Tag: Bertso txapelketa

Nafarroako Bertso Txapelketa: Soto, finalera

Soto2

Julio Soto gorritiarra, egungo txapelduna

Julio Sotok irabazi du larunbat arratsalde honetan Atarrabian jokatu den Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko finalerdia eta, horrenbestez,  hirugarren txapela eskuratzeko aukera izango du hilaren 23an Iruñean. Atzean utzi dituen gainerako bost bertsolariak ondorengo bi saioen puntuazioen zain egongo dira, horien arabera erabakiko baitira finalerdirik irabazi gabeko bost finalisten izenak. Aukerarik handiena, dena den, bigarren egin duen Erika Lagomak izango du. Txapelketa polita egiten ari da lesakarra, Lizarran ere, Xabier Silveirak irabazitako estraineko final-laurdenean, bigarrena izan baitzen. Lagomaren atzetik geratu dira Oskar Estanga, Joxema Leitza, Iñigo Olaetxea eta Iñaki Aleman.

Bihar bertan jokatuko da bigarren finalaurrekoa, Etxarri Aranatzeko Kultur Etxean (17:30). Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri” eta Josu Sanjurjo lehiatuko dira.


Nafarroako Bertso Txapelketa: bi finalaurreko asteburuan zehar

Larunbat-igande honetan hasiko dira Nafarroako 41. Bertsolari Txapelketaren finalaurrekoak. Lehendabizikoa Atarrabiako Kultur Etxean jokatuko da bihar bertan, arratsaldeko 17:30ean, ohi bezala. Honako sei bertsolari hauek igoko dira Atarrabiako oholtzara: Julio Soto, Oskar Estanga, Erika Lagoma, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman eta Joxema Leitza. Igandeko finalaurrekoa Etxarri Aranatzen izango da, han ere Kultur Etxean eta arratsaldeko bost eta erdietatik aurrera. Parte hartzaileak Eneko Lazkoz, Xabier Silveira, Jon Barberena, Eneko Fernandez, Ander Fuentes “Itturri” eta Josu Sanjurjo izango dira.

Bi saio hauen irabazleak zuzenean pasatuko dira hilaren 23ko finalera; baita datorren astean Elizondon izango den hirugarren finalaurrekoarena ere. Saio guztietan punturik gehien lortzen duten ondorengo bost bertsolariak izango dituzte ondoan Iruñeko Anaitasuna kiroldegian.


Nafarroako Bertso Txapelketa: Estanga irabazle Zubirin

Oskar Estanga izan da onena Nafarroako Bertsolari Txapelketaren azken-laurdenak osatu dituen Zubiriko saioan, eta martxoaren 2an Atarrabian jokatuko den finalaurrekoan izango da beraz araiztarra. Bizia izan da lehia, dena den, lehen faseko azken ekitaldia izanik

oskar_estanga

Oskar Estanga

bertan erabaki behar zelako zein bertsolari sailkatuko ziren bigarren fasean aritzeko puntuazioaren arabera.

Bi puntuko aldea baino ez du lortu azkenean Estangak, eta oso gutxigatik eman du amore azkenean Ander Fuentesek. Bai Fuentes, bai hirugarren izan den Joxema Leitza ere finalaurreko saioetan arituko dira. Ez ordea laugarren postuan geratu den Iban Garro, eta ezta Ainhoa Aranburu eta Unai Uberetagoena ere.

Ezaguna da honenbestez martxo hasieran zehar finalerako bidean lehiatuko diren bertsolarien zerrenda. Julio Soto egungo txapeldunarekin batera azken-laurdenetako irabazleak izango dira, noski, (Xabier Silveira, Migel Mari Elosegi, Julen Zelaieta, Eneko Lazkoz eta Oskar Estanga bera) eta baita aurrekoez landa punturik gehien lortu duten gainerako hamabiak ere: Erika Lagoma, Jon Barberena, Aimar Karrika, Oier Lakuntza, Eneko Fernandez, Iñigo Olaetxea, Iñaki Aleman, Ander Fuentes, Xabi Maia, Saioa Alkaiza, Josu Sanjurjo eta Joxema Leitza.

 

Finalaren aurretik hiru saio izango dira: lehen aipatu bezala Atarrabian izango da martxoaren 2koa; 3koa, aldiz, Etxarri-Aranatzen; eta azken finalaurrekoa martxoaren 9an jokatuko da Elizondon. Saio hauek guztiak arratsaldeko 17:30ean hasiko dira. Nafarroako Txapelketaren webguneko agendan dituzue argibide gehiago.

 

Hoy se han cerrado en Zubiri los cuartos de final del Campeonato de Bertsolaris de Navarra. Oskar Estanga se ha impuesto esta tarde y acompañará al vigente campeón Julio Soto y a los vencedores de las anteriores eliminatorias (Xabier Silveira, Migel Mari Elosegi, Julen Zelaieta y Eneko Lazkoz) en las semifinales a disputar en marzo. Otros 12 bertsolaris se han clasificado por puntos.

 


Nafarroako Bertso Txapelketa: azken-laurdenen errematea bihar Zubirin

Nafarroako Bertsolari Txapelketak bihar izango du 1. faseko azken ekitaldia. Esteribarko Zubirin elkartuko dira arratsaldeko 17:30etik aurrera Ainhoa Aranburu, Oskar Estanga, Ander Fuentes, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoena. Gautxori jatetxean dute hitzordua.

Biharko seikotearen lanen ostean azken-laurdenak osatuta geldituko dira. Zubiriko saioko onena finalaurrekoetan izango da, orain arteko lau ekitaldietako irabazleekin batera (Xabier Silveira, Migel Mari Elosegi, Julen Zelaieta eta Eneko Lazkoz). Aldez aurretik dago sailkatuta egungo  txapeldun den Julio Soto. Beste hamabi lagun izango dira finalaurrekoetan; azken-laurdenetan irabazle izan gabe punturik gehien izan dutenak, hain zuzen. Zubiriko saioa baino lehen, hauxe da behin-behineko sailkapena:

 

BERTSOLARIA

PUNTUAK

Erika Lagoma

340

Jon Barberena

331

Aimar Karrika

324,5

Oier Lakuntza

320,5

Eneko Fernandez

317,5

Iñigo Olaetxea

317

Iñaki Aleman

315,5

Xabier Maia

310,5

Saioa Alkaiza

308,5

Josu Sanjurjo

307

Amaia Elizagoien

302,5

Aritz Saragueta

301,5

Ioar Tainta

301,5

Egoitz Gorosterrazu

300,5

Alazne Untxalo

298,5

Iker Gorosterrazu

293

Patxi Castillo

291.5

Oskar Sanz de Acedo

289,5

Ekaitz Astiz

285,5

Haizea Beruete

228

Finalaurrekoak Atarrabia, Etxarri-Aranatz eta Elizondon izango dira martxoaren 2tik aurrera.

 

 

 


Nafarroako Bertso Txapelketa: Iturengo saioa, Lazkozek

Laugarren ekitaldia izan du gaurkoa Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 41. edizioak. Iturengo azken-laurdenean bildutako sei bertsolarietan onena Eneko Lazkoz etxarriarra izan da, eta lehian segituko du azken-laurdenak amaitutakoan, Silveirak, Elosegik eta Zelaietak bezala.

eneko-lazkoz.jpg_2011022117d_1

Aise samar nagusitu da Lazkoz, Aimar Karrika auriztarrari eta Iruritako Iñaki Alemani aurre hartuta. Hirurek egin dute lan polita; atzerago gelditu diren Ioar Tainta lesakarrak, eta Iturengo Egoitz Gorosterrazu eta Alazne Untxalok ere lan itxurosoa osatu dute.

Bosgarren azken-laurdena heldu den larunbatean jokatuko da Zubiriko Gautxori jatetxean, arratsaldeko 17:30ean.


Nafarroako Bertso Txapelketa: asteburuko lehen azken-laurdena, Zelaietarentzat

Ultzamara jo du Nafarroako Txapelketak joan den asteko bi ekitaldien ondoren. Larraintzarreko kultur etxean jokatu da hirugarren saioa eta Julen Zelaietak bete ditu ongien arratsaldeko lanak. Beratarra martxoaren 9ko Elizondoko finalaurrekoan izango da, horrenbestez, Migel Mari Elosegi eta Xabier Silbeirarekin batera.

Julen Zelaieta 2

Julen Zelaieta

Oier Lakuntza izan da bigarren, eta Amaia Elizagoien hirugarren. Hauen atzetik ibili dira Aritz Saragueta beteluarra, Ekaitz astiz eta Haizea Beruete iruñear gaztea.

Bihar bilduko dira Iturenen laugarren azken-laurdenean parte hartu beharreko sei bertsolariak: Iñaki Aleman, Aimar Karrika, Eneko Lazkoz, Ioar Tainta, eta Egoitz Gorosterrazu eta Alazne Untxalo iturendarrak. Arratsaldeko 17:30ean hasiko da saioa.

 

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12345
    6789101112
    13141516171819
    20212223242526
    2728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu