan Elkarte euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri (horrela, zeharka, han euskaraz besterik solasten ez zela iradokiz), zendeako herrietan hainbatek gaztelaniaz ere nola edo hala bederen jakitea ohikoago bihurtzen hasiko zen pixkanaka-pixkanaka. Gaztelaniaren zabalkunde hura ez zen izango, segur aski, Elizbarrutiko zein Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek 1760ko eta 1770eko hamarkadetan irudikatu adinakoa (“los más saben y todos entienden el castellano”), baina ez da ahaztu behar haien lan-interesek eraginda eman zituztela datu haiek.

Aipatu auziak eraginik komisari erdaldunek 1778an sortutako zerrendan, Antsoain zendeako herri guztiak ezarri zituzten erdaldundutakoen multzoan. Alegia: haietan gehienak gaztelania hainbestean ulertzeko gauza zirela aldarrikatu zuten zerrendaren egileek, eta ia denak berez euskaldun izan arren bazegoela herri haietako auziak argitzeko datu-biltzaile erdaldunak bidaltzerik ere.

Ez du ematen, haatik, baieztapen haiek errealitatearekin bat zetozenik; ez gutxienez 1768an Berriogoitin jaiotako Felix Sarasa Aldaregia eredutzat hartuz gero. Artikako Txolinena etxeko alabarekin ezkondu zenetik Txolin ezizena egokitu zioten; XIX. mende hasieran gerrillari ibili zen frantsesen aurka beste zenbait nafarrekin batera (horien artean, Ibargoitiz aritzean zeharka aipatu nuen Javier Mina elortzibartarrarekin) eta horri esker jaso dute berriogoitiar hura historia-liburuek eta dakigu guk haren berri. Sarasak euskara zuen lehen hizkuntza; hizkuntza bakarra, ia. Francisco Espoz Mina idotzindarrak bertatik bertara ezagutu zuen eta idatzizko lekukotasuna eman zuen: No sabia escribir, leer, ni hablar castellano [Sarasak]; comprendía sí la lengua castellana, mas nunca pudo decir en ella una expresión enteramente ajustada. Era el vascongado mas cerrado que habia existido en Navarra. Azken esaldia gehiegikeriatzat jo behar den arren, Nafarroako komisariek 1778ko zerrenda osatu zutenean hamar urteko mutil koskorra zena ez bazen sekula gaztelaniaz ongi aritzera heldu, nekez moldatuko ziren hobeto bera baino zaharragoak zirenak. Eta hori hala izatera, ez dirudi XVIII. mende amaierako hizkuntza-egoera hartan atarramendu handirik aterako zuenik euskaraz ez zekien batek.

berriosuso2

Berriogoiti, gaur egun. Argazkia: santaeulaliadeberriosuso.org

XIX. mendea: hizkuntza aldaketa eta euskararen gainbehera

Azkar aldatu zen egoera handik aitzin. 1800 aldera askotxo izango ziren oraindik erdara makestua baino ez zekiten helduak (1833ra arte gutxienez bizi izen zen Txolin bera, esate baterako), baina gizaldi hasiera hartan hasi zen noski eteten euskararen transmisioa Iruñe ondoko herrietan —Artika, Antsoain, Berriozar, Berriobeiti eta Aitzoainen bederen?— Bonapartek mende erdi beranduago emandako albisteak ontzat hartuz gero. Zendearen sartaldeak euskaldunago zirauen, baina gaztelania nonahi ari zen hedatzen: 1857an ‘castellano y vascuence’ idatzi zuen printzeak bere notetan Añezkartik igaro ostean, herrian biak zerabiltzaten seinale.

Ikertzaileak zendea gehiena euskararen ustezko sendotasun eremuan sartu bazuen ere —Añezkar bera, Lotza, Larrageta, Oteitza, Elkarte, Berriogoiti eta Ballariain— eremuaren ertz-ertzean utzi zituen herriok, gaztelania iparralderantz eta mendebalderantz ziztu bizian nagusitzen ari zela iradokiz. Beharbada urte haietan bertan munduratu zen aipatu herrietan hondar belaunaldi euskalduna; nik ezagutzen ditudan transmisio-kasurik berantiarrenak 1870 ingurukoak dira. Koldo Artolak 1865ean-edo jaiotako berriogoitiar euskaldun baten aditzea izan zuen duela 30 bat urte, semeak berak kontatuta. Ez da kasu bakarra, laster ikusiko dugun bezala. Euskaradun haziko al zen 1869an jaiotako Tiburcio Osacar kazetari eta politikari berriogoitiarra, familiarekin Iruñera jo aurretik? Ez dut Osacarren biografian horri buruzko erreferentziarik aurkitu; jasotzeko moduko datua litzateke egun, baina ordu hartan interes handirik gabeko xehetasuna zen hizkuntzarena.

Asociación Éuskara delakoaren ekimenez Nafarroan euskarari ongi samar eusten ari zitzaion lurraldea zehazteko egin inkesta (1878) bat etorri zen funtsean Bonapartek adierazitakoarekin Berriobeiti inguruari zegokionez: orduko Antsoain zendearen iparraldea bildu zuten eremu barrenera: Ballariain, Elkarte, Oteitza eta Larrageta. Printzeak aipatutako herri berberak, Lotza eta Berriogoiti izan ezik. Ez du ematen, beraz, honako honetan Broca iturririk fidagarriena denik: frantziarrak eskatutako txostenek Artika euskararen eremutik guztiz at zegoela omen zioten, eta elebidun zirela, aldiz, hurraneko Orkoien, Zuasti eta Otxobi. Horren arabera irudikatu zuen bere mapa, Iruñerri gehiena euskararen lurraldetik aterata. Bistakoa da euskararen ahulgune zabal bat ari zela ordurako hiriburu inguruan hedatzen; baina ez zen oraindik —ematen du— hizkuntza bertatik desagertzerainokoa.

aizoain

Bonaparteren garaian ahul egonagatik, XX. mendera arte iraun zuen euskarak Aitzoainen. Irudian, eliza (iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi/7633)

1878ko haiek dira Antsoain inguruko euskarari buruzko hondar erreferentzia zuzenak. XX. mendeak aurrekoa ordezkatu eta jarraipenik izan ez zuen belaunaldi euskalduna adinean gora joan ahala —hizkuntza gero eta zokoratuago utziz— iluntasunak irentsi zuen, ohi bezala, hiztun berantiar haiek ikasitako euskararen oihartzuna. 1904ko Guía Eclesiásticaren arabera ez zen Antsoaingo ezein herritan euskararik mintzo. Ez, nonbait, prediku eta katekesi-lanean kontuan hartu nahi izateko adina; baina baziren euskaldunak, jakina, ikusi bezala 1865 inguruan sortutako elebidunik ere izan baitzen. Eta ez da ahaztu behar Antsoain parean eta Larrageta nahiz Añezkartik gertu den Itza zendeako Aritzen, esaterako, Bai erantzun ziotela Guíako itaunari. Zenbateraino eragingo zuen 1904ko erantzunetan, bestalde, abade haien profilak berak, euskara hurbil ala urrun izateak? Zendean zerbitzatzen ari ziren hamarretarik lau Iruñe-Burlata-Atarrabiakoak ziren, bat Lizarrakoa, beste bat Zaragozakoa, eta beste bi oraindik erabat erdaldunduta ez zeudekeen herrietakoak (Legarda eta Arazuri) baina oso gazteak eta, horrenbestez, seguruenik jaioterrian euskara ezin ikasitakoak. Ez du ematen horretaz Antsoaingo bikario gehien-gehienek euskararen bizipen handiegirik izango zutenik. Dena den, hipotesi hutsa baino ez da hau; eta bestalde, Añezkarko apeza herriko semea zen eta ongi ezagutuko zuen bertakoen egoera. Antsoain herriko abade lakuntzarra, aitzitik, bere eliztarrak baino are euskaldunagoa izango zen ziurrenik.

Baziren oraindik Guíak bildu ez zituen euskal hiztunak XX. mendeko zendean… baina gaur arte behintzat ez da azken labealdiko hiztun haietaz gauza handirik jaso. Euskararen galera Nafarroan liburuko egileek (1987) 1920an Berriogoitin euskaldun bat bederen geratzen zela adierazi zuten (93. or,). Dena den albistearen iturria, haiek idatzitakoaren arabera, Koldo Artolak 1985ean Ezkabarteko euskara zela-eta idatzitako artikulua da; eta artikulu horretan, oso oker ez banago, ez da horrelako daturik, Berriogoitin 1865 inguruan jaiotako euskaldunaren aipamenaz landa. Nolanahi ere den, arestian esandakoaren arabera pentsatzekoa da 1910-20ko hamarkadetan izan zitekeela han euskal hiztunik. Eguneratze honetan ikusi ahal izango duzunez, irakurle, 1920ko hamarkada amaieran bazen oraindik Añezkarren ere euskaldun zaharrik; Juantxo Aleman eta Luis Mirandari zor diet datua.

Hiztun haiei buruzko datu bat jakinarazi berri dute aurten argitara emandako Euskara Berriobeti zendeako eguneroko hizkeran lanaren egileek. Irailean Euskalerria Irratian eginiko elkarrizketan (entzun 13’55″etik aurrera), Aitzoaingo euskaldun zahar bat 1939an hil zela adierazi zuten. Albistea Kike Diez de Ulzurrunek jaso zuen, eta hala izatera interes handikoa da, 70 urte lehenago ahulduta zegoelako bertan euskara Bonaparteren arabera eta herri batzuetan hizkuntza uste baino beranduago iraungi zela adieraziko lukeelako.

ballariain02

Baliarraingo elizaren ondoko etxean jaio zen Mikaela Zubillaga 1842an (argazkia: Berriobeitiko Udala)

Dena den, ematen du zendeako euskararen azken habia ez zela Aitzoain izan. Litekeena da Txulapainera begira dagoen ipar-sartaldeko txokoan puska bat gehiago irautea, gainerako herrietan galdu zelarik; batez ere Iruñerako errepidean bertan ez zirenetan. Ballariain da horietako bat, eta hantxe jaiotako Fermin Garciriain Zubillaga [1] euskal hiztuna zela jakin ahal izan dut nik. Ferminen ama, Micaela Zubillaga Aldaz ballariaindarra (1842-1918) 1833an sortutako Manuel Garciriain Leranoz zildoztarrarekin ezkondu zen 1863an; euskaldunak izango ziren bata zein bestea [2], eta gurasoei Antsoain eta Ezkabarteko mintzoa entzunik haziko ziren Manuelek eta Micaelak izandako zortzi seme-alabak: batzuk oso gazte hil baziren ere, Fermin bera (1867) eta Francisca Benita (1874) zahartzarora heldu ziren. Sendia etxejabea ez zelarik haurtzaroa Ballariain, Oteitza eta Añezkarren eman ostean, Fermin Txulapaingo Untzura ezkondu zen Juana Orozekin XIX. mende amaieran. Zaila da 1877an Añezkarren jaiotako emaztea euskalduna izatea, baina Ferminek behintzat eutsi egin zion etxeko hizkuntza zaharrari. Izan ere, biloba baten esanetan nahiago omen zuen euskara gaztelania baino, eta konponketak-eta egiteko esku trebeak izanik nonbait, gusturago egiten bide zizkion halakoak euskaraz hurbiltzen zitzaionari [3].

Ezin izan dut jakin zazpi urte beranduago munduratutako Francisca ere euskara jasotzera heldu zen edo, hainbat aldiz gertatu bezala (Bidankozeko Fuertes etxean, adibidez, urte haietan bertan), hizkuntzaren jarraipenaren etena anaia-arreben arteko aldea sortzera heldu ote zen. Francisca Garciriain 1937an hil zen; Fermin anaia euskalduna, aldiz, 1942ko irailaren 26an, Untzun. Ez dut uste zendeako azken euskaldun zaharra izango zenik, baina sarrera honetan jasotako beste datu batzuei begira zentzuzkoa dirudien zerbait frogatuko luke: Iruñe ondo-ondoko Antsoaingo euskara 1940ko hamarkadara arte behintzat bizi izan zela, gehiago ez bada. Euskara horrek gaztelanian utzitako arrastoak biltzen hasi zen 1980ko hamarkadan Elkarte herrian Joseba Gil, eta lan horren azken fruitua, interneten eskuragarri dagoen Berriobeiti inguruko euskal hitzen altxorra da, mendez mende erabilitako hizkuntzaren oihartzun interesgarria gordetzeko balioko duena.

Amaitzeko, eta hipotesi huts gisa, dauden datu apurren interpretazio-saioa egin nahi izan dut goiko irudian, Berriobeiti ingurumariko euskararen desagerpenaren kronologiara hurbildu nahirik. Laranja ilunez, 1940ra arte behintzat euskarari nola edo hala eutsi zion Baliarrain ageri da; laranja argiz adierazi nahi izan ditut 1940ko hamarkada hasieran Baliarrainek bezala hiztunen bat izateko aukera handiena zuketen herriak: Berriogoiti (1865ean-edo jaiotako euskaldunik bazuena), eta Elkarte, Oteitza eta Larrageta (haien kokapenagatik eta Bonaparteren mapan oraindik ere arront euskaldunak omen zirelako). Argiago laga ditut Loza eta Añezkar, 1878ko txostenean ez baitzituzten herri euskaldunenen zerrendan aipatu; beharbada Añezkar izango zen bietan azkarren erdaldundu zena, Iruñetik Irurtzunerako bidean bertan egonda (badakigu 1860 baino lehen bi hizkuntzak entzuten zirela han). Azkenik, grisez eman dut Aitzoain, dirudienez ez zuelako euskal hiztunik 1940rako baina 30eko hamarkadan galdu zituzkeelako azkenak. Ez dut gainerako herriei buruzko albiste zuzenik, baina hiriburutik hurbilago eta lehenago erdaldunduko ziren noski. Nolanahi ere, eta esan bezala, hurbilketa-ahalegina besterik ez da hau eta zoritxarrez ugariagoak ditu itzalak argiak baino.

[1] XIX. mendeko agirietan Gaciriain eta Gaziriain itxuraz dator abizena. Gaur egun -r- batez idazten dute ondorengoek.

Berriozar

Berriozarko erdigunea, gaur egun.

[2] 1870 inguruan Argentina eta Uruguaira alde egin zuten Micaelaren hiru anaiak euskaldunak zirela jaso dute etxean ondorengo belaunaldi hegoamerikarrek.

[3] Ballariaingo aitonaren izen-abizen bereko Ferminen Garciriain biloba untzutarrari esker izan nuen familia euskaldun honen aditzea. Datu gehienak Ferminek berak, beste biloba batek (Labianoko Javier Idaretak) eta Micaela Zubillaga zenaren senide den Carlos Zubillaga argentinarrak eman dizkidate. Mila esker haiei!

El euskera de la antigua cendea de Ansoáin (la cual ha dado lugar hoy al municipio de Berrioplano tras constituirse Ansoáin y Berriozar como entidades independientes) gozó de gran vitalidad durante los siglos XVII y XVIII, según se desprende de diferentes testimomios recogidos en esta entrada del blog que muestran a una comunidad en buena medida monolingüe vascófona. Probablemente la interrupción de la transmisión de la lengua se produjo a lo largo de un mismo siglo (el XIX) si bien fue más tardía cuanto más al occidente, y no anterior a 1870 en lugares como Berriosuso o Ballariáin. En relación con esa última localidad, he mencionado al vascoparlante Fermín Garciriain Zubillaga, nacido en 1867 y fallecido en 1942, cuya existencia testimonia la pervivencia del habla vasca de esta cendea vecina de Pamplona al menos hasta mediado el siglo XX. En Aizoáin se ha documentado la existencia de vascófonos hasta el final de la década de los 30, y no parece que en Berriosuso la pérdida completa de la lengua vasca se produjera antes.


Euskararen lekukoak: IBARGOITI eta ELO

Captura2

Ibargoiti eta Elo udalerrien batura (urdinez). Gorriz, bi dermioen arteko muga.

Leku gutxitan bezain argi mintzo zaigu Nafarroako euskara Ibargoiti haranaren izenean. Izen zaharra da gainera, inon zaharrik bada: Iruñeko katedraleko 991. urteko agiri batekoa da lekukotasun idatzirik antzinakoena. Ez dira askoz berankorragoak ibarreko herri zenbaiten lehen aipamenak: XI. menderako baziren Idozin edo Çaualza, adibidez. XXI. mendean ere bizi diren herriak dira horiek, Getze, Izko eta beste gutxi batzuk bezala; bidean gelditu ziren Elizaberria, Zirotz eta hustutako hainbat gehiago. Gaur beregaina den Elo-Monreal aditzera emateko, bestalde, Mont Real itxurako formak bildu dira agirietan XII. mendetik aurrera, baina orain ez horrenbesteko euskaldunek herria izendatzeko moduaren adierazgarri dira han-hemen barreiatutako Elobidea leku-izenak: esate baterako Arangurengo Zolinakoa, Tiebaskoa edota Elortzibarko Otanon dagoena.  

SalinasdeIbargoiti

Leintz gipuzkoarra ‘Gatzaga’ edo Añana arabarra ‘Gesaltza’ diren bezala, Getze da Ibargoitikoa. Argazkia: J. Asunción

Duela hainbat hamarkada joan ziren Ibargoitiko euskara bertatik bertara entzuteko aukera izan zuten azkenak, eta gaur arte bederen ez da mintzo haren oihartzuna antzematen lagunduko ligukeen idatzizko testurik argitara eman. XX. mende hondarrean xeheki bildutako toponimia txikiak azaleratu behar, beraz, dagokion hizkeraren eitea; fonologia edo lexikoari buruzko hainbat ñabardura interesgarri, gutxienez. Erdi Arotik aurrera dokumentatutako hamaikatxo toponimok eman diote izatea ibarrari, eta asko dira euskara garbi-garbian ari zaizkigunak: amandrezulua (1694), arçanegui (1174), asiainguibela (1694), buzunausia (1700), elizaverria (1694), elizazarraga (1693), erensuguea (1700), erreca andia (1630), errotazarra (1754), eunzearana (1688)guecearte (1656; Getze esaten zioten Ibargoitikoek gaztelaniaz Salinas denari),  iturzarra (1799), lizarburua (1693), sabalzavidea (1797), ugalpea (1744) 

Ez dira atzo goizekoak, beraz, Ibargoitiko euskararen aztarnak; baina ez dira toponimiak emanikoak bakarrik.

Aspaldiko lekukotasun idatziak

Arestiko leku-izen horietako asko baino zaharragoa da ibargoitiarren euskalduntasuna dela-eta artxiboek dakarkiguten albisterik aspaldikoena: 1376an, Getzen, apezpikuak bertako eliza Leireko monastegiari ematean, baldintza ezarri zuen: bikario euskalduna behar zen han, que sepa hablar y entender el bascuence que hablan los hombres y mujeres de dicha villa. 

Aro Modernoaren hasierako notariotza-protokoloetan, ibargoitiarrek erabilitako irain-hitzen lekukotasun xumeren bat dago. 1540 aldera, Idotzinen,  Miguel Pascoal zeritzon batek bellaco çarra esanez iraindu zuen behin eta berriz Esparza abizeneko bat herritar askoren aurrean. 76 urteko Pascala Idozingoak eman zuen lekukotasuna. Urte batzuk beranduago (1558) hitz horiek berak —bellaqua çarra— bota zizkion herri bereko Don Martin izeneko batek Maria Zilietakoari sagar batzuk zirela-eta. Gizonezkoak eragotzi egin zion Mariari haiek hartzea, eta emakumeak esan zion Miguel Izko senarrak zuela baratze hartakoak jaso eta zaintzeko ardura. Ez ziren noski irain haiek izango Don Martinek eta Zilietakoak elkarri botatako euskal hitz bakarrak.

Ez da harritzekoa, hartara, 1587ko Nafarroako herri euskaldunen zerrendan salinas de monrreal, çabalça, ydozin, sangariz, yzco, abincano edota monreal agertzea, inguruko guztiak eta are hegoalderagokoak ere halaxe bildu baitziren.

XVI. mendeko lekukotasunetan ibargoitiarren eguneroko mintzoaren zipriztintxoak ageri diren bezala, XVII.ekoetan eliz arduradunek herritarrekin euskara erabili beharra zutela dugu begi-bistan. Mende hartan zehar behin baino gehiagotan erabili zen euskara Abintzaoko herritarrei Elizbarrutiko bisitatzaileen aginduak jakinarazteko. Horixe jaso zuten bertako parroki artxiboetan eta halaxe egingo zuten seguruenik inguruko herrietan ere.

Monreal I elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Elo. Argazkia: www.elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko 1627ko agiri baten arabera, Ibargoitin —Itzagaondoan edota Longidan bezala— ‘euskara beste hizkuntzarik ez zen erabiltzen’. Pare bat urte beranduagokoa da Eloko apezaren euskal hitzak biltzen dituen artxibo bereko dokumentua. Herriko andere noble baten hilobiaren aurrean otoitzean ari zela, errezoa espero bezala hasi zuen bikarioak, latinez, alegia:

Ne recorderis… (= ez hartu gogoan)

baina euskarara jo zuen jarraian:

indan ene olloa.

Gertaera argitara eman zuenean (1978), J.M. Satrustegik Azkueren hiztegiko ‘inda‘ (bidea) hitzarekin lotu zuen Eloko bikarioaren indan hori, esaldiari ‘nire oiloa bidean / kalean‘ esanahia egokituz. Jimeno Juríoren lanetan beste irakurketa bat egin zen, indan aditz formatzat jo eta apaizak hildako emakumeari hika hitz egin ziola ulertuta: indan (= emaidan) ene olloa. Niri txukunagoa iruditzen zait bigarren hau.

Ez ziren apaizak eguneroko jardunean euskara behar zuten bakarrak. Gorabeherak izan omen ziren 1656an Elon, zenbait herri-ardura hartzeko gaztelaniaz hitz egiten edo gutxien-gutxienik sinatzen jakin behar izatea nahi zuenik bazegoelako. Iritzi hori zutenen ustez Martin Iriarte elotarra ezin zen kontzejuko eta azokako alkate izan: no sabe ler ni escribir y es meramente bascongado que ni entiende ni sabe hablar la lengua castellana. Leporatu zioten ezaugarri hura bera aldeko baliatu nahi izan zuen Iriartek: en la villa de Monreal y su jurisdicción se habla Basquenz de ordinario y es lengua precisamente necessaria. Albiste esanguratsua ematen du: Elo ez zen herrixka hutsa, XII. mendetik forua zuen hiria baizik; Santiago Bidean zegoen bezainbatean pasabide garrantzitsua zen aspaldi luzean, Erdi Arotik nafarrak, frankoak, juduak… hartu zituena. XVII.  mende erdialdean, hala ere, ohikoak omen ziren bertan bai euskara, bai euskaldun elebakarrak ere.

Izco by ibargoiti.es

Izko (argazkia: www.ibargoiti.es)

Ez du ematen hurrengo mendean zehar Eloko egoera izugarri aldatu zenik. Apaizek euskaraz  jakinarazi zizkieten herritarrei (en su lengua vulgar) gotzainek emandako aginduak. Apaiz haietako bat, Martin Oroz elotarra, Iruñeko katedraleko sakristau zen 1751n. Urte hartan hiriburuko eliz-kabildoaren alde egiteko idatzi zuen erdal testu batean aitortu zuenez, ez zen gaztelaniaz nahi bezain argi eta dotore idazteko gauza, ez baitzuen ama-hizkuntza: no es fácil dexar los resabios a que inclina la naturaleza de la leche vascongada que mamé.

XVIII. mende erdialdeko elotar letradun hura gaztelaniaz arrotz samar sentitzen zen arren, Ibargoitin erdara ohiko bihurtzen ari zela aldarrikatu zuten 1760ko hamarkadan Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek, hainbat bailara euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenean; nahiz eta gehiengoa euskaraz mintzatu erdara ere den-denek ulertzen zuten herrien zerrendan sartu zituzten Getze, Garisoain, Ekisoain, Lekaun, Abintzao, Izko, Sengaritz, Zilegieta, Besolla edota Idotzin, honako hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo.

Komisari euskaldunek faltsutzat jo zuten erdaldunen baieztapena eta zenbait lekuko aurkeztu zituzten gaztelaniaren ustezko zabalkuntza hura gezurtatu nahirik. Nicolás Algarra eskribaua izan zen haietako bat; bere zeregina betetzeko Nafarroako herri askotan ibilia zen (Ibargoitiri zegokionez Gatzaga, Abintzao, Izko eta Besollan) eta lekukotasun zabal bezain zehatza eman zuen 1769an, hitzez hitz kopiatzea merezi duena (azpimarratua neurea da):

…he hallado q. los señores eclesiásticos, escribanos reales, médicos, cirujanos, boticarios, albéitares, herreros, ministros de la real renta, estudiantes, algunos arrieros trajineros o gente navegante saben y parlan el idioma castellano y por lo común los demas la lengua vascongada q. es la mas usada y corrientey siempre que he examinado algún testigo de la gente común fuera de los arriba citados ha sido en el vascuence, porque aunque entienden parte del castellano no se acomodan sino en el curso del vascuencepidiéndome les explique las diligencias en dicha lengua. Y en los pueblos referídos, cuando he llegado a ohir la misa popular de los festivos, he visto que los párrocos, al tiempo del ofertorio, las plegarias, sermones o pláticas doctrinales las han explicado en vascuence como mas comun y comprensivo a todos.

Algarrak emandako zertzeladak ez datoz bat bi hizkuntzatan eroso samar molda zitekeen ibarraren irudiarekin. Ezta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarrak bildu duen XVIII. mendearen hondarreko beste albiste hau ere: 1789an eskakizuna egin zioten Untzitik, Elortzibarrek, Ibargoitik eta Elok Erret-Kontseiluari, ohiko idazkaria gaixorik zegoelako eta urruti zutelako ezinduaren lana betetzen ari zen Arangurengoa. Eritutakoaren suhia ere eskribaua zen, eta huraxe bidal ziezaiela eskatu zioten aipatu ibar-herriek Kontseiluari. Arrazoia? Entiende la lengua bulgar, y se usa en ellos. Baita lortu ere: Andrés Peralta Buelta (sortzez Murillo el Frutokoa, euskalduna izanik!) izan zen inguru hartako eskribaua ondorengo bost hamarkadetan.

Laburbilduz, komisari batzuen argudioak argudio, zaila da 1800 aldera euskarak Ibargoitin zukeen bizitasuna ukatzea. Haranean ez ezik baita ondoko Elon ere, kanpoko eraginetara Ibargoitiko herrixkak baino irekiago egon arren (XV. mendekoa da herriko azoka). XIX. mendea hastearekin idatzitako Diccionario Geográfico-Histórico lanaren II. liburukian (1802) herrian euskara bizirik zela iradoki zuten Elo izenaz aritzean (ikus azpiko irudia). Ez da beharbada beste albiste batzuk bezain lekukotasun sendoa, baina testuinguru honetan kontuan hartzekoa bederen bai.

Elo izena 1802 Diccionario-Geográfico-Histórico de España

‘MONREAL’ sarrera ‘Diccionario-Geográfico-Histórico de España’ hiztegian (1802),

Hala ere, euskararen erabateko gainbehera ekarri zuen mende hasiberri hark.

Jarraipenaren etena

Francisco_Espoz_y_Mina_by_Francisco_Goya

Francisco Espoz Ilundain idotzindar euskalduna, gerora Mina deitua (1781-1836), Goyak marrazturik.

Litekeena da ibarreko euskararen transmisioa XIX. mendearen lehen laurdenean hondatzea, Bonaparteren mapak emandako informazioa kontuan hartuz; baina XVIII.aren bukaeran ez zen artean eten, eta ordu hartan jaiotako ibargoitiarrek ez omen zerabilten gaztelania euskara bezain egoki. Ez behintzat Idotzingo Espoz Ilundain anaia-arrebek (Clementek, Simonak eta Franciscok). Clemente Espoz Ilundain Iruñeko Ospitale Nagusiko kaperau izan zen mendearen hasieran, eta lanbide hartarako euskaldun izan beharra zegoen oraindik. Simona Espoz arreba Iruñera ezkondu zen, baina sekula ez zuen gaztelaniaz zuzen eta artez hitz egin, ezagutu zutenek adierazitakoaren arabera. 1781ean sortutako Francisco Espoz Ilundain, aldiz, Javier Mina iloba gerrillariaren abizena bereganatu eta Francisco Espoz y Mina izan zen militar gisa eta historia-liburuetan. Lehen Karlistadan hildako ibargoitiar famatu hark ere euskara zuen ama-hizkuntza eta —gaztarora bitartean laborari soil izaki, oinarrizko ikasketak besterik ez zituena— inoiz ez omen zuen gaztelania euskara bezain aise erabili. Ez zuen inolako arazorik izan 1835ean, gerrako lantze batean, Lekarozen euskaraz agur eginez etorri zitzaizkion gizon batzuei hizkunta berean erantzuteko.

Nolanahi ere, euskara berezkoago zuela hazitako azken belaunaldia izan zen seguru asko hura. XIX. mende erdialderako aski makaldua zegoen Ibargoitiko mintzoa eta are makalduago Elokoa, Bonaparteren arabera. Worcestershireko ikertzailearen ustez bat zetozen ibarraren hego-muga eta euskararen eremuarena, eta  eremutik kanpo utzi zuen Elo. Han, beraz, ez zen ordurako euskararik erabiliko; hitz egiteko gai zenik bazegokeen, akaso. Ibargoitiko herrietan, aldiz, zeharo nagusi izango zen 1865erako erdara, euskara oraindik entzuterik egon arren, alboko Itzagaondoan Klaudio Otaegik 1871n entzun ahal izan zuen moduan. Otaegik Itzagaondoaz emandako lekukotasun idatzia horren gertukoa eta zehatza izanik, zentzuzkoa da pentsatzea adineko ibargoitiar batzuk bederen solastuko zirela oraindik euskaraz, Bonapartek herri guztiak koloreztatu zituenerako.

Brocak (1874) Idotzingo txostena jaso omen zuen; huraxe izan zen bere mapan irudikatu zuen herria. Txostena ez zen, nonbait, aldekoa izan, euskararen gutxieneko mugatik beheiti utzi baitzuen, Bonapartek ez bezala (ikus azpiko irudia).

Brocaparte Ibargoiti

Idotzin, gorriz azpimarratua, Bonaparteren mapan (ezk.) eta Brocarenean (esk.). Elo batak zein besteak utzi zuten euskararen eremutik landa.

Mila urtez behintzat Izko mendilerropean hedatutako hizkeraren azken egunak ziren, nolanahi ere den. Seguru asko XX. mendearen hasierarekin batera iraungi zen guztiz Ibargoitiko euskara, eta mendeak aurrera egin ahala, baita azken hiztunen ondorengoek gordetako oroitzapen eta azken kondarrak ere.

Idocin by ibargoiti.es

Idotzin. Iturria: www.ibargoiti.es

Encajados en el corredor natural que separa las sierras de Izaga e Izco, lugar de tránsito o peregrinación desde época temprana, el valle de Ibargoiti y su vecina Monreal, villa con asiento en Cortes, se han expresado en euskera al menos desde el siglo X, momento en el que se atestigua por primera vez el nombre del valle. Junto con la toponimia, es abundante la documentación escrita que desde el siglo XIV alude expresa y directamente a la lengua de uso diario en Monreal, Salinas, Idocin, Abínzano y el resto de lugares que han compuesto y compusieron en su día este espacio entre Elorz, La Vizcaya, Izagaondoa y Urraúl Bajo. Incluso hasta el inicio del siglo XIX, no hace más de doscientos años, las fuentes nos muestran ibargoitiarras incapaces de manejarse en castellano con la misma soltura con la que hablaron su lengua materna; entre ellos el célebre Francisco Espoz y Mina (1781-1836), natural de Idocin. Probablemente el euskera sobrevivió en Ibargoiti tanto como la propia centuria que lo vio declinar; no es improbable que los últimos hablantes del valle alcanzaran los albores del XX, siglo durante el cual se extinguieron de la memoria de las gentes del valle los recuerdos directos de la lengua de sus mayores, aparentemente lejana pero tan presente a la vez.


Severino Ornat (1931-2014)

Atzo jakin nuenez joan den urri amaieran hil zen Bidankozeko Severino Ornat Sanz. La Santa etxean jaiotako gizon hau izan zen 2013an blog honetan bertan eta 2014an UZTARO aldizkarian azken euskaldunzahar bidankoztarrak zirela-eta aurkeztu nituenak jakinarazi zizkidan berriemaileetako bat. Ageriko osasun-arazorik ez eta ezustean alde egin du orain egun gutxi.

lasanta_detaile

‘La Santa’ etxearen aurrealde-zatia (Irudia: www.vidangoz.com/bidankozarte/)

Gaztetxotan ezagutzera iritsi zen Severina Fuertes Larequi amona euskaldunari buruzko albisteak jaso nituen Ornat jaunaren bidez joan den udazkenean, eta hark esan zidan Fuertes anderea izan zela 40ko hamarkada hasieran Igaritik Erronkarirako errepide-lanean aritu ziren presoei euskaraz egin zien bidankoztar haietako bat.

Herriko ondare ez-materialaren zatitxo hori jaso eta horrela galdu ez izana, beraz, Ornat jaunari zor diogu.

Goian bego.

Panorámica de Vidángoz

Bidankoze, Erronkari

Ha fallecido recientemente el bidankoztarra Severino Ornat Sanz, de la casa ‘La Santa’, uno de los vecinos gracias a cuya ayuda pude recopilar la información sobre los últimos vascoparlantes de Vidángoz que compartí en el blog y ha sido recientemente publicada a través de la revista Uztaro.

Ornat tuvo ocasión de escuchar de boca de su abuela vascófona (Severina Fuertes Larequi, 1865-1946) el euskera roncalés que se extinguió hace ya varias décadas en la localidad. Su testimonio ha contribuido a preservar el recuerdo del habla vasca autóctona, perdida y borrada de la memoria colectiva en tantos lugares de Navarra pero no así en Vidángoz, donde además de los textos que afortunadamente nos ha legado, los recuerdos de Ornat y su generación han evitado que aquelllos últimos euskaldunes caigan en el olvido.

Descanse en paz.


Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU

Artzibar I

Artzibarko udal-dermioa (urdinez) eta Orotz-betelukoa (gorriz).

Urrobi eta Irati ibaiak ardatz, 1.646 biztanle zituen Artzibarrek XIX. mendearen erdialdean; haietarik 177 Nagore haranburuan bakarrik. Ez dira askoz gehiago gaur ibar osoan bizi direnak, behinolako populazioaren %85 galduta. Artzibartik banandu ostean 800 bizilagunetik gorako izandako Orotz-Betelun, aldiz, 200 ere ez dira egun. Tantaka-tantaka hustu zaizkio herriak iragan mendean zehar inguru eder honi; halaxe hustu zaio berezko euskara ere, XIX. mendera arte nagusi, gizaldi hura azkentzean Longida aldetik makaltzen hasia, XX.a heldu bitartean iparraldeko herrietan transmititua, eta milurte berriaren atarian ahitu eta galdutakoaren oihartzunari baino eusten ez diona. Ikaratzeko moduan ibili dira parean Artzibarren euskararen ahultzea eta orain biziberritu nahi duen haranarena berarena. Bizkortuko ahal dira biak.

Joana da, izatez, ibar honetako euskara; baina ezagutu nahi dituenarentzat arrasto, istorio eta lekuko franko utzirik. Hemengo laburpenean baino ederkiago dastatu daitezke ingurune eder hau sakon ezagutzearekin batera www.valledearce.com webgune interesgarrian.

Aspaldiko lekukotasunak

XIX. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusi ibarrean; ez da horren adibiderik han-hemenka falta.

ARIZKUREN

Arizkuren; behinolako herria 1940ko hamarkadan hustu zen (Iturria: www.lebrelblanco.com).

XVI. gizaldiaren hasierak J.M. Satrustegik 1992an ezagutzera emandako euskarazko ezkontitzak utzi zizkigun Artzibarren, Nafarroako beste hainbat eskualdetan bezala. Catalina Arizkurengoaren eta Uliko Martin Jasoren arteko auzia eragin zuten: Catalinak ezkontitzok esan, nonbait, eta ukatu egin zuen beranduago baliozkoak zirenik; aitaren beldur zen, antza denez, eta esanak esan ez zuen haren baimenik gabe ezkontzeko asmorik. Prozesuan Arizkurengoak eta jasotarrak elkarri eman bide zioten agindua bildu zuten: njc prometaçen derauçut / ez secula çuri faltaceco / eta çuçaz verce emazteric / ez egujteco. Aurreraxeago, azken horren ordez, honela dator: vici naycen artean ez agujteco.

Ez da XVI. mendeko agiriek eskainitako lekukotasun bakarra: Arrietan (1554), idatziz jarri zuen eskribau batek —sarritan gertatu bezala— herritarrei jakinarazi beharreko ohar bat erromantzez eman ostean euskaraz azaldu behar izan ziela: les ley del principio hasta el fin la dicha sentencya declarándoles y dándoles a entender en bascuençe. Xabier Itulain ikertzaileak bildu du datua.

oroz betelu

Orotz-Betelu.

Mende amaierakoa da, bestalde (1598), Fernando Maiorak ezagutarazitako traydore, bellaco, ynçaç mandory esaldia (Esaldiaren interpretazio zuzena irakurtzeko, jo sarrera osteko oharretara. Mila esker, Borja!). Orotz-Beteluko abadeak zaltegi batean mando bat zela-eta izandako liskarrari buruzko prozesuan agertu da, Nafarroako Artxibo Orokorrean.

Artzibartarren ohiko hizkuntza euskara izanik, bada espero bezala horren oihartzunik 1587ko herri bascongadoen zerrenda ezagunean ere: multzo hartakotzat jo zituzten arrieta, V.ª nueu, esparrien, equiça, orizbetelu, gorraiz edo mizcoz [Mizkotz jaso izan da azken euskaldun zaharren ahotan ere egun Imizkotz dena aditzera emateko].

XVII. mende hasierakoa da (1626) Asnotz herrixkan gertatutako istorio xelebrea. Maria Enekoitz izeneko neska aezkoarraren aita hil ostean, Aurizko eskribau Pedro Bergararekin ezkondu zen ama. Kalterako izan zuen Maria gazteak aitaordea etxean sartzea: Bergara eginahalak egiten hasi zen bere seme bat alabaordearekin ezkon zedin, horrela emaztea hiltzen bazen Mariari egokitu beharreko aita zenaren ondasunak eskuratu nahirik. Aitaordearen ahaleginak ahalegin, neskak ez zuen amore eman. Izan ere, beste mutil bat zuen gustuko: Juan Iribarren, Asnozko jaun gaztea, Mariaren osaba baten iloba umezurtza.

Bergara aita-semeek haien asmoen aurkako ezkontza hura inola ere onartuko ez zutela eta mehatxuka hasiak zirela ikusirik, Maria eta Juan amarru bidez ezkondu ziren osabak lagunduta. Baimenak aurrez lortu, proklamak Aezkoan zein Asnotzen irakurri, eta Orreagara joan ziren, Juan Beltran bikarioarengana; aspaldiko adiskide zuen osabak Beltran hura. Bikarioa gaixorik zegoela baliatuta, eta bisitatzeko aitzakiaz, ohe ondora hurbildu eta bere aurrean esan zituzten Asnozko mutilak eta Maria Enekoitzek ezkontitzak: —Nay nauzu zure senarretaco? —Bay, naycen dizuz (sic). Esan orduko presaka egin zuten ihes: apaizaren borondatearen kontra eta Elizaren legeak hautsita izan arren, ezkontza xelebre hura izan, bazen, formula esan eta abadeak hitzak entzun egin baitzituen. Epaitu egin zuten nolanahi ere amarrugileen jokabidea, jakina, eta zigorrak ezarri —ezkontza behar bezala errepikatzea, barau egitea, purgatorioko animen aldeko hainbat meza agintzea…— baina zigor arinak irudituko zitzaizkion Maria Enekoitzi, Pedro Bergararen semearekin ezkondu beharretik askaturik. Aurreraxeago aipatuko dudan On Javier Ibarrak eman zuen argitara albiste hau 1930eko hamarkadan.

NHE 1767

Artzibar eta Agoitz ingurua —beste batzuen artean— erdaldundutzat jo zuten komisariek 1767an (Iturria: J. M. Jimeno Jurío).

XVIII. mendean Artzibarrek euskaldun zirauen arren, gaztelania ere pixkanaka-pixkanaka hurbildu (edo hurbilarazi) izanaren lehen zantzuak antzeman daitezke. Blogean behin baino gehiagotan azaldu bezala honako honetan ere, Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Artzibarren gaztelania aski ezaguna zela argudiatu zuten 1765etik aitzim, eta horrenbestez, gehiengoa euskaldun izan arren, bazuketela aurrerantzean beraiek ere herri haietan lan egiterik, eta ez komisari euskaldunek bakarrik: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Romanzadotzat jotzeko eskatutako herrien zerrendan Artzibarko hauek guztiak bildu zituzten: Asnotz, Zazpe, Espotz, Zandueta,  Hiriberri, Arrieta, Saragueta, Uritz, Nagore, Urdiroz, Imizkotz, Lakabe, Usotz, Gorraitz, Lusarreta, Orotz Betelu eta Gurpegi. Haran osoa, hitz gutxitan.

Hala ere, urte haietan bertan (1782), almadiak zirela-eta sortutako hainbat gorabehera aztertzeko Artzibar, Aezkoa eta Zangozako ordezkarien arteko bilera izan zenean, erretoreak ere joan behar izan ziren aezkoar eta artzibartarrekin; izan ere, Zangozakoek ez zekiten euskaraz eta bi haranetako agintari zibilak nekez moldatuko ziren haiekin: no saben bascuenz y los diputados y regidores de los Valles de Aezcoa y Arce por lo regular, no saben otro idioma. Albistea ez dator bat komisari erdaldunek agertutako hizkuntza-paisaiarekin.

Are gehiago; XIX. mendea hasita —Jimeno Juríok Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan topatutakoaren arabera— Orbaizko eta Artziko erretoreak Otsako parrokia eskuratzeko lehian hasi zirenean, baztertu egin zuten otsarrek Orbaiztik zetorkiena ia ez baitzuten zerabilen mintzoa ulertzen, por ser muy diferente del de este País. Nekez izango zen hura euskalki-arazoa, Artzibarko Otsa eta Longidako Orbaitz elkarren ondoan egonik. Antza denez, oso euskaldun zirauen Artzibar hegoaldeko Otsak duela 200 urte. Ez zen luzerako izango, mendean zeharreko albisteek erakutsi digutenez; aldiz, Itzagaondoko Urbikainen bezalatsu, hamarkada gutxitan euskararen nagusitasuna hankaz gora joan zela ematen du.

Izan ere, Bonaparteren mapa da Artzibar inguruko euskara pattaltzen hasi izanaren lehenbiziko lekuko argia. Haran hegoaldean ezarri zuen printzeak hizkuntza nagusi zeneko eremuaren muga 1863an: mugaz beheiti utzi zituen Longida erdaldunduagoa bertatik bertara zuten Olorices baserrietako bat, Otsa bera eta Zazpe herrixka, mapan kolore argiagoa zutelarik.

Bonaparte

Bonaparte, 1863. Euskara ahul Longidan eta Artzibar hegoaldean. Urraulgoitin (behean, eskuin, Ezkaniz) desagertze bidean.

Artzibarri buruzko xehetasunak jasotze aldera, 1865 eta 1869 bitartean Arrietako maisu Juan Cruz Elizaldek prestatutako doktrina-testuak baliatu zituen printzeak. Bonaparte Ondareko 60 eta 61. eskuizkribuak dira eta Nafarroako Artxibo Orokorrean daude ikusgai.

gurpegi-130309-18

Gurpegik 30 biztanle izan zituen behinola, XX. mendean hustu aurretik. 1860an euskara zuen nagusi (Iturria: J. Etxegoien)

Brocak (1874) oso antzeko albisteak eman zituen bere mapan; kontuan hartzekoa da hori, sendagile frantziarraren eta Luis Luziano Bonaparteren datuak ez baitziren beti bat etorri. Sainte-Foy-la-Grandekoari helarazitako txostenen arabera haranaren iparraldeko Urdirotz eta Gorraitzen euskara baino ez zuten ibiltzen;  Uritzen eta Espotzen, aldiz, —zer esanik ez hegoalderago— bi hizkuntzak zerabiltzaten ordurako. Erraza da erabilerari buruzko albiste hori Bonaparterek ezagutzaz emandakoetan txertatzea: Artzibar iparraldea guztiz euskalduna zatekeen oraindik baina gaztelania haranean gora zetorren, hegoaldean nagusitzen ari zen ordurako (zenbait herritan euskal hiztunak gutxiengo bihurtzeraino) eta erdialdean oraindik nagusi izan ez arren euskararen tokia hartzen hasia zen. Denbora baino ez zen behar hizkuntza-aldaketa erabatekoa bihurtzeko.

1900dik hona: harana eta euskara, gero eta itzaltzenago

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren azken oihartzuna larri-larri heldu zen XX. mendera Artzibar iparralde eta ekialdeko zenbait herritan; ikusi bezala gainerakoetan are zaharragoa zen etena. Duela 115 urte euskara zen nolanahi ere askoren hizkuntza ibarraren erdialde zabalean zehar. Bistakoa da hori Artzibarko apaizek 1904an Elizbarrutiak egin galdeketari eman zioten erantzunari begira:  lau baino ez ziren izan “¿Se habla vasco?” galderari “No” erantzun zioten herriak: aspaldixko erdaldundutako Otsarekin batera Artozki, Uritz eta Zandueta. Erantzuleen interpretazioa gorabehera, nekez ulertu behar da horri begira azken hiruretan bederen euskaldunik ez zegoenik: Uritzen, esaterako, 75 urte beranduago ere baziren.

Nolanahi ere nabarmena da erdarak zekarren indarra, hegoaldean bezala erdialdean; horren arrastoa utzi digute Eki ezizendun idazle anomimo batek Napartarra aldizkarian 1916tik aurrera karrikaratutako zazpi kronikek. Haran inguruko mintzoa hainbat hitz garbizale eta bestelakorekin nahasi-mahasi samar erabiliz, gogor kritikatu zituen Ekik Artzibarren euskara bazter utzi zutenak eta, bereziki, aspaldiko mintzoari garrantzirik ematen ez zioten agintariak. Hizkuntzaren egoerari buruzko zeharkako albiste baliotsuak ere eman zituen: Urdiroztik goiti eta Irati arroan hizkuntza mintzatua euskara zela iradokitzen dute hark idatzitakoek. Litekeena da berriemaile hura ere herri haietako batekoa izatea. 1917an isildu ziren, tamalez, bere kronikak.

Urte batzuk beranduago —1920ko hamarkada hasieran—, beste hainbat eremu bezala Damaso Intzak Artzibar ere aditz-joko nafarra aztertu nahirik zeharkatu eta gero, Erizkizundi Irukoitzarako inkestak egin zituzten haranean: Azkuek Arrietan, eta Etxalarko Eusebio kaputxinoak Orotzen eta  Azparrenen. Ez dira guztiak gorde, zoritxarrez. Arritan Juana Ibarrola izan zen lekuko; Orotzen Graciana Escabel, Angel Orradre eta Fermin Arbunies. Azparrenen, aldiz, Fermin Etxandi. Urte haietan ari zen koxkortzen edota gazte bihurtzen Artzibarko azken belaunaldi euskalduna.

hiriberri-130322-03

Hiriberri (Iturria: J. Etxegoien).

Hamar bat urte beranduago beste ikertzaile bat (Aingeru Irigarai) Artzibarko euskararen mugez arduratu zenerako, nekez entzungo zen aldaera hura inongo gazteren ahotan ere. Iratialdean topatu zuen Irigaraik hizkuntza bizien, gibelka ordea: Azparren eta Orotzen, eta baita horren ondoko Gorraitzen ere. Haietan ba omen zen 30 urtez gorako euskaldunik, baina mendearekin batera jaiotako belaunaldi hark ez zerabilen euskararik eta 50 urtetik goitikoen ezpainetan baino ez zen entzuten. Adin hartan bertan zegoen antza ezagutzaren eta erabileraren muga Hiriberri, Arrieta, Saragueta eta Uritzen. Imizkotz eta Lusarretako 50 urte ingurukoek erabili ere ez zuten egiten; antzeko zerbait antzeman zitekeen Lakabe eta Gurpegin, eta euskara-pixarrak baino ez gainerako herriren batean. Ez da Urdirotz, Espotz edota Arizkurengo albisterik Irigarairen zerrendan; izango zen euskaldunik han ere. Dena den, ziztu bizian zihoan iheska euskara Urrobin zein Iratin gora.

Ez dut XX. mendearen erdialdeko albiste handirik ezagutzen, baina pentsatzekoa da 1904ko inkestan artean euskaradun jo zituzten haran hegoaldeko herri denetan —eta erdialdeko askotxotan— urte haietan desagertuko zirela azken hiztunak. Eta herriak berak hustu inoiz, hondar euskal hiztun horiek desagertzearekin batera. Lakabeko seme Javier Ibarra Murillo apaiz euskalduna (1626ko Asnozko pasadizoa ezagutzera eman zuena) 1955ean hil zen. Ederrena etxean jaioa zen 1876an; guraso biak artzibartarrak zituen. Huraxe izango zen Lakabeko azken euskaldun zaharretako bat; herria bera handik gutxira hustu zen. 1951n Gorraitzen hildako Patricia Bizkai Barber azparrendarra ere euskalduna zela badakit. Gazte samar hil zen (1895ean jaioa izanik) Azparrengo azken belaunaldi euskalduneko andere hura. Interesgarria da nolanahi ere Artzibar erdialdeko Espotz herrian jaiotako Jose Goñi Lusarreta, 1944an hildakoa, euskararekin baino dorpeago moldatzen zela gaztelaniarekin. Baziren oraindik horrelakoak Artzibarren 1950. urtearen atarian.

Azken hiztunak

1970etik aurrera beste aditu belaunaldi batek Artzibarko euskal hiztunen nondik norakoa ikertzeari ekin zionerako desagerpenaren aurreko urratsean topatu zuten haraneko hizkera.

arrieta2

Arrieta (Iturria: J. Etxegoien).

Irizarrek (1970) estatistika gordina utzi zuen: Orotzen 11 euskaldun aipatu zizkioten, eta Artzibar osoan beste 16 (lau Arrietan, hiruna Lusarreta eta Hiriberrin, bi Uritzen eta bana Azparren, Espotz, Imizkotz eta Saraguetan). Zehaztasun handiko datuok Benito Urtasun ikertzaileak eman zizkion, azken euskaldunak 1900ean jaiotakoak zirela berretsiz. Urtasunek berak Orotz-Beteluko toponimia jaso zuen eta 1971n FLV aldizkarian ezagutzera eman ere bai. 65 urteko Manuel Arzelus izan zuen berriemaile. Arzelustarrak izan zien Orotzen euskara jaso zuten azkenetakoak, azkenak agian; dena den, Manuelen bost anaia-arrebak Uruguaira joan eta bertan gelditu ziren, eta ez dakit baten batek euskarari eutsi zion ala ez. Zaharrenak –Florencia eta Carmen arrebak- 1990 eta 1995ean hil ziren.

Artolak, bestalde, haraneko mintzoa biltzeari ekin zion 1971n bertan Hiriberrin, eta hainbat herritako hiztunak elkarrizketatu zituen hogei bat urtez: donostiarrari eta azken labekadako hiztun haien ekarpenari zor dizkiegu Artzibarko aldaeraren inguruko xehetasun asko. 1980an Artola bera eta Josu Tellabide baleko hiztun bila euskararen hego-mugak orrazten aritu zirenean,  honako herri hauetan topatu zituzten euskaraz ongi(ska) defendatzen ziren artzibartarrak: Lusarretan, Hiriberrin, Arrietan, Imizkotzen, Urdirotzen, Uritzen, Espotzen, Azparrenen eta Orotz-Betelun. Azken bietan, ‘ozta-ozta’ gainera, hiztun osoei muga-hiztunak gailentzen hasita nonbait. Artolak aurkitu zuten lekukorik gazteena, Soledad Arbonies, 51 urtekoa zen. 1971 hartan bertan hil zen Calixto Legasa artzibartar euskalduna, II. Errepublikan zinegotzi izandakoa eta Artozkiko Juriko etxera ezkondua. Ez dakit, ordea, Artozkin bertan sortua ote zen.

Jarraian, azken urte hauetako hondar hiztun eta muga-hiztunen zerrendatxo bat emango dut; denak ez badira gehien-gehienak bederen Koldo Artolak berak elkarrizketatu zituen 1971etik 1989ra bitartean. Batzuk informazio gutxi emateko gauza izan baziren ere, beste zenbaiten ekarpena garrantzi handikoa izan zen Irizarren adizkera-lanetarako:

Saturnino Etxamendi

Saturnino Etxamendi arrietarra (1985), eta Francisca Zilbeti emazte erroibartarra; euskalduna hura ere. (Iturria: Fontes Linguae Vasconum)

Orotzen Gregorio Arzelus Arzelus (1904-1986), Manuel Arzelus Gortari (1906-1985) eta Dionisia Lekunberri Orradre (1899-1991), nik dakidala herriko azken euskaldun zaharra.

Arrietan Marterena etxeko Saturnino Etxamendi Larrea, 1901ean sortua. Koldo Artolak Artzibarren izandako berriemailerik baliotsuenetako bat; 1981etik 1992ra bitarteko harremana izan zuten. Ibarreko azken euskaldun osoa izan zen Etxamendi seguru asko; Barañainen hil zen 1993ko abuztuaren 25ean.

Azparrenen Gregoria Bizkai Escabel (1901-1989), herriko euskara tirriki-tarraka gorde zuen azkeneko hiztuna.

Espotzen Manuel Zazpe Garde (1905) izan zen euskararen apurrak emateko hondar lekuko balekoa, baina hura ez zen zahartzaroan hizketan aritzeko bezain ongi moldatzen. 1986an bizi zen oraindik.

Badut susmoa Zazpe baino euskaldunxeago ote ziren Arriasgoitiko Galdurotzera ezkondu eta 1944an hildako Jose Goñi Lusarreta espoztarraren hiru semeak: Victoriano, Aniceto eta José León Goñi anaiak. Victoriano 1984 aldera hil zen. Arriasgoitiz aritzerakoan zabalago aipatuko ditut goñitar hauek.

Lusarretako Jose Larrea Arozena (1902-1990) berriemaile izan zen baina muga-hiztuna baino ez zen hura ere. Hango euskararen berri eman zezakeen azken pertsona izan arren, ulertu besterik ez zuen egiten; ez zen elkarrizketa bat izateko gauza.

Imizkozen euskara pixar batzuk besterik ez zituen gorde Vicente Inda Errok (1907-1991).

Hiriberrin 1901ean jaiotako Ambrosio Usoz Imirizaldu (1928an Estatu Batuetara alde egin eta Kalifornian iparraldeko artzai franko mintzakide izandakoa), Francisca Larragueta Imirizaldu (1905-1983) eta arestian aipatu Soledad Arbonies Larrageta, 1920an sortua. Andere hau, euskaldun oso baino hartzaileagoa izan arren (asko xamar ulertzen du baina mintzatu gutxi, Koldo Artolaren hitzetan) oso lagungarri izan zuen Aitor Aranak duela hamar urte Artzibarko hiztegiari buruzko liburua argitaratzeko. Tafallan bizi da gaur egun, 94 urteak beteta.

Hauek guztiek eta beste hainbatek emandako informazioaren laguntzaz, Orreaga Ibarra edota Iñaki Camino ere aritu dira XXI. mende honetan Artzibarko mintzoa ikertzen eta mendeetako ondarea galbidetik ateratzen. Ondare horren erakusgarri, hona hemen Arrietako Saturnino Etxamendik Koldo Artolari 1981ean abestu zion gaztetako Gabon-kanta (Iturria: FLV 113 (2011), 300-301. or.).

– Kantatzen zenuten euskaraz zerbait?

– Ni… jústo-jústo oròitzen náiz zerbáit: Jaiki, jaiki artzaiñak, ernatu goizean, Belengo ziudadean Jesus jaio da ta. Eztuzie jinestatzen ikusi artean, antxen deskansaturik, zure triste ori. Ni, no sé, alguna cosa así era.

– Eman, eman berriz…

Jaiki, jaiki artzaiñak
Ernatu goizean
Belengo ziudadean
Jesus jaio da ta.
Eztuzie jinestatzen
Ikusi artean
Antxen deskansaturik
Zure triste ori 

No sé, algo lo he cambiaö, e?

– Kontxo, oso polita da… eta bertzerik ez zen?
– Yo me acuerdo justamente… jústo-jústo oròitzen náiz, artzáiak, juàtentziré, mezára? eguérdiko… o gabérdiko mezán? altxinàrruekín ta… ¿cómo le llaman al zamárro? zamárruák? ta… bére górro… áundi aetái? ta abàrkekín, ta axúri zenbáit óla… bésoan, aurrári adóratzerá, a Jesús, a adorar…
– Muin ematera, edo muxu edo pott edo… nola erraten da?
– Ápa emáterá. Fiárki pollíta ìten züté orduan; géro yá… galdú ze déna, gáldu ziré.

Artzibarko euskararen galera 3.0

Artzibarko euskararen galera. Egin klik irudian gertuagotik ikusteko. Gorriz, azken hiztun ezagunen heriotza-urtea. Berdez, euskaldun osoak ez ziren azken muga-hiztunena. Urdinez, herrietan euskaldunen bat gelditzeari buruzko albisterik berankorrenak noizkoak diren.

A la vez que el drama de la despoblación que tan duramente le ha golpeado a lo largo del último siglo, el navarro valle de Arce / Artzibar ha vivido en paralelo durante ese mismo tiempo el progresivo debilitamiento y la desaparición de su habla vasca autóctona, extinguida en la práctica durante el último cuarto del siglo XX y cuyo último exponente es la hiriberritarra de 94 años Soledad Arboniés, que de niña, en época ya muy tardía (década de 1920) llegó a hacer suyo en parte el euskera de sus mayores. La crónica del euskera de Arce debe necesariamente recoger, por un lado, los ecos de largos siglos de vitalidad presentes en innumerables topónimos y que van aflorando también en diferentes archivos; y, por otro, el recuerdo de aquella última generación de artzibartarras que aún hace pocos años dieron testimonio del habla que alcanzaron en mayor o medida a aprender, y que los convierte en transmisores del patrimonio inmaterial del valle; por ello acompaña a esta entrada una lista con buena parte de esos últimos hablantes que lo poblaron hasta tiempos muy recientes.


Bidankozeko euskaldunei buruzko albisteak argitara emanda

Joan den urte amaieran, blog honen bidez, XX. mendean Erronkari haraneko Bidankoze herrian bizi izan zen azken belaunaldi euskaldunaren inguruko zenbait albiste eman nituen. Orain paperean dago eskura orduko lan hartan oinarritutako artikulua, UEUri eta UZTARO aldizkariari esker.

uztarologo2

“Bidankozeko gerraosteko euskaldunak” du izena artikuluak eta 2014ko uztail-irailei dagokien UZTARO aldizkariaren 90. zenbakian argitaratu da.


Hizkuntzaren lekukoak: EZKABARTE

Ezkaba Ip

Ezkabarte ibarra Ezkaba menditik.

Ezkaba He

Iruñerria Ezkaba menditik. Argazkiak: Julio Asunción.

Azken aldi honetan San Cristobal ere esaten dioten Ezkaba mendiak eman dizkio izena eta izana magalean sortutako haranari. Mikel Belaskoren iritziz ‘Ezkabako haitzartea’ izan liteke Ezkabarte toponimoaren esanahia, eta Iruñetik zetozenek ibarrera jotzeko baitezpada igaro beharreko tokiari egingo zion erreferentzia. 900 metro inguruko tontor hau ez da haraneko garaiena (hemen Jose Mari Pastor eutsatarraren azalpena), baina udal-dermioaren hegoaldea alderik alde zizelkatzeaz gain, ahazten zailak diren gogorapen garratzak sortarazi ditu XX. mendeko nafar askorengan, 1878an eraiki eta Gerra Zibil inguruko urte ilunetan heriotza gune bilakatutako gotorlekuagatik. San Cristobal izena nagusitu zen orduan, baina XIII. mendetik bederen ezagutzen ditugu escaua edo ecquaua bezalako toponimoak.

Erdi Aro urrun hartan euskaraz mintzatuko ziren noski Arre, Orikain, Sorauren, Eutsa, Makirriain eta abarreko biztanle gehien-gehienak, denak ez baziren. Baita historiaren zurrunbiloan itotako Eguntzun edo Elegi bezalako herrietakoak ere. Eremu zinez interesgarria da Ezkabarte Nafarroako euskararen iraupen-galeren begiekin aztertuta. Izan ere, nahiz eta berez Iruñerrikotzat ez jo ondo-ondoan du haran hegoaldeak hiriburua (Arre Iruñetik 5 kilometrora besterik ez dago), eta, bestetik, ipar-muturrean den Anotzek askoz hurbilago du Odieta harana -bertako euskarari XXI. mendera arte eutsi diona- Ezkabarteko gainerako herrixkak baino.

Hartara, Ezkabarteko euskararen gainbehera aztertzea ia bi mendetan zehar gertatu den prozesuaren kronika egiten saiatzea da. Azken berrehun urte horietako xehetasun batzuk ematen ahaleginduko naiz, datu zaharragoren batzuk bazterrean utzi gabe.

XIX. mendera arte: euskara nonahi

Zildotz

Zildotz. XVII zein XVIII. mendeetako lekukotasunak utzi ditu bertan euskarak.

Erdi Aroko leku-izenetan argi eta garbi antzeman daitekeen euskara bizi-bizirik zegoen XVI. mendean ere Ezkabarten barrena. Gizaldi hondarreko nafar herrien zerrenda ezagunean macaryayn, sorauren, acoz edota ezcaba bildu zituen eskribauak; esan gabe doa guztiak sartu zituela bascongadoen zerrendan. Euskaldun hutsak ziren Iruñe inguruko herrixka haiek. 

Zildozko 1629 eta 1631ko bi lekukotasuni esker badakigu zamuka esaten zietela ezkabartearrek korkoinak-eta garraiatzeko erabiltzen zituzten kakoei, eta isun, aldiz, lur-eremuren batean ezarritako debekuari: …a oydo decir que se suele poner vedado o ysun, que asi lo llaman de bascuençe / que en su lenguaje llaman ysun… (1631).

Arre2

Arre eta Arga ibaia. Ezkabarteko irudirik ezagunenetako bat.

XVII eta XVIII. mendeetan zeharreko toponimo askok eta askok hurbilduko gaituzte ezkabartearrek euren etxalde, alor edo mendiak izendatzeko zerabilten hizkuntzara. Hara, besteak beste, Aranbidegaña (Zildotz, 1699), Askapea (Orikain, 1777), Azotzaldea (Eutsa, 1718), Elizgibela (Azotz, 1777), Euntzebidea (Orrio, 1796), Orriobidea (Makirriain, 1678), Zabaldikaldea (Sorauren, 1741) edo Zokoa (Arre, 1782). Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Arre, Orikain, Sorauren, Ezkaba edo Azotz ordura arte bezala euskaldun huts ez, eta haientzako lan-eremutzat ere jo zitzatela eskatu zutenean (1767), zeharka eta haien asmoaren kontra ibarraren ordura arteko euskalduntasun osoa ari ziren aitortzen.

Urte haietako altxor eder bat utzi digu gainera Ezkabarteko euskarak: Zildotzen (1773), herriaren mintzoa baliatuz idatzi zuten kontzejukoek arma eta neurri zenbaiten inbentario bat. Udal agiri itxurapean idatzia dator Aingeru Irigaraik ezagutzera emandako dokumentua; gutxi dira euskarak eman dizkigun tankera beretsuko idazki zaharrak. Lerro hauen azpian duzue testua.

Zildotz 1773b

“Milla eta zazpitan eun eta yrutan oguei eta amiru guaren vrtean; celaric ReJidore Juan de Suescun, Gostunbrazen zen Bezala entreguatu zizaizquio vrte beri egunarequi Auzoco Armac: eta artuzitue por Inmentario; Zerenguatic Alziñeco urte zenbaites faltatu ziren zenbait paper…” (handitu irudia klik eginez)

XIX. mendea. Jarraipenaren etena.

Asko dira Iruñerrian zehar euskararen hondamendia XIX. mende hasieran gorpuzten hasi zela erakusten duten lekukotasunak (hemen, esaterako, Jimeno Juriok Egues harana dela-eta argitara eman zuena). Orduantxe abiatuko zen noski hizkuntzaren higatzea Iruñera begira dagoen Ezkabarte hego-ekialdean ere (Arre, Orikain, Azotz). Bonaparteren mapan berde argiz ageri da eremu hura; 1860ko hamarkadan euskaraz aritzen ziren hiztunak bazirela, baina ordurako gutxiengo zirela esan nahi du horrek. Euskararik gabeko lehen belaunaldia ez zen, nonbait, hiru herri horietan Lehen Karlistaldia baino beranduago jaio. Duela 150 urte Atarrabia, Burlata eta Iruñe atari-atari hartan euskararik bazela behintzat badakigu, nolanahi ere, mapari esker.

Haranaren erdialdean gehixeago iraun zuen euskararen transmisioak; XIX. mende hasieran hizkuntzak oraindik bazuen bizitasunaren seinale da, esaterako, Juan Francisco Goñi maisuak Makirriaingo eskolan idatzitako euskarazko doktrina (1828). Hainbat urte beranduago, 1860 inguruan, ez zen oraindik euskararen jarraipena eten Ezkabarte mendebaldean; baina aldatze bidean zen egoera. Sasoi hartan jaio zen Orrion urteen joanean Olaibarko azken euskaldun zahar bihurturiko Jose Maria Makirriainen aita. Orrioko seme hark ba omen zekien euskaraz, baina ez biribil. Ama (Etsaingo anuetarra) euskaldunagoa izango zen noski. Makirriain jauna muga-hiztuna zen, beraz. Zildotzekin batera Txulapain euskaldunagora begira zegoen Orrion euskararen jarraipena urte haietan ari bazen higatzen, ez zen bestela gertatuko ibarrean barrenerago dauden Makirriain, Garrues edo Eutsan. Zildotzen, nolanahi ere, 1860 inguru hartan bertan jaiotako emakume euskaldun baten aditzea dago Koldo Artolari esker, eta Pedro Diez de Ultzurrun sendagile euskaltzalearen aitona zildoztarra ere urte hartan sortua zen. Ekialdean dagoen Soraurenen, aldiz, gauza ezaguna da Antonio Atondo Arraiza euskal hiztuna 1872an jaio zela, baina nik behintzat ez dut herri hauetan bera baino beranduago sortutako inongo euskaldunen berri jakin.

Bonapartek mapa prestatu zuen urteetan, beraz, euskara zen nagusi Zildotz-Sorauren lerroan eta euskaldunak eremu hartako (ia) biztanle guztiak; baina herri gehienetan euskararik gabeko lehendabiziko belaunaldia orduantxe sortzen ari zela ematen du. Dena den, euskara ezinbesteko hizkuntza zen oraindik erlijio betebeharretarako: 1878an Aita Isidoro Zildozkoak idatzitako prediku bat arestian aipatu Diez de Ultzurrun sendagile iruindarraren eskuetara heldu zen.

Ibarraren hego-muturreko Azotz, Orikain eta Arreren ondotik, badirudi Garrues eta Ezkaba izan zirela erdaldundu ziren hurrengoak. Litekeen gauza da haien kokapena kontuan harturik. 1878an bertan, Asociación Éuskara delakoaren ekimenez eta euskararen orduko egoera zehaztu nahian hainbat eskualdetako bazkideek galdetegi bati erantzun ziotelarik, Oltzako bizilagun batek ia Ezkabarte osoa bildu zuen euskara ‘con bastante generalidad’ gordetzen omen zuen eremuaren baitan. Sorauren, Eusa, Orrio eta Makirriain zonalde horretan sartu zituen. Ez, ordea, Ezkaba eta Garrues, Bonapartek hamarkada bat lehenago haiexek ere berde ilunez margotu zituen arren. Bi herriotan euskara gainbehera zihoala pentsatu daiteke.

XX. mende hasiera. Ezkabarte erdialdeko euskararen azken hatsak.

makirriain

Makirriaingo txoko bat

Ezkabarte erdialdean euskarak 1900 inguruan bizi zuen egoera traketsa hainbat iturriri esker azter daiteke. Ez dira guztiz koherenteak, baina nahikoa irudi argia eskaintzen dutela uste dut.

1904an Elizbarrutiko Guía estadística-rako ¿Se habla vasco? galdera egin zutenean, Orrio, Zildotz, Eutsa, Makirriain eta Garruesen erantzun zuten baietz (baita gaur herri ez diren Aderitz, Nagitz eta Elegin ere). Hauetan guztietan, euskara oraindik hitz egiten zela erantzuteko bezain pixkor zegoen, antza. Gainerako herri guztietan ezezkoa eman zuten ordea; guztiz galdua izango zen agian ordurako Arre eta Orikain inguruan. 1904ko datu horiek, alabaina, ezin dira beti egia ziurtzat jo; 1878an euskaldun samartzat jo ez zuten Garruesen 26 urte beranduago baiezkoa eman eta Sorauren herria, ostera, ez zuten 1904koan aipatu, artean euskalduna zela beste iturri bati esker dakigun arren: arestian aurkeztu dudan Jose Maria Makirriain euskaldun olaiztarra 1888an jaioa zen, eta zahartzaroan adierazi zuenez bere gazte denboran ‘en Sorauren hablaban [euskaraz] hasta los gatos’. Litekeen gauza da ordurako haur soraurendarrak erdaldunak izatea, baina euskara indarrean egotea 30-40 urtetik gorako askoren ahotan. Garbi dago hizkuntza bizia zela oraindik, nekez eragingo baitzuen bestela aipatu pertzeptzio hura olaibartarraren gogoan; baina galtzen hasia zen Soraurengo euskara.

Transmisioaren etena agerikoa zen ordurako Ezkabarte erdiguneko herrietan. 1865an-edo Berriogoitin jaiotako antsoaindar euskaldun bat Ezkabartera ezkondu eta 1903-5 aldera jaio zitzaion semea Makirriainen. Aita ez bezala, erdaldun hazi zen seme hura. Koldo Artolak bildu zuen albistea semearen ahotik 1980ko hamarkadan. Zeharkako beste hainbat datuk berretsirik pentsa daiteke XX. mendean ez zela Zildotz eta Sorauren artean euskaldun zahar alerik ere jaio.

sorauren

Sorauren

1935ean Aingeru Irigarai Nafarroako euskal mintzoen hego-muga finkatzen ahalegindu zenean, doi-doia heldu ziren bere galdeketa ahaleginak eremu hartara. Sorauren izan zen zerrendaratu zuen Ezkabarteko herri bakarra, eta VII. multzoan egokitu zuen: adinekoren bat baino ez bide zen euskal hiztun, eta mintzo zaharra erabili ere egin gabe, nonbait. 30 urte lehenago katuak ere euskaldun omen ziren herri hartan desagertzear zen beraz euskara. Egun 77 urte dituen Jose Luis Borda Arraiza soraurendarrak gogoan duen herriko euskaldun zahar bakarra lehen aipatu dudan Antonio Atondo Arraiza bera da, bere aitona. Antonio Atondo 1944an edo 1945ean hil zen. Beste lekukotasunik agertu ezean, herriko euskara berarekin joan zela pentsa daiteke.

Urte haietan itzali bide zen euskara Zildotzen ere. 1925 inguruan jaiotako zildoztar batek adierazia da gaztetxoa zelarik amona entzuten zuela euskaraz, adin handiko beste zenbait herritarrekin ari zenean. Albistea 1935-40 ingurukoa izan liteke, eta amona 1865ean-edo jaioa zen, Diez de Ultzurrunen aitona euskalduna baino apurtxo bat beranduago, ausaz. Litekeena da pentsatzea hondar euskaldun zildoztar hauen belaunaldia ere, Soraurengoa bezalatsu, 1945-50 inguruan desagertu zela.

Ordurako, arrunt erauzia egongo zen euskara hegoalderago. Garruesen 1944an-edo ia 90 urte zituela hildako emakume batek ez zekien euskaraz. Halaxe adierazi zion Tomas Andueza garruestarak Koldo Artolari.

Diez de Ultzurrun sendagileak 1960an ezagutarazi zuen Makirriaingo 1828ko katixima Euskera agerkarian. Artikuluan adierazi zuenez, Zildotzen ez zegoen ordurako euskal hiztunik. Ezkabarteko euskara itolarrian zen eta iparraldean, Anotzen, bilatu behar ziren halabeharrez azken kondarrak.

Ezkabarte euskararen galera

Ezkabarteko euskararen galera-prozesua (hurbilpena). Koloreek gutxi gorabeherako mugak adierazten dituzte.

1950etik aurrerakoak. Anozko hondar hiztunak.

Anotz, esan dudan bezala, Odieta aldera dago begira, eta errepidez ere Odietako Anozibarrekin baino ez dago lotuta. Herri txiki-txikia da: 10 biztanletik beherakoa egun. XIX. mendean ere, ez ziren 60 baino gehiago. Gainerako herrietan euskara gainbehera zetorrelarik puskatxo batez iraun zuen han, Motxal izeneko etxean gutxienik: bertan XX. mende hasierara arte munduratu ziren haur euskaldunak. Odietako Erripetik Anotzera ezkondu eta gaztelaniarik jakin ere ez zekien Josefa Artzeren bi seme-alaba behintzat, euskaradun hazi ziren etxe hartan: 1908an jaiotako Celedonia Zenotz Artze, eta honen anaia Andres (1914). Hauek izan ziren Ezkabarteko azken haur euskaldunak. Beste anaia bat ere izan zuten, Manuel, baina ez du ematen euskara jasotzera heldu zenik.

IMG_20140519_093639

Anotz, 2014ko udaberrian

IMG_20140519_093719

Harri horien gainean egon zen eraitsi zuten arte Anozko Motxal izeneko etxea.

Celedonia Beltranenako Julian Artazkozekin ezkondu zen; erdalduna bera, Motxal ez beste etxe guztietako anoztar adinkideak bezalaxe. Horixe adierazi dit ezkontza hartatik jaiotako Maria Artazkozek; 76 urte ditu gaur. 1962ra arte Anotzen bizi izan zen eta ez zuen herrian beste etxe euskaldunik ezagutu; gogoan du, aldiz, ama eta osaba Andres euskaraz aritzen zirela elkarrekin. Maria gaztearen zeregina amona Josefa zaintzea izan zenez, eta hark asko egiten baitzion euskaraz -gaztelania trakets baino jakin ez-eta!- euskara pindartxo batzuk jasotzera heldu zen biloba gazteena, ahizpa ez bezala: nongoa zara? Egun on! Bai zuri’re!. Penaz esaten ditu gaur Mariak hitz horiek, haraneko euskaldun zahar bakarren altzoan hazi eta gehiago erakutsi ez ziotelako. Diez de Ultzurrunen esanetan 50 urtez gorakoak ziren euskaldun herrian 1960an; Erripeko amonarekin batera, beharbada Motxal etxeko Celedonia eta Andres baino ez.

Urte batzuk beranduago jaiotetxea utzi (errentan bizi ziren bertan) eta Iruñera egin zuten anoztar haiek. Horrexegatik ez zuen Sánchez Carrionek euskaldunik aurkitu 1970ean, nahiz eta Anozko euskara eman eta Ezkabarteko mintzoaren kolorea antzematen lagun zezaketen azken lekukoak izan baziren, oraindik.

Beste haran askotakoak bezain isil-isilik joango zitzaizkigun Koldo Artola nekaezinaren pazientziagatik izan ez balitz. Ikerle gipuzkoarrak ere, jakina, ez zuen Anotzen euskaldunik topatu 1980ko hamarkadan herria bisitatu zenean. Hala ere, hiriburura alde egindako anoztarren arrastoari segi eta Motxaleko Celedonia aurkitzeko gauza izan zen. Ez, ordea, anaia, Andres 1976an hila baitzen; baina Ezkabarteko azken euskaldun zaharra elkarrizketatu, 1981ean eta 1982an hainbat grabazio egin eta lekukotasun ederra bildu ahal izan zuen Artolak. 1985ean eman zuen argitara Ezkabarteko azken euskaldun zaharrari buruzko lana.

Maria Artazkozen esanetan fede handiko emakumea izan zen Celedonia, euskaraz baino ez zekien Erripeko Josefaren alaba. 1993ko irailaren 24an hil zen, bihotzez maite omen zuen Maria Auxiliadora egun batez. Hona hemen, amaiera gisa, emakume hark Koldo Artolari Ezkabarteko euskaraz kontatutako pasadizo ttiki bat, Olaizko artzaia topatu zuenekoa.

Aldi bétez… Oláizko… artzái bét… yoàn tzén… gúre… gùre erriko…oyanéra; falta zuén… fálta zituén ardí betzuk, eta… billetzéra, ayén billátzera; ta ni, nindabillén án, beyéki te… biórreki(n)… álde batétik, kártzen bèrtze aldéra… ta ník, ikúsi nuénian… múletaki(n)…zábillèla …! útzi béyek eta biórrak án, eta laixtérka yoán nitzén… neré anáie béstze eskín batián tzén, billátzera (barrez), ikerátuik!

Nafarroako udalerriak TxulapainEncajado entre los arrabales de Pamplona y valles de muy reciente pérdida del euskera, el desgaste de la lengua vasca a lo largo del municipio de Ezkabarte se ha propagado desde el sur hacia el norte a lo largo de los últimos dos siglos, de tal manera que mientras en localidades como Arre u Oricáin no queda ya recuerdo alguno ni memoria de sus vascohablantes, en el extremo septentrional del valle ha sido posible llegar a conocerlos e incluso recoger los últimos rescoldos del habla en la que se expresaron los ezkabartearras desde que existe memoria histórica de sus tierras. En el eje E-O que vertebra el valle desde Sorauren a Cildoz la desaparición completa del euskera autóctono no parece haberse producido antes de 1950.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    262728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu