Tag: euskararen galera

Euskararen ibilbidea bere hego-mugan zehar

Joan den maiatzaren 26an, UEUk, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Aziti Bihia elkarteak antolatutako Euskararen Historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara, Araba eta Nafarroako eremu zabalean behinolako euskarak utzitako arrasto sakona izan nuen hizpide Gasteizen.

Inork egun hartan erabilitako aurkezpena ikusi nahiko balu, hemen topatuko du.

Otsailean abiatutako mintegiaren azken lau saioak irailaren 29tik abenduaren 22ra bitartean izango dira.

Oihaneder Gasteiz

Oihaneder Kultur Etxea


Euskararen lekukoak: ARRIASGOITI

urritzelki3

Urritzelkiko eliza (argazkia: www.rurismo.com)

Iruñetik Aezkoa aldera egiteko biderik erosoena, Zubiritik aurrerako bihurguneak saihestu nahi izanez gero bederen, Eguesibarko zelaian barrena Agoitzetik gora doana da. Halaxe abiatzen den bidaiariak, Urrotz igaro bezain laster, Erroibarrera begira dagoen NA-2330 errepidea topatuko du.

Ez dira oso ezagunak ez errepidea bera, ez ezker-eskuin sakabanatuta dauden inguruko herrixkak ere: Beortegi, Janaritz, Ozkaritz, Leiun… Garai batean izan zuten bizitasunaren oihartzun apala baino ez dute haietako batzuek, eta mingarria da hori; baina eskualdearen ondarea alferrik galtzen ez uzteko desioa bizi-bizirik dago gaurko hainbat biztanlerengan. Leiundik gora behinolako Arriasgoiti harana dago —harriaz goiti—, 1943ra arte beregaina eta egun hegoaldeko bizilagunekin batera Lizoainibarko udalerrira bildua. Aginagak, Biorreta baserriak, Ilotzek, Urritzelkik, Zalbak, Zaldaitz etxaldeak, Zuntzarrenek eta XIX. mendera arte Artzibarkoa zen Galdurotzek osatu dute Arriasgoiti XX. mendean zehar: hutsik daude egun horietako batzuk. 229 biztanle zituzten Madozen denboran guztien artean, baina gaur Zalba, Urritzelki eta Zuntzarren dira herritzat har daitezkeen bakarrak. Eta haietan ere gutxi-gutxi dira urtean zehar bizi direnak.

Galduroz1

Galdurozko etxe baten hondakinak

Propio eskainitako sarrera da Arriasgoitiko hau, gaur udalerri ez den arren, zinez interesgarria baita ibarttoa blog honi begira; Artzibar, Erroibar eta Esteribar artean sartua, haietan ez bezala ezinezkoa izan da XX. mendean zehar alde egindako euskararen lekukotasun zuzen eta erabatekorik biltzea. Oso gutxigatik egin zieten ihes azken hiztun osoek haien bila abiatutako ikertzaileei: ez ziren baleko euskaldunik elkarrizketatzera heldu. Horren erakusgarri dira Pedro Irizar zenak, Koldo Artola ahotan hartuz, idatzi zituen hitz hauek:

…de Arriasgoiti (…) no ha sido posible obtener datos, a pesar de la insistente y laboriosa investigación de [Koldo] Artola en este sentido. En dos ocasiones creímos haber llegado a encontrar sendos informadores del valle de Arriasgoiti y en ambos casos del mismo pueblo, Galdúroz. En las dos ocasiones nuestras esperanzas resultaron defraudadas. Creo que merece la pena de referimos, siquiera sea brevemente, a estos intentos, para poner de manifiesto que, generalmente en estas zonas, cuando se llega a encontrar un informador válido, se han dado antes muchos pasos en falso. Uno de los presuntos informadores fue D. Jesús Lusarreta Arriola. Al conocer la existencia de este hombre, nacido en Galdúroz, Artola fue a visitarle a Pamplona, el año 1987, en que aquél tenía 78 años, con la esperanza de obtener los datos que tanto necesitábamos. Resultó que, siendo muy niño, quizá de un año de edad, lo llevaron al valle de Erro y el poco vascuence que sabía lo aprendió allí, principalmente en Esnoz. No obstante, Artola mantuvo una larga conversación con él -recogida en cinco folios-, mitad en castellano, mitad en euskara-, con bastantes formas verbales, pero que no son de Galdúroz. El otro caso en el que nuestra ilusión, mantenida durante largo tiempo, acabó por desvanecerse, queda perfectamente reflejado en las siguientes palabras de Artola (19 de abril de 1989):

Zalba Merkatena

Zalbako Merkatena etxea (argazkia: www.3digitala.com)

«Aspaldisko gutun batetan aipatu egin nizun Galdurotz bereko beste gizon bat, Jesús Garde Carrascón, eta esan ere egin nizun banuela berarengandik zerbait erdiesteko itxaropena. Baina, aitzitik, ustea ustel gertatu zen eta, berarekin egotera iritsi banintzen ere, ia ezer ikasi ez zuela eta ikasirikoa edo, hobe esan, entzuniko apur hura erabat ahaztu zitzaiola esan zidan, berarengandik ezertxo ere eskuratu gabe geratuz.» «Eta Espozko datuen informatzailea —Manuel Zazpe jn., hain zuzen ere—izan zen Jesús Garde horrekiko informazioa eman zidana, honez zertxobait jakingo zuelakoan. Kontatu egin zidan, bada, Zazpek, behin Garderekin topo egin zuela ganadu-feria batetan, eta, Zazpe ganaduari begira zegoela, Gardek, atzetik etorri eta, deskontseilatzeko edo —ez omen baitzitzaion gomendagarria iruditzen ganadu hura— zera esan ziola, saltzaileak ez ulertzeko eran, nonbait: «oiek zituak dire». Horregatik uste zuen Zazpek galduroztarrak zerbait jakingo zuela, zeren, ez jakitekotan, hori ere esaten ez baitzuen asmatu egingo. Hala ere, eta lehen esan dizudan bezala, nire ahaleginak alperrikakoak gertatu ziren, baina gertaturikoa kontatu nahi izan dizut, eta baita esan ere zergatik aspaldisko gutun hartan esan nizun itxaropenik banuela.»

Espero que el lector sepa perdonar estas disgresiones. He pretendido únicamente hacerle partícipe de la forma en que se desarrollan estas investigaciones y mostrarle la gran dificultad que presenta la recogida de datos concretos en estas zonas, labor salpicada de satisfacciones y también de pequeñas decepciones.

Hau guztia dela eta, gaurkoan XX. mendeko datuak dira, inoiz baino gehiago, interesgarrienak: euskara haranean iheska zihoan egunetako albisteak, alegia. Orain artekoak aurkeztu eta haiek pittin bat sikiera osatzea da beraz sarrera honen asmo nagusia. Baina aurretik, laburzurrean bada ere, Arriasgoitin luzaroan euskara berezko, nagusi eta (ia) bakar izateak eragin zituen oihartzun zaharrago batzuk aipatuko ditut.

Zalba

Zalbako eliza (iturria: www.lebrelblanco.com)

Zalban (1567), Adame de Çazpe, Miguel de Yrigoyen, Pedro Loyçu, Juanes zein Sancho Çalba, Martin Ezquer eta Martin alias Beamont izeneko bati erdal idazki baten edukia azaltzeko, euskara erabili behar izan zuten.

4_blog2

Galdurotz, gaur egun (argazkia: cercadepamplona.blogspot.com.es)

Hamazortzi urte beranduago, 1585eko Erramu Igandean, elizako kanpaia jo eta eliztar gehienak harengana bildurik, hizkuntza hura bera baliatu zuen Galdurozko abade Beltran Eletak jakinarazpen batek zekarren agindua uler zezaten. Beste horrenbeste egin zuten Zalban bertan 1657an, en lengoa bascongada, edota Urritzelkin, en el ydeoma bascongado (1772). Idazkari eta notarioenak ez ezik, gotzainen mezuak ere euskara bidez baino ezin ziren herritar gehien-gehienengana iritsi. Izan ere, XVIII. mende hondar hartan, ez du ematen elebakartasuna salbuespena zenik, edota emakumezkoen ezaugarri huts: 1797an en su idioma vascongado ulertarazi zion notarioak idazki baten nondik norakoa Zalbako Irigoien etxeko jaun Juan Bautista Iribarreni.

Bonaparte

Arriasgoiti eta inguruko ibarrak Bonaparteren mapan (1863); euskararen ahultasun eremuaren mugakide

Arrasto hauen guztien arabera, arriasgoitiarren XIX. mendera bitarteko bizimoldea irudikatuko badugu, ezinbesteko dugu bizimolde hura gorpuztu zuen euskara. Ibarreko mintzoaren mende askotako sustrai sakonak, ordea, ziztu bizian hasi ziren usteltzen XIX. gizaldi horren bigarren erdian zehar. Bonaparteren mapak euskara nagusi zeneko eremuaren barrenean utzi zuen Arriasgoiti osoa, baina Lizoainibar bitan banatzen zuen eremu-mugatik ez oso urruti: euskara oraindik indarrean, baina gaztelaniaren oldarrak ordurako mehatxatzen hasia. Honako honetan Brocaren mapa ez da, seguru asko, Bonaparterena bezain fidagarria (Eguesibar mugakidea zeharo erdalduntzat jo zuen, esaterako, eta ez zuen horretan asmatu) baina Arriasgoiti osoan gaztelania ezaguna zela adierazi zuen eta ez du ematen horri dagokionez gezur handiegia bota zuenik.

Euskararen jarraipena alderik alde hasi zen pitzatzen 1900 aurreko urteetan. 1980ko hamarkadaren hasieran, Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoa prestatzeko lanaren karietara Koldo Artola eta Josu Tellabide Arriasgoitiko balizko euskaldunen arrastoari segika ibili zirenean, 1870 eta 1885 bitartean ZaldaitzZalba, Ilotz eta Zuntzarrenen sorturiko zenbait lagunen berri jakin zuten. Albiste haiek jaso zituztenerako, zoritxarrez, beranduegi zen haiekin hitz egin ahal izateko.

ACER

Zaldaitz, euskaldun 1904ko Guía-ren arabera.

XX. mendeko albiste ezagunak

Egunetik egunera gero eta makaltzenago sartu zen beraz Arriasgoitiko euskara XX. mendean. Nahiz eta 1904ko Guía estadísticak  Galdurotz, Aginaga eta Zaldaitzen euskaraz aritu ohi zirela jaso (eta hala izango zen gainerako herrietan ere, apaiz batzuen eta besteen arteko irizpide desberdintasunak gorabehera) ez zen ordurako hizkuntzaren jarraipena ziurtatuko zuen belaunaldi euskaldunik hazten ari. Etenda zegoen katea. Lizoainibarren ez bezala, izango zen oraindik gazte euskaldun zenbait eta ez litzateke harritzekoa Julio Altadillek 1910eko hamarkadan ezarritako aldea egiazkoa izatea: Toledon jaiotako historialariak, Arriasgoitiz ari zela, se habla el vascuence, pero es conocido también el castellano idatzi zuen, euskarari, luzerako ez bazen ere, halako nagusitasuna aitortuko balio bezala. Ez zen horrelakorik Lizoainibarren: se habla vascuence y castellano besterik ez zuen adierazi.

Urrizelki2

Urritzelkiko etxea (iturria: www.lebrelblanco.com)

Bi hamarkada beranduago (1935), galera egoera bortitza agertu zuen Aingeru Irigarairen bilaketa-ahaleginak. Sendagile beratarrak jasotakoaren arabera Urritzelkin besterik ez zuen euskarak bizitasun arrastoren bat. Han ere, dena den, ez zegoen 30 urtez beherako euskaldunik; 30 urtekoek ere jakin bazekiten euskaraz, baina ez zuten erabiltzen. Handik at, ordea, desagerpenaren aurreko urratsean zen Arriasgoitiko mintzoa: Biorretan adinekoek baino ez zekiten euskaraz, eta haiek ere ezertarako ibili gabe; Galdurotzen euskal hiztun bakarra zegoela jakinarazi zioten, eta Zuntzarrenen bakar bat ere ez. Gainerako herriak aipatu ere ez zituen egin.

Zuntzarren2

Zuntzarren. Eliza.

Horren ahula izango al zen ordurako euskararen itzala Arriasgoitiko herrietan? Irigairen berriemaileek aitortu baino gehixeago ere izango zela pentsa daiteke, egungo arriasgoitiar adineko batzuei entzundakoak egia izatera. 1940 inguruan, Gaztelatik etorritako Zuntzarrengo maisuak jo egiten zuen euskarazko hitzik entzunez gero. Orduan hamar urte zituen Francisco Goñi galduroztarrak ez du oraino ahaztu euskaraz mintzatzea debekatutako zerbait zela sentiarazi zion jokabide hura. Ez du horrek esan nahi 1940ko haur zuntzarrendarrak euskaldunak zirenik, jakina, baina bai eskolara zihoazenek euskara nola edo hala entzun egiten zutela haien inguruan…eta eskolak lagundu zuela, hainbeste aldiz gertatu bezala, euskararen katearen amaieran zeuden haur haiek hizkuntza zaharretik are gehiago eta betiko urruntzen.

Zehatzak izan ala ez, Irigarairenak izan ziren Arriasgoitiko euskaldunei buruz jasotako azken albiste zuzenak. Hortik aurrerako iluntasun urteetan galdu ziren hondar hiztunen xehetasun gehienak. Lehen esan bezala, Koldo Artola gogotik saiatu zen 1980ko hamarkadan Arriasgoitiko euskararen eta euskaldunen azken kondarrak biltzen. Ez zuen aurkitu, zoritxarrez, euskara horren ganorazko lekukotasuna emango zionik. Hondarrak behatz artean legez ihes egina zirudien Arriasgoitiko hizkerak.

XX. mendeko zenbait albiste berri

Ondoren datorrena, galeraren kronologia zehatz ezin osatuaren isla moduko argazki batzuk baino ez dira. Lauso samarrak, beharbada, baina Arriasgoitiko azken hiztun haien inguruko argitasun ahulen bat gehitzeko balio dezaketenak. Askotan herriak hustu izanak berak zaildu du datu gehiago eskuratzea, azkeneko euskaldunetako batzuek bizitokia utzi eta (sarritan Iruñerrira) alde egin izanak haiek topatzeko bideak moztu egin zituen bezalaxe.

Hemendik aurrera zuzen esandako guztiak Lizoainibar-Arriasgoitiko hainbat laguni zor dizkiot; bai ibarra, bai herrietako jendea bertatik bertara ezagutzen dituzten Zuntzarrengo Koldo Albirari, Lizoainibar-Arriasgoitiko alkate Amaia Ekisoain beortegiarrari eta Galdurozko Eduardo Goñiri, ororen buru. 2013 eta 2014an zehar haiek emandako laguntzaren eta egindako bilaketa-lanaren emaitza dira hona ekarritako jakingarriak. Mila esker haiei!

Zuntzarrengo Iribarren etxea

zuntzarren jauregia

Zuntzarrengo jauregia. Argazkia: Simeón Hidalgo

55 biztanle zituen Zuntzarrenek XIX. mendean. 2013an 14 baino ez. Iribarren du izena zutik dirauen etxeetako batek. 1873ko irailaren 13an jaio zen bertan Maximina Orradre Ciaurriz izeneko neskatoa, Jose eta Franciscaren alaba.

Bizirik zegoen euskara Zuntzarrenen Maximina kozkortu zen urteetan, eta jaso zuen azken horietakoa izan zen agian. Hark berak jakinarazi zien ondorengoei zahartzaroan euskara bere egitera heldu zela. Ezin ziurtatu zenbateraino: igarotako denborak eta hizkuntzaren galeraren lausoak eraman dituzte xehetasunak, eta gaur bizi diren senideen artean bada Iribarrengo alabaren balizko ezagutza gutxietsi nahi duenik ere. Baina Maximinaren biloben belaunaldikoen artean ez da falta oraindik amonak gutxi zekielako ustea ukatzeko gauza denik; den-dena ulertzen zuen, ‘berak esanda gainera‘.

1968an hil zen Maximina Orradre zuntzarrendarra, 95 urteak beteta. Ez dago ziurtatzerik bere herriko euskararen azken lekukoa izan zen ala ez. Baina ez da gutxi izan, behintzat, izan zela jakitea; non eta Irigarairi esan ziotenaren arabera 30 urte lehenago euskaldun bakar bat ere ez omen zuen herrian.

Aginagako Jose Lasa, azken labekadako hiztuna

romeria_sanantonio3

Aginagako San Antoniok ekainaren 16an izaten du eromeria (argazkia: www.iglesiasansalvadordeeransus.blogspot.com.es)

Aginagak, behinola herri, gaur eremu etxedun besterik ez, 13 biztanle zituen duela 80 urte. Bonaparteren garaian euskara oraindik nagusi zen bertan baina ziztu bizian amildu zen handik aitzinera hizkuntzaren jarraipena. 1873an jaiotako Jose Manuel Lasa Lizarragak, esaterako, erdaldun iraun du 1930eko hamarkadan sorturiko arriasgoitiar baten oroimenean. Hala izatera, badirudi 1870eko hamarkadarako etenda zegoela euskararen katea. Dena den, jaio zen oraindik haur euskaldunik herrian: Jose Manuel Lasak Anueko Burutain herriko Mauricia Guelbenzu esposatu zuen 1895ean. Guztiz euskalduna zen artean Anue, eta euskalduna, zalantzarik gabe, andregaia; 1899ko urtarrilean mundura ekarritako Jose Lasa Guelbenzu semea euskaradun hazi zen, amari esker seguruenik, eta Arriasgoitiko mintzo hutsaren ordez Anuekoaren nahastea ezpainetan beharbada. Hantxe eten ziren, nolanahi ere, Aginagako euskararen transmisioaren azken oihartzunak. 1978an hildako Joseren seme-alabek ez zuten euskararik ikasi: biloben belaunaldiak heldu dio, eraberriturik, euskararen lekukoari.

Galdurotz eta Zalba: Simonena etxearen inguruko azken euskaldunak

16215aaz-01atorreonenurricelquivalledelizoain

Urritzelkiko txoko bat (ituria: www.lebrelblanco.com)

Galdurotz, antzina Artzibarko uharte Arriasgoitiko lurretan eta XIX. mendearen erdialdean geografiaren aldetik zegokion haranera bildua, hutsik dago gaur. 1960ko hamarkadara arte behintzat izan zuen bizilagunik. Beste hainbatetan bezala, euskararen heriotza eta herriarena berarena elkarren eskutik joan ziren ia; Galdurozko mintzoaren amaierako pizarrak haiekin eraman zituztenek ez zuten azken hatsa sorterrian botatzeko aukerarik izan. Haien ondorengorik bada gaur, arbasoen ondare hura erabat gal ez dadin ahaleginetan ari denik.

Galdurozko Simonena edo Simorena etxera ezkondu zen XIX. mendea amaitzear zela Jose Goñi Lusarreta. Ez zen herrikoa, Artzibarko Espozkoa baizik. Ederki zekien euskaraz Josek; Espotz, artean, Galdurotz baino puska bat euskaldunagoa zen antza denez. Galdurotzen Espoztar ezizena eman zioten Joseri, euskarazko ezizena herri erdaldunagoan, jatorriarekin batera euskalduntasuna ere agerian jarri nahirik, nonbait.

zalba guruzbidea

Zalbako gurutze-bidea XVI. mendekoa da (www.lebrelblanco.com)

Andregaia, Simonenako Juana Goñi Murillo, galduroztarra zen; euskalduna hura ere, gaurko senideek gogoan dutenez. Espozko eta Galdurozko senar-emazteek elkarri euskaraz egiten ziotela Arriasgoitiko bi iturri desberdinek berretsi didate. Are gehiago: senar artzibartarrak ez omen zuen sekula gaztelania guztiz biribil ematen jakin. Horren adierazgarri da gerra zibil inguruko urteetan Iruñean bizi izan zuen gorabehera: hiriburura traturen bat egitera joan, han euskaraz ari zelarik norbaitek entzun, atxilotuta eraman eta gaua kartzelan pasarazi ondoren isuna ordaintzera behartu zuten nonbait Jose Goñi. Senarrari gertatutakoaren berri jakin zuenean hara zer agindu omen zion emazteak bere buruari: ez zela sekula gehiago Iruñera itzuliko. 1953an hil zen Juana Goñi Murillo galduroztar euskalduna; gaztelania trakets samar zerabilen Espozko senarra baino bederatzi urte beranduago. Huraxe da Galdurotzen ziurtasunez dokumentatu ahal izan den azken euskal hiztuna. Besterik gelditu bazen ez zen luzarorako izango; ez behintzat han bertan, herria bera laster hustu baitzen.

Jose eta Juanaren hiru semeak ez ziren galduroztar sortu: Victoriano eta José Léon aitaren jaioterrian munduratu ziren; Aniceto, aldiz, Esteribarko Zai herrixkan. Iritsiko al ziren euskara berenganatzera 1900. urtearen ingurumarian jaiotako mutiko haiek? Jaio zirenerako hondatua zen Arriasgoitiko euskararen transmisioa, eta transmisioarekin, etorkizuna; baina nekez izan zitekeen euskara zeharo arrotz eta urruna Jose eta Juanaren mutikoentzat.

Victorianoren seme Francisco Goñik (1930-) dioenez, aitak euskaraz dena ulerten zuen, baina hizketan ez omen zen oso trebe; entendía todo, y hablar también alguna cosa (…) lo que pasa es que hablar, hacía poco (ikus hemen, 7’30″etik aurrera). Semeari iruditu bezain mugatua izango al zen —gaztetan batik bat— aitaren mintzoa? Egon liteke irudipen hori neurri batean behintzat auzitan jartzeko arrazoirik.

Vistas-desde-la-Pea---Zunzarren_thum

Arriasgoitiko ikuspegia (argazkia: Julio Asunción)

Batetik, Jose Goñi Iruñean euskaraz mintzatzeagatik zigortu zutenean (1935-40 inguruan, ustez) Victorianorekin batera omen zegoen. Norekin ari ote zen aita euskaraz une hartan? Ez al zen, bada, semearekin berarekin izango? Zein hizkuntza erabiliko zuten Victorianok eta bere anaiek, bestalde, gaztelania trauskila baino ez bide zuen aitarekin hitz egiteko? Euskararik batere ez? Eduardo Goñi bilobak gogoan duenez, 1970eko hamarkadan bertan ai, urdea… bota ohi zuen aitonak musean inor tranpa egiten ikustean. Ez da ezeren froga garbia: baina litekeena da 1984an hildako Victoriano Goñi, Espozko eta Galdurozko euskaldunen semea, muga hiztuna bederen izatea. Alegia, umetan gurasoengandik euskara hartu eta bizitzan zehar gaztelaniaren mesedetan zokoratuz joatea, azken urteetan (oso?) higatua bazen ere nola edo hala sikiera eutsiko ziolarik.

Uste horren aldeko beste argudio bat eman daiteke: Francisco Goñik gogoan du oraindik aita gai zela Jose eta Juana aiton-amonekin euskara baliatzeko, Franciscok berak edota anai-arrebaren batek ez ulertzearren. Hau ez zuen Victorianok bakarrik egiten; baita emazteak ere. Emaztea Fermina Ducay Barreneche zen, Zalban jaioa eta 1989an hildakoa. Pentsa liteke, beraz, duela apenas mende laurden hildako emazteki zalbatarrak ez zuela Espozko senarrak baino euskara gutxiago jakingo eta seguruenera ere Arriasgoitiko mintzoaren gaineko xehetasun batzuk behintzat emateko baleko lekukoa izango zela. Fermina eta Victoriano Burlatan hil ziren, zoritxarrez, jaioterritik urrunxko. Haiek bezala Arriasgoitiko euskararen azken oihartzunak ezpainetan izan zituzten beste hainbat ere Iruñerrian zendu ziratekeen, eta seguru asko horrexegatik ezin izan zituzten Koldo Artola bezalako ikertzaileek garaiz topatu: euskararekin batera herriak ere galduz joan den ibarraren patu tristea.

Paisaje_nevado

Arriasgoiti, elurpean (argazkia: www.lizoain.es)

El precioso valle de Arriasgoiti, integrado desde 1943 en el municipio de Lizoáin y sometido a una fuerte despoblación, es tal vez aquel cuyo euskera se escapó más dolorosamente de entre los dedos de los investigadores que durante la década de los 80 intentaron rescatar del olvido el testimonio de sus últimos hablantes. Los esfuerzos de Koldo Artola, entre otros, por localizar a vecinos capaces de expresarse con soltura en la variedad vasca propia fueron infructuosos; apenas un puñado de informantes a quienes habían transmitido el euskera en algún valle limítrofe o que habían olvidado lo poco que aprendieron en el suyo fueron el magro balance de las laboriosas pesquisas realizadas. Por ello no dejan de tener interés las cada vez más escasas noticias que pueden recabarse hoy día, a través de habitantes del valle de edad avanzada, en torno a aquellos últimos depositarios del euskera de Arriasgoiti que vivieron durante la segunda mitad del siglo pasado. En esta entrada, gracias a la inestimable ayuda de Koldo Albira, Amaia Ekisoain y Eduardo Goñi entre otros, he recogido algunos nombres, y sus correspondientes historias, testimonio de un habla tristemente perdida pero que hasta ayer mismo dio cobijo a los pensamientos de tantas y tantas generaciones de hombres y mujeres en Urricelqui, Zunzarren, Aguinaga o Zalba.


Euskararen egoera Nafarroan 1878an: Joaquín Ochoa de Olzaren lekukotasuna

Behin baino gehiagotan izan du blog honek aipagai Nafarroako eskualde elebidunaren 1870 inguruko hego-muga. Euskara egunetik egunera iparralderantz iheska zihoan tenore hartarako ezinbesteko erreferentzia ditugu Bonapartek eta Brocak egin bilaketak; balio handiko lekukotasunak dira eta beti bat ez etorri arren egoeraren aski irudi zehatza ematen dute elkarri gehituta.

Ez dira ikertzaile haiek, ordea, urte haietako euskararen eremuaren berri jakiteko iturri bakarrak. Gai honen inguruko azken ekarpen gisa, Bonaparterena eta Brocarena bezain ezaguna ez den beste lekukotasun bat ekarri nahi dut gaur hona: Joaquín Ochoa de Olzarena, hain zuzen.

10431.gen13294001

Joaquín Ochoa de Olza Aguirre (1827-1893)

Nor izan zen Ochoa de Olza?

Joaquín Ochoa de Olza Aguirre, karlista konbentzitu eta karlisten seme, bere abizeneko zendean jaio zen 1827an, Oltza herrian bertan. Aita, José Ramón Ochoa de Olza Lacarra, Karlosen alde aritu zen 1833ko gerratean. Ama, Luisa Aguirre Pérez de Tafalla, Donamarian jaioa zen nahiz eta amaren aldetik Izarbeibarko jatorria ere bazuen.

Politika alorreko hainbat ardura hartu zituen Joaquín semeak (Oltza zendeako alkate, diputatu, eta 1869ko Gorteetan Iruñeko distritoaren ordezkari) eta 1869 hartan bertan karlistek burutu matxinada-ahalegin ustelaren aldeko izana leporatu eta Frantziara alde egin behar izan zuen puska baterako. Azken karlistadan parte hartu zuen —lehendabizikoan aitak bezala Karlosen alde beti ere— eta 1893ko urrian hil zen.

Aurreko guztia alde batera utzita, ordea, badago oltzatarra aintzat hartzerik euskararen inguruko albisteez den bezainbatean ere; horiek direla eta merezi du txoko honetan aipatzea.

Euskararen eremua zehazterakoan berriemaile

1878ko maiatzean Asociación Éuskara de Navarra jaioberriak batzorde bat sortu zuen, Nafarroan euskarak hartzen zuen hedadura behar bezala zehazteko enkargua emanik. Eskariari erantzun ahal izateko, hainbat berriemaile fidagarrirekin harremanetan jartzea deliberatu omen zuten batzordekideek, eta haiei galdetzea ea zein zen Nafarroako eskualde bakoitzean euskara nagusi zuten eta gaztelania baino erabiltzen ez zuten herrien arteko muga; ez beraz hizkuntzaren arnasaren azken portua, Bonapartek (tonu ezberdintasunaz) eta Brocak haien mapetan markatu zuten bizitasun-marraren antzeko zerbait baizik.

Galdu egin dira, egon baziren, asmo horrek eragindako galdeketa gehienak; ez dakigu norekin hitz egin zuten elkartekideek, ez eta zein bailaratako datuak eskuratzera heldu ziren ere; ez da galera makala, zoritxarrez.  Salbuespen bat dago, ordea, badagoelako iluntasunetik salbatu den inkesta bat: Salvador Echaide batzordekideak aipatu Joaquin Ochoa de Olzari bidali ziona. Hiru galdera egin zizkion Echaidek oltzatarrari 1878ko maiatzean, eta hark emandako erantzuna sendiaren artxiboan gorde da gaur arte. Elkartekide eta (seguruenera ere) euskal hiztun izanik, xehe eta zabal erantzun zien Ochoa de Olzak Echaideren galderei, muga-lerro argia aipatzeaz gain hizkuntzaren galera-prozesuari buruzko albisteak ere eman zituelarik. Eremu zabala izan zuen gainera aipagai: Ezkabartetik Deierrira bitarteko erdialde eta sartalde nafarra, hain zuzen.

Hauek izan ziren Echaidek 1878ko gutunean Ochoa de Olzari egin galderak: a) Ea bere bailarako zein herritan aritzen ziren euskara hutsean; b) Zeinetan erabiltzen zituzten bi hizkuntzak, euskara nahiz gaztelania; eta c) Ea zein mugatatik aurrera ez zen gaztelaniaz baino egiten.

Detalle_HDSJ_FDÁngel García-Sanz Marcoteguik aztertu zuen eta argitara eman, Huarte de San Juan aldizkarian (1995), Oltzakoaren erantzuna. Zoritxarrez, artikulua ez dago oraingoz sarean eskuragarri eta gai hau gogoko dutenentzat hagitz interesgarria izanagatik, ez da kontsultatzen errazegia. Egokia iruditu zait, horregatik, 1878ko albiste horiek diren-direnean ekarri eta elkarbanatzea. Hona hemen, beraz, Joaquin Ochoa de Olzak idatzitako eskutitza:

Sr. Dn. Salvador Echaide

Pamplona

Muy  Sr. mío y consocio:

Con el deseo de complacer a la Junta Duperior (sic) Directiva de la Asociación Euskara de Navarra y de prestar este pequeño servicio a nuestro país, paso a dar cumplimiento a la que, en nombre de la referida Asociación, me encargó en su comunicación de 20 del corriente.

Precisamente estos pueblos son los que forman la verdadera frontera del vascuence; porque si bien en otras partes, como en Puente la Reina, se conserva alguna reminiscencia de él, está depositada ya exclusivamente en las personas de edad avanzada; y por consiguiente no se puede en mi concepto citar como país vascongado. Así pues, paso a contestar a las preguntas que se me hacen si bien tendré que invertir el orden de ellas.

1ª Que tirando una línea, cuyo extremo oriental se apoya en Sorauren y corriéndola por los pueblos de Eusa, Orrio, Maquirriain, Elcarte, Oteiza, Balliriain (sic), Larragueta, Iza y toda esta cendea de Olza, Azanza y Munárriz, en el valle de Goñi, Arguiñano, en el valle de Guesálaz, e Ibiricu, en el de Yerri que forma el otro extremo de la línea, o sea el Occidental, se forma la divisoria entre el país esencialmente castellano y aquel en que se conserva con bastante generalidad el vascuence,

En toda esta zona, a la cual se le puede dar unas dos leguas hacia el Norte, si bien lo común es hoy hablar castellano, apenas habrá una persona de 25 años para arriba que no hable o entienda el vascuence, notando que usan de este idioma muy particularmente en sus ratos de expansión, teniendo sin embargo que advertir que, aunque muchísimos jóvenes lo hablan, o lo entienden, por haberlo oído a sus padres, desdeñan el hacerlo por la tonta preocupación en que están de que les rebaja el hablarlo, pues odian la mayor parte de ellos el glorioso calificativo de montañeses con que señalan a los vascongados las demás gentes de Navarra.

2ª Es demás decir a Vd. que en todos pueblos (sic) que se hallan al Norte de la línea trazada predomina el vascuence, desconociéndose casi por completo en la parte opuesta.

Sentiré no llenar con las noticias que doy a esa Junta, el cometido que se me confía; pero estoy pronto a ampliarlas según las indicaciones que se me hagan.

Con este motivo se ofrece a su disposición su atento y S.S.Q.L.M.B.

                Joaquín Ochoa de Olza

Olza, 22 de mayo de 1878.

Datuen fidagarritasunaz

Ez du ematen Oltzakoaren ikuspuntua bazterrean uzteko modukoa denik, beste iturrietatik ditugun datuen arabera: Ezkabarteko Soraureni dagokionez, 1872an jaiotako Antonio Atondo euskaldunaren berri badakigu, eta 1867an sorturiko Fermin Zubillaga ballariaindarra ere euskaldun hazi zela azaldu dut hemen. Horrenbestez, zilegi da uste izatea 1878 hartan hondar gaztetxo euskaldunak ari zirela kozkortzen Ezkabarte gehienean zein Antsoain zendean, eta bat dator hori Ochoa de Olzak eman zuen irudiarekin. Beste horrenbeste Goñerriari buruz ere: Azantzako azken hiztunak izan zirenak 1930eko hamarkadan desagertu bide ziren, oltzatarrak herri hura euskara mintzatuaren mugatzat jo baino sei hamarkada beranduago.

Deierri Ibiriku

Deierriko Ibiriku, seguruenera ere XX. mendera arte euskaldun.

Hori dela eta, zinez dira interesgarriak dira Asociación Éuskarako berriemaileak sartalderagoko eremuaz emandako jakingarriak, eta bereziki Deierriri dagozkionak. Ibiriku ezarri zuen Nafarroako mendebaldeko euskararen bizitasun-eremuaren hondar mugarritzat, eta bertan (eremuaren baitako gainerako lekuetan bezala) 25 urtetik gorakoek euskaraz ongi samar zekitela iradoki, hizkuntzarik erabiliena gaztelania izanagatik. Horrelako xehetasunak emanda, nekez onar daiteke Bonapartek hamar bat urte lehenagoko mapan azaldu zuen egoera, euskararen eremutik at utzi baitzuen printzeak Deierri osoa, Ameskoa eta Lezaunekin batera. Ikertzaile atzerritarraren arabera herri batean euskara adinekoek baizik jakin ez eta erabiltzen ez zutenean herria hizkuntzaren eremutik landa geratu ohi zela jakinda ere, honako honetan zorrotzegi jo zuela iduri luke, albiste eskasiak eraginda agian (ez baitu ematen Lizarraldea bertatik bertara aztertu zuenik). Ez dut uste Deierriko euskararen egoera, 1870-80etan, Orbaibarkoa edo Itzagaondokoa baino okerragoa izango zenik; bai, aldiz, Ochoa de Olza eta Brocaren esanak kontuan hartuta, litekeena dela Ibiriku aldeko euskararen erabateko desagerpena duela mende bat baino gutxiago gertatu izana, eta ez duela 150 urte baino gehiago.

Horrekin batera, interes handikoak dira Ochoa de Olzaren hitzak hizkuntzaren galera-prozesua eta XIX. mende hondarreko gazte askok Nafarroako eremu zabalean euskaragatik bizi izandako konplexuak antzemateko ere. Berriemaile honen hitzetan, nolabait esan, euskara sendo eta sakon jaso bide zuen azken belaunaldiaren tristura antzematen dut nik, haustura bizi izan zuen belaunaldi gazteari begira.

Asociacion euskara de navarraEl texto castellano que transcribo hoy literalmente en el blog es la respuesta que dio a instancias de la Asociación Éuskara de Navarra Joaquín Ochoa de Olza (1827-1893), socio de dicha asociación de convicciones carlistas y destacado participante en la política de su tiempo, cuando en 1878 se le solicitó información acerca de la situación de la lengua vasca en la cendea que le vio nacer y su entorno. Es un testimonio de indudable interés que complementa las noticias prácticamente contemporáneas ofrecidas por Bonaparte y Broca, y que refuerza la idea de que en lo que concierne al norte del Valle de Yerri, excluido del mapa bonapartiano de 1863, el euskera seguía siendo lengua de uso —aunque ya no mayoritaria y en franco retroceso— en las postrimerías del siglo XIX.


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (II)

Brocaparte photo

Luis Luziano Bonaparte (1813-1891) eta Paul-Pierre Broca (1824-1880).

Joan den urtean, #KulturaZientifikoa Jaialdiaren 1. edizioaren karietara, Luis Luziano Bonaparte eta Paul-Pierre Broca ikertzaileak izan nituen hizpide, eta garai bertsuan batak zein besteak Nafarroako euskararen hedadura zela eta eginiko azterketa-saioak aipagai, biek eskainitako irudien batura osatze aldera. Sortaldetik sartalderako ibilbidea Iruñerrian eten nuen ordu hartan, galdera bat erantzunik gabe utzita: guztiz galdua ote zen Iruñeko mintzoa 1870eko hamarkadarako?

Iruñeko euskararen jarraipenaz

Bi ikertzaileek utzi zuten Iruñea euskararen eremutik landa; Broca izan zen ezkorrena, iaz adierazi bezala, eta hiriburua ez ezik Iruñerri ekialde eta hegoalde osoa ere jo zituen zeharo erdalduntzat. Hauexek izan ziren girondarraren azalpenak:

Nafarroako hiriburuaren inguruan euskarak egiten duen bihurguneak ideia bat sorraraz dezake berehala: alegia, hizkuntza ofizialera aldatu ondoren, gune garrantzitsu honek aldirietan pixkana-pixkana gaztelania hedatzearen aldeko eragina bideratu duela (Sur l’origine et la répartition de la langue basque, 42. or.).

L. L. Bonapartek 1862ko eskutitz batean aipatu zion Etxenikeri Iruñeko hizkuntza-egoeraz zuen ustea, Arabako zenbait herritan sumatutakoarekin parekatuz:

Guztiz erdalduntzat ditut [Arabako Luko, Ullibarri, Landa, Zuhatzu, Langara Ganboa eta Luiaondo], han denek gaztelaniaz egiten dutela esaten didazunez. Jende askok euskaraz jakiteak ez du nire iritzia aldatuko. Izan ere, banago euskaraz dakiten horiek ez dutela hizkuntza elkarren artean erabiltzen, eta baserrietatik edo beste herri euskaldunetatik joandakoekin baizik ez dutela euskaraz egiten. Arrazoi beragatik ez ditut euskalduntzat Bilbo, Iruñea eta Gasteiz, nahiz eta izan haietan hainbat euskaldun. Izan, badiren arren —berriro esango dut—, hizkuntza elkarren artean ez eta landa eremuetako biztanleekin bakarrik erabiltzen duten heinean, ez da egokia hiri euskaldunak direla esatea, ezta gutxiengo euskaldunekoak ere (1862-6-27an Bonapartek Etxenikeri idatzi eskutitza).

Iruñerria

Bonaparteren iritziz Iruñea ezin zen benetako hiri euskalduntzat jo. Hiriburuari ukatutako berdeaz markatu zituen, ordea, aldirietako herri guztiak; zalantza franko gaindituta baina.

1862an aldarrikatutako Iruñearen euskalduntasunik eza berretsi egin zuen printzeak urte eta erdi beranduago: dans toutes ces recherches il ne s’agit que de ceux qui appartiennent à la localité même de père en fils. Sans cela Pampelune présenterait aussi des Basques; mais nous ne les comptons pas puisque ils ne sont pas de Pampelune (1864-1-9). Laburbilduz, bazen euskaldunik Iruñean, baina ez Bonapartek hiria bera euskalduntzat jotzeko gisakoak: ez, alegia, iruindarrak, euskara gurasoengandik jasotakoak eta beste iruindar euskaldun batzuekin euskaraz aritzen zirenak.

Askoz ere fidagarriagoa ematen du Bonapartek eskaini zuen Iruñerriaren irudiak Brocarenak baino, XX. mendekoak direlako (eta ez XIX.ekoak) Iruñe ekialde eta hegoaldeko euskararen iraupenaz mintzo zaizkigun azken albisteak. Baina asmatu ote zuen Bonapartek hiriburuaren egoerari zegokionez?

XIX amaiera Iruñean

Iruñea XIX. mendearen hondarrean: Gaztelu plaza (ezk.) eta Foruen omenezko monumentua ezarri zuteneko lanak.

Leandro Olivier Insausti

Leandro Olivier Insausti (1862-1947)

Zaila da jakitea; gaztelania nagusituta, eta euskara egunetik egunera geroago eta zokoratzenago, ezin artxiboei eskatu XVII. mendekoa bezalako albiste parrastarik; eta hiriaren tamainak eta aniztasunak (hainbat bailaratako lagunen elkargune zelarik) guztiz konplikatzen dute analisia. 1860ko hamarkadako Iruñea hazten ari zen (23.000 biztanle zituen) baina oraindik harresi barreneko eremura mugaturik bizi zen. Azokagune bat baino gehiago zuen, ingurutik salerostera hurbildutako landako kanpotarren bilgune; eta tratuan aritzera jaitsitako lagun haietako asko euskaldun zirauten Oltza, Ezkabarte, Esteribar, Olaibar eta abarreko seme-alabak izango zirenez, ez da dudan jartzekoa Iruñean alde bateko eta besteko euskara entzun, entzungo zela. Are gehiago Iruñeko biztanle berri asko eremu euskaldunagoetatik hiriratutako jendea izanik: Fernando Mendiolak kalkulatu du (2002) hiriburuan 1860an bizi ziren etorkinen %35 inguru lurralde arront euskaldunetik zetorrela, eta hamarretik beste bi euskarari ahulago eusten zioten bailaretatik. Horrenbestez, 1870eko hamarkadan Iruñean euskara entzuten zela, ezaguna bezain agerikoa da. Sarritan aipatu da Iruñeko Artxiboko arduradun Leandro Olivier ormaiztegiarrak eman zuen lekukotasuna: 12 urterekin hiriburuan bizitzen hasi zenean, etengabe entzuten omen zuen euskara Navarrería, Carmen eta Santo Domingo karriketan, eta denda guztietan euskaldun bat behintzat behar izaten zen lanerako.

Iruñea Sto Domingo3

Iruñeko Santo Domingo karrikako komentua 1905ean.

Besterik da ordea erabakitzea aspaldi luzean erdalduntzen hasi eta erdararen inguruan antolatzen ari zen hiri hartan betidaniko familia iruindar euskaldunen transmisio-katea erabat etenda egongo zen ala ez. Seguru asko ezinezkoa da honezkero puntu horren gaineko argitasunik lortzea. Jimeno Juríoren ustez XIX. mende erdialdera arte izan zituzkeen Iruñeak bertako hiritar multzo euskaldunak. Gogora dezagun gaztetxo erdaldun hutsa zela 1870ean gerora euskalzale handi bihurtutako Arturo Kanpion bera, jaioterriak berezko hizkuntzari zeharo uko egin ziola esatera heldu zena.

Urte haietako beste albiste batzuek ez dute argi handirik ematen:

Los Vascongados

Rodríguez-Ferrerrek idatzi liburuaren azala.

1873ko Los Vascongados lanean, honako hau idatzi zuen Miguel Rodríguez-Ferrer andaluziarrak Bonaparteren sailkapenaz ari zela: deja fuera [printzeak, euskararen eremutik] las poblaciones de Alava, Vitoria, Nanclares y Miranda, donde ya no se habla vascuence alguno, para volverse a escuchar entre Alsasua y Pamplona; aunque en esta última capital, como en la de Álava ya nombrada, y Bilbao, no se advierta sino muy mixturado y sólo en sus últimas capas sociales. Igual sucede con los habitantes de Lumbier y Monreal en Navarra (69. or.). Nire ustez datuak ez du Iruñeko mintzoaren jarraipena frogatzeko balio. Irunberrin, esaterako, aspaldixko galdua zen noski euskara, eta hango karriketan entzuten bazen, inguruko zaraitzuar, itzagaondoar eta bestelakoen joan-etorrien seinale izango zen, Irunberri bertako hizkerak bizirik segitzearena baino gehiago. Ez nuke Rodríguez-Ferrerren aipua Iruñeko aldaeraren iraupenaren argudiotzat hartuko.

Ezta Mañé y Flaquer idazle kataluniarraren El Oasis liburuko lekukotasuna ere (1878). Iruñean izan zenean ostatuko neskameari euskaraz hitz egiten al zuen galdetu zion Tarragonakoak:

…erantzun zidan aiton-amonek ohikoa zutela; gurasoek ulertu bai baina ezinbestean baizik ez zutela erabiltzen; eta berak ez zekiela, eta ulertu ere, ez zuela ulertzen (397. or.).

Baina adibideak, berriro ere, ez du Iruñerako balio. Neskak idazleari jakinarazi zionez, hiriburutik hiru legoatara zegoen herri batean sortua zen. Ez zigun esan zeinetan, baina adierazi zuen hizkuntza-egoeraren arabera lasai asko izan zitekeen Itzarbeibar ekialdekoa, Tiebaskoa, Untzitibarkoa edota itzagaondoarra, adibidez. Lekukotasunak Iruñeko euskaldunen jatorri anitza eta hizkuntzaren gibelatzea bai, baina ezin digu argitu hirian aspaldian errotutako sendiak bertako aldaerari eusten ari ote zitzaizkion ala ez.

Orbaibar eta Izarbeibar: ikuspegi kontrajarriak

Iratxeta

Orbaibarko Iratxeta, doi-doia euskaldun 1860an Bonaparteren arabera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com).

Iruñerria aztertzean bezalatsu, ezin desberdinago jokatu zuten Iruñe hegoaldeko bi eskualde horiei zegokienez aztergai ditudan ikertzaileek. Brocak guztiz erdalduntzat jo zituen bi eremuak —eta nekez esan zezakeen besterik, hiriburu inguru gehiena euskararen eremutik at utzi ostean—. Eguesibar, Aranguren, Elortzibar edota Galar legez, erdara hutsean bizi omen ziren Gares, Untzue edota Oloritz, besteak beste, Brocak jasotako txostenen arabera. Izarbeibar zela eta, Garesen apenas hirurogei urte lehenago familia batzuk euskaraz mintzo zirela idatzi zuen antropologo frantziarrak; besterik ez. Orbaibar aipatu ere ez zuen egin, nahiz eta dezente hegoalderago dagoen Erriberrin XIX. mendearen hasieran haur euskaldunak ba omen zirela adierazi (oso kontu handiz erabiltzekoa dirudien datua, bestalde). Bonapartek, aldiz, Izarbeibar osoa sartu zuen euskararen lurraldean, eta baita Orbaibar zati bat ere: iparraldeko herri gehienak (Leotz eta Uzkita ez beste guztiak) eta erdialdeko bi (Barasoain eta Garinoain). Kolore argiz tindatuta, dena den, hizkuntzaren ahultasuna agerian jarriz.

Orbaibar Brocaparte

Orbaibar ingurua Bonapartek maparatu bezala (ezk.). Brocak (esk.) zuritan utzi zuen eskualde osoa.

Nork jokatu zuen zorrotzen? Brocak irudikatu bezala Izarbeibarko euskara ordurako galdua izatea ez da sinesgarria; geroztikako iturri ugari mintzatu dira baieztapen horren aurka. Hona hemen batzuk: Kanpionek Garesen adinekoak oraindik solasten zirela idatzi zuen 1884an; 1910ean Altadillek ez zuen guztiz iraungitzat jo euskara Garesen bertan (bai aldiz Tirapun edo Ukarren); 1920ko hamarkadan Izarbeibarko Utergan bizi zen Celedonio Azkarate euskal hiztuna, Fernando Perez de Labordaren arabera, eta ikertzaile honek berak ezagutarazi ditu XX. mendeko beste izarbeibartar euskaldun batzuk… Argudio gehiegi, itxuraz, Brocarekin bat egiteko. Sendagile frantziarraren mapak Iruñerrian irudikatzen duen erdararen sargune sakona euskararen ahultasun handiko eremu bat markatzen ari zela iduri luke, baina ez hizkuntzaren desagerpena: Gares aldeko euskara ez zen 1950 baino askoz lehenago zeharo iraungi.

aiesa

Alferrik saiatu zen Bonaparte Ezporogi aldean euskaldunak topatzen. Behar bezainbeste ordaintzeko prest zegoen, bilaketan lagunduko zion norbait bidaltzearren. Irudian, Aiesa (iturria: www.bajamontana.com).

Sortalderago, 1862tik 1864ra bitartean Bonapartek Orbaibar eta Ezporogiko egoera argitzeko eginiko galdeketa guztiak kontuan hartuta, mapan finkatu zuen azken irudiak oinarri sendoak zituela pentsa daiteke. Behin eta berriz estutu zuen printzeak Etxenike Ezporogi eta Aiesa aldean euskara erabiltzen zuen kristaurik topa zezan, halakoak izan bazirela entzuna baitzuen urte batzuk lehenago. Alferrik, ordea. Azkenean etsi eta Bizkaia esaten dioten eskualdea kolorerik gabe utzi zuen mapan. Orbaibar ere behin baino gehiagotan aipatu zion lankide urdazubiarrari eta azkenean, Ezporogi galdutzat eman arren, Orbaibarko dozena bat herri bildu zituen mapara (Bariainek, Untzuek, Orisoainek eta Iratxetak osatu erronbo itxurako eremuan), euskara oraindik erabiltzen ari zirenen eta baliatzeari utzi ziotenen arteko muga zehaztuz. Nire ustez, Izarbeibarrez eta Iruñerriaz dakiguna jakinda, zentzuzkoa da hemen ere Bonaparteren ikuspegia onestea eta Broca baino fidagarriagoa dela uste izatea.

Euskara Lizarrerrian, noraino?

Bi datu ziur har daitezke azken zati honen abiapuntu gisa: batetik, XIX. menderako oso higatua zegoela euskara Lizarrako merinaldean; eta bestetik XX. mendera arte ez zela guztiz itzali, Goñerrin bertan, adibidez, 1930eko hamarkadan zendutako hiztunak ezagutzen direlako.

Hortik aurrera, alde ederra dago Lizarraldeari dagokionez Bonaparte eta Brocaren artean; merezi du aztertzea. Horretarako lau erreferentzia hartuko ditut: Mañeruibar, Gesalatz, Deierri eta Ameskoa ibar biak.

Sorakoitz

Girgillaoko Sorakoitzen ez da egun inor bizi (Argazkia: Gonzalo Parreño)

Mañeruibarren (ondo-ondoko Gares inguruan ez bezala) euskara-arrastoak antzeman zituen Brocak, baina Bonapartek adierazitakoak baino ahulagoak. Girondarrak Etxarren eta Argiñaritz bakarrik jo zituen elebiduntzat. Bonapartek Girgillao eta Artazu ere bai; eta Girgillaoko bi baserri —Orendain eta Sorakoitz, 60 bat biztanle guztira— kolore ilunez aurkeztu zituen, inguruan ez bezala han bizilagun gehienak euskaldunak zirela adierazi nahirik. Gauza batean bederen bat etorri ziren bi ikertzaileak: Mañeru nahiz Zirauki erdaldunak ziratekeen ordurako. Hala ote? Herriotatik hurbil euskarak XX. mendera arte iraun zuela jakinda —eta ondoko Sorakoitzen indarrez gainera— ez litzateke erokeria 1860an Mañerun edota Ziraukin euskararen oihartzun apalen bat behintzat gera zitekeela pentsatzea. Idatzi izan da Mañeruko gudaldira bidalitako inguru hartako gazte batzuek (1873) ez zituztela Brea koronel karlistaren erdarazko sostengu-hitzak oso ongi ulertu eta Garesko apaizaren itzulpena behar izan zutela; oso zalantzazkoa da XIX. mendearen hondarreko gazte euskaldun haiek mañeruarrak izatea; baina Artazun 1930eko hamarkadan hildako hiztun baten berri jakin delarik, horren hurbil dagoen Mañeru 70 urte lehenago guztiz erdaldun imajinatzea ez da hain gauza erraza.

Argiñano-Iruxo

Gesalazko Argiñano —ezkerretara— eta Iruxo, elkarren ondoko baina Bonaparteren arabera hizkuntza aldetik urrun.

Ipar-sartalderantz goazela, Mañeruibarrek Gesalatz du mugakide. Deigarria da Bonapartek ibar hartaz emandako irudia: herrien erdia baino gehixeago bildu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren baitara —iparraldekoak eta hego-ekialdekoak— baina  beste inon ez bezalako hizkuntza-eten bortitza irudikatu zuen haranaren barrenean: Iturgoien, Argiñano eta Biguria herriak gehiengo euskalduneko eremuan ezarri, eta ondo-ondoko Iruxo eta Muez guztiz erdalduntzat jo zituen. Argiñanotik Iruxora kilometro eskas dago, eta ez dut ezagutzen horrelako etena esplika dezakeen arrazoi historikorik, ez baita falta XVIII. mendean zehar Gesalatz osoan zehar, Iturgoiendik Irurreraino, euskararen indarrari buruzko albisterik.

Paul Brocaren irudia homogeneotasun handiagokoa da oraingoan: ibar osoa hartu zuen elebiduntzat, hego-muturreko Irurre eta Garisoain izan ezik. Lerate eta Muez izan ziren Brocak mapan euskaldun gisa markatutako herriak:  Bonapartek erdalduntzat jotako bi, hain zuzen ere.

Riezu

1799an Errezuko parrokiaren ardura hartu nahi izan zuten erdaldunak baztertu egin zituzten (argazkia: Julio Asunción).

Gesalazko Iruxo eta Muezen alboan dago Errezu, Deierriko ipar-ekialdeko lehen herria; ibar zabal askoa da hura, Lizarra ondo-ondoraino hedatzen dena. Hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga Gesalatzen ezarririk, esan gabe doa Bonapartek ez ziola Deierriri inolako euskalduntasunik aitortu: aipatu ere ez zuen egin Etxenikeri idatzitako eskutitzetan. Errezu bera, ordea, oso euskalduna zen 70 urte lehenago: 1797an zazpi hautagai aurkeztu ziren herriko bikario izateko eta hiru aldez aurretik baztertu zituzten por ser tan solo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence. Bonaparte zuzen bazegoen, oldar gaitzak eraman zukeen Deierri iparraldeko euskara hamarkada gutxiren buruan. Errezu bera, bestalde, euskaldun zirauen Argiñanotik bizpahiru kilometrora baino ez dago. Azaldu al dezakete erliebeak edo giza-harremanen bilakaerak bi herrion arteko horrenbesteko hizkuntza-alderik?

El Oasis 1878b

El Oasis (Mañé y Flaquer, 1878).

Beharbada egoera ez zen Bonaparteren mapak erakutsitakoa. Brocak erdalduntzat jo zituen Deierri erdialde eta hegoaldea (Zabal, Eraul, Allotz) baina haran zati handixkoa utzi zuen Nafarroako lurralde elebidunaren barrenean, hiru herritako datuak baliatuz: Ugar, Aritzala eta Ibiriku. Egia izan arren hainbat eskualdetan zorrotzagoa dirudiela Bonaparteren mapak Brocarenak baino, honako honetan gainerako lekukoak Brocaren ikuspegiaren alde ari zaizkigu: Lizarrako biztanle batek XX. mendean jakinarazi zuenez, euskaraz aritzen ziren solasean 1858an Abartzuza eta Eraulgo ikazkinak. Mañé y Flaquerrek, bestalde, aipatu El Oasis liburuan, Deierri aldean euskara pittin bat bazela iradoki zuen Iruñeko neskamea ahotan hartu zuen orrialde berean: si los navarros descienden de los vascones, como yo creo, y si han salido del valle de Yerri, como supone el Sr. Yanguas, allí deberíamos encontrar el tipo del vascón y la lengua en toda su pureza; no obstante, el vascuence se habla muy poco en dicha comarca.

Ibiriku

Lizarrerriko Ibiriku herria. Eguesibarren bada izen bereko beste bat. Argazkia: www.revistacallemayor.es

Eta ez hori bakarrik: Jimeno Juríok azaldu zuenez, Deierriko Ibiriku bera euskalduntzat jo zuen beste iturri batek 1878an: Oltzako berriemaile baten arabera, Iruñetik ezker euskarari ongi samar (‘con bastante generalidad‘) eusten zioten herrien mugan omen zegoen. Azken datu hau oso interesgarria iruditzen zait: 1878ko muga hartan izendatutako gainerako herri / ibar guztiak (Sorauren, Eutsa, Orrio, Makirriain, Ballariain, Larrageta, Elkarte, Oteitza, Itza, Oltza, Azantza, Munarritz eta Argiñano) euskarari sendo eusten zion eremuaren barrenean, ertz-ertzean, irudikatu zituen Bonapartek. Denak, Ibiriku bera izan ezik, hura zeharo erdalduntzat jota. Hala izango zen benetan? Edo printzeak Deierri sakon aztertu ez izanaren ondorio ote da Ibiriku eremu euskaldunean ez agertze hori? 1878ko lerroko gainerako herrietan euskarak XX. mendeak aurrera egin arte iraun zuen; badakigu Azantzan 1930eko hamarkadan iraungi zela guztiz; Soraurenen 1945era arte bederen iraun zuela; Ballariainen ere, 1942ra arte behintzat bai. Ibiriku aldeko herriek ahaztua izango zuten euskara 1865erako, edo atzeratu beharreko data da hori? Ikertzea merezi duen gaia dela uste dut.

Eulate

Ameskoako Eulate Nafarroako lurralde elebidunaren muga-mugan ezarri zuen Paul-Pierre Brocak 1875ean (argazkia: www.eulate.es).

Izan ere, ez du ematen Bonapartek Lizarra iparraldeko eremua bisitatzerik izan zuenik. 1857an Burunda zeharkatzean hurbiltzekotan egon zen, baina ez zuen astirik izan. Horrenbestez, Goñerritik ezker jasotako datu guztiak bestek emanak izan ziren, ez ikertzaileak bertatik bertara frogatuak. Antza denez Etxenike izan zuen iturri nagusi eta Bonaparte haren iritziari lotu zitzaion beste informazioen gainetik. Horixe bera antzeman daiteke Ameskoa ibarrei dagokienez. Ziordian printzeari esan ziotenez, Lizarrerrian euskara zerabilten hiztun apurrak Eulaten eta Ameskoabarreneko herrietan zeuden, eta albiste horiek ziurtatzen saiatzeko eskatu zion printzeak Etxenikeri 1863an:

C’est à Ciordia même, où le basque est très en usage, que l’on m’a assuré que dans tout le partido de Estella il n’y a que les localités suivantes de Amescoa Baja où quelques personnes seulement continuent à parler le basque: Eulate, S. Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano, Urra, Barindano, Artaza (1863-4-9an Etxenikeri idatzi eskutitza).

Urdazubikoaren txostenek iritziz aldarazi zuten ikertzailea, eta 1864ko abenduko gutunean baztertu egin zuen betiko Ameskoa ibarretako herriak mapan berdez tindatzea. Jakin bazekien, nonbait, euskaldun batzuk gelditzen zirela haietan; baina euskararik erabiltzen ez zutela jaso zuenez, bere maparen zorroztasunaren izenean erdalduntzat jo zuen eskualdea (Je tiens infiniment à la perfection de ma carte linguistique de l’Euscalerria, idatzi zuen aipatu berri dudan eskutitzaren pasarte hartan bertan).

Brocak, oraingoan ere, eskuzabalago jokatu eta eremu elebidunean sartu zuen Ameskoabarren osoa; baita Eulate ere. Larraona, aldiz, kanpoan markatu zuen. Ez zuen bien arteko Aranaratxe mapan ezarri.

Lizarrerria Brocaparte2

Bonaparte eta Brocaren arteko jauzia Lizarrerrian. Berdez, printzeak adierazitako euskararen eremua. Gorriz azpimarratuta, Brocak bere maparen zonalde elebidunean aipatutako herriak (berdez inguratuta dago Deierriko Ibiriku);urdinez, erdalduntzat jo zituenak.

Laburpen gisa

Ekarpen ederra egin zioten Bonapartek eta Brocak euskararen geografia historikoaren ezagutzari; zinez, urrearen balioa dute bien lanek. Horrexegatik, eta sona handiko ikertzaile atzerritarrak izanik euskarazale bihurtu eta hizkuntza haien ikerketaren jomuga bihurtzeagatik esker ona merezi dute betiko. Bonaparte izan zen euskara aztertzen luzeago aritu zena eta itzal handikoa da aspaldi gurean, baina Broca sendagilearen jarduna, apalagoa izan arren, ez da nire ustez merezi bezainbeste azpimarratu.

Euskararen mugak aztertzean atera zituzten ondorioak ez ziren berberak izan, eta horrenbestez ez batak ez besteak ez zuten seguru asko guztiz asmatu. Baina datu garaikideak emanik erkaketarako aukera eskaini digute, eta horrek biderkatu egin du burutu zuten lan handiaren balioa.

Bi jakintsuen ahaleginen emaitzak batuta, eta emaitza horiek XIX. mendearen hondarreko gainerako albisteen argitan irakurrita, 1860-70etako euskara nafarraren hegoaldeko azken muga ondorengo proposamen honetatik hurbil samar egon zitekeela esango nuke:

1) Erronkari guztia euskalduna zen, Burgin euskara galtzen hasia zelarik.

2) Zaraitzu aldean Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen muga-herriak. Azken bietan indartsuago zirauen lehendabizikoan baino.

3) Urrauletan zehar izango zen oraindik euskaldunik Eparotz, Irurozki, Ozkoidi eta Santsoainen; agian baita Urraulgoitiko Gindano-Ezkanitz eta Urraulbeitiko Artieda-Grez-Tabar lerroetan ere; baina nekez hegoalderago, eta aipatu herrietan izatekotan, ez inola ere luzerako. Erromantzatuko herri guztietan (baita Berroia eta Murelu-Berroian ere) ahaztua izango zuten euskara.

4) Itzagaondoko eta Ibargoitiko herrixka guztietan zeudekeen orainik euskal hiztunak, ez ordea Izko mendilerroaz beheitiko Sabaitzan edo Gardelainen. Elon euskara zeharo ahaztua ez bazen, ahaztear izango zen.

5) Orbaibarren bizirik egongo zen oraindik hegoaldeko goi-nafarrera, baina etengabea zen gibelatzea eta litekeena da herri bakar batzuetako azken belaunaldi euskaldunaren ezpainetan baino ez entzutea.

6) Izarbeibarren indartsuago zirauen euskarak Orbaibarren baino; ez ordea sasoiko. Baziren oraindik seguruenik gazte euskaldunak, baina ez ziren asko izango, edo beharbada ez herri guztietan. Euskara egoera batzuetan erabili beharreko tresna zen oraindik, baina ziztu bizian ariko zen gertatzen hizkuntza-aldaketa. Mañeruibarren ere bazerabilten euskara (herri guztietan???) baina Girgillaoko salbuespenak salbuespen, egoera Izarbeibarkoaren gisakoa izango zen, asko jota. Litekeena da Etxauribarko Belaskoain inguruan ere oso antzekoa izatea. Izarbeibarrez beheitiko eremurik aipatu ez dudan arren, ez da ahaztu behar Fernando Maioraren arabera 1876an hil zela euskalduntzat hartu ahal izan duen azken artaxoarra. Agian Artaxoa bera izango zen oraindik, euskara azken hatsetan izanik, hizkuntzaren hegoaldeko azken mugarria.

7) Gesalatz iparraldean indartsuago zebilen euskara erdialdean baino. Iruxo eta Muezen ezaguna izango zuten ziurrenik, baina ez hegoalderago, Irurren edota Garisoainen.

8) Deierri iparraldean ez zuten euskara guztiz ahaztua izango. Abartzuzatik gorako herrietan beharbada, Ibiriku-Errezu-Lezaun parean baino ez akaso; baina Bonaparte ez beste iturriek iradokitako egoera aintzat hartu behar dela uste dut. Nolanahi ere, Deierriko euskararen galeraren kronologia ongi aztertu gabeko gaia da.

9) Ameskoa ibarretan bazen oraindik euskaldunik, hizkuntza bazerabilten ziurtatzerik ez badago ere. Seguru asko Ameskoabarreneko herri guztiek eutsi zioten nola edo hala mendebalde kutsuko nafarrerari 1870era arte bederen. Handik ezker eta Arabako mugarako bidean, Eulaten ere euskara apurtxoren bat geldituko zen beharbada, Larraonan baino errazago. Hala izatera, ez dakit Aranaratxe bietako norekin bildu beharko litzatekeen.

AZKENA

Nafarroako euskararen 1860-70etako balizko hego-muga (proposamena) Bonaparte eta Brocaren ekarpenetan oinarrituta.

                                                  (Mapa hurbilagotik ikusteko, egin klik hemen)

En esta entrada me he referido a los límites de la zona de habla vasca en la Navarra central y occidental alrededor de 1870, con arreglo a los mapas trazados separadamente por el príncipe Luis Luciano Bonaparte y por el médico y antropólogo francés Paul-Pierre Broca entre 1860 y 1875. Ambos investigadores realizaron una labor encomiable que arroja menos similitudes en el occidente navarro que en la zona más oriental, pero que con la ayuda de otros testimonios contemporáneos permite aventurar con cierta aproximación cuál pudo ser el límite de la zona de mínima intensidad del euskera por aquellos días. En mi opinión, la hipótesis más razonable —formulada en los párrafos anteriores— es la de considerar como extremo meridional del euskera los siguientes puntos (de E. a O.): Burgui, Gallués, Racas Alto, Urraúl Alto (Irurozqui, Eparoz), Urraúl Bajo (Sansoáin ¿Artieda, Tabar?), Ibargoiti, Orba (Iracheta, Orísoain, Garínoain), Puente la Reina, Valdemañeru (Artazu ¿Mañeru?), Guesálaz (Lerate), Yerri (Ibiricu ¿Ugar, Arizala?), Amescoa Baja, Eulate.

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015eko martxoaren 31ra arte iraungo du hirugarren #KZJaia-k.


Euskararen lekukoak: BERRIOBEITI INGURUA

Artika3

Artika zaharra eta berria. Zendeako hiru biztanletik bi bizi da dagoeneko azken honetan.

Hiru Berrio- izan ditu aspalditik Iruñeak ipar-mendebaldean, Arga ibaiaren eskuin ertzean: Berriobeiti (gaztelaniazko Berrioplano), Berriogoiti eta Berriozar; XIII. mendeko agirietan baziren dagoeneko Berrio de Yuso, Berrio de Suso edo Berrioçar. Denen artean 600 biztanle baino ez zituzten duela 60 urte eskas, oraindik ere hirurak Antsoain zendeako herrixkak zirenean; gaur egun laukoiztu egin dute populazioa Berriogoitik zein Berriobeitik eta 10.000 biztanle ingurura heldu da Berriozar; udalerri beregaina da azken hau 1991tik, Antsoain bezalatsu. Hauek biak gainerakoetatik banantzearekin, Berriobeiti udalerrian bildu ziren behinolako zendeako beste hamar herriak: Larrageta, Lotza, Añezkar, Oteitza, Elkarte, Ballariain, Berriogoiti, Berriobeiti, Aitzoain eta hiriburua bertatik bertara duen Artika, azken boladan nabarmen hazten ari dena, hura ere.

Dermioa

Antzinako zendea gaur egun: beltzez, Berriobeiti udalerria. Gorriz, Berriozar. Berdez, Antsoain.

Bestelakotu da giza-jarduera, kanbiatu da paisaia; bi mundu ezberdin dira atzoko zendea eta gaurko udalerriko herririk jendetsuenak. Desberdin askoak, gaur bertan, dermioaren sartalde-mugako Oteitza eta sortalde-muturrean den azken labealdiko Artikaberri, hiriburuaren jarraipen huts.

Aldaketa gaitza hizkuntz paisaian, halaber. XVIII. mendera bitarteko artikarren, elkartearren, berriozarren oihartzuna euskara hutsean ari zaigu, albisteak erdaraz datozenean ere; euskaraz mintzo ziren eta halaxe jakinarazten zizkietan kanpotarren esanak, gehien-gehienek zerbait ulertuko bazuten; agirika ere, euskaraz egin behar elkarri. XIX. mendean irauli zen hainbat mendetan apenas aldatutako egoera: orduan zabaldu zen nonahi gaztelania, euskararen transmisioa eteteraino. Gizaldi hartan zehar sortu ziren zendean gurasoen euskara jaso zuten azken biztanleak, seguruenik ere ipar-mendebalderago eta beranduago; ez ziren gutxi izan XX. mendera arte heldu zirenak. Zoritxarrez, lanbro artean iraungi zen herri haietako euskara, bildu eta ikertzeko aukerarik izan gabe. Antsoain zaharraren iparraldeko Gulibarren, Txulapainen, Ezkabarteko Anotzen, are Olaibarren ere… baziren 1970eko hamarkadan bertako euskara nola edo hala emateko gauza ziren hiztunak. Larri, baina muga-mugako belaunaldi euskaldun hark XX. mende hondarreko ikertzaileen lana aberasteko bezainbeste eutsi zion.

Ez ordea handik beheiti. Hiriburu ondoko eremuetako hondar hiztunei buruzko albisterik ez dago ia, eta badirudi arestian aipatu ibarretan baino hamarkada batzuk lehenago gertatu zela hizkuntzaren galera Irurtzundik Iruñerako bide nagusiaren bazterrean, iparralderago puska batean iraun zuen arren: halako denbora-jauzia dago Txulapaingo euskararen desagerpenaren eta Antsoaingoaren artean. Edo agian ez horrenbestekoa, baina albiste-eza ia erabatekoa da. Ondoren datorrena euskararen XIX. mendera bitarteko nagusitasuna agerian jarri eta XX. mendeko datu apurrak bildu eta pittin bat eguneratzeko ahalegina da.

Berriobeitiko udaletxea

Berriobeitiko udaletxea (argazkia: www.diariodenavarra.es)

XVIII. mendera bitartekoak: elebakartasuna nagusi

XVII. mendeko albiste batzuetan agerikoa da Berriobeiti inguruko gizon-emakumeek, salbuespenak salbuespen, ez zutela euskara beste hizkuntzarik (ongi) ulertzen; egoera beraren isla lirateke ondorioz horren esplizituak ez diren gainerakoak ere. Esan gabe doa bascongadotzat jo zituztela 1587ko zerrenda ezagunean otei cauallaryayn, berrio de suso, elcarte, berrioçar, aynçoayn, anezcar, berno plana (sic), ansoayn edo articaGasteizko Apaizgaitegiko zerrenda beti erabat fidagarria ez den arren, ez litzateke harritzekoa aipatu herrietako bizizaleak, oro har, euskaldun elebakarrak izatea.

Hori iradokitzen du, bete-betean esan gabe, 1607ko albiste batek. Artikan, sarde bat eskatzeko aitzakiaz, zirikatu asmoz hurbildu omen zitzaizkion larrainera Martin Etulain eta Beltran San Martin izeneko bi gizaseme Catalina Ibiricu zeritzon andrazko bati: el dicho Martin de San Martin le torno a dezir sin causa y ocasion alguna, para efecto de buscar ocasión de riñas, si el dicho abiento [sardea] le dio y presto con buena voluntad y la dicha Catalina respondiendole, que si, le torno a replicar con amenaças de muerte en su lenguaje bascongado, deçiendo, baybada, que propiamente denota pronostico de algun grave y cruel delito. Bistan da elkarrizketa hura euskaraz izan zutela; baina, horretaz gain, gorriz markatutako hitzek euskara Catalinaren hizkuntza bakarra zela iradoki dezakete. XVIII. mendeak are argiagoak diren elebakartasun irudiak utzi dizkigu, gero ikusiko den bezala.

Berriozarko alde_zaharra2

Berriozarko alde zaharra (iturria: Berriozarko Udala)

Harreman hizkuntza euskara zela eta herri-agintariek ere bazerabiltela, Berriozarko ondorengo adibideak ager dezake. 1660ko Mendekoste meza ondorean istilua sortu zen San Esteban elizaren kanpoaldean. Ospakizunetan ohikoa zen bakea lehenbizi eliztarrik adinekoenari ematea, eta horren ardura izanik halaxe egin zuen sakristau gazteak, inorengana baino lehen Juan Sanz izeneko batengana hurbilduta. Herriko alkateak ez zuen begi onez ikusi bakea hartutako lehenengoa bera ez izatea, eta kontu eske joan zitzaion elizatik irtendakoan sakristauari. Alkatearen jokabidea ikusita, Juan Sanz bera gerturatu eta honela esan omen zion: ero gucios gure ayde que en lenguaje castellano quiere decir, todos los locos nuestros parientes. Martin Berriozar izan zen honen guztiaren lekuko; abizenaren herrikoa zen hura ere.

Are makurragoak ere bota bide zizkion Sanzek alkateari: ‘muturzikin’, ‘ero zikin’, eta halako beste zenbait. Zoritxarrez gaztelaniaz iritsi zaizkigu euskaraz esandako haiek guztiak. Iruñeko biztanle Joan Garrizek entzun (eta ulertu) zituen gainerako irain haiek, eta lekukotasuna eman. Ez da harritzekoa, edonor asetzekoak baitira XVII. mendeko iruindar askoren euskaltasuna islatzen duten albisteak.

Berriobeiti aldera itzulita, XVIII. mende hasierako lekukotasunetan apaldu beharrean are nabarmenago ageri da Iruñe ondoko nafar haien elebakartasun ia erabateko hura. Lehen mende-erdian bederen, alferrikakoa zen euskaraz ongi moldatzen ez zen apaizaren ahalegina. Hori salatu zuten Berriozarko herritarrek 1713an, erretore Lizarrako José San Román izan zuten garaian. Kexu agertu ziren berriozartarrak, gaztelaniaz ez zekitenez ez ziotelako bikarioari behar bezala ulertzen: hark ba omen zekien euskaraz, baina tirriki-tarraka bakarrik. Zekienari aski iritzita Iruñean azterketa egin ziezaiotela eskatu zuen San Romanek, eta domingotar batek aztertuta oniritzia eman zioten, nahiz eta onartu ez zuela behar adinako etorririk: le falta la expedición para poder hablar corriente el dicho vascuenz. Nolanahi ere, Berriozarren jarraitu zuen Lizarrakoak, eta ez du ematen euskara hobetzeko agindurik eman ziotenik. Herrikoen hizkuntza oso kontuan ez hartzen hasi izanaren seinale?

Eta, hala ere, berriozartarren jarrera hura ez zen salbuespena izan. Añezkarren —Iruñerako bidean bertan— eta Oteitzan aritzeko San Adriango erdalduna izendatu zuten hurrengo hamarkadan. Bertakoek ez zuten hori eta horrenbestez onetsi: euskaraz trebatu beharra ezinbesteko zuela esan zioten (versado en la lengua bascongada, ydioma natural), argudio argia erabiliz: de inmemorial tiempo a esta parte se an seruido de vicario que a entendido la lengua bascongada; gehienek ez omen zuten besterik ulertzen. Herritarrei arrazoia emanda ordezko iruindarra izendatu zuten, baina San Adriangoak auzia atzerarazi, bitarte hartan euskara-azterketa prestatu eta behar zuen “nahikoa” lortu ahal izan zuen azkenik (1729). Nekez hartuko zuen horrenbesteko lanik bere helburua erdiesteko guztiz ezinbestekoa izan ez balitz. Elkarte eta Lotzan ere, besteak beste, euskara erabili zuten erretoreek gizaldi osoan zehar herritarrei katekesia irakatsi eta gotzain-aginduak adierazteko.

Elkarte

Elkarte erabat euskalduna zen XVIII. mendean (Argazkia: www.enciclopedianavarra.com)

Ez dira erretore-aukeraketaren inguruko auziak herri haietako hizkuntza-egoeraz mintzo zaizkigun bakarrak. 1716an, kaparetasun-frogak behar zituen eneriztar batek bi ordezkari erdaldun bidali zituen Berrio herrira (zeinetara, ordea?) datu-bilketa egitearren. Gaztelaniaz hitz egin zezaketen lau lekuko aurkitu, eta handik harat, no haviendo allado otros [= erdaraz zekien besterik] para continuar este examen determinamos examinar testigos vascongados. Euskaldun elebakarrak, alegia. Horretarako, herriko abadea izan zuten itzultzaile. Bazen beraz elebidunik Berrioetan eta haien inguruan, baina XVIII. mende hasieran gutxi zirela ematen du.

Ondorengo hamarkadetan ere gehiengoa edo giza-talde handi askoa biztanle (ia) elebakarrek osatuko zutela pentsa daiteke, baina urteen joan-etorria, ezinbestean, kalterako izan zuen egoera hark. Nahiz eta XVIII. mende erdialdeko Libro de repartimientos delako zerrendan Elkarte euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri (horrela, zeharka, han euskaraz besterik solasten ez zela iradokiz), zendeako herrietan hainbatek gaztelaniaz ere nola edo hala bederen jakitea ohikoago bihurtzen hasiko zen pixkanaka-pixkanaka. Gaztelaniaren zabalkunde hura ez zen izango, segur aski, Elizbarrutiko zein Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek 1760ko eta 1770eko hamarkadetan irudikatu adinakoa (“los más saben y todos entienden el castellano”), baina ez da ahaztu behar haien lan-interesek eraginda eman zituztela datu haiek.

Aipatu auziak eraginik komisari erdaldunek 1778an sortutako zerrendan, Antsoain zendeako herri guztiak ezarri zituzten erdaldundutakoen multzoan. Alegia: haietan gehienak gaztelania hainbestean ulertzeko gauza zirela aldarrikatu zuten zerrendaren egileek, eta ia denak berez euskaldun izan arren bazegoela herri haietako auziak argitzeko datu-biltzaile erdaldunak bidaltzerik ere.

Ez du ematen, haatik, baieztapen haiek errealitatearekin bat zetozenik; ez gutxienez 1768an Berriogoitin jaiotako Felix Sarasa Aldaregia eredutzat hartuz gero. Artikako Txolinena etxeko alabarekin ezkondu zenetik Txolin ezizena egokitu zioten; XIX. mende hasieran gerrillari ibili zen frantsesen aurka beste zenbait nafarrekin batera (horien artean, Ibargoitiz aritzean zeharka aipatu nuen Javier Mina elortzibartarrarekin) eta horri esker jaso dute berriogoitiar hura historia-liburuek eta dakigu guk haren berri. Sarasak euskara zuen lehen hizkuntza; hizkuntza bakarra, ia. Francisco Espoz Mina idotzindarrak bertatik bertara ezagutu zuen eta idatzizko lekukotasuna eman zuen: No sabia escribir, leer, ni hablar castellano [Sarasak]; comprendía sí la lengua castellana, mas nunca pudo decir en ella una expresión enteramente ajustada. Era el vascongado mas cerrado que habia existido en Navarra. Azken esaldia gehiegikeriatzat jo behar den arren, Nafarroako komisariek 1778ko zerrenda osatu zutenean hamar urteko mutil koskorra zena ez bazen sekula gaztelaniaz ongi aritzera heldu, nekez moldatuko ziren hobeto bera baino zaharragoak zirenak. Eta hori hala izatera, ez dirudi XVIII. mende amaierako hizkuntza-egoera hartan atarramendu handirik aterako zuenik euskaraz ez zekien batek.

berriosuso2

Berriogoiti, gaur egun. Argazkia: santaeulaliadeberriosuso.org

XIX. mendea: hizkuntza aldaketa eta euskararen gainbehera

Azkar aldatu zen egoera handik aitzin. 1800 aldera askotxo izango ziren oraindik erdara makestua baino ez zekiten helduak (1833ra arte gutxienez bizi izen zen Txolin bera, esate baterako), baina gizaldi hasiera hartan hasi zen noski eteten euskararen transmisioa Iruñe ondoko herrietan —Artika, Antsoain, Berriozar, Berriobeiti eta Aitzoainen bederen?— Bonapartek mende erdi beranduago emandako albisteak ontzat hartuz gero. Zendearen sartaldeak euskaldunago zirauen, baina gaztelania nonahi ari zen hedatzen: 1857an ‘castellano y vascuence’ idatzi zuen printzeak bere notetan Añezkartik igaro ostean, herrian biak zerabiltzaten seinale.

Ikertzaileak zendea gehiena euskararen ustezko sendotasun eremuan sartu bazuen ere —Añezkar bera, Lotza, Larrageta, Oteitza, Elkarte, Berriogoiti eta Ballariain— eremuaren ertz-ertzean utzi zituen herriok, gaztelania iparralderantz eta mendebalderantz ziztu bizian nagusitzen ari zela iradokiz. Beharbada urte haietan bertan munduratu zen aipatu herrietan hondar belaunaldi euskalduna; nik ezagutzen ditudan transmisio-kasurik berantiarrenak 1870 ingurukoak dira. Koldo Artolak 1865ean-edo jaiotako berriogoitiar euskaldun baten aditzea izan zuen duela 30 bat urte, semeak berak kontatuta. Ez da kasu bakarra, laster ikusiko dugun bezala. Euskaradun haziko al zen 1869an jaiotako Tiburcio Osacar kazetari eta politikari berriogoitiarra, familiarekin Iruñera jo aurretik? Ez dut Osacarren biografian horri buruzko erreferentziarik aurkitu; jasotzeko moduko datua litzateke egun, baina ordu hartan interes handirik gabeko xehetasuna zen hizkuntzarena.

Asociación Éuskara delakoaren ekimenez Nafarroan euskarari ongi samar eusten ari zitzaion lurraldea zehazteko egin inkesta (1878) bat etorri zen funtsean Bonapartek adierazitakoarekin Berriobeiti inguruari zegokionez: orduko Antsoain zendearen iparraldea bildu zuten eremu barrenera: Ballariain, Elkarte, Oteitza eta Larrageta. Printzeak aipatutako herri berberak, Lotza eta Berriogoiti izan ezik. Ez du ematen, beraz, honako honetan Broca iturririk fidagarriena denik: frantziarrak eskatutako txostenek Artika euskararen eremutik guztiz at zegoela omen zioten, eta elebidun zirela, aldiz, hurraneko Orkoien, Zuasti eta Otxobi. Horren arabera irudikatu zuen bere mapa, Iruñerri gehiena euskararen lurraldetik aterata. Bistakoa da euskararen ahulgune zabal bat ari zela ordurako hiriburu inguruan hedatzen; baina ez zen oraindik —ematen du— hizkuntza bertatik desagertzerainokoa.

aizoain

Bonaparteren garaian ahul egonagatik, XX. mendera arte iraun zuen euskarak Aitzoainen. Irudian, eliza (iturria: http://www.euskomedia.org/aunamendi/7633)

1878ko haiek dira Antsoain inguruko euskarari buruzko hondar erreferentzia zuzenak. XX. mendeak aurrekoa ordezkatu eta jarraipenik izan ez zuen belaunaldi euskalduna adinean gora joan ahala —hizkuntza gero eta zokoratuago utziz— iluntasunak irentsi zuen, ohi bezala, hiztun berantiar haiek ikasitako euskararen oihartzuna. 1904ko Guía Eclesiásticaren arabera ez zen Antsoaingo ezein herritan euskararik mintzo. Ez, nonbait, prediku eta katekesi-lanean kontuan hartu nahi izateko adina; baina baziren euskaldunak, jakina, ikusi bezala 1865 inguruan sortutako elebidunik ere izan baitzen. Eta ez da ahaztu behar Antsoain parean eta Larrageta nahiz Añezkartik gertu den Itza zendeako Aritzen, esaterako, Bai erantzun ziotela Guíako itaunari. Zenbateraino eragingo zuen 1904ko erantzunetan, bestalde, abade haien profilak berak, euskara hurbil ala urrun izateak? Zendean zerbitzatzen ari ziren hamarretarik lau Iruñe-Burlata-Atarrabiakoak ziren, bat Lizarrakoa, beste bat Zaragozakoa, eta beste bi oraindik erabat erdaldunduta ez zeudekeen herrietakoak (Legarda eta Arazuri) baina oso gazteak eta, horrenbestez, seguruenik jaioterrian euskara ezin ikasitakoak. Ez du ematen horretaz Antsoaingo bikario gehien-gehienek euskararen bizipen handiegirik izango zutenik. Dena den, hipotesi hutsa baino ez da hau; eta bestalde, Añezkarko apeza herriko semea zen eta ongi ezagutuko zuen bertakoen egoera. Antsoain herriko abade lakuntzarra, aitzitik, bere eliztarrak baino are euskaldunagoa izango zen ziurrenik.

Baziren oraindik Guíak bildu ez zituen euskal hiztunak XX. mendeko zendean… baina gaur arte behintzat ez da azken labealdiko hiztun haietaz gauza handirik jaso. Euskararen galera Nafarroan liburuko egileek (1987) 1920an Berriogoitin euskaldun bat bederen geratzen zela adierazi zuten (93. or,). Dena den albistearen iturria, haiek idatzitakoaren arabera, Koldo Artolak 1985ean Ezkabarteko euskara zela-eta idatzitako artikulua da; eta artikulu horretan, oso oker ez banago, ez da horrelako daturik, Berriogoitin 1865 inguruan jaiotako euskaldunaren aipamenaz landa. Nolanahi ere den, arestian esandakoaren arabera pentsatzekoa da 1910-20ko hamarkadetan izan zitekeela han euskal hiztunik. Eguneratze honetan ikusi ahal izango duzunez, irakurle, 1920ko hamarkada amaieran bazen oraindik Añezkarren ere euskaldun zaharrik; Juantxo Aleman eta Luis Mirandari zor diet datua.

Hiztun haiei buruzko datu bat jakinarazi berri dute aurten argitara emandako Euskara Berriobeti zendeako eguneroko hizkeran lanaren egileek. Irailean Euskalerria Irratian eginiko elkarrizketan (entzun 13’55″etik aurrera), Aitzoaingo euskaldun zahar bat 1939an hil zela adierazi zuten. Albistea Kike Diez de Ulzurrunek jaso zuen, eta hala izatera interes handikoa da, 70 urte lehenago ahulduta zegoelako bertan euskara Bonaparteren arabera eta herri batzuetan hizkuntza uste baino beranduago iraungi zela adieraziko lukeelako.

ballariain02

Baliarraingo elizaren ondoko etxean jaio zen Mikaela Zubillaga 1842an (argazkia: Berriobeitiko Udala)

Dena den, ematen du zendeako euskararen azken habia ez zela Aitzoain izan. Litekeena da Txulapainera begira dagoen ipar-sartaldeko txokoan puska bat gehiago irautea, gainerako herrietan galdu zelarik; batez ere Iruñerako errepidean bertan ez zirenetan. Ballariain da horietako bat, eta hantxe jaiotako Fermin Garciriain Zubillaga [1] euskal hiztuna zela jakin ahal izan dut nik. Ferminen ama, Micaela Zubillaga Aldaz ballariaindarra (1842-1918) 1833an sortutako Manuel Garciriain Leranoz zildoztarrarekin ezkondu zen 1863an; euskaldunak izango ziren bata zein bestea [2], eta gurasoei Antsoain eta Ezkabarteko mintzoa entzunik haziko ziren Manuelek eta Micaelak izandako zortzi seme-alabak: batzuk oso gazte hil baziren ere, Fermin bera (1867) eta Francisca Benita (1874) zahartzarora heldu ziren. Sendia etxejabea ez zelarik haurtzaroa Ballariain, Oteitza eta Añezkarren eman ostean, Fermin Txulapaingo Untzura ezkondu zen Juana Orozekin XIX. mende amaieran. Zaila da 1877an Añezkarren jaiotako emaztea euskalduna izatea, baina Ferminek behintzat eutsi egin zion etxeko hizkuntza zaharrari. Izan ere, biloba baten esanetan nahiago omen zuen euskara gaztelania baino, eta konponketak-eta egiteko esku trebeak izanik nonbait, gusturago egiten bide zizkion halakoak euskaraz hurbiltzen zitzaionari [3].

Ezin izan dut jakin zazpi urte beranduago munduratutako Francisca ere euskara jasotzera heldu zen edo, hainbat aldiz gertatu bezala (Bidankozeko Fuertes etxean, adibidez, urte haietan bertan), hizkuntzaren jarraipenaren etena anaia-arreben arteko aldea sortzera heldu ote zen. Francisca Garciriain 1937an hil zen; Fermin anaia euskalduna, aldiz, 1942ko irailaren 26an, Untzun. Ez dut uste zendeako azken euskaldun zaharra izango zenik, baina sarrera honetan jasotako beste datu batzuei begira zentzuzkoa dirudien zerbait frogatuko luke: Iruñe ondo-ondoko Antsoaingo euskara 1940ko hamarkadara arte behintzat bizi izan zela, gehiago ez bada. Euskara horrek gaztelanian utzitako arrastoak biltzen hasi zen 1980ko hamarkadan Elkarte herrian Joseba Gil, eta lan horren azken fruitua, interneten eskuragarri dagoen Berriobeiti inguruko euskal hitzen altxorra da, mendez mende erabilitako hizkuntzaren oihartzun interesgarria gordetzeko balioko duena.

Amaitzeko, eta hipotesi huts gisa, dauden datu apurren interpretazio-saioa egin nahi izan dut goiko irudian, Berriobeiti ingurumariko euskararen desagerpenaren kronologiara hurbildu nahirik. Laranja ilunez, 1940ra arte behintzat euskarari nola edo hala eutsi zion Baliarrain ageri da; laranja argiz adierazi nahi izan ditut 1940ko hamarkada hasieran Baliarrainek bezala hiztunen bat izateko aukera handiena zuketen herriak: Berriogoiti (1865ean-edo jaiotako euskaldunik bazuena), eta Elkarte, Oteitza eta Larrageta (haien kokapenagatik eta Bonaparteren mapan oraindik ere arront euskaldunak omen zirelako). Argiago laga ditut Loza eta Añezkar, 1878ko txostenean ez baitzituzten herri euskaldunenen zerrendan aipatu; beharbada Añezkar izango zen bietan azkarren erdaldundu zena, Iruñetik Irurtzunerako bidean bertan egonda (badakigu 1860 baino lehen bi hizkuntzak entzuten zirela han). Azkenik, grisez eman dut Aitzoain, dirudienez ez zuelako euskal hiztunik 1940rako baina 30eko hamarkadan galdu zituzkeelako azkenak. Ez dut gainerako herriei buruzko albiste zuzenik, baina hiriburutik hurbilago eta lehenago erdaldunduko ziren noski. Nolanahi ere, eta esan bezala, hurbilketa-ahalegina besterik ez da hau eta zoritxarrez ugariagoak ditu itzalak argiak baino.

[1] XIX. mendeko agirietan Gaciriain eta Gaziriain itxuraz dator abizena. Gaur egun -r- batez idazten dute ondorengoek.

Berriozar

Berriozarko erdigunea, gaur egun.

[2] 1870 inguruan Argentina eta Uruguaira alde egin zuten Micaelaren hiru anaiak euskaldunak zirela jaso dute etxean ondorengo belaunaldi hegoamerikarrek.

[3] Ballariaingo aitonaren izen-abizen bereko Ferminen Garciriain biloba untzutarrari esker izan nuen familia euskaldun honen aditzea. Datu gehienak Ferminek berak, beste biloba batek (Labianoko Javier Idaretak) eta Micaela Zubillaga zenaren senide den Carlos Zubillaga argentinarrak eman dizkidate. Mila esker haiei!

El euskera de la antigua cendea de Ansoáin (la cual ha dado lugar hoy al municipio de Berrioplano tras constituirse Ansoáin y Berriozar como entidades independientes) gozó de gran vitalidad durante los siglos XVII y XVIII, según se desprende de diferentes testimomios recogidos en esta entrada del blog que muestran a una comunidad en buena medida monolingüe vascófona. Probablemente la interrupción de la transmisión de la lengua se produjo a lo largo de un mismo siglo (el XIX) si bien fue más tardía cuanto más al occidente, y no anterior a 1870 en lugares como Berriosuso o Ballariáin. En relación con esa última localidad, he mencionado al vascoparlante Fermín Garciriain Zubillaga, nacido en 1867 y fallecido en 1942, cuya existencia testimonia la pervivencia del habla vasca de esta cendea vecina de Pamplona al menos hasta mediado el siglo XX. En Aizoáin se ha documentado la existencia de vascófonos hasta el final de la década de los 30, y no parece que en Berriosuso la pérdida completa de la lengua vasca se produjera antes.


Hizkuntzaren argazkiak: Oraiengo Gregoria

13610vga-01orayenlarumbeiza

Oraien (Larunbe, Itza) gaur egun.

Gregoria Baraibar anderea —Gulibarko Larunben jaiotako azken euskaldun zaharra izan zena— hartu dut ahotan 31 eskutik blogerako abenduan idatzi dudan artikuluan. Udalerri beregaina izan zen Gulibar, baina 1943an Itza zendearekin egin zuen bat; galtzeko bidean zen ordurako euskara hango herri eta auzuneetan, haietako batzuetan besteetan baino gehiago. Galera-prozesu horietan (eta ez orduan bakarrik) gizakiak hizkuntza dela-eta agertu ohi dituen jarrerei buruzko gogoeta eragin zidaten Gregoria zenak eta hark umetan bizi izandakoak, eta hausnartutakoa blog honetara ere nahi izan dut ekarri.

Artikulua irakurri nahi izanez gero, egin klik hemen.

eizie


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12345
    6789101112
    13141516171819
    20212223242526
    2728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu