
Itsaso herriko eliza, Basaburua ibarrean
[XIX. mende amaierakoak iruditu zitzaizkidan irakurri nituenean sarrera honetan aurkeztutako testuak. Juantxo Aleman imoztarrak azpiko oharretan emandako xehetasunen arabera, XX. mende hasierakotzat jo behar dira, eta hasierako izenburua (‘Basaburuan topatutako XIX. mendeko euskal testu laburrak’) aldatu egin dut horrenbestez. Mila esker Juantxori oharrengatik!]
Basaburuko apaiz izandako Andres Petrirenak Itsaso herriko apezetxean izan zituen luzaroan bilduta haraneko eliza liburu guztiak; egitekoari utzi zionetik ez dakit hala segituko duten. Hantxe ezagutu nituen 2007an orain hona ekarritako euskarazko lekuko apal hauek. Norbaitek Udabe herriari dagozkion bataio-oharren albo batean idatziak dira, 1765 aldeko sarreren ondoan. Dena den, egungo bataio-liburua XIX. mendean egindako kopia da (konbentzio gerrate ostean kopiatu baitzituzten liburu zaharrak, gerra garaian lur azpian gorde eta hezetasunak hartuta gelditu zirelako) eta idazkerari eta grafia-sistemari begira bistakoa da testuok, XVIII. mendekoak ez, baizik eta liburu zaharrak kopiatu ziren garaikoak-edo direla. Euskarazko apurren eta kopiaren beraren data zehatzik ez dakit, baina hantxe idatzitako guztia XIX. mende hondarrekoa dela esango nuke.
Bi lekukotasun ezberdin utzi zituen Basaburuko esku anonimo hark: ‘Oi zer zoriona’ izeneko eliz-kantaren zatitxoa batetik, eta ‘Mariaren bioza’ izenburua duten bertso batzuk bestetik.
Oi zer zoriona…
Izenburu honen azpian honako eliza-kanta hasiera hau dago idatzita:
Oi zer zoriona ene biozean dagoena
Oi zer zoriona, zuk emanik, ene Jesus Jauna

‘Oi zer zoriona’ bilduta duen ‘Eskualdun kantikak’ liburuaren azala
Zoriona, zuk emana, Jesus Jauna (bis)
1.
Urrun zaitezte, munduko plazerak
Urrun nere pensamentutatik
Jesusekin ditut atseguin bakarrak
Ez bada ni separa oietatik
2.
Urbildu naiz mayz (?) santu ortara
Orra zer den guertatu
Jesus jeuchi da nere biozera
Artas nai duela jabetu
Nik ez nuen kanta hau ezagutzen eta nire inguruan inoiz ez dut entzun. Egungo basaburuarrek ere ez, antza: Andres Petrirenak ez zuen gogoan azken hamarkada hauetan haranean sekula abestu izana. Iparraldeko bertsio bat topatu dut Florentin Vogel organojole alsaziar eta Donapaleura ezkonduak 1935-36an argitara emandako Eskualdun Kantika liburuan; hemen kontsulta daiteke eta Itsason agertutakoarekin alderatu.
Ez da dudarik kanta berberari dagozkiola Vogelek bildutakoa eta Itsason agertutako zatia, azken honen hirugarren ahapaldiko ‘mayz‘ ustez akastun hori gorabehera. Euskarari dagokionez, Basaburukoak ez du Donapaleun argitaratutakoaren ekialdeko kutsurik. Eliz-abestien letrak euskalki berean haran batetik bestera (ia) aldaketarik gabeak eta finko samarrak izango zirela pentsatuta ere, eite nafar garbia du Udabeko bataio-liburukoak eta ez du Basaburuko euskaratik urrun itxurarik; ez litzateke harritzekoa inguru hartan erabilitako bertsioa horixe bera izatea. Hirugarren ahapaldiko jeuchi, Nafarroan ohiko zen jautsi-ren aldaera, iparraldekotzat du Orotariko Euskal Hiztegiak (OEH), baina ez da ahaztu behar inguruko testu nafarretan ere –e– batez erabili zela: Basaburuan bertan jaiotako Mariano Erbitik jeutsi eman zuen Beintza-Labaiengo doktrina idaztean, eta yeutsi ageri da Miguel Ignacio Armasa domingotar labaiendarraren prediku argitaragabeetan ere. Artas hitzaren amaierako -s apikaria bera (batuan NORTAZ kasuan ematen dugun -z bizkarkariaren ordain) ohikoa da Nafarroako erdiguneko eremu horretan eta, esate baterako, halaxe dator Imozko Goldaratz herrikoa omen den 1839ko prediku batean: eguiten dute pecatu mortala ardoari, olioari, aguardiente, eta beste onelaco generoari ura emanda salcen ditutenac, alacoric ezpalu bezala, batere artas errelajatu gabe.
Mariaren bioza
Eliz-kantu zatiaren ondoren, ‘Mariaren bioza’ izenburupean, honako hiru bertso hauek datoz:
1.

Udabe Basaburu hegoaldean dago, Irurtzundik kilometro gutxitara
Mariaren bioza, bioz samurrena
Jaunarenzat beti sutan zauderena (sic)
Su artatik gu baitan emazu chingui bat
Agian hel gaitezen gu ere zerura (bis)
2.
Utzirik pekatua zoriona kristaua
Bere Jainkoarekin paketua dena
Maria bere Amak zenbat eztitasun
ez dio gozarazten, hala gau hala egun
3.
Maita dezagun beraz Ama bat ain ona
Pekatari guzien igues lekua dena
Har gaizazu ó Ama zure besoetan
Bai orai eta guzis azken orduan.

Sarrera honetan aipatutako herrietako batzuk, azpimarratuta
Ez dut uste bertso hauek egileak inori kopiatuak direnik, niretzat behintzat ezezagunak dira. 7-6ko eskemari segitzen diote berez, baina behin edo beste silaba kopuruan kale eginda eta erriman ere zorroztasun handirik gabe.
Polita da lehen ahapaldiko hirugarren bertsolerroa:
su artatik gu baitan emazu chingui bat
Txingar ordez txingi hitza erabiltzea testuaren nafartasunaren aldeko seinale dugu berriro. Goldarazkoa da beste adibide hau ere (1834): O gula gula, lujurieren su infernala, ceñen galda da sobervie, ceñen chinguie edo prasa dirade iz desonestoac. Nafarroako testuetan txindi ere erabiltzen da OEHren arabera, baina -gi amaiera arruntagoa da Ultzama inguruan. Orixek ere Itsasoko bertsoetan bezalaxe erabili zuen hitz hau. Uitzi aldean ikasiko al zuen umetan?
Azken bertsolerroko guzis horren amaiera apikaria, bestalde, arestiko artas hitzarenarekin lotu daiteke.
Nork idatziak?
Elizgizon baten lana izango da noski hemen aurkeztutakoa, Udaben apaiz ibilitako norbaitena seguru asko, baina norena? Bataio-liburuetan ez dut topatu euskal testutxo hauen egilearen izena agerian jar dezakeen ezer. Eliza-liburuak beranduagoko kopiak direnez eta kopia-urtea ezezaguna denez ezin da ziurtasunez jakin noiz sortu ziren orrialde horretan gordetakoak, eta lan zaila da beraz Udabeko apaiz-zerrendari begira abade jakin batekin lotzea. Pena da, interesgarria litzatekeelako lekukotasun xume hauek ibarreko semeren batek sortu zituen ala ez jakitea.

Sarrera honek I. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.