Tag: Erronkari

Bidankozeko euskaldunei buruzko albisteak argitara emanda

Joan den urte amaieran, blog honen bidez, XX. mendean Erronkari haraneko Bidankoze herrian bizi izan zen azken belaunaldi euskaldunaren inguruko zenbait albiste eman nituen. Orain paperean dago eskura orduko lan hartan oinarritutako artikulua, UEUri eta UZTARO aldizkariari esker.

uztarologo2

“Bidankozeko gerraosteko euskaldunak” du izena artikuluak eta 2014ko uztail-irailei dagokien UZTARO aldizkariaren 90. zenbakian argitaratu da.


BIDANKOZARTE aldizkariaren 11. alea, eskuragarri

bidankozarteSarean da dagoeneko 2014ko udaberriari dagokion BIDANKOZARTE aldizkari historiko-kulturalaren azken alea. Bidankozeko historia, ohitura edota euskararekin lotutako gaiak zabaltzeko asmoz sortutako agerkaria da BIDANKOZARTE, Gotzon Perez Artutxen ekimen txalogarriari esker 2011n abiatua, eta gaur egun internet bidez ere eskura daitekeena.

Aldizkaria elebitan plazaratzen da, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak eskainiz. Gaztelaniazko ale atzeratuak sarean daude dagoeneko, eta euskarazko zenbait ere bai, falta direnak pixkanaka-pixkanaka osatze bidean daudelarik.

Hemerotekaz gain, historia, toponimia eta oikonimia gaiak topatuko ditu irakurleak azken ale honetan, Bidankozeko hiztegiarekin eta Mariano Mendigatxa zenak idatzitako eskutitzei buruzko jakingaiekin batera.

Nahi duenak hemen topatuko ditu orain arte sareratutako ale eta eduki guztiak.

La revista BIDANKOZARTE, cuyo nº 11 acaba de ver la luz en la red gracias al trabajo de Gotzon Pérez Artutx, divulga regularmente temas de interés relacionados con la cultura y la historia de la villa roncalesa de que vio nacer a Mariano Mendigacha. La publicación (que puede leerse en castellano y en euskera) ofrece en su último número, entre otros contenidos, una muestra del léxico castellano propio de la localidad y el valle del Roncal, y una pequeña crónica del final de la Guerra Civil en Vidángoz. Los números anteriores de la revista pueden consultarse aquí.


Euskararen lekukoak: ERRONKARI

Erronkari 2

Erronkari eta Ezka ibaia

Julian Gaiarre kantari handiak haizatu du inork baino gehiago mundu zabalean zehar izen bereko haranaren buru den herria. Euskal hiztuna zen Gaiarre, bere belaunaldiko erronkariarrak bezala, eta horren lekukotasun eder askoa utzi zigun: gaztelaniaz idatzi balu segur aski pattal ulertuko zion izeba bati igorririko euskarazko gutuna. Gaiarrez geroztiko herriko seme-alabentzat, alabaina, agortzen ari zen iturria izan zen euskara: tenorea gripeak eramanda hil zenerako (1890) euskararik jasoko ez zuten haurrak ari ziren bere herrian sortzen. 

1587. Iruñeko Gotzaitegiko herri euskaldunak bascongados izenpean bildu zituen zerrenda luzean, Ronçal ageri da beste 450ekin batera; zerrendatik kanpo izendatutakoak (eta zeharka erdalduntzat jotakoak, horrenbestez), 58 dira.

1616-17  Erronkari

1616: Etxartek Ros (edo Rox) erronkariarrari idatzi lehendabiziko gutunaren hasiera (egin klik hurbilagotik aztertzeko). Iturria: Trebiño, I: Administrazio zibileko testu historikoak (2001), 20. or.

1616-1617. Administrazio zibilean euskarak emandako lekukotasunik goiztiarrenetako bat utzi ziguten iparraldeko Gabriel Etxart zuberotarrak eta  Miguel Ros erronkariarrak. Lehendabizikoa  -ausaz amikuztarra, Jean Louis Davanten iritziz- prokuradore zebilen Maulen; bigarrena, Erronkari ibarreko alkate edo notarioa zen, antza. Euskaraz idatzi zioten elkarri hainbat gutun, Espainia eta Frantziako muga inguruetan gertatzen ari ziren istilu sarriak oztopo baitziren merkataritzarako eta Luis XIII.ak berak eskatu omen ziolako Etxart prokuradoreari mugaz bestaldekoekin harremanetan jarri eta bizilagunen arteko istilu haiek konponbidean jar zitzala.

Etxartek eta Rosek elkar ulertu behar horrek zein hizkuntza eskatzen zuen, ez zen horri zegokionez zalantza handirik izan. Hona hemen Mauleko legegizonak idatzitako lehendabiziko eskutitzaren hasiera: Jauna ceren çuc ezpaituçu fraincez lengoageric endelgatzen, eta nic ezpaitaquit escribatzen espagnolez, haren causaz heuscaraz escribaturen dut guthun haur, esperançaz plazer harturen duçula goure lengoage naturalaz. 1616ko maiatzeko hitzak dira hauek. 1617ko ekainera arte iraun omen zuen bien arteko harremanak, eta 16 bat gutunetan zehar bideratu zen; 60 orrialde inguru guztira, haietako asko euskaraz.

Zoritxarrez, gaur egunera arte ez dira nik dakidala eskutitzok argitara eman. 1995ean jakinarazi zuen Londresko Sotheby’s etxeak gutunak enkantean emateko asmoa, baina hainbat gorabehera eta gaizki ulertu tarteko, ustezko erosle eza argudiatuz bere jabearen eskuetara itzuli ziren (egun haietan gertatutakoaz gehiago jakin nahi duenak Imanol Trebiñoren Administrazio Zibileko testu historikoak liburura jo dezake). Beranduago, liburuzale batek eskuratu zituen eta Euskal Herrian dira eskutitzak azken urteotan, bilduma pribatu batean: ik. El País egunkaria, 2008-3-31 eta 2008-10-5. Egun haietako prentsan irakur daitekeenez, honako hauek izan ziren Erronkarikoaren erantzun-hitzak Etxarten lehen gutuna jaso ostean:  Jauna plaçer andia reçevitu nuen çure cartaz. Azterkizun dagoen gaia da hau, zalantzarik gabe.

1707. Erronkariko seme zen Juan Bautista Amigot Gaiarre bihurtu zen Agoizko bikario, Artazun ibili ondoren. 1722ra arte izan zen herrian. Euskalduna izatea zen mende hartan Agoitzen aritu ziren guztiei eskatutako baldintzetako bat; nekez eskuratuko zuen lanpostua Amigotek ere euskararik jakin ez balu.

1778 erronkari

Auzitegi zibileko komisarioek erdaraz aritzeko modukotzat jotako eremu euskalduna grisez ageri da. Erronkari (berdez) euskalduntzat ere ez zuten hartu.

1765-85. 1765etik aurrera Elizbarrutiko auzitegiko komisari erdaldunek eta bi urte beranduago auzitegi zibilekoek euskara aitzakia hartuta abian jarri zuten estrategiak batzuen eta besteen irizpideak agerian utzi eta euskararen egoerari buruzko hainbat albiste interesgarri utzi zituen, behin baino gehiagotan aipatu dudan bezala.

Funtsean, ordura arte euskaldun huts gisa hartu izan ziren hainbat eskualdetan haiek ere lan egiteko eskubidea aldarrikatu zuten. Zerabilten argudioaren oinarria, eskualde haietan gaztelania gero eta jende gehiagok ulertzen zuela zen; ez zirela bascongado hutsak, alegia. Haiek ere ez zuten zalantzan jartzen euskaldunak zirenik; erdara ere ulertzen hasiak ote ziren, huraxe zen auzia. Datu-biltzaile euskaldunek, aldiz, horrelako erdalduntzerik ez zela erakutsi nahi izan zuten.

Luze eta gorabeheratsu jo zuen aldarrikapenak eragindako ika-mikak. Bide hartan gogorrago jokatu zuten Erronkariri zegokionez erret-auzitegiko komisariek Elizbarrutikoek baino; azken hauek bi eremutan banatu zuten Nafarroa (ordura arte bezala utz zitekeen eremu guztiz euskalduna eta erdaldundutakoa) eta euskaldun huts jo zuten Erronkari osoa; ez zuten ustez komisari erdaldunak har zitzakeen lurraldean sartu. Datu-biltzaile zibilek, ordea, tarteko eremu bat ere irudikatu zuten -euskaldun izanagatik erdara ulertzen hasia zen eskualde mistoa, alegia- eta Erronkari ez zuten ez hartan, ez euskaldunean ere jaso. Guztiz erdalduntzat jo zuten, zeharka, ibarra.

Elizbarrutiko Vicente de Latorre y García komisario erdalduna eta Juan Francisco Vidaurre euskaldun jaiztarra auzitan zirela (1778) azken honek esandako hitzak dira ondoren datozenak: …que no se dude de haber estado y estar reputada la villa de Ochagavía, como también el Valle de Roncal, por pueblos bascongados, sin embargo de ser este confinante con Romanzados.

1785. Auzitegi zibilak eta Elizbarrutikoak Erronkari zela eta bat etorri ez izanaren froga urte hartako prozesu batean aurki daiteke. Urraulgoitiko Gindano eta Zerrenkano herrixka euskaldunetan abade izateko bi hautagai lehiatu ziren, erdalduna eta euskalduna, sarritan gertatu legez. Batak eta besteak herrixkotan euskara beharrezko izatearen ala ez izatearen aldeko froga bilketari ekin zioten. Elizbarrutiko auzitegiari zegozkion auzietan datu-biltzaileak izendatzeaz arduratzen zen Juan Francisco Agirrek deklaratu zuenez, inguru hartarako guztirako komisario euskaldunak bidaltzen zituen, baita Zaraitzu eta Erronkarirako ere, como bascongados. Auzitegi zibilean ardura berbera zuen funtzionarioa, ordea, oso bestela mintzatu zen: que los valles de Salazar y Roncal están reputados por romanzados o castellanos para el reparto de pruebas, que se mandan recibir entre comisarios que desconocen el bascongado.

ERRONK 1866

Zaraitzu-Erronkari inguruak Bonaparteren mapan: biribil gorriaz, Erronkari. Berdez, mendebete lehenago euskaldunak ziren Gindano eta Zerrenkano, erdaldun ordurako.

1866. Euskaldun zirauen artean Erronkarik Bonapartek urte hartako martxoan egindako bisita garaian; halaxe adierazi zuen bere mapa handian.  Baina gizonek gaztelaniaz egiten zioten elkarri. Emakumeekin, ordea, euskaraz mintzatzen ziren. Erronkari herrian bertan sortutako idatzizko materialik ere baliatu zuen printzeak ibarrari buruzko datuak osatzerakoan.

1874. Euskararen muga-mugan ezarri zuen Paul Brocak herria bere mapan. Garde bera, sortaldetik bizilagun, eremutik at irudikatu zuen. Ez zen noski horrela izango.

1878. El oasis. Viaje al país de los fueros liburuaren egileak, J. Mañé y Flaquer-ek, Erronkariko gizonen artean gertatzen hasia zen hizkuntza-aldaketaren lekukotasun idatzia utzi zuen: hablan generalmente el vascuence, pero muchos lo van dejando por el caste­llano.

1884. Julián Gayarre abeslariak (1844-1890) euskarazko eskutitza idatzi zion izeba bati, arestian esan bezala. Isidoro de Fagoagak aurkitu zuen eskutitza eta argitara eman 1951n; hasierako transkripzioak bazuen akatsen bat, ondorengo egile batzuek zuzendu ez zutena, Fagoagaren bertsioari jarraitzeagatik-edo. Hau da nire ustez gaur egun Erronkariko Gaiarre Museoan ikusgai dagoen gutunaren irakurketa zuzena, puntuazioa ere bere horretan emanik:

Gaiarre3

Julian Gaiarre XIX. mendeko prentsan

              Ene tia Juana maitia

          Eugenio sinda arro onqui quemen gaude anisco onqui guziac e ta ori ¿nola dago? ¿naidia sin cona ichasoaren ecustra? anisco andi da tia Juana, nai badu nic dud anisco deuri orren taco vidagearen pagataco eta quemenco ostatiaren pagataco eztu eguiten quemen ozic batrere chatendugu quemen anisco onqui eta guero artandugu iror nescasci postretaco eta gazte eta pollit

             ha! cer vizia! tia Juana maitia amar urte chiquiago bagunu! …. Gorainzi guzientaco eta piyco bat nescachi pollit erroncarico guziat

                                 Julian 

Eskutitz hau idazterako ahultzen hasia zen noski euskara herrian eta, segur aski, Gaiarre bera ez zen ez euskal idazle trebea, ez -aspaldiko urte haietan- euskal hiztun ohikoa (azken mende laurdenean sarriago ibilia zen Iruñean, Irunberrin, Madrilen, Italian edo Errusian, esaterako, Erronkarin bertan baino), baina kantariak umetan ikasitako mintzoari buruzko xehetasun interesgarriak eskaintzen ditu testuak hainbat arlotan:

gaiarre eskutitza1

Gaiarrek idatzitako euskarazko gutuna

– Fonetikan, adibidez, sarri ageri dira herskari ahoskabeak sudurkari ostean (onqui, quemenco); kontsonante belar ozena ere bai hitz hasieran (cona, quemen); bada sinkopa edo kontsonante arteko bokal galerarik  (ecustra)…

– Izenaren morfologian: -tako atzizkia zerabilen destinatiborako (Norentzat) zein prolatiborako (Nortzat)guzientaco (=guztientzat), postretaco (=postretzat)

– Aditz morfologian, amaierako herskari ozena duen dud forma, bagunu adizkia… interesgarria da idazkia berorikaren lekuko gisa ere.

– Sintaxian: genitibo objektiboaz baliatzea (ichasoaren ecustra, ostatiaren pagataco), galde-perpausetako aditz osteko –a (¿naidia sin cona…?)

Gaiarre 2

– Lexikoan: sin (etorri); chiqui (gutxi); deuri (diru; gogora Bidankozen oraino gogoan duten usande uri guti hura)…

1904-5. Elizbarrutiko Guía estadística delakoan herriko apaizek ezetz erantzun zioten ¿Se habla vasco? galderari. Bidankoze, Izaba eta Uztarroze izan ziren ibarrean baietz ihardetsi zuten herri bakarrak. Ordurako erabat etenda zegoen hizkuntzaren jarraipena Erronkarin; 1900 inguruan jaiotako Amparo Galé-ren aitak hitz solteak baino ez zituen ikasi, esaterako. Azkuek ere ildo bereko lekukotasuna utzi zuen, 1905ean argitaratutako bere hiztegirako bilaketa lanean ari zela erronkariera ‘lauzpabost herritan’ mintzo zela esan baitzuen: Erronkari eta Burgi utzi zituen zerrendatik kanpo.

1926. Eskutitza idatzi zion Larrekori Erronkariko Benita Hualdek. Berriemaile horren lekukotasunari esker herrian oraindik erabiltzen zen euskarari zegozkion hainbat esaldi eta aditz forma bildu zituen Pedro de Yrizarrek Morfología del verbo auxiliar roncalés lanerako: niri ance ceitan galtatia / eguitan du / zomat valio du

roncal1933

Erronkari 1933an

1935. Irigaraik bere sailkapeneko VII. mailan bildu zuen Erronkari, Bidankoze bezalatsu. Ez zuen herri euskaldunen zerrendatik kanpo utzi, oraino ere euskal hiztunik bazen seinale, baina herriko euskalkiarenak ia-ia egin zuela erakusten duen datua da.

Erronkari 1953

Erronkariko udaletxea (1953)

1935-40. Urte haietan Iriondoa auzoko bi herritar elkarrekin euskaraz aritzen zirela dute oraindik gogoan Txarpa etxean: emakume horiek besteek ez ulertzeko erabiltzen omen zuten erronkariera; guztiz galbidean egongo zen gainerakoan bertako uskara. Andreetako bat María Petra Garate zen. Ez dut bere arrasto ziurrik topatu ez baita izen hori duen andrazkorik Erronkariko heriotza liburuetan. Mendi etxekoa zela dute gogoan herrian, edonola ere. Mintzakidea, Melitona Monzón Sarriés, Monzon etxean sortu zen 1865ean, eta bederatzi urte lehenago jaiotako Ciriaco Dasparen emaztea zen. Francisco Monzón eta Silveria Sarriésen alabetan zaharrena zen Melitona. Beste lau ahizpa gazteago izan zituzten gurasoek ondorengo hamabi urteetan. Hura bezala euskaldun izatera helduak edota transmisio-etenaren zurrunbiloan galdutakoak? Ez dakit.

1953. Apirilaren 18an hil zen Melitona Monzón, San Esteban elizako parroki-liburuen arabera. Hauxe da izen eta abizenez ezagutzen dudan Erronkari herriko azken alaba euskalduna. Ez dut uste berantiarragorik dokumentatu denik. Eta gelditu ere, nekez geldituko zen aleren bat baino gehiago, asko jota. Izenik argitara ematerik nahi ez duen adineko erronkariar batek esana da, aurten bertan, bere gazte denboran ez zuela herriak euskararenganako atxikimendurik batere agertu: no ha tenido cariño al vasco, esan zidan duda izpirik egin gabe orduko Erronkari herriaz ari zela.

1969. Herriko azken euskal hiztun zaharraren heriotza urte hartan gertatu bide zen, Sánchez Carrión-ek urtebete beranduago jaso zuenez: En la capital del valle, Roncal, la última ancianica euskalduna había muerto el pasado año.

Nafarroako udalerriak ErronkariA diferencia de la la vecina Vidángoz, donde parece que la lengua vasca mantuvo una mínima vitalidad siquiera entre algunos de sus mayores y circunscrita al hogar hasta época ligeramente posterior, en Roncal, cabeza del valle del mismo nombre, testimonios actuales sugieren que el aprecio hacia la lengua más antigua fue de alguna forma inferior. Como en el resto del valle el devenir del siglo XIX supuso el comienzo del fin para el ‘uskara’ de la localidad, por más que hasta aquella centuria el conocimiento del castellano por parte de sus habitantes fuera, más que probablemente, muy limitado. En esta entrada, que se mueve a caballo entre los datos referidos a la villa y otros de índole más general atribuibles al valle en su conjunto, aporto el nombre de quien fue posiblemente una de las últimas hablantes del euskera roncalés en la localidad natal de Gayarre: Melitona Monzón, nacida en la casa del mismo nombre en 1865 y fallecida en 1953.


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (I)

Bada zenbait aste agertu zirela blog honetan Bonaparte eta Broca zientzialari atzerritarrak, eta euskara ikertu nahiak bultzatuta burutu zituzten ikerketa ederrak. Garai berean egin zuten lan, nork bere aldetik eta euskara zaletasuna akuilu, hizkuntza mintzatuaren orduko mugak ikergai zituztela, besteak beste. Luze eta zorroztasunez aritu ziren biak, eta euskararen hego-mugei dagokienez behintzat ondorio berberetara heldu ez baziren ere, behinolako hizkuntza-egoera ezagutzeko urrearen balioa duten lekukotasunak utzi zizkiguten; ezin inola ere haien ekarpena merezi bezainbeste eskertu. 

Broca 1875 Nafarroa

Nafarroako euskararen mugak Paul Brocaren mapan (1874). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Bonaparte Nafarroa

Nafarroa ingurua Bonaparteren mapan (c. 1870). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Erabateko luxua izanik (eta gauza berria ordura arte euskararen historia ezagunean) horren maila handiko bi aditu une berean euskararen mugen inguruan jardun izana, galdera bati erantzun nahi dio sarrera honek: zer nolako irudia osatzen dute, bata besteari gehituta, Bonapartek eta Brocak Nafarroako euskararen orduko mugak ezagutzeko utzi zizkiguten argiek? Ekialdetik hasita, Iruñerrira bitarteko eremuan jaso eta erregistratu zutena aipatuko dut lehendabiziko zati honetan.

Nafarroako ekialdea: Erronkari-Zaraitzuetan euskara atzeraka (Eta are ekialderago?)

Burgui - Vista del pueblo.preview

Burgi

Ez ziren bat etorri Bonaparte eta Broca Erronkari haranaren egoera deskribatzerakoan. Napoleonen ilobak euskalduntzat jo zuen beti ibar osoa 1860ko hamarkadan zehar, bere laugarren bidaian lurraldea ezagutu aurretik; baina bazekien erronkariera higatzen hasia zela ere. 1864an Burgiri buruzko iritzi kontrajarriak jaso zituela idatzi zion Etxenikeri: ez zekien euskara burgiar gutxi batzuen mintzaira zen edota herritar askotxorena. Bazekien, bestalde (1865), Erronkariko herri batzuetan behintzat euskara gaztelania bezainbeste mintzo zela. Baina derrigorrezkoa zuen printzeak harana bisitatzea, Nafarroako hainbat eskualdetako doktrina-itzulpenak eskuratu ahala lehentasun bihurtu zitzaiolako lortu ezinik zebilen erronkarierazko bertsioa. Bruno Etxenike bera eta Claudio Otaegi lagun hartuta, beraz, horrenbeste erakartzen zuen euskara hura mintzo zen lekuan bertan ikertzeko aukera izan zuen printzeak 1866ko martxoan.

Bidankozen, hotzaren hotzez, Erronkarirako neguak Bonaparte gaixotu ere egin omen zuen arren, “elurrez betea, eta amildegi, hartz eta otsoek inguratua, baina gutxitan ikusi bezain jende abegikor eta adimentsukoa” zen lurralde hark ikaragarri aberastu zuen, bere eskutitzetan antzeman daitekeenez. Entzun zuen euskararik Burgin; baina gazte ez zirenek osatu gutxiengo bati bakarrik. Ohiko zorroztasunez irudikatu zuen hori bere mapan; euskaldunak, ziren, artean, ibarreko herri guztiak.

Erronk mapa

Erronkari ibarra

Bestelako albisteak utzi zizkigun Brocak. Bere mapan erabat erdaldunduta ageri dira Burgi eta Garde, euskararen mugatik at. Gaztelania baino ez zen han mintzo jaso zituen txostenen arabera; gainerako herrietan, aldiz, bi hizkuntzak omen zekizkiten.  Euskara apalduta egon arren printzeak are Burgin ere bertatik bertara entzun ahal izan zuenez ez du ematen Brocaren datua kontuan hartu beharrekoa denik.

uscarres01

Uskartze, Zaraitzuko hego-muturrean

Zaraitzun ere, nahiz eta bi ikerleek itxuraz antzeko mugak ezarri,  bada Bonaparteren ondorioak hobesteko argudiorik. Hala eta guztiz ere, okerreko albisteak jaso zituen hasiera batean: 1864an Sartzetik Uskartzerainoko herri guztiak erdaldunak zirela uste zuen, eta aldiz, euskaldunak ziratekeela handik hegoalderako guztiak Bigotzari eta Gazteluberrira bitartean. Ez zekien, artean, aspaldi erdaldundutako eremua dela hura. 1866ko bidaian ikusi ahal izan zuen egia bere begiez; Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen hego-muga, lehendabizikoan euskara gibelera zihoalarik. Uskartze (Zaraitzuko azken herria) ez zen ordurako euskaldun; hizkuntza umetan ikasi eta ordurako norekin hitz egin ez eta ahaztuta zuen adineko emakumearen lekukotasuna utzi zigun Bonapartek; ez zuen beraz herria euskalduntzat jo. Horregatik ez da sinesgarria Brocaren bertsioa: girondarrak, euskararen muga handik oso gertu ezarri arren -hiruzpalau kilometro baino ez- Uskartze eta are Ustaize ere jo zituen euskalduntzat. Nekez izan zitekeen egia, badakigulako 1605ean, ia hiru mende lehenago, herri erdalduna zela Ustaize, eta hiru kilometro eskasera dagoen Uskartzeko biztanleek nola-halako gaztelania zerabiltela -baina gaztelania, azken batean- hegoaldeko auzoekin harremanetan jartzeko.

anso

Anso (Huesca). Brocarentzat aspaldiko mendeetan erdaldun.

Zaraitzu eta Erronkariz haratago, hegoaldera eta eguzki aldera, Salvatierra eta Anso inguruak daude. Oso gutxi dakigu eremu horien balizko euskalduntasunaz. Toponimiaren nondik norakoak euskara Anson Aro Modernora heldu bide zela iradoki arren, hori ziurta dezaketen toponimiaz landako frogak falta zaizkigu. Brocak zein Bonapartek pausatu zuten begirada Huesca eta  Aragoiko lurrotan, baina ez modu berean. Honako hau idatzi zuen girondarrak Sur l’origine et la répartition de la langue basque lanean: Ez dago inolako frogarik gurearen aurreko mendeetan Anso ibarra nafarra izan dela edota euskara mintzatu dela erakusten duenik. Euskararen muga hau, beraz [Erronkari-Anso] oso aspaldikoa da; zilegi da pentsatzea erromatar garaikoa dela. Ez zen printzea horren ziur egongo: 1864an Huesca edo Zaragozako mutur horretan euskaldunik geldituko ote zen galdetu zion Etxenikeri. Bistan da, mapari begira, urdazubiarrak ez zuela horrelakorik topatu.

Brocnaparte 1

Pirinio aldea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu-ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

Irunberri-Agoitz ingurua: hizkuntza gero eta makaltzenago.

Irurozki

Irurozki (Urraulgoiti): bazuen oraindik euskara pixarrik Brocaren arabera; Bonapartek, hala izatera, ez zuen aintzat hartu.

Mendebalderago, eta Irati arrorantz goazela, Urraul-Longida ingurua dugu. Hego-mendebaldera, aldiz, Itzagaondoa eta Ibargoiti. Eskualde honetan ere nahikoa bat etorri ziren Bonaparteren eta Brocaren ondorioak. Ez guztiz, ordea. Bonapartek adierazi zuenez ihesian zihoan euskara Urraulgoitin barrena, eta Adoain-Ongoz-Lareki lerroan ezarri zuen hizkuntza-muga. Jakina den bezala, herri batean euskara zekiten apurrek erabili ere ez bazuten egiten (s’il ne conserve même pas un souffle de basque, esango zuen berak), mugatik kanpo utzi ohi zuen ikerle handiak herri hura eta ez zuen aintzat hartzen. Egon zitezkeen beraz euskara galtzear ziren herrixka zenbait hegoalderago ere. Bat letorke hori Brocaren datuekin, honek Bonaparteren muga-ertzean baina kanpoaldean zeuden Eparotz, Irurozki eta Santsoainen oraindik euskaraz bazekitela jaso zuelako. Zabaltza eta Imirizaldun, ordea, ez; ezta are urrunago diren Berroia eta Ripodasen ere. Irudi koherentea eskaintzen digute bi irakurketek: higatzen ari zen zeharo euskara Urraulgoitin, hegoaldetik iparralderantz. Urraulbeitin, aldiz, Bonapartek kontuan hartu ere egin ez zituen pixarrak geratu zitezkeen Santsoain-Artieda-Grez inguruan: horiexek ageri zaizkigu Brocaren 1874ko mapan. Itzagaondoari dagokionez pentsa liteke Brocaren iturriek Izanotz eta Indurainen euskara entzun zutela; bi herri horiek ezarri zituen Sainte-Foy-la-Grandekoak euskararen eramu ertzean; ez dakit hego-muturreko Gergitiain ere haiekin batera bildu behar ote den. Bonapartek argitasun handiagoa utzi zuen Itzagaondoari dagokionez: Claudio Otaegi bidali zuen herriz herri 1871n ibarreko herri guztietara joan eta euskaldunik ba ote zen aztertzera. Denetan aurkitu zuen gipuzkoarrak hiztun zenbait, asko ez baina. Ibargoiti ere euskalduntzat jo zuen Bonapartek, eta esan bezala jakina da horri dagokionean zorrotz samarra izan ohi zela. Brocaren berriemaileek, ordea, erabat erdalduntzat jo zituzten Ibargoitiko Idozin nahiz Zabaltza.

izko

Ibargoitiko Izko zen Bonaparteren ustez Zangozako merinaldeko euskararen hego-muturra 1870ean. Brocak ez zuen euskalduntzat jo.

Iruñerria: euskaldun, ala erdaldun?

Broca eta Bonaparteren lanen alderdirik interesgarrienetako bat Iruñerriari buruz emandako informazioa da. Agitz emaitza ezberdinak bildu zituzten biek, baina Iruñe inguruan euskara sufritzen ari zen higadura bortitzren irudi ederra eskaintzen du bien lanaren baturak.

Oso deigarria da Nafarroako erdialdean bi mapen arteko aldea: Brocak Iruñerri zati handi bat utzi euskararen eremutik kanpo: hiriburuaren ekialde eta hegoalde osoa, eta baina Iruñe iparralde-mendebaldeko hainbat auzo herrixka ere. Ezkabarteko Azotzen, Orkoienen eta Zizur nagusian euskararik oraindik bazela jaso zuen. Ez ordena Eguesko Elian eta Esteribarko Irotzen (!), Uharten, Artikan eta Barañainen. Horren arabera finkatu zuen Iruñerri inguruko hizkuntza-muga, hiriburuari itzulinguru egiten ziona.

Ez da dudarik gibelka zihoala euskara Iruñerri hegoaldean, baina Brocaren datu horien zuzentasunaren aurkako argudio franko eman daiteke Bonaparte baliatu gabe: Lázaro Ilundain noaindar euskalduna (1810-1890), Eguesen euskaraz sermoi esaten ibilitakoa; Irigaraik Eguesen bertan, Elian, bildutako euskara apurrak (1935); Badostaingo Aramendia etxera ezkondutako Francisco San Martin ibirikuarraren seme zaharrenak (24 urte 1821ean) euskara baino erabiltzen ez zuela, biztanle gehienek ordurako gaztelania bazekiten arren; 1943an hildako Faustino Erro, Joxemiel Bidador zenaren esanetan Zizurko hondar euskalduna izan zena… Bazen oraindik euskararik Iruñe inguru osoan 1870eko hamarkadan, Brocaren mapak jaso ez bazuen ere.

arre

Arre (Ezkabarte): Ultzama ibaia. Hasiera batean ez zuen Bonapartek uste herrian euskara entzuten zenik. Iritziz aldatu zen beranduago.

Ez zen alabaina erraza izango hiriburu inguruaren egoera konplexua behar bezala argitzea (12.000 biztanle 1850ean; 30.000 1900ean) eta euskara edonon berezko ba ote zen ala ez erabakitzea; lanak eman zizkion Bonaparteri ere Iruñe inguruko euskararen irudia osatzeak. Hainbat aldiz aipatu zion Etxenikeri bere kezka. 1860ko hamarkada hasieran hiri buruzagiaren ondo-ondoko herri-auzoak erdaldun zirela uste izan zuen, ez zela haietan euskararik erabiltzen eta ez zutela horrenbestean inolako kolorerik merezi. Berriozabal edo Sorauren zeuzkan salbuespentzat, haietan biztanle batzuek oraindik euskara egiten zutelakoan. Halaxe jaso zuen, nonbait, 1857ko bidaian: Berriozabalen gaztelania zela nagusi, baina bazela oraindik euskararik ere.

Antza denez, Orikain eta Olabe ere artean euskaldunak zirela iritzita amaitu zuen printzeak 57ko itzulia. Baina Arre, Atarrabia eta Burladan euskararik entzuten ez zela uste izan zuen luzaroan.

Auzia, nolanahi ere, ez zegoen erabat argi ikerlearentzat, eta 1864an zehar behin baino gehiagotan estutu zuen Bonapartek Etxenike leiala datu zehatzak eskura ziezazkion. Bistan da bazuela euskarak bizitasun arrastorik behintzat aurrez aipatu herrietan, eta baita Iruñerriko gainerakoetan ere, azkenean eskualde oso-osoa bildu baitzuen ikerleak bere mapara, uharte moduan erdaldun utzitako hiriburua alde guztetatik inguratuz. Iruñea bera guztiz erdaldun ote zen horrenbestez ordurako?

(bigarren zatian jarraitzeko)

Broca & Bonaparte - Nafarroako erdialde eta Iruñerria

Nafarroako erdialdea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu.ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

                                                                    Sarrera honek 1. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE (eta III): Bidankozeko euskararen apurrak

Bidankozeko euskarari eta euskaldunei buruz esandakoak bukatutzat emateko, hona hemen Alejandra Salvoch bidankoztarrak (1927) duela 80 urte Alejandra Calderero amonaren ezpainetatik ikasitako Gabon kantaren grabazioa, 2013ko azaroan berak niri esan bezala.

Jarraian, grabazioaren transkripzioa:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, ga[u]r kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzera.

Hiru aldiz esan dit Alejandrak gogoan duena, eta bitan grabatu diot. Bigarrena, txukunena, da sarrera honetan eskaini dudana. Ziurtasun handiz eman zuen denetan, eta ia aldaketarik gabe. Aldaketa horiek gorriz nabarmenduta daude: zazpigarren lerroko mellallandia ahaztu egin zuen lehendabiziko grabazioan, baina txertatu dudan audioan entzun daiteke. Amaierako gar eta adoratzea hitzak, bestalde, apurtxo bat aldatuta eman zituen estraineko saioan: lehendabizikoaren -u- pittin bat entzuten zen (ez guztiz garbi, hala ere), bigarrenean diptongoaren arrastorik ez badago ere; azken aditz izena, aldiz, bokal arteko dardarkari eta guzti eman zuen hasierako grabazioan, baina hura gabe bigarrenean, esango nuke.

Gutxienez bi kanta-zati ezberdinen nahasketa ematen du Alejandra Salvochek buruan duenak. Batetik, Eguberri bezpera arratsaldean ibarrean kantatu ohi zen ‘Gairon, Gairona’ izenekoaren hainbat bertsolerro antzeman daitezke. Ondoren datorrena Estornes Lasak 30eko hamarkadan jasoa da, Alejandrak ikasi zuen tenorean bertan, Bidankozeko bertsio berantiarrarekin antzekotasuna non duen gorriz markatuz. Ikus daitekeen bezala erdia-edo izango litzateke (ordena nahasian, hori bai) Salvoch andereak nola edo hala gorde duena:

Ai Mariá, 
Gairon gairona 
sortu da Jein ona 
natara bitate 
urtere bitate 
argizayiya, 
mirall andia 
zutarik mintzatzen da 
mundu guzian 
txand orok petik dakarte, 
gilzak eskian dakarte 
Paramuxko sagarra  
………………………………….. 
xagar kartarik xan dezala, 
Jeina, semia ta alaba, 
…………………………. 
dakiula balia 
ilioan ta bizian 
arimari ordia 
oilarra txuri mundutik 
aunguri ona zeuritik 
ogi ona ostiarako 
ardau ona kalitzarako 
ketan bietan konbertituk 
Jesukristo goretako 
ekusirik birtute 
kan dela 
graziaz beterik dakarte. 

Bestetik, Alejandraren jardunaren amaierak Erronkarin ez ezik Zuberoan ere kantatutako ‘Goazen’ak dakartza gogora; hasierako ahapaldia eta ezagunena, hain zuzen ere. Juan San Martinen arabera, diru eskean ibiltzeko erabili ohi ziren kanta hauek, baina Goazenak helduek abesten omen zituzten, eta Gairon Gairona, aldiz, haurrek. Ondoren datorrena San Martinek berak 60ko hamarkadan Uztarrozen bildutakoa da. Bidankozeko berriemaileak oso-osorik eman du, apur bat desitxuratuta bada ere:

Goa(t)zen aingurieki(n)
arkanxelieki(n)
gaur kantatzera,
gore Erregearen
Jeinko Semearen 
adoratzera

Alejandrak berak pena zuen, gaur arte gogoan gorde duena idatziz jartzen jakin ez eta azkenean bildu gabe galduko ote zen. Nahiz eta grabazioaren kalitatea nola-halakoa izan, eta lekukotasuna apala, esandakoagatik bakarrik merezi zuen nire ustez Bidankozen gordetako azken erronkariera kondar hauek biltzea.


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE (II): Bidankozeko gerraosteko euskaldunak

Duela aste batzuk idatzitako Bidankozeri buruzko lehendabiziko sarreran, euskarak Erronkariko herri horretan utzitako hainbat lekukotasun ezagun bildu nituen. Gerra Zibil inguruan eten nuen kontaketa. Izan ere, Irigaraik 1935ean Bidankoze euskararen muga-mugan irudikatu osteko albisterik ez da idatziz bildu; gehienez ere, 1939-41 bitartean Igaritik Erronkarirako errepidean lan egitera joandako Francoren presoek herrian euskaldunen bat topatu izanaren oihartuna aipatu izan da azken urteotan, baina xehetasunik eman gabe. Hortik aurrera, euskara Bidankozen isil-isila itzali zela besterik ez nekien, hainbat tokitan bezala, diktadurapeko urte ilun haietan.

Bidankoze vista general

Bidankoze, aspalditxoko irudi batean

Hori horrela, gaur blogean Bidankozeko euskarari buruzko bigarren sarrera zabal hau agertu ahal izatea bidankoztarren beraien laguntzari eskertu beharra dago. Gotzon Pérez Artutx eta Dabid Lalana Salbotxi lehendabizi, haien interes, bilaketa, ohar eta aholkuek hurbildu nautelako elkarrizketatu ahal izan ditudan berriemaileengana. Mila esker bioi! Eta berriemaile horiei bigarrenik, erronkarierari eutsi zioten azken arbaso bidankoztar horietako batzuk gaur arte gogoan izateagatik eta zekitena nirekin elkarbanatzeko agertu duten borondate eta pazientziagatik. Bidankozeko euskararen katea erabat eten ez bada, haien meritua da.

Bidankozarte

Bidankozarte aldizkaria

Bidankozeko 70-90 bat urteko hamabost lagun izan ditut berriemaile. Zuzenean erantzun didate ia denek, eta seme-alaben bidez oso adinekoren batek. Guztira dozena batek-edo gogoratzen zuen jasotzeko moduko informaziorik, eta albiste batzuk iturri ezberdinek berrestea ere gertatu izan da horrenbestez. Den-denon laguntza eskertuz, jakingarri zehatzak eman ahal izan dizkidatenak bakarrik bildu ditut zerrenda honetan. Haien izena agertzerik nahi ez zutelako eman ditut biren inizial hutsak.

BERRIEMAILEAK:

  • A.J., (1931).
  • Alejandra Salvoch  (1927).
  • Dolores Urzainqui (D.U) (1944).
  • E.J., (1922).
  • Engracia Mainz (1931).
  • Evaristo Urzainqui (1931).
  • Fermina Artuch (F.A.) (1921).
  • Marcelino Pasquel (1932).  
  • Porfirio Mainz (1923) [arrebaren bidez].
  • Severino Ornat (S.O.) (1931).
  • Teresa Hualde (T.H.) (1930).
  • Teodora Iriarte (T.I.) (1916) [alabaren bidez].

 

Bereziki eman nahi dizkiot eskerrak arestian aipatu Gotzon Pérez Artutxi, lan hau prestatzean eman didan laguntzagatik ez ezik, berak sortu eta sarean ezarri duen Bidankozarte aldizkariagatik ere; sarritan erabili dut aldizkaria dokumentatzeko (Bidankozeko etxeei dagokienez, esate baterako).

Aurrekariak: XX. mende hasierako euskararen gainbehera.

Bidankoze Clase de religion

Bidankozeko XX. mende hasierako eskola umeak erdaldun hazi ziren. (iturria: www.vidangoz.com)

Bonaparte printzeak bere mapa handia prestatu zuenean, euskarak indartsu zirauen eremuaren mugan utzi zuen Bidankoze, Garderekin batera, eta hegoaldeko Burgi ez bezala. Indartsu, itxuraz bakarrik. Osasuntsu, inola ere ez. Bidankozen gehiengoa zen euskaldun 1860ko hamarkadan, eta ordura arteko bidankoztarrek (ia) salbuespenik gabe gurasoen euskara jasoko zutela pentsa daiteke, baina urte haietan bertan hasi zen segur aski euskararen jarraipena eteten herriko etxe askotan. Agian Maule aldera espartin egitera joan beharrak lagunduko zuen beste puxka batez hondar neskato belaunaldi euskaldun samar bati eusten, baina 1880ko hamarkadarako euskararen jarraipena argi eta garbi pitzatu izanaren seinale ezaguna dugu: Mariano Mendigatxaren bilobak urte haietan jaio ziren, eta ez ziren euskaraz aritzeko gauza. Badakigu Mendigatxaren ondorengo belaunaldia euskalduna izan zela, eta Mariano aitak Ramona Ines alabarekin (1858-1933) euskaraz egin zezakeela -halaxe idatzi zion Mendigatxak Azkueri-, baina alferrik saiatu zen aitona bilobak euskalduntzen; Mendigatxak berak aitortu zion lekeitiarrari nekez ikasiko zutela gazte haiek inguruan ordurako entzuten ez zuten hizkuntza (1903). Joan den mendea hasi zenerako erdaldunak ziren beraz gazte bidankoztarrak, eta euskara arras apalduta edo zeharo desagertua bide zegoen herriko karriketan.

Ikerleek Bidankozeri buruz utzitako azken lekukotasun zuzena 1935ekoa da. Irigarairen ustez herriari bere sailkapeneko VII. multzoa zegokion, adineko gutxi batzuek besterik ez zekitelako euskaraz, eta adineko haiek ere ez omen zutelako erabiltzen. Kalean ez behintzat, ikusi dugun bezala dexente zaharragoa baitzen Bidankozeko euskararen desagerpen publikoa. Baina bazen oraindik euskaldunik, urte gutxi batzuk beranduago Igari eta Erronkari arteko errepidea egitera bidalitako preso euskaldun batzuek (1939-1941) Bidankozen euskaraz hitzen bat egiteko aukera izan omen baitzuten. Norekin, ordea?

Galbidean, baina ez erabat galduta.

1940 inguru hartan ia ikustezina zen nonbait Bidankozeko euskara azken hiztunekin lotura zuzena ez zuten herritarrendako. Hilzorian diren mintzoei gertatu ohi bezala, etxe barreneko oso une jakinetara zegoen mugatuta ia beti uskararen agerpena. Hizkuntza jendaurreko erabilera guztietatik aspaldian erauzirik, lasai-lasai gerta zekiokeen urte haietako haur bati bere inguruan euskara bazenik ere ez sentitzea, edota hainbat hamarkada beranduago, zahartzaroan, halakorik ez gogoratzea, oroimena behartu artean gutxienez: berriemaileren batek duda izpirik gabe erantzun dit hasieran bere gazte denboran ez zela Bidankozen euskaraz egiten. Gero, hizketari lotuta, xehetasun interesgarri bat edo beste kontatzeko gauza izan da. Baina lekuko horrentzat, abiapuntu gisa, euskararik ez zegoen bere haurtzaroko Bidankozen, hizkuntzaren ikusgarritasuna (are oraindik galdu ez zutenen artean ere) guztiz ahula zen seinale.

Bestelako bizipen batzuen ondorioz euskarari buruz argiago mintzatu ahal izan zaizkidanak, azken euskaldun horiekin bizi izan zirenak dira eskuarki, baten bat ondo-ondoan izan zutenak. Etxe barrenean ia beti, edo -oso noizbehinka- kaleko unean uneko hartu-eman pribatuetan. Bidankozeko zenbait familiatan gutxienez bazen oraindik adineko euskaldunik gerra bukatu ostean. Berriemaileei esker ezagutu ditudan etxeetako egoera azalduko dut ondoren.

Landarna

Bidankoze Landarna

Landarna etxea

Agirien arabera, 1646an zein 1677an Juan Landa izeneko jabea zuen Bidankozeko etxe honek. Aspaldikoa da, beraz. Etxe hartan bizi izan zen Petra Nicolasa Jimeno Sanz (1859-1939), Gerra Zibilarekin batera joandako andere bidankoztarra. Engracia Mainz bilobak eman dit amonaren berri. Nire berriemaileak 8 urte baino ez zituela hil zen Nicolasa eta, zoritxarrez, ez du gogoan hura sekula euskaraz hizketan entzun izana. Ez dut aurkitu Bidankozen Landarnako emakume hau aipatu didan beste inor, baina amonaren euskalduntasuna gauza ziurtzat du Engraciak, etxekoei behin eta berriz entzundako kontua baita. Hamarkada berean zendutako euskaldun gehiago ezagututa (Mendigatxaren alaba Ramona, esaterako) eta Irigarairen 1935eko azalpenak kontuan harturik, datua egiazkotzat jotzeko modukoa iruditzen zait, eta horregatik ekarri dut hona, eskuratutako argiena ez bada ere.

Maisterra

Bidankoze Maisterra

Maisterra

Aspaldikoa da Bidankozen Maisterra abizena: 1613ko dokumentu batean, adibidez, ageri da. Laurehun urte beranduago galdua da, baina izen bereko etxearen bitartez iraun du. Maisterrak berandu samarrera arte eutsi zion euskarari, gainera. Rosa Ramona Salvoch Hualde (1857-1940) da horren lekuko. Etxe bereko Casimiro Salvoch eta Pelaireko María Cruz Hualde ziren Ramonaren gurasoak. Beste bi alaba izan zituzten Casimirok eta María Cruzek: urtebeterekin hildako Paula Estefanía, eta Francisca Paula (1863). Azken hau ere euskalduna izango zen noski, baina ez dut herrian gogoratzen duenik aurkitu. Agian gazte hilko zen bera ere. Herriko adineko zenbaitek Tía Rosa esaten zioten haren euskalduntasuna, aldiz, zalantzarik gabe ziurtatu didate bi bilobak: 1921ean jaiotako Fermina Artuchek, eta urtebete gazteago den E.J.-k, biek entzun baitzuten amona euskaraz. Ferminak kontatu didanez, halaxe aritzen zen inguruko herriren batekoa zuen bizilagunarekin, eta baita Orontzen jaiotako Estefanía Hualderekin ere. Estefania Rosa baino hamabost urte gazteagoa zen, aitarik gabe geratu omen zen umetan, eta Bidankozera eraman zuen Rosak ahizpatzat harturik. Bere bizitzako azken urteetan euskaraz aritzen zitzaien tarteka Rosa Salvoch ezer ulertu gabe entzuten zioten bilobei ere.

Elizalde / La Santa

Bidankoze Lasanta

La Santa, gaur egun

Etxe berri samarra da La Santa, 1907an eraikia. Indiano etxea da gainera: Santiago Sanz bidankoztarrak Amerika aldera egin zuen eta baita joan baino aberastuago itzuli ere, 1905ean. Herriratu eta handik lasterrera etxe berria eraikitzeari ekin zion emaztearekin batera. Emaztea Severina Fuertes Larequi andere euskalduna zen (1865-1946), Xapateroko Domingo Fuertesen eta Elizalde etxeko María Santos Larequiren alaba, Elizalden bertan sortua eta hil, aldiz, aipatutako La Santan hil zena.

Gotzon Pérezi esker ezagutu nuen hiztun honen izena eta Severino Ornat biloba izan dut ondoren berriemaile nagusi. Aipatzekoa da Severinoren arreba Atanasiak ez duela amona zena euskaldun izatearen kontzientzia handirik, eta Atanasia Ornaten senarrak berak, aldiz, ziurtasun handiagoa agertu duela puntu horretan emazteak berak baino. Severino Ornatek, edonola ere, amonak euskaraz ongi hitz egiten zuela du gogoan, eta hura izan zela Igari-Bidankoze-Erronkari errepidea egiten ari ziren presoekin euskaraz mintzatu zenetako bat. Izango zuen horretarako aukerarik, preso haiek Bidankozen hutsik zeuden etxe batzuetan sartu baitzituzten, eta lantokira joateko plazatik pasatu behar zirelako, Severina Fuertesen etxe ondotik, alegia.

Bidankoze Fuertes

Vicenta Fuertes Maizterra (1883-1971) azken euskaldunen ondo-ondoko emakume bidankoztarra. Ez zen hiztun osoa, baina gauza asko gorde zituen. Iturria: www.vidangoz.com

Paskel

Arestian aipatutako Atanasia Ornaten senarra (Marcelino Pasquel) izan da etxe honi buruzko albiste interesgarri-interesgarriak eman dizkidan berriemailea. Etxeaz, eta baita bere amona euskaldunaz ere: Petra Atanasia Salvoch Elizalde andereaz (1856-1947). Emakume hau ez zen abizen bereko Rosa Salvochen senide hurbila, José Antonio Salvoch eta Francisca Elizalde bidankoztarren alaba baizik.

Petrak lau urterekin galdu zuen ama eta pare bat urte beranduago amona; aitona ezagutzera iritsi ere ez zen egin. Aita baino ez zitzaion gelditu, beraz, eta alargundu ostean atzera ezkondu zen, Burgiko Felicia Garaterekin. Felicia 1838an jaioa zen. Datu interesgarria da, Burgin euskara Bidankozen baino lehenago galdu zela jakinda. Petra haurtxoak euskarari eutsi bazion, etxean jaso zuelako izango zen seguruenik, eta hizkuntzaren jarraipenean amek duten garrantzia ezagututa, zaila gertatzen zait 1838an sortutako Felicia Garate burgiarra erdalduntzat jotzea.  José Antoniok eta Feliciak beste hiru seme-alaba izan zituzten; ez dut haiei buruzko albisterik.

Bidankoze Paskel

Paskel etxea

Badute bestelako ilungunerik Petra Salvochen lehendabiziko urteek: 10 zituenetik 20 bete arte ez omen zen Paskel etxean bizi izan (ez dago garbi neskame joanda edo zertara, ez eta Bidankozen bertan gelditu zen ala ez). Bistan da ez zuela haurtzaro eta gaztaro lasairik izan, eta hainbat tokitan ibili zela harat-honat. Azkenean Bidankozeko emagin bihurtu zen eta urte asko eman zituen lanbide hartan, Martina Ornatek lekukoa hartu arte. Herrikoek oso maite izan zuten Petra Salvoch emagina.

Euskaldun osotzat du Marcelino Pasquelek amona Petra, inolako zalantzarik gabe (‘Sabía muy bien’), eta bere euskalduntasunaren arrasto askotxo gorde ditu gogoan: Rosa Salvochez ari nintzela aipatu dudan Estefanía Hualde oronztarra eta bere amona hainbat aldiz entzun zituen euskaraz; Marcelinori berari eta etxeko gainerako haurrei ere euskaraz hitz egiten zien haserretzen zenean errietan emateko (‘para que no entendiéramos lo que decía’). Azkenik, ibarrera zerri zikiratzera Sakana aldeko zikiratzaile euskaldunak joaten zirelarik, haietako batekin amona bidankoztarra gustura asko aritzen zela euskaraz gogoratzen du Pasquel etxeko jaunak.

Ornat

Bidankoze Ornat

Ornat

Lehenagotik ere Bidankozeko euskararen historia txikian ongi jositako izena da hori: esate baterako, Ornaten jaio zen 1796an Mariano Mendigatxaren ama Melchora. Ez zen ordea ama-seme horiekin eten etxe hartako euskararen katea; lau berriemaile ezberdinek dute oraino gogoan hantxe sorturiko Juana Paula Ornat Pérez bidankoztar euskalduna (1864-1950), Francisco Ignacio Ornaten eta María Ignacia Pérezen alaba. María Ignacia Burgin sortu zen (1833), Petra Salvochen amaorde Felicia Garde bezala. 1830eko hamarkadan jaiotako burgiar batzuk behintzat euskaldunak izan zirela eta (Bidankoze euskaldunagoan gutxienez) euskara transmititu zutela susmatzeko arrazoirik badago.

Lau berriemaileetatik hiru Paula Ornaten bilobak dira (A.J., E.J. eta Alejandra Salvoch); laugarrena (Severino Ornat) Paularen anaia baten biloba. Laurek ezagutu zuten Garro etxera ezkondutako andere hura, denek jo dute inolako zalantzarik gabe euskalduntzat (‘aquella sabía bien’, A.J.) eta denek entzun zioten euskaraz hitz egiten. Alejandra Salvochek, adibidez, bere bi amonak ikusi ohi zituen etxean erronkarieraz hizketan: Paula bera, eta laster aipatuko dudan Alejandra Calderero. E.J.-k ez du ahaztu nola eskatzen zion gainerako bilobekin batera amona Paulari euskaraz kanta ziezaien: ‘Abuela, ¡cántenos en vasco!’; eta hark elizako kantak abesten zizkien. 80 urte beranduago, berriemaile honek ez du oraindik guztiz ahaztu Mendigatxak bildutako ‘Gairon, Gairona‘ abestiaren arrasto xume-xumeren bat, Paula Ornati entzunda ikasirik: Gaiun, gaiun eliza, sortu Jesus… Nazareneko eliza, sortu gaiuna… Severino Ornaten ustez Paula izan zen 1939-41 bitartean errepideko presoekin hitz egin zuenetako beste bat.

Calderero

Bidankoze Calderero

Calderero

Bidankozeko Calderero etxean jaio zen 1859an lehen aurkeztu dudan Severina Fuertesen senarra, Santiago Sanz, Amerika aldera joan eta aberats bueltatu zen hura. Ez dakit gizon hau emaztea bezala euskalduna izango zen ala ez, baina garbi dago bera baino beranduago etxe hartan jaiotako emakume euskaldun bat behintzat izan zela: Josefa Alejandra Calderero Sanz (1869-1952), Santiagoren iloba. Aita, José, Salamancako herrixka batean sorturiko karabineroa zen, baina Anxelmo etxeko Agustina Sanz bidankoztarrarekin ezkondu zen, emaztegaia haurdun -eta erditzear- zegoela. Ezkontza harekin batera Calderero izena hartu bide zuen ordura arte Anxelmo zen etxeak.

Aita erdalduna izanagatik, euskaldun hazi zen gurasoak ezkondu orduko jaiotako alaba hura. Alejandra Salvochen oroimenean iraun dute gaur arte bere amona zenak eta haren euskalduntasunak. Arestian esan bezala, berriemaile honi zor diot Alejandra Calderero eta Paula Ornat elkarrekin euskaraz aritzen zirela jakin izana. Gazteek ulertzerik nahi ez zutenean egiten omen zuten hori Alejandra Salvochen amona biek. Bada besterik, gainera. Oso begiko izan zuen Alejandra Caldererok izen bereko biloba, hainbat mutilen ostean jaiotako neska izateagatik agian. Hala, goxotasun bereziz hartu zuen bilobatxoa eta luze aritzen zitzaion honetaz eta hartaz kontu kontari. Gaztelaniazko kontuak izan ohi ziren haiek, bilobak ez baitzekien beste hizkuntzarik, baina haiekin batera, Alejandra Salvochek sei bat urte zituela, Gabon kanta luzea irakatsi zion Alejandra Calderero amonak. 86 urteko bilobak ez du erakutsitakoa edo horren zati bat behintzat ahantzi, eta zalantzarik agertu gabe behin eta berriz esateko gauza da:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, gar kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzea.

Ez dakit Bidankozen horrenbeste eman dezakeen beste inor geldituko den. Nik ez dut aurkitu.

Salbotx

Bidankoze Ciriaco Salvoch

Ciriaco Salvochek 100 urte bete zitueneko argazkia (2005)

Ehun urtez bizitzera iritsitako bidankoztar bat baino gehiago ikusi du herriak azken hamarkada hauetan. Horietako bat, Salbotx etxeko Ciriaco Salvoch Juanco, XX. mende hasieran jaio eta 103 urte betetzera heldu zena, dut oraingo honetan berriemaile. Zeharkakoa ezinbestean, 2009an hil baitzen; baina Ciriacoren oroitzapenei eta oroitzapen horiek ondorengoei kontatu izanari zor diet Martina Salvoch Salvoch (1870-1949) eta María Jacinta Salvoch Salvoch (1871-1952) ahizpa euskaldunen aditzea.

Ahizpa hauek Ciriacoren izebak ziren, Gabriel Salvoch aitaren arrebak. alegia. Gabriel, Martina eta Jacintaz landara beste zazpi seme-alaba izan zituzten 1831n Bidankozen jaiotako Froilán Salvoch eta 1842an sortutako Marcelina Salvoch gurasoek. Hamar guztira. Gabriel, adibidez, 1874an jaio zen, eta beste lau munduratu ziren ondoren. Berdin helduko al zitzaien hamarrei gurasoen euskara muga-urte haietan? Etengo al zen katea nonbait?

Ciriacoren izeba Martinak eta Jacintak bederen euskara jaso omen zuten etxean 1870eko hamarkadan. Urte luzez ezagutu zituen ilobak ziurtasun osoz kontatzen zuen, hainbat urte beranduago, bi ahizpak euskaraz mintzatzen zirela bata bestearekin aritzen zirenean. Horrela iritsi da albistea Ciriaco Salvochen biloba den Dabid Lalana Salbotxengana.

Lengorna

Bidankoze Lengorna berria

Bidankozen badira Lengorna Berria eta Lengorna Zaharra

Bidankozeko beste hainbat bezala (Landarna, Hualderna…), hau ere sinkoparen azpian -REN jatorri-atzizkia ageri duen –RNA amaieradun etxea da.

Proposatzen ari naizen Bidankozeko hondar euskaldunen zerrenda honetan orain arte emakumeak besterik agertu ez badira ere (Erronkarin ohi bezala), gizonezko baten izena aipatuko dut azkenik: Antonio Evaristo Urzainqui Salvochena hain zuzen (1872-1959). Gizonezko izate hutsak albistea susmopean jar lezake beharbada, baina datuak sinesgarria ematen du eta aldez aurretik baztertzeko arrazoi sendorik ez dut aurkitu. Horra bada gizon honi buruz esan dezakedana, izen bereko Evaristo Urzainqui bilobak kontatua.

Egun 82 urte dituen Evaristo bere aiton-amonekin hazi zen txiki-txikitandik, ez gurasoekin. Etxean zituen beraz eta erreferentzia ezin gertuagoa ziren beretzat. Aitona, esandako Antonio Evaristo zen. Amona ere aipatua dut aurretik: Estefania Hualde (1872-1949), Rosa Salvochek ahizpa bailitzan Bidankozera eramandako emakume oronztarra. Evaristo bilobak dioenez, 1930eko hamarkadan zehar, bera haurtxoa zelarik, aiton-amonak euskaraz mintzatzen ziren etxe barrenean haiek ziotena bilobak ulertzerik nahi ez zutenean (‘hablaban vasco, al menos cuando yo era pequeño’). Beranduago, berriemailea kozkortutakoan, hori egiteari utzi ziotela ematen du, edota bilobak gehiago entzun ez ziela gutxienez. Etxeko giroari zeharo lotutako euskararen erabilera izango zen hartara aiton-amonen artekoa, eta hori dela eta esplika liteke gainerako berriemaileek Evaristo aitona ezagututa ere euskaraz bazekien ala ez ezin ziurtatu izatea.

Heriotza dataren berankortasunak zalantzan jarraraz dezake beharbada Evaristoren euskaldun izatea. Are gehiago gizonezkoa zela jakinda eta emakumezkoak izan zirela oro har euskararen azken gordailu Erronkari osoan. Baina komunikazio kontestua (euskara etxe barrenera mugaturik, gazteagoek ez ulertzearren) ez da ezezaguna eta beste berriemaile batzuek ere bermatu dute. Jaiotza-datari dagokionez ere, azaldu ditudan aurreko hiztunen inguru-ingurukoa zen Evaristo. Bestalde, Orontzen jaiotako emaztea izateak zekienari eusten lagunduko zion agian, Orontzen euskara Bidankozen baino beranduagora arte gorde zelako eta emaztea, haurtzaroan, senarra bera baino euskaldunagoa izango zelako ausaz. Evaristo Urzainqui euskaldun oso izan zitekeela ukatzeko arrazoi pisuzkorik ez dut.  

Zenbait hausnarketa

Bidankoze ABUELO LENGORNA

Lengorna etxeko aitona (www.vidangoz.com)

1. Orain arte agertutako izen zerrenda ez da inola ere itxia, jakina. Aipatutako bidankoztar horiek guztiak euskaraz moldatzeko gauza izango zirelakoan nago (ezin inoiz guztiz segurutzat jo) baina ez dut uste 1940ko eta 50eko hamarkadetan Bidankozen ziren erronkariera hiztun bakarrak haiek izango zirenik. 1960az haratago bizi izandako euskaldun zahar osorik izan ez zela ziurtatzea ere, ezinezkoa iruditzen zait une honetan.

2. Berriemaileek adierazitakoaren arabera ohikoa zen Bidankozeko azken euskaldun edadetu haiek, gazte erdaldunik inguratzen ikusi orduko, euskarazko hizketa etetea edota entzulea uxatzea. Gotzon Pérezek ixilikonai eta aski duk jaso dizkie egungo bidankoztarrei: horixe zen hainbatetan orduko adinekoei entzuten zietena, haiek solasteari utzi edota gaztelaniara jo aurretik. Aski duk hori Marcelino Pasquelek gogoan duela ziurtatu ahal izan dut nik. A.J.-k esan didanez, gogoan du oraindik nola mozten zuten jarduna herriko zenbait amonak ixiládi esanez bera bezalako gazteak heltzean. Ixiládi hori bera ez ezik, naiko ere aipatu dit herritik duela 55 urte atera zen Teresa Hualdek. ‘Los despachaban para que no oyeran’, esan dit Mendigatxaren birbiloba den Porfirio Mainzen arrebak. Hondar hiztun haiengan lotsa, hizkuntza erabiltzeko halako beldurra edota euskara ezkuturako baino ez izatearen sentipena nahasten zirela ematen du. Euskara gauza egokia ez izatearena, antza.

3. Noiz eten zen guztiz euskararen jarraipena Bidankozen? Arestian aipatutako zerrendatik kanpo, ordurako euskaldun oso ez zirela susma daitekeen beste bidankoztar batzuk dituzte gogoan berriemaileek, aurrekoen garai beretsuan edo pittin bat beranduago jaioak, transmisioa (ia?) erabat hondatu zeneko unea iradoki dezaketenak: Fuertes etxeko Maximina Fuertes Maisterra, adibidez (1873-1947), muga-mugan omen zegoen: ‘sabía vasco’ (E.J.); ‘no sabía tanto’ (S.O.); ‘no sabía tanto, entendía todo’ (A.J.). Hamar urte beranduago jaiotako Vicenta Fuertes Maisterra (1883-1971) Maximinaren zaku berean sartu du E.J.-k, baina beste bi berriemaileek ahizpa nagusiak baino are gutxiago zekiela uste dute (‘sabía menos que la hermana’, A.J.). Nolanahi ere, euskaraz jakin, bazekien zerbait (‘sabía muchas palabras, canciones’, T.I.) eta oraindik ere Maximina eta biak euskara mezuak kodifikatu asmoz erabiltzeko gauza zirela ematen du (‘usaba con la hermana para que no entendiera el padre [T.I.-ren alabak]). Hala izanez gero datu esanguratsua da: Vicentaren hamarkada berean jaiotako Mendigatxaren bilobak ez ziren euskaldunak. Alferrik saiatu zen Mariano Mendigatxa haiek euskarara hurbiltzen. Euskararen galera etxearen arabera azkarragoa edo motelagoa izango zela, eta Bidankozeko euskararen belaunez belauneko transmisioaren erabateko etena Bonaparteren bidaiez geroztikakoa dela iradoki dezake orain arteko guztiak. Datu gehiago beharko lirateke, baina okerrenera jota ere ez dut uste 1880 baino askoz lehenago gertatu zenik. Nolako eragina izango zuen prozesu hartan Bigarren Karlistadak?

4. Aurrekoari loturik, oso-oso berandura arte bizi izan dira euskara pixar handi samarrak (gutxienez!) gordetako bidankoztarrak: Marcelino Pasquelen aita Félix Pasquel Salvochek (1891-1974) 1800 inguruko Martin Bixente Larranbe arbasoari buruzko bertsotxo bat kantatu ohi zien Marcelino eta honen anaia Crisantori. Felixek ez zuen seguru asko euskaraz ongi jakingo, baina bertsoaren esanahia semeei esplikatzeko gauza zen. Marcelinok honela du gogoan bertso-zati desitxuratu samarra: Martin Bixen Larranbe, noble persona, usande uri guti eta boruntate ona (‘…pero ni sabíamos lo que era…mi padre nos solía decir que era una persona que tenía mucha voluntad pero dinero nada; éste era el tatarabuelo…’, M.P.). Martina Ornatek ere (1896-1984, Ornat etxekoa) bazekien zerbait: ‘hablar corriente, no; pero entendería muchas cosas’ (S.O.); sarri askotan zerabilen lehen aipaturiko ixilikonai hura. Donata Jimenok (1891-1994, Garro etxean jaiota, eta Largotena etxera ezkonduta, Paula Ornaten alaba): ‘sabía contar’ (F.J.); ‘sabía muchas cosas’ (S.O.); Constancia Pérez Sanzek (1905-1999, Santxena etxekoa) hamar arte behintzat bazekien zenbatzen, eta biloba ikasten hasi zenean, galdetu egiten zizkion zenbakiak, ea ongi zekizkien (D.U.); lehen aipatu dudan legez, 1927an jaiotako Alejandra Salvochek buruz daki oraindik 1933 aldera-edo Alejandra Calderero amonak erakutsitako Gabon Kanta, eta itxuragabetu samar bada ere zalantzarik agertu gabe kantatzeko gauza da. Alejandra Salvochen ama zena, Fulgencia Jimeno Ornat, aski anekdota deigarri baten protagonista izan zen 1970eko hamarkadan: udalekua Bidankozen zuten Donostiako haur euskaldun batzuk jolasean ari ziren herriko plazan eta Fulgencia ikusirik iseka egin zioten euskaraz. Andere bidankoztarrak haien trufak entzun, eta euskara erabiliz egin omen zien aurre, eta errieta eman ere bai. Hau hala izatera, Donata Jimenoren ahizpa zen Fulgenciak bazekikeen euskarazko pixarren bat baino gehixeago.

Bidankoze Casa Calderero

Calderero etxeko famili argazkia (www.vidangoz.com)

5. 1940-50erako euskara zeharo desagertuta zegoen Bidankozeko bizitza publikotik. Lehenagotik ere bai noski; baina egungo berriemaileek gogora dezaketen bezain zaharra da kalean batere ez erabiltze hori. Horrekin batera badirudi, gainera, etxeetako bakoitzean euskara oraindik pittin bat gorde izanaren edo gorde ez izanaren araberakoa dela berriemaile berantiar hauek duten gogorapena eta iritzia. Arestian esan bezala baten batzuek argi eta garbi agertu dute hasierako iritzia: Bidankozen, haien gaztaroan, ez zen euskaraz hitz egiten; gero berriemaile hauetakoren bat zenbait gauza interesgarri kontatzeko gauza izan da, ordea. Baina 40-50eko hamarkadetan bizi izandako ‘en la calle absolutamente nadie’ horrek pisu handiagoa du haien pertzepzioan noizean behin adinekoren bati (ez bere etxean, nonbait) entzundakoak baino. Beste zenbait berriemailek, aldiz, euskara etxean entzun omen zutenek oro har, hizkuntza kalean agortua zela onartuta ere ez dute azentua hor jarri, eta bai, ordea, dituzten gogorapenetan eta azken hiztun haien nondik norakoan. Berriemaile hauek ez dute aurrekoek bezala ‘gure gaztaroan ez zen euskaraz egiten’ azpimarratu. Etxeetan izan zuten euskararen esperientzia apalak beste pertzepzio batera eraman dituela ematen du. Kalean ez zen egiten, baina etxeetan, ahul bazen ere, euskara oraindik hor zegoela azaldu dute.

6. Jasotako datuei begira, 1950eko hamarkadan Bidankozeko euskara taxuz eman zezaketen lekukoak oraindik bazirela ulertu behar da, nik uste. 1950ean grabagailua hartuta bertara joandako balizko ikerleak ez zukeen 1970ean Izabara joandakoak baino gutxiago bilduko, seguru asko. Herriko euskarak ordura arte behintzat azken hatsik eman ez zuela ematen du. Hondar hiztun osoak desagertu ostean ere, gainera, zenbait urtez iraun du ondorengo bidankoztarren oroimenean gaur ere guztiz iraungi ez den hitz, kanta, bertso nahiz esaldi mordoxkak. Itxuraz paradoxa dirudien zerbait lortu dute bidankoztar hauen oroitzapenek: aspaldi, XX. mende hasieran bertan, kalerako dagoeneko galdua zen euskararen katea ez da zeharo etetera iritsi Erronkariko txoko honetan.

Es de sobra sabido que el euskera roncalés se extinguió a lo largo del siglo XX, y que en las localidades más septentrionales del valle (Isaba, Uztarroz) los últimos conocedores de dicho euskera fallecieron entre las décadas de los 70 y los 90. Fueron por lo general personas que llegaron a ser entrevistadas e incluso grabadas y que pudieron contribuir con su testimonio a un mejor conocimiento de esta variedad hoy tristemente desaparecida. Sin embargo, es muy poco lo que sabemos acerca de los últimos poseedores del habla roncalesa en las poblaciones más meridionales del valle, donde el ‘uskara’ se apagó en silencio años antes que en las anteriormente mencionadas, sin recogerse prácticamente noticia alguna sobre los últimos que llegaron a hablarlo. Es el caso de Vidángoz. En esta entrada, gracias al testimonio de diferentes bidankoztarras que llegaron a convivir en su niñez o juventud con algunos de los últimos poseedores del euskera de la localidad, y gracias también a la ayuda de quienes me han facilitado el acceso a ellos, he intentado recuperar aunque sea en parte el recuerdo de aquella postrera generación que recibió la lengua de sus mayores y la mantuvo, relegada ya de toda presencia social, invisibilizada y abocada a un uso cada vez más privado y esporádico, hasta bien entrada la posguerra; cuando menos hasta la década de los 50, conservado por hombres y mujeres como Alejandra Calderero (1869-1952), Jacinta Salvoch (1871-1952) o Evaristo Urzainqui (1872-1959). Los últimos rescoldos de aquel dialecto propio que los actuales mayores de Vidangoz apenas intuyeron conviven hoy con los esfuerzos de las generaciones más jóvenes por dar nueva vitalidad al euskera que hasta hace no tanto vertebró a la villa y a sus gentes.

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu