Euskararen lekukoak

Euskararen lekukoak: TXULAPAIN

 

Txulapain Iruñerrian

Txulapain, gorriz, Iruñerri iparraldean

Iruñerriko hainbat ibar eta herri -azken urteotan hiriburuaren arrimoan  jendetsu bihurtu direnak batik bat- ezagunak dira oso Iruñeko edozein biztanlerentzat: Antsoain, Burlata, Barañain… ez dago izen horiek horiek aldez edo moldez bereganatu ez dituenik. Atarrabia toponimoa bera ere ezaguna da egun, euskaldun askoren artean bederen, Villava nagusi den arren. Zenbatek jakingo lukete ordea gaur egun, Iruñean bertan, Txulapain zer den edo non dagoen? Gutxik, seguru asko, eta erdaldunen artean are gutxiagok. Gaztelaniazko ‘Juslapeña’ nagusitu da, nagusitzearekin batera txulapaindarren euskara XX. mendean zehar iraungi den bezala.

Alabaina, ‘Txulapain’ euskalduna izan da (erdarazko Juslapeña forma euskal fonetikara egokiturik, Mikel Belaskok azaldu duenez) hainbat mendetan zehar haran ttipi honetako biztanleek jaioterria izendatzeko erabili zuten hitza. Txulapain bera bi zatitan banatzen omen zuten euskaldun haiek, Koldo Artolak jaso eta Yrizarren Morfología del verbo auxiliar vasco lanean irakur daitekeenez:

Txulapain Ollakarizketa

Ollakarizketa (Elbarrena, Txulapain)

«Txulapain, Txulapein, Txulapañe … era batez baino gehiagoz aditu dudala esango nuke …; Txulapañe hau, bestalde, bitan banatzen da: mendebaleko sei herriek (Osinaga, Aristregi, Beorburu, Osakar, Nuin eta Larraiotz) ERGOIENA osatzen dute eta gainerako zazpiek (Markalain, Gartziriain, Ollakarizketa, Usi, Beltzuntze, Nabatz eta Untzu) ELBARRENA, Beltzuntzeko Felix Ekiza jaunak adierazi zidanez».

Datuok 1988an eman zituen Felix Ekiza beltzuntzearra bera ez zen euskalduna, tamalez, azken belaunaldiko euskal hiztunen seme baizik. Dena den, Txulapainen eta ondoko Gulian bizi izan ziren Iruñerriko hondar nafarrera hiztunak, Iruñe ondoko berezko euskara XX. mendearen akaberara arte iraunarazi zutenak. Lekuko ederrak ditu Txulapain ibarreko herrietan aspaldiko euskalki nafarrak. Azken labekadakoak batzuk; iturria, ziurrenik, oraindik agortu ez den seinale. Juslapeña zaharrean barrena euskarak utzitako arrasto sakonaren erakusgarri duzue ondoren datorrena.

Antzinatetik XVIII. mendera arte: euskararen nagusitasuna

XVI. mendekoak dira txulapaindarren hizkuntzari buruzko lehendabiziko albiste zuzenak, eta ezin garbiago mintzo zaizkigu ibarrekoen euskalduntasunaz.

Txulapain Beorburu

Beorburu, elurretan

Ohikoa izan zen ordura arte -Erdi Aroan zehar bezala- bikote ugari apezik gabe ezkontzea; hau da, bi lekuko edo gehiagoren aitzinean, ezkongaiek elkarri ezkontitzak esan eta haientzat erabateko balioa zuen eliz erritoez kanpoko lotura gauzatzea. Aro Modernoan gainbehera etorri zen, Trentoko Kontzilioko erabakiek betiko desagertarazita, agintaririk gabeko elkarketa hura. Sortu zen bezala heriotza baino lehen baliogabetzea ere bazegoenez, ezkontza mota hark zenbait liskar eta salaketa eragin zuen, eta bide batez Nafarroako bikote batzuek elkarri emandako euskarazko ezkontitzak ezagutzeko parada eman digu. Txulapaingo Beorburun, 1536an, Maria izeneko bertako andrazko batek auzitara eraman zuen Belaskoaingo Martin Beltzuntze; antza denez, bederatzi urte lehenago elkarri ezkontitzak esan, eta beranduago Belaskoaingo beste emakume batekin espostu zen Beltzuntze, elizaren bidetik. Beorburutarraren salaketak eragindako auziaren latinezko testuetan, behin eta berriz jaso zuten 1527an Mariak eta Martinek euskaraz batak besteari eman zioten fedea. Nafarroako Elizbarruti-Artxiboan dago testua. Martinen hitzak doaz aurretik, Mariarenak ondoren, prozesuan bertan dauden-daudenean (hemen zabalago nahi izanez gero):

nyc Martin ematen derauçut neure fedea

çurj Maria vici naycen artean

çuçaz verce emazteric ez egujtegujteco

eta ez çuri vici naycen artean faltaceco

nyc Maria çuri Martin ematen derauçut ene fedea

vici naycen artean

çuçaz  verce senaric ez egujtego egujteco

eta çuri ez faltaçeco

Txulapaingo emakumearen aldekoa izan zen epaia; bazuen oraindik indarrik 1536an elizaz kanpoko ezkontzak. Ez luzerako, ordea.

1572an, Osinagan, Martin Aginaga ibar-jaunordeak preso hartu zuen Martin Garcia izeneko herritarra etxean sartzera zihoanean. Preso çara, esan zion Aginagak: preso sois, agirian bertan itzuli zutenezNay dut çergatic, izan omen zen Garciaren erantzuna. Fernando Maiorak topatu du lekukotasuna Nafarroako Artxibo Orokorrean. Xehetasunak Reino de Navarra. Euskera. Insultos, coplas, frases izeneko liburu interesgarrian aurkituko ditu irakurleak.

txulapain larraiotz

Larraiotzen, XVII. mendean, bazen euskaldun elebakarrik.

Aurreko albisteak ikusirik, inor ez du harrituko 1587ko Nafarroako herrien zerrenda ezagunean ageri diren Txulapaingo izen guztiak Bascongado atalean egoteak: Ollacarizqueta, Nabaz, Unçu, Vssy, Mayquelayn, Osinaga.

XVII. mendeko albisteak ildo berekoak dira: 1615ean inor aitonen seme bazen ala ez zen erabakitzeko ikerketa bat egin zuten Larraiotzen; Juan Etxeberria apaiza itzultzaile aritu behar izan zen herriko Juanes Larraioz lekukoaren hitzak jasotzeko, por ser bascongado. Juanesek ez zuen, nonbait, erdararik menderatzen.

Gaztelaniaren hedapenerantz

XVIII. mendearen bigarren zatian Nafarroako Auzitegietako komisari erdaldunek eragindako auzi luze bezain ezagunean ez dago Txulapainen aipamenik; zeharka, ordea, susma daiteke komisari haiek Txulapain ere erdalduntzen hasitako ibarren artean sartu zutela, Iruñerriko beste hainbat lekutan horixe baitzen haien esanetan gertatzen hasia zena: puede reputarse por pueblos romanzados (…) los valles de Egues, Ansoain, Aranguren, Cendea de Galar, Echauri, Ezcava y otros de la Cuenca y redondez de esta Ciudad (1767). Komisari erdaldun eta euskaldunak gaztelaniaren balizko agerpenari zegokionez bat etorri ez arren, ez da dudarik euskara zela oraindik ere txulapaindarren hizkuntza nagusia.

Txulapain Santazilia

Ekaitz Santaziliak ezagutarazi duen Txulapain inguruko euskarazko testuaren hasiera

Euskararen nagusitasun horren lekuko dira Txulapainekin lotura duten eta azken urteotan ezagutzera eman diren 1800 inguruko bi eliz testu. Horietako bat, XVIII. mende amaierakoa (edota, asko jota, XIX.aren hasierakoa), Untzuko edo inguruko herri bateko parrokiako liburuak Iruñeko Elizbarrutiko Artxibora eramatean agertutako euskarazko eskuizkribu anonimoa da. 2013an eman zuen argitara Ekaitz Santaziliak Fontes Linguae Vasconum aldizkarian. Ordu hartan Espainian indarrean zegoen errituaren arabera ezkontzera zihoazen bikoteei eman beharreko oharren bilduma dela esan daiteke, laburzurrean Rituale Romanum esan ohi zioten liburuaren gaztelaniazko bertsiotik apezen batek moldatua eta euskaraz paratua.  Ezconcera doacinei eman daquioqueten aviso gaia da idazkiaren izenburua. Urte batzuk beranduago, 1826an, Nuingo parroko zen Pedro Larraiozek liburu bertsuaren 1818ko edizioa erosi eta antzeko euskal moldaketa prestatu zuen. Duela hainbat urte argitaratu zuen Aita Franzisko Ondarrak Nafarroako beste euskal testu batzuekin batera. Txulapaindar zenbaitek gaztelania ezagun izan ala ez, XIX. mende hasieran parroki lanerako euskara ezinbestekoa zela erakusten diguten testuak dira hauek.

Txulapain Bonaparte

Txulapain inguruak Bonaparteren mapan. Antsoaingo Berriogoiti eta Ezkabarteko Ezkabatik beheiti gutxiengoaren mintzoa omen zen euskara.

Zalantzan jartzekoa da beraz XVIII. mende amaieran Txulapain ingurua komisari erdaldunek iradoki bezain erdalduntzen hasia ote zen; 1860-70erako, ordea, bistakoa da egoera aldatzen ari zela. Bonapartek hegoaldeko goi-nafarreraren ipar muturrean ezarri zuen ibar osoa. Gehienak euskaraz mintzo zirela adierazten duen kolore ilunaz markatu zuen Txulapain, baina ondo-ondoko Antsoain bailarako zenbait herritan gutxi omen ziren ordurako mintzo zaharra erabili ohi zutenak. Bonapartek emandako informazioaren osagarri, hara Paul Brocak garai bertsuan bildutakoa: Txulapaingo herri frankotan -erdialde eta hegoaldekoetan, eskuarki- euskara ez ezik gaztelania ere bazerabiltela adierazi zuen frantziarrak. Beorburu-Nuin-Otsakar-Osinaga ingurunea utzi zuen eremu horretatik at. Gainerako herrietan bi hizkuntzak entzuten omen ziren ordurako. XVIII. mende amaieran agian ez, baina XIX.enaren lipar hartan behintzat erdara haranean barrena zabaltzen ari zeneko irudia osatzen dute Bonaparte eta Brocaren lekukotasunek. Yrizarren ustez, 680 bat euskal hiztun izango zituen ordu hartan Txulapainek, biztanleen % 90-edo. Euskararen jarraipena ez zen artean eten, seguru asko, baina litekeena da etetear egotea. Hala ere, kontuan hartu zuen Arturo Kanpionek Txulapain 1880an Orreaga baladaren Nafarroan zeharreko itzulpenak eskatu zituenean. Osinagako Bernardo Etxeberriak isuri zuen Txulapaingo mintzora iruindarraren lana. Hegoalderagoko euskararik ez zuen Kanpionek  bilduma hartan jaso.

1900-1970: transmisioaren etena eta euskararen gainbehera

1904an Iruñeko Elizbarrutiak argitara eman Guía estadística delakoan Txulapaingo apaiz guztiek erantzun zioten baietz “¿Se habla vasco?” galderari. Irudi okerra eman dezake, ordea, jokabide bateratu horrek. Baiezko erantzunen hego-muga zen berriro ere Txulapain; Antsoainen baiezko bakar bat ere ez zen jaso. Eta euskararen jarraipena urte haietan bertan ari zen eteten ibar osoan zehar, ordurako etena ez bazen. Oso txulapaindar gutxik jaso zuten gurasoen euskara 1900. urteaz haraindi.

Txulapain mapa 2

Txulapaingo dermioa. Zenbait herriren ondoan, bertako euskararen azken lekukoen jaiotza-urtea. Egin klik hobeto ikusteko.

1923-25 bitarteko Erizkizundi Irukoitzean, dena den, bildu zen Txulapaingo daturik. Hirugarrenez, albiste-iturri batek iradokitako hizkuntza-eremuaren muga dugu Txulapain; ez zen hegoalderagoko daturik bildu. 71 urteko Miguel Elcano Lazterrak erantzun zien Angel Madariaga inkestatzailearen galderei. Nabazkoa zen.

Aingeru Irigaraik 1935ean bere ikerketa burutu zuenean ere, Txulapaingo herriak izan zituen ikertutako eremuaren muga. Berriemaileek sendagile nafarrari adierazi ziotenez, Beorburu zen ibarreko herririk euskaldunena: 30 urtetik gorakoak aritzen omen ziren euskaraz; gazteagoak, aldiz, ez. Nabaz, Beltzuntze, Larraioz  eta Osinagan 50 urtetik gorakoak baino ez ziren euskaldun; baina euskara erabiltzeko ohiturarik ere ez zuten, antza. Litekeena da egoera Irigarairi esan baino pittin bat hobea izatea. Irigarairen zerrendan ageri ez den haran hegoaldeko Ollakarizketa herrian, Antsoaingo mugan, euskaraz aritu ohi ziren oraindik adinekoak elkarren artean elizatik ateratzean-eta; egun 93 urte dituen Felipe Subizak ikusia da hori; Usin inork ez zekiela esan zioten Irigarairi (ikusiko dugun bezala, nekez izan zitekeen hori egia), eta gainerako herriak aipatu ere ez zituen egin. Nolanahi ere, ordurako Txulapaingo euskararen higadurak ez zuen atzerabiderik. Yrizarrek haranean 100 bat euskal hiztun izango zirela kalkulatu zuen; erdia baino gehiago galdu ziren ondorengo hiru hamarkadetan.

1970etik aitzina: azken hiztunak

1970erako ba omen ziren Txulapainen euskara guztiz galdutako herriak; Nabazko hondar hiztuna, esaterako, 1967an zendu zela jakin zuen Irizarrek. Ikerle honek 17 euskaldun zahar edadetu topatu zituen ibarrean zehar -erabili ez izanaren ondorioz gero eta euskara maiztuagoa zutenak- eta hiztun oso izatera ere helduko ez zen beste andanatxo bat. Azken horien lekuko, Koldo Artolarenak diren 80ko hamarkadako hitzok:  ‘Ezagutzen dut, aurreko horiez gainera, zertxobait ulertzen duen Osinaga, Nabatz eta Untzuko pertsona bakanen bat, hala nola guraso biak nuindarrak zituen Otsakarko beste bat; guzti hauek, alabaina, ezin ‘pronuntzia’ dezaketela diote…’. Zaku berean sartu beharko genuke lehen aipatu Felipe Subiza ollakarizketarra bera, Beorburuko aita eta Ollakarizketa bertako ama elkarren artean euskaraz aritzen entzutera ohitua, eta aitak euskaraz egiten zionean ulertu bai baina gaztelaniaz erantzuten zuena, euskaraz ‘pronuntziatu’ ezinik. Subiza jauna euskara etxean entzutera iritsi bai, baina behatzen artean ihes egin zion belaunaldi galduaren adibide da. Ollakarizketako ama, Josefa Vidart, herriko azken euskaldun zaharretako bat, 1970eko hamarkada hasieran hil zen.

Txulapain Untzu 2014

Untzu (Txulapain) 2014ko udaberrian

Galbide gorrian zegoen Txulapaingo mintzoa betiko desagertu aurretik informazioa biltzeko azken aukera izan ziren beraz urte haiek. Osinaga, Gartziriain, Nabatz edota Beltzuntzen, adibidez, ordurako hiztunik ez eta desagertutako azken haien seme-alabak baliatuz zenbait esapide, aditz edo kanta jaso ahal izan ziren. Beste batzutan, aldiz, gaztaroan euskaraz mintzatu baina ordurako zeharo ihartua eta erdi ahantzia zuten adinekoak izan ziren, etsi-etsian, berriemaile; horren adibide da Txulapain hegoaldean, Ezkabarteko dermioaren mugan, euskarari doi-doia eutsi zion Untzuko Bernardina Latasa Gindano (1893-1991), Joxemari Satrustegik elkarrizketatua. Garrantzitsuagoa izan zen, dudarik ez, euskaraz sikiera ongiska moldatzen ziren azken hiztunen ekarpena; Txulapain ekialdeko mintzoaren lekukotasuna Usi herrian 1890ean sortutako Urbana Aginaga Azkaratek eman zuen 1980an, hil baino bi urte lehenago. Hondar euskaldun zahar txulapaindarrak, nolanahi ere, Atetz eta Guliara begira dauden ibar iparraldeko herrixketan bizi izan ziren:

  • Artola eta Tellabideren esanetan 1980 inguruan oraindik dozena erdi bat euskaldun zeuzkan Beorburun, Esteban Garbisu Aranguren izan zen seguru asko euskarari eutsi zion azken biztanlea. Atezko Zigandara ezkondu den Garbisu, eta hantxe hil zen 1992an, 81 urte zituela. Hauxe izan zen, ausaz, Txulapainen euskaraz txukun mintzatzeko gai izan zen azken pertsona (izenean klik eginez gero Esteban bera entzun ahal izango duzue euskaraz; hemen, aldiz, hura hil ostean Mikel Belaskok Nafarkarian eskainitako artikulua dago, 4. orrialdean).
  • Beorbururekin mugakide den Otsakar herrixkan sortua zen Fermina Goldaraz Zubieta 1902an. Muga-hiztuntzat har daiteke Goldaraz anderea; Artolak ‘Euskaraz mintzatzeko larri xamar’ topatu zuen 1988an, haren ahotik Otsakarko euskara eta hainbat aditz bildu zituenean. Ultzamako Gerendiain herriko Ormitxa etxera ezkonduta, bertan hil zen Fermina 1993ko urrian, Iruñerriko euskal hizkeraren azken kondarrak XXI. mendearen atariraino eramanik.

 

N.B. Irakurlearentzat interesgarria izan daitekeelakoan, hona hemen Labrit Multimedia prestatzen ari den TNafarroako udalerriak Txulapainxulapaingo ondare ez-materialaren bilketaren aurrerapena. Gaztelaniaz ezinbestean (Etxalekun jaioak diren Miguel Astiz eta Micaela Aranoren lekukotasuna izan ezik), baina haranean hitz egin zen euskarari buruzko erreferentziarik baduena (ik. Ollakarizketako Felipe Subiza, sarrera honetan zehar aipatua, 1,49″-tik aurrera)

 

Juslapeña / Txulapain, pequeño municipio situado al norte de Pamplona, a apenas un puñado de kilómetros de Iruñea, fue junto con el antiguo valle de Gulina el último reducto del euskera en la Cuenca. Todo parece indicar que la transmisión natural de la lengua se resquebrajó en las postrimerías del siglo XIX y se interrumpió definitivamente en los albores del XX. Donde hace menos de 200 años los párrocos se valían de textos vascos adaptados por ellos mismos para hacer comprensibles los preceptos de la doctrina católica a sus feligreses frecuentemente monolingües, hace apenas 30 un puñado de personas se esforzaban por rescatar del olvido la mayor cantidad posible de palabras y flexiones del habla local antes de que esta desapareciera definitivamente, hecho que se materializó en la década de los 90 con el fallecimiento de los úlimos hablantes de Osácar o Beorburu.

 


Euskararen lekukoak: LEOTZ

Leotz mapa

Leozko udal-eremua eta inguruko herriak

Nafarroako udal-antolakuntza anitzaren baitan (haranak, zendeak, almiradioak) distriturik ere sortu zen XIX. mendean. Orbaibarrek administrazio-batasuna galdu eta hainbat zatitan banandu ostean. Leotz izan zen haietako bat. Udalerri zabala da (are zabalagoa 1976an Santsoain bereganatu zuenetik), baina ez jendetsua: 1850 inguruko 1250 biztanleen aldean, 250 eskas baino ez dira gaur egun Amatriain, Amunarrizketa, Artariain, Benegorri, Bezkiz, Iratxeta, Leotz, Makirriain, Olleta, Santsoain eta Uzkita herrixkek bildutakoak.

XiX. mendetik hona ez da populazioa leoztarrek galdutako gauza bakarra; beren euskalkiak ere alde egin zien, Erriberriko merinaldeko gainerako herri-ibarrei bezalaxe, Nafarroako erdialde guztia erdaldundu zuen olatu gaitzak eramanda. Historian zehar euskarak Leotzen izan duen indarra baino zailagoa da erakusten noiz desagertu ziren, isil-isilka, arbasoen hizkuntza jasotako azken leoztarrak. Ez du ematen XIX. mendean oso aurrera baino lehen izan zenik, dena den. Hona Leotzen euskaltasuna agerian jar dezakeen zenbait datu, haietako asko honakoan ere Fernando Maiora ikerleak bildurik:

1536. SANTSOAIN.  Miguel Aynes izeneko batek eta Maria Remiriz orisoaindarrak ostatu batean izandako elkarrizketaren lekuko izan zen Hernaut de Sansoain. Aynes Remirizen aurka deklaratzera deitu zuten herri hartara; halaxe esan zion Miguelek Mariari eta halaxe entzun zuen santsoaindarrak. Remirizek Aynesi bere kontra esateko zer zuen galdetuta, Aynesek isilka emandako erantzuna ez zuen Mariak batere gogoko izan. Primeran ulertu zuen Santsoaingoak emakumearen erantzuna: la dicha Maria Remiriz le dixo, que hera lo que abia de dezir contra ella y el dicho Miguel Aynes le dixo ciertas palabras callando queste deponente no las pudo oyr ny comprender y en deziendole aquellas oyo e comprendio que la dicha Maria Remiriz le dixo en bascuence que no dixese las palabras que alla le dixo por estas palabras,  ez ory herran

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, ohiko ortografia zarpaila erabiliz, bascongadotzat jo zituzten amunarrizqta, iracheta, leoz, vezqta, olleta, bezquiz, banegorry, sansoayn edota sansomayn. Hain sarri aipatu ohi dudan zerrenda osoa Manuel Lekuonak ezagutarazi zuen 1933an RIEV aldizkarian.

santsoain

Leozko Santsoain. Urraulbeitin ere bada izen bereko herrixka bat.

1588. ARTARIAIN. Graciosa Espartza eta Maria Ezpeleta artariaindarrak elkarri agirika aritu ziren behin batez, lehenak bigarrenari atzetik zebilkiola leporatu ostean. Berotzen hasi eta apezgoytia deitu zion Espartzak Ezpeletari; irain gordina zen hura, Ezpeletaren ahaldunak adierazi legez: le dixo la acusante, que mi parte hera una apezgoytia, que quiere dezir, que a sido desonrrada de clerigos…

1594 SANTSOAIN. Harrika hil omen zuten Joana Oses santsoaindarra; hainbat lekukok deklaratu zuten gertakariek eragindako prozesuan. Joana heriotzeko puntuan hartu zuen Miguel Zabaltza bikarioaren esanetan, Jesus, otoy, otoy eta antzeko hitzak esan zituen behin baino gehiagotan emakumeak bere azken orduan. Guillen izeneko frantziar bat jo zuten erruduntzat; herritarren ustez euskaraz asko ulertzen zuen hark. Catalina Etxaguek deklaratu zuenez Joana hil zen egunean Catalina Idoi izeneko batek Guillen etortzen ikusi eta honela esan zion: Jesus, Guillen, seyn descolorituric elduçaren. Handik lasterrera Graziana zeritzon Joanaren alabetako bat iritsi zen frantziarra zegoen lekura, mantalean harri zenbait ekarrita. Negar batean zetorren, Guilleni ay traydorea, ay traydoria, amary ylde datorquet esanez: frantziarrari harrika egiten uztearren baztertu zitezela eskatu zien Etxagueri eta gainerako lekukoei.

Uzkita2

Uzkita, Leotz iparraldeko azken herria. Bidean aurrera Ezporogi, Leotz baino are hustuago.

1634. UZKITA. Herrikoek zerabilten hizkuntzaren adierazgarri, hona nola izendatu zuen Uzkitako bat Andres Larrasoaña barasoaindarrak: se acuerda este testigo como el dicho Alcalde le dixo que para hazer y cortar dichas dos cargas de chaparros tenia licencia del quejante y que tambien puede haber un año de tiempo que Salvador dicho Uzquitarra

1653. IRIBERRI. Hirurogei urteko Fernando de Balenciak 11 zeramatzan Iriberriko jauregian, jabearen lurrak errentan emateaz arduraturik. Ez zuen han bizitzeko gaztelaniarik behar, antza; zin egin eta galdera batzuei erantzun ondoren, euskaraz azaldu zion Balenciari hartutako deklarazioa Juan de Vallarin notariak.

1701. IRIBERRI. Iratxetako abade ere bazen Juan Gimenezek euskara erabili zuen herritarrei jakinanarazi beharreko legezko abisu bat denek uler zezaten: publique el dicho edicto retroescrito en lengua ynteligible a todos los que concurrieron a oir la misa popular…

XVIII. mendea. Nafarroako auzitegietatik ateratako datuen irakurketa hutsak nekez bermatuko luke mende hartan Leotz inguruan euskara izan ere bazenik. Elizbarrutiko nahiz Erresumako komisari erdaldunek euskara zela eta eragindako auzi luzeetan eta haietan erabilitako argudioetan ez zuten Orbaibar ingurua aipatu ere egin. Ez zegoen komisarion ustez eremu haren erdal izatea frogatu beharrik. Hobeto esanda, ez zegoen frogatu beharrik orbaibartarrek gaztelania ere bazekitela; ez da gauza bera.

Horrela, Eliz Auzitegian 1744 eta 1765 bitartean datu-biltzaile aritutako komisari euskaldun eta erdaldunen lan-eremuak banatuz idatziriko Libro de Repartimientos delakoan, Erriberriko merinaldeko herri bakar bat ere ez zen euskalduntzat hartu. 1767an, orobat, auzitegi zibiletako komisari erdaldunek Nafarroako erdialdeko eremu batean gaztelania sartua zela eta aurrerantzean haiek herri horietan ere lan egiteko gai zirela aldarrikatu zutenean, Ibargoiti izan zen haien aldarrikapenaren muga. Muga horretatik haraindi zeuden hegoalderagoko ibarrak (Orbaibar, esaterako) kontuan ere ez zituzten hartu, gaztelaniari haietan erabat nagusi iritzita.

Amunarrizqueta

Amunarrizketako San Bartolome. Erabat hutsik ez gelditzeko borrokan dabilen herria, beste hainbat bezala.

Beste hainbat datu objektibok salatzen dute, ordea, ez zela hori errealitatea; bazela arrunt gune euskaldunik auzitegiek iradokitako mugetatik at. Ez digu gaur arte Leotzek XVI. mendekoak bezain argia den XVIII. mendeko lekukotasunik utzi (bai, aldiz, mendebaldean mugakide duen Oloritzek), baina bada kontuan hartzea merezi duen daturik: Amunarrizketan, esaterako, Artaxoa eta Puiuko abadeak izan zituzten XVIII. mende erdialdean; aski ezaguna da bi herriok euskaldunak izan zirela gizaldi hartan guztian zehar. 1772an Zangozako erdalduna heldu zen herrira eta euskaraz ez jakitea trabagarri gertatu zitzaion.

XIX. mendea: leoztarren euskara, gainbehera

XVIII. mendean biztanle asko ezagutzen hasitako gaztelania hura bera hasi zen XIX.ean euskara haranean zehar zokoratzen. Bonapartek begirada Nafarroan pausatu zuen urteetan guztiz ahulduta egongo zen Leozko mintzoa, eta horregatik beharbada behin baino gehiagotan aldatu zuen ikerle handiak bailarako euskararen bizitasunari buruz zuen ustea. Hona hemen printzeari esker ezagutzen ditugun hainbat albiste:

Iberia 1856

‘La Iberia’ aldizkariaren 1856ko ale berean dira Palarearen izendapenari eta Bonaparteren bidaia-amaierari buruzko albisteak

1856. Abuztuan Jose María Palarea bihurtu zen Nafarroako gobernadore. Lan hura azarora arte besterik bete ez bazuen ere, hilabete haietan bertan ibili zen estreinako aldiz Nafarroan Luis Luziano Bonaparte eta ez da harritzekoa gobernadorea printzearen albiste emaile bihurtu izana: Palareari, nonbait, Orbaibarren eta Ezporogi-Aiesa aldean euskaraz egiten zutela esan zioten, eta horixe jakinarazi zion berak euskalariari.

1858. Jose Antonio Uriarte bizkaitarrak Bonaparteri urtarrilaren 25eko eskutitzean aditzera eman zionez, euskalduna zen oraindik Leotz ingurua: Leoz que dista tres leguas de Tafalla no es distrito sino un lugar pequeño del valle de Orba è Ylzarbe en Navarra. El bascuence que en este valle de Orba se habla es idéntico al del valle Anue y Ulzama pero mas castellanizado. Seguruenik Palarearen eta Uriarteren albisteek erabat konbentzituko zuten Bonaparte. Deigarria da ordea Uriartek Leotz Izarbeibarren kokatzea. Ez dakit nondik jaso zituen datuak Arrigorriagan jaiotako idazleak.

Uri 1858

Leozko aipamena dakarren Uriarteren 1858ko gutun-zatia. Klik eginez kontsulta daiteke (07. blokea, 100. irudia)

1862-64. Aurreko albisteen eraginez ziur aski, 1862rako Bonaparte printzea sinetsita zegoen Orbaibar eta Ezporogi zirela euskararen eremuaren hego-muturrak. Horrela adierazi zion Etxenikeri 1862ko urtarrileko gutun batean. Lehentasun bihurtu zen handik harat printzearentzat inguru hartako doktrina-itzulpena eskuratzea, eta hala jakinarazi zion urdazubiarrari.

Badirudi, ordea, Etxenikek Orbaibarrez bidalitako albisteak ez zirela aurrez Bonapartek jasotakoak bezain baikorrak izan. 1863ko apirilean honela erantzun zion printzeak Urdazubikoaren gutun bati: erabat zuzen zaude Barasoainen eta Untzuen euskararik egiten ez dela diozunean. Baina horrek ez du esan nahi Orbaibarko gainerako herrietan hitz egiten ez denik. Amunarrizketa, Artariain, Bezkiz, Sansomain, Benegorri, Makirriain, Amatriain, Olleta, Iriberri. Uzkita, Leotz eta Iratxeta aipatu zituen Bonapartek jarraian: denak zitzaizkion egoki eskuratu nahi zuen katiximarako. Aitortu ere egin zuen, hala ere, ez zekiela oraindik ezer Tafalla inguruko euskara hartaz. Je ne connais absolument rien de ce basque (…) Tout ce qui se rapporte à ce dialecte de Orba a pour moi le plus grand interêt.

Etxenikeren ondorengo berriek ez zuten printzearen albiste-egarria ase ahal izan: uztailean temati zirauen Bonapartek: Orbaibarko euskarari dagokionez, kostatzen zait sinestea haran guztian itzali denik. Ziurtatzeko oso garrantzitsu iritzi zion Leotzen bertan euskara bizirik zegoen jakiteari, herri hark izan zuelako nonbait betidanik Orbaibarren zehar euskaldun izatearen ospea. Leozko euskara itzali zela ziurtasunez jakin artean Bonapartek ez zuen onartuko hizkuntza Erriberriko merinalde osoan desagertu zenik. Abuztu hartan beste eskutitz batean azpimarratu zion printzeak Etxenikeri zein beharrezko sentitzen zuen Leozko doktrina, zoritxarrez (harentzat, eta guretzat ere bai) sekula eskuratzerik izan ez zuena. Lehentasuna zen Orbaibar euskalari handiarentzat. Bereak dira hitzak (Etxenikeri, berriro ere): egoki baderitzozu inguru hartara norbait bidaltzea katixima itzul dezakeen pertsona topatzearren (dela apaiza edo dela maisua), arren, gastatu beharrekoak ez zaitzala zalantzan jarri, nire eskumenean dagoen edozer egiteko prest bainago.

Bonaparte Orbaibar

Leotz inguruko mugak Bonaparteren mapan. Egin klik mapa deskargatu eta irudia gertutik ikusteko.

1864ko urtarril hasieran berriro idatzi zion Bonapartek Etxenikeri. Orbaibarko euskarari buruzko albiste eza zuen kezkarik handienetako bat. Hilabete hartan bertan Etxenikek bidalitako datuekin konbentzitu zen azkenik euskara itzalia zela Leoz ekialdean dagoen Ezporogi bailaran, eta Orbaibarren ere galdutzat eman zuela ematen du; ordutik aurrera Agoitz jo zuen katiximarako jomuga (nahiz eta beranduago Agoitzi zegokionez ere etsi behar izan).

Hortxe amaitu ziren Bonapartek Leotz inguruari Etxenikerentzako gutunetan eskainitakoak. Hala ere, ez zuen azkenean erabat desagertutzat jo hango euskara, eta ondorengo urteetako albisteek aldatu egin zuten nonbait, neurri batean bederen, 1864ko ikuspegi ezkorra. Euskalkien mapa handian Leozko lau herri sartu zituen printzeak euskararen eremu barrenean: Iratxeta, Iriberri, Amunarrizketa eta Artariain. Iratxeta eta Leotz artean ezarri zuen hegoaldeko goi-nafarreraren muga.

Olleta La  Asuncion errom XII

Olletako eliza erromanikoa, gaur egun

1884an muga berbera adierazi zuen Kanpionek, baina Bonaparteren datuak kopiatu besterik ez zuen egin, bere uztako eguneratzerik gehitu gabe. Guztiz iraungia ote zen ordurako leoztarren mintzo zaharra Bonapartek adierazitako herrietan ere? Erabateko ziurtasuna zalantzan jartzeko moduko oihartzun apalak bildu ditu azken urteotan Fernando Maiora artaxoarrak: 1819an jaio eta 1901ean hildako Ignacia Dusaren eskutik dator bat. Iruñean sorturiko emakume euskaldun hau Tafallara ezkondu zen, eta ondorengoek jaso dutenez euskaraz egiten omen zuen hiriko azokan Orbaibartik jaitsitako nekazariekin. Leoztarrik ote haien artean? Aipatzekoa da, halaber, XXI. mende hasieran bertan ba omen dela Olletan arbasoei ikasitako euskarazko Aste Santuko abesti arrastorik gogoan duen biztanlerik.

Iluna da oraindik Leozko (eta Orbaibar osoko) euskararen desagerpen-data; baina argi eta garbi esan daiteke mendebaletik bizilagun izan zuen Izarbeibarko mintzoa ez zela XX. mendera arte itzali. Beste horrenbeste esan beharko al litzateke hain isil, hain Leotzezezagun alde egin zuen Leozkoaz?

El distrito de Leoz, municipio situado en el extremo septentrional de la Merindad de Olite, fue perdiendo rápidamente el euskera que le era propio -como tantos otras comarcas- a lo largo del convulso siglo XIX, aunque no es descartable que los últimos restos del habla valdorbesa en la que se expresaron los leoztarras se conservaran hasta más allá de 1900. A diferencia de aquel euskera, irrecuperable hoy día, las noticias y testimonios que dan fe de la lengua mediante la que se vertebraron las generaciones que han hecho de Leoz lo que es en la actualidad van aflorando lentamente pero sin pausa. Esos testimonios dan cuenta de que hasta el siglo XVIII el lenguaje presente aún hoy en la mayoría de los montes, terrenos y lugares de la comarca fue el único que comprendían muchos de los que los poblaron. Las buscas y rebuscas del príncipe Bonaparte alrededor de 1860 en su empeño por disponer de materiales esctitos en el habla de Leoz ofrecen luz, no siempre nítida pero en cualquier caso de gran interés, sobre el momento en el que los habitantes de Iratxeta, Amunarrizketa o Artariain, entre otros, estaban perdiendo la lengua vasca que pocas décadas atrás había sido aún insustituible.


Euskararen lekukoak: LIZOAINIBAR

Lizoainibar Mendiorotz

Mendiorotz (Lizoainibar)

Lizoain ibarra Agoitz mendebaldeko hainbat herrixkak osatu zuten gerraostera arte. Honako hauek ziren, iparraldetik hegoalderantz goazela: Leiun, Laboa, Mendiorotz, Ozkariz, Redin, Janariz, Urotz, Lizoain, Ieltz, Beortegi eta Lerruz. Azken bi hauek Urrotz herritik oso gertu daude. Leiunek eta Laboak, aldiz, bertatik bertara dute Arriasgoiti bailara, 1943tik aurrera Lizoainibarrera bildutakoa. Arriasgoitik luzexeago eutsi zion euskarari Lizoainek baino, belaunaldi batez-edo beharbada. Horrenbestez, Lizoaingo herriak besterik ez ditut hemen aipatuko, eta beste baterako utziko ditut Arriasgoitikoak.

Ez dira gutxi XVI. eta XVII. mendeetan zehar lizoainibartarrak euskaldun hutsak izan ohi zirela frogatzen duten lekukotasunak. Asko eta asko Urrozko eta Agoizko notario-protokoloetatik atera dira, eta beste sarrera batzuetan ere aipatu dudan Xabier Itulain ikertzailearen ahalegin sendoak ekarri ditu argitara. Hari esker ezagutu ditut hemen azaldutako hainbat, eta hemen ongi esandakoak ere berari zor dizkiot horrenbestez.

Lizoainbar Lerruz

Lerruzko Ortubia etxeko atea

1554. LERRUZ. Urrizelkin bizi zen Simon de Lerruz jostunaren inguruko prozesu batean honako hau irakur daiteke: en este año mencionado y por tales los criaron, alimentaron, trataron, y nombraron en su casa, llamandoles hijos e hija y ellos padre y madre, en bascuençe su propio lenguaje aytaama.

1574. LIZOAIN. Eskribauak agindu baten edukia jakinarazi behar izan zien Lizoaingo hainbat biztanleri (Martin Ochoa, Sancho Ascunce, Garcia Apeztegui, Pedro Elcoaz, Juan de Arbonies, Beltran Zolina eta beste zenbaiti), a los quoales les di a entender en bascuence leyendoles desde el principio asta el fin. 

1574. MENDIOROTZ. Garcia de Zabalza errege-eskribauak euskaraz jakinarazi zien, ezinbestean, epai baten edukia lau laguni. Haietako bat, Martin de Yriart,  Mendiorotzen bizi zen. Beste hirurak, aldiz, Olaberriko longidarrak ziren:  Miguel Ozcoidi, Maria de Olaberri eta Catelina de Olaberri.

1576. LERRUZ. Sancho de Iturbideren eta gainerako lerruztarren arteko auziaren epaia gaztelaniaz irakurri zien eskribauak batari eta besteei. Ohi bezala, ez zen aski izan: les di a entender en bascuence ques su lengua comun de berbo a berbum todo lo contenido. Bistakoa da zein garrantzitsua zen euskara inguru hartan notario-egitekoa betetzeko.

Lizoainibar Lizoain

Agoiztik 11 kmra dago Lizoain herria

1577. LIZOAIN. Ondorengo lekukotasunean ikus daitekeenaren arabera ez ziren eskribauak ibarreko jendearekin harremanetan jartzeko euskara ezinbesteko zuten bakarrak. Hitzak Martin de Urroz eskribauarenak dira:  en el lugar de Liçoayn y en la plaça y lugar donde semejantes autos y publicaciones como el ynfrascrito se acostumbran azer por mi presencia, Andres Lassa nuncio del regimiento de la dicha villa leyo e publico a altas e ynteligible voz todo lo contenido en esta probicion dando entender en bascuençe lo en ella [contenido].

1587. Espero bezala, bascongadotzat   jo zuen bailara osoa Gasteizko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendak.

1592. OZKARIZ. Herrietan aginte-lana betetzeak ez zuen gaztelaniaz jakitea esan nahi. Miguel Dominguet zen 1592an arduradun Ozkarizko kontzejuan. Vicente Sada notarioak euskaraz azaldu behar izan zien epai baten edukia bai Dominguet berari, baita beste dozena erdi bat ozkariztarri ere, gizonezko zein emakumezko. Miguel Muru, Martin Janariz, Sancho Zunzarren eta Juana de Agorreta ziren haietako batzuk.

1597. LEIUN. Sancho de Agorreta zen Leiungo jauregiaren jabea. Ez zekien gaztelaniarik eta euskaraz egin zioten, halabeharrez, galdeketa bat: respondyo despues que se le dio a entender en bascoençe. 

Lizoainibar - Leiun jauregia

Leiungo jauregia

1611. LABOA / LEIUN. Iloz herriko Pedro Zazpe izan zen lekuko urte hartako prozesu batean. Hari esker dakigu Laboako jauregiak jabe euskaldunak zituela: bai Esteban Torres (1611 aurretik hildakoa) eta baita Estebanen bilobarekin ezkondutako Maria Erro ere. Iturri berari esker dakigu, bestalde, Esteban jaunak euskaraz esan omen ziola egun batez Leiungo Garcia de Ilundain izeneko bati, entzule askoren aurrean, Leiungoen aurkako zerbait aurkitu zuela, eta lehenbailehen konpondu beharreko auzia zela.

1677. REDIN. Redintarrek, batzarrean auzotar gehienak bilduta -hirutik bi baino gehiago-, Pascual Oscariz izendatu zuten herriko errejidore. Euskararen beharra izan zuen berriro izendapena idatziz jaso zuen eskribauak: nombraron a Pasqual de Oscariz vecino y rejidor del dicho lugar por no auer diputado para efecto de que asista al dicho y comisario al apeo que de los vecinos y casas que ay en el dicho lugar se ha de hacer y para acer aquel al dicho rejidor y a don Miguel Luis de Redin, abad del dicho lugar, ley y les informe y di a entender en su lengua bascongada el contenimiento de la dicha comision.

1684. IELTZ. Honofre de Sada notarioak eskritura baten edukia jakinarazi behar Leon de Jaureguiberri eta Catalina Lopez senar-emazte ielztarrei, eta emaztearekin behintzat euskara erabili zuen agiriak zioena barnera zezan. Horrela eginik, ados eta konforme utzi zuen eskribauak Catalina Lopez, ordura arte ez baitzuen hark dokumentuak zer zioen ulertu ahal izan.

1717. BEORTEGI. Juan de Beamontt izeneko nekazari beortegiarra deitu zuten urte hartako prozesu batean lekuko izan zedin. Beste hainbatetan bezala, agiri ofizial bat gaztelaniaz irakurtzea lekukoak ulertzeko aski ez izanik, erdarazko testuaren nondik norakoa azaldu beharra egon zen; en lengua bascuenze que es la edioma que usa y acostumbra ablar el testigo.

Lizoainibar Ozkariz

Ozkarizko eliza

1778. Iruñeko Elizbarrutiko komisari erdaldunek (Vicente de Latorre buru zutela) eta euskaldunek (Juan Francisco Vidaurre jaiztarraren bidez) izandako auzi luzean, Nafarroako eskualde zabal bat legearen aurrean bascongado izateari utzi eta ordutik aurrera erdalduntzat jotzeko eskatu zuten Latorreren aldeko erdaldunek. Beste era batera esanda: eremu horren euskaltasuna ukatu gabe, bertakoek (edo bertako askok) ordurako gaztelaniaz ere hainbestean bazekitela eta ibarrean eskribau erdaldunek ere lan egin zezaketela onartzea ekarriko zuen horrek. Lizoainibar markatutako eremu horren barrenean zegoen. Vidaurrerekin bat egindako komisari euskaldunek Nicolas de Algarra eskribauaren lekukotasuna aurkeztu zuten Latorreren argudioari kontra egiteko. Gertutik ezagutzen zituen Algarrak komisari erdaldunek seinalatutako eskualde hartako herri asko. 90etik gora aipatu zituen, eta Lizoainibarko bat ere bai: Beortegi. Garai hartako egoerari buruzko informazio baliotsua dakarte bere hitzek. Algarrak ezagutzen zituen herrietan he hallado que los señores eclesiásticos, escribanos reales, médicos, cirujanos, boticarios, albéitares, herreros, ministros de la real renta, estudiantes, algunos arrieros trajineros o gente navegante saben y parlan el idioma castellano y por lo común los demás la lengua vascongada que es la más usada y corriente. Y siempre que he examinado algún testigo de la gente común fuera de los arriba citados ha sido en el vascuence, porque aunque entienden parte del castellano no se acomodan sino en el curso del vascuence, pidiéndome les explique las diligencias en dicha lengua. Y en los pueblos referidos, cuando he llegado a oir la misa popular de los festivos, he visto que los párrocos, al tiempo del ofertorio, las plegarias, sermones o pláticas doctrinales, las han explicado en vascuence como más común y comprensivo a todos.

1797. OZKARIZ. Arestian esandakoaren indargarri, 65 urteko Felipe Martinez laborariak ez omen zekien gaztelaniaz. Egiten ari zitzaizkion galderen eta emandako erantzunen irakurketa hari eginik, euskara behar izan zuen (su idioma bascongado) esaten ari zitzaizkiona egia zela ziurtatu ahal izateko.

Lizoainibar mapa

Lizoainibar ingurua Bonaparte printzearen mapan. Beortegi-Laboa-Leiun lerroak mugatzen zuen euskararen bizitasun eremua.

1846. MENDIOROTZ. Arotxena  etxeko Antonio Gardek hilburukoa egin zuenean, herriko abadeak testamentua gaztelaniaz irakurri eta ondoren euskaraz azaldu zion Garderi irakurritakoa, oniritzia eman zezan.

1863. Bonaparteren mapan Lizoainibar osoa ageri da euskararen lurraldearen barrenean, baina hizkuntza galtzen hasia zela adieraziz: herri gehienak euskarak indartsu zirauen eskualdetik kanpo irudikatu zituen printzeak. Leiun, Laboa eta Beortegi izan ziren eskualde horretan utzi zituen bakarrak. Horren arabera, gutxiengo ziratekeen ordurako euskal hiztunak Lizoainibarko leku gehienetan. Zangozako merinalde osoan eremu ilunagoan ezarritako herri guztietatik, mapan hegoalderago zegoena Lizoaingo Beortegi da.

Lizoainibar Broca

Lizoainibar bitan banatu zuen Brocak bere mapan. Ieltz euskararen eremutik kanpo dago.

1875. Paul Broca mediku ezagunak prestatutako euskararen hedadurari buruzko mapan hizkuntzaren ezagutza-mugatik kanpo utzi zuen Lizoainibarko Ieltz herria. Euskararen muga, izan ere, Ieltz eta Urotz-Lerruz artean ezarri zuen ikerle frantziarrak. Brocak jasotako datuen arabera, hortaz, euskara eta gaztelania mintzo ziren ibar gehienean zehar baina galduta zegokeen euskara Lizoainibar sartaldean. Bonaparteren eta Brocaren mapak zeharo bat ez badatoz ere, 1875erako Lizoainibarko euskararen jarraipena etenda zegoela ulertu behar da, dauden datuen arabera.

1910. Lizoainibarrez ari zela, Julio Altadillek se habla vascuence y castellano adierazi zuen Nafarroako herriei eskaini zien Geografía General del País Vasco-Navarro bildumaren baitako liburukian. Bonapartek emandako datuak zuzenak izatera, galduta edo galtzear izango zen euskara Beortegi-Laboa-Leiun lerroaren hegoaldean. Urte haietan bertan, berak asko jota hamabost-edo zituela, 1894an jaiotako Faustino Campos orondriztarrak euskaraz entzun ahal izan zituen Beortegiko adinekoak, 1980ko hamarkadan Koldo Artola ikertzaileari jakinarazi zionez:

—Eta zu gazte zinelarik edo aski mutilkoxkorra zinelarik, Beortegin ere zaharren artean euskaldunik izanen zen, ez?

Bai (…) bai, bai… bai, guti, bai, pero bakarren bat, e? ya zarretaik (…) amabortz urte, lomas izein nituen nik, ta orduen, bakar zenbait zarretaik, bazen, baña guti…

Lizoainibar Beortegi

Beortegik XX. mendera arte eutsi zion euskarari

1941. BEORTEGI. Urte hartan hil zen Matias Ekisoain beortegitarra (1875-1941), Gizon honek euskara ulertu bai, baina gutxi hitz egiten omen zuen, nahiz eta emaztea (Benita Villanueva, Ilarrazko esteribartarra) inguru euskaldunago batean jaiotakoa izan. Litekeena da Matias Beortegin euskara pindar batzuk baino jaso ez zituen muga-belaunaldikoa izatea, eta azken euskaldun osoak ordurako desagertuak izatea. Nolanahi ere, ez askoz ere lehenago, ziurrenik. Urte berean beste euskaldun bat hil zen herrian (Fermina Urdaci) baina Artzibarko Azparrenen sortutako emakumea zen hura. Matias Ekisoainen berri Amaia Ekisoain birbilobaren bidez jakin dut.

Lizoainibar mapa2El pequeño valle navarro de Lizoáin, situado al oeste de Aoiz,  se extendió hacia el norte en 1943 al anexionársele el municipio de Arriasgoiti, donde la lengua vasca perduró durante un puñado de años más. Por ello no menciono en esta entrada del blog los lugares pertenecientes a Arriasgoiti y recojo simplemente una serie de testimonios que demuestran la vigencia y universalidad de la lengua vasca en el antiguo valle de Lizoáin hasta bien entrado el siglo XIX. Durante la 16ª y la 17ª centuria gran cantidad de testimonios demuestran el hecho de que lizoaindarras de toda condición y sexo no solían conocer otra lengua que la vasca. Todavía más allá de 1850 el euskera seguiría vivo en importantes sectores de algunas localidades, si bien por poco tiempo. Casi con total seguridad, el euskera de Lizoáin llegó en franco estado de regresión al siglo XX, para ir apagándose durante las primeras décadas de dicho siglo sin dejar apenas eco ni testimonios escritos, como tan frecuentemente ha ocurrido en Navarra.


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE (eta III): Bidankozeko euskararen apurrak

Bidankozeko euskarari eta euskaldunei buruz esandakoak bukatutzat emateko, hona hemen Alejandra Salvoch bidankoztarrak (1927) duela 80 urte Alejandra Calderero amonaren ezpainetatik ikasitako Gabon kantaren grabazioa, 2013ko azaroan berak niri esan bezala.

Jarraian, grabazioaren transkripzioa:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, ga[u]r kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzera.

Hiru aldiz esan dit Alejandrak gogoan duena, eta bitan grabatu diot. Bigarrena, txukunena, da sarrera honetan eskaini dudana. Ziurtasun handiz eman zuen denetan, eta ia aldaketarik gabe. Aldaketa horiek gorriz nabarmenduta daude: zazpigarren lerroko mellallandia ahaztu egin zuen lehendabiziko grabazioan, baina txertatu dudan audioan entzun daiteke. Amaierako gar eta adoratzea hitzak, bestalde, apurtxo bat aldatuta eman zituen estraineko saioan: lehendabizikoaren -u- pittin bat entzuten zen (ez guztiz garbi, hala ere), bigarrenean diptongoaren arrastorik ez badago ere; azken aditz izena, aldiz, bokal arteko dardarkari eta guzti eman zuen hasierako grabazioan, baina hura gabe bigarrenean, esango nuke.

Gutxienez bi kanta-zati ezberdinen nahasketa ematen du Alejandra Salvochek buruan duenak. Batetik, Eguberri bezpera arratsaldean ibarrean kantatu ohi zen ‘Gairon, Gairona’ izenekoaren hainbat bertsolerro antzeman daitezke. Ondoren datorrena Estornes Lasak 30eko hamarkadan jasoa da, Alejandrak ikasi zuen tenorean bertan, Bidankozeko bertsio berantiarrarekin antzekotasuna non duen gorriz markatuz. Ikus daitekeen bezala erdia-edo izango litzateke (ordena nahasian, hori bai) Salvoch andereak nola edo hala gorde duena:

Ai Mariá, 
Gairon gairona 
sortu da Jein ona 
natara bitate 
urtere bitate 
argizayiya, 
mirall andia 
zutarik mintzatzen da 
mundu guzian 
txand orok petik dakarte, 
gilzak eskian dakarte 
Paramuxko sagarra  
………………………………….. 
xagar kartarik xan dezala, 
Jeina, semia ta alaba, 
…………………………. 
dakiula balia 
ilioan ta bizian 
arimari ordia 
oilarra txuri mundutik 
aunguri ona zeuritik 
ogi ona ostiarako 
ardau ona kalitzarako 
ketan bietan konbertituk 
Jesukristo goretako 
ekusirik birtute 
kan dela 
graziaz beterik dakarte. 

Bestetik, Alejandraren jardunaren amaierak Erronkarin ez ezik Zuberoan ere kantatutako ‘Goazen’ak dakartza gogora; hasierako ahapaldia eta ezagunena, hain zuzen ere. Juan San Martinen arabera, diru eskean ibiltzeko erabili ohi ziren kanta hauek, baina Goazenak helduek abesten omen zituzten, eta Gairon Gairona, aldiz, haurrek. Ondoren datorrena San Martinek berak 60ko hamarkadan Uztarrozen bildutakoa da. Bidankozeko berriemaileak oso-osorik eman du, apur bat desitxuratuta bada ere:

Goa(t)zen aingurieki(n)
arkanxelieki(n)
gaur kantatzera,
gore Erregearen
Jeinko Semearen 
adoratzera

Alejandrak berak pena zuen, gaur arte gogoan gorde duena idatziz jartzen jakin ez eta azkenean bildu gabe galduko ote zen. Nahiz eta grabazioaren kalitatea nola-halakoa izan, eta lekukotasuna apala, esandakoagatik bakarrik merezi zuen nire ustez Bidankozen gordetako azken erronkariera kondar hauek biltzea.


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE (II): Bidankozeko gerraosteko euskaldunak

Duela aste batzuk idatzitako Bidankozeri buruzko lehendabiziko sarreran, euskarak Erronkariko herri horretan utzitako hainbat lekukotasun ezagun bildu nituen. Gerra Zibil inguruan eten nuen kontaketa. Izan ere, Irigaraik 1935ean Bidankoze euskararen muga-mugan irudikatu osteko albisterik ez da idatziz bildu; gehienez ere, 1939-41 bitartean Igaritik Erronkarirako errepidean lan egitera joandako Francoren presoek herrian euskaldunen bat topatu izanaren oihartuna aipatu izan da azken urteotan, baina xehetasunik eman gabe. Hortik aurrera, euskara Bidankozen isil-isila itzali zela besterik ez nekien, hainbat tokitan bezala, diktadurapeko urte ilun haietan.

Bidankoze vista general

Bidankoze, aspalditxoko irudi batean

Hori horrela, gaur blogean Bidankozeko euskarari buruzko bigarren sarrera zabal hau agertu ahal izatea bidankoztarren beraien laguntzari eskertu beharra dago. Gotzon Pérez Artutx eta Dabid Lalana Salbotxi lehendabizi, haien interes, bilaketa, ohar eta aholkuek hurbildu nautelako elkarrizketatu ahal izan ditudan berriemaileengana. Mila esker bioi! Eta berriemaile horiei bigarrenik, erronkarierari eutsi zioten azken arbaso bidankoztar horietako batzuk gaur arte gogoan izateagatik eta zekitena nirekin elkarbanatzeko agertu duten borondate eta pazientziagatik. Bidankozeko euskararen katea erabat eten ez bada, haien meritua da.

Bidankozarte

Bidankozarte aldizkaria

Bidankozeko 70-90 bat urteko hamabost lagun izan ditut berriemaile. Zuzenean erantzun didate ia denek, eta seme-alaben bidez oso adinekoren batek. Guztira dozena batek-edo gogoratzen zuen jasotzeko moduko informaziorik, eta albiste batzuk iturri ezberdinek berrestea ere gertatu izan da horrenbestez. Den-denon laguntza eskertuz, jakingarri zehatzak eman ahal izan dizkidatenak bakarrik bildu ditut zerrenda honetan. Haien izena agertzerik nahi ez zutelako eman ditut biren inizial hutsak.

BERRIEMAILEAK:

  • A.J., (1931).
  • Alejandra Salvoch  (1927).
  • Dolores Urzainqui (D.U) (1944).
  • E.J., (1922).
  • Engracia Mainz (1931).
  • Evaristo Urzainqui (1931).
  • Fermina Artuch (F.A.) (1921).
  • Marcelino Pasquel (1932).  
  • Porfirio Mainz (1923) [arrebaren bidez].
  • Severino Ornat (S.O.) (1931).
  • Teresa Hualde (T.H.) (1930).
  • Teodora Iriarte (T.I.) (1916) [alabaren bidez].

 

Bereziki eman nahi dizkiot eskerrak arestian aipatu Gotzon Pérez Artutxi, lan hau prestatzean eman didan laguntzagatik ez ezik, berak sortu eta sarean ezarri duen Bidankozarte aldizkariagatik ere; sarritan erabili dut aldizkaria dokumentatzeko (Bidankozeko etxeei dagokienez, esate baterako).

Aurrekariak: XX. mende hasierako euskararen gainbehera.

Bidankoze Clase de religion

Bidankozeko XX. mende hasierako eskola umeak erdaldun hazi ziren. (iturria: www.vidangoz.com)

Bonaparte printzeak bere mapa handia prestatu zuenean, euskarak indartsu zirauen eremuaren mugan utzi zuen Bidankoze, Garderekin batera, eta hegoaldeko Burgi ez bezala. Indartsu, itxuraz bakarrik. Osasuntsu, inola ere ez. Bidankozen gehiengoa zen euskaldun 1860ko hamarkadan, eta ordura arteko bidankoztarrek (ia) salbuespenik gabe gurasoen euskara jasoko zutela pentsa daiteke, baina urte haietan bertan hasi zen segur aski euskararen jarraipena eteten herriko etxe askotan. Agian Maule aldera espartin egitera joan beharrak lagunduko zuen beste puxka batez hondar neskato belaunaldi euskaldun samar bati eusten, baina 1880ko hamarkadarako euskararen jarraipena argi eta garbi pitzatu izanaren seinale ezaguna dugu: Mariano Mendigatxaren bilobak urte haietan jaio ziren, eta ez ziren euskaraz aritzeko gauza. Badakigu Mendigatxaren ondorengo belaunaldia euskalduna izan zela, eta Mariano aitak Ramona Ines alabarekin (1858-1933) euskaraz egin zezakeela -halaxe idatzi zion Mendigatxak Azkueri-, baina alferrik saiatu zen aitona bilobak euskalduntzen; Mendigatxak berak aitortu zion lekeitiarrari nekez ikasiko zutela gazte haiek inguruan ordurako entzuten ez zuten hizkuntza (1903). Joan den mendea hasi zenerako erdaldunak ziren beraz gazte bidankoztarrak, eta euskara arras apalduta edo zeharo desagertua bide zegoen herriko karriketan.

Ikerleek Bidankozeri buruz utzitako azken lekukotasun zuzena 1935ekoa da. Irigarairen ustez herriari bere sailkapeneko VII. multzoa zegokion, adineko gutxi batzuek besterik ez zekitelako euskaraz, eta adineko haiek ere ez omen zutelako erabiltzen. Kalean ez behintzat, ikusi dugun bezala dexente zaharragoa baitzen Bidankozeko euskararen desagerpen publikoa. Baina bazen oraindik euskaldunik, urte gutxi batzuk beranduago Igari eta Erronkari arteko errepidea egitera bidalitako preso euskaldun batzuek (1939-1941) Bidankozen euskaraz hitzen bat egiteko aukera izan omen baitzuten. Norekin, ordea?

Galbidean, baina ez erabat galduta.

1940 inguru hartan ia ikustezina zen nonbait Bidankozeko euskara azken hiztunekin lotura zuzena ez zuten herritarrendako. Hilzorian diren mintzoei gertatu ohi bezala, etxe barreneko oso une jakinetara zegoen mugatuta ia beti uskararen agerpena. Hizkuntza jendaurreko erabilera guztietatik aspaldian erauzirik, lasai-lasai gerta zekiokeen urte haietako haur bati bere inguruan euskara bazenik ere ez sentitzea, edota hainbat hamarkada beranduago, zahartzaroan, halakorik ez gogoratzea, oroimena behartu artean gutxienez: berriemaileren batek duda izpirik gabe erantzun dit hasieran bere gazte denboran ez zela Bidankozen euskaraz egiten. Gero, hizketari lotuta, xehetasun interesgarri bat edo beste kontatzeko gauza izan da. Baina lekuko horrentzat, abiapuntu gisa, euskararik ez zegoen bere haurtzaroko Bidankozen, hizkuntzaren ikusgarritasuna (are oraindik galdu ez zutenen artean ere) guztiz ahula zen seinale.

Bestelako bizipen batzuen ondorioz euskarari buruz argiago mintzatu ahal izan zaizkidanak, azken euskaldun horiekin bizi izan zirenak dira eskuarki, baten bat ondo-ondoan izan zutenak. Etxe barrenean ia beti, edo -oso noizbehinka- kaleko unean uneko hartu-eman pribatuetan. Bidankozeko zenbait familiatan gutxienez bazen oraindik adineko euskaldunik gerra bukatu ostean. Berriemaileei esker ezagutu ditudan etxeetako egoera azalduko dut ondoren.

Landarna

Bidankoze Landarna

Landarna etxea

Agirien arabera, 1646an zein 1677an Juan Landa izeneko jabea zuen Bidankozeko etxe honek. Aspaldikoa da, beraz. Etxe hartan bizi izan zen Petra Nicolasa Jimeno Sanz (1859-1939), Gerra Zibilarekin batera joandako andere bidankoztarra. Engracia Mainz bilobak eman dit amonaren berri. Nire berriemaileak 8 urte baino ez zituela hil zen Nicolasa eta, zoritxarrez, ez du gogoan hura sekula euskaraz hizketan entzun izana. Ez dut aurkitu Bidankozen Landarnako emakume hau aipatu didan beste inor, baina amonaren euskalduntasuna gauza ziurtzat du Engraciak, etxekoei behin eta berriz entzundako kontua baita. Hamarkada berean zendutako euskaldun gehiago ezagututa (Mendigatxaren alaba Ramona, esaterako) eta Irigarairen 1935eko azalpenak kontuan harturik, datua egiazkotzat jotzeko modukoa iruditzen zait, eta horregatik ekarri dut hona, eskuratutako argiena ez bada ere.

Maisterra

Bidankoze Maisterra

Maisterra

Aspaldikoa da Bidankozen Maisterra abizena: 1613ko dokumentu batean, adibidez, ageri da. Laurehun urte beranduago galdua da, baina izen bereko etxearen bitartez iraun du. Maisterrak berandu samarrera arte eutsi zion euskarari, gainera. Rosa Ramona Salvoch Hualde (1857-1940) da horren lekuko. Etxe bereko Casimiro Salvoch eta Pelaireko María Cruz Hualde ziren Ramonaren gurasoak. Beste bi alaba izan zituzten Casimirok eta María Cruzek: urtebeterekin hildako Paula Estefanía, eta Francisca Paula (1863). Azken hau ere euskalduna izango zen noski, baina ez dut herrian gogoratzen duenik aurkitu. Agian gazte hilko zen bera ere. Herriko adineko zenbaitek Tía Rosa esaten zioten haren euskalduntasuna, aldiz, zalantzarik gabe ziurtatu didate bi bilobak: 1921ean jaiotako Fermina Artuchek, eta urtebete gazteago den E.J.-k, biek entzun baitzuten amona euskaraz. Ferminak kontatu didanez, halaxe aritzen zen inguruko herriren batekoa zuen bizilagunarekin, eta baita Orontzen jaiotako Estefanía Hualderekin ere. Estefania Rosa baino hamabost urte gazteagoa zen, aitarik gabe geratu omen zen umetan, eta Bidankozera eraman zuen Rosak ahizpatzat harturik. Bere bizitzako azken urteetan euskaraz aritzen zitzaien tarteka Rosa Salvoch ezer ulertu gabe entzuten zioten bilobei ere.

Elizalde / La Santa

Bidankoze Lasanta

La Santa, gaur egun

Etxe berri samarra da La Santa, 1907an eraikia. Indiano etxea da gainera: Santiago Sanz bidankoztarrak Amerika aldera egin zuen eta baita joan baino aberastuago itzuli ere, 1905ean. Herriratu eta handik lasterrera etxe berria eraikitzeari ekin zion emaztearekin batera. Emaztea Severina Fuertes Larequi andere euskalduna zen (1865-1946), Xapateroko Domingo Fuertesen eta Elizalde etxeko María Santos Larequiren alaba, Elizalden bertan sortua eta hil, aldiz, aipatutako La Santan hil zena.

Gotzon Pérezi esker ezagutu nuen hiztun honen izena eta Severino Ornat biloba izan dut ondoren berriemaile nagusi. Aipatzekoa da Severinoren arreba Atanasiak ez duela amona zena euskaldun izatearen kontzientzia handirik, eta Atanasia Ornaten senarrak berak, aldiz, ziurtasun handiagoa agertu duela puntu horretan emazteak berak baino. Severino Ornatek, edonola ere, amonak euskaraz ongi hitz egiten zuela du gogoan, eta hura izan zela Igari-Bidankoze-Erronkari errepidea egiten ari ziren presoekin euskaraz mintzatu zenetako bat. Izango zuen horretarako aukerarik, preso haiek Bidankozen hutsik zeuden etxe batzuetan sartu baitzituzten, eta lantokira joateko plazatik pasatu behar zirelako, Severina Fuertesen etxe ondotik, alegia.

Bidankoze Fuertes

Vicenta Fuertes Maizterra (1883-1971) azken euskaldunen ondo-ondoko emakume bidankoztarra. Ez zen hiztun osoa, baina gauza asko gorde zituen. Iturria: www.vidangoz.com

Paskel

Arestian aipatutako Atanasia Ornaten senarra (Marcelino Pasquel) izan da etxe honi buruzko albiste interesgarri-interesgarriak eman dizkidan berriemailea. Etxeaz, eta baita bere amona euskaldunaz ere: Petra Atanasia Salvoch Elizalde andereaz (1856-1947). Emakume hau ez zen abizen bereko Rosa Salvochen senide hurbila, José Antonio Salvoch eta Francisca Elizalde bidankoztarren alaba baizik.

Petrak lau urterekin galdu zuen ama eta pare bat urte beranduago amona; aitona ezagutzera iritsi ere ez zen egin. Aita baino ez zitzaion gelditu, beraz, eta alargundu ostean atzera ezkondu zen, Burgiko Felicia Garaterekin. Felicia 1838an jaioa zen. Datu interesgarria da, Burgin euskara Bidankozen baino lehenago galdu zela jakinda. Petra haurtxoak euskarari eutsi bazion, etxean jaso zuelako izango zen seguruenik, eta hizkuntzaren jarraipenean amek duten garrantzia ezagututa, zaila gertatzen zait 1838an sortutako Felicia Garate burgiarra erdalduntzat jotzea.  José Antoniok eta Feliciak beste hiru seme-alaba izan zituzten; ez dut haiei buruzko albisterik.

Bidankoze Paskel

Paskel etxea

Badute bestelako ilungunerik Petra Salvochen lehendabiziko urteek: 10 zituenetik 20 bete arte ez omen zen Paskel etxean bizi izan (ez dago garbi neskame joanda edo zertara, ez eta Bidankozen bertan gelditu zen ala ez). Bistan da ez zuela haurtzaro eta gaztaro lasairik izan, eta hainbat tokitan ibili zela harat-honat. Azkenean Bidankozeko emagin bihurtu zen eta urte asko eman zituen lanbide hartan, Martina Ornatek lekukoa hartu arte. Herrikoek oso maite izan zuten Petra Salvoch emagina.

Euskaldun osotzat du Marcelino Pasquelek amona Petra, inolako zalantzarik gabe (‘Sabía muy bien’), eta bere euskalduntasunaren arrasto askotxo gorde ditu gogoan: Rosa Salvochez ari nintzela aipatu dudan Estefanía Hualde oronztarra eta bere amona hainbat aldiz entzun zituen euskaraz; Marcelinori berari eta etxeko gainerako haurrei ere euskaraz hitz egiten zien haserretzen zenean errietan emateko (‘para que no entendiéramos lo que decía’). Azkenik, ibarrera zerri zikiratzera Sakana aldeko zikiratzaile euskaldunak joaten zirelarik, haietako batekin amona bidankoztarra gustura asko aritzen zela euskaraz gogoratzen du Pasquel etxeko jaunak.

Ornat

Bidankoze Ornat

Ornat

Lehenagotik ere Bidankozeko euskararen historia txikian ongi jositako izena da hori: esate baterako, Ornaten jaio zen 1796an Mariano Mendigatxaren ama Melchora. Ez zen ordea ama-seme horiekin eten etxe hartako euskararen katea; lau berriemaile ezberdinek dute oraino gogoan hantxe sorturiko Juana Paula Ornat Pérez bidankoztar euskalduna (1864-1950), Francisco Ignacio Ornaten eta María Ignacia Pérezen alaba. María Ignacia Burgin sortu zen (1833), Petra Salvochen amaorde Felicia Garde bezala. 1830eko hamarkadan jaiotako burgiar batzuk behintzat euskaldunak izan zirela eta (Bidankoze euskaldunagoan gutxienez) euskara transmititu zutela susmatzeko arrazoirik badago.

Lau berriemaileetatik hiru Paula Ornaten bilobak dira (A.J., E.J. eta Alejandra Salvoch); laugarrena (Severino Ornat) Paularen anaia baten biloba. Laurek ezagutu zuten Garro etxera ezkondutako andere hura, denek jo dute inolako zalantzarik gabe euskalduntzat (‘aquella sabía bien’, A.J.) eta denek entzun zioten euskaraz hitz egiten. Alejandra Salvochek, adibidez, bere bi amonak ikusi ohi zituen etxean erronkarieraz hizketan: Paula bera, eta laster aipatuko dudan Alejandra Calderero. E.J.-k ez du ahaztu nola eskatzen zion gainerako bilobekin batera amona Paulari euskaraz kanta ziezaien: ‘Abuela, ¡cántenos en vasco!’; eta hark elizako kantak abesten zizkien. 80 urte beranduago, berriemaile honek ez du oraindik guztiz ahaztu Mendigatxak bildutako ‘Gairon, Gairona‘ abestiaren arrasto xume-xumeren bat, Paula Ornati entzunda ikasirik: Gaiun, gaiun eliza, sortu Jesus… Nazareneko eliza, sortu gaiuna… Severino Ornaten ustez Paula izan zen 1939-41 bitartean errepideko presoekin hitz egin zuenetako beste bat.

Calderero

Bidankoze Calderero

Calderero

Bidankozeko Calderero etxean jaio zen 1859an lehen aurkeztu dudan Severina Fuertesen senarra, Santiago Sanz, Amerika aldera joan eta aberats bueltatu zen hura. Ez dakit gizon hau emaztea bezala euskalduna izango zen ala ez, baina garbi dago bera baino beranduago etxe hartan jaiotako emakume euskaldun bat behintzat izan zela: Josefa Alejandra Calderero Sanz (1869-1952), Santiagoren iloba. Aita, José, Salamancako herrixka batean sorturiko karabineroa zen, baina Anxelmo etxeko Agustina Sanz bidankoztarrarekin ezkondu zen, emaztegaia haurdun -eta erditzear- zegoela. Ezkontza harekin batera Calderero izena hartu bide zuen ordura arte Anxelmo zen etxeak.

Aita erdalduna izanagatik, euskaldun hazi zen gurasoak ezkondu orduko jaiotako alaba hura. Alejandra Salvochen oroimenean iraun dute gaur arte bere amona zenak eta haren euskalduntasunak. Arestian esan bezala, berriemaile honi zor diot Alejandra Calderero eta Paula Ornat elkarrekin euskaraz aritzen zirela jakin izana. Gazteek ulertzerik nahi ez zutenean egiten omen zuten hori Alejandra Salvochen amona biek. Bada besterik, gainera. Oso begiko izan zuen Alejandra Caldererok izen bereko biloba, hainbat mutilen ostean jaiotako neska izateagatik agian. Hala, goxotasun bereziz hartu zuen bilobatxoa eta luze aritzen zitzaion honetaz eta hartaz kontu kontari. Gaztelaniazko kontuak izan ohi ziren haiek, bilobak ez baitzekien beste hizkuntzarik, baina haiekin batera, Alejandra Salvochek sei bat urte zituela, Gabon kanta luzea irakatsi zion Alejandra Calderero amonak. 86 urteko bilobak ez du erakutsitakoa edo horren zati bat behintzat ahantzi, eta zalantzarik agertu gabe behin eta berriz esateko gauza da:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, gar kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzea.

Ez dakit Bidankozen horrenbeste eman dezakeen beste inor geldituko den. Nik ez dut aurkitu.

Salbotx

Bidankoze Ciriaco Salvoch

Ciriaco Salvochek 100 urte bete zitueneko argazkia (2005)

Ehun urtez bizitzera iritsitako bidankoztar bat baino gehiago ikusi du herriak azken hamarkada hauetan. Horietako bat, Salbotx etxeko Ciriaco Salvoch Juanco, XX. mende hasieran jaio eta 103 urte betetzera heldu zena, dut oraingo honetan berriemaile. Zeharkakoa ezinbestean, 2009an hil baitzen; baina Ciriacoren oroitzapenei eta oroitzapen horiek ondorengoei kontatu izanari zor diet Martina Salvoch Salvoch (1870-1949) eta María Jacinta Salvoch Salvoch (1871-1952) ahizpa euskaldunen aditzea.

Ahizpa hauek Ciriacoren izebak ziren, Gabriel Salvoch aitaren arrebak. alegia. Gabriel, Martina eta Jacintaz landara beste zazpi seme-alaba izan zituzten 1831n Bidankozen jaiotako Froilán Salvoch eta 1842an sortutako Marcelina Salvoch gurasoek. Hamar guztira. Gabriel, adibidez, 1874an jaio zen, eta beste lau munduratu ziren ondoren. Berdin helduko al zitzaien hamarrei gurasoen euskara muga-urte haietan? Etengo al zen katea nonbait?

Ciriacoren izeba Martinak eta Jacintak bederen euskara jaso omen zuten etxean 1870eko hamarkadan. Urte luzez ezagutu zituen ilobak ziurtasun osoz kontatzen zuen, hainbat urte beranduago, bi ahizpak euskaraz mintzatzen zirela bata bestearekin aritzen zirenean. Horrela iritsi da albistea Ciriaco Salvochen biloba den Dabid Lalana Salbotxengana.

Lengorna

Bidankoze Lengorna berria

Bidankozen badira Lengorna Berria eta Lengorna Zaharra

Bidankozeko beste hainbat bezala (Landarna, Hualderna…), hau ere sinkoparen azpian -REN jatorri-atzizkia ageri duen –RNA amaieradun etxea da.

Proposatzen ari naizen Bidankozeko hondar euskaldunen zerrenda honetan orain arte emakumeak besterik agertu ez badira ere (Erronkarin ohi bezala), gizonezko baten izena aipatuko dut azkenik: Antonio Evaristo Urzainqui Salvochena hain zuzen (1872-1959). Gizonezko izate hutsak albistea susmopean jar lezake beharbada, baina datuak sinesgarria ematen du eta aldez aurretik baztertzeko arrazoi sendorik ez dut aurkitu. Horra bada gizon honi buruz esan dezakedana, izen bereko Evaristo Urzainqui bilobak kontatua.

Egun 82 urte dituen Evaristo bere aiton-amonekin hazi zen txiki-txikitandik, ez gurasoekin. Etxean zituen beraz eta erreferentzia ezin gertuagoa ziren beretzat. Aitona, esandako Antonio Evaristo zen. Amona ere aipatua dut aurretik: Estefania Hualde (1872-1949), Rosa Salvochek ahizpa bailitzan Bidankozera eramandako emakume oronztarra. Evaristo bilobak dioenez, 1930eko hamarkadan zehar, bera haurtxoa zelarik, aiton-amonak euskaraz mintzatzen ziren etxe barrenean haiek ziotena bilobak ulertzerik nahi ez zutenean (‘hablaban vasco, al menos cuando yo era pequeño’). Beranduago, berriemailea kozkortutakoan, hori egiteari utzi ziotela ematen du, edota bilobak gehiago entzun ez ziela gutxienez. Etxeko giroari zeharo lotutako euskararen erabilera izango zen hartara aiton-amonen artekoa, eta hori dela eta esplika liteke gainerako berriemaileek Evaristo aitona ezagututa ere euskaraz bazekien ala ez ezin ziurtatu izatea.

Heriotza dataren berankortasunak zalantzan jarraraz dezake beharbada Evaristoren euskaldun izatea. Are gehiago gizonezkoa zela jakinda eta emakumezkoak izan zirela oro har euskararen azken gordailu Erronkari osoan. Baina komunikazio kontestua (euskara etxe barrenera mugaturik, gazteagoek ez ulertzearren) ez da ezezaguna eta beste berriemaile batzuek ere bermatu dute. Jaiotza-datari dagokionez ere, azaldu ditudan aurreko hiztunen inguru-ingurukoa zen Evaristo. Bestalde, Orontzen jaiotako emaztea izateak zekienari eusten lagunduko zion agian, Orontzen euskara Bidankozen baino beranduagora arte gorde zelako eta emaztea, haurtzaroan, senarra bera baino euskaldunagoa izango zelako ausaz. Evaristo Urzainqui euskaldun oso izan zitekeela ukatzeko arrazoi pisuzkorik ez dut.  

Zenbait hausnarketa

Bidankoze ABUELO LENGORNA

Lengorna etxeko aitona (www.vidangoz.com)

1. Orain arte agertutako izen zerrenda ez da inola ere itxia, jakina. Aipatutako bidankoztar horiek guztiak euskaraz moldatzeko gauza izango zirelakoan nago (ezin inoiz guztiz segurutzat jo) baina ez dut uste 1940ko eta 50eko hamarkadetan Bidankozen ziren erronkariera hiztun bakarrak haiek izango zirenik. 1960az haratago bizi izandako euskaldun zahar osorik izan ez zela ziurtatzea ere, ezinezkoa iruditzen zait une honetan.

2. Berriemaileek adierazitakoaren arabera ohikoa zen Bidankozeko azken euskaldun edadetu haiek, gazte erdaldunik inguratzen ikusi orduko, euskarazko hizketa etetea edota entzulea uxatzea. Gotzon Pérezek ixilikonai eta aski duk jaso dizkie egungo bidankoztarrei: horixe zen hainbatetan orduko adinekoei entzuten zietena, haiek solasteari utzi edota gaztelaniara jo aurretik. Aski duk hori Marcelino Pasquelek gogoan duela ziurtatu ahal izan dut nik. A.J.-k esan didanez, gogoan du oraindik nola mozten zuten jarduna herriko zenbait amonak ixiládi esanez bera bezalako gazteak heltzean. Ixiládi hori bera ez ezik, naiko ere aipatu dit herritik duela 55 urte atera zen Teresa Hualdek. ‘Los despachaban para que no oyeran’, esan dit Mendigatxaren birbiloba den Porfirio Mainzen arrebak. Hondar hiztun haiengan lotsa, hizkuntza erabiltzeko halako beldurra edota euskara ezkuturako baino ez izatearen sentipena nahasten zirela ematen du. Euskara gauza egokia ez izatearena, antza.

3. Noiz eten zen guztiz euskararen jarraipena Bidankozen? Arestian aipatutako zerrendatik kanpo, ordurako euskaldun oso ez zirela susma daitekeen beste bidankoztar batzuk dituzte gogoan berriemaileek, aurrekoen garai beretsuan edo pittin bat beranduago jaioak, transmisioa (ia?) erabat hondatu zeneko unea iradoki dezaketenak: Fuertes etxeko Maximina Fuertes Maisterra, adibidez (1873-1947), muga-mugan omen zegoen: ‘sabía vasco’ (E.J.); ‘no sabía tanto’ (S.O.); ‘no sabía tanto, entendía todo’ (A.J.). Hamar urte beranduago jaiotako Vicenta Fuertes Maisterra (1883-1971) Maximinaren zaku berean sartu du E.J.-k, baina beste bi berriemaileek ahizpa nagusiak baino are gutxiago zekiela uste dute (‘sabía menos que la hermana’, A.J.). Nolanahi ere, euskaraz jakin, bazekien zerbait (‘sabía muchas palabras, canciones’, T.I.) eta oraindik ere Maximina eta biak euskara mezuak kodifikatu asmoz erabiltzeko gauza zirela ematen du (‘usaba con la hermana para que no entendiera el padre [T.I.-ren alabak]). Hala izanez gero datu esanguratsua da: Vicentaren hamarkada berean jaiotako Mendigatxaren bilobak ez ziren euskaldunak. Alferrik saiatu zen Mariano Mendigatxa haiek euskarara hurbiltzen. Euskararen galera etxearen arabera azkarragoa edo motelagoa izango zela, eta Bidankozeko euskararen belaunez belauneko transmisioaren erabateko etena Bonaparteren bidaiez geroztikakoa dela iradoki dezake orain arteko guztiak. Datu gehiago beharko lirateke, baina okerrenera jota ere ez dut uste 1880 baino askoz lehenago gertatu zenik. Nolako eragina izango zuen prozesu hartan Bigarren Karlistadak?

4. Aurrekoari loturik, oso-oso berandura arte bizi izan dira euskara pixar handi samarrak (gutxienez!) gordetako bidankoztarrak: Marcelino Pasquelen aita Félix Pasquel Salvochek (1891-1974) 1800 inguruko Martin Bixente Larranbe arbasoari buruzko bertsotxo bat kantatu ohi zien Marcelino eta honen anaia Crisantori. Felixek ez zuen seguru asko euskaraz ongi jakingo, baina bertsoaren esanahia semeei esplikatzeko gauza zen. Marcelinok honela du gogoan bertso-zati desitxuratu samarra: Martin Bixen Larranbe, noble persona, usande uri guti eta boruntate ona (‘…pero ni sabíamos lo que era…mi padre nos solía decir que era una persona que tenía mucha voluntad pero dinero nada; éste era el tatarabuelo…’, M.P.). Martina Ornatek ere (1896-1984, Ornat etxekoa) bazekien zerbait: ‘hablar corriente, no; pero entendería muchas cosas’ (S.O.); sarri askotan zerabilen lehen aipaturiko ixilikonai hura. Donata Jimenok (1891-1994, Garro etxean jaiota, eta Largotena etxera ezkonduta, Paula Ornaten alaba): ‘sabía contar’ (F.J.); ‘sabía muchas cosas’ (S.O.); Constancia Pérez Sanzek (1905-1999, Santxena etxekoa) hamar arte behintzat bazekien zenbatzen, eta biloba ikasten hasi zenean, galdetu egiten zizkion zenbakiak, ea ongi zekizkien (D.U.); lehen aipatu dudan legez, 1927an jaiotako Alejandra Salvochek buruz daki oraindik 1933 aldera-edo Alejandra Calderero amonak erakutsitako Gabon Kanta, eta itxuragabetu samar bada ere zalantzarik agertu gabe kantatzeko gauza da. Alejandra Salvochen ama zena, Fulgencia Jimeno Ornat, aski anekdota deigarri baten protagonista izan zen 1970eko hamarkadan: udalekua Bidankozen zuten Donostiako haur euskaldun batzuk jolasean ari ziren herriko plazan eta Fulgencia ikusirik iseka egin zioten euskaraz. Andere bidankoztarrak haien trufak entzun, eta euskara erabiliz egin omen zien aurre, eta errieta eman ere bai. Hau hala izatera, Donata Jimenoren ahizpa zen Fulgenciak bazekikeen euskarazko pixarren bat baino gehixeago.

Bidankoze Casa Calderero

Calderero etxeko famili argazkia (www.vidangoz.com)

5. 1940-50erako euskara zeharo desagertuta zegoen Bidankozeko bizitza publikotik. Lehenagotik ere bai noski; baina egungo berriemaileek gogora dezaketen bezain zaharra da kalean batere ez erabiltze hori. Horrekin batera badirudi, gainera, etxeetako bakoitzean euskara oraindik pittin bat gorde izanaren edo gorde ez izanaren araberakoa dela berriemaile berantiar hauek duten gogorapena eta iritzia. Arestian esan bezala baten batzuek argi eta garbi agertu dute hasierako iritzia: Bidankozen, haien gaztaroan, ez zen euskaraz hitz egiten; gero berriemaile hauetakoren bat zenbait gauza interesgarri kontatzeko gauza izan da, ordea. Baina 40-50eko hamarkadetan bizi izandako ‘en la calle absolutamente nadie’ horrek pisu handiagoa du haien pertzepzioan noizean behin adinekoren bati (ez bere etxean, nonbait) entzundakoak baino. Beste zenbait berriemailek, aldiz, euskara etxean entzun omen zutenek oro har, hizkuntza kalean agortua zela onartuta ere ez dute azentua hor jarri, eta bai, ordea, dituzten gogorapenetan eta azken hiztun haien nondik norakoan. Berriemaile hauek ez dute aurrekoek bezala ‘gure gaztaroan ez zen euskaraz egiten’ azpimarratu. Etxeetan izan zuten euskararen esperientzia apalak beste pertzepzio batera eraman dituela ematen du. Kalean ez zen egiten, baina etxeetan, ahul bazen ere, euskara oraindik hor zegoela azaldu dute.

6. Jasotako datuei begira, 1950eko hamarkadan Bidankozeko euskara taxuz eman zezaketen lekukoak oraindik bazirela ulertu behar da, nik uste. 1950ean grabagailua hartuta bertara joandako balizko ikerleak ez zukeen 1970ean Izabara joandakoak baino gutxiago bilduko, seguru asko. Herriko euskarak ordura arte behintzat azken hatsik eman ez zuela ematen du. Hondar hiztun osoak desagertu ostean ere, gainera, zenbait urtez iraun du ondorengo bidankoztarren oroimenean gaur ere guztiz iraungi ez den hitz, kanta, bertso nahiz esaldi mordoxkak. Itxuraz paradoxa dirudien zerbait lortu dute bidankoztar hauen oroitzapenek: aspaldi, XX. mende hasieran bertan, kalerako dagoeneko galdua zen euskararen katea ez da zeharo etetera iritsi Erronkariko txoko honetan.

Es de sobra sabido que el euskera roncalés se extinguió a lo largo del siglo XX, y que en las localidades más septentrionales del valle (Isaba, Uztarroz) los últimos conocedores de dicho euskera fallecieron entre las décadas de los 70 y los 90. Fueron por lo general personas que llegaron a ser entrevistadas e incluso grabadas y que pudieron contribuir con su testimonio a un mejor conocimiento de esta variedad hoy tristemente desaparecida. Sin embargo, es muy poco lo que sabemos acerca de los últimos poseedores del habla roncalesa en las poblaciones más meridionales del valle, donde el ‘uskara’ se apagó en silencio años antes que en las anteriormente mencionadas, sin recogerse prácticamente noticia alguna sobre los últimos que llegaron a hablarlo. Es el caso de Vidángoz. En esta entrada, gracias al testimonio de diferentes bidankoztarras que llegaron a convivir en su niñez o juventud con algunos de los últimos poseedores del euskera de la localidad, y gracias también a la ayuda de quienes me han facilitado el acceso a ellos, he intentado recuperar aunque sea en parte el recuerdo de aquella postrera generación que recibió la lengua de sus mayores y la mantuvo, relegada ya de toda presencia social, invisibilizada y abocada a un uso cada vez más privado y esporádico, hasta bien entrada la posguerra; cuando menos hasta la década de los 50, conservado por hombres y mujeres como Alejandra Calderero (1869-1952), Jacinta Salvoch (1871-1952) o Evaristo Urzainqui (1872-1959). Los últimos rescoldos de aquel dialecto propio que los actuales mayores de Vidangoz apenas intuyeron conviven hoy con los esfuerzos de las generaciones más jóvenes por dar nueva vitalidad al euskera que hasta hace no tanto vertebró a la villa y a sus gentes.

 


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE

Bidankoze3

Bidankoze

Erronkari hego-mendebaldeko herrixka ederra da Bidankoze. Bere txikian (400 biztanle ingurukoa antzina, ehunera iritsi ezindakoa egun) haraneko euskararen ikerketarako garrantzi handiko semeak eman zituen XIX. mendean zehar, bertako mintzoaren ezagutza hamarkada gutxitan kamustu eta ilundu aurretik. Bidankozarte bezalako buletinen bidez bere sustraiei eta ondareari eutsi nahi dien herri honetan, Nafarroako beste horrenbestetan bezalatsu, bada oraindik umetan azken euskaldun zaharrak ezagutu eta haien mintzoa entzuteko parada izan zuenik, nahiz eta 1935ean Aingeru Irigaraik azken hatsetik hurbil topatu Bidankozeko euskara. Ordura bitarteko albisteak dira sarrera honetan bildu ditudanak.

1560-1561. Urte haietan bi bidankoztarren aurkako auzi sonatu bat izan zen. Haietako bat, Graziana Beltza, sorgintzat jo eta haren kontrako epaia aditzera eman ziotenean, euskara erabili zuten agintariek, emakumeak ez baitzekien beste hizkuntzarik.

1587. Gasteizeko apaizgaitegiko herri nafarren  zerrendan, ‘bascongado’  multzoan sartu zuten Bidankoze.

1723. Herriko bi seme lehiatu ziren San Pedro parrokiaren ardura hartzeko: Miguel Hualde eta Pedro Esparz. Hualdek bidankoztarren boz gehiago lortu zituela ikusita, Esparzek irabazlearen ustezko hizkuntza-ezintasuna salatu zuen: [herrian] sólo se abla la lengua bascongada, especialmente por las mugeres y niños, que en lo regular no entienden otra, y es la que usan en el confesonario y esplicación de la Doctrina Christiana. Euskarari zegokionez, eta Esparzen esanetan, bere lehiakideak ni la entiende ni sabe hablarla. Ukatu egin zuen Hualdek hura dena: es hixo natural y nacido y criado en la villa asta que salió a estudios, y sabe con perfección la lengua vascongada. Argudio argia erabili zuen beraz: bidankoztar izate hutsa bere euskalduntasunaren frogagarri zen. Iruñera deitu zuten dena den Hualde euskara-azterketa egiteko, eta aski eskari esanguratsua egin zuen: aztertzaileak ongi ezagutu zezala Erronkariko hizkera. Izan ere, gaineratu zuen, la lengua bulgar que se abla en el valle de Roncal (…) es distinta en un todo a la que se abla en lengua bascongada en esta Ciudad y su çircunferencia. Azterketa egin zioten eta berretsi egin zuten eskuratutako parroki-lanerako.

1778. Ika-mika sonatua izan zuten Eliz Auzitegietako komisari datu-biltzaile euskaldun eta erdaldunek, azken hauen ustez Nafarroako herri asko ez baitziren ordurako bascongadoak (=euskaldun hutsak) eta erdara sartzen hasia izanik, komisari erdaldunek ere lekukoak elkarrizketatzeko eta lan egiteko egokiak iritzi zietelako. Ez zuten erdalduntzen hasiak (omen) ziren herrien zerrenda hartan Erronkarikorik aipatu. Isiltasun adierazgarria da, euskaraz ez bazen herri haietan galdeketa egitea alferrekoa zela onartzea baitzen.

Bidangoz Hualderen jaiotetxea

Prudentzio Hualde zenaren jaiotetxea

1823-1879. Urte haietan bizi izan zen Prudentzio Hualde apaiz bidankoztarra, Bonapartek eskaturik San Mateoren ebanjelioa eta Asteteren kristau-ikasbidea Erronkariko mintzora eraman zituena. Hualde izan zuen printzeak erronkarierarako itzultzaile nagusi, eta berari zor dizkiogu horrenbestez euskara hark utzi dizkigun testurik zabalenak.

1832. Mariano Mendigatxa, Hualderekin batera Bonapartek izandako bigarren laguntzaile erronkariar handia, urte hartan jaio zen. Blogean agertu berria denez ez naiz azalpen luzerik ematen hasiko, baina merezi du aipatzea Mendigatxaren belaunaldia Bidankozeko azken-aurreko belaunaldi euskalduna izan zela, itxura guztien arabera.

1858. Ramona Ines Mendigatxaren jaiotza-urtea. Gero azalduko dudan bezala, Mendigatxaren alaba euskalduna zen, eta ez zen salbuespena; 1855-1860 bitartean jaiotako euskaldun bidankoztar gehiagoren aditzea dut. Baina euskararen transmisioa urte haietatik aurrera-edo eten egin zela ematen du.

1863. Bonaparteren mapan kolore ilunez ageri da Bidankoze. Hegoalderago dagoen Burgin ez bezala, gehiengoaren hizkuntza zen oraindik euskara. Baina burgiarrak berak ari ziren erakusten luzaro gabe Bidankozen ere egitera zihoazen zoritxarreko bidea. Bidankozeko aditz laguntzailearen azalpen osoa, oparoa, goitik beherakoa, eman zuen Bonapartek; ez zuen Erronkariko beste inongo herritan hainbesteko xehetasunik bildu eta eman.

1880. Mendigatxak itzulirik, Arturo Kanpionen Orreaga baladaren erronkarierazko bertsioa agertu zen Revista Éuskara aldizkarian.

1890.  Azkuek Particularidades del dialecto roncalés izeneko lanean hainbat urte beranduago aitortu bezala, bere hiztegi famaturako datu bila aritu zenean (‘cuando hice mis buscas y rebuscas‘ idatzi zuen berak) Erronkariko lauzpabost herritan zerabilten oraindik euskara. Bidankoze zen herri horietako bat. Hiztegia 1905ean argitaratu zuen arren, bilaketa-lana XIX. mendeko azken hamarkadan egin zuen.

Bidankoze gaur egun

Bidankoze, gaur egun

1903. Hizkuntzaren transmisioa Bidankozen etenda zegoela agertzen dute Mendigatxak eskutitz batean Azkueri idatzitako hitzek. Mendigatxaren ilobek ez zekiten euskaraz. Alferrik saiatu zen aitona haiek euskaratzen, bera ere gogogabetzeraino, arrotz baitzekusaten gazteek ordurako kalean entzuten ez zuten hizkuntza. Honela azaldu zion hura guztia Mendigatxak adiskide bizkaitarrari: aski sentimentureki, erraitendaud, enazala trebe llober uskararen ikasaraztra, nola ezbaitei ñonere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, eztokei ikas ñolako guisan; calaz, enfadatruk, eitzidigú alte bat; errana badigu kemen, eztagola betik urrucha, makila eguiteko; niriré ganiua guenduzaitad. Euskararik batere jaso ez zuen lehendabiziko belaunaldia bide zen Mendigatxaren iloben hura: alabak euskaldunak ziren. 1903ko urrian bertan, Azkuek Bidankoze bisitatu eta hango euskara bertatik bertara entzun nahi zuela jakinik, Mendigatxak alaba eta biok mintzatuko zitzaizkiola erantzun zion bizkaitarrari; baina hori baino askoz hoberik ez zuela aurkituko herrian (nago ustetan alaba eta nitarik eskiten eztiona, eztiola eskiñen ñortarik irikontan). Aurrerago ikusiko den bezala, Ramona Ines alaba ez zen salbuespena. Urte haietako bidankoztar euskaldun gehiagoren aditzea badago.

1904. Azken sarreran aipatu nuen Elizbarrutiko Guía eclesiástica delakoan baietz erantzun zioten Bidankozen ¿Se habla vasco? galderari, Uztarrozen eta Izaban bezala. Heldu eta adinekoen hizkuntza izango zen ordea euskara, ez gazteena.

1918. Urte hartan hil zen Mariano Mendigatxa, quien al morir (idatzi zuen Azkuek urte batzuk beranduago) se llevó consigo el vascuence de su pueblo natal. Agian bera izan zen euskara ederki menderatu zuen azken bidankoztarra; ez noski azken euskalduna, ikusiko dugun moduan.

1922-25. 1855ean jaiotako Juliana Arriola andere bidankoztarra elkarrizketatu zuen Erizkizundi Irukoitzerako Aita Eusebio Etxalarkoak. Datu-bilduma galduta dago, tamalez. Baliteke andere honek Bidankozeko euskara neurri batean besterik ez menderatzea, baina ez litzateke harritzekoa izango euskaraz ederki jakitea ere, Mendigatxaren alaba euskaldunen belaunaldi berekoa izanik.   Nolanahi ere, 1925ean bertan hil zen, urriaren 4an.

1935. Irigaraik bere sailkapeneko VII. mailan ezarri zuen Bidankoze: euskara adineko gutxi batzuek bakarrik omen zekitela -dozena eskas batek-edo- baina ordurako erabili ere egiten ez zutela esan nahiko luke horrek.

Bidankoze-Igari 1939-1941

Bidankoze eta Igari arteko errepidean aritutako presoen omenez ezarritako plaka

1939. Urte amaieran, gerra bukatu eta handik hilabete gutxira, Francoren diktadurapean preso hartutako asko iritsi ziren Erronkari aldera Igari eta Bidankoze arteko errepidea egitera. Gatibu-lanak sortutako errepidea izan zen hura (1939-1941), Nafarroako beste batzuk bezala. Antza denez, zenbait preso euskaldunek Bidankozeko adineko batzuekin euskara erabiliz elkar ulertzeko aukera izan zuten. 

Prudentzio Hualde 1979

Prudentzio Hualderen heriotzaren mendeurrena Bidankozen ospatu zuteneko argazkia (1979)

La pequeña villa de Vidángoz tuvo en dos de sus hijos (Prudencio Hualde y Mariano Mendigacha, recientemente comentado en este blog) a dos de los más destacados colaboradores de los estudios vascos en el pirineo navarro. Antes que ellos, incontables generaciones hablaron en la localidad su variedad propia del habla roncalesa; variedad ésta que, desgraciadamente, apenas sobrevivió un puñado de años a los mencionados Hualde y Mendigacha. Sin embargo, como recuerdo de un pasado no tan lejano, aún hay bidankoztarras que recuerdan a las últimas personas que hablaron en la villa la lengua de sus mayores. 

 

Bidankoze udalerria


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko uztaila
    A A A A O I I
    « maiatza    
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu