Tag: Bertso txapelketa

Abian da Baztan-Bidasoako Bertsopaper Lehiaketa

berakulturHogeita seigarren edizioa du aurtengoa Bortzirietako Bertso Eskolak eta Berako Kultur Batzordeak antolatutako lehiaketa honek. Bortzirietako Euskara Mankomunitatea dute laguntzaile. Parte-hartzaileak lau mailatan banatuko dituzte eta horrela haur, gazte nahiz helduentzako aukera izango da. Lanak Berako Kultur Etxera bidali beharko dira, eta aurkezteko epea datorren maiatzaren 17an amaituko da. Sariak hilabete hondarrean banatuko dituzte.

Gehiago jakiteko, egin klik hemen.


Nafarroako Bertso Txapelketa: Zazpigarrena Silveirarentzat

Berreskuratu egin du gaur Iruñean Xabier Silveirak 2010etik Julio Sotok zuen Nafarroako txapela. Lesakarra hogei puntuko aldeaz nagusitu zaio Gorritikoari eta horrenbestez txapeldun da berriro ere. Eta zazpigarren aldiz, gainera, datozen urteotan gainerako bertsolariek nekez gaindituko duten marka ezarrita; Silveiraren atzetik txapel gehien jantzi dituzten Amets Arzallus eta Manolo Arozena lau aldiz izan ziren irabazle, 2000 eta 2003 bitartean lehendabizikoa eta 1990-93 epean bigarrena. Migel Arozamena (1962-63-66), Joxe Migel Argiñarena (1979-82-86) eta Xalbador II (1980-85-88) hirutan nagusitu ziren. Urruti utzi ditu denak Silveirak.

Silveira 2013

Xabier Silveira, gaur, txapela jantzita

Giro ederra eta jendetza polita elkartu dira arratsaldean Anaitasuna kiroldegian; Nafarroatik kanpoko bertsozalerik ere bai, tartean. Txapela Bittor Elizagoienen eskutik hartu duen Silveiraren eta Julio Sotoren atzetik, Erika Lagoma izan da hirugarren, azken urteotan egindako bide ederrean beste urrats bat emanik. Lesakakoa laugarren izan zen 2007an eta 2008an. Hona hemen gaurko saioaren azken sailkapena:

Silveirak 588

Sotok 568

Lagomak 558

Fernandezek 541,5

Lazkozek 539,5

Barberenak 526

Estangak 506,5

Karrikak 480,5

Lan bikaina egin duen Eneko Fernandez sailkatu da beraz Txapelketa Nagusirako Silveira, Soto eta Lagomarekin batera. Txapelketan esperientziarik gabea izaki, txalotzeko moduko emaitza lortu du. Hiru lesakar, beraz, Euskal Herriko Txapelketan!

 


Nafarroako Bertso Txapelketa: zortzi finalistak

Ordu gutxi barru ezagutuko dugu nork irabaziko duen Nafarroako 41. Bertsolari Txapelketa. Arratsaldeko bostetan dute hitzordua Anaitasuna kiroldegian alde bateko eta besteko bertsozaleek. Hantxe izango da azken bi txapelak eraman dituen Julio Soto beste zazpi lehiakideei aurre hartu nahirik; tartean txapela janztea zer den ondotxo dakienik ere bai. Hona hemen biharko finalisten profil azkarrak:

Barberena Jon

Barberena

JON BARBERENA. Elizondotarra, 1979an jaioa. Antropologia ikasketak egin ostean irakasle dabil gaur egun. Baztandarrak eskarmentu handi samarra du finaletan; 2007 eta 2008koetan bigarren izan zen eta txapela eskuratzea da falta zaion urratsa. Ahozkoan ez ezik bertso-paperetan ere ibilitakoa.

oskar estanga

Estanga

OSKAR ESTANGA. 1978an sortu zen Araizko Gaintza herrian. Magisteritza Musikalean diplomatua da, eta Iruñeko bertso eskolan trebatutakoa. Gazteentzako Xalto Sarian bezala, Nafarroako Txapelketa Nagusian ere finalista izatea zer den badaki (zortzigarren geratu zen 2011n) eta horretaz gain Euskal Herriko Txapelketa Nagusian ere parte hartu du.

Eneko Fernandez

Fernandez

ENEKO FERNANDEZ lesakarra (herri bereko hiru arituko dira finalean) 1977an jaio zen. Beteranoenetakoa da adinari begira, baina estrainekoz dabil Nafarroako Txapelketan eta ezin ibilbide hobea egin du aurreneko honetan. Bortziriak eta Baztango bertso eskoletako kidea da. Bardoak 2012 txapelketa irabazi zuen Iñigo Olaetxea eta Estitxu Fernandezekin batera.

aimar_karrika

Karrika

AIMAR KARRIKA Auritzen jaio zen 1988an. Bera dugu finalistarik gazteena, eta Fernandezekin batera finalik orain arte jokatu ez duen bakarra ere bai. Laugarren aldiz ari da parte hartzen, nolanahi ere, Nafarroako Bertsolari Txapelketan.  Xalto Sariketa irabazi zuen 2011n, eta Izeta Saria iaz. Bertsolaritza irakaslea da.

lagoma_erika

Lagoma

ERIKA LAGOMA. Finaleko emakume bakarra (Lesaka, 1981). Duela bi urte Estitxu Arozenak lortutako hirugarren postua errepikatuko balu bere lanik txukunena onduko luke, Lagoma birritan izan baita laugarren (2007 eta 2008an). 6 aldiz hartu du parte txapelketan 2004tik, eta lau aldiz izan da finalista. Eskolarteko Txapelketa ere bi aldiz irabazi du. Filologia ikasketak ditu.

Lazkoz

Lazkoz

ENEKO LAZKOZ (Etxarri-Aranatz, 1983). 2011ko azken finalean zazpigarren izatetik dator; 2010ekoan ere aritu zen, eta seigarren gelditu. Lehen urratsak Etxarriko bertso eskolan emanda, Eskolarteko Txapelketa irabazi zuen 2001ean. Lekunberriko bertso eskolan dabil gaur egun. Hargin lanetan ere bai.

Silveira

Silveira

XABIER SILVEIRA. Finalistarik beteranoena, bai adinez, bai ibilbidez. 1976an jaiotako lesakar hau hirugarren gelditu zen 1993an Xalto Sariketaren lehendabiziko edizioan. Eskolartekoa irabazi zuen urtebete beranduago eta Nafarroakoa, estrainekoz, 1997an. Harez geroztik beste bost aldiz eraman du txapela; azkena, 2009an. Bigarren izan zen 2011n.

soto

Soto

JULIO SOTO. Egungo txapelduna, duela bi urte Silveiraren aurkako lehia estua irabazita; 2010ean ere bera izan zen nagusi. Gorritin sortu zen 1987an. Hirutan irabazi du Eskolarteko Txapelketa, eta Xalto Saria ere bereganatua du. Erregulartasun handiko lana egin du azken edizioetan: hirugarren izan zen 2008an, eta txapeldunorde 2009an, Silveiraren atzetik. Bion artetik aterako ote biharkoa ere?


Nafarroako Bertso Txapelketa: zortzi finalistak, sailkatuak

Aitor Karrika auriztarra nagusitu zen atzo jendetza ederra bilduta Elizondon jokatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoan. Atzo lehian aritutako sei bertsolarietatik bera izan da finalerako sailkatu den bakarra, ez Karrikak ez beste inork ez baitzituen aurreko bi  finalerdietako zazpi bertsolari onenek adina puntu lortu.

Lur-ttikia

Horrenbestez, honako hauek ditugu martxoaren 23ko finalean Iruñeko Anaitasuna kiroldegian bilduko diren zortzi bertsolariak: Julio Soto, Xabier Silveira eta Aimar Karrika (finalerdietako irabazle izateagatik) eta Erika Lagoma, Jon Barberena, Eneko Lazkoz, Eneko Fernandez eta Oskar Estanga (puntuazioaren arabera).

Elizondoko saioan, Karrikaren atzetik, Julen Zelaieta izan da bigarren. Migel Mari Elosegi hirugarren, eta hauen gibeletik Xabier Maia,  Oier Lakuntza eta Saioa Alkaiza geratu dira.


Nafarroako Bertso Txapelketa: denok Elizondora begira

Bihar jokatuko da Elizondon 2013ko Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken finalaurrekoa. Sei bertsolari arituko dira ohi bezala (Saioa Alkaiza, Migel Mari Elosegi,  Aimar Karrika, Oier Lakuntza,  Xabi Maia eta Julen Zelaieta) baina beste hainbat ibiliko dira Lur aretoan zer gertatuko. Izan ere, biharko irabazleak toki segurua izango du Iruñeko finalean Julio Soto eta Xabier Silveiraren ondoan, baina Elizondoko finalerdian eta joan den asteburuko beste bietan bost puntuaziorik onenak lortzen dituztenak ere sailkatuko dira haiekin batera.

2013-02-20-Elizondoko-bertsolariak-ttikia

Biharko saioko bertsolariak

Orain arteko saioak amaiturik finalean sartzeko aukera duten bertsolariak honako hauek dira: Erika Lagoma (436 puntu), Jon Barberena (426), Eneko Lazkoz (424), Eneko Fernandez (401,5) eta Oskar Estanga (400,5). Biharkoen lanaren arabera jakingo dugu hauetako zenbat, eta zein, iritsiko diren finalera.

Azken finalaurrekoa, ohi den legez, arratsaldeko 17:30ean hasiko da.


Nafarroako Bertso Txapelketa: Silveira, Etxarritik finalera

1032694_xabier_silveira_nafarroako_bertso_txapelketa_foto610x342

Silveira, Etxarrin nagusi

Xabier Silveira izan da onena igande arratsaldean Etxarri Aranazko Kultur Etxean jokatu den Nafarroako Bertsolari Txapelketaren bigarren finalerdian. Lesakarra, bezperan Julio Soto bezala, zuzenean sailkatu da beraz hiru aste barru Iruñean izango den finalerako. Beste sei bertsolari aukeratu beharra dago oraindik, eta horien izenak heldu den asteburuan ezagutuko ditugu, finalerdi saioak Elizondon amaitutakoan. Izan ere, hirugarren finalerdiko irabazlea ez ezik, hiru finalerdietako gainerako lehiakideen artean bost puntuaziorik altuenak dituztenak ere iritsiko dira finalera. Silveiraren atzetik sailkatu diren Jon Barberenak, Eneko Lazkozek eta Eneko Fernándezek badute oraindik aukerarik. Ez ordea bosgarren eta seigarren egin duten Ander Fuentesek eta Josu Sanjurjok.

Martxoaren 9an arratsaldeko bost eta erdietan jokatuko den saioa baino lehen, bost puntuaziorik onenak honako bertsolari hauenak dira:

Erika Lagoma               436
Jon Barberena             426
Eneko Lazkoz               424
Eneko Fernandez       401,5
Oskar Estanga             400,5

Elizondoko saioan finalerako sailkatzen ahaleginduko diren bertsolariak Julen Zelaieta, Migel Mari Elosegi, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Xabi Maia dira.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko ekaina
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    2627282930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu