Idazleak

Benito Gil (1801-1870)

Arzubi, Adoaingobiden

Itzalle eta Adoain artean dagoen Adoaingobide eremuan, Tobo errekaren gainean, Arzubi izeneko zubia dago, adoaindarrek eta itzalletarrek izandako harremanaren erakusle (Pío Sarriesek helarazitako argazkia).

Pío Sarries itzalletarrak helarazi dit sarrera honetan ageri den lehendabiziko argazki hau, eta baita Itzalleri eta Adoaini buruzko hainbat xehetasun interesgarri ere. Eskerrak hari!

Asko dira (ezagutzen ditugunak baino gehiago, seguruenik) Nafarroako euskal idazle ahaztuak, edo ahaztu samarrak. Euskaraz idatzi eta hizkuntzaren lekukotasun baliotsuak utzi zizkigutelarik, lekukotasun horietatik landara (ia) guztiz ezezagunak direnak.

Blogean bertan aipatu ditut idazle haietako batzuk, orain arteko iluntasunetik atera beharra aldarrikatu nahirik: Mariano Erbiti, Juan Bautista Sanzberro, Juan Cruz Elizalde… baina zerrenda luzeagoa da.

Zerrenda horretan behar du agertu nire ustez gaur hona ekarri dudanak, idazle ahaztua ez ezik nahastua ere badelako. Hainbat faktorek egin dute bat Benito Gilen inguruko datu gutxi ezagutzeaz gain, orain arte genekien apurrak okerreko tokira begira jar gintzan. Merezi du beraz Nafarroako euskararen lekuko apal baina interesgarri honen biografia osatzea eta izena izanaz aberastea. Biografia osatzeko bide horretan gaur arte bildu ditudan albisteetako batzuk elkarbanatu nahi ditut hemen.

Arbaso zaraitzuarrak, Pardixerriko semea

Captura4

Hiruki itxurako honen erpin guztietan eta haren baitan geratzen diren herrietan bederen dokumentatuta dago Benito Gilen arrastoa. Urraulgoitikoak den-denak, Itzalle izan ezik.

Itzallerekin lotu ohi da Benito Gil Nafarroako euskal idazleen zerrendan, eta ez da okerreko lotura, nahiz eta (irudian ikusi bezala) errealitatearen ikuspegi herren samarra eskaintzen duen. Zaraitzuko hego-mendebaldean dago Itzalle, Urraulgoitira begira, eta Galozeko udalerria osatzen duten guneetako bat den arren, Gorzarekin izan omen zuten luzaroan harreman estuagoa itzalletarrek, eta ez Galozekoekin. Sartaldetik, aldiz, Urraulgoitiko Adoain du mugakide Itzallek. 1000 metrotik gorako tontorrak saihestu behar ditu bi herrien arteko bidea egin nahi duenak (bata zein bestea 700-800 metro artean daudelarik), baina arestiko Arzubik eta beste zenbait arrastok salatzen dute oraindik ere Adoaingoek eta Itzallekoek elkarren arteko komunikazioa bermatzeko agertu zuten borondate sendoa.

Sarrera honetara ekarri dudan abizena ez da arrotza inguru guztian. Aise dabil Zaraitzu-Urraulgoitietako parroki artxiboetan Gil deitura, han eta hemen zuen bizitasunaren seinale. Gaspar Gil, Juan eta Maria Ximenezen semea, XVII. mendearen amaieran jaio zen Itzallen. Adoaingo Columba Torrearekin ezkondu zenean hedatu zuen Orlagatu mendiaz bestaldean adar giltar hura.

IMG_20140906_170437

Adoaingo Perotx 2014ko irailean. Aterpea eta frontoia ditu gaur egun.

Adoain bereko zein inguruko osagaiez aberastu zen adarra. Gasparren seme Bautista, Benitoren aitona, Adoaingo alaba Maria Zazurekin esposatu zen eta horrelaxe sartu zen Gil abizena Perotx etxean. Bautistaren seme Juan Lopek, aldiz, Jakoistiko Francisca Tabar Cabodevilla hartu zuen emaztetzat, izan zituzten seme-alabei ezin etorki urrauldarragoa emanez. Seme-alaba haietan gazteena, Francisco Benito Gil Tabar, gerora euskararen lekuko idatzi bihurtutakoa, 1801eko martxoaren 20an jaio zen Perotxen bertan (Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa, 639-8, Adoain-San Esteban, Bataiatuen 1. liburua, 87. folioa) Eneko etxean sorturiko Esteban Marcuello baino zazpi urte lehenago. Horren herri ttipian eta jaiotetxeak bata bestetik metro gutxitara zeudela, izango zuten elkarren aditzea, seguruenik, Benito Gilek eta urteen joanean Aita Esteban Adoaingoa bihurtu zenak.

Ez litzateke nolanahiko datua Gil sorterrian hazi ote zen jakitea. Hala izango zen seguru asko, gurasoak Adoainen bertan hil zirelarik, baina ez dut oraingoz Benito haurra Perotx etxearekin lotzen duen albisterik topatu. Aita 1821ean zendu zen. Ordurako, seguru asko, 20 urteko gazte adoaindarrak hautatua izango zuen erlijio bokazioaren araberako bidea.

Itzalle Sn Vicente

Itzalleko San Vicente (argazkia: www.lebrelblanco.com)

1824an hartu zituen Gilek elizako lehen ordenak Iruñean, Uriz Lasaga gotzainak tontsuradun bihurtuta. Errenta berezirik ez ordea, eta elizgizon izatera heltzeko bidean zenbait ondasun eskuratzearren senideen laguntza izan zuen. 1825eko martxoan, Irunberriko eskribau Miguel Doncelen aurrean, hainbat jabetza eman zizkioten apaizgai adoaindarrari Aietxuko bi lehengusuk, Juan Carlos Cabodevillak eta Benita Zabaltzak. Borda bat, zenbait baratze, hainbat alor… 225 bat erregu-lur guztira. Ariketa atsegina da Gilek bereganatutako jabetzen kokapena adierazten duten toponimoetako batzuk irakurtzea: Ermiñekoerreka, Aurkastoia, Beltzoki, Ordokia, Zelaiapala  Iruñeko Elizbarrutiko urte haietako ordena-liburuan Patrimonialista oharra dute lagun Benito Gilen handik aurrerako aipamenek.

1827ko ekainean heldu zitzaion adoaindarrari apaizgintza. Bazekien ordurako non ekingo zion ebanjelizazio-lanari: apirilean hil zen Itzalleko abade izandako Miguel Francisco Pérez, eta Perotxeko semea aukeratu zuten itzalletarrek ordezko, atendiendo alas buenas qualidades q concurren en d(o)n Benito Gil. Zaraitzura jo zuen beraz urraulgoitiarrak, etxetik horren hurbil zuen San Vicente parrokiaren ardura hartzera.

Hogeita sei urteko apez gaztearentzat garrantzitsua izan bide zen ordura arteko ikasketa ibilbidean jasotako heziketa osatzea. 1828ko El párroco. Pláticas doctrinales y morales para todos los domingos y fiestas principales del año liburuaren harpidedun zerrendan ageri da. Orobat 1831n argitaratutako Diccionario Enciclopédico de Teología lan mamitsuaren lehen liburukiari dagokionez.

Gil

Benito Gilen doktrina Nafarroako Artxibo Orokorrean dago gaur. Artxiboari berari zor diot lehen orrialdearen argazki hau.

Oinarri teologikoa sendotzeko eta jai egunetako predikuetarako inspirazio gisa baliagarri zituzkeen erdal liburu horiek alferrikakoak izango ziren ordea kristau doktrina eliztar guzti-guztiei helarazi nahi izanez gero. Bonaparteren ikerketa urteetan, Gil Itzallera heldu eta berrogei bat urte beranduago, nagusi zen oraindik euskara herrian. 1865 inguruko Itzalle ez zen euskaldun elebakarra, baina, era berean, nekez moldatuko ziren ongi gaztelaniarekin 1827ko itzalletar guztiak, adinean gorago eta traketsago. Ez da gaur arte Benito Gilek idatzitako sermoirik agertu, ezin ziurtatu predikazio lanerako zein hizkuntzaz baliatu zen; baina doktrina irakasteari dagokionez behintzat, Itzallera heldu bezain laster ikusi behar izan zuen (lehendik aski ezaguna ez bazuen) Adoain erdaldunduagoan ez bezala herren ibiliko zela Itzallen gaztelania hutsean. Izan ere, ez zuen astirik galdu: 1827ko azarokoa da parroki liburuetan Gilek utzitako lehendabiziko sinadura, eta abendurako prest zuen sarrera hau eragin duen doktrina itzulpena:

Doctrina Uscaras Dn Benito Gil (sic) escrivituric vere governuaren daco. Yzallen Avenduaren amalaurgarrenean, urte mila zazpitan eun eta ogei eta zazpietan.

Zerk eraman ote zuen egilea lapsus calami hartara, alegia, zortzitan ordez zazpitan idaztera? Ondorengo lerroko zazpi horrek, edo auskalo zerk. Nolanahi ere, ez zen hanka sartze makala izan, luzaroan Gil XVIII. mendeko idazletzat hartzera eraman baitu. Baina Itzalleko abadeak ez zuen zazpitan eunik ezagutu, ez zen mende hartakoa, zaraitzuarra ere ez zen bezala.

Orlagatu

Orlagatu (1132 m.) Itzalletik hego-mendebaldera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com)

Adoain oso hurbil dago Zaraitzutik, lerro zuzenean lau kilometro eskas baino ez dira; malkartsua da bi herrien arteko igarobidea, bai, baina ez Aietxurakoa baino askoz okerragoa, esaterako. Orografiaren aldetik Zabaltzakoak, Ezkanizkoak edota Gindanokoak izango ziren behinolako adoaindarren auzorik gertuenak, baina autorik eta errepiderik gabeko bizimolde hartan ez zeudekeen, ausaz, Itzalle bera baino askoz eskurago. Adoain Pardixerriko sortalde muturrean egonik (eta euskara nafarraren eta zaraitzueraren arteko mugan gainera), nolakoa izango zen adoaindarren euskara? Urraulgoitiko mintzo garbia? Zaraitzueratik ere edango zuen? Ala Itzallekoak Urraulgoitikotik? Edota Adoain eta Itzalle, biak ala biak nor bere ibarrean bazter herriak, Zaraitzu eta Urraulgoitiko hizkeren arteko trantsiziogune izan ote zitezkeen? Ikergai interesgarria da nire ustez Itzalleko doktrina Gilen jatorriari buruzko xehetasun berriok kontuan izanik irakurtzea.

Mende laurdenetik gorako apaiz lana Urraulgoitin

Izan ere, ez du ematen Benito Gil Zaraitzu-Urraulgoitietako parrokietatik atera zenik. Itzallen etenik gabe sei urtez aritu ostean, 1833tik aurrera (Aita Esteban Adoaingoa Irurozkin hasi zen garai bertsuan, alegia) Pedro Pascual Palacios sartu zen abade San Vicenten. Hamabost urte beranduago Itzallera bueltatu zen Gil, baina urte haiek denak Urraulgoitin eman zituen antza; ez nolanahi ere parrokia bakar batean, baina bai, seguruenik, Adoain, Eparotz eta Aietxu biltzen dituen hirukiaren barreneko eremutik atera gabe. Urrauldarren debozioaren erdigune izan den Santa Feko priore ibili zen 1835eko desamortizazioaren inguruko une zailetan, 1840ra arte gutxienez; urte hartan bertan Aietxuko San Joan Bataiatzailearen parrokiko eliztarren arimak zaintzen ari zen. Eta aldi berean, 1839tik aitzin behintzat, jaioterrian ere bazebilen ordurako onenak emanda zegoen Francisco Gil osabari lagunduz eta, behin baino gehiagotan, agiriak abade ezinduaren partez sinatuz. 1841ean hil zen osaba, eta hura baino hilabete batzuk lehenago Benitoren ama Francisca ere bai, Adoainen bertan; amaren heriotz-agiria bere eskuaz idaztea egokitu zitzaion Perotxeko euskal idazleari.

Santa_Fe_de_Eparoz_Navarra-1024x575

Eparozko Santa Fe monastegiaren klaustroa (argazkia: turismo.navarra.com)

Hamarkada gehienean zehar Adoainen ez ezik Urraulgoitiko beste herri batzuetan ibili ostean, 1848ko ekainetik aurrera ageri da berriro ere Gilen arrastoa Itzalleko San Vicenteko liburuetan. 1849tik 1858ra iraun zuen bigarren egonaldi hark eta Juan Pedro Sanzek parrokia hartzearekin batera Zaraitzu betiko atzean utzi eta azken aldiz itzuli zen Gil bere ibarrera. Eparotzen ere ibili zen arren Imirizaldu eta Irurozkiko lanak bete zituen batik bat.

Hirurogeita lau urteak eginda, 1865eko abuztuan arduratu zen Benito Gil hilburukoa prestatzeaz, Irurozkin bertan, Irunberriko notario Francisco Oyarbideren aurrean (Nafarroako Artxibategi Orokorreko 5183 kaxa). Egun haietan Perotxeko etxejaun zen Gabriel Machin Gil iloba izendatu zuen apez urraulgoitiarrak oinordeko, eta jarraibide argiak eman ere bai, osaba hildakoan Machin ongi arduratu zedin egin beharrekoaz.

Irurozki San Adrian

Irurozkiko San Adrian eliza (iturria: www.lebrelblanco.com)

Ia urtebete beranduago, 1866ko udaberrian, ezohiko bisitaria igaro zen Urraulgoititik: Luis Luziano Bonapartek zeharkatu zuen ibarra Erronkarin ibili eta gero. Miguel Rodríguez Ferrerrek 1873an idatzi zuenez Aizpurgi eta Imirizaldun barrena irten zen Erronkaritik printzea Donibane Garazirako bidean. Han Gil topatu eta adoaindarrak berak emanik jasoko al zuen gure eskuetara heldu den doktrina?

Irurozkiko parroki liburuetan agerikoa da zenbateraino trakestu zen 1870ean zehar Benito Gilen sinadura dotorea. Jose Aguirre izeneko Idozingo patrimonialista bat izan zuen adoaindarrak lagun egun haietan; hogeita hamar urte lehenago osaba zaharraren makulu izandakoak ezinbestekoa zuen nonbait besteren laguntza. Abuztu-irailetan dardarti bihurtu zen Gilen letra. Ziur asko urtarriletik aurrerako oharrak ez ziren hark idatziak, laguntzaileak izkiriatu eta apaiz zaharrak sinatuak baizik. Irailaren 3an sinatu zuen azken aldiz. Aste batzuk beranduago, 1870eko urriaren 18an, eman zuen azken hatsa Benito Gilek Irurozkin; hirurogeita bederatzi urte zituen. Ordurako maldan behera zetorren Perotxeko haurtxo hutsa zenean etxean eta karrikan ikasitako Adoaingo euskara bera ere.

Urraulgoitiko apez zereginean euskaraz, ala gaztelaniaz?

Zein hizkuntza erabili ote zuen Benito Gilek Itzalletik kanpoko parroki lanetan? Kontuan hartu beharra dago euskara Captura2Urraulgoitin zeharo makaltzen ari zeneko garaian bizi izan zela adoaindarra. Gil Imirizaldu eta Irurozkin ibili zen urteetan Bonapartek jaso zituen albisteen arabera, guztiz erdaldunduta zeuden herri biak. Geldituko zen beharbada oraindik euskara arrasto apalen bat (Brocaren mapak bi herrion artean ezarri zuen euskararen azken muga garai bertsuan), baina bistakoa da ebanjelizazio lana erdara hutsean egingo zela. 1840ko hamarkadako Adoainen edota Aietxun, aldiz, baziren dudarik gabe euskal hiztunak, apika adineko euskaldun hutsak ere bai, baina Itzalle bera baino herri erdaldunagoak ziren inondik inora Bonapartek utzi zizkigun albisteen arabera. 1827ko euskarazko doktrina itzalletarrentzat prestatu eta gero, nekez izango zuen Gilek ondorengo berrogei urteetan euskara erabiltzeko Itzalleko egonaldikoa baino premia handiagorik. Nire ustez litekeena da Urraulgoitiko parroki lan gehiena, non eta ez den-dena, gaztelaniaz burutzea, eta horrenbestez eliztar urrauldarrentzat inolako euskarazko testurik sortu beharra ez izatea. Horiek horrela, Adoaingo seme honek jaioterriko euskarari buruz eman diezazkigukeen albisteak Itzalleko doktrinan baino ezin dira antzeman, Zaraitzukoekin batera nahasita. Lehen esan dudan bezala, merezi du Adoaingo Juan Lope eta Jakoistiko Franciscaren seme urrauldar euskaldunak utzitako ondarea patxadaz aztertzea, inguruko lekukotasunekin alderatuz, Zaraitzu eta Urraulgoitiko mugan entzun zen euskarari buruzko informazioa osatzeko balio dezake eta.

IMG_20140906_170631

Adoaingo karrika bat (2014)

Francisco Benito Gil Tabar (1801-1870) ha sido hasta hoy uno de tantos testigos silenciosos del euskera navarro envuelto en un anonimato casi absoluto, al que hay que sumar lo incorrecto de alguno de los pocos datos que sobre él se tenían. Apenas conocíamos de él más noticia que la pequeña doctrina que nos dejó, manuscrita, no impresa, redactada para uso personal del autor en el pueblo salacenco de Izal; por si eso fuera poco, la fecha que el propio Gil consignó erróneamente en la portada de su obra (1727) nos ha hecho considerarlo un autor del siglo XVIII, cuando no es así. En esta entrada aporto los datos que demuestran por un lado que Gil nació en realidad en 1801, de manera que su doctrina fue escrita en realidad cien años más tarde de lo que él mismo indicó, y por otra parte que si bien su primer destino fue Salazar Gil nació realmente en Urraúl Alto, más concretamente en Adoain, en la casa llamada Perotx, a unos pocos metros del solar natal del Padre Esteban de Adoain, de quien fue prácticamente coetáneo en una época en la que el euskera empezaba a debilitarse en el entorno. Estos datos realzan en cierto modo el valor de la doctrina de 1827 que Benito Gil nos legó, pues a diferencia del Padre Esteban, Gil no abandonó su tierra más que durante los años en que sirvió en Izal (lugar, por lo demás, colindante con Adoain) de manera que su obrita, estudiada en su contexto, podría arrojar algo más de luz sobre la transición entre el euskera que se habló en su día en los Urraúles, perteneciente al dialecto navarro, y el habla propia del Valle de Salazar.


Juan Cruz Elizalde (1816-1870)

zandueta ????- nagore? Alt-III- 345

nagore-130507-22-pan

Nagore XX. mendearen hasieran (goian) eta XXI.enean: den-dena aldatu da, baita herriaren kokagunea ere. Iturria: www.valledearce.com

Sarrera honetan bildutako datu asko iluntasunetik ateratzeko ezinbestekoa izan da zenbait lagunen bilaketa-lan arretatsua. Hiru ditut bereziki gogoan: Artzibarko Udal Artxiboko Loreto Echavarren, ibarreko apaiz Patxi Izco eta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarra. Zorretan nago haiekin. 

Bonaparte Ondarea —euskalariak bere ikerketak burutu ahala bildu zituen idazkien bilduma, alegia— oso ezagunak ez diren altxorrez beteta dago. Horietarik bat Nafarroako Artzibar haraneko euskararen lekukotasun interesgarri askoa da: XIX. mendearen erdialdeko doktrina itzulpena, Juan Cruz Elizaldek prestatua, egileak berak lanaren hasieran idatzi zuenez:

“Arcico Vallea compocen da oguei·eta vorz erri eta caserioquin, Urizco erria dago erdisuan, eta Valleco uscara dá, nic oray explicacen duten vezala. Juan Cruz Elizalde.”

Izatez, bi dira Elizaldek utzi zizkigun testuak. Hasieran itzulpen bat prestatu zuen, eta ondoren, Claudio Otaeguik eginiko ohar batzuk kontuan harturik eta Bonaparteren gustua zuzenago betetze aldera nonbait, bigarren bertsioa, oso antzekoa.

Nagore San Julian

Nagoreko San Julian eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com)

Interesgarria da itzultzaileak eginiko lanaren fruitua, ez dituelako gehiegi eman inguru hartako euskarak; baina zoritxarrez asko dago oraindik argitzeko horrelako bitxiak utzi zizkiguten berriemaileen inguruan. Nor izan zen, esaterako, Juan Cruz Elizalde hura? Oso gutxi da orain arte berataz esan dena. Uritz herriarekin lotzen dugu, Bonaparte Ondarean bertan dagoen informazioaren arabera, eta maisua izan zela jaso zuen Xabier Erizek Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoaz prestatu tesian. Gainerakoan, ordea, ia guztiz ezezagun dirau, eta penagarria da zein gutxi eman den jakitera printzearen laguntzaile askori buruz, nahiz eta zenbaitek —Elizaldek berak, adibidez— gaur egun galduak diren hizkeren arrasto baliotsuak utzi zizkiguten. Artzibarren bertan bada, gaur den egunean, gizon honen aditzea ere ez duen euskaltzale eskolaturik; eta hala ere ibarreko euskararen historian eta egungo artzibartarren oroimenean txokoa merezi duelakoan nago.

Hona hemen, laburzurrean, Urizko doktrinaren egileari buruzko zenbait zertzelada.

Juan Cruz Elizalde Lusarreta 1816ko abuztuaren 7an jaio zen Artzibarko Nagore herrian. San Julian elizan 1805ean ezkondutako Geronimo Elizalde eta Miguela Tomasak izan zituzten hamabi seme-alabetatik seigarrena izan zen. Nagore betidanik izan da haraneko herririk jendetsuenetako bat; 44 etxe eta 177 biztanle zituen XIX. mendearen erdialdean. Nagoretik Uritzera bizpahiru kilometro baino ez daude. Ezaguna izango zuen ezinbestean Elizaldek doktrinaren bidez paperera isurtzeko eskatu zioten hizkera, bistakoa baita ibarreko semea zela.

Ieltz Lizoinibar

Lizoainibarren jaioa zen Elizalderen bi amonetako bat, Ieltz herrian hain zuzen. Irudian, San Bizente eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com).

Baina ez bera bakarrik. Amaren aldeko sendia ere artzibartarra zuen: Nagoren jaioak ziren bai ama, baita Juan Jose Lusarreta eta Josefa Aldabe aiton-amonak ere. Aita, aldiz, lizoainibartarra zuen: Ieltz herrikoa, hain zuzen. Aitaren aldeko aitona Pedro Jose Elizalde zen urrun samar sortutako senide bakarra: Eratsungoa zen eta maestro carpintero izendatzen dute XVIII. mendearen amaierako paperek. Lizoainibarko adarra, horrenbestez, Catalina Saldias amona ielztarraren eskutik zetorkion Elizalderi; saldiastarrak zurgintzan aritu omen ziren XVIII. gizaldi osoan zehar, Xabier Itulain ikertzaileak topatutako albisteen arabera. Ezin izan da Lizoainibarko euskararen lekukotasun zabalik gorde, baina Artzibar eta Eguesibar hizkuntzaren aldetik ahaide zirelarik eta Lizoainibar bien artean egonik (eta Ieltz, gainera, Eguesibarko muga-mugan, ik. mapa), ez du ematen Ielzko eta Nagoreko mintzoek elkarren arteko alde aipagarririk izango zutenik.

Nagoreko San Julianen bataiatu zuten Juan Cruz Elizalde jaioberria 1816ko abuztuaren 8an.

Maisu izateko prestatuko zen noski, baina urte latzak egokitu zitzaizkion eta belaunaldi hartako ikasleez ari garelarik (Mariano Erbiti basaburutarra lekuko) nekeza da prestakuntza horren arrastoari heltzea; gaur arte behintzat ez dut aurkitu Elizalderen maisu-ikasketei buruzko agiririk. Ez da Iruñeko Junta Superior de Educación delakoak 1830eko hamarkadan utzitako erregistroetan Nagorekoaren izenik ageri; titulazioa karlisten kontrolpeko lurraldean eskuratu izanaren seinale, agian. Nolanahi dela ere, urte batzuk beranduago irakasle zebilen, berehala azalduko dudan bezala.

Bi aldiz ezkondu zen Elizalde. Lehendabiziko emaztea 1806an Orreagan sortutako Fermina Berro Monteagudo izan zen, Otsagabiako aitaren eta Uztarrozeko amaren alaba, eta horrenbestez, zalantza handirik gabe, senarra bezain euskalduna. 1841eko uztailean esposatu ziren Auritzen Juan Cruz eta Fermina. Ez dakit zein izan zuten lehendabiziko bizitokia, baina 1843 edo 1844rako behintzat Arrietan biziko ziren, orduantxe ekin baitzion Elizaldek herri hartako mutikoen heziketa lanari.

Mapa JCE

Sarrera honetan aipatutako zenbait herriren kokapena. Gorriz, Elizalderen jatorriarekin loturikoak. Berdez, lanbideari dagozkionak.

Gazte hil zen Fermina, Arrietan bertan, 1845eko ekainean. Bikoteak seme-alabarik izan gabe, antza. 1846ko urtarrilean, oso hilabete gutxiren buruan, bigarren aldiz ezkondu zen Juan Cruz Elizalde: Felicia Andueza —hogei urteko urroztarra eta urroztarren alaba— hartu zuen emaztetzat neskaren herrian bertan. Litekeena da Felicia ere euskal hiztuna izatea, nahiz eta ez den Ferminaren kasuan bezain agerikoa, jaio zenerako hizkuntza gibelatzear edo gibelatzen hasia zelako noski Urrotzen, Bonapartek berrogei urte beranduago emaniko datuei begira.

Juan Cruzek eta Feliciak bi alaba eta seme bat izan zituzten: Martina Marcelina 1847an jaio zen, Martin zortzi urte beranduago, eta Escolastica, gazteena, 1858an. Irakurtzen eta idazten ikasi zuten maisuaren hiru seme-alabek, amak alfabetatu gabe iraun bazuen ere; garai bertsuan Bonaparteren beste lankide baten etxean, arestian aipatu Mariano Erbiti irakaslearenean, errepikatutako eredu bera.

Maestro de Uriz

Elizaldek Urizko maisu-lanpostua eskuratu nahirik bidalitako eskutitza (Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboak eskainitako irudia)

Ezkondu ostean Arrietan biziko ziren lehenik Elizalde-Andueza senar-emazteak, hango lanari eutsi baitzion maisuak hainbat urtez. Baina 1851ko abuztuan Urizko eskola hezitzailerik gabe gelditu zenean (irakasle ibilitako Martín Ernestak Orondritzera alde egin baitzuen) Nagorekoak bere burua eskaini zuen hautagai Arrietan emandako zazpi urteak aldeko argudiotzat harturik (ik. irudia).

1851ko azaroa bukatu baino lehen izendatu zuten Elizalde Urizko mutikoen maisu. Irakaslearen alde mintzatu ziren Arrietako apaiza (Martin Jose Elia) zein auzo-alkatea (Lorenzo Aranaz). Pozik utzi zituen bata zein  bestea nagorearrak aurreko urteetan egindako lanak:

…ha ejercido su ministerio en este referido lugar durante siete años, á total complacencia de todo su vecindario, y con gran aprobechamiento de los niños, habiendo obserbado una conducta irreprensible y digna de imitación bajo todos conceptos… 

Ez zen halakoa izaten irakasle guztien jokabidea. Elizaldek Arrietatik alde egin eta handik bost urtera (1856), mutikoen heziketaren ardura Francisco Larraguetak zuelarik, galdeketa egin zuen Lehen Hezkuntzako Batzordeak, lau herritar maisuaren jokabidearekin nazka eginda kexu agertu eta gero: antza denez haurrek ez zuten Larraguetarekin ezer ikasten, eta ez da oso harritzekoa, ez omen baitzen sarritan eskolara joan ere egiten, eta mozkortu ere egiten zelako nonbait (en todas las ocasiones que ha podido (…) siendo la befa de sus mismos discipulos). Elizaldek utzitako hutsunea ez zuten ondorengo maisu guztiek Bonaparteren berriemaileak bezain ongi bete, itxuraz.

Uritz2

Urizko jauregietako bat (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com)

Zerk eragin ote zuen Elizalderen lekualdatze nahi hura? Jornalak ez behintzat: Nagorekoa eta Arrietakoa ziren Artzibarko eskolarik jendetsuenak, eta horren araberako soldata zuten, Urizko maisuari agindutakoa baino dezente hobea (trukean, 16-20 ikasle baino ez ziren Uritzera joaten, Nagorera baino hiru aldiz gutxiago). Nire ustez irakaskuntzarekin batera beste lanbide bat betetzeko aukerak bideratu zukeen Elizalde Uritzera: Larraguetari 1856an egindako galdeketak jasotzen dituen agiria Juan Cruz Elizaldek berak idatzi eta sinatu zuen ibarreko idazkari gisa. 1867ko abendukoa da Urizko hezitzaileak sinatutako udal-idazkirik berantiarrena. Litekeena da beraz Uritzen aritu zen urteetan irakaskuntza eta idazkaritza, biak bere ardurapean hartu izana; eta ibarrekoek biltzarrak Nagoren egiten zituztelarik, urrun samar dagoen Arrieta baino askoz ere erosoagoa izan zitekeen Urizko eskola-zeregina Elizalde idazkariarentzat. Sendia Uritzen bizi zela 1857tik 1868ra bitarteko errolda guztiek berresten dute.

1868rako idatzia zukeen nagorearrak Artzibarko euskararen berri ematen digun doktrina-itzulpena. Bonaparte 1866ko otsailean izan zen Artzibarren, Nafarroako ipar-ekialdea ezagutu zueneko bidaian zehar. Uritzen gelditu omen zen: Elizalderen lana jasotzeko agian? Agoizko euskaraz emaniko doktrina eskuratzea izan zen hilabete luzez Bonaparteren xedea, baina azkenean etsi egin zuen, Agoitz ingurune erdaldunegia zelakoan. Itxura guztien arabera 1852 eta 1866 bitartean idatzi zen Urizko lan hark lagunduko zuen noski printzearen beharrak neurri batean bederen asetzen. Nolanahi ere, ez dago doktrinaren aipamenik Bonapartek Echenique lankideari idatzitako eskutitzetan.

IMG-20151110-WA0003 Elizalde

Juan Cruz Elizalderen heriotz-agiria (Patxi Izcoren argazkia)

Arestian aipatu 1868ko erroldakoak dira gaur arte udal-artxiboek Elizalderen jardunaz utzi dizkiguten azken albisteak. Bizitzaren hondarreraino izan zen ziurrenik Urizko maisu, maestro de niños de este partido gisa ageri baita Nicolas Olondriz bikarioak idatzitako heriotz-agirian. 1870eko azaroaren 25ean hil zen Elizalde, ohean gaixorik, eritasunak biatikoa hartzea eragotzita. Meza sei apaizek esanik egin zuten hiru egun beranduago  hileta-elizkizuna.

Xabier Itulainek jakinarazi didanez Martin Elizalde zuen izena 1924an Urizko maisuak. 1855ean jaiotako semea baldin bazen, 75 urte luzez arduratu ziren elizaldetarrak Urizko gaztetxoen heziketaz.

Aita gurea, ceruetan zaudena, santifica bedi zure icena, etorri vedi guregana zure erreiñua, cumpli vedi zure borondate Sandua, ceruan vezala lurrean ere. Eman dezaguzu eguneroco oguia, eta varca dizquiguzu guri gauren zorrac, ala nola guc barcacen baitiogute zor gaitusteneri, eta libra gaizazu gaiz gucietaic. Amen. Ala izan daela.

Artzibarko Aita Gurea, Elizalderen testuetako batean ageri den bezala (Uritz, c. 1860)

El nagorearra Juan Cruz Elizalde Lusarreta (1816-1870) tradujo hacia 1860 la doctrina cristiana con arreglo a la variedad cispamplonesa de Arce dejándonos dos manuscritos que se conservan hoy en el Fondo Bonaparte. A pesar del indudable interés de ambos textos como obligada referencia para acercarnos al euskera propio del valle, hoy tristemente desaparecido, el autor apenas ha sido hasta nuestros días más que un simple apunte desprovisto casi completamente de contenido a falta de datos biográficas, como ocurre aún con demasiados colaboradores del ilustre príncipe y vascólogo. Es ese vacío el que ha pretendido paliar siquiera en parte esta entrada, ofreciendo una serie de noticias acerca de quien fue maestro de instrucción primaria durante un cuarto de siglo, primero en Arrieta y a partir de 1852 en Úriz, a la vez que secretario en su Artzibar natal.


Lapsus calami (Benito Gil apaiz idazle nafarraz)

IMG_20140906_170109

Benito Gil idazle nafarraren jaiotetxea.

Idatzizko errakuntzari, gauza bat azaldu nahi eta paperean ezustean bestea adierazteari, esaten zaio lapsus calami. Idatzizko akats horietako bat dela eta, behar ez zen garaian genuen gaur arte sailkatua Benito Gil, Zaraitzuko Itzallen apaiz zebilela hango eliztarrentzat idatzitako doktrinaren egilea.

Nahi baino sarriago, ez dugu euskararen lekuko batez inolako albisterik izaten, hark berak bere lanean idatzitakoaz landa: horixe zen duela gutxi arte Mariano Erbiti udabearraren egoera ere. Unean uneko autoreak idatziz utzi zigunak akatsa duenean, gainera, okerrekoak bihurtzen dira hortik ateratako ondorioak ere.

Benito Gil nafarrak bere lanaren aurkezpenean lagatako errakuntza agerian gelditu da gaur. Horretaz, eta idazleaz beraz, aritu naiz hilabete honetan 31 eskutik blogean.

Han esandakoak irakurri nahi izanez gero, hementxe duzue esteka.

Itzalleko eliza

Itzalleko eliza (argazkia: Jesús Mª Pueyo).

 


Miguel Ignacio Armasa, nafar idazle zahar berria (1770-1814)

beintza_labaien_03

Labaien eta Beintza, Basaburu Txikian.

Aro Modernoan eta Garaikidean euskarak eginiko bidea aztertu nahi dutenek asko zor diete ebanjelizazio beharrak eragin zituen testuei. Halakoen adibide da, esaterako, azken boladan hedabideetan aipatu den Materraren doktrina lapurtarra.

Behinolako euskara nafarra ikertzerakoan ere ezin nabarmenagoa da parroki-literaturarekiko morrontza: oraindik bederen galduta dagoen Santxo Eltsokoaren 1561eko doktrinatik hasita, eta garai bertsuan Amendux iruindarrak idatziriko olerkitxoa alde batera utzirik, hala nahi bada (ez baitzuen erlijio-helbururik, orduko erlijiotasunak zizelkatutako mundu-ikuskeraren emaitza bada ere), gutxi da katekesi-jardueraren edo espiritualtasunaren ildotik landa idatzi zena.

Areso, Jose 000017_6877073flcne4em239nm3n_D_82x110

Jose Areso (1797-1878)

Badira bestalde Nafarroako euskal testugintza zaharrean idazle izan zirela jakin arren inongo idazki ezagunekin lotu ezin ditzakegun egileak: Eltsokoa bera, Joan Undianokoa, Tomas Fermin Arteta edo Jose Areso. Horiekin batera bada, nahi baino askoz sarriago, egile ezagunik gabeko sermoi umezurtzik ere. Anonimoak izan arren badago batzuetan lanok testuinguru egokixean kokatzerik —denbora edo leku-erreferentziak garbiak direnean, adibidez—, baina hankamotz, herren gelditzen zaizkigu, zuku guztia atera ezinik, sortu zituen eskuaren nondik norakoa ezagutzerik ez badago.

Interesgarria da horregatik sermoigintza-lanean aritu eta idazki ezagunak utzi zizkiguten elizgizon nafarren zerrenda zabaltzea. Eta zerrenda hori elikatzera dator hemen aurkeztu nahi dudan idazlea.

Labaiengo (eta labaiendarren) seme

Captura1770

Miguel Ignacio Armasaren bataio-agiria (1770-XI-21; Iruñeko Elizbarrutiaren Artxiboa, 887-1 biribilkia,  Bataiatuen 2. Liburua, 125. fol.)

Beintza-Labaien elkarren ondoko bi herrigunek osatzen dute, San Pedro eliza Beintzan dagoelarik. Labaiengo frontoiaren ondoan dago gaur Armasa izeneko etxea: hantxe sortu zen mundura 1770eko azaroaren 19an, arratsaldeko ordu biak aldera, mutiko bat: 1749an etxe berean jaiotako Pedro Joseph Armasa Juanotenaren eta Ansolantzenako alaba Victoriana Zozaya Urrozen hirugarren semea zen. Miguel Ignacio izenez bataiatu zuten haurtxoa bi egun beranduago  Beintzako San Pedron.

Armasa (Labaien) Armasaren sortetxea

Labaiengo Armasa etxea, gaur egun.

Herrian sendo errotutako sustraiak zituen jaioberriak; guraso biak labaiendarrak izateaz gain, aurreko zazpi belaunaldietan behintzat Armasa izan zuten aitaren aldeko arbasoek bizitoki. Esaterako, etxe hartan bertan jaio zen 1603ko uztailean Pedro Armasa, Iturengo Sastanenako Mari Urdin Irigoienen senarra, gero Indietan hil zena; Miguel Ignacioren herenaitonaren aita izan zen Pedro hura; eta hark ere etxe berean bizi izandako aitona-amonak zituen. Albiste horien guztien eta beste hainbaten biltzaile Juan Joseph Armasa Irigoien izan zen, Miguel Ignacioren birraitonaren anaiarik gazteena eta 1758tik aurrera Labaiengo bikario. Ez zen hura izan Armasan hazitako elizgizon bakarra: gaur egun ere, abizena herrian aspaldi galdurik, gogoan du batek baino gehiagok apaiz ugari emandako etxea izan dela hura. Miguel Ignaciok urte batzuk beranduago hasitako erlijio-bidea askok zuten familian berak baino lehenago egina.

Sendiko elizgizonen batek hartuko ote zuen haurtxoari oinarrizko heziketa emateko ardura? Ez, nolanahi ere, Juan Joseph bikarioak, istripuz hil baitzen 1774ko abuztuan, Miguel Ignaciok lau urte ere ez zituela. Ez zen hura izango etxekoentzat heriotzarik mingarriena: 1772ko abenduan Juana Serafina arreba jaioberria galdu eta gero, aita bera hil zen 1773ko urtarrilean, 24 urte egin gabe. Victoriana emaztea ez zen berriro ezkondu: alargun hil zen 50 urte beranduago. Armasan bertan haziko al zen Miguel Ignacio? Ez dakit. Idatzi zituen testuetan erabilitako hizkeragatik behintzat, ez du ematen haurtzaroa Labaiendik at eman zuenik; baina konfirmazioa herrian bertan 1772an hartu zuenetik 1787ra bitarteko epea albisterik gabeko hutsunea da.

Ibilbide akademikoa: Iruñea, Alcalá

1787ko martxoaren 2an tontsuradun bihurtu zuen Armasako gaztea Iruñeko Gotzain Jauregian Esteban Aguado y Rojas apezpikuak. Hamasei urte zituen. Izan ere, gizaldi hartan erlijioa bizibide bihurtu nahi zutenek ezin zuten profesioa hamasei bete aurretik egin, eta nobizio-etxean urtebete lehenago sartu beharra zegoen. Litekeena da beraz Miguel gaztea 15 urterekin iristea Iruñera; egungo udaletxetik hurbil asko dagoen Santo Domingo komentura, itxura guztien arabera.

e108f1efc1a83903dca64364c9be3ebf

Iruñeko Santo Domingo komentua (XX. mende hasierako argazkia).

Ordutik aurrerakoa prestakuntza garaia izango zen noski Miguel Ignaciorentzat: arimarena ez ezik, akademikoa ere bai. Lehendabizikoari dagokionez, tontsuradun bihurtu osteko ondorengo bi ordenak bederen (graduak eta epistola) Iruñean bertan hartu zituen 1790eko eta 1791ko abendualdietan; handik harat azpidiakono zen beraz Armasa gaztea. Ez dut aurkitu, hala ere, apaiz bihurtu aurretiko azken ordena nagusiak Iruñean hartu izanaren frogarik; Alcalán osatuko zituen ausaz, hara jo baitzuen Labaiengoak ikasketak osatzera.

Capturaalcalasantomas

Behinola San Tomas kolegio eta komentua izan zena paradore da egun.

Alcaláko egonaldia San Tomas kolegioan egin zuen XVIII. mende hondarreko urte haietan. Labaiendarraren gaitasunaren seinale ematen du horrek: Alcaláko San Tomas ikastetxe domingotarrik entzutetsuenetako bat zen eta ikaslerik onenak bertara edo Valladolidera bidali ohi zituzten. Ziurrenik Iruñean hasitako Filosofia ikasketak sakondu zituen Armasak. Horrekin batera, orduko agirien arabera, Teologia ikasi zuen Alcalán, eta ikasle ez ezik besteren irakasle (lector) ere izan zen.

Kantabria, Araba eta Nafarroa. Gerra urteak.

Irakasle, eta sermolari ere bai, jakina, predikazioa baitzen domingotarren funtsa XIII. mendean lehen urratsak eman zituztenetik. Zoritxarrez, ez dakit nora eraman zuten Labaiengoa ordenaren beharrek Alcalán izan eta gero, baina idatzi zituen sermoi zenbait ilunpetik atera izanak eta XIX. mende hasierako iturrietan gordetako albiste batzuek Armasaren azken urteetako gorabehera nagusiak antzematen lagun dezakete.

Gaztelaniaz zein euskaraz aritu zen predikari, eta Espainiako Independentzia Gerra hasi aurretiko urteetan Kantabrian behintzat ibili zen, Nafarroatik aski urruti. 1806-7etan Novalesen zen, Santandertik sartalderantz 35 bat kilometrotara. Hainbat aldiz hitz egin zien Jasokunde parrokiko eliztarrei, eta Lesakan agertutako bi prediku (Jasokundeari berari buruzkoa bata, Ama Birjinaren bakardadearen ingurukoa bestea) dira harreman horren lekuko.

220px-Asuncion_de_Novales_003

Novalesko Jasokunde parrokian esan zituen Armasak 1806 eta 1807ko sermoiak

1806

‘Sermon de la Assumpcion: Novales año de 1806’ izenburua duen predikuaren hasiera

Novalesen Ama Birjina hizpide hartu zueneko 1807ko Ostiral Santu hartan ez zen oraindik Fontainebleauko Ituna sinatu eta ez zen horrenbestez soldadu frantsesik penintsularatu, baina garai latz eta odoltsua zetorren ate joka. Urrian zeharkatu zuen Bidasoa ibaia frantziar gudarosteak, Junot jenerala buru zuela; berehala ekin zion,  hego-mendebalderantz, Portugalerako bideari. Non ote zen  Miguel Ignacio Armasa egun haietan? Hilabete batzuk beranduago behintzat Gasteizen aritu zen predikari. Arabako hiriburuko Santo Domingo komentuan izan zen udaberrian eta San Vicente Ferrer izan zuen hizketa-gai. Ordurako frantsesek komentuan txikizio handia eragin zutelarik, nobizioak alde eginaraziz, agian bihotz-altxagarri hautatu zuen Armasak, eta ez kasualitate hutsez, domingotar valentziarrak Jainkoaren hitza hedatzerakoan lau mende lehenago sufritutako zailtasunez eta haiei aurre egiteko agertu zuen borondateaz aritzea.

Ez dut uste, edonola ere, 1808ko udaberrian Armasaren bizitokia Gasteizko Santo Domingo izango zenik. 1825 inguruko lan batean Manuel Herrero historiagile domingotarrak jaso zuenaren arabera, pentsa liteke labaiendarra ez zela ez Gasteizen ez Iruñean bizi (Iruñeko komunitateko kide izango zen arren), Sakanan baizik; edota inguru hartako herriren batean benefiziadua izango zela, Irañetan hartu baitzuten preso frantziar soldaduek. Hona hemen Herreroren hitzak, Iruñeko domingotarrek jasandako kalteez ari dela:

Irañeta

Irañetan atxilotu zuten frantsesek Armasa, Herreroren albisteen arabera.

….otros dignos individuos de aquella Comunidad tuvieron más que sufrir con atroces vejaciones. Graduaron de buen español al P. Fr. Tomás Gandiaga, y he aquí todo su crimen para ser puesto en captura, y dar mil y ochocientos reales en cambio de su libertad. Malsinaron también al P. Fr. Joaquín del Rosario, y se vio en inminente peligro de ser pasado por las armas. Por igual razón fue conducido preso desde el pueblo de Irañota (sic) el P. Lector de teología Fr. Miguel Armasa, originándole su total ruina no menos que a los anteriores

Litekeena da Armasa erasotzaile kanpotarrekin adeitsu agertu ez, eta haiek herritik indarrean ateratzea, handik Iruñera eramateko. Hau 1808an edo 1809an gertatu zen. Iruñeko Santo Domingon ere ez zuen, esan gabe doa, aterpe segururik: Napoleonek kontrolatutako lurraldeetan asko murriztu zen onartutako fraide eta komentu kopurua 1808ko Chamartingo dekretuen ostean, eta 1809ko abuztuan agindutako esklaustrazioaren ondorioz elizgizon gehienek haien komunitateak utzi behar izan zituzten eta nor bere herrira edo ahal zuen lekura joan. Iruñeko Santo Domingon Frai Jose Esteban Urra zen priore. Domingotar gutxi batzuekin komentuan gelditzeko baimena lortu zuen, baina agidanez Armasa ez zen haietako bat izan. Egoerak behartuta jaioterrira itzuli behar izan zuen, 1809 hondarrean bertan seguruenik.

Hartara, bizitzako azken urteek nahi ez bezalako herriratzea ekarri zioten Armasari. Zorigaiztoko etxeratze hark zeharkako fruitu ederrak eragin zituen ordea: domingotarrak San Pedroko eliztarrei 1810ean eta 1811n esan eta guregana heldu diren euskarazko hiru predikuak, esklaustraziorik agindu ez balitz seguruenik inoiz idatziko ez zituenak. Aurkitutako hirurak bakarrik ez, gehiago ere idatzi zituela iradokitzen dute haietan esandakoek.

granada_fray_luis

Frai Luis Granadakoa (1504-1588)

Zein liburu irakurri ote zuen Armasak bere bizitzan zehar? Euskarazkorik ere izango al zen haien artean? Zenbat, eta zein, salbatu ahal izango zituen Irañeta edo Iruñea utzi behar izan zituenean? Zein liburutegi izango zuen eskura Labaiengo hondar urteetan? Erantzun asegarririk gabeko galderak. Sermoietan, dena den, Armasaren beraren uztakoak ez ezik, badira besterenak irakurriz ikasitako argudio eta esapideak, horretan ez da dudarik. Agerikoa da Frai Luis Granadakoaren XVI. mendeko lanek nafarrarengan izan zuten eragina; ongi ezagutzen zuen Armasak Guía de Pecadores entzutetsuaren egile izan zenaren lana (XVII. mendean Axularrek ere ezagutu izan zuen legez). Ezagutza hori ez da harritzekoa: domingotarra zen Granadakoa ere, ordenak sekula emandako predikaririk handienetakoa izatearen sona zuen, eta behin eta berriro argitaratu ziren XVIII. mendean zehar hark idatzitako liburuak. Armasaren erdal sermoietan ez ezik euskarazkoetan ere antzeman daiteke Portugalen hildako elizgizonaren oihartzuna. Ez zuen ordea Granadakoa izan inspirazio-iturri bakar; Sebastian Mendiburu jesuitaren arrastoa ere badago nire ustez Armasaren euskarazko lanetan. Bere mendeko beste euskal idazleena ere bai? Sakonago aztertzeko dagoen gaia da.

Denbora gutxi izan zuen Armasak, ezusteko herriratze haren ondoren, Labaiengo biztanleak kristau fedean aitzinatzeko. Gazte hil zen, 1814ko otsailean, 43 urte eskas zituela. Sorterrian bertan ehortzi zuten, jaiotetxeari zegokion hobian. Bere idazki zenbait bederen galdu egin ziren, betiko akaso, eta ez ziren ez Bonaparterengana ez ondorengo ikertzaileengana heldu. Jose Ignacio Armasa ilobak (1808-1866) Miguel Ignacioren hainbat testu baliatu zituen inguru hartan bertan apaiz ibili zenean; batzuetan osabak prestatutakoa kopiatu baino ez zuen egin. Baina Armasa zaharrenaren oihartzuna bere ondorengo belaunaldiarekin batera itzalirik, denboraren joanak estalitako egile ezezaguna bihurtu zen laster, beste asko bezala; gaur zorionez eskura dugu —neurri batean behintzat— Basaburu Txikiko euskararen lekuko honen ekarpena. Nafar idazle zahar berria da orain Miguel Ignacio Armasa. Etorriko ahal dira horrelako beste asko atzetik.

Miguel Ignacio Armasa y Zozaya (1770-1814) era hasta hace pocas fechas un dominico olvidado por el paso del tiempo, ajeno completamente al ámbito de la literatura parroquial en lengua vasca. Sin embargo, una serie de sermones autógrafos recuperados estos últimos años permiten reivindicar su figura, y la precisión con la que detalló en dichos sermones la autoría, la fecha y el lugar de uso de los mismos —lamentablemente ausente en tantos y tantos textos similares que pueblan archivos y colecciones particulares— nos permiten reconstruir en parte las circunstancias que rodearon a este testigo del euskera de su época. Armasa nació en la casa del mismo nombre de la localidad de Beinza-Labayen, en la Basaburua Menor. Tras ingresar hacia 1785 en el convento de Santo Domingo de Pamplona y comenzar el recorrido formativo reservado en sus días a quienes optaban por la vida eclesiástica, cursó en la Universidad de Alcalá estudios de Teología y posteriormente los impartió, a juzgar por el título de ‘Lector’ con el que se refieren al labaiendarra las fuentes de su tiempo. Se conservan seis sermones manuscritos de Armasa, tres en castellano y otros tantos en euskera, que permiten ubicarlo entre 1806 y 1811 en Cantabria, Álava y Navarra. Atrapado por las penalidades que conllevó la Guerra de la Independencia Española entre 1808 y 1814,  fue capturado por el ejército francés en Irañeta hacia 1809 y obligado, a raíz de la exclaustración decretada aquel mismo año, a regresar a su localidad natal. Permaneció en Labayen hasta su temprana muerte en 1814, y fue allí donde escribió las tres prédicas en lengua vasca que nos permiten reconocerlo como autor en euskera y como fuente de información sobre el habla vasca que se usaba en aquella zona de Navarra a comienzos del siglo  XIX. 

lesaka

Lesakako Txallarrenia etxean (karrika amaierako etxean, argazkian) agertu ziren Armasaren gaztelaniazko zein euskarazko predikuak.

kzjaia3_banner_galeria

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.


Mariano Erbiti nafarra, Bonaparte printzearen laguntzaile (1819-1880)

Azken hilabete hauetan aipagai izan ditudan Luis Luciano Bonapartek eta Paul Brocak hainbat lankideren beharra izan zuten egin asmo zituzten ikerketak burutzeko. Ehunka kilometrotan zehar hizkuntzaren bizitasuna neurtzea lan gaitza zen (zer esanik ez, printzeari dagokionez, hizkuntza horren dialekto eta aldaera guztiak zehaztasunez desberdintzea!) eta komenigaria bakarrik ez, ezinbestekoa izan zuten bi ikertzaile atzerritarrek bertakoa gertuagotik ager ziezaieketen lagunen ekarpena.

Reclus-elisee

Jacques Élisée Reclus (1830-1905)

Broca eta Bonaparteren berriemaileez

Badirudi Brocaren lankide gehienak Bidasoaz haraindikoak izan zirela, Euskal Herritik kanpoko frantziar hiritar batzuk tarteko: Édouard Cazenave de Laroche (1824-?), Société d’Anthropologie de Paris entzutetsuko kidea hura ere, sendagile zebilen Paben, buruko gaitza zutenentzako eritetxean; Élisée Reclus geografoa Brocaren herkidea zen baina Orthezkoa zuen aita, eta gaztaro zati handia hantxe emanik ongi ezagutzen zuen Xibero ingurua; abizen berdintasuna gorabehera antropologoaren senide ez zen Honoré Broca doktore oloroetarrak, aldiz, Ligi, Montori eta Atharratzeko berriak bederen eman zizkion girondarrari.

Lapurtarra omen zen alabaina Henry Argelliès, Donibane Lohizunen mediku, herriaren garbitasun eta osasun-egoera hobetzeko ekimenetan parte hartzaile 1860ko hamarkadan. Euskarazko predikazioa Ipar Euskal Herriko zein parrokiatan egiten zen jakinarazi zion Brocari. Lapurdin sortua zen halaber Gratien Camino ingeniaria (1826-1879), Beskoitzeko auzapeza zelarik ikertzailearentzat Bastida inguruko euskararen mugak zehaztu zituena.

Intxauspe

Emmanuel Intxauspe, Zunharretako seme (1815-1902)

Bonaparteren laguntzaileak, ugariagoak ez ezik, ezagunagoak ere badira eta sakon ikertu izan da haietako asko: Jose Antonio Uriarte bizkaitarra, Klaudio Otaegi gipuzkoarra, Jean-Pierre Duvoisin lapurtarra edota Emmanuel Intxauspe zuberotarra nor izan ziren jakin gura duenak, esate baterako, badu non bilatu; zer esanik ez blog honetan bertan txokoa duten Bruno Etxenike edota Mariano Mendigatxa nafarrak hurbilagotik ezagutu nahi izanez gero.

Zinez erakarri zuen printzea Nafarroak eta berriemaile kopuru hazia izan zuen Beratik Garesa eta Etxarri-Aranaztik Bidankozera: arestian aipatu biez gain, beste hogeita hamarretik gora zerrendatu zituen Xabier Erizek bere tesi-lanean. Ez du ematen Bonaparte horiek denak aurrez aurre izatera heldu zenik, baina lankidetzat jotako guzti-guztiek eman zioten nolabaiteko informazioa, hizkuntza-datuak helaraziz edota ikertzaileak eskatutako tokian tokiko itzulpenak prestatuz.

Zoritxarrez, lankideak asko izateak ez du esan nahi denei buruz nahi beste dakigunik. Izan da aurrerapausorik azken urteotan —esaterako, Xabier Erizeren beraren ekarpenari esker jakin zen 1998an Jose Erasun saldiastarra printzearen laguntzaileen zerrendan sartu beharrekoa dela—, baina ez dira gutxi oso-oso azaletik baino ezagutzen ez ditugun berriemaileak: Antonio Arandia beratarra, Urizko doktrina paratu zuen Juan Cruz Elizalde maisua, Goñerriko Vicente Gulina, Oltzako Juan Martin Ugarte, Itzalleko doktrinaren idazle Benito Gil, eta abar.

Euskarazko idazleen zerrendan izen hutsa den Bonaparteren iturri haietako bat Mariano Erbiti da, Nafarroako Artxiboan dagoen Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea. Ez Erbitiren jaioterririk, ez lanbiderik, ez bestelako xehetasunik ez genekien gaur arte: primerako aukera da beraz #KulturaZientifikoa Jaialdia euskararen ikerketan laguntzaile izan zen nafar hau ezagunago bihurtzeko.

udaberamendi

Basaburuko Udabe eta Beramendi, aurrez aurre (iturria: www.todopueblos.com)

 

Mariano Erbitiren argazkia

Mariano Erbiti Urriza, Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea.

Nor izan zen Mariano Erbiti?

Joaquin Mariano Erbiti Urriza 1819ko martxoaren 27an jaio zen Basaburua ibarreko Udaben, Lekunberritik zein Irurtzundik hurbil. Ez da itzali oraindik bertako euskara nafarra, apalduxe bizi den arren. Dorrea izeneko etxea izan zuen sorleku: XIX. mendetik hona hondatu ostean, goitik behera dago gaur egun eraberritua.

Erbitiren sustrai basaburuarrak Dorrean bertan 1778an sortutako Jose Joaquin aitaren aldetik zetozkion; ondo-ondoko Beramenditik iritsitako Juan Miguel aitona izan zen XVIII. mendearen erdialdean Udabera ezkondu eta etxera heldu zen lehenbiziko erbitiarra. Estefania Urriza ama, aldiz, Imozko Etxalekun jaioa zen 1782an. Beste bi seme eta bi alaba izan zituzten senar-emazteek Joaquin Mariano jaio aurretik.

Dorrea

Udabeko Dorrea etxea, gaur egun (Elías Muñozen argazkia)

Oso-oso umetan galdu zituen Erbitik guraso biak, eta betiko aldatu zion horrek bizitza; nekez iritsiko zen bestela, nik uste, euskaraz idatzi zuten nafarren artean txokoa izatera. Aita 1819ko uda heltzearekin hil zen, eta bigarrenez ezkondu zen ama udazkenean bertan, Gulia herriko gizaseme batekin. Etxeaz eta bost seme-alabez arduratzeko laguntza beharrak eragin zuen ezkontza, notarioak idatzi zuen agirian garbi adierazi bezala (ikus azpiko irudia).

1819

…acordaron d(ic)hos interesados el q(u)e contrajese el presente matrimonio, la desposada p(ar)a la mejor administracion de d(ic)ha casa y educacion de los espresados hijos…” (NAO, 23022/4; 1819ko urria)

Lotura hark ez zuen, ordea, asko iraun: 1822ko urriaren 8an itota topatu zuten Estefania Urriza. Ez aita ez ama, halaxe utzi zituen heriotzak Dorreako gaztetxoak. Zaharrenak sikiera kozkortuak ziren ordurako, baina Joaquin Marianok hiru urte besterik ez zituen. Hala ere, horren egoera lazgarria onerako izan zuen neurri batean etxeko txikiak, anaia-arrebei ez bezalako etekina ekarri baitzion. Ez dakit elkarrekin ala bananduta biziko ziren umezurtzak handik aurrera, ez eta nork hartuko zituen ere (beharbada Etxalekuko osaba apaiz Joaquin Mariano Urrizak; agian Ultzamako Eltson bizi ziren osaba-izebek) baina ematen du Mariano izan zela ondorengo urteetan idazten eta irakurtzen ikasteko aukera izan zuen bakarra. Esan gabe doa alfabetatzeak berebiziko eragina izan zuela Erbitiren ondorengo ibilbidean.

Captura

Sarrera honetan aipatutako zenbait herri, puntu gorriaz nabarmenduta.

Izan ere, bigarren karlistada bitartean maisu ikasketak egin zituen. Titulua ez zuen liberalek kontrolatutako Iruñean lortu, karlisten agindupeko Lizarran baizik. Helduko al zen nola edo hala borrokan parte hartzera? Litekeena da 1830eko hamarkada bukaeran 20 urteko Mariano gaztea lanean hasteko eskola bila ibiltzea, eta beharbada horrexek eraman zuen iparralderantz, ez sorleku zuen Basaburura, Leitzatik gertu dagoen Basaburu Txikira baizik.

Beintza-Labaienen bizi zen Erbiti 1840-42rako, eta urte haietan hasiko zen noski bertako mutikoei irakasten, nahiz eta horren lehendabiziko froga idatzia 1849koa den. Orduko irakaskuntzak ez zuen ezagutu dugunarekin zerikusi handirik… Erbitiren egunetako eskolak nolakoak ziren jakin nahi duenak hemen aurkituko du zerbait.

1840ko hamarkada hartan zehar sendotu zituen udabearrak Basaburu Txikiarekin lotu zuten sustraiak: maisu-lanean hasi zen, idazkari zeregina bete zuen (1842tik 1846ra bederen) eta Armottikia izeneko etxera ezkondu ere egin zen (1849) bertako alaba Francisca Erasunekin. Ezkondu zirenerako haurdun zegoen Francisca gaztea.

Erbitiren sinadura, 1846

Mariano Erbitiren sinadura Beintza-Labaiengo udal-kontuetan (1846; udal artxiboa)

Eskola2

Beintza-Labaiengo eskola-etxe berria XX. mende hasierakoa da. Egungo udaletxean zegoen zaharragoan aritu omen zen Erbiti.

Hasierako urte haietan zenbait gorabehera izan zituen Erbitik, lortutako irakasle-titulazioa liberalek ezarri hezkuntza-lege berriak baino lehenagokoa zuelako, baina 1850erako arazoak konpondu eta ondorengo hogei urteetan zehar trabarik gabe aritu zen Beintza-Labaiengo mutikoen irakasle, eta aldi berean familia zabala osaten lagundu zuen Armottikian: bederatzi seme-alaba izan zituzten Marianok eta Franciscak 1869ra bitartean. Amak ez zekien irakurtzen, baina seme-alaba guztiek izan zuten etxe hartan heziketarako aukera, eta garbi dago aprobetxatu zutela: Pedro Erbiti Erasun herriko idazkaria izan zen XIX. mende amaieran (eta Pedroren seme Severo sendagile bihurtu zen), Juan anaia apaiztu eta Igantzira jo zuen, Tomasa Sunbillako maistra izan zen… Halabeharrak Mariano haurtxoarengan ereindako hazia ez zen galdu eta fruitu ederrak eman zituen erbitiarren artean. Gaurko sarrera hau eragin duen fruitua, Beintza-Labaiengo euskararen arabera idatzitako doktrina-itzulpena, 1865 eta 1870 bitartean paratuko zuen seguruenik Mariano Erbitik, baina ez dakigu nola iritsi zen Bonaparteren eskuetara. Doktrina hartan ez zuen bete-betean Basaburu Txikiko euskara eman ahal izan; azken batean, ez zen hura umetan ikasi zuen hizkera. Baina saiatu zen, eta baita asmatu ere gauza askotan.

Armottikia2

Beintza-Labaiengo Armottikia gaur egun.

DF

Donfernandonea.

Besterik ere egin zuen Beintza-Labaiengo maisuak urte haietan. Asko ziren Armottikian eta irakasle-soldata ez zen izugarri handia; legeak agindutako 2.000 errealak baino gutxiago jaso zuen urte luzez, eta aletan kobratuta gainera. Agian akuilu horrek beharturik beste hainbat zereginetan ibili zen Udabekoa, ahaldun bezala batez ere: batean eliza-kabildoaren zordun zirenengana jo eta zorra kobratzeko ardura hartuko zuen, bestean Amerikara joan nahi zuten gazteen bidaia kudeatzeaz arduratuko zen… Egiteko haiei esker akaso, baina ez du ematen, inola ere, Armottikian eskasian bizi izan zirenik: batetik, maisuak Labaiengo Donfernandonea etxea erosi omen zuen; bestetik, Margarita Erbitik mailegu baten truke Dorrea hipotekatu behar izan zuenean Marianok ordaindu zuen arrebaren partez; horrez gain, sarritan mailegatu zien dirua premia zuten herriko nahiz inguruko lagunei. Ez da harritzekoa Mariano Erbiti herriko zergadun nagusietako bat bezala agertzea 1854-56etako udal-aurrekontuetan.

Eskolaz kanpoko jarduera haietako bat galgarri izan zuen, ordea. Soldadutzari muzin egin nahi zioten gazteen laguntzaile ere aritu zen Erbiti; ohikoa zen XIX. mendean soldadu joan nahi ez zuten askok beste norbaiti ordaintzea haien ordez joan zedin. Maisua lan hori betetzeko prest zeuden gazteen bila ibili izan zen trukean diruaren zati bat jasota. Baina, antza denez, besteren lekuan soldadu aritu beharreko gazte haietako zenbaitek alde egin zuten agindutakoa bete gabe, zegozkien sosak ongi poltsikoratu eta gero. Dirua alferrik emandakoen haserreak bete-betean jo zuen Erbiti bitartekaria, eta azkenean, egoera gero eta jasangaitzago gertaturik, herritik alde egitea erabaki zuen: lanbideari uko egin eta Baldomera alaba lagun zuela betiko aldendu zen Nafarroatik udabearra, Argentinarako bidea hartuta; 1870eko martxo eta maiatz artean gertatu zen nire ustez hori. Ez da 1870ean Buenos Airesera heldutako itsasontzietako bidaiari-zerrendarik gorde, baina lehen sei hilabeteetan hiru iritsi ziren Euskal Herritik: Bilbon itsasoratutako Cuatro Amigos izenekoa apirilean lehorreratu zen; huraxe, edo halakoren bat, izango zen Beintza-Labaiengo maisu ohia eta alaba bizileku berrira eraman zituena.

el-great-eastern-en-la-dc3a9cada-del-1870-cabavolo-com

Great Eastern ontzia, 1870ean kontinenteen arteko itsasaldiak egiten zituen handienetakoa (www.atlantic-cable.com)

Plaza_San_Martin_y_Catedral_Córdoba_(Argentina)_Siglo_XIX

Cordobako katedrala, Mariano Erbitik ezagutu zuen egunetan (1871). Hantxe ehortzi zuten (argazkia: Telasco García Castellanos, 1988).

Cordoba inguruan bizi izan ziren handik aurrera erbitiar biak, edo hangoak dira gutxienez aurkitu ahal izan ditudan haiei buruzko albiste apurrak. Alaba merkatari gisa ageri da 1895eko erroldan; saiatuko al zen aita Nafarroan bezala Argentinan ere maisu lanpostua aurkitzen? Baliteke, baina hala izatera ere, ez luzerako; bizitzako ibilide gehiena egina zuen Erbitik. 1878an, Cordobako notario baten aurrean, Nafarroan utzitako ondasun guztien ahaldun izendatu zuen Francisca Erasun emaztea. Handik bi urtera hil zen Mariano Erbiti euskal idazlea, 1880ko apirilaren 15ean, Cordoba hirian bertan. Katedralean ehortzi zuten, Apolinario Argañaras apaiz eta irakasleak sinatutako heriotz-agiriaren arabera. Ordurako, milaka kilometrotara, Bonaparteren eskuetan zen noski Beintza-Labaiendik bidalitako 50 orrialde inguruko eskuizkribua, etxetik urrun hildako udabear baten arrastoa ia mende eta erdi beranduago ilunpetik ateratzeko balio izan duena.

(Erbitiri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jo hona).

No pocos colaboradores de los que se valió Luis Luciano Bonaparte en sus investigaciones sobre la lengua vasca son hoy casi anónimos o nos resultan desconocidos en gran medida. El que presento aquí, Mariano Erviti (1819-1880) fue el maestro de escuela que se encargó de traducir al habla vasca de Beinza-Labayen la doctrina que obró en poder del príncipe. En realidad Erviti nació en Udave, en la Basaburúa Mayor, un puñado de kilómetros al sur de donde ejerció su profesión. Al igual que fue muy posiblemente el temprano fallecimiento de sus padres lo que le dio la oportunidad de alfabetizarse y cambió su vida, otras circunstancias no determinadas provocaron que se asentara en Beinza-Labayen y contrajera allí matrimonio, de tal manera que se ocupó durante al menos 25 años de la instrucción de los niños de la villa. Fue también secretario, procurador y uno de los contribuyentes principales del municipio, según recogen documentos de su época. Mariano Erviti abandonó Beinza-Labayen en 1870, probablemente motivado por la presión de diferentes personas que se sintieron engañadas al haber pagado al maestro para que el servicio militar lo hicieran en su lugar unos sustitutos que desaparecieron sin cumplir lo pactado. Erviti emigró a Argentina en compañía de una de sus hijas y fue allí donde falleció, sin tener ocasión de volver a Navarra.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Beintza-Labaien (argazkia: www.consorciobertiz.org)

kzjaia3_banner (1)

 

Sarrera honek 3. KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.

Nafarroako ekialdeko euskararen zenbait lekukori buruz

Hego-Nafarrera Camino

Hego-nafarreraren egitura, gaur ezagutzen diren datuen araberakoa, Iñaki Caminok adierazi duen gisan.

Elkanoko eliza

Elkanoko eliza (argazkia: Jesus Mª Etayo). Bertan apaiz izandako Joakin Lizarraga (azpian, sinadura) da Iruñe ekialdeko euskarari buruzko iturri nagusia.

Egungo adituak gero eta hobekiago ari dira ulertzen Nafarroa erdialdeko euskal hizkeren nondik norakoa. Hainbat arrazoik azal dezakete aitzinamendu hori, berezko euskara penagarri galdu duen eremua izanik: testu zahar berrien agerpenak, etengabeko ikerketak, eta ikerketa horietan erabili beharreko irizpide eta metodologia doitzeak, adibidez. Bonaparteren iparraldeko / hegoaldeko goi-nafarrera banaketa klasikotik abiatuz, baina aldi berean sailkapen eredu hark zeuzkan gabeziak agerian jarriz eta arrazoituz, sendotu egin da azken bi hamarkadetan Nafarroako hizkerak —gaurkoak zein atzokoak— bestela azaltzen dituen ildo teorikoa. Bonaparteri hegoaldeko goi-nafarrera euskalki beregaina iruditu bazitzaion ere, nafarrera osoa euskalki bakartzat jo eta hego-nafarrera (ikus mapa) euskalki zabalago horren atala baino ez dela ematen da ontzat gaur egun. Bestalde, printzearentzat bereizketa nagusia ipar / hego zen arren, mendebaleko eta ekialdeko euskararen arteko aldea azpimarratzera jo izan da gaur egun: Iruñetik ezker eta Iruñetik eskuin dena (izan) da euskara nafarra, baina bazegoen alderik eta etenik Gesalaztik Eguesibarrera, adibidez.

Hori horrela izanik, pena da goiko mapa ezin eskuinerantz hedatua. Mendebalarekin erkatuta, gutxiago da Nafarroako ekialdeko euskaraz ezagutzen dena, Aezkoa-Zaraitzu-Erronkari eremua alde batera uzten badugu. Batetik, seguru asko, euskara lehenago galdu zelako aipatu inguruElkanoko Lizarragaren sinadura hartan (esaterako, Deierri eta Oltza bitarteko hainbat herritan sasoiko samar omen zirauen hizkuntzak 1860an, baina oso gibelka zihoan Iruñe eta Irunberri bitarteko eremu gehienean); eta bestetik, ekialde
hartan euskara idatziz jaso zuten lekuko zenbaiten lana ezin delako ikerketarako nahi bezala baliatu.

Ekialde nafarraz eta eman dituen euskal testuak dialektologian erabiltzeko zailtasunez aritu nintzen duela egun batzuk 31eskutik blogean. Gaia gustuko baduzue, hemen irakurri ahal izango dituzue bertan esandakoak.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu