Hizkuntzaren argazkiak

Zehaztasun beharrari, esker onez

burgui-web

Almadia Burgi herrian

Erronkariko euskarak utzi digun ganorazko arrastorik zaharrena XVI. mendekoa da; ez zaigu ordea prediku edota doktrina baten bidez heldu; halakoak (predikuak bereziki) nekez izan ohi dira hain aspaldikoak. Sorginkeriaren inguruko auzi batek eragin zuen euskararen agerpen idatzi goiztiar hura. Hiru belaunaldi ezberdinetako beste hainbeste andrazko burgiar salatu zituzten 1569ko udan, eta Iruñera joanarazi, lau eguneko bidaia neketsua eginarazita: hirurogei bat urteko Maria Gracieta izeneko bat, Maria Garat edo Garate alaba, eta baita zortzi bat urteko Gracieta bilobatxoa ere. Gotzaitegiko kartzelara eramanik bikario nagusiaren aurrean hitz egin behar izan zuten, en vulgar bascuence de la tierra eta itzultzailea lagun zutela, jakina, beste euskararik ez beste hizkuntzarik jakin ez-eta. Pedro Lekunberri apaiza ere harrapatu zuen bekatua edonon ikusten zuen ezjakintasunaren atzapar luzeak.

Esan gabe doa atzapar horrentzat berebiziko garrantzia zuela sorginkeriatzat har zitekeen edozein jokabide zorroztasun handiz deskribatzeak, bekatu ote zen erabakiko bazen; eta jokabide hori ahozko adierazpena izanez gero, funtsezkoa zela inork esandako hura hitzez hitz eta jatorrizko hizkuntzan ematea. Horri esker jaso zituzten 1569ko prozesu hartan —lekuko baten baino gehiagoren ahotan jaso ere— Maria amak Jainkoaz arnegatzeko esan omen zituen euskarazko hitzak: aurrac arnega eçaçuey Jangueycoaz eta andredonamariaz eta Saintu eta Sainta guçuez eta aytaz eta amaz eta ascaçi guçuez.

Ez dira gutxi euskararekiko atxikimendutik hain urrun zegoen jakin-min hark Aro Modernoan zehar eragin zituen lekukotasun baliotsuak: sorginkeriaren ingurukoak, irainak, eta bestelako zenbait. Zorigaiztoko emakume erronkariar haiek ez bezala, beraz, zer edo zer zor diogu guk orduko pentsamolde hertsiari… baina gaurko gizakiok bezala ordukoek hainbat unetan sentitutako zehaztasun beharrari ere bai.  Hori izan nuen hizpide maiatz hasieran 31 eskutik blogean; hona hemen esteka, han esandakoak inork irakurri nahi izanez gero.

 


Ferminen oroitzapenak

IMG_20150103_102548

Ibiztako euskararen azken pausagunea Pena etxea izan zen.

Mari Cruz Esarte, Salvador Carrica, Javiera Urralburu, Teofilo Eseberri, Felipa Azcoiti, Sabino Recalde, Antonia García, Lucas Semberoiz… azken hogei urteotan hildako hauek guztiak eta beste hainbat izan dira Zaraitzuko euskararen hondar lekuko balekoak, mende askotako kate luzearen azken katebegiak. Iñaki Caminok, Koldo Artolak eta beste zenbait ikertzailek Espartzan eta handik goitiko herrietan (Orontzen, Jaurrietan, Otsagabian…) bildu ahal izan zituzten, doi-doia batzuetan, alde egin zigutenean Zaraitzu ibarreko euskara haiekin batera eraman zutenen lekukotasun baliotsuak; herri haietako euskaldunen berri eman zuten Sánchez Carriónek eta Irizarrek ere 70eko hamarkadaren hasieran. Artola bera Espartzatik Zaraitzu ugaldean behera dagoen Ibizta herriko Felipa de Carlos anderearen euskara entzutera iritsi zen, nahiz eta, zoritxarrez, grabatzeko aukerarik ez eta idatziz hartutako oharrak besterik ezin izan zituen jaso.

IMG_20150103_153657

Igariko Onko etxea, 2015eko urtarrilean.

Izan zen ordea euskaldunik haratago, Zaraitzu hegoaldeko herrietan; eta ez horren aspaldi. Hain da hori horrela non aurkitu baitaiteke oraindik, Ibiztan eta handik beheiti, inguru hartako azken euskaldunen eta haien mintzoaren oihartzuna. Ez mendien izenetan edo antzinako paperetan bakarrik; egungo biztanle batzuen gogoan ere bai.

Fermin da euskara ikasi ez, baina euskara entzutera heldu zen bizilagun haietako bat; aiton-amonen belaunaldiarekin agortutako hizkuntzak utzi dizkion oroitzapenez aritu naiz aste honetan 31 eskutik blogean.

Han esandakoak irakurri nahi badituzue, hemen duzue esteka.

 


Hizkuntzaren argazkiak: Oraiengo Gregoria

13610vga-01orayenlarumbeiza

Oraien (Larunbe, Itza) gaur egun.

Gregoria Baraibar anderea —Gulibarko Larunben jaiotako azken euskaldun zaharra izan zena— hartu dut ahotan 31 eskutik blogerako abenduan idatzi dudan artikuluan. Udalerri beregaina izan zen Gulibar, baina 1943an Itza zendearekin egin zuen bat; galtzeko bidean zen ordurako euskara hango herri eta auzuneetan, haietako batzuetan besteetan baino gehiago. Galera-prozesu horietan (eta ez orduan bakarrik) gizakiak hizkuntza dela-eta agertu ohi dituen jarrerei buruzko gogoeta eragin zidaten Gregoria zenak eta hark umetan bizi izandakoak, eta hausnartutakoa blog honetara ere nahi izan dut ekarri.

Artikulua irakurri nahi izanez gero, egin klik hemen.

eizie


Hizkuntzaren argazkiak: Ezkaroze, 1782

Ezkaroze

XVI. mendekoa da Ezkarozeko San Roman eliza (iturria: aitonaknavarra.blogspot.com.es)

XVIII. mendetik aurrerako haizeek ekarri zuten gure ingurura gutxieneko eskola-heziketa haurtxo gehienengana eramaten hasteko ahalegina; gaurko hezkuntza publikoaren oinarri batzuk orduko lehen ahalegin xumeen seme-alaba dira. Ez euskarazko hezkuntzarenak, tamalez: euskara alferrikako eta are etsai sentitu zuen duela bi mendeko eskola-sistema hark, eta gaztelania ez ezik sarritan barreiatu zituen maisu-maistra erdaldun hutsak ere ordura arte euskarari eutsi baina handik harat hizkuntza-galeraren zurrunbiloan amiltzen hasi ziren Nafarroako herri askotan.

Gai horretaz aritu naiz duela egun gutxi EIZIEren 31 eskutik blogean argitaratu den ‘Herriko maisua, eta euskalduna‘ izeneko artikulutxoan.

Gustu baduzue, azpiko irudian klik eginez jo dezakezue bertan idatzitakora.

31 eskutik


‘Et alegraçaytec ongui’: bi euskaldun Karlos erregearen gortean

Carlos_III_el_Noble_en_Pamplona--2

Karlos III.aren irudia. Iruñea.

Orain dela sei mende Evreux etxeko Karlos III.a zen Nafarroako errege. Prestua ezizenez -izen bereko Gaiztoaren seme-, Iruñeko katedral gotikoa eraikitzen lagundu eta Erriberriko jauregia zabaldu zuen hura Nafarroatik urrun jaioa zen, Frantzia iparraldeko Mantes-la-Jolie herrian. Frantsesa zuen beraz ama-hizkuntza; XIV. mendeko agirietan Ydiomate gallicanum esaten ziotena.

1390eko otsailean Iruñean koroatu zutenean, latinez idatzi zituzten ospakizunari zegozkion agiriak, baina errege gaztearen zin-egiterako formula in ydiomate Navarre terre irakurri omen zuten. Nafar erromantzez, alegia. Hain ezaguna delarik Antso Jakitunaren garaiko ‘Lingua Navarrorum’ hura (1167), galdera egin diezaioke baten batek bere buruari: zergatik Lingua Navarrorum-etik Ydiomate Navarre terre-rako jauzia? XII. mendean euskara nafarren hizkuntza izendatu, eta XIV.enean erromantzea zen nafar lurraldearen mintzaira? Hainbeste aldatu ote zen hizkuntza-egoera bi mendetan, edo horrenbeste ahuldu ote zen euskara?

1167ko lekukotasunari dagokionez, ez da egia inon ere ‘Lingua Vasconum, lingua navarrorum est’ idatzi zenik, are gutxiago Antso erregeak berak horrelakorik idatzi zuenik. Pasarte ezagun hori Iruñeko apezpikuaren eta Bela izeneko konte baten arteko akordioari dagokio eta zatirik interesgarrienak honako hau dio: Orti Lehoarriç faciet ut lingua Nauarrorum dicitur unamaiçter eta Aceari Umea faciet buruçagui quem uoluerit. Alegia, agirian adostutakoaren arabera Orti Lehoarriz izeneko batek eta Azeari Umea zeritzon beste norbaitek unamaizter (=unai maizter; artzain buru) eta buruzagi bana izendatu behar zituzten. ‘Ut lingua Nauarrorum dicitur’ horrek harreman zuzenean jartzen ditu ‘nafar’ kontzeptua eta euskarazko hitzak, ‘nafarren hizkuntzan esaten den bezala’ baita bere esanahia. Nafarrek beraien hizkuntzan buruzagi ziotela, alegia. Erdi Aroko beste lekukotasun batzuek erakusten dutenaren ildo beretik, ‘nafar’ eta ‘euskaldun’ ari zaigu elkartzen testua. Baina ez da horregatik ulertu behar gaurko Nafarroa osoa euskalduna zenik: XII. mendera arte musulmandarren esku egon zen Erribera aldean, adibidez, nafar deitzen zieten Iruñe aldetik-edo etortzen zitzaizkienei; arrotzak ziren haientzat. Beraz, 1167ko lingua navarrorum euskara izendatzeko modua da, eta nafar = euskaldun elkartzen ditu, Iruñe inguruko oso lurralde zabalean herri xehearen mintzaira (ia) bakarra izango zela iradokiz; baina ez digu adierazten egungo Nafarroa osoan euskaraz aritzen zirenik.

Forua

Nafarroako Foruko 20tik gora euskal hitz eta esapide aipatu zituen Koldo Mitxelenak

XII. mendean Nafarroa gehienean nagusi bai, baina euskara hura ez omen zen boterearen eta ofizialtasunaren hizkuntza; are gutxiago agirietan erabiltzekoa. Idatzirako, XII. mendean oraindik gazte samarra zen nafar erromantzeak hartu zien aurre XIV.enerako beste hizkuntza batzuei (latinari, okzitanierari). Eta erromantze hura Nafarroan sortutako hizkuntza izanik, ez da harritzekoa 1390eko koroatze-ospakizunean latinarekin batera erabilitako mintzaira izatea. Erresuman sortua zen, elite agintariak beretua zuen, eta herri xehearen euskarari nekez aitortuko zioten solemnitatea eta balio idatzia ezagutzen zioten, nonbait. Erregea nola koroatzen zuten ikustera goi-mailako bisitari kanpotar asko bertaraturik, pentsaezina izango zen egun berezi hartan eta hura gogora ekarri behar zuten agirietan euskaraz baliatzea; frantsesa eta latinarekin batera ekitaldi hartan agertzeko bezain jasotzat zuten etxeko hizkuntza, erromantzea besterik ezin zen izan. 1167ko Lingua navarrorumek adierazten ez duen bezala Nafarroa osoa euskalduna zenik, 1390eko Ydiomate Navarre terre-k ez du esan nahi erromantzeak euskara ordezkatu zuenik, erabilera jaso hartarako egoki zeritzoten hizkuntza nafarra hura zela baizik. 1400. urtean, 1200.ean bezala, Nafarroako zati handi batean herri-hizkuntza bakarra izango zen noski euskara. Horixe gogorarazten digu XIII. mendeko Nafarroako Foruak ere. Erromantzez idatzita dago, baina euskaraz mintzo ohi zen gizarte baten araubidea zenez hainbatetan azaleratu zen euskara hura, zergen izenetan adibidez: Ay una pecha que es clamada açaguerrico en basquenz (…) Hay otra pecha que es clamada alfonsadera. en basquenz ozterate

Nolanahi ere, 1390eko koroatzearen lekukotasuna kontuan harturik pentsa genezake euskarak, herritar xeheen hizkuntza izate beragatik beharbada, ez zuela inolako lekurik izango ez Iruñeko gortean, ez goi-karguen artean. Errege atzerritarraren inguruko botereguneek ere zeharo arrotz izango zutela. Horrela al zen?

Iruñeko katedrala

Iruñeko katedrala

Hurbil gaitezen XV. mende hasierara gortean euskara arrotza zen ala ez ikusteko.

Urte haietan Nafarroako funtzionario nagusietako bi Martin de San Martin eta Machin de Çalua (Zalba) ziren. Idazkaria zen lehendabizikoa, diruzaina bigarrena: Zalbakoak errege-etxearen gastu eta diru-sartzeak zaintzen zituen. Ez ziren lankide hutsak; estua ematen du elkarren arteko harremanak, karguak eragindako betebeharrez haraindikoa. 1415eko egun batez gutuna idatzi zion San Martin idazkariak diruzainari. Donibane Garazikoek ordaindu beharreko diru-kantitate bat zenbatekoa zen jakin nahi zuen; eta bide batez eskutitzaren hartzailea oturuntzaren batera joatekoa ote zen galdetu ere bai. Ez zen beraz komunikazio formal hutsa. Erromantzeaz baliatu zen San Martin…

Machin seynnor: supplico vos que me imbiedes por escripto quoanta es la gracia que los de Sant Johan han de la imposicion (…) Et me inbiat a dizier si beares al conbit o non.

Et todo vuestro, Martin

de San Martin

…baina galdera ‘teknikoa’ egin ostean, eta bien artean zegoen harremanaren adierazgarri beharbada, idazki formaletan nekez aurkituko dugun hizkuntzaz baliatu zen hartzailea agurtzeko:

Et jaunatiçula egun hon.

Idazkariaren galdera ez ezik, Machin de Zalbaren erantzuna ere gorde zuen erregistro-liburuan esku anonimoren batek (zorionez!). Diruzainak lanbideaz kanpoko gaiei heldu zien aurrenik, gonbitean izango ez zela erantzunez eta Miguel Papon eta Peyre de Tors izeneko bi lagun aipatuz (azken hau, gorteko auzitegiko notario nonbait, gozotasun handirik gabe):

Seynnor maestre Martin. A commodo vos a Miguel Papon buen amic et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon baron que mal li se faga en el coillon et escusatme de conbit que non puedo ser, que huespedes tiengo…

Baina zatirik informalena osaturik, zertarako eta azalpen teknikoena eta lanbideari lotuena emateko, euskaraz segitu zuen erregearen diruzainak:

…Et jaunatiçula abarion eznayz bildur ezten alla. Et jaquiçu Done Johanne Garaçicoec dute graçia erregue baytaric hurtean yruroguey et amaui (amarr?) florin hurtean baytator sey florin et tercio bat ylean rebatiçera colectoreari (colectorean?) et alegraçaytec ongui.

Zure guçia, Machin

de Çalua

[oharra: testuak hainbat hitzi buruzko interpretazio bat baino gehiago izan du ezagutzera eman zutenetik; horren erakusgarri idatzi ditut parentesi artekoak]

1415 zalba

Machin Zalbakoaren erantzuna: Nafarroako Artxibo Orokorra, Diruzaintza-erregistroak, 339, 109. folioa, 1415.

Handia da kasualitateak iraunarazitako lerro hauen garrantzia: euskarazko eskutitz ezagunik zaharrena izateaz gain, eta hizkuntza-balio nabarmena duen antzinako lekukotasuna eskaintzearekin batera, agerian uzten dute erregegandik gertuko funtzionario bik normaltasun osoz baliatu zutela euskara testuinguru informalean… baina aldi berean kontsulta tekniko bati euskaraz erantzuteko lotsarik gabe.

Nongoak ote ziren, alabaina? Galdera guztiz kilikagarria da. Bi gizon hauei buruzko daturik ia ez dago, eta erantzunera hurbil gaitzakeen arrasto nagusia idatzi zutena da. Adituen ustez, finkatuta zeuden XV. menderako euskalkien banaketa modernoa eragin zuten aldaketa gehienak; atera daiteke beraz ondoriorik testuetatik, beren laburrean, eta hainbeste mende joan diren arren:

H batzuk badira, baina ez asko; ikerleen ustez ez ziren ahoskatuko (Johane bezalakoak kultismo hutsa dira), eta ez datoz bat gaur egun ahoskera horri eutsi dioten Iparraldeko eskualdeetako ohiturekin. Ez da harritzekoa; antza denez XV. menderako ez omen zen aspiraziorik entzuten Nafarroan. Galdua zen ordurako. H-ei begira, beraz, testua izan daiteke nafarra (Iparraldekoa ez); baina gehiago zehaztu ezinik.

Beste ezaugarri batzuek, aldiz, pixka bat zehatzago jokatzeko aukera ematen dutela dirudi:

Garacicoec hitzak, esaterako, egun batuan NORK pluralerako darabilgun –ek atzizki bera du (eta ez -ak). Dauden arrastoek erakusten dutenez, XV. menderako finkatuta zegoen Nafarroatik ezker -ak izatea atzizkia (gaur ere baden bezala) eta ekialderago, Nafarroan edo are sortalderago, -ek. Honen arabera hitz hori nekez egokituko zaio mendebaleko euskarari; nafarra da, gutxienez.

Ezten idatzi zuen Zalbakoak, bestalde. ‘Ez den’, alegia. Esanguratsua da aditz forma hori ere. Gaur egungo Gipuzkoan edo Bizkaian dan erabiltzen da (etorri dan mutilla, adibidez). Antzina ere bai; baina ez han bakarrik. Aspaldiko leku-izenek erakusten dutenez, Nafarroako mendebaldera iristen zen -a- horren esparrua: Araba ondoko Ameskoa eta Lana inguruan ohikoak dituzte -dana eta -dirana amaieradun toponimoak. Ameskoan zegoen, adibidez, Celayaren inçaurradana (1633). Ekialderago, Iruñerrian adibidez, ezberdina zen jokaera: Txulapaingoa da Arizcoadena leku-izena (1682). Zaila da gutuneko ezten horren jatorria Nafarroako mendebala izatea.

Gauza bera adierazi dezake eskutitzeko dute horrek: arrotz du adizkiak mendebaleko euskara (Arabatik gertu zegoen euskara nafarrari ere ez dagokio). Berankorragoa bada ere, Ameskoako Artatzako doktrina zatiak beste kolore bateko adizkiak dakartza: Norc amacedau Jangoycoa irakur daiteke bertan, esaterako.

Ematen du, beraz, oso litekeena dela diruzainaren euskara nafarra izatea, baina ez, aldi berean, Ameskoa-Lana inguruko euskara nafarra. Baytator edo baytaric bezalako beste hitz batzuek ez dute uste hori arriskuan jartzen, nahiz eta, beste alde batetik, deigarri samarra izan sartalde kutsua duen bildur agertzea (eta ez beldur).

Zalba2

Zalba, gaur egun

Esandako guztiaren osagarri, ezin interesgarriagoa da gutunaren idazlearen izena ere: Matxin Zalbakoa. Historian zehar, jabearen sorlekua gogorarazteko balio izan du sarritan abizen batek; herritik irten eta beste norabait egin ostean, bizileku berrikoek bertakoen artean desberdintzeko marka gisa-edo. Zalba herriska egungo Lizoainibarren dago, Zangozako merinaldean; euskalduna izan zen XX. mendera arte. Hipotesi hutsa izan arren, ez da erokeria pentsatzea Karlos III.arenaren diruzainaren arbasoak -edo hura bera?- Lizoainibarko herriskan jaio ahal izan zirela, eta beharbada Agoitz inguruko mintzoa isuri zuela 1415eko lerro urrun haietan.

Lizoainibar mapa2

Lizoainibar harana

Interesgarria izatearekin ere, garrantzitsuena ez da seguru asko San Martin eta Zalba nongoak ziren, baizik eta XV. mendean, errege dinastia erdaldun baten inguruko funtzionario hauek euskaldunak zirela, euskaraz egin ziotela elkarri, eta kontsulta tekniko baten erantzuna euskaraz idatzi izana. XX. mende amaieran bertan izan zelarik euskarari zientzia azaltzeko balioa aitortu ez zionik, on da jakitea bostehun urte lehenago Nafarroako erresumako diru-kontu batzuk naturaltasun osoz aipatu zituela euskaraz, eta idatziz, gai hartan nolanahikoa izango ez zen aditu batek.

Bakarrak izango al ziren, ordea, bere inguruan, bi gortesau euskaldun hauek? Guztiz bitxia da euskarazko testu zahar ezagunen artean horrelako bat. Egongo al ziren Martin de San Martin edota Machin de Zalba gehiago, kasualitatearen haizeak jo ez eta guregana heldu ez diren arren? Zilegi al da susmatzea errege kanpotarraren gortean euskara ez zela arrotza, eta euskarak, herri xehearen ahotan bezala, bazuela lekurik gizartearen goi mailan eta funtzionarioen artean ere?

Hala ematen du. Edo, Zalbakoaren hitzetan: eznayz beldur ezten alla.

P.D. Eskerrak eman nahi dizkiot Peio Monteanori, harekin izandako solasaldi batzuen ondorioz sortu zitzaidalako gai hau blogean aipatzeko asmoa, eta gai honen inguruan nirekin elkarbanatutako hausnarketengatik. Akatsak nireak baino ez dira.

erriberriko jauregiaEn 1415 dos importantes funcionarios del reino de Navarra -Martín de San Martín y Machín de Zalba, secretario y tesorero real, respectivamente- intercambiaron una breve correspondencia con motivo de una consulta de índole económica que el primero hizo al segundo. Una breve frase del de San Martín y la mitad de la respuesta del de Zalba fueron escritas en euskera, lo cual confiere gran importancia al documento. No solo por su valor lingüístico en sí mismo (se trata de las cartas en euskera más antiguas de las que se tiene noticia) sino por el rango social de los autores -lejos de los estereotipos que vinculan la lengua vasca exclusivamente a las clases más humildes- y por el nada desdeñable hecho de que fue precisamente la parte más técnica de la respuesta la que Machín de Zalba envió a su colega en euskera. Posiblemente la rareza del testimonio -único en su género y conservado por un capricho de la historia- no sea óbice para aventurar que en los círculos de la corte navarra de la época la lengua vasca bien pudo estar más presente de lo que la ausencia de otras pruebas parecería sugerir.

Sarrera honek  2. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du

KZJaia 2


Antzinako testuak: Ollo, 1743

Oso apala bada ere, XVIII. mendeko lekukotasun argitaragabea delako ekarri dut blogera gaurko hau.

Ollo

Olloko eliza

Ollo herriko bataiatuen 1. liburuan idatzita dagoen euskarazko esaldia da; ez da batere ohikoa parroki-liburuek horrelakorik ekartzea. Jaiotzak ohiko formula batzuei jarraituz biltzen zituzten erretoreek -gaztelaniaz, jakina- eta oso antzekoak izan ohi ziren sarrera guztiak. Ezer berezirik gertatu ezean nekez aldatzen zen aldez aurreko eskema.

Baina egoera berezi samarra sortu zen 1743ko urtarrilean, eta aipamena merezi izan zuen. Olloko Juan Jose Otxoak eta Juana Bautista Roncalek bikiak izan zituzten: bi neska. Ez ziren nonbait oso sendo munduratu: hiltzeko zorian antzeman zituen aitak. Alabak lehenbailehen bataiatu beharra sentitu zuen; baina ondoan apaizik ez, medikurik ere ez antza, eta laguntzeko-edo inguruan zegoen emakumeak horrelako egitekoetan gizona baino gutxiago zela bota zion aitari. Zer egin orduan? Juan Josek berak bataiatu zituen, ahal bezain ongi, abadearen bila joan baino lehen.

Joan Martin Irisarri zen Olloko abade ordu hartan. Aitari gertatutako guztia galdetzea zen bere betebeharra, haurtxoak ongi bataiatuta ote zeuden ziurtatzeko; halaxe egin zuen. Interes berezia izan zuen Irisarrik aitak erabilitako bataio-hitzak zehatz-mehatz jakiteko. Abadeak hitzez hitz esanarazi zizkion, eta baita parroki-liburuan apuntatu ere. Ezohiko egoera zenez, eta bataioa hain funtsezko sakramendua izanik, ongi lotu behar ziren hari-mutur guztiak. Horri esker ezagutzen dugu Olloko aitak estuasun une hartan errepikatu zuen formula. Hori bakarrik ez: Olloko biztanleek euskarazko formula horiek berezko zituztela ere iradokitzen digu gertatutakoak. Ez da datu hutsala.

Irisarrik bigarren aldiz eta sub conditione bataiatu zituen jaioberriak;  horrela egiten zen lehendabiziko bataioa guztiz zuzena izan ote zen argi ez zegoenean.

Nafarroako hizkuntzen arteko desoreka agerian uzten duen paradoxa da, azken batean, lekukotasun hau, beste hainbat bezala. Euskaraz gertatuko zen dena seguru asko: etxekoen elkarrizketak jaiotza-unean, bataio-hitzak, elizako otoitz-formulen transmisioa, aitaren eta apezaren arteko solasa. Baina gaztelaniaz idazten ziren agiriak, eta abadeak berak esandakoa ez zen zerbaiten zuzentasuna neurtu beharrak bakarrik bihurtu zuen aipagarri euskara bataio-agiri hartan. Guri lekukotasun polita eskainiz, batetik, baina aldi berean herritarren berezko hizkuntza zena dokumentuetan agertzearen ezohikotasuna azpimarratuz.

Lekukotasunaren albistea Olloko apaiz den Enrique Marturet jaunari zor diot. Bertako apez etxean daude egun herriko eliza-liburu zaharrak. Hona ekarri dudana Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan dagoen kopia da.

Ollo, 1743

Egin klik handitzeko

Hona hemen testuaren zatirik interesgarriena:

‘A veinte y ocho de Henero de mil setecientos quarenta y tres bautize Yo el Abbad infras[cri]to a Juliana Antonia, y Maria Antonia de Ochoa sub condicione hijas de un parto y legitimas de Juan Josseph Ochoa, y Juana Baptista de Roncal dueños dela Cassa llamada de Juanarena deeste lugar siendo Padrino Juan Antonio De Irissarri bezino de este Lugar, quien quedo advertido del parentesco y obligaciones de Padre espiritual, y el motivo de haver hecho Yo el bautizo o hechar la agua debajo de condicion fue porque alle     [= hallé] adichas criaturas avia bautizado su proprio Padre, quien me dijo haviendome llamado ami que creia se morian d[ic]has criaturas, y que aunque avia una muger presente no quiso admitir el bautizarlas diziendo, q[ue] era mas el hombre, que la muger y examinandole al d[ic]ho Padre como dijola forma y palabras, me respondio que fueron estas en idioma Vulgar: Nic bataiacen zaitut, Aitaren, eta Semearen, eta Espiritu Sanduaren izanean (sic) amen.’

El texto que acompaña a estas líneas pertenece al primer libro de bautizados de la parroquial de Santo Tomás, en Ollo. Es poco frecuente que este tipo de libros aporten testimonios del uso de la lengua vasca en su entorno, a pesar de que -como el propio ejemplo ilustra- el euskera era lengua absolutamente usual en el siglo XVIII (en realidad hasta mucho más adelante, como comenté aquí) en todo en valle de Ollo. El hecho de que Juan Josseph Ochoa bautizara él mismo a sus hijas recién nacidas al creerlas en peligro de muerte movió al abad Juan Martín de Irisarri a consignar literalmente la fórmula ‘en lengua vulgar’ de la que se valió el ollotarra, posiblemente la única que conocería para aquella situación.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko urria
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    3031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu