Tag: artzibar

Juan Cruz Elizalde (1816-1870)

zandueta ????- nagore? Alt-III- 345

nagore-130507-22-pan

Nagore XX. mendearen hasieran (goian) eta XXI.enean: den-dena aldatu da, baita herriaren kokagunea ere. Iturria: www.valledearce.com

Sarrera honetan bildutako datu asko iluntasunetik ateratzeko ezinbestekoa izan da zenbait lagunen bilaketa-lan arretatsua. Hiru ditut bereziki gogoan: Artzibarko Udal Artxiboko Loreto Echavarren, ibarreko apaiz Patxi Izco eta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarra. Zorretan nago haiekin. 

Bonaparte Ondarea —euskalariak bere ikerketak burutu ahala bildu zituen idazkien bilduma, alegia— oso ezagunak ez diren altxorrez beteta dago. Horietarik bat Nafarroako Artzibar haraneko euskararen lekukotasun interesgarri askoa da: XIX. mendearen erdialdeko doktrina itzulpena, Juan Cruz Elizaldek prestatua, egileak berak lanaren hasieran idatzi zuenez:

“Arcico Vallea compocen da oguei·eta vorz erri eta caserioquin, Urizco erria dago erdisuan, eta Valleco uscara dá, nic oray explicacen duten vezala. Juan Cruz Elizalde.”

Izatez, bi dira Elizaldek utzi zizkigun testuak. Hasieran itzulpen bat prestatu zuen, eta ondoren, Claudio Otaeguik eginiko ohar batzuk kontuan harturik eta Bonaparteren gustua zuzenago betetze aldera nonbait, bigarren bertsioa, oso antzekoa.

Nagore San Julian

Nagoreko San Julian eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com)

Interesgarria da itzultzaileak eginiko lanaren fruitua, ez dituelako gehiegi eman inguru hartako euskarak; baina zoritxarrez asko dago oraindik argitzeko horrelako bitxiak utzi zizkiguten berriemaileen inguruan. Nor izan zen, esaterako, Juan Cruz Elizalde hura? Oso gutxi da orain arte berataz esan dena. Uritz herriarekin lotzen dugu, Bonaparte Ondarean bertan dagoen informazioaren arabera, eta maisua izan zela jaso zuen Xabier Erizek Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoaz prestatu tesian. Gainerakoan, ordea, ia guztiz ezezagun dirau, eta penagarria da zein gutxi eman den jakitera printzearen laguntzaile askori buruz, nahiz eta zenbaitek —Elizaldek berak, adibidez— gaur egun galduak diren hizkeren arrasto baliotsuak utzi zizkiguten. Artzibarren bertan bada, gaur den egunean, gizon honen aditzea ere ez duen euskaltzale eskolaturik; eta hala ere ibarreko euskararen historian eta egungo artzibartarren oroimenean txokoa merezi duelakoan nago.

Hona hemen, laburzurrean, Urizko doktrinaren egileari buruzko zenbait zertzelada.

Juan Cruz Elizalde Lusarreta 1816ko abuztuaren 7an jaio zen Artzibarko Nagore herrian. San Julian elizan 1805ean ezkondutako Geronimo Elizalde eta Miguela Tomasak izan zituzten hamabi seme-alabetatik seigarrena izan zen. Nagore betidanik izan da haraneko herririk jendetsuenetako bat; 44 etxe eta 177 biztanle zituen XIX. mendearen erdialdean. Nagoretik Uritzera bizpahiru kilometro baino ez daude. Ezaguna izango zuen ezinbestean Elizaldek doktrinaren bidez paperera isurtzeko eskatu zioten hizkera, bistakoa baita ibarreko semea zela.

Ieltz Lizoinibar

Lizoainibarren jaioa zen Elizalderen bi amonetako bat, Ieltz herrian hain zuzen. Irudian, San Bizente eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com).

Baina ez bera bakarrik. Amaren aldeko sendia ere artzibartarra zuen: Nagoren jaioak ziren bai ama, baita Juan Jose Lusarreta eta Josefa Aldabe aiton-amonak ere. Aita, aldiz, lizoainibartarra zuen: Ieltz herrikoa, hain zuzen. Aitaren aldeko aitona Pedro Jose Elizalde zen urrun samar sortutako senide bakarra: Eratsungoa zen eta maestro carpintero izendatzen dute XVIII. mendearen amaierako paperek. Lizoainibarko adarra, horrenbestez, Catalina Saldias amona ielztarraren eskutik zetorkion Elizalderi; saldiastarrak zurgintzan aritu omen ziren XVIII. gizaldi osoan zehar, Xabier Itulain ikertzaileak topatutako albisteen arabera. Ezin izan da Lizoainibarko euskararen lekukotasun zabalik gorde, baina Artzibar eta Eguesibar hizkuntzaren aldetik ahaide zirelarik eta Lizoainibar bien artean egonik (eta Ieltz, gainera, Eguesibarko muga-mugan, ik. mapa), ez du ematen Ielzko eta Nagoreko mintzoek elkarren arteko alde aipagarririk izango zutenik.

Nagoreko San Julianen bataiatu zuten Juan Cruz Elizalde jaioberria 1816ko abuztuaren 8an.

Maisu izateko prestatuko zen noski, baina urte latzak egokitu zitzaizkion eta belaunaldi hartako ikasleez ari garelarik (Mariano Erbiti basaburutarra lekuko) nekeza da prestakuntza horren arrastoari heltzea; gaur arte behintzat ez dut aurkitu Elizalderen maisu-ikasketei buruzko agiririk. Ez da Iruñeko Junta Superior de Educación delakoak 1830eko hamarkadan utzitako erregistroetan Nagorekoaren izenik ageri; titulazioa karlisten kontrolpeko lurraldean eskuratu izanaren seinale, agian. Nolanahi dela ere, urte batzuk beranduago irakasle zebilen, berehala azalduko dudan bezala.

Bi aldiz ezkondu zen Elizalde. Lehendabiziko emaztea 1806an Orreagan sortutako Fermina Berro Monteagudo izan zen, Otsagabiako aitaren eta Uztarrozeko amaren alaba, eta horrenbestez, zalantza handirik gabe, senarra bezain euskalduna. 1841eko uztailean esposatu ziren Auritzen Juan Cruz eta Fermina. Ez dakit zein izan zuten lehendabiziko bizitokia, baina 1843 edo 1844rako behintzat Arrietan biziko ziren, orduantxe ekin baitzion Elizaldek herri hartako mutikoen heziketa lanari.

Mapa JCE

Sarrera honetan aipatutako zenbait herriren kokapena. Gorriz, Elizalderen jatorriarekin loturikoak. Berdez, lanbideari dagozkionak.

Gazte hil zen Fermina, Arrietan bertan, 1845eko ekainean. Bikoteak seme-alabarik izan gabe, antza. 1846ko urtarrilean, oso hilabete gutxiren buruan, bigarren aldiz ezkondu zen Juan Cruz Elizalde: Felicia Andueza —hogei urteko urroztarra eta urroztarren alaba— hartu zuen emaztetzat neskaren herrian bertan. Litekeena da Felicia ere euskal hiztuna izatea, nahiz eta ez den Ferminaren kasuan bezain agerikoa, jaio zenerako hizkuntza gibelatzear edo gibelatzen hasia zelako noski Urrotzen, Bonapartek berrogei urte beranduago emaniko datuei begira.

Juan Cruzek eta Feliciak bi alaba eta seme bat izan zituzten: Martina Marcelina 1847an jaio zen, Martin zortzi urte beranduago, eta Escolastica, gazteena, 1858an. Irakurtzen eta idazten ikasi zuten maisuaren hiru seme-alabek, amak alfabetatu gabe iraun bazuen ere; garai bertsuan Bonaparteren beste lankide baten etxean, arestian aipatu Mariano Erbiti irakaslearenean, errepikatutako eredu bera.

Maestro de Uriz

Elizaldek Urizko maisu-lanpostua eskuratu nahirik bidalitako eskutitza (Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboak eskainitako irudia)

Ezkondu ostean Arrietan biziko ziren lehenik Elizalde-Andueza senar-emazteak, hango lanari eutsi baitzion maisuak hainbat urtez. Baina 1851ko abuztuan Urizko eskola hezitzailerik gabe gelditu zenean (irakasle ibilitako Martín Ernestak Orondritzera alde egin baitzuen) Nagorekoak bere burua eskaini zuen hautagai Arrietan emandako zazpi urteak aldeko argudiotzat harturik (ik. irudia).

1851ko azaroa bukatu baino lehen izendatu zuten Elizalde Urizko mutikoen maisu. Irakaslearen alde mintzatu ziren Arrietako apaiza (Martin Jose Elia) zein auzo-alkatea (Lorenzo Aranaz). Pozik utzi zituen bata zein  bestea nagorearrak aurreko urteetan egindako lanak:

…ha ejercido su ministerio en este referido lugar durante siete años, á total complacencia de todo su vecindario, y con gran aprobechamiento de los niños, habiendo obserbado una conducta irreprensible y digna de imitación bajo todos conceptos… 

Ez zen halakoa izaten irakasle guztien jokabidea. Elizaldek Arrietatik alde egin eta handik bost urtera (1856), mutikoen heziketaren ardura Francisco Larraguetak zuelarik, galdeketa egin zuen Lehen Hezkuntzako Batzordeak, lau herritar maisuaren jokabidearekin nazka eginda kexu agertu eta gero: antza denez haurrek ez zuten Larraguetarekin ezer ikasten, eta ez da oso harritzekoa, ez omen baitzen sarritan eskolara joan ere egiten, eta mozkortu ere egiten zelako nonbait (en todas las ocasiones que ha podido (…) siendo la befa de sus mismos discipulos). Elizaldek utzitako hutsunea ez zuten ondorengo maisu guztiek Bonaparteren berriemaileak bezain ongi bete, itxuraz.

Uritz2

Urizko jauregietako bat (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com)

Zerk eragin ote zuen Elizalderen lekualdatze nahi hura? Jornalak ez behintzat: Nagorekoa eta Arrietakoa ziren Artzibarko eskolarik jendetsuenak, eta horren araberako soldata zuten, Urizko maisuari agindutakoa baino dezente hobea (trukean, 16-20 ikasle baino ez ziren Uritzera joaten, Nagorera baino hiru aldiz gutxiago). Nire ustez irakaskuntzarekin batera beste lanbide bat betetzeko aukerak bideratu zukeen Elizalde Uritzera: Larraguetari 1856an egindako galdeketak jasotzen dituen agiria Juan Cruz Elizaldek berak idatzi eta sinatu zuen ibarreko idazkari gisa. 1867ko abendukoa da Urizko hezitzaileak sinatutako udal-idazkirik berantiarrena. Litekeena da beraz Uritzen aritu zen urteetan irakaskuntza eta idazkaritza, biak bere ardurapean hartu izana; eta ibarrekoek biltzarrak Nagoren egiten zituztelarik, urrun samar dagoen Arrieta baino askoz ere erosoagoa izan zitekeen Urizko eskola-zeregina Elizalde idazkariarentzat. Sendia Uritzen bizi zela 1857tik 1868ra bitarteko errolda guztiek berresten dute.

1868rako idatzia zukeen nagorearrak Artzibarko euskararen berri ematen digun doktrina-itzulpena. Bonaparte 1866ko otsailean izan zen Artzibarren, Nafarroako ipar-ekialdea ezagutu zueneko bidaian zehar. Uritzen gelditu omen zen: Elizalderen lana jasotzeko agian? Agoizko euskaraz emaniko doktrina eskuratzea izan zen hilabete luzez Bonaparteren xedea, baina azkenean etsi egin zuen, Agoitz ingurune erdaldunegia zelakoan. Itxura guztien arabera 1852 eta 1866 bitartean idatzi zen Urizko lan hark lagunduko zuen noski printzearen beharrak neurri batean bederen asetzen. Nolanahi ere, ez dago doktrinaren aipamenik Bonapartek Echenique lankideari idatzitako eskutitzetan.

IMG-20151110-WA0003 Elizalde

Juan Cruz Elizalderen heriotz-agiria (Patxi Izcoren argazkia)

Arestian aipatu 1868ko erroldakoak dira gaur arte udal-artxiboek Elizalderen jardunaz utzi dizkiguten azken albisteak. Bizitzaren hondarreraino izan zen ziurrenik Urizko maisu, maestro de niños de este partido gisa ageri baita Nicolas Olondriz bikarioak idatzitako heriotz-agirian. 1870eko azaroaren 25ean hil zen Elizalde, ohean gaixorik, eritasunak biatikoa hartzea eragotzita. Meza sei apaizek esanik egin zuten hiru egun beranduago  hileta-elizkizuna.

Xabier Itulainek jakinarazi didanez Martin Elizalde zuen izena 1924an Urizko maisuak. 1855ean jaiotako semea baldin bazen, 75 urte luzez arduratu ziren elizaldetarrak Urizko gaztetxoen heziketaz.

Aita gurea, ceruetan zaudena, santifica bedi zure icena, etorri vedi guregana zure erreiñua, cumpli vedi zure borondate Sandua, ceruan vezala lurrean ere. Eman dezaguzu eguneroco oguia, eta varca dizquiguzu guri gauren zorrac, ala nola guc barcacen baitiogute zor gaitusteneri, eta libra gaizazu gaiz gucietaic. Amen. Ala izan daela.

Artzibarko Aita Gurea, Elizalderen testuetako batean ageri den bezala (Uritz, c. 1860)

El nagorearra Juan Cruz Elizalde Lusarreta (1816-1870) tradujo hacia 1860 la doctrina cristiana con arreglo a la variedad cispamplonesa de Arce dejándonos dos manuscritos que se conservan hoy en el Fondo Bonaparte. A pesar del indudable interés de ambos textos como obligada referencia para acercarnos al euskera propio del valle, hoy tristemente desaparecido, el autor apenas ha sido hasta nuestros días más que un simple apunte desprovisto casi completamente de contenido a falta de datos biográficas, como ocurre aún con demasiados colaboradores del ilustre príncipe y vascólogo. Es ese vacío el que ha pretendido paliar siquiera en parte esta entrada, ofreciendo una serie de noticias acerca de quien fue maestro de instrucción primaria durante un cuarto de siglo, primero en Arrieta y a partir de 1852 en Úriz, a la vez que secretario en su Artzibar natal.


FONTES LINGUAE VASCONUM 118

flv 118

FLV 118. Egin klik irudian edukietara jotzeko

Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2015

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera (sarean, hemen)

FLV  aldizkariaren 119. zenbakia osatuko duten edukiak dagoeneko orraztuta eta labean daudelarik, hona hemen —Nafarroako euskararen ikuspegitik— otsailean argitara emandako 118ari dagozkion zenbait:

 

Batallonaren ordena. Doneztebe, 1840. Juan Jose Zubiri

Santesteban antiguoGoizuetako udaletxeko artxiboan topatutako XIX. mendeko testu zahar berri bat ekarri du Juan Jose Zubiri donostiarrak Fontesera, Doneztebeko herritarrentzat idatzia, darabilen hizkera bete-betean Doneztebekoa izan ez arren.

Hogeita hamazazpi artikulutan zehar garatutako ordenantza da, estilo aldetik gaztelaniaren joskerarekiko morrontza handixkoa duena. Jatorrizko erdal testu zehatza ez da gaur arte topatu, baina agerikoa omen da itzulitakoak 1821eko lege-testu bat izan zuela oinarri; izan ere, Zubirik aurkeztutako idazkiaren zatirik handiena urte hartako apirilaren 17ko dekretu bat da, euskarara isuririk.

Zein euskaratara, ordea? Ez behintzat biribil-biribil zegokien hartzaileenera, esan bezala. Testuak baditu hainbat ezaugarri nafar, ipar-sartaldera begira jarriko luketenak; baina erdialde kutsukoak ere ez gutxi. Eta ageri diren tasun nafar horietan ez du ematen antzeman daitekeenik gaur Doneztebe inguruan egiten denaren isla zuzenik.

Zubirik, 1840ko itzulpenaren transkripzioa eskaintzeaz gain, zabal aztertu ditu artikuluan testuari dagozkion hainbat hizkuntza-ezaugarri, grafiatik hasi eta hiztegira bitartekoak.

Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (eta 9 – Aditzaz zerbait Elkanoko aldaerarekiko erkaketan). Koldo Artola.

Ultrapamplones bonaparte

Hegoaldeko goi-nafarreraren baitako aldaerak (Eguesibarkoa eta Artzibarkoa barne) Bonaparteren sailkapenaren arabera (Iturria: Morfología del verbo auxiliar vasco).

Laster beteko ditu hamar urte Koldo Artolak Artzibar inguruko euskara hizpide harturik FLVn argitara eman zuen lehendabiziko lanak. Segida ederra izan zuen: beste zortzi ekarpen —gaurko hau errematea— horien bidez Artzibar iparraldeko eta Hego-Esteribarreko azken hiztunei 1971tik 1992ra bitartean Artolak berak eginiko hainbat inkesta ezagutarazi, eta inkesta horietan bildutakoak inguruko datu garakide zein zaharragoekin erkatzeko ahalegin handia egin duelarik. Erkaketa lan horretan barnera begira jokatu du alde batetik donostiarrak (azken hamarkadetan Artzibarren zein Esteribarren jaso ahal izan diren azken orduko albisteekin batera Uritz, Arrieta, Lakabe edota Orotz-Beteluko iturri zaharragoak baliatuz); baina datuak testuinguru zabalagoan txertatze aldera, izan dute lekurik XVIII. eta XIX. mendeei dagozkien Eguesibarko, Elortzibarko eta Urraulgoitiko lekukotasunek ere. Esan gabe doa Aranzadiko ikertzailearen lan eskuzabalari esker hobeto ezagutzen dugula Zangozako merinaldeko aldaera iraungi hura.

Adoain Iñako Redin

Adoain, Urraulgoiti (Iñako Redinen argazkia)

Gaurko honen aurreko zortzigarren atalean hiztegi lagin zabala alderatu eta gero, aditz laguntzailea izan du aztergai Artzibarri buruzko azken saio honek.

Esan bezala, Artolak kontuan izan dituen Artzibar ingurumariko datuen artean Urraulgoitikoak daude; Adoaingoak, hain zuzen. Datu labankor samarrak dira hangoak, orain arteko iturri idatzi bakarra Adoaingo Aita Estebanen testuak izan baitira, ezaguna delarik badela kaputxinoaren idatzietan lapurterarekiko zorrik, aditz alorrean bereziki; dena den ez du egileak Adoain bazter utzi nahi izan, Urraulgoiti Eguesibarrekin batera ezarri baitzuen Bonapartek 1863ko mapa ezagunean.

Basaburu Txikiko euskararen lekukoak (I) 

Arestian iruzkindutako bi lanekin batera, blog honetan lehendik ere aipatu ditudan Mariano Erbiti eta Miguel Ignacio Armasari buruzko xehetasunak topatuko ditu irakurleak Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 118. zenbaki honetan.

Hauexek dira gainerako artikuluak:

Hacia una periodización de la fragmentación del euskera occidental. Gontzal Aldai.

Aipuaren aipuari tiraka. Melchor Oiangurenen euskal gramatiken eta hiztegi hirukoitzaren bila euskalaritzaren hastapenetan. Mikel Aizpuru.

Birformulatzaile laburbiltzaileen balio diskurtsiboen azterketa. Mª Jesús Aranzabe / José Mª Arriola.

Las mujeres de El amigo congelado de Joseba Sarrionandia: la utilización de personajes femeninos para hacer frente a los límites del lenguaje. Eider Rodriguez.

Topónimos alaveses de base antroponímica que tienen hurivilla como formante. Patxi Salaberri Zaratiegi.


Nafarroako ekialdeko euskararen zenbait lekukori buruz

Hego-Nafarrera Camino

Hego-nafarreraren egitura, gaur ezagutzen diren datuen araberakoa, Iñaki Caminok adierazi duen gisan.

Elkanoko eliza

Elkanoko eliza (argazkia: Jesus Mª Etayo). Bertan apaiz izandako Joakin Lizarraga (azpian, sinadura) da Iruñe ekialdeko euskarari buruzko iturri nagusia.

Egungo adituak gero eta hobekiago ari dira ulertzen Nafarroa erdialdeko euskal hizkeren nondik norakoa. Hainbat arrazoik azal dezakete aitzinamendu hori, berezko euskara penagarri galdu duen eremua izanik: testu zahar berrien agerpenak, etengabeko ikerketak, eta ikerketa horietan erabili beharreko irizpide eta metodologia doitzeak, adibidez. Bonaparteren iparraldeko / hegoaldeko goi-nafarrera banaketa klasikotik abiatuz, baina aldi berean sailkapen eredu hark zeuzkan gabeziak agerian jarriz eta arrazoituz, sendotu egin da azken bi hamarkadetan Nafarroako hizkerak —gaurkoak zein atzokoak— bestela azaltzen dituen ildo teorikoa. Bonaparteri hegoaldeko goi-nafarrera euskalki beregaina iruditu bazitzaion ere, nafarrera osoa euskalki bakartzat jo eta hego-nafarrera (ikus mapa) euskalki zabalago horren atala baino ez dela ematen da ontzat gaur egun. Bestalde, printzearentzat bereizketa nagusia ipar / hego zen arren, mendebaleko eta ekialdeko euskararen arteko aldea azpimarratzera jo izan da gaur egun: Iruñetik ezker eta Iruñetik eskuin dena (izan) da euskara nafarra, baina bazegoen alderik eta etenik Gesalaztik Eguesibarrera, adibidez.

Hori horrela izanik, pena da goiko mapa ezin eskuinerantz hedatua. Mendebalarekin erkatuta, gutxiago da Nafarroako ekialdeko euskaraz ezagutzen dena, Aezkoa-Zaraitzu-Erronkari eremua alde batera uzten badugu. Batetik, seguru asko, euskara lehenago galdu zelako aipatu inguruElkanoko Lizarragaren sinadura hartan (esaterako, Deierri eta Oltza bitarteko hainbat herritan sasoiko samar omen zirauen hizkuntzak 1860an, baina oso gibelka zihoan Iruñe eta Irunberri bitarteko eremu gehienean); eta bestetik, ekialde
hartan euskara idatziz jaso zuten lekuko zenbaiten lana ezin delako ikerketarako nahi bezala baliatu.

Ekialde nafarraz eta eman dituen euskal testuak dialektologian erabiltzeko zailtasunez aritu nintzen duela egun batzuk 31eskutik blogean. Gaia gustuko baduzue, hemen irakurri ahal izango dituzue bertan esandakoak.


Ziorditik Uztarrozeraino (Koldo Artola)

Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.


Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU

Artzibar I

Artzibarko udal-dermioa (urdinez) eta Orotz-betelukoa (gorriz).

Urrobi eta Irati ibaiak ardatz, 1.646 biztanle zituen Artzibarrek XIX. mendearen erdialdean; haietarik 177 Nagore haranburuan bakarrik. Ez dira askoz gehiago gaur ibar osoan bizi direnak, behinolako populazioaren %85 galduta. Artzibartik banandu ostean 800 bizilagunetik gorako izandako Orotz-Betelun, aldiz, 200 ere ez dira egun. Tantaka-tantaka hustu zaizkio herriak iragan mendean zehar inguru eder honi; halaxe hustu zaio berezko euskara ere, XIX. mendera arte nagusi, gizaldi hura azkentzean Longida aldetik makaltzen hasia, XX.a heldu bitartean iparraldeko herrietan transmititua, eta milurte berriaren atarian ahitu eta galdutakoaren oihartzunari baino eusten ez diona. Ikaratzeko moduan ibili dira parean Artzibarren euskararen ahultzea eta orain biziberritu nahi duen haranarena berarena. Bizkortuko ahal dira biak.

Joana da, izatez, ibar honetako euskara; baina ezagutu nahi dituenarentzat arrasto, istorio eta lekuko franko utzirik. Hemengo laburpenean baino ederkiago dastatu daitezke ingurune eder hau sakon ezagutzearekin batera www.valledearce.com webgune interesgarrian.

Aspaldiko lekukotasunak

XIX. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusi ibarrean; ez da horren adibiderik han-hemenka falta.

ARIZKUREN

Arizkuren; behinolako herria 1940ko hamarkadan hustu zen (Iturria: www.lebrelblanco.com).

XVI. gizaldiaren hasierak J.M. Satrustegik 1992an ezagutzera emandako euskarazko ezkontitzak utzi zizkigun Artzibarren, Nafarroako beste hainbat eskualdetan bezala. Catalina Arizkurengoaren eta Uliko Martin Jasoren arteko auzia eragin zuten: Catalinak ezkontitzok esan, nonbait, eta ukatu egin zuen beranduago baliozkoak zirenik; aitaren beldur zen, antza denez, eta esanak esan ez zuen haren baimenik gabe ezkontzeko asmorik. Prozesuan Arizkurengoak eta jasotarrak elkarri eman bide zioten agindua bildu zuten: njc prometaçen derauçut / ez secula çuri faltaceco / eta çuçaz verce emazteric / ez egujteco. Aurreraxeago, azken horren ordez, honela dator: vici naycen artean ez agujteco.

Ez da XVI. mendeko agiriek eskainitako lekukotasun bakarra: Arrietan (1554), idatziz jarri zuen eskribau batek —sarritan gertatu bezala— herritarrei jakinarazi beharreko ohar bat erromantzez eman ostean euskaraz azaldu behar izan ziela: les ley del principio hasta el fin la dicha sentencya declarándoles y dándoles a entender en bascuençe. Xabier Itulain ikertzaileak bildu du datua.

oroz betelu

Orotz-Betelu.

Mende amaierakoa da, bestalde (1598), Fernando Maiorak ezagutarazitako traydore, bellaco, ynçaç mandory esaldia (Esaldiaren interpretazio zuzena irakurtzeko, jo sarrera osteko oharretara. Mila esker, Borja!). Orotz-Beteluko abadeak zaltegi batean mando bat zela-eta izandako liskarrari buruzko prozesuan agertu da, Nafarroako Artxibo Orokorrean.

Artzibartarren ohiko hizkuntza euskara izanik, bada espero bezala horren oihartzunik 1587ko herri bascongadoen zerrenda ezagunean ere: multzo hartakotzat jo zituzten arrieta, V.ª nueu, esparrien, equiça, orizbetelu, gorraiz edo mizcoz [Mizkotz jaso izan da azken euskaldun zaharren ahotan ere egun Imizkotz dena aditzera emateko].

XVII. mende hasierakoa da (1626) Asnotz herrixkan gertatutako istorio xelebrea. Maria Enekoitz izeneko neska aezkoarraren aita hil ostean, Aurizko eskribau Pedro Bergararekin ezkondu zen ama. Kalterako izan zuen Maria gazteak aitaordea etxean sartzea: Bergara eginahalak egiten hasi zen bere seme bat alabaordearekin ezkon zedin, horrela emaztea hiltzen bazen Mariari egokitu beharreko aita zenaren ondasunak eskuratu nahirik. Aitaordearen ahaleginak ahalegin, neskak ez zuen amore eman. Izan ere, beste mutil bat zuen gustuko: Juan Iribarren, Asnozko jaun gaztea, Mariaren osaba baten iloba umezurtza.

Bergara aita-semeek haien asmoen aurkako ezkontza hura inola ere onartuko ez zutela eta mehatxuka hasiak zirela ikusirik, Maria eta Juan amarru bidez ezkondu ziren osabak lagunduta. Baimenak aurrez lortu, proklamak Aezkoan zein Asnotzen irakurri, eta Orreagara joan ziren, Juan Beltran bikarioarengana; aspaldiko adiskide zuen osabak Beltran hura. Bikarioa gaixorik zegoela baliatuta, eta bisitatzeko aitzakiaz, ohe ondora hurbildu eta bere aurrean esan zituzten Asnozko mutilak eta Maria Enekoitzek ezkontitzak: —Nay nauzu zure senarretaco? —Bay, naycen dizuz (sic). Esan orduko presaka egin zuten ihes: apaizaren borondatearen kontra eta Elizaren legeak hautsita izan arren, ezkontza xelebre hura izan, bazen, formula esan eta abadeak hitzak entzun egin baitzituen. Epaitu egin zuten nolanahi ere amarrugileen jokabidea, jakina, eta zigorrak ezarri —ezkontza behar bezala errepikatzea, barau egitea, purgatorioko animen aldeko hainbat meza agintzea…— baina zigor arinak irudituko zitzaizkion Maria Enekoitzi, Pedro Bergararen semearekin ezkondu beharretik askaturik. Aurreraxeago aipatuko dudan On Javier Ibarrak eman zuen argitara albiste hau 1930eko hamarkadan.

NHE 1767

Artzibar eta Agoitz ingurua —beste batzuen artean— erdaldundutzat jo zuten komisariek 1767an (Iturria: J. M. Jimeno Jurío).

XVIII. mendean Artzibarrek euskaldun zirauen arren, gaztelania ere pixkanaka-pixkanaka hurbildu (edo hurbilarazi) izanaren lehen zantzuak antzeman daitezke. Blogean behin baino gehiagotan azaldu bezala honako honetan ere, Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Artzibarren gaztelania aski ezaguna zela argudiatu zuten 1765etik aitzim, eta horrenbestez, gehiengoa euskaldun izan arren, bazuketela aurrerantzean beraiek ere herri haietan lan egiterik, eta ez komisari euskaldunek bakarrik: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Romanzadotzat jotzeko eskatutako herrien zerrendan Artzibarko hauek guztiak bildu zituzten: Asnotz, Zazpe, Espotz, Zandueta,  Hiriberri, Arrieta, Saragueta, Uritz, Nagore, Urdiroz, Imizkotz, Lakabe, Usotz, Gorraitz, Lusarreta, Orotz Betelu eta Gurpegi. Haran osoa, hitz gutxitan.

Hala ere, urte haietan bertan (1782), almadiak zirela-eta sortutako hainbat gorabehera aztertzeko Artzibar, Aezkoa eta Zangozako ordezkarien arteko bilera izan zenean, erretoreak ere joan behar izan ziren aezkoar eta artzibartarrekin; izan ere, Zangozakoek ez zekiten euskaraz eta bi haranetako agintari zibilak nekez moldatuko ziren haiekin: no saben bascuenz y los diputados y regidores de los Valles de Aezcoa y Arce por lo regular, no saben otro idioma. Albistea ez dator bat komisari erdaldunek agertutako hizkuntza-paisaiarekin.

Are gehiago; XIX. mendea hasita —Jimeno Juríok Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan topatutakoaren arabera— Orbaizko eta Artziko erretoreak Otsako parrokia eskuratzeko lehian hasi zirenean, baztertu egin zuten otsarrek Orbaiztik zetorkiena ia ez baitzuten zerabilen mintzoa ulertzen, por ser muy diferente del de este País. Nekez izango zen hura euskalki-arazoa, Artzibarko Otsa eta Longidako Orbaitz elkarren ondoan egonik. Antza denez, oso euskaldun zirauen Artzibar hegoaldeko Otsak duela 200 urte. Ez zen luzerako izango, mendean zeharreko albisteek erakutsi digutenez; aldiz, Itzagaondoko Urbikainen bezalatsu, hamarkada gutxitan euskararen nagusitasuna hankaz gora joan zela ematen du.

Izan ere, Bonaparteren mapa da Artzibar inguruko euskara pattaltzen hasi izanaren lehenbiziko lekuko argia. Haran hegoaldean ezarri zuen printzeak hizkuntza nagusi zeneko eremuaren muga 1863an: mugaz beheiti utzi zituen Longida erdaldunduagoa bertatik bertara zuten Olorices baserrietako bat, Otsa bera eta Zazpe herrixka, mapan kolore argiagoa zutelarik.

Bonaparte

Bonaparte, 1863. Euskara ahul Longidan eta Artzibar hegoaldean. Urraulgoitin (behean, eskuin, Ezkaniz) desagertze bidean.

Artzibarri buruzko xehetasunak jasotze aldera, 1865 eta 1869 bitartean Arrietako maisu Juan Cruz Elizaldek prestatutako doktrina-testuak baliatu zituen printzeak. Bonaparte Ondareko 60 eta 61. eskuizkribuak dira eta Nafarroako Artxibo Orokorrean daude ikusgai.

gurpegi-130309-18

Gurpegik 30 biztanle izan zituen behinola, XX. mendean hustu aurretik. 1860an euskara zuen nagusi (Iturria: J. Etxegoien)

Brocak (1874) oso antzeko albisteak eman zituen bere mapan; kontuan hartzekoa da hori, sendagile frantziarraren eta Luis Luziano Bonaparteren datuak ez baitziren beti bat etorri. Sainte-Foy-la-Grandekoari helarazitako txostenen arabera haranaren iparraldeko Urdirotz eta Gorraitzen euskara baino ez zuten ibiltzen;  Uritzen eta Espotzen, aldiz, —zer esanik ez hegoalderago— bi hizkuntzak zerabiltzaten ordurako. Erraza da erabilerari buruzko albiste hori Bonaparterek ezagutzaz emandakoetan txertatzea: Artzibar iparraldea guztiz euskalduna zatekeen oraindik baina gaztelania haranean gora zetorren, hegoaldean nagusitzen ari zen ordurako (zenbait herritan euskal hiztunak gutxiengo bihurtzeraino) eta erdialdean oraindik nagusi izan ez arren euskararen tokia hartzen hasia zen. Denbora baino ez zen behar hizkuntza-aldaketa erabatekoa bihurtzeko.

1900dik hona: harana eta euskara, gero eta itzaltzenago

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren azken oihartzuna larri-larri heldu zen XX. mendera Artzibar iparralde eta ekialdeko zenbait herritan; ikusi bezala gainerakoetan are zaharragoa zen etena. Duela 115 urte euskara zen nolanahi ere askoren hizkuntza ibarraren erdialde zabalean zehar. Bistakoa da hori Artzibarko apaizek 1904an Elizbarrutiak egin galdeketari eman zioten erantzunari begira:  lau baino ez ziren izan “¿Se habla vasco?” galderari “No” erantzun zioten herriak: aspaldixko erdaldundutako Otsarekin batera Artozki, Uritz eta Zandueta. Erantzuleen interpretazioa gorabehera, nekez ulertu behar da horri begira azken hiruretan bederen euskaldunik ez zegoenik: Uritzen, esaterako, 75 urte beranduago ere baziren.

Nolanahi ere nabarmena da erdarak zekarren indarra, hegoaldean bezala erdialdean; horren arrastoa utzi digute Eki ezizendun idazle anomimo batek Napartarra aldizkarian 1916tik aurrera karrikaratutako zazpi kronikek. Haran inguruko mintzoa hainbat hitz garbizale eta bestelakorekin nahasi-mahasi samar erabiliz, gogor kritikatu zituen Ekik Artzibarren euskara bazter utzi zutenak eta, bereziki, aspaldiko mintzoari garrantzirik ematen ez zioten agintariak. Hizkuntzaren egoerari buruzko zeharkako albiste baliotsuak ere eman zituen: Urdiroztik goiti eta Irati arroan hizkuntza mintzatua euskara zela iradokitzen dute hark idatzitakoek. Litekeena da berriemaile hura ere herri haietako batekoa izatea. 1917an isildu ziren, tamalez, bere kronikak.

Urte batzuk beranduago —1920ko hamarkada hasieran—, beste hainbat eremu bezala Damaso Intzak Artzibar ere aditz-joko nafarra aztertu nahirik zeharkatu eta gero, Erizkizundi Irukoitzarako inkestak egin zituzten haranean: Azkuek Arrietan, eta Etxalarko Eusebio kaputxinoak Orotzen eta  Azparrenen. Ez dira guztiak gorde, zoritxarrez. Arritan Juana Ibarrola izan zen lekuko; Orotzen Graciana Escabel, Angel Orradre eta Fermin Arbunies. Azparrenen, aldiz, Fermin Etxandi. Urte haietan ari zen koxkortzen edota gazte bihurtzen Artzibarko azken belaunaldi euskalduna.

hiriberri-130322-03

Hiriberri (Iturria: J. Etxegoien).

Hamar bat urte beranduago beste ikertzaile bat (Aingeru Irigarai) Artzibarko euskararen mugez arduratu zenerako, nekez entzungo zen aldaera hura inongo gazteren ahotan ere. Iratialdean topatu zuen Irigaraik hizkuntza bizien, gibelka ordea: Azparren eta Orotzen, eta baita horren ondoko Gorraitzen ere. Haietan ba omen zen 30 urtez gorako euskaldunik, baina mendearekin batera jaiotako belaunaldi hark ez zerabilen euskararik eta 50 urtetik goitikoen ezpainetan baino ez zen entzuten. Adin hartan bertan zegoen antza ezagutzaren eta erabileraren muga Hiriberri, Arrieta, Saragueta eta Uritzen. Imizkotz eta Lusarretako 50 urte ingurukoek erabili ere ez zuten egiten; antzeko zerbait antzeman zitekeen Lakabe eta Gurpegin, eta euskara-pixarrak baino ez gainerako herriren batean. Ez da Urdirotz, Espotz edota Arizkurengo albisterik Irigarairen zerrendan; izango zen euskaldunik han ere. Dena den, ziztu bizian zihoan iheska euskara Urrobin zein Iratin gora.

Ez dut XX. mendearen erdialdeko albiste handirik ezagutzen, baina pentsatzekoa da 1904ko inkestan artean euskaradun jo zituzten haran hegoaldeko herri denetan —eta erdialdeko askotxotan— urte haietan desagertuko zirela azken hiztunak. Eta herriak berak hustu inoiz, hondar euskal hiztun horiek desagertzearekin batera. Lakabeko seme Javier Ibarra Murillo apaiz euskalduna (1626ko Asnozko pasadizoa ezagutzera eman zuena) 1955ean hil zen. Ederrena etxean jaioa zen 1876an; guraso biak artzibartarrak zituen. Huraxe izango zen Lakabeko azken euskaldun zaharretako bat; herria bera handik gutxira hustu zen. 1951n Gorraitzen hildako Patricia Bizkai Barber azparrendarra ere euskalduna zela badakit. Gazte samar hil zen (1895ean jaioa izanik) Azparrengo azken belaunaldi euskalduneko andere hura. Interesgarria da nolanahi ere Artzibar erdialdeko Espotz herrian jaiotako Jose Goñi Lusarreta, 1944an hildakoa, euskararekin baino dorpeago moldatzen zela gaztelaniarekin. Baziren oraindik horrelakoak Artzibarren 1950. urtearen atarian.

Azken hiztunak

1970etik aurrera beste aditu belaunaldi batek Artzibarko euskal hiztunen nondik norakoa ikertzeari ekin zionerako desagerpenaren aurreko urratsean topatu zuten haraneko hizkera.

arrieta2

Arrieta (Iturria: J. Etxegoien).

Irizarrek (1970) estatistika gordina utzi zuen: Orotzen 11 euskaldun aipatu zizkioten, eta Artzibar osoan beste 16 (lau Arrietan, hiruna Lusarreta eta Hiriberrin, bi Uritzen eta bana Azparren, Espotz, Imizkotz eta Saraguetan). Zehaztasun handiko datuok Benito Urtasun ikertzaileak eman zizkion, azken euskaldunak 1900ean jaiotakoak zirela berretsiz. Urtasunek berak Orotz-Beteluko toponimia jaso zuen eta 1971n FLV aldizkarian ezagutzera eman ere bai. 65 urteko Manuel Arzelus izan zuen berriemaile. Arzelustarrak izan zien Orotzen euskara jaso zuten azkenetakoak, azkenak agian; dena den, Manuelen bost anaia-arrebak Uruguaira joan eta bertan gelditu ziren, eta ez dakit baten batek euskarari eutsi zion ala ez. Zaharrenak –Florencia eta Carmen arrebak- 1990 eta 1995ean hil ziren.

Artolak, bestalde, haraneko mintzoa biltzeari ekin zion 1971n bertan Hiriberrin, eta hainbat herritako hiztunak elkarrizketatu zituen hogei bat urtez: donostiarrari eta azken labekadako hiztun haien ekarpenari zor dizkiegu Artzibarko aldaeraren inguruko xehetasun asko. 1980an Artola bera eta Josu Tellabide baleko hiztun bila euskararen hego-mugak orrazten aritu zirenean,  honako herri hauetan topatu zituzten euskaraz ongi(ska) defendatzen ziren artzibartarrak: Lusarretan, Hiriberrin, Arrietan, Imizkotzen, Urdirotzen, Uritzen, Espotzen, Azparrenen eta Orotz-Betelun. Azken bietan, ‘ozta-ozta’ gainera, hiztun osoei muga-hiztunak gailentzen hasita nonbait. Artolak aurkitu zuten lekukorik gazteena, Soledad Arbonies, 51 urtekoa zen. 1971 hartan bertan hil zen Calixto Legasa artzibartar euskalduna, II. Errepublikan zinegotzi izandakoa eta Artozkiko Juriko etxera ezkondua. Ez dakit, ordea, Artozkin bertan sortua ote zen.

Jarraian, azken urte hauetako hondar hiztun eta muga-hiztunen zerrendatxo bat emango dut; denak ez badira gehien-gehienak bederen Koldo Artolak berak elkarrizketatu zituen 1971etik 1989ra bitartean. Batzuk informazio gutxi emateko gauza izan baziren ere, beste zenbaiten ekarpena garrantzi handikoa izan zen Irizarren adizkera-lanetarako:

Saturnino Etxamendi

Saturnino Etxamendi arrietarra (1985), eta Francisca Zilbeti emazte erroibartarra; euskalduna hura ere. (Iturria: Fontes Linguae Vasconum)

Orotzen Gregorio Arzelus Arzelus (1904-1986), Manuel Arzelus Gortari (1906-1985) eta Dionisia Lekunberri Orradre (1899-1991), nik dakidala herriko azken euskaldun zaharra.

Arrietan Marterena etxeko Saturnino Etxamendi Larrea, 1901ean sortua. Koldo Artolak Artzibarren izandako berriemailerik baliotsuenetako bat; 1981etik 1992ra bitarteko harremana izan zuten. Ibarreko azken euskaldun osoa izan zen Etxamendi seguru asko; Barañainen hil zen 1993ko abuztuaren 25ean.

Azparrenen Gregoria Bizkai Escabel (1901-1989), herriko euskara tirriki-tarraka gorde zuen azkeneko hiztuna.

Espotzen Manuel Zazpe Garde (1905) izan zen euskararen apurrak emateko hondar lekuko balekoa, baina hura ez zen zahartzaroan hizketan aritzeko bezain ongi moldatzen. 1986an bizi zen oraindik.

Badut susmoa Zazpe baino euskaldunxeago ote ziren Arriasgoitiko Galdurotzera ezkondu eta 1944an hildako Jose Goñi Lusarreta espoztarraren hiru semeak: Victoriano, Aniceto eta José León Goñi anaiak. Victoriano 1984 aldera hil zen. Arriasgoitiz aritzerakoan zabalago aipatuko ditut goñitar hauek.

Lusarretako Jose Larrea Arozena (1902-1990) berriemaile izan zen baina muga-hiztuna baino ez zen hura ere. Hango euskararen berri eman zezakeen azken pertsona izan arren, ulertu besterik ez zuen egiten; ez zen elkarrizketa bat izateko gauza.

Imizkozen euskara pixar batzuk besterik ez zituen gorde Vicente Inda Errok (1907-1991).

Hiriberrin 1901ean jaiotako Ambrosio Usoz Imirizaldu (1928an Estatu Batuetara alde egin eta Kalifornian iparraldeko artzai franko mintzakide izandakoa), Francisca Larragueta Imirizaldu (1905-1983) eta arestian aipatu Soledad Arbonies Larrageta, 1920an sortua. Andere hau, euskaldun oso baino hartzaileagoa izan arren (asko xamar ulertzen du baina mintzatu gutxi, Koldo Artolaren hitzetan) oso lagungarri izan zuen Aitor Aranak duela hamar urte Artzibarko hiztegiari buruzko liburua argitaratzeko. Tafallan bizi da gaur egun, 94 urteak beteta.

Hauek guztiek eta beste hainbatek emandako informazioaren laguntzaz, Orreaga Ibarra edota Iñaki Camino ere aritu dira XXI. mende honetan Artzibarko mintzoa ikertzen eta mendeetako ondarea galbidetik ateratzen. Ondare horren erakusgarri, hona hemen Arrietako Saturnino Etxamendik Koldo Artolari 1981ean abestu zion gaztetako Gabon-kanta (Iturria: FLV 113 (2011), 300-301. or.).

– Kantatzen zenuten euskaraz zerbait?

– Ni… jústo-jústo oròitzen náiz zerbáit: Jaiki, jaiki artzaiñak, ernatu goizean, Belengo ziudadean Jesus jaio da ta. Eztuzie jinestatzen ikusi artean, antxen deskansaturik, zure triste ori. Ni, no sé, alguna cosa así era.

– Eman, eman berriz…

Jaiki, jaiki artzaiñak
Ernatu goizean
Belengo ziudadean
Jesus jaio da ta.
Eztuzie jinestatzen
Ikusi artean
Antxen deskansaturik
Zure triste ori 

No sé, algo lo he cambiaö, e?

– Kontxo, oso polita da… eta bertzerik ez zen?
– Yo me acuerdo justamente… jústo-jústo oròitzen náiz, artzáiak, juàtentziré, mezára? eguérdiko… o gabérdiko mezán? altxinàrruekín ta… ¿cómo le llaman al zamárro? zamárruák? ta… bére górro… áundi aetái? ta abàrkekín, ta axúri zenbáit óla… bésoan, aurrári adóratzerá, a Jesús, a adorar…
– Muin ematera, edo muxu edo pott edo… nola erraten da?
– Ápa emáterá. Fiárki pollíta ìten züté orduan; géro yá… galdú ze déna, gáldu ziré.

Artzibarko euskararen galera 3.0

Artzibarko euskararen galera. Egin klik irudian gertuagotik ikusteko. Gorriz, azken hiztun ezagunen heriotza-urtea. Berdez, euskaldun osoak ez ziren azken muga-hiztunena. Urdinez, herrietan euskaldunen bat gelditzeari buruzko albisterik berankorrenak noizkoak diren.

A la vez que el drama de la despoblación que tan duramente le ha golpeado a lo largo del último siglo, el navarro valle de Arce / Artzibar ha vivido en paralelo durante ese mismo tiempo el progresivo debilitamiento y la desaparición de su habla vasca autóctona, extinguida en la práctica durante el último cuarto del siglo XX y cuyo último exponente es la hiriberritarra de 94 años Soledad Arboniés, que de niña, en época ya muy tardía (década de 1920) llegó a hacer suyo en parte el euskera de sus mayores. La crónica del euskera de Arce debe necesariamente recoger, por un lado, los ecos de largos siglos de vitalidad presentes en innumerables topónimos y que van aflorando también en diferentes archivos; y, por otro, el recuerdo de aquella última generación de artzibartarras que aún hace pocos años dieron testimonio del habla que alcanzaron en mayor o medida a aprender, y que los convierte en transmisores del patrimonio inmaterial del valle; por ello acompaña a esta entrada una lista con buena parte de esos últimos hablantes que lo poblaron hasta tiempos muy recientes.


Nafarroako euskal mintzoen egungo mugak (I)

Aski gauza ezaguna da azken mende hauetan Nafarroako euskararen hedadurak nabarmen egin duela atzera. Gibeleratze hori ez da oraindik gelditu; zenbait haranetako hizkerak itzali egingo dira datozen urteotan, haien azken hiztunekin batera. Egia da duela ehun edo berrehun urte, esaterako, herri bateko azken euskaldunak hiltzerakoan euskara bera desagertzen zela herrien bizitzatik, eta egun, lehen ez bezala, bertako mintzoa galtzear diren lekuetan izan ohi dela gazte euskaldunik; baina ezerk ezin du osatu desagertutako mintzo batek uzten duen hutsunea.

Nik dakidanaren arabera bertako euskararen hego-mugan dauden Nafarroako eskualdeen egoera zein den laburbilduko dut, ekialdetik hasita eta mendebalderantz. Gaur hasi eta ondorengo sarrera batzuetan osatuko dut, Nafarroa erdialde eta mendebaldeko albisteak emanez. Ez da beraz euskara mintzatuaren bizitasun-mugaren kronika, arkeologia linguistikotik askoz ere hurbilago dagoen zerbait baizik: tokian tokiko mintzamoldearen hiztun bat bederen baduten herrien aipamena.  Biziki eskertuko dut  oker eta hutsuneak konpon ditzakeen edozein irakurleren ekarpena!

Aburregina

Abaurregaina (Aezkoa), Nafarroako euskal mintzoen ekialdeko muga

ZARAITZU: XX. mendean zehar galbidean jarritako ekialdeko nafarra gorde zuten azken euskaldun osoak XXI. mende hasierako urte hauetan joan zaizkigu, eta baita luzaroan erabili gabeko euskara aski higatuta zuten beste zenbait euskaldun pasibo ere. Esaterako, Aitor Aranari Zaraitzuko Hiztegia osatzen lagundu zion Antonia García espartzarra 2002an hil zen, legazpiarraren lana argitaratu eta handik gutxira. Haren atzetik euskara nola edo hala gordetako muga-hiztunen bat baino ez omen zen Espartzan gelditu (2009an hildako Lucas Senberoiz, esaterako). Antonia Garcíaren aurretik zendua zen Jaurrietako Salvador Karrika (1903-2001), herri bereko Mari Kruz Esarte baino bi urte lehenago, eta Jabiera Urralburu bezalako beste hainbat ere joan ziren bezala. Ordurako ahaztua zuen euskara zaharraren zaharrez Otsagiko Pedro Juan Zokok; Teófilo Eseberrik ere (1918-2002) oso higatuta zuen bere azken urteetan behinola ikasitako euskara zaraitzuarra. Urte hauetan utzi gaituen Koldo Artolaren azken berriemaileetako bat Inocencia Andueza oronztarra izan da (2011n). Ordurako Arbasoen euskara zaharraren pixar batzuk gorde dituen adin handiko zaraitzuarrik bada oraindik (gero eta gutxiago) haranaren iparraldean; denetan aipagarriena Ezkarozeko Trinidad Hualde da. 85 urteko gizon honek euskarazko hainbat hitz, esaldi eta bestelako ditu gogoan, eta azken urteotako bilketa lanetan laguntzaile ere izan da, baina ezin omen da euskaldun osotzat hartu. Begi bistakoa da beraz Zaraitzu Nafarroako euskal mintzoen mugatik kanpo gelditu dela gaur.

AEZKOA. Bertako euskara XX. mendearen lehen erdian gainbehera etortzen hasi zenetik, haraneko erdigunetik -edota errepide nagusitik- bazter zeuden herriak izan dira, oro har, betidaniko euskarari hobeto edota beranduagora arte eutsi diotenak. Bederatzi herrik osatzen dute Aezkoa; horietatik bitan, Garaioan eta Abaurrepean, ez da aspaldi honetan euskaldun zahar aezkoar bakar bat ere. Ariben badago bat, baina bertara ezkondutako ariarra da; gainerakoan arestiko bi herrietan baino are lehenago ahuldu zen euskara haranaren ardatz eta bidegurutze izandako Ariben. Orbaran euskaraz zerbait dakiten bi anaia bizi dira, baina ez dira euskaldun osoak, antza denez.

Hiriberri (Aezkoa)

Hiriberri (Aezkoa)

Gainerako bost herrietan, gehiago ala gutxiago, bada oraindik aezkera gorde duen adineko hiztunik: Orbaiztan euskaldun zahar gutxi batzuk daude; tartean haraneko euskara garbia baino gehiago mugaz bestaldekoarekin nahasia dakienik ere bai, alde bateko eta bestekoen arteko harremanen ondorioz. Garralda, Aria, Hiriberri eta Abaurregainan (azken hiruretan batez ere) aezkera garbia eman dezakeen hiztun andanatxo bat dago. Arian eta Hiriberrin arestian aipatutako ‘isolamenduak’ eragin bide du euskararen iraupen luzeago hori, bi herriak Aezkoako iraganbide nagusitik urrunxko egonik. Abaurregaina errepide horretan bertan dago, baina haran muturrean egoteak eta bere inguruneak berak (1000 metrotik gora dagoen Nafarroako herri bakarra da) erraztu ahal izan dute isolamendu hori.

ARTZIBAR: duela hogeita hamar urte ere oso euskaldun gutxi geratzen ziren Aezkoaren hegoaldean den haran honetan. Aitor Aranak Artzibarko Hiztegia prestatzeko taxuzko berriemaile bakarra topatu ahal izan zuen: Soledad Arbonies andere hiriberritarra, 1920an jaioa eta gaztarora arte euskaraz hitz egin zuena. Tafallako zahar-etxe batean bizi zen ordurako Soledad, eta hala bizi da oraindik ere, 2013ko otsail honetan. Ezin euskaldun osotzat hartu, baina berari esker bildu ahal izan zituen Aitor Aranak Agoitz iparraldeko haran honetako euskararen hainbat xehetasun eta mila hitz baino gehiago. Artzibarko mintzo zaharraren azken gordailu xehea delakoan nago.

ORREAGA eta AURITZ. Inguruko Aezkoa eta Erroibarren aldean euskara lehenxeago galdutako herriak dira biak. Auritzen ez da, duela hainbat urte, bertako euskaldun zaharrik. Orreagan inguru hartako euskara emateko gai zen bakarra 1954an jaiotako Ramontxo Etxeberria zen, Labrit Multimediak ekoitzitako ‘Garaioatik Iragira, Euskara bidean’ DVDan elkarrizketatu zuten lekukoetako bat. Zoritxarrez, lan-istripu batean hil zen 2011ko abenduan.

zilbeti_gf1

Zilbeti (Erroibar)

ERROIBAR. Nik dakidanez, bost besterik ez dira 2013ko otsailean haraneko euskara txukun eman dezaketen erroibartarrak. Mezkirizko Ureta auzunean Santiago Nuin jauna bizi da, 90 urteak beteta. Gizon jator eta atsegina, inguruko azken euskaldun zahar horietako beste askok bezala hamaika grabazio eta galdeketa gogo onez eta irribarretsu onartutakoa. Lintzoainen jaiotako edadeko bi euskaldun bizi dira: lehen aipatu DVDrako Labritekoek filmatutako Inozentzio Torrea, eta aspalditik Erro herrian bizi den 80 bat urteko Santiago Presto. Zilbetin, aldiz, Anso izenekoa da euskarari eutsi dion azken etxea. Bertako jauna, 79 urteko Luis Iribarren, euskalduna da, eta baita seme-alabak ere. Haietako bat ez da euskaldun alfabetatua, dakien euskara etxekoa dela esan daiteke. Hura litzateke beraz Erroibarko euskarak duen hiztunik gazteena. Gainerako herrietan galduta dago bertako mintzoa.

Iragi

Iragi (Esteribar)

ESTERIBAR haranaren ipar muturreko lau herritan daukat nik euskaldun zaharren aditzea; Zubirin gora egin behar haiek denak aurkitzeko. Euskara arrasto gutxi batzuk geratzen dira Usitxin eta Leranotzen; hori baino gehixeago Eugin eta, batez ere, Iragin.

Usitxin Alicia Villanueva emakume euskalduna bizi da, inguruko beste hainbat bezala www.ahotsak.com webgunean ikusi eta entzun daitekeena. Ez da sortzez usitxiarra, ordea, Erro herriko alaba baizik, baina umetatik bizi da han. Usitxitik bi kilometrotara dagoen Leranotz herrixkan ere bada euskaldunen bat.

Iparralderagoko Eugin badaude hainbat heldu eta adineko euskaldun, eta han Esteribarko mintzoa oraindaino bizirik dagoela esan daiteke. Baina Iragi da zalantzarik gabe haraneko gunerik euskaldunena. Olaguerako errepidearen bazter batean ezkutatutako herri txiki-txikia da Iragi, 4-5 familia baino ez dituena, baina etxe guztiak dira euskaldunak, eta -ohi ez bezala- belaunaldi guztietako euskaldunak dituzte gainera, inguru osoan hain ezaguna den gaztetxo eta adineko euskaldunen arteko amildegia ez delarik Iragin sortu.

Orain arte esandakoak laburbilduz, azpiko mapako marrak irudikatuko lituzke Nafarroako Pirinio aldeko euskal mintzoen gaur egungo mugak. Lerro jarraiak oraindik bertako euskaldun osoren bat duten herrien muga adierazi nahi du; lerro etenaren barrenean bildu ditut hantxe bertan jaiotakoa ez den inguruko hiztunen bat edota euskaldun oso ez den hiztun pasiboren bat baino ez duten herriak.

Nafarroako ekialdeko mugak1

Nafarroako udalerriak2

En verde, los municipios en que hay aún hablantes de la variedad local; en naranja, aquellos en que sólo queda algún euskaldun pasivo con conocimiento limitado del euskera

En esta entrada he hecho un repaso de los límites del euskera en la zona pirenaica navarra, es decir, de aquellas localidades en las que aún pueden encontrarse personas que conserven las hablas propias de la zona. El límite oriental de dichas hablas es hoy en día Abaurrea Alta, frontera de Aezkoa con Salazar, valle éste último cuyo dialecto -el navarro oriental que compartía con Roncal- debe darse ya por extinguido. Los pueblos de Aezkoa que aún conservan su euskera en mayor o menor medida son, además de Abaurrea Alta, Villanueva, Aria, Orbaizeta y Garralda. En Burguete y Roncesvalles no quedan ya hablantes del euskara propio, y en todo el valle de Erro no llegan a media docena, diseminados por Mezquiriz, Linzoain, Erro y Zilbeti. En Esteribar son cuatro los lugares donde pueden encontrarse aún restos del habla propia, siendo residuales en Usetxi y Leranoz y más abundantes en Eugi y, sobre todo, en Iragi, lugar donde el euskera del valle conserva aún una vitalidad perdida ya en el entorno. 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko ekaina
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    2627282930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu