Tag: Basaburu Txikia

Mariano Erbiti nafarra, Bonaparte printzearen laguntzaile (1819-1880)

Azken hilabete hauetan aipagai izan ditudan Luis Luciano Bonapartek eta Paul Brocak hainbat lankideren beharra izan zuten egin asmo zituzten ikerketak burutzeko. Ehunka kilometrotan zehar hizkuntzaren bizitasuna neurtzea lan gaitza zen (zer esanik ez, printzeari dagokionez, hizkuntza horren dialekto eta aldaera guztiak zehaztasunez desberdintzea!) eta komenigaria bakarrik ez, ezinbestekoa izan zuten bi ikertzaile atzerritarrek bertakoa gertuagotik ager ziezaieketen lagunen ekarpena.

Reclus-elisee

Jacques Élisée Reclus (1830-1905)

Broca eta Bonaparteren berriemaileez

Badirudi Brocaren lankide gehienak Bidasoaz haraindikoak izan zirela, Euskal Herritik kanpoko frantziar hiritar batzuk tarteko: Édouard Cazenave de Laroche (1824-?), Société d’Anthropologie de Paris entzutetsuko kidea hura ere, sendagile zebilen Paben, buruko gaitza zutenentzako eritetxean; Élisée Reclus geografoa Brocaren herkidea zen baina Orthezkoa zuen aita, eta gaztaro zati handia hantxe emanik ongi ezagutzen zuen Xibero ingurua; abizen berdintasuna gorabehera antropologoaren senide ez zen Honoré Broca doktore oloroetarrak, aldiz, Ligi, Montori eta Atharratzeko berriak bederen eman zizkion girondarrari.

Lapurtarra omen zen alabaina Henry Argelliès, Donibane Lohizunen mediku, herriaren garbitasun eta osasun-egoera hobetzeko ekimenetan parte hartzaile 1860ko hamarkadan. Euskarazko predikazioa Ipar Euskal Herriko zein parrokiatan egiten zen jakinarazi zion Brocari. Lapurdin sortua zen halaber Gratien Camino ingeniaria (1826-1879), Beskoitzeko auzapeza zelarik ikertzailearentzat Bastida inguruko euskararen mugak zehaztu zituena.

Intxauspe

Emmanuel Intxauspe, Zunharretako seme (1815-1902)

Bonaparteren laguntzaileak, ugariagoak ez ezik, ezagunagoak ere badira eta sakon ikertu izan da haietako asko: Jose Antonio Uriarte bizkaitarra, Klaudio Otaegi gipuzkoarra, Jean-Pierre Duvoisin lapurtarra edota Emmanuel Intxauspe zuberotarra nor izan ziren jakin gura duenak, esate baterako, badu non bilatu; zer esanik ez blog honetan bertan txokoa duten Bruno Etxenike edota Mariano Mendigatxa nafarrak hurbilagotik ezagutu nahi izanez gero.

Zinez erakarri zuen printzea Nafarroak eta berriemaile kopuru hazia izan zuen Beratik Garesa eta Etxarri-Aranaztik Bidankozera: arestian aipatu biez gain, beste hogeita hamarretik gora zerrendatu zituen Xabier Erizek bere tesi-lanean. Ez du ematen Bonaparte horiek denak aurrez aurre izatera heldu zenik, baina lankidetzat jotako guzti-guztiek eman zioten nolabaiteko informazioa, hizkuntza-datuak helaraziz edota ikertzaileak eskatutako tokian tokiko itzulpenak prestatuz.

Zoritxarrez, lankideak asko izateak ez du esan nahi denei buruz nahi beste dakigunik. Izan da aurrerapausorik azken urteotan —esaterako, Xabier Erizeren beraren ekarpenari esker jakin zen 1998an Jose Erasun saldiastarra printzearen laguntzaileen zerrendan sartu beharrekoa dela—, baina ez dira gutxi oso-oso azaletik baino ezagutzen ez ditugun berriemaileak: Antonio Arandia beratarra, Urizko doktrina paratu zuen Juan Cruz Elizalde maisua, Goñerriko Vicente Gulina, Oltzako Juan Martin Ugarte, Itzalleko doktrinaren idazle Benito Gil, eta abar.

Euskarazko idazleen zerrendan izen hutsa den Bonaparteren iturri haietako bat Mariano Erbiti da, Nafarroako Artxiboan dagoen Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea. Ez Erbitiren jaioterririk, ez lanbiderik, ez bestelako xehetasunik ez genekien gaur arte: primerako aukera da beraz #KulturaZientifikoa Jaialdia euskararen ikerketan laguntzaile izan zen nafar hau ezagunago bihurtzeko.

udaberamendi

Basaburuko Udabe eta Beramendi, aurrez aurre (iturria: www.todopueblos.com)

 

Mariano Erbitiren argazkia

Mariano Erbiti Urriza, Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea.

Nor izan zen Mariano Erbiti?

Joaquin Mariano Erbiti Urriza 1819ko martxoaren 27an jaio zen Basaburua ibarreko Udaben, Lekunberritik zein Irurtzundik hurbil. Ez da itzali oraindik bertako euskara nafarra, apalduxe bizi den arren. Dorrea izeneko etxea izan zuen sorleku: XIX. mendetik hona hondatu ostean, goitik behera dago gaur egun eraberritua.

Erbitiren sustrai basaburuarrak Dorrean bertan 1778an sortutako Jose Joaquin aitaren aldetik zetozkion; ondo-ondoko Beramenditik iritsitako Juan Miguel aitona izan zen XVIII. mendearen erdialdean Udabera ezkondu eta etxera heldu zen lehenbiziko erbitiarra. Estefania Urriza ama, aldiz, Imozko Etxalekun jaioa zen 1782an. Beste bi seme eta bi alaba izan zituzten senar-emazteek Joaquin Mariano jaio aurretik.

Dorrea

Udabeko Dorrea etxea, gaur egun (Elías Muñozen argazkia)

Oso-oso umetan galdu zituen Erbitik guraso biak, eta betiko aldatu zion horrek bizitza; nekez iritsiko zen bestela, nik uste, euskaraz idatzi zuten nafarren artean txokoa izatera. Aita 1819ko uda heltzearekin hil zen, eta bigarrenez ezkondu zen ama udazkenean bertan, Gulia herriko gizaseme batekin. Etxeaz eta bost seme-alabez arduratzeko laguntza beharrak eragin zuen ezkontza, notarioak idatzi zuen agirian garbi adierazi bezala (ikus azpiko irudia).

1819

…acordaron d(ic)hos interesados el q(u)e contrajese el presente matrimonio, la desposada p(ar)a la mejor administracion de d(ic)ha casa y educacion de los espresados hijos…” (NAO, 23022/4; 1819ko urria)

Lotura hark ez zuen, ordea, asko iraun: 1822ko urriaren 8an itota topatu zuten Estefania Urriza. Ez aita ez ama, halaxe utzi zituen heriotzak Dorreako gaztetxoak. Zaharrenak sikiera kozkortuak ziren ordurako, baina Joaquin Marianok hiru urte besterik ez zituen. Hala ere, horren egoera lazgarria onerako izan zuen neurri batean etxeko txikiak, anaia-arrebei ez bezalako etekina ekarri baitzion. Ez dakit elkarrekin ala bananduta biziko ziren umezurtzak handik aurrera, ez eta nork hartuko zituen ere (beharbada Etxalekuko osaba apaiz Joaquin Mariano Urrizak; agian Ultzamako Eltson bizi ziren osaba-izebek) baina ematen du Mariano izan zela ondorengo urteetan idazten eta irakurtzen ikasteko aukera izan zuen bakarra. Esan gabe doa alfabetatzeak berebiziko eragina izan zuela Erbitiren ondorengo ibilbidean.

Captura

Sarrera honetan aipatutako zenbait herri, puntu gorriaz nabarmenduta.

Izan ere, bigarren karlistada bitartean maisu ikasketak egin zituen. Titulua ez zuen liberalek kontrolatutako Iruñean lortu, karlisten agindupeko Lizarran baizik. Helduko al zen nola edo hala borrokan parte hartzera? Litekeena da 1830eko hamarkada bukaeran 20 urteko Mariano gaztea lanean hasteko eskola bila ibiltzea, eta beharbada horrexek eraman zuen iparralderantz, ez sorleku zuen Basaburura, Leitzatik gertu dagoen Basaburu Txikira baizik.

Beintza-Labaienen bizi zen Erbiti 1840-42rako, eta urte haietan hasiko zen noski bertako mutikoei irakasten, nahiz eta horren lehendabiziko froga idatzia 1849koa den. Orduko irakaskuntzak ez zuen ezagutu dugunarekin zerikusi handirik… Erbitiren egunetako eskolak nolakoak ziren jakin nahi duenak hemen aurkituko du zerbait.

1840ko hamarkada hartan zehar sendotu zituen udabearrak Basaburu Txikiarekin lotu zuten sustraiak: maisu-lanean hasi zen, idazkari zeregina bete zuen (1842tik 1846ra bederen) eta Armottikia izeneko etxera ezkondu ere egin zen (1849) bertako alaba Francisca Erasunekin. Ezkondu zirenerako haurdun zegoen Francisca gaztea.

Erbitiren sinadura, 1846

Mariano Erbitiren sinadura Beintza-Labaiengo udal-kontuetan (1846; udal artxiboa)

Eskola2

Beintza-Labaiengo eskola-etxe berria XX. mende hasierakoa da. Egungo udaletxean zegoen zaharragoan aritu omen zen Erbiti.

Hasierako urte haietan zenbait gorabehera izan zituen Erbitik, lortutako irakasle-titulazioa liberalek ezarri hezkuntza-lege berriak baino lehenagokoa zuelako, baina 1850erako arazoak konpondu eta ondorengo hogei urteetan zehar trabarik gabe aritu zen Beintza-Labaiengo mutikoen irakasle, eta aldi berean familia zabala osaten lagundu zuen Armottikian: bederatzi seme-alaba izan zituzten Marianok eta Franciscak 1869ra bitartean. Amak ez zekien irakurtzen, baina seme-alaba guztiek izan zuten etxe hartan heziketarako aukera, eta garbi dago aprobetxatu zutela: Pedro Erbiti Erasun herriko idazkaria izan zen XIX. mende amaieran (eta Pedroren seme Severo sendagile bihurtu zen), Juan anaia apaiztu eta Igantzira jo zuen, Tomasa Sunbillako maistra izan zen… Halabeharrak Mariano haurtxoarengan ereindako hazia ez zen galdu eta fruitu ederrak eman zituen erbitiarren artean. Gaurko sarrera hau eragin duen fruitua, Beintza-Labaiengo euskararen arabera idatzitako doktrina-itzulpena, 1865 eta 1870 bitartean paratuko zuen seguruenik Mariano Erbitik, baina ez dakigu nola iritsi zen Bonaparteren eskuetara. Doktrina hartan ez zuen bete-betean Basaburu Txikiko euskara eman ahal izan; azken batean, ez zen hura umetan ikasi zuen hizkera. Baina saiatu zen, eta baita asmatu ere gauza askotan.

Armottikia2

Beintza-Labaiengo Armottikia gaur egun.

DF

Donfernandonea.

Besterik ere egin zuen Beintza-Labaiengo maisuak urte haietan. Asko ziren Armottikian eta irakasle-soldata ez zen izugarri handia; legeak agindutako 2.000 errealak baino gutxiago jaso zuen urte luzez, eta aletan kobratuta gainera. Agian akuilu horrek beharturik beste hainbat zereginetan ibili zen Udabekoa, ahaldun bezala batez ere: batean eliza-kabildoaren zordun zirenengana jo eta zorra kobratzeko ardura hartuko zuen, bestean Amerikara joan nahi zuten gazteen bidaia kudeatzeaz arduratuko zen… Egiteko haiei esker akaso, baina ez du ematen, inola ere, Armottikian eskasian bizi izan zirenik: batetik, maisuak Labaiengo Donfernandonea etxea erosi omen zuen; bestetik, Margarita Erbitik mailegu baten truke Dorrea hipotekatu behar izan zuenean Marianok ordaindu zuen arrebaren partez; horrez gain, sarritan mailegatu zien dirua premia zuten herriko nahiz inguruko lagunei. Ez da harritzekoa Mariano Erbiti herriko zergadun nagusietako bat bezala agertzea 1854-56etako udal-aurrekontuetan.

Eskolaz kanpoko jarduera haietako bat galgarri izan zuen, ordea. Soldadutzari muzin egin nahi zioten gazteen laguntzaile ere aritu zen Erbiti; ohikoa zen XIX. mendean soldadu joan nahi ez zuten askok beste norbaiti ordaintzea haien ordez joan zedin. Maisua lan hori betetzeko prest zeuden gazteen bila ibili izan zen trukean diruaren zati bat jasota. Baina, antza denez, besteren lekuan soldadu aritu beharreko gazte haietako zenbaitek alde egin zuten agindutakoa bete gabe, zegozkien sosak ongi poltsikoratu eta gero. Dirua alferrik emandakoen haserreak bete-betean jo zuen Erbiti bitartekaria, eta azkenean, egoera gero eta jasangaitzago gertaturik, herritik alde egitea erabaki zuen: lanbideari uko egin eta Baldomera alaba lagun zuela betiko aldendu zen Nafarroatik udabearra, Argentinarako bidea hartuta; 1870eko martxo eta maiatz artean gertatu zen nire ustez hori. Ez da 1870ean Buenos Airesera heldutako itsasontzietako bidaiari-zerrendarik gorde, baina lehen sei hilabeteetan hiru iritsi ziren Euskal Herritik: Bilbon itsasoratutako Cuatro Amigos izenekoa apirilean lehorreratu zen; huraxe, edo halakoren bat, izango zen Beintza-Labaiengo maisu ohia eta alaba bizileku berrira eraman zituena.

el-great-eastern-en-la-dc3a9cada-del-1870-cabavolo-com

Great Eastern ontzia, 1870ean kontinenteen arteko itsasaldiak egiten zituen handienetakoa (www.atlantic-cable.com)

Plaza_San_Martin_y_Catedral_Córdoba_(Argentina)_Siglo_XIX

Cordobako katedrala, Mariano Erbitik ezagutu zuen egunetan (1871). Hantxe ehortzi zuten (argazkia: Telasco García Castellanos, 1988).

Cordoba inguruan bizi izan ziren handik aurrera erbitiar biak, edo hangoak dira gutxienez aurkitu ahal izan ditudan haiei buruzko albiste apurrak. Alaba merkatari gisa ageri da 1895eko erroldan; saiatuko al zen aita Nafarroan bezala Argentinan ere maisu lanpostua aurkitzen? Baliteke, baina hala izatera ere, ez luzerako; bizitzako ibilide gehiena egina zuen Erbitik. 1878an, Cordobako notario baten aurrean, Nafarroan utzitako ondasun guztien ahaldun izendatu zuen Francisca Erasun emaztea. Handik bi urtera hil zen Mariano Erbiti euskal idazlea, 1880ko apirilaren 15ean, Cordoba hirian bertan. Katedralean ehortzi zuten, Apolinario Argañaras apaiz eta irakasleak sinatutako heriotz-agiriaren arabera. Ordurako, milaka kilometrotara, Bonaparteren eskuetan zen noski Beintza-Labaiendik bidalitako 50 orrialde inguruko eskuizkribua, etxetik urrun hildako udabear baten arrastoa ia mende eta erdi beranduago ilunpetik ateratzeko balio izan duena.

(Erbitiri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jo hona).

No pocos colaboradores de los que se valió Luis Luciano Bonaparte en sus investigaciones sobre la lengua vasca son hoy casi anónimos o nos resultan desconocidos en gran medida. El que presento aquí, Mariano Erviti (1819-1880) fue el maestro de escuela que se encargó de traducir al habla vasca de Beinza-Labayen la doctrina que obró en poder del príncipe. En realidad Erviti nació en Udave, en la Basaburúa Mayor, un puñado de kilómetros al sur de donde ejerció su profesión. Al igual que fue muy posiblemente el temprano fallecimiento de sus padres lo que le dio la oportunidad de alfabetizarse y cambió su vida, otras circunstancias no determinadas provocaron que se asentara en Beinza-Labayen y contrajera allí matrimonio, de tal manera que se ocupó durante al menos 25 años de la instrucción de los niños de la villa. Fue también secretario, procurador y uno de los contribuyentes principales del municipio, según recogen documentos de su época. Mariano Erviti abandonó Beinza-Labayen en 1870, probablemente motivado por la presión de diferentes personas que se sintieron engañadas al haber pagado al maestro para que el servicio militar lo hicieran en su lugar unos sustitutos que desaparecieron sin cumplir lo pactado. Erviti emigró a Argentina en compañía de una de sus hijas y fue allí donde falleció, sin tener ocasión de volver a Navarra.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Beintza-Labaien (argazkia: www.consorciobertiz.org)

kzjaia3_banner (1)

 

Sarrera honek 3. KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.

Erasun, Jose (1821-1894)

Saldiasen jaiotako XIX. mendeko apaiz, itzultzaile eta euskaltzalea, Bonaparte printzearen nafar lankiderik goiztiarrenetako bat izan bide zena.

Saldias, Nafarroako Basaburua Ttipian

Nafarroako euskararen arnasa paperean ezarri zuten XVIII. edo XIX. mendeetako beste hainbat lekuko bezala, duela hogei urte eskas ia guztiz ezezaguna zen gurean Jose Erasunen nondik norakoa, eta oso azalekoa bere ekarpenaz genekiena. Rosa Miren Pagolak egile honen lanaren zati bat 90eko hamarkadan argitaratu ostean, bi izan ziren joan den mende amaieran Erasun ilunpetik aterarazi zutenak: On Tomas Otxandorena zena, Labaien eta Saldiasko erretore euskaltzalea (1997), eta Xabier Erize filologo eta soziolinguista (1998). Egileok beren lanetan aurretik esan zituztenak erabiliko ditut nik sarrera honetan.

Juan Jose Erasun Mutuberria Basaburu Ttipiko Saldiasen jaio zen 1821eko apirilaren 13an, Apezena izeneko etxean. Gurasoak Juan Jose Erasun eta Maria Engrazia Mutuberria izan ziren, herri-herrikoak. Ezin inguruan errotuagoa haur jaioberria: aiton-amonak ere Saldisan eta Labainan jaioak ziren denak. Sendotza hamar urterekin hartuta, gaztaro gehiena eman zuen, ohi zen legez, apaiz izateko prestatzen: Gramatika, Teologia, Latina…ez ziren gutxi herri txiki bateko eliztiarren ardura hartzeko gizon haiek eskuratu beharreko jakintzak. Ikasketak 1777an sortutako Iruñeko Apaizgaitegian egin zituen, bere belaunaldikoek bezala, baina urte haietan, Iruñean ez ezik, Galarko Espartzan eta Berriogoitin ere izan zen bolada batez, bertako parrokoen magalpean heziketa osatzen.

Tontsura zen apaiz izan nahi zuenak gotzainaren eskutik hartu beharreko lehendabiziko gradu edo urratsa. Tontsuradun 1844an bihurturik, eta handik gutxira Donezteben benefizio bat hartuta, azkar eman zizkioten saldiastar gazteari apezteko behar zituen gainerako ordenak (1846-47), bai eta zegozkion azterketak gainditu osteko baimenak ere. Kalahorran osatu zuen bidea 1847ko apirilean. Berrogeita zazpi urteko apaiz ibilbideari ekin zion Erasunek.

Zugarramurdi

Zugarramurdi

Doneztebeko benefizioak zortzi hilabetez baino ez zuen Malerrekara lotu; 1848tik aurrera Zugarramurdin zerbitzatu zuen, ia hamarkada batez izan zelarik bertako erretore, Ez hori bakarrik: Bonaparte printzeak bere ikerketa lanerako esku artean izan zuen Zugarramurdiko doktrina, nahiz eta Erasunen izenik ez daraman, saldiastarrak prestatu zuela dakigu gaur. Xabier Erizek argitu dituen xehetasunak dira ahapaldi honetako guztiak.

Bonaparte 1856ko udan etorri zen estraineko aldiz Euskal Herrira, Etxenikez aritzean aipatu nuen bezala. Uda hartan bertan agindu zituen printzeak Nafarroako euskara ezagutzen hasteko lehendabiziko itzulpen-lanak. Horrenbestez, baliteke azalean egilearen izena ordez  ‘Por uno de Saldías de Basaburúa Menor‘ besterik ez dakarren doktrina-itzulpena Erasunek 1856-57 bitarte horretan prestatzea. Hala egin bazuen, ongi ezagutuko zituen ordurako Zugarramurdiko hizkeraren gorabeherak, bertan zortzi-bederatzi urte eramanda. Itzulpen-data horixe izanez gero, Bonaparteren laguntzailerik goiztiarrenetako bat genuke Jose Erasun. Ez da alferrikako datua, gero berriro aipatuko dudan bezala saldiastarraren euskalzaletasuna azken orduko kontua baino gehiago izan zela adierazten duelako.

Saldias eliza

Saldias. Joan Bataiatzailearen eliza.

Zugarramurdiko euskararen lagin hori urte haietan idatzi ala beste uneren batekoa izan, 1857an Erasun sorterrira itzultzear zegoen. Uztailean bertan Saldiasko Joan Bataiatzailearen parroki-ardura bereganatu, eta hil arteko 37 urteetan izan zen erretore jaiolekuan. Epe luze horretan, bere eliztiarren onura espiritualaz ez ezik, elizarako eta ermitarako hiru ezkila berri eginarazteaz ere arduratu zen. Orduko 11,468 erreal kostatu ziren ezkila haiek. Horretaz gain, hilburukoan ia 14.000 erreal agindu zituen bere parrokiaren beharretarako.

Saldiasko erretorealdi luze hartan ez zen, ordea, erlijioaz eta ingurukoez bakarrik arduratu. Zugarramurdin egon izanak Bonaparte printzearen lankide bihurtzeko parada eman zion bezala, 25 urte beranduago, 1876 osteko giroan Nafarroan ere euskararen aldeko mugimendu baten zantzuak antzematen hasi zirenean, hantxe agertu zen Erasun urte haietako beste euskaltzale batzuekin batera. 1878an sorturiko Asociación Éuskara taldean parte hartu zuen, eta horretaz gain elkartearen babesean hainbat lan prestatu ere egin zituen, euskaraz zein gaztelaniaz, baten bat 1878tik 1883ra arte elkartekideek kaleratutako Revista Éuskara aldizkarian argitara eman zutelarik.

Bi dira Erasunek garai hartan sortu zituen euskarazko lanak, hainbat urte lehenago idatzitako Zugarramurdiko itzulpenaren osagarri:

– Batetik, Orreaga balada Saldiasko euskaraz emateaz arduratu zen. Balada hura Arturo Kanpionek sortu zuen 1877an, eta hiru urte beranduago euskalki nagusietara itzulirik argitaratu zuen. Baina Kanpion iruindarrak arreta berezia eman nahi izan zion Nafarroari lan hartan, eta erresuma zaharreko hemezortzi herritako bertsioak gehitu zituen. Erasunek prestatu zuen Saldiasi zegokiona. Dena den, nahi baino beranduago iritsi zitzaion Kanpioni agindutako lana, eta, berantetsirik, ondoko Erasun herriko bertsioa ere eskatu zion Francisco Hernandorena erretoreari. Horrela bada, Basaburu Ttipiko bi herriren lekukotasuna jaso zuen bilduma hark.

. Bestetik, Antonio María Claret zenaren 1848ko Catecismo de la Doctrina Cristiana euskaraz paratu zuen. 1881ean argitaratu zen Iruñean itzulpena, honako izenburu honekin: Doctrina Cristavaren Catecismoa guciz ongarai eta arguitu Antonio Maria Claret Trajanopolisco Arzobispuac escribitua eta consagratua…Nauarraco sacerdote batác uscarara viurtua.

Revista Euskara

Revista Éuskara-ren 1. alean (1878) argitaratu zen Orreaga balada. Bi urrte beranduago azaldu zen gainerako bertsio guztiekin.

Lan hauetan (eta erdarazkoetan ere bai) argi utzi zuen beti euskaraz idazterakoan gaztelaniazko ortografiari orpoz orpo segitzearen aldekoa zela. 1881ean Revista Éuskara-n argitaratu zioten erdal eskutitz batean, iritzi hori arrazoitu nahirik, euskararako itzulpengintzari emana urte asko zeramatzala argudiatu zuen Erasunek: ‘me he ejercitado 33 años en traducir del castellano y latín al vascuence’ idatzi zuen basaburutarrak. 1848rako ari omen zen, beraz, itzulpen-lanean. Bonaparteri helarazitako Zugarramurdiko doktrina hara heldu bezain pronto idatzi zuela (eta ez 1856-57an) ulertu behar da? Edota Erasunek sortutako euskarazko testuak guk gaur ezagutzen ditugunak baino gehiago izan zirela…?

1894ko azaroaren 11n utzi gintuen, bere jaiolekuan bertan. Izan duen hedapenari eta ospeari begira Jose Erasun ez dago XIX. mendeko Nafarroako euskal idazle ezagunenen artean, ez da dudarik; baina ez dira asko mendearen bigarren zati osoan (Karlistada arteko epean zein gerra ostekoan) euskararen aldeko lanean nabarmendu ziren nafarrak. Saldiastarrari ezin, ordea, meritu hori ukatu.

José Erasun (1821-1894), nacido en Saldías, párroco de Zugarramurdi primero, durante una década, y posteriormente asentado en su lugar de origen a lo largo de casi 40 años, es una figura no excesivamente conocida dentro del panorama de los escritores navarros en euskera del siglo XIX, aunque posee la particularidad y el valor añadido de haber contribuido al cultivo de la lengua en la época más temprana de las investigaciones del príncipe Bonaparte (1850-1860) y el de haber continuado haciéndolo años después, en la década de 1880, cuando un cierto movimiento de Renacimiento de la cultura vasca intentaba tomar cuerpo también en Navarra. Erasun, autor de una doctrina cristiana escrita en el euskera hablado en Zugarramurdi, lindante con el País Vasco Continental, es también, gracias a su traducción de la balada ‘Orreaga’ al habla de Saldías, uno de los no excesivamente abundantes testigos históricos que nos ha dejado el euskera de la Basaburua Menor, plenamente vigente en nuestros días.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko apirila
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    30  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu