Tag: eremu ez euskalduna

Euskararen Eguna Elortzibarren izango da asteburu honetan

Elortzibarko Euskararen Eguna

Euskararen Egunaren egitaraua (egin klik irudian)

Noain izango da larunbatean ospatuko den Elortzibarko Euskararen Egunerako topaleku. Goizeko hamarretan ekingo diote jaiari, eta proposamenez lepo datorren egitaraua prestatu dute Elortzibar Euskara Taldeak, Noaingo Gau Eskolak eta AEK-k.

Ohiko musika-eskaintza, erakustaldi eta haurrentzako ekintzez gain, aipatzekoa da arratsalde partean burutuko duten flasmob-a, eta herri-bazkarirako txartel bakoitzarekin euro bateko laguntza emango diotela bazkaltiarrek Dravet Fundazioari. Fundazio honen helburua izen bereko sindromea (haurrengan eragiten duen epilesia mota larri bat) ikertzea da.

Elortzibarko Euskararen Egunean indar berezia hartuko du ziurrenik inguruko euskaltzaleen aldarrikapen kutsuak. Gogoratu beharra dago eremu ez-euskaldunean dagoela Noain-Elortzibar, eta uko egin ziola 2010ean udalak Aranguren, Galar edota Belaskoainekin batera eremu mistoan sartzeko aukerari. UPN alderdiak gehiengo osoa du Noain-Elortzibarren.


Zangozako Euskararen Eguna, asteburu honetan

Zangozako Euskararen Eguna

Iturria: gerindabai.blogspot.com (egin klik irudian)

Zangozak hartuko du etzi azken aste hauetan Euskararen Eguna ospatu duten herrien lekukoa. Goizeko hamaika eta erdiak aldera Arkupetan hasi eta gaueko ordu txikiak arte iraungo duen ekitaldia antolatzeaz Bi Haizetara elkartea arduratu da, ohi bezala; 2002tik ari da elkarte hau Zangozan euskara sustatu eta bultzatzeko lanean.

Larunbateko Euskararen Eguna bisitatzen dutenek egitarau zabala dastatu ahal izango dute: irrintzilariak, trikitilariak, dantzariak, karaokea, herri kirolak, haurrentzako tailerrak…ez dira faltako ohiko herri-bazkari eta gau parteko musika emanaldiak ere.

Gogora, bestalde, Faltzesen ere larunbatean bertan izango dutela Euskararen Eguna.

Zangozakoaren egitaraua, Udalaren ekaineko kultur agendaren euskarazko bertsioan.

 


Faltzesko Euskararen Eguna, abian bihartik aurrera

Faltzes

Ekainaren 1ean izango dute berez Faltzesen azken urteotan ohiko bihurtu den euskararen festa. Hala eta guztiz ere, aurtengoa hamargarren Euskararen Eguna izango delarik, zifra biribil hori aurrerapenez ospatu nahi izan dute eta bihar, maiatzak 25, ikuskizun berezia izango da Pedro Iturralde aretoan arratsaldeko 8etatik aurrera. Herriko zenbait kultur taldek hartuko dute parte biharkoan: herriko abesbatza arituko da, eta dantzariak, txalapartariak edota antzerkia ere izango dira bertaratzen direnentzat.

Heldu den larunbateko festari dagokionean, aldiz, Tafallako Baigorri abesbatza eta Tafallako Joaldunak izango dira ikus eta entzungai Faltzesen, eta horiekin batera kontzertuak, herri-bazkaria, irrintzi lehiaketa edota haur-jolasak ere iragarri dituzte, besteak beste.


Miranda Argako Euskararen Eguna, asteburu honetan

Miranda Argako Euskararen Lagunak

Uda hurbildu ahala ugaritzen ari dira nonahi euskararen ingurumarian antolatutako jai-ospakizunak. Erronkariko uskararen festa bezala, Miranda Argan ere Euskararen Eguna izango dute larunbat honetan, goizez hasita eta gauera arte luzatzeko asmoz. Hamaikagarren ediziora helduko da aurtengoan Euskararen Lagunak elkartekoek proposatutako festa-eguna. Ohiko kalejira, dantza, herri-bazkari, zezensuzko eta haurtxoentzako ekintzez gain, aipatzekoa da VI. ‘Erdialde’ Idazlan Labur Lehiaketari dagozkion sariak banatuko dituztela udaletxean eguerdiko hamabietan.

Egitaraua eta xehetasun gehiago, Euskararen Lagunak elkartearen blogean.


Tafallako Euskararen Eguna, heldu den larunbatean

Tafallako Euskararen Eguna

Gutxi falta da Tafallan Euskararen Eguna berriro ere  ospatu dezaten. 2006an emeki-emeki hasi zuen ibilbidea, zortzigarren ediziora iritsi da aurtengoan. Goizeko bederatzi eta erdietan ekingo diote Tafallako txistulariek herria girotzeari; goiz-goizetik gaueko ordu txikiak arte musikan, dantzan eta haurrentzako ekintzetan oinarritutako hamaika ikusgai izango du hurbiltzen denak.

Udalaren batzar-aretoan izango da ekitaldi ofiziala, arratsaldeko ordu batean. Cristina Sota alkatea ere bertaratuko da, eta AEK-ko irakasle batzuek omenaldia jasoko dute. Ondoren herri bazkaria izango da. Tafallako hainbat lekutan daude eskuragarri bazkari-txartelak; Euskara Zerbitzuan, esaterako.

Egitaraua hemen aurkituko duzue zabalago.

 


Nafarroako Gobernuari D ereduko ikasleen gastuak bere gain hartzeko eskatu dio Parlamentuak

Gaur goizean onartutako mozio baten bidez gauzatu dute eskaera PSNk, Bilduk, Aralar-NaBaik, Geroa Baik eta Ezkerrak. Eremu ez-euskalduneko D ereduko ikasleen garraio eta jantoki-gastuen ardura har dezala eskatu diote alderdiok Nafarroako Gobernuari. UPNk eta PPk ez dute mozioaren alde egin baina gainerakoen bozei esker aurrera egin du eskaerak.

Azken hilabeteotan, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eremu ez-euskalduneko mila haurrek baino gehiagok D ereduan ikasteko egin beharreko bidaiak eta bidaia horiek eragindako gastuak azaldu ditu, eta Nafarroako hezkuntza sare publikoak herrialde osoan D eredua eskain dezala aldarrikatzen duen Maite ditugulako dokumentala aurkeztu ere bai.

Hona hemen albistea sarean:

Berria

Diario de Noticias

Diario de Navarra


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko urtarrila
    A A A A O I I
    « maiatza    
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu