Euskararen mugak

Zientziazale, euskarazale: Bonaparte printzea

bonaparte (1) via euskeraenvaldizarbe

Luis Luziano Bonaparte printzea, XIX. mendeko euskaltzale handia (1813-1891)

“De tels hommes sont rares, et il conviendra toujours de les citer comme
exemples. Le prince Bonaparte m’apparaîtra toujours comme un
savant modeste et timide malgré ou peut-être à cause de sa haute
position officielle; comme un travailleur acharné et infatigable,
homme de foi et de conscience; comme un bourru bienfaisant ou plu-
tôt un faux misanthrope, dédaigneux des éloges du vulgaire, génè-
reux aux humbles, accessible aux indépendants, dur aux flatteurs,
aux parasites et aux charlatans de la science.”

(Horrelako gizonak ezohikoak  dira, eta beti komeniko da eredu gisa aipatzea. Bonaparte printzea beti irudituko zait jakintsu apal herabea goi-mailako posizio ofiziala izan arren -edo izateagatik, beharbada-; langile amorratu eta nekaezina, gizon fededun eta kontzientziaduna; ongile zakarra edota, hobeki esateko, gezurrezko misantropoa; arrunten laudorioen erdeinatzailea; eskuzabala umilekin; eskuragarria beregainekin; gogorra losintxari, jantxakur eta zientziako hitz-jario iruzurtiekin.)

                                                              [Julien VINSON (1843-1926), Bonaparte printzeari buruz]

Kasualitateak hala nahi izanda, 1860ko hamarkadan XIX. mendeko bi zientzia gizon handi ibili ziren Euskal Herrian zehar aldi berean euskara ikertzen, nor bere aldetik, antzeko grinak hartuta. Aurreko sarrera batean Paul Broca frantziarra mugitu zuen euskararenganako mirespena aipatu banuen, zer esango orduan ia mende erdi batean zehar -gutxienez- Napoleonen ilobak euskararekin izandako harremanaz? Hizkuntza batekin maitemintzerik badago -askok ez du ukatuko badagoenik-, horixe iruditzen zait hitzik egokiena Bonaparte printzeak sentitu omen zuena aditzera emateko.

grimley circa 1950

St Bartholomew eliza, Grimley herrian, Bonaparteren jaiolekutik oso hurbil

Baina Ingalaterran jaiotako ikerlearen biografiak beste gauza askorengatik erakar dezake: Brocarenean bezala, kuriositateak arlo ezberdin asko jorratzera eramandako adimen izugarria antzeman daiteke honakoan ere; bestalde, Broca legez, natur zientzietatik abiatu eta halako batean giza zientzienganako lilurak (eta bereziki, hizkuntzak ikertzekoak) harrapatutako ikerlaria dugu printzea. Eta euskararekin izan zuen harremanaz landara, erakargarria da Luis Luziano Bonaparte inguratu zuen familia-historia ere. Liluratzekoa ere bada, zientziatik urrun zeuden bidezidorretan galtzeko hainbeste aukera izanda, nola bete ahal izan zuen azkenean horren ikerketa-bide eder eta oparoa.

Luis Luziano Bonaparte Bleschamp 1813an jaio zen Ingalaterrako Worcestershire konterrian. Hainbat urte beranduago berak aukeratu zuen Ingalaterra bizitoki; han munduratzea, ordea, kasualitatea izan zen; baina Napoleon osabak berak eragindako kasualitatea azken batean. Luis Lucianoren aita (Luciano, 1775-1840), Pio VII.aren graziaz Caninoko printze, liskarturik zebilen urte haietan Napoleon anaiarekin. Antza denez, Lucianok ez omen zuen gustuko anaia nagusiaren agintzeko era; eta honek, aldiz, ez zuen begi onez ikusten Alexandrine koinata, Lucianoren bigarren emaztea eta euskararen ikerle izango zenaren ama.

Gurasoak

Bonaparteren gurasoak: Luciano (1775-1840) eta Alexandrine Bleschamp (1778-1855)

Ahaleginak eta bi egin omen zituen enperadoreak anaia bere interes politikoen arabera erabiltzeko: Luciano lehen emazteaz alargundu zenean Carlos IV.aren alaba batekin ezkondu nahi izan zuen, eta antza denez José Bonapartek berak Lucianoren alaba bat Fernando VII.a izango zenarekin esposatzea proposatu zuen; baina uko egin zien beti Caninoko printzeak joko horiei. Arrisku hori saihestu arren, laster etorri zitzaion Lucianoren familiari zeraman abizenaren pisuaren ordaina: 1810ean, ordurako lau seme-alaba zituen bikotea Italiatik iheska abiatu zen Estatu Batuetarantz Pio VII.ak enperadorea eskomekatu ostean; itsasoan bertan ingelesek familia atxilotu eta indarrean izan zuten Ingalaterran hiru bat urtez: horrexegatik jaio zen Louis Lucien haurtxoa Birmingham hiritik kilometro gutxitara. Aitak osabaren gurariei men egin balie, edonola ere, Alexandrinek bere bosgarren semea galduko zuen… eta euskarak XX. mendera arte izan duen ikerlerik handiena.

Atomoa 1839

Bonaparteren 1839ko hitzaldiaren azala

Bi hilabeterekin eskuratutako printze titulua bezala, Ingalaterrako lehen egonaldi hura anekdota hutsa izango zen beretzat heldu bihurtu arte; bi urte zituenean Italiara egin ahal izan zuen berriz familiak eta hantxe hazi zen ordutik aurrera Luigi Luciano haurtxoa, Musignanon lehendabizi (Suitzako muga ondo-ondoan) eta Urbinon ondoren, jesuitekin. Ornitologo entzutetsu bihurtu zen Carlo Luziano anaia zaharrenaren ereduari jarraituz (eta euskalariaren atzetik jaiotako Pierre-Napoleon eta Antoine ikasle kaskar liskarzaleek ez bezala) gaztetandik hasi zen nabarmentzen Ingalaterran jaiotako bonapartetar gaztearen zientzia zaletasuna. Mineralogia eta kimikarantz eraman zuten bere estraineko urratsek. Ustez urrats sendoak, gainera: 1839an, Pisan bildutako zientzialari italiarren aurrean, Esposizione di una nuova nomenclatura esprimente il rapporto atomico izenburuko hitzaldia eman zuen, teoria atomikoak sortarazitako zenbait buruhausteren aurrean Bonapartek berak kimika hobeto bereganatzeko eratu omen zuen nomenklatura proposamena azaltzearren.

Agiria

Printzearen izena daraman 1863ko agiri bat

Sona handi samarreko kimikaria izatera iritsi omen zen Napoleonen iloba; sona handikoa ei zen bere mineral-bilduma ere. Ba ote zuen ordurako Ingalaterran jaiotako gizon hark barneratua hizkuntzak aztertzeko grina? 1840ko hamarkada hasierako lanek behintzat ez dute horrelakorik iradokitzen. Zientzialari italiarrek antolatutako bileretan parte hartu eta kimika inguruko ikerketak argitaratu zituen: 1843an Ricerche chimiche sul veleno della vipera izeneko lana irakurri zuen Luccan zientzialari italiarren bosgarren bileraren karietara. Bide baten amaiera izan zela ematen du; lan hartan deskribatutako pozoina baino are indartsuagoa zen har batek harrapatu izan balu bezala, ordutik aurrera hizkuntzalaritza izan zuen Bonapartek argitaratutako liburu, artikulu eta gainerako idazkietako gai nagusi, eta bere bizitzako azken 45 urteetako xede. Nork edo zerk eraginda, ez dakit.

1847an agertu zen jendaurrean printzearen lehendabiziko hizkuntza-lana. Eta hasiera-hasieratik euskara ere izan zuen aipagai; ez nolanahi gainera. Specimen lexici comparativi omnium linguarum europaearum izeneko 56 orrialdeko liburutto bat eman zuen argitara Florentzian, orrialde adina hitz aukeratu eta 52 hizkuntza ezberdinetan emanez. Euskara jarri zuen gainerako berrogeita hamaiken aurretik. Seniderik gabeko hizkuntza isolatua zelako? Ordurako berak ere susmatzen zuelako zerrenda buruan ezarritako euskara hark eragingo zituela bere handik aurrerako ahaleginik handienak? Nolanahi ere, aukera eginda zegoen. Bonapartek berak zenbait urte beranduago Antoine d’Abbadie lankide minari aitortu bezala:

Hizkuntzen eta nire euskara maitearen ikerketak zeharo betetzen nau. Hara munduan interesatzen zaidan gauza bakarra.

Eskaintza 1862

‘Langue basque eta langues finnoises’ izeneko lana (1862) euskaldunei eskaini zien Bonapartek.

Handik aurrera, beraz, hizkuntzei -eta hizkuntzen artean, euskarari- eman zizkion bere ikerketa-urterik onenak jatorriz euskaldunokin inolako harremanik, ez ardurarik ez erantzukizunik ez zuen XIX. mendeko jakintsu handi hark. Ez italierak, ez ingelesak ez zuten Bonaparterentzat euskarak adinako artikulu eta liburu merezi izan. Eta horien bitartez, XXI. mendera arte guztiz gainditu ahal izan ez den euskalkien argazkia utzi digu, eta orduko euskararen izaerari eta hedadurari buruzko hamaika albiste, urrearen balioa dutenak. Ohi ez bezalako ohorea etxean bertan hainbeste aldiz nahi baino bultzada epelagoa jasotako hizkuntza txikiarentzat. 

Dozenaka artikulu eta liburu eragin zion Worcestershireko jakintsuari euskararekiko lilura horrek, baina denetan ikusgarriena euskalkien mapa bikaina da, 1863ko data daraman arren hamar bat urte beranduagora arte zeharo eguneratu ez omen zena. Auskalo zenbat (eta zenbaten) eskutitz, galdeketa, ibilaldi, neke eta izerdi dauden bilduta gaur ere harrigarria den mapa horretan! Irudia interneteko toki askotan aurki daitekeen arren, ez dut uste sarean zehar hurbiletik aztertzeko moduan inon ere zintzilikatuta dagoenik. Pamiela argitaletxearen eta Nafarroako Gobernuaren baimenaz, Bonaparteren euskalki maparen bertsio digitalizatua txertatu dut sarrera honekin batera, kuriositatea sentitzen dutenen asegarri; azpiko irudian klik eginez aurkituko duzue bidea. Mapan zeharreko bidaia niri bezain gustagarria gertatzea espero dut!

Bonaparteren mapa

 

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

 


Zientziazale, euskarazale: Paul Broca

Paul-Broca

Paul Broca (1824-1880)

Giza kuriositateak hauspotu ditu maiz ezagutza eta aurrerapen gosea; zorionez ez dago zientzietako eta letretako kuriositaterik, bat bera dira biak, jakin-nahiak ez baitu mugarik. Inor ez luke harritu beharko, beraz, euskararen xarmak giza zientzietatik urrun abiatutako bidaiariak ere harrapatu izanak. Kimika eta mineralogia jorratu zituen gaztetan Luis Luziano Bonapartek hizkuntzalaritzaren sareak harrapatu eta bere ahaleginik oparoenak euskarari eman aurretik. Baina aski ezaguna da printzea gurean, eta beste norbait aipatu nahi dut, euskalaritzan Worcestershireko ikerlea bezain itzal handiko bihurtu ez arren, euskara zinez estimatzeaz gain XIX. mendeko zientzialarien artean derrigorrez aipatu beharrekoa: Paul Broca.

Girondan jaio zen Pierre-Paul Broca, Bordeletik ordubete eskasera dagoen Sainte-Foy-la-Grande herrian, 1824an. Herri txiki hartan bertan beste seme gogoangarri bat jaio zen handik gutxira: Elisée Reclus geografoa.

Familia protestante batean hazi zen Broca. Mediku zuen aita ere, armadan ibilitako kirurgialaria hain zuzen. Gaixoak nola zaintzen zituen ikusteko haren ondoan ibiltzeak piztu bide zuen Paul gaztearengan mediku bokazioa, eta bazuen gaitasunik asmo hura betetzeko: 17 urterekin hasi zituen medikuntza ikasketak eta 20rekin amaitu, gainerakoek hasi ohi zituzten adinean. Pariseko Unibertsitateko patologia irakasle bihurtua, 25 urte betetzerako sari ugari jasotako profesional entzutetsua zen Paul Broca.

Garunean hizketa kontrolatzen duen area -hizkuntza adierazpenaz arduratzen dena- aurkitu eta non zegoen deskribatubroca_aire izanak ekarri zion ospea ikerle frantziarrari. Afasiak jotako gaixoen burmuinak aztertuz heldu zen 1861ean hitzak sortzeko baliatzen dugun ezker-hemisferioko eremua zein den ulertzera. Gaur egun jakintzat ematen da Brocaren areak kontrolatzen duela hizkuntzaren ekoizpena, eta Wernickerenak, aldiz, hizkuntz ulermena.

Youtube

Bideoa: Paul Brocaren eta bere ikergaiaren inguruko xehetasunak (gaztelaniaz)

Egungo neurokirurgiaz hitz egite hutsa ametsa zen garaian emaniko urrats garrantzitsu hura ez zen bere ikerketa lanaren jomuga bakarra izan. Ehundaka artikulu eman zituen argitara, eta gehienak bestelako esparru batzuei buruzkoak: aneurismak ikertu zituen, minbizia ere bai, antropologia fisikoaren aitzindarietako bat izan zen, antropometriari bultzada handia eman zion… hasieran aipatu dudan kuriositateak leku askotara begira jarritako gizona izan zen Broca.

Bere mendeko seme izanik, egin zituen zenbait baieztapen nekez onartuko genituzke gaur egun. Emakumearen burmuinak gutxiago pisatzea hura fisikoki nahiz adimen aldetik gizonaren azpitik egotearen seinaletzat jo zuen; beste horrenbeste pentsatu zuen herri primitibo esaten zietenei buruz, Afrikako beltzen burezurra mendebaldeko gizaki europarrena baino 100 cm3 txikiagoa zela iritzita; bestalde, Brocaren zenbait uste-iritzik XX. mendeko jokabiderik ilunenetako batzuk kilikatu zituen darwinismo soziala bideratzen lagundu zutela ere esan izan da. Baina asko dira girondarraren jardunean azpimarratu eta txalotu diren jokabideak ere: behartsuenek mediku zaintza izan zezaten emandako orduak; Frantzian zientzialari garaikide gutxik bezala Darwinen tesiak onartu izana, britaniarraren ideia guztiekin bat ez etorrita ere; Parisko Antropologia Elkartea sortu (1859) eta garatzea, horrelako ekimen batek estatuari eta elizari eragindako mesfidantza eta hortik etorritako oztopoak gaindituz…

569px-PSM_V51_D636_Cephalic_index_of_the_basque_provinces

Brocaren eta beste zenbait egileren datuetan oinarritutako 1897ko irudia. Euskararen muga (Basque speech) Brocak adierazitakoa da.

Baina euskarak eragin zion liluragatik ekarri dut hona Paul Broca. Behin baino gehiagotan izan zen girondarra Euskal Herrian. Ez dakit zerk ekarri zuen lehendabiziko aldiz; antropologia zaletasunak, beharbada; agian kuriositatearen, bere interesen eta ezagutu orduko hainbeste erakarri omen zuen hizkuntza berezi hura ordu eskas batzuetara izatearen ezinbesteko batura izan zen. 1862ko irailean egin zuen euskararen eremua zehazteko lehendabiziko bidaia. Bazuen ordurako hizkuntzaren muga zehatzen mapa sortzeko asmoa: berriro ere zientzialariaren prezisio egarria. Iparraldeko datuak osatu zituen lehen-lehenik, aurreko hamarkadan Francisque Michelek emandako argibideetatik abiatuz; 1864rako ongiska aztertua zuen Iparraldeko euskararen eremua. Société d’anthropologie delakoan aurkeztu zituen bere lanaren lehen emaitzak, baina argitara emateko akastunegia iritzi zion oraindik egindakoari. 1867an Donibane Lohizunen egon ostean osatu zuen ikerketa, Argelliés doktoreari esker Frantzian predikazioa euskaraz egin ohi zuten parrokia guztien zerrenda eskuraturik. Ordura artekoa lortzeko ere izan zuen laguntzailerik Bidasoaz haraindi: aita ortheztarra zuen Elisée Reclus herkideak eta Honoré Broca sendagile olorondarrak lagundu zioten Iparraldeko mapa-zatia prestatzen; eta Beskoitzeko auzapezak argitu zion Bastida inguruko muga irregularra.

Alde bateko ñabardurak zehaztuta, Hegoaldea zen Brocaren erronka nagusia, inor jorratzen hasi gabeko eremu bat baitzuen begien aurrean; ez zegoen aurrekaririk eta gainera mugak lausoagoak zirela ohartu zen, euskara hutseko eskualdeetatik erdara hutsekoetarako jauzia ez baitzen iparraldean bezala bat-batekoa. Ladislao de Velasco izan zuen iturri nagusi; gasteiztarrak Nafarroa, Araba eta Bizkaiari buruzko mapak prestatu zizkion 1867-68an. Donostiako Otaño eta Carrión doktoreak ere izan zituen lankide, azken honek Nafarroako xehetasunak eman zizkiolarik. Orduña aldeko mugaren xehetasunak, aldiz, Pabeko Cazenave de Laroche doktoreari esker lortu zituen. Horrela iritsi zen 1874an aurkeztutako Euskal Herriko mapa osatzera.

Broca 1875

Brocaren Euskal Herriko mapa (1874). Egin klik gertuagotik ikusteko.

Brocak ez zekien euskaraz, baina ukaezina da hau dena ikusita euskarak zinez interesatu zuela. Sur l’origine et la repartition de la langue basque lanean (1875) euskara beretzat hizkuntza konplexua, perfektua eta berezia zela aitortu zuen: liburu horretan zehar askotan euskarak zientzialariari eragindako liluratik mintzo zaigula ematen du.

Euskararen inguruko hainbat ideia defendatu zituen Brocak. Hona hemen batzuk:

– Euskara Europako hizkuntza autoktono bakarra zela uste zuen. Ez zegoen ados euskoiberismoarekin, hau da, euskara Iberiar Penintsula osoan zehar hitz egin zela zioen teoriarekin; baina Europako hego-mendebalde guztian zabaldutako hizkuntza familia zahar baten azken arrastoa zelakoan zegoen. Humboldt ez zegoen zuzen: euskara iberiar hizkuntzaren senide izan zitekeen; ez hizkuntza hura bera.

– Irmotasunez gaitzetsi zituen Erro eta Astarloa bezalakoen etimologia gehiegizkoak, élucubrations purement fantaisistes deituz Suharki kritikatu zuen, arrazoi horregatik beragatik, Humboldten jarraitzaile askoren jokabidea: uste izan zuten aski zela euskal hiztegi bati begiratzea geografia-izenen etimologia topatzeko, eta, honela, atseginez, aise lotu ahal izan zituzten euskararekin jatorri ariar garbia ez zutenak. Gogor astindu zuen sendotasun zientifikorik gabeko jokabide horiei zerien ziurtasun ustela. Linguistika, bere ustez, hitzen ikerketa hutsa atzean utzirik hitz haien eboluzio-legeak ikertu eta gramatika-formen analisia hobestean baino ez zen benetako zientzia bihurtu.

– Iparraldean euskarak iraun izana ez zen Brocaren ustez Bidasoaz bestaldeko aspaldiko euskaldunek Erromaren aurka agertu erresistentziaren ondorio, duela 1200 bat urteko gertakizunen isla baizik: Hispaniako errege bisigodoen erruz hegoaldean hainbat eskualde galdu ostean, baskoiek VI-VII. mendeetan Akitanian lur berri bila eginiko erasoaldi eta inbasioen emaitza zatekeen. Kraneologian ikusi uste zituen Brocak honen frogak: hegoaldeko euskaldunon hainbat burezur azterturik hauek nagusiki dolikozefaloak zirela defendatu zuen (luze-estuak, alegia), eta iparraldekoak, aldiz, brakizefaloak (zabal-laburrak).

Euskara I. Mendean

Brocak ez zuen antzinako euskararen hedadurari buruzko mapa hau onartuko. Bere ustez Erdi Arokoa zen euskara Iparraldean, ez zaharragoa.

– Brocaren ustez Iparraldeko eta Hegoaldeko euskalkien arteko hurbiltasunak berak frogatzen zuen batzuen eta besteen ibilbide desberdinduak ezin zituela 1200 urte baino gehiago izan. Iparraldeko euskara ez zen euskararen antzinako familia zaharraren beste adar bat, hegoaldeko baskoiek eramandako adar beraren garapena baizik.

Aneurisma batek jota hil omen zen sendagile girondarra 1880an. Badu paradoxatik zerbait aneurismak ikertzen aritu zenaren bat-bateko heriotza haietako batek eragiteak. Ez zen baikorra euskararen etorkizunari zegokionean, baina horretan ere bere izpiritu zientifikoa eta ondoren etorriko zirenentzat ikergaia utzi beharra nabarmentzen da: mende batzuk barru hizkuntza hila baino ez da izango [euskara], aditu gutxi batzuek besterik ezagutuko ez dutena; eta izango lukete gutaz kexatzeko eskubiderik, gaur egungo egoera zein den jakinaraziko ez bagenie. Reclus herkidea are gogorragoa izan zen euskararen geroaz mintzo zela, XIX. mendera arteko iraupena analfabetismoari eta euskaldunok inguruko hizkuntzak ez ezagutzeari egotzi baitzien: quand tous les indigènes parleront les deux langues, ils finiront par négliger celui des deux idiomes qui leur sera le moins utile. Zer pentsatuko zuketen ikerle hauek, 130 urte beranduago, euskara kultura zientifikoa sendotzeko ekimenetan parte hartzeko gauza dela ikusita? Ez dakit zenbait mende barru euskararik izango den ala ez; baina egungoak zur eta lur utziko zukeen Broca. Zorionez.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.

 

 


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1904

XX. mendea hasi zenean Nafarroako euskararen hego-mugak zein izan ote zitezkeen antzemateko erabil dezakegun bidea ez da, ondorengo hamarkadetan gertatu zen bezala, hori jakin nahirik norbaitek propio egindako ikerketa zuzena. Nik dakidala urte horietan inor ez zen, zoritxarrez, horretan saiatu. Bada ordea aski albiste interesgarriak utzi zituen zeharkako iturri bat, eta horretaz arituko naiz sarrera honetan.

Guia Eclesiastica

1904koa bezalako eliz gida baten azala. XIX. mende erdialdea.

1904an Guía eclesiástica y estado del personal del obispado de Pamplona izeneko liburuxka argitaratu zuen Iruñeko Gotzaitegiak. José López Mendoza y García gotzainak agindutako lana izan zen, eta gotzaitegiaren historia ez ezik, antolakuntza eta egituraketari buruzko datuak ezagutaraztea zuen helburu. Xehetasun asko bildu zituen 84 orrialdetako gidaliburuak: elizbarrutian guztira 560 parrokia zeudela, handienetan parrokoaren urteko soldata 1.500 pezetatik gorakoa izan zitekeela, edota (oso bestelako garai baten erakusgarri)  apaizen % 55 berrogei urtez beherakoa zela. Gida hartan bildutako informazioaren laburpen interesgarria eskaini zuen duela zenbait urte Príncipe de Viana aldizkarian Juan Jose Martinenak.

Datu linguistiko bat ere jaso zuen gida hark, hizkuntzarena elizbarrutian kontuan hartu beharreko auzia zen seinale. Tokian tokiko bikarioari bere herrian euskararik mintzo al zen itaundu eta erantzuna “¿Se habla vasco?” galderaren ostean agertu zen “Sí” edo “No” adieraziz, beste inolako ñabardurarik gabe. Blas Fagoaga erratzuarrak eman zuen argitara datu hau lehen aldiz Euskara aldizkarian (1962): 1900 inguruko hizkuntza-paisaia nafarraren irudirik aipagarriena dela esango nuke.

Artzapez-barrutien erdia baino gehiago euskaldun.

Hiriburua alde batera utzirik 19 artzapez-barrutitan zegoen antolatuta ordu hartako elizbarrutia. Haietarik hamarrek erantzun zioten baietz (nork gehiago, nork gutxiago) lehen aipatu galderari. XX. mende hasieran euskaraz mintzo ziren eliz eskualde horiek Agoitz, Anue, Arakil, Baztan, Doneztebe, Esteribar, Iruñerria, Larraun, Orreaga eta Zaraitzu ziren. Ez denak neurri berean, dena den.

Itzalle

Galoze udalerriko Itzalle herriska. Bertako euskaraz idatzitakoa da 1727ko doktrina goiztiarra. Ia bi mende beranduago ere euskaraz mintzo ziren herrikoak.

Baziren, alde batetik, salbuespen bakar bat ere gabe ‘Bai’ erantzun zutenak, oso-osorik eta goitik behera beren burua euskalduntzat jo zuten barrutiak, alegia. Honako bost hauek: Anue, Arakil, Baztan, Doneztebe eta Orreaga. Seigarren bat gehi genezake (Larraun) geroxeago ikusiko dugun bezala bertako herri bakar batek erantzun zuelako “Ez”. Luzeegi joko luke barruti hauetan denetan zeuden herrien zerrenda idazteak, Nolanahi ere, merezi du esatea gaur egun bertako euskara galduta edo galtzeko arriskuan duten Anue, Odieta, Atetz, Imotz, Txulapain, Olaibar, Arakil, Erroibar eta Aezkoako herri guztietan hitz egiten zutela euskaraz duela ehun urte pasatxo inkesta horren arabera.

Konplexuagoa zen egoera Agoizko artzapez-barrutian (Agoitz, Urrotz, Artzibar, Arriasgoiti, Lizoain, Longida eta Izagaondoa), Esteribarren (Esteribar, Egues eta Ezkabarte), Iruñerrian, eta baita Zaraitzun ere (Zaraitzu, Erronkari, Erromantzatua); euskara non higatzen ari zen antzemateko bidea bertako albisteek ematen dute. Barruti haietako eremu batzuetan euskarak oraindik sendo zirauela ematen du, baina beste batzuetan (oso) ahul edo galduta zegokeela ordurako. Inork ez zuen euskara erabiltzen zenik aipatu Agoitz, Elo, Erromantzatua, Izagaondoa, Lizoain, Longida edota Urrotzen, haietako batzuetan bederen euskaldunik geldituko zen arren. Horrenbestez, baiezko erantzunak ditugu interesgune nagusi: Irigaraik 30 urte beranduago erabilitako mailakatze-sistema hura neurri batean gogora ekarriz, hona hemen euskararen erabilera aldetik makaltzen hasiak ziren bost artzapez-barrutietan irudikatutako errealitate ezberdinak:

1. Barruti haietako haranen batean ere herri guztietan mintzo ziren euskaraz oraindik. Kasu argiena Zaraitzu bera da. Itzaltzutik Uskartzera eta Jaurrietatik Itzallera haraneko parrokia guztietan erantzun zioten baietz “¿Se habla vasco?” galderari. Uskartzetik behera, ordea, aspaldiko hizkuntza-muga dirudien Ustaizen eta Nabaskozeko gainerako herrietan ez zen baiezko erantzunik izan.

2. Erabileraren aldetik beste hiru ibar ia guztiz euskaldunak zirela ematen du: Artzibar, Esteribar eta Gulia. Dena den, tentuz ibiltzeko moduko baieztapenak dira hauek, aurreko multzokoak izatea ere baliteke-eta. Artzibarren hogei herrixkak erantzun zuten baietz. Uriz, Zandueta eta Espozen ezezkoa eman zuten, baina herri euskaldunez inguratuta egonik, berriemailearen irizpideari egotzi zion Fagoagak ezezkoa, eta ez herri haietan egoera arras ezberdina izateari. Litekeena da. Dena den, Fagoagaren zerrendan Artozki, Asnotz eta Otsa ere falta dira, Yrizarrek Guía-n Artozki ere bazegoela adierazi arren. Gaur hustuta dagoen Otsa haranaren hego-muturrean dago, inkestan salbuespenik gabe ezetz erantzun zuen Longida haranari begira. Ordurako otsatarrek euskara erabiltzeari utzi ziotelako?

Esteribar hegoaldeari dagokionez ere zalantza sor daiteke. Iruñe ondo-ondoan dagoen Ollokin euskaraz mintzo ziren nonbait (nahiz eta Bonaparteren mapan euskara ahul zegoen eremuan ageri den), baina Larrasoañarako bidean diren Zabaldikak eta Arletak ez zuten erantzun bera eman. Seguru asko Artzibar eta Esteribar hegoaldeko herrietan nabarmena zen ordurako Agoiztik zein Iruñetik oldarka zetorren gaztelaniaren eragina. Baina erdaldunagoak izango ote ziren benetan Zabaldika eta Arleta Olloki baino?

Olloki

Ollokin bazekiten euskaraz duela ehun urte eskas. Gauza asko aldatu dira azken mendean; herriaren itxura bera ere bai.

Egun Itza zendeari dagokion Gulian, azkenik, Sarasateko berriemailea izan zen euskararen erabilera ukatu zuen bakarra. Gainerakoan, Zian, Aginagan, Gulian, Larunben, Oraien auzunean eta Ijurieta jauregian euskara entzuten zen. Larraun barruti osoan Sarasatek bakarrik erantzun zion “No” euskarari buruzko galderari.

3. Beste haran batzuetako herriek oso antzeko proportzioan erantzun zuten baietz zein ezetz. Guía-ko datuak zuzenak izatera, haranotan urte haietan bertan ariko zen gertatzen hizkuntza-ordezkapena. Goñibar, Ollaran, Erronkari eta Ezkabarte sar litezke multzo honetan. Goñibarko bost herrietatik bik (Goñik eta Urdanotzek) erantzun zioten “” 1904ko galderari. Euskara Aizpun, Azantza eta Munarrizko kaleetatik desagertua zela pentsatu behar, beraz. Ez, ordea, hizkuntza ahaztua zutenik. Ollarango Anoz, Saldise, Ollo eta Ultzurrunen euskaraz hitz egiten zuten XX. mende hasieran; ez ordea Iltzarbe, Senosiain, Arteta, Beasoain eta Egilleorren. Antzeko egoera jaso zuen gidak Erronkarin: Izaba, Uztarroze eta Bidankozekoek euskara zerabilten; urzainkiar, erronkariar, gardar eta burgiarrek, aldiz, ez. Ezkabarten, bestalde, gehiago bide ziren oraindik euskaraz ari zirenak (Anotz, Zildotz, Orrio, Makirriain, Eusa eta Garrues; eta baita Elegi, Aderiz eta Nagiz baserriak ere) baina gaztelania zen nagusi Iruñera begirago dauden Sorauren, Orikain, Ezkaba, Azotz eta Arren, 1904an jasotako albisteen arabera.

4. Azkenik, euskara entzuteari uztear zeuden ibarrak daude. Hauetan herriren batekoek bakarrik erantzun zuten ‘se habla vasco’: Itzako Aldatz, Aritz eta Orderitzek; Eguesko Elkano, Sagaseta eta Egulbatik; Arriasgoiti iparraldeko Aginaga, Zaldaitz eta Galdurotzek. Haranotako herri gehienetan ez omen zen ordurako euskararik entzuten.

1904-1935mapa1

Euskararen erabileraren balizko hego-muga Nafarroako ekialdean (1904, urdinez). eta ezagutzaren hego-muga Irigarairen arabera (1935, gorriz) Egin klik hurbilagotik ikusteko.

Irigarai, Sánchez Carrión edota Koldo Artolaren ekarpena aipatzerakoan, zailtasunak zailtasun ikerle haiek Nafarroako euskal mintzoen hego-muga marrazten saiatu zirela ikusi dugu. Nire ustez bistakoa da bestelakoak direla 1904ko datuak, eta aipatu berri ditudanak ez zirela XX. mende hasieran euskal hiztunak zituzten Nafarroako azken herriak. Ezagutza baino erabilpena neurtu nahi duen “¿Se habla vasco?” galderak berak agerian jarri bezala, pastoraltza-lanarekin lotutako datu-bilketa izan zen 1904ko hura. Gotzaitegiari nekez interesatuko zitzaion zein herritan egon ote zitezkeen ordurako euskara ez zerabilten hiztunak. Bai ordea non zuen hizkuntza zaharrak eliz jardunean erabili behar izateko adinako indarrik. Euskara oso gibelka eta erabilera publikotik erauzia izango zuten Iruñerriko, Itzarbeibarko edota Zangozako merinaldeko hainbat lekutan hizkuntzak ez zuen jadanik eliz agintarien interesa erakartzeko moduko bizitasunik (“No se habla vasco) baina inkestak agerian jarri ez zituen euskaldunak baziren, izan.

1904-1935mapa2

Euskararen erabileraren balizko hego-muga Nafarroako erdialdean (1904, urdinez). eta ezagutzaren hego-muga Irigarairen arabera (1935, gorriz) Egin klik hurbilagotik ikusteko.

Makirriain

Makirriain (Ezkabarte)

Erraza da horren aldeko frogak ematea. Fagoagak berak 1962an adierazi bezala, Ollarango Senosiainen “Ez” erantzun zuten 1904an; baina 1930 inguruan beharrezkoa zuen oraindik herriko apaiz erdaldunak euskarazko doktrina adineko senosiaindarrei Garizumako azterketa egingo bazien. Urraulgoitin hondar hiztunak XX. mende erdialdera arte bizi izan zirela badakigu: mende hasieran, alabaina, gidak ez zuen harana aipatu ere egin. Are nabarmenagoak dira Erronkari edo Urzainki, euskara ez baitzen haietan 1970 ingurura arte guztiz iraungi, nahiz eta Guía eclesiásticaren datuek sei hamarkada lehenago euskaraz hitz egiten ez zela adierazi. Argi dago gaztelania nagusitzen hasia zen herrietan berriemailearen ikuspegiaren araberakoa izango zela erantzuna; baina hori bezain argia da 1904ko iturriak erakutsitako hego-mugak (neurri handi batean Irigarairen 1935eko datuekin bat datorren muga horrek, irudietan ikus daitekeen legez) ez dituela inola ere biltzen hegoalderago oraindik ere izan baziren hainbat eta hainbat euskal hiztun.

Agerikoa da, edonola ere, XX. mendean bertan bizirik zegoela euskara Iruñe ondo-ondoan eta Iruñerriko hainbat nafarren eguneroko hizkuntza zela. Ez bakarrik hiriburu iparraldeko Garrues, Eusa edo Orrion; baita ekialdera dauden Olloki edo Elkanon ere. Guía-k markatutako mugetatik beheiti, beste zenbat herritan izango ote ziren 1904an Senosiaingoek bezala aurreko mendean doktrina euskaraz ikasitako adineko euskaldunak?

Julio Altadillen aipamenak (1910-15)

Altadill

Julio Altadill

Bi liburuki marduletan plazaratutako Geografía General del País Vasco-Navarro: Navarra lanaren egilea izan zen Toledon jaiotako historialaria. 1918 inguruan bukatutako lana da eta hamarkada hartako datuak erabili zituen. Nafarroako herriak deskribatzean haien hizkuntza-egoerari buruzko zertzeladak utzi zituen tarteka, eta baita euskararen aldeko laudoriozko hitz sutsuak ere inoiz edo behin. Ez dakit zein iturri baliatu zuen Altadillek euskararen ezagutzaz aritzeko, baina 45 bat herritako albisteak eman zituen eta datuak bat datoz, oro har, beste bideetatik dakigunarekin alderatuta (Nabaskoze eta Erromantzatuari buruzkoak izan ezik). Kasu batzuetan (Arriasgoiti-Lizoainen edota Garden) Guía eclesiástica-k emandakoak baino baikorxeagoak ere badira. Hona hemen bada albiste horietako batzuk, bere Geografía-ren bigarren liburukiari dagozkionak, 1904ko informazioaren osagarri:

Atetz:  ‘Se habla mucho el vascuence’ (35. or,)

Imotz: ‘Se habla con preferencia el vascuence, pero se conoce en todos los pueblos el castellano’ (193. or.)

Txulapain: ‘Lengua preferida, el vascuence’ (210.or.)

Ostitz (Odieta): ‘La lengua preferida, el vascuence’ (266. or.)

Gares: ‘Apenas sí se recuerda el vascuence’ (268. or.)

Tirapu: ‘No se habla el vascuence’ (284. or.)

Ucar: ‘…como en Tirapu’  (285. or.)

Zangozako merinaldeaz: ‘Se habla la milenaria lengua euskara en gran parte de la zona alta del partido judicial’ (325. or.)

Aria: ‘Se habla el vascuence’ (346. or.). Beste horrenbeste Ariben (347. or.)

Arriasgoiti: ‘Se habla el vascuence, pero es conocido también el castellano’ (347. or.)

Espartza (Zaraitzu): Se habla vascuence más que castellano’ (374. or.)

Esteribar: ‘Se habla vascuence y castellano‘ (376. or.)

Galoze (Zaraitzu hegoaldea): ‘Se habla vascuence y castellano’ (386. or.)

Garde (Erronkari): ‘Se habla vascuence y castellano’ (392. or,)

Jaurrieta (Zaraitzu): ‘Aquí, como en todo el Valle de Salazar, se habla vascuence y castellano’ (409. or.)

Lizoain: ‘Se habla vascuence y castellano’ (418. or.)

Nabaskoze: Se habla vascuence y castellano’ (434. or.)

Otsagabia (Zaraitzu): ‘Se habla vascuence y castellano’ (438. or.)

Orbaizeta (Aezkoa): Se habla el vascuence; se conoce el castellano’ (441. or.)

Altadill Geo

Altadillen ‘Geografía General…’ ezagunaren azala

Orbara (Aezkoa): ‘Se habla el vascuence’ (443. or.)

Erromanzatua: ‘Se habla vascuence y castellano’ (448. or.)

Lizarrako merinaldeaz: ‘…apenas sí se conoce la venerable lengua de Aitor en esta porción de Navarra’ (511. or.)

Durante el último cuarto del siglo XIX y el primero del XX, mientras la transmisión de la lengua vasca se interrumpía abrupta e irremediablemente en amplias zonas de Navarra, ninguna fuente comparable con las investigaciones de Bonaparte o Irigaray dejó noticias directas sobre el retroceso del euskera en el viejo reino. Por eso adquiere especial interés la simple y directa pregunta que se dirigió a los sacerdotes del Obispado de Pamplona al confeccionar la Guía Eclesiástica de 1904: ‘¿Se habla vasco?’. Las respuestas a dicha pregunta, si bien necesariamente sujetas a la apreciación personal de cada uno de los informadores locales,  y a pesar de no precisar el límite de mínima intensidad del euskera (que abundantes evidencias obligan a situar más al sur), nos ofrecen una lista de lugares donde la lengua vasca estaba aún en uso y mantenía cuando menos una cierta vitalidad hace apenas un siglo. La simple lectura de las localidades que contestaron afirmativamente muestra a las claras que en Garrués (Ezkabarte), Elcano (Egüés) e incluso Olloki (Esteribar), a las mismas puertas de Pamplona, ciudadanos navarros del siglo XX con los que hemos llegado a convivir sabían y usaban el habla que décadas después, hace apenas un suspiro, desapareció de sus valles.

 


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1935

IrigarayAingeru Irigarai sendagile eta euskaltzale handia (1899-1983) gerra aurretik, diktadura bitartean eta hura amaitu ostean ere nabarmendu zen euskararen aldeko jardunean. Ez dira asko horrenbeste esan dezaketenak. Fermin Irigarai Larrekoren semeari zor diogu, halaber, Bonaparteren eta Sanchez Carrionen lanen arteko mende luzean Nafarroako euskararen hego-muga irudikatzeko egindako ahaleginik aipagarriena.

Gerra aitzineko ikerketa: lehendabiziko datuak.

1935erako burutu zuen Irigaraik datu-bilketa, zuzen-zuzenean batzutan [datos personales], eta berriemaile egokiak aurkitzen saiatuta gainerakoetan [testimonios de personas enteradas y competentes]. Huescako mugatik Arabakora bitarteko 130 herritik gora aztertu zituen beratarrak guztira, eta haietan euskaraz ba ote zekiten jakitearekin konformatu gabe, euskararen bizitasuna ere neurtu nahi izan zuen, herri bakoitza ondorengo zazpi maila hauetako batera bilduz:

I. Haurrek ere bazekiten euskaraz, eta erabili egiten zuten gainera.

II. 30 urtetik gorakoek bazerabilten, baina haurrek ez.

III. 30 urte ingurukoek bazekiten euskaraz, baina ez zuten erabiltzen.

IV. 50 urtetik gorakoek egiten zuten euskaraz; 30ekoek, aldiz, ez.

V. 50 urte ingurukoek eta 30ekoek bazekiten, baina ez batzuek ez besteek ez zuten euskararik erabiltzen.

VI. 50 urte ingurukoek eta hortik gorakoek bazekiten, baina erdara hutsean aritzen ziren.

VII. Adinekoek bakarrik zekiten, eta haiek ere ez ziren euskaraz mintzo.

RIEV

RIEV aldizkarian argitaratu ziren Irigarairen lanaren lehendabiziko emaitzak

1935ean bertan eman zuen Irigaraik bere ikerlanaren aurrerapena RIEV aldizkarian (XXVI), ‘Documentos para la Geografía Lingüística de Navarra’ artikuluaren baitan. XVIII. mendea izan zuen aipagai nagusi, mende hartan Iruñeko Elizbarrutiko komisari datu-hartzaile euskaldun eta erdaldunen artean izandako auzi eta ika-mikak argitara eman baitzituen; baina horrekin batera, Elizbarrutiko agiriek iradokitako XVIII. mende amaierako muga Bonaparteren 1863ko datuekin erkatzen zuen mapa aurkeztu zuen, eta mapa horretan 1935eko bere datuak ere txertatu zituen.

Irigarai 1935

Irigarairen 1935eko mapa. Egin klik irudian antzeko bertsio bat gertuagotik aztertzeko.

Aurrerapen hartan ez zuen bestelako xehetasun handirik eman, baina herri gutxi batzuk aipatu zituen alboko mapa azaltzearekin batera: ‘La línea más septentrional [maparena] marca la frontera actual del vascuence. que la forman los siguientes: Ciordia, Lizarraga, Urrizola, Aristregui, Marcalain, Navaz, Osacain, Zuriain, Galduroz, Gurpegui, Artozqui, Azparren, Güesa, Isaba-Uztarroz.

Gerraosteko datu zabalagoak.

1936ko sarraskia berehala hasita, itzaletan geratu ziren urte luzez Irigaraik bildutako gainerako datuak, harik eta 1956an Euskera aldizkarian argitara eman zituen arte. Ordu hartan, mapa ez ezik, aztertutako herri guztien zerrenda ere eskaini zuen,  Ietik VIIrako aipatu eskalan  bakoitzaren egoera nolakoa zen zehaztuz.

Artikuluaren arabera, hauek lirateke 1935ean Nafarroako euskararen hego-muturreko herriak eta beraien egoera, ekialdetik mendebalderantz goazela, eta herriak zein haranetakoak diren esanik:

Elia

Eguesko Elian ba omen zen euskaldunik 1935ean.

Erronkari (VII. taldekoa) – Bidankoze (Erronkari, VII) – Gorza (Zaraitzu, VII) – Azparren (Artzibar, III) – Lakabe (Artzibar, VI) – Uriz (Artzibar, IV) – Saragueta (Artzibar, IV) – Gurpegi (Artzibar, VI) – Urrizelki (Arriasgoiti, III) – Galduroz (Arriasgoiti, euskal hiztun bakarra) – Elia (Egues, VII) – Ilurdoz (Esteribar, II) – Iroz (Esteribar, VI) – Idoi (Esteribar, V) – Sorauren (Ezkabarte, VII) – Osabide (Olaibar, VII) – Ostiz (Odieta, VI) – Anozibar (Odieta, IV) – Eguaras (Atetz, V) – Nabaz (Txulapain, V) – Amalain (Atetz, II) – Beorburu (Txulapain, II) – Larraioz (Txulapain, VI) – Osinaga (Txulapain, VI) – Larunbe (Itza, VI*) – Gulia (Itza, VI) – Aizkorbe (Arakil. VI) – Etxeberri (Arakil, VI) – Errotz (Arakil, VI**) – Urritzola (Arakil, III) – Ekai (Arakil, VI) – Zuhatzu (Arakil, VI) – Satrustegi (Arakil, IV) – Hiriberri (Arakil, VI) – Ihabar (Arakil, IV) – Irañeta (I).

VI*  – Herriko lau etxetan denek zekiten euskaraz. Beste 20 etxeei zegokien VI. multzoa, /  VI** – Iturri guztiak ez zetozen bat.
Galduroz 2

Galduroz (Arriasgoiti), 1935eko hizkuntza-muga. Argazkia 80ko hamarkadakoa da.

Irañeta bezala beratarrak I. multzoan sailkatu zituen herrien zerrenda mapa batean aztertuz, 1935ean Nafarroako euskararen bizitasunaren hego-ertza zein zen ere itxuratu dezakegu, alegia, hegoaldera gindoazela neska-mutiko euskaldunak zituzten azken herriak zein izango ziren: Irañeta; Imozko Muzkiz; Atezko Ziganda eta Berasain; Ultzamako Iraizotz eta Eltso; Odietako Latasa; Anueko Arizu, Leazkue, Egozkue eta Etulain; Esteribarko Iragi, Eugi, Leranoz eta Usitxi; Erroibarko Lintzoain eta Mezkiritz; Aezkoako Aria, Hiriberri, Orbara, Abaurrepea eta Abaurregaina; eta Zaraitzuko Jaurrieta eta Espartza. 24 herri orotara. Hauetan denetan 1935eko haurrak ere euskaraz mintzo omen ziren. 80 urte beranduago, haietarik bostetan ez da bertako mintzoa dakienik gelditzen, eta dozena erdi bat kenduta gainerakoetan esku bateko hatzez konta daitezke.

Irigaraik emandako datuen arabera, euskara galdua zuen Erronkari hegoaldeak, eta Uztarrozen baino ez zirauen indartsu. Han bezala Zaraitzuko Jaurrieta eta Ezkarozen ere haurrek euskaraz zekiten, baina Espartza hegoaldean gainbeherera zihoan zaraitzuera eta Galozen ez zen ordurako euskaldunik. Urraulgoitiko mintzoa guztiz iraungia zen, antza, eta Artzibarkoa galbidean hasia zen iparraldean eta ahaztua zuten hegoaldean. Ahul zegoen euskara Arriasgoitin eta azken pindar batzuk baino ez ziren gelditzen Eguesen eta Ezkabarten. Higatzea nabarmena zen Esteribar hegoaldean ere: Zubiritik behera herri bakar batean ez ziren umetxoak euskaraz mintzatzen.

Iruña mendebaldeari dagokionez, iheska irudikatu zuen Irigaraik euskara Olaibarren, pitzatzen hasia Odietako hego-muturrean, maldan behera Txulapainen eta Gulian, desagertua Itzako zendea zaharrean, eta aski ahul Irañetara bitarteko Arakilgo herrietan.

IRIGARAI 1935 - 2

1935eko euskararen muga, Irigarairen herri-zerrendako datuen arabera. Egin klik gertuagotik ikusteko.

IRIGARAI 1935 - 1

Egin klik gertuagotik ikusteko

 

 

 

 

 

 

Lanaren zailtasuna

sorauren-sorauren-2001

Kontraesanak omen zituzten Sorauren herriaz Irigaraik jasotako datuek.

Ez zen samurra ikerlan hari ekinda Irigaraik bizkarrean hartutako erronka; egilearen beraren hitzetan, ‘por el estado de inestable transición de la lengua vasca en muchos lugares y por la diferente apreciación de los informadores: hasta darse el caso reiterado de vascófonos que se habían olvidado de esa su condición’. Azken hauek ez dira edonolako kontuak. Ikerleak berak zuzenean hartu ahal izan ez zituen datuetan berriemaile ezberdin askoren irizpide eta ikuspegiak nahasiko ziren noski. Hainbat lekutan isil-isilik galtzen ari zen hizkuntzaren azken hiztunen lotsa ere bai, beharbada. Nolanahi ere den, Berakoak aitortutako zailtasun horiek hainbat zalantza eragin bide zioten, eta ez da oso nekeza duda-muda horien arrastoari jarraitzea: esate baterako, Erronkarin Izaba eta Uztarroze bakarrik bildu zituen bere mapako eremu euskaldunean, nahiz eta Urzainki, Erronkari eta Bidankozen ere adineko euskaldunen berri jakin. Ezkabarteko Soraurenen jasotako txostena eta berak zeuzkan datuak bat ez zetozela aitortu zuen 1956ko lanean; hala ere, ez zuen haraneko beste herririk izendatu, baina Anotzen izan zen hiztunik 80ko hamarkadara arte behintzat. Urraulgoiti ez zuen aipatu Euskera aldizkarian; 1966ko Geografía Histórica de la lengua vasca liburuan, ordea, (72-73. or.) Ariztu eta Elkoaz ageri dira ‘Línea extrema del Euskera en 1935’ delakoan. Txulapaingo Aristregi eta Markalain ere adierazi zituen aurreko biekin batera; baina Aristregin euskaraz inork ez zekiela idatzi zuen 1956ko herri-zerrendan, eta Markalain ez da zerrendan ageri, muga inguruko Urdiroz, Gendulain eta beste herriren bat bezala. Eguesko Elia herrixka, ibarreko euskararen azken gordeleku nonbait, mugatik beheiti marraztu zuen mapan, bestetik adinekoek euskaraz bazekitela adierazi arren.

1935eko mugez haraindi euskal hiztunik bai?

Zailtasunak zailtasun, informazio zabala bezain baliotsua eman zuen Irigaraik Nafarroako euskararen ertzak hizpide hartuta. Gaur egun, ondoren ezagutu diren hainbat albisteri esker abantailaz jokatuz, susma daiteke Irigaraik markatutako mugaren hegoaldean 1935ean bertan edo are beranduago euskara erabat ahaztu gabeko herriak eta hiztunak izan, bazirela. Urraulgoiti ibarra Irigarai berarentzat izan ote zen zalantzazko? Arestian agertu zaigun Elkoazen euskara 1945-50era arte gorde zutela argitu zuen Juan San Martinek hainbat urte beranduago, eta Ozkoidiko hiztun bat 1935ean bizi zela ere bai, haranari buruzko sarreran aipatu nuen bezala. Zizur Nagusiko azken euskal hiztuna izan bide zena 1943ra arte bizi izana deigarria da, Zizur Iruñea bera baino hegoalderago egonik. 1934-37 urteetan desagertu ziren Goñerriko Goñi eta Azantza herrietako senar-emazte euskaldunak, edota 1940an oraindik bizi zen Ollarango Manuela Goikoetxea esaten ari naizenaren adibide garbiak direla ematen du.

geohisto

Auñamendi argitaletxeko ‘Geografía Histórica de La Lengua Vasca’ obran plazaratu zen, besteak beste, Irigarairen ikerlana.

Honek ezin dio Aingeru Irigarairen lanari balio apurrik ere kendu. Izatekotan, horrelako lanak duela ia mende beteko baliabideekin eta orduko egoeran burutzea zenbateraino zen erronka gaitza erakusten du; are gehiago, Irigaraik berak ere kontraesanak topatu zituen 1930eko hamarkadan bildutako datuak Bonapartek 70 urte lehenago emandakoekin konparatzean. Hainbat herritan jaso zuenak (Arakilgo Errotz eta Izurdiagan, Oltzako Ororbian edota Itzako Aldaban) auzitan jarri zuen printzeak 1863an herri horiek euskararen bizitasun eremuaren barrenean sartu izana. Irigarai eta Bonaparte bezalako ikerleek bete-betean asmatuko zuten batzutan eta kale egingo zuten tarteka, edonork bezala; baina haien lekukotasuna eta ahalegina ezinbesteko zaizkigu zer izan garen eta nolako bidea egin dugun hobeto ulertzeko.

Azken hitza: Morales de Radaren ikerlana (1961)

Aingeru Irigarairen 1935eko ikerketak ondorengo hamarkadetan izandako oihartzuna gogora ekartzeko aski litzateke hemen dagoeneko hizpide hartu dudan Sanchez Carrionen lana aipatzea, granadarrak behin eta berriro alderatu baitzuen Nafarroako herrietan berak topatutako egoera Irigaraik 35 urte lehenago eratutako zazpi multzoekin. Baina 1970 baino lehen beste norbaitek ere oso kontuan hartua zuen sendagile beratarraren ekarpena: Joaquín Morales de Radak, hain zuzen. Ikerle honek Munibe aldizkarian aurkeztu zituen 1963an bi urte lehenago Irigarairen zerrendako hainbat herritan egindako inkestaren emaitzak. 1935 inguruko egoera zenbat eta nola aldatu zen jakitea zuen helburu.  ‘El resultado de nuestro sondeo es desconsolador’, adierazi zuen ondorio gisa, euskararen atzera egitea atsedenik gabea zela ikusirik. Irigarairen laneko 17 herri eraman zituen Munibe aldizkarira. Denetan zen euskararen egoera gerra aurreko urteetan baino okerragoa. Horietako 11tan galdutzat eman daiteke gaur egun bertako hizkera.

 

El navarro Aingeru Irigaray, médico a la par que hombre de letras y eminente vascófilo (1899-1983), fue el autor del intento más destacado de determinar los límites del euskera en Navarra que vio la primera mitad del siglo XX. La ‘Noticia del Estado Lingüístico de Navarra en 1935’, apenas dada a conocer antes del estallido de la Guerra Civil y que no vio la luz convenientemente sino dos décadas después, recoge una encuesta realizada a lo largo de más de un centenar de localidades del viejo reino desde Ciordia hasta Roncal, mediante la cual Irigaray pretendió fijar la frontera meridional de las hablas vascas de Navarra por aquel entonces, conocer los cambios operados en dicha frontera desde los estudios del príncipe Bonaparte, explorar la situación real de conocimiento y uso del idioma en aquella zona límite y -según sus propias palabras- ‘sentar las bases de un estudio geográfico lingüístico más exacto’. Los resultados del esfuerzo de Irigaray, de gran valor para el lector interesado, muestran el imparable retroceso al que se encontraba sometido el euskera hacia 1935 en los valles de Arakil, Iza, Juslapeña, Odieta, Olaibar, Esteribar, Arriasgoiti, Arce, Salazar o Roncal, entre otros.

 

 


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1970

Yrizar

Pedro de Yrizar

Duela berrogei bat urte bi ikerlari ezberdinek, zeinek bere aldetik, Nafarroako euskal mintzoen mugei eta egoerari buruz emandako xehetasunak laburbiltzen ahaleginduko naiz sarrera honetan.

1970 inguruan eguneratu ahal izan ziren Nafarroako euskararen atzerakadari buruzko albisteak, aspaldiko urte haietan sakontasunez ikertu gabe zeudenak. Oso eite desberdineko ahalegin handi bana burutu zuten horretarako Jose María Sánchez Carrión Txepetxek eta Pedro de Yrizarrek.

TXEPETX 1970

Txepetxen 1972ko liburua

Txepetx gazteak, unibertsitate ikasketak Granadan hasi berriak zituela (18 urte eskas!), Nafarroa euskaraduna orraztu zuen 1970eko udan zehar, alderik alde, hizkuntza zein egoeratan zen ikusteko asmoz. Euskararen mugek ez ezik, bereziki kezkatu zuten Cartagenan jaiotako ikerle gaztea euskara eta erdararen arteko harreman desorekatuak eta hizkuntzaren atzerakada eragiten zuten arrazoiek. Herri askotan ibili eta makina bat berriemaileri galdetu ostean, Sánchez Carrionek ordura arteko euskal ikerketetan parekorik ez zuen liburu batean bildu zuen bere lana: 1972an Nafarroako Diputazioak argitara emandako El estado actual del vascuence en la provincia de Navarra (1970) delakoan. Ez da Nafarroako euskararen estatistika bilduma (datu ugari ere badituen arren); askoz ere gehiago du Nafarroan une hartan euskarak zuen arnasaren, edo arnasestuaren, kronikatik. Hurrengo hamarkadetan haien mintzoa galtzera zihoazen zenbait ibarretako agoniaren irudi goibela ere bada, tarteka. Txepetxentzat hizkuntzaren egoera zehatza ezagutzea, hura salbatzen hasteko lehendabiziko urratsa zen.

RSVAP

BRSVAP aldizkariaren ale bat

Ia aldi berean, euskararen alorrean ordurako hogei urte baino gehiagoko bidea egina zuen  beste ikerle handi batek, Pedro de Yrizar azkoitiarrak (1910-2004), asmoz eta izaeraz ere oso bestelakoa zen lan bat prestatu eta ezagutzera eman zuen: BRSVAPek 1973an argitaratutako Los dialectos y variedades de la Lengua Vasca. Estudio lingüístico-demográfico. Yrizarren xedea, oraindik ere erroldan oinarritutako datuak eta inkesta soziolinguistikoak pentsaezinak ziren urte haietan, euskal mintzoek beren orduko eremu barrenean zenbat hiztun zituzten zehazten ahalegintzea izan zen, oinarri gisa Bonaparteren sailkapena harturik. XX. mendean zehar ez zen ordura arte inor saiatu hutsune hura betetzen.

Ez ziren lan errazak, ez bata eta ez bestea, eta ez da harritzekoa zenbaitetan Txepetxen eta Yrizarren datuak guztiz bat ez etortzea. Txepetxek, bestalde, ez zituen euskararen hego-mugan euskara galtzear zuten zenbait eremu aztertu (Artzibar edo Txulapain, esaterako). Baina azken batean bi proiektuek osatu eta, blog honen gaiari dagokionez, Nafarroan euskarak bizi zuen egoeraren ikuspegi oparoa eskaini zuten bien artean.

Ikuspegi horren eta 1980rako Tellabidek eta Artolak emandakoaren arteko alderaketa eginda, 70eko hamarkada hartan Nafarroako euskararen hedadurak izandako galera ezagutzera hurbil gaitezke:

Erronkariko Uztarroze, Izaba eta Urtzainkin topatu zuen hiztun bakanen bat Txepetxek (azken bi herrietan, bana baino ez). Erronkari herrian azken euskaldun zaharra 1969an hila zen, 70eko hamarkadan zehar Urtzainki eta Izaban bertan gertatzera zihoan bezala.

Urtzainki

Urtzainki, Erronkariko euskararen hego-muga 1970ean. 1974an hil zen azken hiztuna

Zaraitzuri dagokionez Espartzan ezarri zuten bi ikerleek beren bilaketen muga. 60 urtetik gorakoak ziren zaraitzueradun guztiak, onenean ere. Bazen hegoalderago, Ibiztan, hiztunen bat behintzat (Koldo Artolak hainbat urte beranduago jakinarazi zuenez) baina 1970eko lan hauek ez zuten horrelakorik jaso.

Bat etorri ziren Sánchez Carrión eta Yrizar Aezkoako Ariben, Abaurrepean, Garaioan eta Orbaizetan euskara gainbehera zihoala esaterakoan -ez, ordea, Orbarako egoeran- eta herririk euskaldunenak Aria eta Abaurregaina zirela atera daiteke bien lanetatik. Abaurregainaz arduratu zen batez ere Txepetx, ‘prueba del extraordinario interés que nos despertó la situación lingüística de este pueblo, al que cabe calificarlo como uno de los últimos reductos del vasco en el Pirineo’. Herrikoen %50 jo zuen Txepetxek euskalduntzat. Yrizarrek, aldiz, %75. Euskaldunagoa bide zen Aria, dena den, haur euskaldunik ere topa baitzitekeen oraindik, nahiz eta ordurako zerabilten hizkuntza gaztelania omen zen.

Aezkoa hegoaldean den Urraulgoitin hiztunik ba ote zen jakiten ahalegindu zen Yrizar, alferrik. Ez askogatik: hogei urte eskas lehenago hildako urraulgoitiar euskaldun zenbaiten berri eman zuen 80ko hamarkadan Juan San Martinek. Hala ere, euskara haranean zuela 100 urte galdu zela eta azken hiztunak ere de los Municipios limítrofes izan omen zirela esan zion Urraulgo apaiz batek Yrizarri. Leku askotan euskara galdu eta handik gutxira aspaldiko gauzatzat hartu izanaren adierazgarri.

Txepetxek ez zuen ez Artzibar ez Orotz-Beteluko daturik bildu (Erroibarkorik ere, apenas), baina Yrizarrenak balia daitezke. 16 euskaldun zahar gelditzen omen ziren Artzibar haranean, Azparren-Uritz-Espotz lerrotik iparralderakoak denak. Orotz-Betelun, aldiz, 11. 70 urtetik gorakoak, nonbait, batzuk zein besteak.

Azparren

Artzibarko Azparren, Oroz-Betelutik Urraulgoitirako bidean.  Euskaldun zahar bakarra omen zuen 1970ean

Artzibartik hego-mendebalderantz dagoen Arriasgoiti ibartxoan alferrik ibili ziren Tellabide eta Artola (1980) bertako euskaraz mintzo zen norbait topatu nahirik. 1970ean ere kale egina zen Yrizar: Erroibarrera begira den Urrizelki herrian saiatu zen, baina fruiturik lortu gabe. Erroibarri buruz azkoitiarrak eman zituen albisteak, ordea, ez datoz bat 1980koekin. Yrizarrek ez zuen bertako hiztunik aurkitu ez Ardaitzen, ez Bizkarretan. Hamar urte beranduago, kostata izan arren, herri guztietan aurkitu zuten hiztunen bat.

Esteribarrerako, Ana Etxaide hizkuntzalari donostiarrak 1967an emandako albisteak zeuden, eta horiexek aipatu zituen Sánchez Carrionek, ekarpen berririk egin gabe. Yrizarrek berritu egin zituen herri gehienetako datuak, baina euskararen hego-mugako sei herrixkatan berak ere 67koak hartu zituen kontuan. Datu horien arabera, Larrasoañatik gorako herri guztietan gelditzen zen sikiera euskaldun zaharren bat, Zubirin izan ezik. Artzibarrera begira dagoen Errean ere hiru hiztun bizi ziren 60ko hamarkada hondarrean; ez, ordea, handik behera. Alferrikakoa iruditu zitzaion horregatik Yrizarri Egues haranean galdeketarik egitea eta galdutzat jo zuen hango mintzoa. Gogora ekarri behar da hala ere 80ko hamarkadan euskara oraindik guztiz ahaztu ez zuen Ilurdozko seme bat ezagutu zuela Koldo Artolak, eta Hego Esteribarko Ilurdotz Eguesko Egulbati baserritik kilometro pare batera baino ez dagoela.

Ollakarizketa

Txulapaingo Ollakarizketa herria, gaur egun.

Iruñerriko euskara hilzorian topatu zuen Yrizarrek. Olaibarko albiste lauso samar batzuk bildu zituen, gehiago zehaztu gabeko ‘alguno sabe hablar, 2 ó 3 a lo más en cada pueblo‘ edo. Herri horiek haranaren iparraldekoak izango zirela suposatu zuen: Beroitz, Zandio eta Osakain. Ezkabarten, bestalde, ez zuen euskaldunik aurkitu, eta Txepetxek berak Anotzen bakar bat ere ez zegoela idatzi zuen [duela gutxi aipatu nuen urte batzuk geroago Ezkabarte eta Olaibarko azken bi hiztunak izan bide zirenak eriden zituela Artolak Anotz eta Olaitzen; baina ez da dudarik 1970erako itolarrian zegoela bertako euskara ibar batean zein bestean]. Odietako Ostitz herrian ez omen zen euskaldunik gelditzen; bai ordea beste guztietan, euskara gero eta gibelerago zihoan arren. Eta Anueko Burutainen eta Etsainen hiztun oso bakar bat ere ez zen, Yrizarri adierazi ziotenaren arabera. Guztira, eta beti ere Azkoitikoari segika, 74 euskaldun zahar gelditzen ziren Anuen; beste 37 Odietan; 10 baino gutxiago Olaibarren. Eskuetako hatzekin konta daitezke berrogei urte beranduago bizi direnak.

Txulapain ere euskararen hegoaldeko azken muga zen 1970ean eta Txepetxek ez zuen bere bilketa lanean sartu. Bai ordea Yrizarrek, bertako euskararen gainbeheraren irudi argia emanez: los oriundos de Juslapeña de 80 años en adelante hablan correctamente el vascuence, adierazi zioten ikerle gipuzkoarrari. Haranean jaiotako hamazazpi aurkitu ahal izan zituen, Beltzuntze, Beorburu, Gartziriain, Markalain, Ollakarizketa, Osakar eta Usi herrietan. Nabazeko azkena 1967an zendu zela jakinarazi zion bertako apaizak. Arnas pittin bat gehiago bazuen artean iparralderago dagoen Atetz haraneko euskarak, nahiz eta ordurako pattalduta egon. Beuntza-Larrea eta Amalain guztiz erdaldunak ziren; oso makal zegoen euskara Eritze, Ziganda, Egillor eta Arostegin, nahiz eta azken horretan familia guztiz euskaldun bat gelditu; eta Beuntzan eta Berasainen besterik ez zekiten gehienek euskaraz. Baina bi hauetan ere galdua zuten haurrek eta gazte askok, eta  nabaria izan zen atzerakada 60ko hamarkadan zehar.

Euskaldunago zirauen Imotz ibarraren hegoaldeko Gulian Aginaga eta Zia ziren ordura arte euskarari nola edo hala eutsi zioten bakarrak. 60 urtetik gorakoek zekiten euskaraz Aginagan; Zian bazegoen gazteagoren bat ere. Desagertua da gaur egun bi herriotako mintzoa.

Arakil, duela berrogei urte gaur egun bezala, aspaldi erdalduntzen hasitako eremua zen. Ez Txepetxek, ez Pedro Yrizarrek ez zuten  Irurtzun hiriburua euskalduntzat jo. Ceutan hazitako hizkuntzalariak Etxarren, Etxeberri, Egiarreta, Ihabar eta Satrustegin aurkitu zituen Arakilgo euskara ezagutzen zuten gutxi batzuk. Yrizarren zerrendan Zuhatzu ere badago. Herri bakar batean ez omen zeuden zazpi hiztun baino gehiago. Gaur badakigu bazela oraindik euskaldun zaharrik Urritzola eta Ekai herrietan ere, bederen.

Olazti

Olaztin herritarren %5-7 jo zuten euskalduntzat Txepetxek eta Yrizarrek 1970ean

Handik ezker, Arabako mugaraino, bat dator ezinbestean Sánchez Carrionek eta Yrizarrek ezarritako muga hamar urte beranduago Tellabidek eta Artolak adierazitakoarekin: denek aurkitu zituzten hiztunak Irañetatik Ziordiara bitarteko leku guztietan. Aipatzekoa da nolanahi ere higatuta zegoela ordurako euskararen transmisioa Sakana eta Burundako herri askotxotan, gaur egungo egoera heterogeneoa eragin zuten hainbat dinamika abiatuta baitzeuden duela 40 urte. Hauek ezagutzeko ezin interesgarriagoa da Txepetxek eskualdeari eskaini zizkion orrialdeetako hausnarketak irakurtzea. Nik hemen laburzurrean baino ez ditut emango berak adierazitako zenbait datu, eta horretarako, gehiegi sinplifikatuz seguru asko, eskualdeko herriak lau multzo handitara eramango ditut:

1) Multzo batean, euskara egun galdua duten Altsasu, Olazti eta Ziordia daude. 1970erako oso atzeraka zihoan hiruretan; Ziordia doi-doi sartu zuen Txepetxek (Yrizarrek legez) euskararen eremuan.

2) Beste multzo batean, oraindik euskaldun kopuru handi(xko)a izan arren era batean edo bestean hizkuntzaren transmisio-eten garbia ageri zuten herriak sar daitezke. Aspaldikoak ziren eten batzuk: Uhartekoa, 1930 ingurukoa; Irañeta eta Iturmendikoa 1940an-edo hasia; 1945ekoa hor nonbait Bakaikukoa. 1970erako erdaldundutako herriak ziren hauek guztiak, gutxiago ala gehiago. Gaur egun itzaltzeko zorian dago herriotako euskara.

3) Gaztelania eta euskara lehian zireneko herriak, nor nagusituko. Lakuntza, Arruatzu eta Etxarri zeuden egoera horretan, baina ezin ziren hiru hauek ere zaku berean sartu. Lehendabiziko bietan kinka larrian zegoen euskararen transmisioa, eta haur nahiz gaztetxoak ziren erdaldunenak. Etxarrin egoera bitxiagoa antzeman zuen Sánchez Carrionek: el vascuence ha pervivido […] como lengua de lo tradicional, frente al castellano que ha representado la lengua de lo moderno. Etxarriko ikastola hasiberriak herriko euskararen iraupena begi baikorragoz ikustera eraman zuen Txepetx.

Txepetx

Sánchez Carrión

4) Azken multzoa herri euskaldunek osatu zutela esan daiteke: Arbizu, Urdiain eta Ergoien. Baina ikusi zuen alderik -eta ez txikirik- hauen artean ere: Urdiainen, adibidez, euskararen indarraren oinarrian kontzientzia linguistikoa antzeman zuen (lo único a nuestro juicio capaz de preservar la vida del vascuence), kontzientzia hura sendotzeko garrantzi handikoa izan zelarik apaizaren lana (Joxemari Satrustegi, 1964tik aurrera); Ergoienen, ostera, isolamendua eta bakardadea iruditu zitzaizkion euskararen sendotasunaren oinarriak, baina oinarri ahultzat zituen haiek urdiaindarrenen aldean. Zorionez, isolamendu hori ezinbestean apaltzeak ez du oraino Ergoiengo euskararen etorkizuna arriskuan jarri.

Laburbilduz, azpiko irudietan ageri da Yrizarren eta Sánchez Carrionen ahaleginak elkartuz 1970erako proposa daitekeen Nafarroako euskal mintzoen hego-muga, aurreko sarreretan agertatutako beste muga berriagoekin batera. Bi ikerleen lanak aintzat hartuz, eta hutsuneak hutsune, honako hau litzateke hamarkada hartan euskara zeharo galdu zuten herrien zerrenda: Urtzainki eta Izaba (Erronkari), Saragueta (Artzibar), Illarratz eta Setoain (Esteribar), Beltzuntze, Markalain, Gartziriain eta Ollakarizketa (Txulapain), Etxeberri, Zuhatzu eta Etxarren Arakil), eta Olaibarko Beroitz, Zandio eta Osakain -azken hiru hauek dudazkoagoak, Yrizarrek jasotako datuak guztiz zehatzak izan ez zirenez-.

Las valiosas aportaciones de Jose María Sánchez Carrión (1972) y Pedro de Yrizar (1973) nos permiten tener un conocimiento más que aproximado de la situación de las hablas vascas de Navarra a principios de la década de los 70 y del punto en que se encontraba su retroceso. En esta entrada he procurado resumir dicha situación, comparándola con los datos de la década de los 80 y los límites actuales ya mencionados en este blog. De los dos estudios comentados sobre estas líneas se desprende que hacia 1970 el euskera autóctono agonizaba en los valles de Roncal, Arce, Olaibar, Ezkabarte, Juslapeña, Gulina y Arakil, así como en el extremo occidental de la Burunda entre Alsasua y Ciordia; retrocedía a gran velocidad en Salazar, Aezkoa, Erro, Esteribar, Anué, Odieta, Atez, Irañeta, Huarte-Arakil, Bakaiku o Iturmendi; y se podía dar por desaparecido en Urraul Alto, Arriasgoiti o Egüés. Todo ello se recoge en los mapas que acompañan a estas líneas.

Nafarroa 2013-1970 a

 

 

 

 

 

Nafarroa 2013-1970 b

 

 

 

 

 

Arakil 2013-1970

Arakil ingurua. 2013: urdinez. 1980: gorriz. 1970: berdez.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Txulapain 2013-1970

Txulapain-Olaibar lerroa. 2013: urdinez. 1980: gorriz. 1970: berdez.


Nafarroako euskal mintzoen mugak: 1980

Nafarroako euskal mintzoen egungo hego-mugak zein diren zehazten saiatu eta gero, historian atzeraka joanda beste zenbait unetan egindako ahaleginak ekarriko ditut hona, Nafarroako euskalki eta hizkerek izandako atzerakadaren ikuspegi orokorragoa eman nahirik.

Koldo Artola

K. Artola

Gaur, Arantzadi Elkarteko Etnografia Saileko Josu Tellabidek eta Koldo Artolak 1980ko egoera azalduz jakitera eman zuten lana aipatuko dut. Euskal Herri osoko mugak aztertu zituzten bi ikerlariek, eta aurkitutakoa Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoaren (EAEL) bigarren liburukian eta FLV aldizkariaren 56. alean (1990) eman zuten argitara, nik dakidala behintzat.

EAEL

1990an eman ziren argitara 1980ko datuak EAELan eta FLVen.

2013rako nik erabili nahi izan dudan irizpidea izan zen Tellabidek eta Artolak aintzat hartu zutena. Alegia, beraien hitzak hona ekarriz ‘bertako euskaldun bakarren bat aurkitu dugun lekuan euskalduntzat jo dugu leku hori, zeren egoera hau erreala ez bada ere ezin baitaiteke esan herri hori euskaldun ez denik…harik eta hantxe, bertan sorturiko azken euskaldunaren arnasa guztiz itzaltzen ez den arte’. Hori horrela izanik, beraiek markatutakoa bertako euskararen azken muga dela esan daiteke, eta 2013ko datuekin alderatzeko eta azken hiru hamarkadetako galera zehazteko oso baliagarria dela esango nuke. Bestalde, eta 1980 inguruko informazioa hainbat urte beranduago ezagutarazi zutelako, 80ko hamarkadan zehar bertako euskaldun zaharrik gabe gelditutako herri batzuei buruzko datuak ere gehitu zituzten.

Bizkaitik Zuberoara, mendebaldetik ekialdera beraz, zehaztu zuten muga Arantzadiko ikerleek. Haiek esandakoa atzekoz aurrera azalduko dut nik, Pirinio aldetik Arabako mugarantz eginez, neronek aurrez emandako datuekin errazago konparatze aldera.

ERRONKARI. Ezaguna da erronkarieraz mintzo zen azken hiztuna, Fidela Bernat, 1991n hil zela. Uztarroztarra zen bera, azken hiztun gehienak bezala. 1980rako ez zen euskaldunik gainerako herrietan; Tellabidek eta Artolak haien lanean bertan adierazi zutenez, 1976an hil zen Izabako azken euskaldun zaharra, eta 1975ean Urtzainkikoa. Horrenbestez, Uztarrozen baino ezin zitekeen euskaldunik aurkitu. Bernat andereaz gain, Artolarekin euskarazko eskutitz harremana ere izan zuen Doroteo de Miguel jauna behintzat bizi zen artean.

ZARAITZU. Haranaren iparraldeko herri guztietan aurkitu zuten euskaldunik, Itzaltzun izan ezik. Bertako euskara XXI. mendearen mugan galdutako Otsagin, Eaurtan, Ezkarotzen, Orontzen eta Espartzan ez ezik, Ibiztan ere bazen oraindik euskal hiztun bat: 1899an jaiotako Felipa de Carlos anderea, 1981ean Artolak elkarrizketatutakoa eta handik gutxira hildakoa.

Uztarroze

Uztarroze, 80ko hamarkadako euskara nafarraren ekialde-muga.

AEZKOAN ez zuten adierazi euskaldun zaharrik gabeko herririk topatu zutenik, ezagutzaren beheko muturrean Aribe, Garaioa eta Abaurrepea zeudela argitu zuten arren. Hiruotan bada urte zenbait ez dela bertako euskararen lekukorik. ERROIBAR aldean ere, asko ahaleginduta, herri guztietan aurkitu zuten euskaldun zaharren bat bederen. Gaur ez da haran osoan dozena erdirik ere biltzen ahal.

ARTZIBAR ibarrean egunez egun ari zen euskara desagertzen 80ko hamarkada hartan. Artzibarko euskararen lekukotasuna ez galtzeko Artolak berak sarritan elkarrizketatutako hiztun gutxi batzuk besterik ez ziren bizi. Oroz Betelurekin batera, beste zortzi herrixka euskaldun aipatu zituzten Artolak eta Tellabidek, Saragueta edo Sauta ez haranaren ipar aldeko gainerako beste guztiak: Lusarreta, Hiriberri, Arrieta, Imizkotz, Urdirotz, Uritz, Espotz eta Azparren. Koldo Artolak berak egin zuen hasiera-hasierako grabaketa-saioetako bat 1971n Hiriberrin burututakoa izan zen. Saio hartan topatutako euskaldunik gazteena (51 urteko Soledad Arbonies) da egun Artzibarko mintzoaren azken katebegia. ESTERIBAR egoera bertsuan zegoen 1980an: haranaren erdiak baino gehiagok euskalkia galduta. Zubirin, nonbait, ez zen ordurako euskaldunik; Zubiritik beherako bost herrixka aipatu zituzten Arantzadikoek: Inbuluzketa [azken hiztuna, Apolinaria Egozkue, 1982an hil zelarik], Osteritz, Urdaitz, Ezkirotz eta dexente beherago, Eguesko mugan dagoen Ilurdotz. Aipatua dut dagoeneko blog honetan Koldo Artolak ezustean aurkitutako Joaquin Garrues ilurdoztarra, 1988an hildakoa, bere apalean Esteribarko hegoaldeko hizkerari buruzko informazio-iturri baliotsua izan zena.

ANUEko herri guztiek zuten artean euskaldunik, ‘euskara gehienik iraunarazi duten herrixkak‘ Arizu, Leazkue eta Etulain omen zirelarik. 30 urte beranduago bazen oraindik hondar hiztunen bat hiru horietan (Aritzun batez ere) baina Anueko euskara gainbehera doa, ODIETAkoa bezala. 1980an Ostiz zen guztiz erdaldundutako herri bakarra. Gainerako guztietan bizi zen oraindik euskaldun zaharrik, ‘hau gero eta bakanago gertatuz joan arren‘. 33 urte beranduago, bi hiztun baino  ez ditu Odietako hizkerak.

Olaitz

15 km eskas daude Iruñetik 80ko hamarkadan euskara guztiz galdu ez zuen Olaitzera.

Iruñerriko EZKABARTE eta OLAIBAR haranetan hondar euskal hiztun bana aurkitu ahal izan zituzten, inoiz edo behin -olaibartarraren kasuan doi-doi baino ez, egia esan- mintzarazi ditugunak. Ibarrotako azken hiztun horiek Ezkabarteko Celedonia Zenoz anoztarra (1908an jaioa) eta Olaibarko Jose Maria Makirriain olaiztarra (1888-1986) ziren.

Gaur egun euskarari doi-doi eusten dion ATETZen, Anuen edo Erroibarren bezalatsu, ez zen euskaldun zaharrik gabeko herririk. Erize muga-mugan zegoela iradoki zuten dena den 1980ko lanaren egileek.

Usi

Usi herria. Bertako Urbana Aginagaren ahotik jaso zuen Koldo Artolak Txulapaingo mintzoa.

Atetzen hegoaldean dago TXULAPAIN, gaztelaniaz Juslapeña esaten diogun dermioa. Galbidean zuen euskara: haranaren iparraldeko lau herrietatik hirutan baino ez bide zegoen hango mintzoa gorde zuenik: Otsakarren, Usin eta Beorburun. Otsakarko azken hiztun hori 1902an jaiotako Fermina Goldaratz izan zen. Euskaraz ongiska defendatzen zen, ez guztiz aise; baina hurrengo belaunaldikoek hitz solteak baino ez zituzten ikasi. Usiko Urbana Aginaga, aldiz, euskaldun oso-osoa izan omen zen (euskara gaztelera baino aiseago erabiltzen zuena) eta 1982an hil zen, 91 urteak beteta. Hauxe izan zen seguru asko Beorburun sortu ez zen azken euskaldun oso txulapaindarra. Izan ere, Beorburuk eutsi zion azkenik euskarari; hamarkada hasieran dozena erdi bat euskaldun zahar bizi ziren.

GULIA. Itza zendearekin bat eginda dago egun antzinako Gulia harana. Herri guztietan jaiotako euskaldun gutxi batzuen berri jakin zuten Tellabidek eta Artolak, salbuespen bakarra Sarasate izan zelarik.

ARAKIL. Duela gutxi blog honetan aipatu bezala, 80ko eta 90eko hamarkadan egin zuen bertako hizkerarenak Arakil ibarreko herri askotan. Urritzola da asko jota orduan eta orain (ezin apalago bada ere) euskalduntzat jo genezakeen bakarra. Gainerakoan, 1980ko lanaren egileek Irurtzun, Egiarreta, Ekai, Satrustegi, Ihabar eta XXI. menderako hustu den Murginduetan besterik ezin izan zuten bermatu euskaldun zaharrik gelditzea, nahiz eta ez ziren ausartu beste herrietan inolako hiztunik ez zela ziurtatzen.  Gaur egun jasotako datuen arabera, Etxarrenen behintzat baten bat gelditzen zela ematen du.

SAKANA-BURUNDAN, Irañetatik Urdiainera bitarteko eremuan bat egiten dute 1980an adierazitako mugak eta gaur egungoak, horien hegoaldean dagoen Urbasak aspaldi honetan ezarritako hizkuntza-hesia baliaturik. Baina hesi hori ere ez da betirakoa, ikusi dugunez. Batetik, 1980rako bertako euskarari zegokionean makaltxo zebilen hainbat herritan euskalkia kinka larrian edo galtzear dagoelako orain; eta, bestetik, Arakiletik datorrenarekin batera mendebaldetik ekialderantz ere badabilen galera-haizeak eraman dituelako duela hogeita hamar urte oraindik euskalduntzat jo zitezkeen Ziordia (larri-larri), Olazti edo Altsasu.

Orduko egoera eta gaurkoa ondorengo bi irudietan laburbildu dut. Marra gorria da 1980 inguruko muga irudikatzen duena; urdina 2013koari dagokio.

 2013-1980 Mendebaldekoa

 

 

 

 

2013-1980 Ekialdea

Quiero iniciar hoy una serie de entradas en las que detallar el proceso de retroceso histórico del euskera y desaparición de los dialectos vascos de Navarra, a través de la comparación de la situación actual apuntada recientemente en el blog con los datos extraídos de estudios llevados a cabo anteriormente o fuentes históricas que proporcionan información de etapas más tempranas de dicho proceso. En esta ocasión he resumido los datos que Josu Tellabide y Koldo Artola, miembros de la Sociedad de Ciencias Aranzadi, recogieron en 1980 sobre los límites meridionales de las hablas vascas en Navarra. Los mapas resultantes de la comparación (sobre estas líneas) muestran claramente que durante las tres últimas décadas se ha terminado de extinguir irremediablemente el habla propia de los valles de Roncal, Salazar, Arce, Olaibar, Ezkabarte, Juslapeña, Gulina y Arakil, en tanto que el retroceso en Aezkoa, Erro, Esteribar, Anué, Odieta, Ultzama, Atez o en la Burunda es tan diáfano y evidente como lamentable, en la medida en que supone la pérdida de un bien cultural consustancial al territorio navarro y al conjunto de sus habitantes.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2020(e)ko apirila
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12345
    6789101112
    13141516171819
    20212223242526
    27282930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu