Tag: ekimenak

Lingua Navarrorum bloga berriro ere #KZJaia-n

kzjaia3_banner (1)Duela urtebete abiatu zen sare sozialen bidez #KulturaZientifikoa Jaialdia (#KZJaia), edozein esparrutako dibulgazio zientifikoa eta euskara uztartu, sarean hedatu eta ahal bezainbeste lagunengana heltzeko asmoz. DBHtik unibertsitatera bitarteko dozenaka eta dozenaka ikasle, irakasle eta bestelakok heldu zioten erronkari 2014an zehar eta aurreko bi edizioak batuta 174 artikulu sortu dira dagoeneko ekimen honen karietara (ikus aurreko bi jaialdien laburbildumak hemen eta hemen). Jaialdiaren hirugarren edizioa abiatuko da bihar, edonola.net bloga antolatzaile eta ardatz izango duelarik, eta aurreko bietan bezala honakoan ere parte hartu nahi luke txoko honek, datozen asteetako zenbait eduki #KZJaia3 traolapean karrikaratuz.Edonola

Lehenik eta behin, urtarrilean bertan, jaialdiaren lehendabiziko edizioan lantzen hasi eta biribildu gabe utzitako aztergai bat agertuko da blogean: Nafarroako euskararen eremua aztertu zutenean Bonapartek eta Brocak emandako albisteen arteko aldea. Iaz bi ikertzaileek Iruñetik eskuin jasotako datuak azaldu, eta hiriburuaz sartaldekoak izango dituzue eskura oraingoan. Horrekin batera, dena den, bestelako eduki batzuk ere sareratuko dira beranduago #KZJaia3 aitzakia gisa hartuta.

Jaialdia martxoaren 31n amaituko da, eta edonork har dezake parte; bere ekarpenaz euskara eta dibulgazioa sarean josi eta hazi nahi izatea, besterik ez da behar.

Oparoa izango ahal da, aurreko biak bezala!


Lingua Navarrorum bloga, #KulturaZientifikoa Jaialdiarekin bat

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_bannerEtzi jarriko da martxan azken hilabeteotan gorpuztu den I. #KulturaZientifikoa Jaialdia. Irail partean Twitterren TT izan asmoz abiatu zen #KulturaZientifikoa ekimenaren arrakastak lagunduta, esparru askotako hainbat lagun eta eragilek bultzatuko dute urtarrilaren 8tik martxoaren 31ra bitarteko jaialdi birtual hau.

#KulturaZientifikoa Jaialdiaren helburuak, parte-hartzaileen elkargune izango den zientziakaiera.com blogean irakur daitekeenez, honako hauek dira:

  • Kultura Zientifikoarekin disfrutatzea.
  • Interneten Kultura Zientifikoa euskaraz jorratzen dihardugun eragileen sarea sortzea.
  • Zientzia eta Kultura Zientifikoa Hezkuntzan eta gizarte osoan indartzea.
  • “Zientzien” eta “Letren” arteko muga artifiziala gainditzen laguntzea.
  • Eztabaida eta jarrera kritikoa sustatzea.
  • Elkarlana bultzatzea

 

Jaialdiaren xehetasunak, aldiz, hemen irakur daitezke.

Helburuetako bi Giza eta Gizarte Zientziak euskaraz hedatzea eta ‘Zientzien’ eta ‘Letren’ arteko sasimuga gainditzen laguntzea diren heinean, blog honek ere ekimenarekin bat egin nahi du eta horrenbestez martxora bitarteko sarrera batek edo gehiagok Jaialdian parte hartuko dute.

 


Egile Berriendako Euskarazko XXIV. Literatur Lehiaketa

Egile Berriendako XXIV

Ane Ablanedo

Ane Ablanedo

Urriaren 24ra arteko epea izango du urtero-urtero antolatzen den lehiaketa honetarako idazkiren bat aurkeztu nahi duenak. Poesia-lanak, narrazioak zein bertsopaperak bidali ahal izango dituzte Nafarroan jaio edo bizi diren egile berriek.

Ane Ablanedo (narrazioa), Beatriz Chivite (poesia) eta Iban Garro (bertsopaperak) izan ziren XXIII. edizioan saritutako idazleak.

Lehiaketan parte hartzeko ezarri diren mugak edo beste edozein jakingarri ezagutu nahi duena sar bedi hemen.


Zangozako Euskararen Eguna, asteburu honetan

Zangozako Euskararen Eguna

Iturria: gerindabai.blogspot.com (egin klik irudian)

Zangozak hartuko du etzi azken aste hauetan Euskararen Eguna ospatu duten herrien lekukoa. Goizeko hamaika eta erdiak aldera Arkupetan hasi eta gaueko ordu txikiak arte iraungo duen ekitaldia antolatzeaz Bi Haizetara elkartea arduratu da, ohi bezala; 2002tik ari da elkarte hau Zangozan euskara sustatu eta bultzatzeko lanean.

Larunbateko Euskararen Eguna bisitatzen dutenek egitarau zabala dastatu ahal izango dute: irrintzilariak, trikitilariak, dantzariak, karaokea, herri kirolak, haurrentzako tailerrak…ez dira faltako ohiko herri-bazkari eta gau parteko musika emanaldiak ere.

Gogora, bestalde, Faltzesen ere larunbatean bertan izango dutela Euskararen Eguna.

Zangozakoaren egitaraua, Udalaren ekaineko kultur agendaren euskarazko bertsioan.

 


2013an, Solaskide programarik ez

San Fermin Ikastola

San Fermin Ikastola da Solaskide programan parte hartu duen ikastetxeetako bat

Bertan behera gelditu da A eta D ereduetako DBHko zein Batxilergoko gazteen ahozko gaitasuna sustatzea helburu duen Solaskide programa, nahiz eta Nafarroako Gobernuak 2013 urteari zegozkion eskaera orri eta gainerako agiriak ohi bezala plazaratuta izan. Krisialdia gorabehera, aurrera egin du azken urteotan zehar programa honek; inguruan izan dituen erakundeek (IKAk, AEK-k, Nafarroako Ikastolen Elkarteak eta Nafarroako Ikastetxeen Zuzendarien Elkargoak) Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu dute, programa diru laguntzarik gabe laga duela eta utzikeriaz jokatu duela adieraziz.

Informazio gehiago, Nafarroako Hitzan.

 


Ezkabarteko Euskararen Eguna, larunbatean

arre

Arre (Ezkabarte)

 

Apirilaren 27an, larunbatarekin, Ezkabarteko Euskararen Eguna ospatuko da estraineko aldiz, bailarako zenbait euskaldunek bultzatuta. 11:00etatik aurrera elkartuko dira Arren, baina heldu diren urteetan haraneko beste herri batzuetan egiteko asmoa dute. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: joaldunak, txistor jatea, dantzari txikiak, herri-kirolak, puzgarriak… Bazkaria ere izango da, Arreko plazan, eta bada oraindik bertako tabernetan txartelak eskuratzerik.

Ezkabarte hainbat herrik osatutako Iruñerriko dermioa da, 2000 bat biztanlekoa, hiriburuaren iparraldean dagoena. Arre eta Sorauren dira haraneko herririk jendetsuenak. Bertako euskara XX. mendearen bigarren erdian itzali zen arren, Anoz herriko azken hiztunaren heriotzarekin, haziz doa pixkanaka hizkuntza berreskuratu dutenen kopurua.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu