Tag: Basaburua

Sarean: Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen webgune berritua

Iparmank

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak (IPARMANK) webgune berritua abiarazi du duela gutxi. Oro har, Nafarroako ipar-mendebaldea da mankomunitate honen lan-eremua: Arano, Goizueta, Areso, Leitza, Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri, Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzama-Anue.

Webgunean barrena albisteak, gogoetarako gaiak, eskualdeko agenda, euskararekin loturiko baliabide ugari eta beste hainbat informazio interesgarri eskuratu ditzake bisitariak.


Nafarroako euskal mintzoen egungo mugak (eta IV): azken hitza

Azken bi hilabeteetan zehar egindako bidea amaitzeko, halako laburbildumatxoa eskaini nahi dut ondorengo sarreran. Baina horren aurretik beste puntu bat aztertu nahi dut laburki, orain arte esandakoaren osagarri: gaur egungo Nafarroako euskal mintzoen eremu barnean ba al da berezko hizkera galdu duen ‘uharterik’?

Erantzuna baiezkoa dela ematen du, azaltzera noan kasuan behintzat.

Mediterraniar isurialdeari dagokionez, euskal mintzoen eremuan daude gaur egun oso-osorik  Larraun, Basaburua eta Imotz haranak; azken hau, ikusi den bezala, larri-larri. Baina mugako ez izateagatik orain arte aipatu gabe utzitako Basaburuan ere, bertako euskararen ezagutzari dagokionez, alde handia dago herri batzuetatik besteetara. Arraratsen, Berueten edo Igoan ohikoa da oraindik Basaburuko mintzoa (gazteek-eta euren artean hori edo batua edo bien nahastea erabiltzen duten, hori besterik da); hegoalderago dauden herrietan, aldiz, hasia zen dagoeneko 1970erako gaztelania euskara ordezkatzen -han emeki, hor nabariago- eta dexente apaldu da euskalkiaren indarra azken hamarkadetan. Euskararen ezagutza bera dela-eta joera aldatze bidean dagoela ematen duen arren, etorkizunera begira herrixka batzuetan haraneko hizkerarenak egin duela esan daiteke, askotan aipatu dudan belaunaldien arteko amildegian behera joanik. Leku horietan hainbat gaztek, edo askok, euskarari eutsiko diote, baina Beutan edo Igoan oraindik Basaburuko euskara entzun daitekeenean galdua izango dute agian beste herri batzuek.

Nik dakidala, Basaburuko mintzoaren osasuna kaxkarra da Udabe, Beramendi eta Jauntsaratsen behintzat, eta galdutzat jo daiteke Ihabenen.

Udabe eta Beramendi

Udabe eta Beramendi, elkarri begira.

UDABE da Urritzan gora joanda Imoztik Ultzamarako bidean bidaiariak topatuko duen Basaburuko lehen herrixka, A-15etik gertu samar dagoena. Beramendirekin bat eginda dago ia, eta antzinako eliz-artxiboetan ere gune bakarra osatzen zuten, nahiz eta bi herri ezberdintzat jo daitezkeen. Udaben 1950 inguruan hasi zen gaztelania euskara ordezkatzen; horrexegatik 60 urtetik gorakoen ezpainetan entzun daiteke batez ere Udabeko mintzoa, gaur egun euskaraz dakitenak franko gehiago diren arren. Juanito Bildarraz eta Pedro Iribarren udabetarrek Basaburuko euskara ezagutzen dute; aski edadetuak dira biak. Bildarrazen semeak ere euskaldunak dira. Herriko hizkera dakiten gainerakoen artean Martin Sala eta Imanol Biurrarena behintzat aipa daitezke.

BERAMENDIn ere gero eta nekezagoa da bertako euskaraz arituko denik topatzea. Dorai aita-semeak euskaldunak dira, nahiz eta aitak dakien garbien jaioterriko hizkera. Bada Bautista izeneko 80 bat urteko beste euskaldun zahar bat ere, duela urtebete-edo herrian ezagutu nuena. Zoritxarrez, ez dakit bere abizenik. Ez dut beste euskaldun zaharrik ezagutzen. Egongo da beharbada; ez asko, nolanahi ere.

JAUNTSARATSen, aurrekoetan bezala, pattalduta dago euskalkia. Oso ezkor agertu zuen egoera 1970ean Txepetxek: 50 urtetik gorakoak baino ez omen ziren euskaldun.  Iritzia ezkorregia izan zen beharbada (ez daukat Jauntsarasko egungo euskaldun zaharren zerrendarik) baina Basaburuko euskara nabarmen doa atzeraka herrian. Euskaraz aise mintzatzen den 75 bat urteko andere jauntsarastar batekin aritu naiz udaberri honetan bertan; alabak, ordea,  ez zigun tutik ere ulertu.

ERBITI eta OROKIETAn ere  atzeraka zihoan euskara 1970erako (ez Jauntsaratsen bezain nabarmen, nolanahi ere) eta egoera ez da oso ona izango, baina ez dut herri horiei buruzko xehetasunik.

Ihaben

Ihaben, Basaburuko ‘Madril txikia’

Basaburua Nagusia 2013

Basaburua. Laranjaz, bertako hizkera ahulduta duten zenbait herri. Ihaben, gorriz.

IHABEN utzi dut azkenerako, Amaia Apalauzaren tesi argitaratu berriaren arabera, bertako hizkera guztiz galdutzat jo daitekeelako herrixka honetan. Ez da atzo goizekoa Ihabenek Basaburuko beste herrien aldean hartutako garrantzia, oso aspalditik eskualde osoko administraziogune bihurtzearen ondorio-edo izan zena: Apalauzak berak tesian aipatutako Celedonio Leyun  diputatu ihabendarrak azpiegitura asko erakarri zituen herrira XX. mende hasieran. Hori baino lehenago, bestalde, XIX. mendean, Nafarroa iparralde osoko notari gunerik handienetako bat zen Ihaben, Leitza edo Donezteberen parekoa, Irurtzunen, artean, notaritzarik egon ere ez zegoelarik; denboran atzerago, Uriz y Lasaga apezpikuak 1820ko gotzain-bisita egin zuenean ere, esaterako, Ihaben izan zuen egoitza inguruko herrietako haurrak konfirmatzeko. Aspaldikoa izan zen beraz Ihabenen erdalduntzea (hurbilekoek Madrid Txiki deitzerainokoa) eta aspaldikoa euskararen transmisioaren etetea.

Gaur egun, Amaia Apalauzari jarraituz beti ere, ezin da Ihabengo euskararen baleko lekukorik topatu. Ihaben, beraz, halako uharte baten gisa adierazi beharko genuke, oraindik gutxiago ala gehiago arbasoen hizkerari eutsi dioten herrien artean. Ez dakit kasu bakarra den.

Laburbilduz

Azken xehetasun hau emanda, eta orain arte esandakoak elkarri loturik, hau da nire ustez 2013an Nafarroako euskal mintzoen hego-muga markatuko lukeen lerroaren itxura:

Nafarroako euskararen hego-muga 2013an

Nafarroako euskal mintzoen mugak 2013 mendebalean

     Nafarroako euskal mintzoen mugak 2013 ekialdean

Hau ikusirik, eta laburbilduma moduan, hainbat ideia:

1. Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak, 2013an, honako herri hauek bilduko lituzke: Abaurregaina, Hiriberri, Orbaizta, Aria, Garralda, Luzaide, Ureta (Mezkiritz), Lintzoain, Zilbeti, Leranotz, Usitxi, Iragi, Leazkue, Etulain, Latasa (Odieta), Gelbentzu, Eltso, Iraizotz, Autza, Gerendiain, Arostegi, Ziganda, Beuntza, Muskitz, Zarrantz, Urritzola, Irañeta, Uharte-Arakil, Dorrao, Lizarraga, Etxarri, Bakaiku, Iturmendi, Urdiain.

2. Aurrekoez gain, muga horren kanpotik euskaldun pasiboren bat izan dezaketen herri gutxi batzuk badaude, pertsona horiek euskal hiztun osotzat ezin har daitezkeelarik. Bada Ezkarotzen, Artzibarko Hiriberrin, Odietako Erripan, Arakilgo Etxeberrin edota Altsasun jaiotakorik multzo horretan sar daitekeenik. Baina herri hauek guztiak lekuan lekuko euskararen mugatik kanpo ezarri behar direla uste dut.

Beorburu

Txulapaingo Beorburu. Duela 30 urte bazen oraindik bertako euskaldun zaharrik.

3. Euskalkia gainbehera zetorren herri eta haran askotako euskararenak egin du Nafarroan azken hiru hamarkadetan: Erronkariko azken hiztunek, Zaraitzukoek, Aezkoako hainbat herritakoek, Artzibar iparraldekoek, Auritz eta Orreagakoek, Erroibar haran gehienekoek, Esteribar erdialde eta iparralde zabalekoek,  Olaibarko azkenekoek, Odieta haranean zeharreko gehienek, Anueko hainbat tokitakoek, Ultzamako Larraintzar, Lizaso edota Zenozkoek, Ezkabarte eta Txulapainen gelditzen ziren guztiek, Atezko bizigune askotakoek, Basaburuko Ihabengo euskara garbia zekitenek, Gulia inguruko hondar hiztunek, Arakilen zeharrekoek, Altsasu, Olazti eta are Ziordiakoek… hauek guztiek osatzen dute 1980az honatako Nafarroako euskalki-galera zabala, zorionez eta nahi baino apalago bada ere desagertu aitzin bildu eta ezagutu ahal izan dena, historian zeharreko beste hainbat ez bezala.

4. Lehen puntuan izendatutako muga-herri gehienetan galtzear dago bertako euskara, adineko gutxi batzuen (non eta ez bakar baten!) gogoan baino ez dirauelako. Iturmendin, Urritzolan, Erason, Zigandan, Gorrontz-Olanon, Eltson, Odietako nahiz Imozko Latasan, Gelbentzun, Etulainen, Leazkuen, Olaguen, Leranotzen, Lintzoainen edota Mezkirizko Uretan, besteak beste, ez da egongo urte batzuk barru herri hizkeraren berri emateko moduko lekukorik.

5. Euskararen azken mugaz aritu naiz sarrera hauetan. Zein da ordea Nafarroako mintzoen bizitasun eremuaren muga? Beste bilaketa lan bat eskatuko luke horrek, baina bistakoa da hainbat puntutan franko atzerago dagoela. Nafarroako Pirinio osoa muga horretatik kanpo da, Luzaide eta Iragi izan ezik, agian. Ultzama eta Basaburuko herri zenbaitetan ere euskalkia sendoago dabil (Autzan, Eltzaburun, Berueten, Igoan, Arraratsen) eta Imozkoren batean ere bai, ausaz (Etxaleku, Goldaratz). Haran horietako herri askotan, dena den,  gero eta nabarmenagoa da adinekoen eta gazteen mintzamoldeen arteko aldea. Larraun ere bertako mintzoaren bizitasun eremuan sar liteke oro har, Sakana-Burunda inguruko herri gutxi batzuekin batera. Nolanahi ere, Nafarroako berezko euskararen etorkizuna iluna da Kantauri isurialdeari ez dagozkion herri eta eskualde gehienetan.

Asko eskertuko nuke sarrera hauetan gaizki esandakoak bertatik bertara ezagutzen dituztenek beren oharrekin hemen egindako ahalegina hobetzen laguntzea!

Finalizo aquí las entradas en las que he repasado los límites meridionales actuales de las hablas vascas en Navarra haciendo un resumen general de los mismos y planteando el caso de una localidad (Ihaben, Basaburua Mayor) que estando dentro de ellos no cuenta ya, sin embargo, con hablantes capacitados para dar testimonio del euskera propio del lugar. El retroceso de las variedades dialectales de la lengua vasca en el antiguo reino, documentado desde siglos atrás, no se ha detenido aún y amenaza a gran parte de las zonas de la vertiente mediterránea, muchas de las cuales perderán inexorablemente durante las próximas décadas el euskera en el que han vivido y respirado durante largos siglos.


Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkerei buruzko liburua aurkeztuko du Amaia Apalauzak

Amaia Apalauzak (Iruñea, 1979) azken urteotako lanaren fruitu den tesi-liburua aurkeztuko du bihar eguerdian Euskarabidearen nafarroako-ipar-mendebaldeko-hizkeren-egitura-geol-9788423533305Iruñeko egoitzan (Donibane institutua; Biurdana kalea, 1).

Nafarroako ipar-mendebaleko hizkeren egitura-geolinguistikoa” du izena liburuak eta Imotz, Basaburua, Larraun eta Araitz-Betelu inguruak ditu aztergai; euskara nafarraren eta erdialdekoaren arteko dantzan dabiltzan eskualdeak, euskararen transmisioari dagokionean egoera aniztasun nabarmena bizi dutenak eta orain arte euskal dialektologiak sakonki aztertu gabeak. Bilketa zabala eta sakona egin du Iñaki Caminok zuzendu eta 2011n aurkeztutako tesi honen bidez, Edu Zelaietak 2009an aurkeztutako Baztan-Bidasoako hizkerei buruzkoarekin batera Nafarroako iparraldeko euskararen ezagupenean aurrerapide sendoa ekarriko duena.

Lehendik ere eremu honetako eta inguruko euskarari buruzko hainbat lan argitaratu ditu iruindarrak: 2005ean Malerreka solasean: ahozko tradizioaren bilduma prestatu zuen, Maite Lakarrekin batera. 2007an, aldiz, Araitz-Beteluko ahotsak. Ahozko tradizioaren bilduma aurkeztu zuen Kontxi Arraztiorekin elkarlanean. Bihar aurkeztuko duen lanerako bidean ari zela, aldiz, Imozko euskara izeneko lana eman zuen argitara; ondoren tesian sakondu duen Imotz haraneko euskararen ikuspegia eskaini zuen bertan.

imozko_euskaraaApalauzak bihar aurkeztuko duen liburua Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak sustatutako ‘Mendaur’ bildumaren baitako 10. argitalpena izango da. Bilduma horretan bertan agertu dira azken zazpi urte hauetan Edu Zelaietaren aipatu tesia, Sakana eta Burundari buruz Koldo Zuazok idatzitako liburua, Erronkari eta Ansoko toponimiaz Juan Karlos Lopez-Mugartzak eginiko lana edota Erroibar-Esteribar eta Luzaideko hiztegiak, besteak beste.

Liburua aurkeztearekin batera, Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak aurtengo lankidetza akordioa sinatuko dute.

Erantzunak desaktibatuta daude Nafarroako ipar-mendebaldeko hizkerei buruzko liburua aurkeztuko du Amaia Apalauzak sarreran more...

  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko urtarrila
    A A A A O I I
    « maiatza    
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu