Tag: euskararen galera

Euskararen lekukoak: IBARGOITI eta ELO

Captura2

Ibargoiti eta Elo udalerrien batura (urdinez). Gorriz, bi dermioen arteko muga.

Leku gutxitan bezain argi mintzo zaigu Nafarroako euskara Ibargoiti haranaren izenean. Izen zaharra da gainera, inon zaharrik bada: Iruñeko katedraleko 991. urteko agiri batekoa da lekukotasun idatzirik antzinakoena. Ez dira askoz berankorragoak ibarreko herri zenbaiten lehen aipamenak: XI. menderako baziren Idozin edo Çaualza, adibidez. XXI. mendean ere bizi diren herriak dira horiek, Getze, Izko eta beste gutxi batzuk bezala; bidean gelditu ziren Elizaberria, Zirotz eta hustutako hainbat gehiago. Gaur beregaina den Elo-Monreal aditzera emateko, bestalde, Mont Real itxurako formak bildu dira agirietan XII. mendetik aurrera, baina orain ez horrenbesteko euskaldunek herria izendatzeko moduaren adierazgarri dira han-hemen barreiatutako Elobidea leku-izenak: esate baterako Arangurengo Zolinakoa, Tiebaskoa edota Elortzibarko Otanon dagoena.  

SalinasdeIbargoiti

Leintz gipuzkoarra ‘Gatzaga’ edo Añana arabarra ‘Gesaltza’ diren bezala, Getze da Ibargoitikoa. Argazkia: J. Asunción

Duela hainbat hamarkada joan ziren Ibargoitiko euskara bertatik bertara entzuteko aukera izan zuten azkenak, eta gaur arte bederen ez da mintzo haren oihartzuna antzematen lagunduko ligukeen idatzizko testurik argitara eman. XX. mende hondarrean xeheki bildutako toponimia txikiak azaleratu behar, beraz, dagokion hizkeraren eitea; fonologia edo lexikoari buruzko hainbat ñabardura interesgarri, gutxienez. Erdi Arotik aurrera dokumentatutako hamaikatxo toponimok eman diote izatea ibarrari, eta asko dira euskara garbi-garbian ari zaizkigunak: amandrezulua (1694), arçanegui (1174), asiainguibela (1694), buzunausia (1700), elizaverria (1694), elizazarraga (1693), erensuguea (1700), erreca andia (1630), errotazarra (1754), eunzearana (1688)guecearte (1656; Getze esaten zioten Ibargoitikoek gaztelaniaz Salinas denari),  iturzarra (1799), lizarburua (1693), sabalzavidea (1797), ugalpea (1744) 

Ez dira atzo goizekoak, beraz, Ibargoitiko euskararen aztarnak; baina ez dira toponimiak emanikoak bakarrik.

Aspaldiko lekukotasun idatziak

Arestiko leku-izen horietako asko baino zaharragoa da ibargoitiarren euskalduntasuna dela-eta artxiboek dakarkiguten albisterik aspaldikoena: 1376an, Getzen, apezpikuak bertako eliza Leireko monastegiari ematean, baldintza ezarri zuen: bikario euskalduna behar zen han, que sepa hablar y entender el bascuence que hablan los hombres y mujeres de dicha villa. 

Aro Modernoaren hasierako notariotza-protokoloetan, ibargoitiarrek erabilitako irain-hitzen lekukotasun xumeren bat dago. 1540 aldera, Idotzinen,  Miguel Pascoal zeritzon batek bellaco çarra esanez iraindu zuen behin eta berriz Esparza abizeneko bat herritar askoren aurrean. 76 urteko Pascala Idozingoak eman zuen lekukotasuna. Urte batzuk beranduago (1558) hitz horiek berak —bellaqua çarra— bota zizkion herri bereko Don Martin izeneko batek Maria Zilietakoari sagar batzuk zirela-eta. Gizonezkoak eragotzi egin zion Mariari haiek hartzea, eta emakumeak esan zion Miguel Izko senarrak zuela baratze hartakoak jaso eta zaintzeko ardura. Ez ziren noski irain haiek izango Don Martinek eta Zilietakoak elkarri botatako euskal hitz bakarrak.

Ez da harritzekoa, hartara, 1587ko Nafarroako herri euskaldunen zerrendan salinas de monrreal, çabalça, ydozin, sangariz, yzco, abincano edota monreal agertzea, inguruko guztiak eta are hegoalderagokoak ere halaxe bildu baitziren.

XVI. mendeko lekukotasunetan ibargoitiarren eguneroko mintzoaren zipriztintxoak ageri diren bezala, XVII.ekoetan eliz arduradunek herritarrekin euskara erabili beharra zutela dugu begi-bistan. Mende hartan zehar behin baino gehiagotan erabili zen euskara Abintzaoko herritarrei Elizbarrutiko bisitatzaileen aginduak jakinarazteko. Horixe jaso zuten bertako parroki artxiboetan eta halaxe egingo zuten seguruenik inguruko herrietan ere.

Monreal I elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Elo. Argazkia: www.elcaminodesantiagodesdeasturias.blogspot.es

Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko 1627ko agiri baten arabera, Ibargoitin —Itzagaondoan edota Longidan bezala— ‘euskara beste hizkuntzarik ez zen erabiltzen’. Pare bat urte beranduagokoa da Eloko apezaren euskal hitzak biltzen dituen artxibo bereko dokumentua. Herriko andere noble baten hilobiaren aurrean otoitzean ari zela, errezoa espero bezala hasi zuen bikarioak, latinez, alegia:

Ne recorderis… (= ez hartu gogoan)

baina euskarara jo zuen jarraian:

indan ene olloa.

Gertaera argitara eman zuenean (1978), J.M. Satrustegik Azkueren hiztegiko ‘inda‘ (bidea) hitzarekin lotu zuen Eloko bikarioaren indan hori, esaldiari ‘nire oiloa bidean / kalean‘ esanahia egokituz. Jimeno Juríoren lanetan beste irakurketa bat egin zen, indan aditz formatzat jo eta apaizak hildako emakumeari hika hitz egin ziola ulertuta: indan (= emaidan) ene olloa. Niri txukunagoa iruditzen zait bigarren hau.

Ez ziren apaizak eguneroko jardunean euskara behar zuten bakarrak. Gorabeherak izan omen ziren 1656an Elon, zenbait herri-ardura hartzeko gaztelaniaz hitz egiten edo gutxien-gutxienik sinatzen jakin behar izatea nahi zuenik bazegoelako. Iritzi hori zutenen ustez Martin Iriarte elotarra ezin zen kontzejuko eta azokako alkate izan: no sabe ler ni escribir y es meramente bascongado que ni entiende ni sabe hablar la lengua castellana. Leporatu zioten ezaugarri hura bera aldeko baliatu nahi izan zuen Iriartek: en la villa de Monreal y su jurisdicción se habla Basquenz de ordinario y es lengua precisamente necessaria. Albiste esanguratsua ematen du: Elo ez zen herrixka hutsa, XII. mendetik forua zuen hiria baizik; Santiago Bidean zegoen bezainbatean pasabide garrantzitsua zen aspaldi luzean, Erdi Arotik nafarrak, frankoak, juduak… hartu zituena. XVII.  mende erdialdean, hala ere, ohikoak omen ziren bertan bai euskara, bai euskaldun elebakarrak ere.

Izco by ibargoiti.es

Izko (argazkia: www.ibargoiti.es)

Ez du ematen hurrengo mendean zehar Eloko egoera izugarri aldatu zenik. Apaizek euskaraz  jakinarazi zizkieten herritarrei (en su lengua vulgar) gotzainek emandako aginduak. Apaiz haietako bat, Martin Oroz elotarra, Iruñeko katedraleko sakristau zen 1751n. Urte hartan hiriburuko eliz-kabildoaren alde egiteko idatzi zuen erdal testu batean aitortu zuenez, ez zen gaztelaniaz nahi bezain argi eta dotore idazteko gauza, ez baitzuen ama-hizkuntza: no es fácil dexar los resabios a que inclina la naturaleza de la leche vascongada que mamé.

XVIII. mende erdialdeko elotar letradun hura gaztelaniaz arrotz samar sentitzen zen arren, Ibargoitin erdara ohiko bihurtzen ari zela aldarrikatu zuten 1760ko hamarkadan Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek, hainbat bailara euskaldunetan lan egiten utz ziezaieten idatzitako txostenean; nahiz eta gehiengoa euskaraz mintzatu erdara ere den-denek ulertzen zuten herrien zerrendan sartu zituzten Getze, Garisoain, Ekisoain, Lekaun, Abintzao, Izko, Sengaritz, Zilegieta, Besolla edota Idotzin, honako hau adieraziz: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo.

Komisari euskaldunek faltsutzat jo zuten erdaldunen baieztapena eta zenbait lekuko aurkeztu zituzten gaztelaniaren ustezko zabalkuntza hura gezurtatu nahirik. Nicolás Algarra eskribaua izan zen haietako bat; bere zeregina betetzeko Nafarroako herri askotan ibilia zen (Ibargoitiri zegokionez Gatzaga, Abintzao, Izko eta Besollan) eta lekukotasun zabal bezain zehatza eman zuen 1769an, hitzez hitz kopiatzea merezi duena (azpimarratua neurea da):

…he hallado q. los señores eclesiásticos, escribanos reales, médicos, cirujanos, boticarios, albéitares, herreros, ministros de la real renta, estudiantes, algunos arrieros trajineros o gente navegante saben y parlan el idioma castellano y por lo común los demas la lengua vascongada q. es la mas usada y corrientey siempre que he examinado algún testigo de la gente común fuera de los arriba citados ha sido en el vascuence, porque aunque entienden parte del castellano no se acomodan sino en el curso del vascuencepidiéndome les explique las diligencias en dicha lengua. Y en los pueblos referídos, cuando he llegado a ohir la misa popular de los festivos, he visto que los párrocos, al tiempo del ofertorio, las plegarias, sermones o pláticas doctrinales las han explicado en vascuence como mas comun y comprensivo a todos.

Algarrak emandako zertzeladak ez datoz bat bi hizkuntzatan eroso samar molda zitekeen ibarraren irudiarekin. Ezta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarrak bildu duen XVIII. mendearen hondarreko beste albiste hau ere: 1789an eskakizuna egin zioten Untzitik, Elortzibarrek, Ibargoitik eta Elok Erret-Kontseiluari, ohiko idazkaria gaixorik zegoelako eta urruti zutelako ezinduaren lana betetzen ari zen Arangurengoa. Eritutakoaren suhia ere eskribaua zen, eta huraxe bidal ziezaiela eskatu zioten aipatu ibar-herriek Kontseiluari. Arrazoia? Entiende la lengua bulgar, y se usa en ellos. Baita lortu ere: Andrés Peralta Buelta (sortzez Murillo el Frutokoa, euskalduna izanik!) izan zen inguru hartako eskribaua ondorengo bost hamarkadetan.

Laburbilduz, komisari batzuen argudioak argudio, zaila da 1800 aldera euskarak Ibargoitin zukeen bizitasuna ukatzea. Haranean ez ezik baita ondoko Elon ere, kanpoko eraginetara Ibargoitiko herrixkak baino irekiago egon arren (XV. mendekoa da herriko azoka). XIX. mendea hastearekin idatzitako Diccionario Geográfico-Histórico lanaren II. liburukian (1802) herrian euskara bizirik zela iradoki zuten Elo izenaz aritzean (ikus azpiko irudia). Ez da beharbada beste albiste batzuk bezain lekukotasun sendoa, baina testuinguru honetan kontuan hartzekoa bederen bai.

Elo izena 1802 Diccionario-Geográfico-Histórico de España

‘MONREAL’ sarrera ‘Diccionario-Geográfico-Histórico de España’ hiztegian (1802),

Hala ere, euskararen erabateko gainbehera ekarri zuen mende hasiberri hark.

Jarraipenaren etena

Francisco_Espoz_y_Mina_by_Francisco_Goya

Francisco Espoz Ilundain idotzindar euskalduna, gerora Mina deitua (1781-1836), Goyak marrazturik.

Litekeena da ibarreko euskararen transmisioa XIX. mendearen lehen laurdenean hondatzea, Bonaparteren mapak emandako informazioa kontuan hartuz; baina XVIII.aren bukaeran ez zen artean eten, eta ordu hartan jaiotako ibargoitiarrek ez omen zerabilten gaztelania euskara bezain egoki. Ez behintzat Idotzingo Espoz Ilundain anaia-arrebek (Clementek, Simonak eta Franciscok). Clemente Espoz Ilundain Iruñeko Ospitale Nagusiko kaperau izan zen mendearen hasieran, eta lanbide hartarako euskaldun izan beharra zegoen oraindik. Simona Espoz arreba Iruñera ezkondu zen, baina sekula ez zuen gaztelaniaz zuzen eta artez hitz egin, ezagutu zutenek adierazitakoaren arabera. 1781ean sortutako Francisco Espoz Ilundain, aldiz, Javier Mina iloba gerrillariaren abizena bereganatu eta Francisco Espoz y Mina izan zen militar gisa eta historia-liburuetan. Lehen Karlistadan hildako ibargoitiar famatu hark ere euskara zuen ama-hizkuntza eta —gaztarora bitartean laborari soil izaki, oinarrizko ikasketak besterik ez zituena— inoiz ez omen zuen gaztelania euskara bezain aise erabili. Ez zuen inolako arazorik izan 1835ean, gerrako lantze batean, Lekarozen euskaraz agur eginez etorri zitzaizkion gizon batzuei hizkunta berean erantzuteko.

Nolanahi ere, euskara berezkoago zuela hazitako azken belaunaldia izan zen seguru asko hura. XIX. mende erdialderako aski makaldua zegoen Ibargoitiko mintzoa eta are makalduago Elokoa, Bonaparteren arabera. Worcestershireko ikertzailearen ustez bat zetozen ibarraren hego-muga eta euskararen eremuarena, eta  eremutik kanpo utzi zuen Elo. Han, beraz, ez zen ordurako euskararik erabiliko; hitz egiteko gai zenik bazegokeen, akaso. Ibargoitiko herrietan, aldiz, zeharo nagusi izango zen 1865erako erdara, euskara oraindik entzuterik egon arren, alboko Itzagaondoan Klaudio Otaegik 1871n entzun ahal izan zuen moduan. Otaegik Itzagaondoaz emandako lekukotasun idatzia horren gertukoa eta zehatza izanik, zentzuzkoa da pentsatzea adineko ibargoitiar batzuk bederen solastuko zirela oraindik euskaraz, Bonapartek herri guztiak koloreztatu zituenerako.

Brocak (1874) Idotzingo txostena jaso omen zuen; huraxe izan zen bere mapan irudikatu zuen herria. Txostena ez zen, nonbait, aldekoa izan, euskararen gutxieneko mugatik beheiti utzi baitzuen, Bonapartek ez bezala (ikus azpiko irudia).

Brocaparte Ibargoiti

Idotzin, gorriz azpimarratua, Bonaparteren mapan (ezk.) eta Brocarenean (esk.). Elo batak zein besteak utzi zuten euskararen eremutik landa.

Mila urtez behintzat Izko mendilerropean hedatutako hizkeraren azken egunak ziren, nolanahi ere den. Seguru asko XX. mendearen hasierarekin batera iraungi zen guztiz Ibargoitiko euskara, eta mendeak aurrera egin ahala, baita azken hiztunen ondorengoek gordetako oroitzapen eta azken kondarrak ere.

Idocin by ibargoiti.es

Idotzin. Iturria: www.ibargoiti.es

Encajados en el corredor natural que separa las sierras de Izaga e Izco, lugar de tránsito o peregrinación desde época temprana, el valle de Ibargoiti y su vecina Monreal, villa con asiento en Cortes, se han expresado en euskera al menos desde el siglo X, momento en el que se atestigua por primera vez el nombre del valle. Junto con la toponimia, es abundante la documentación escrita que desde el siglo XIV alude expresa y directamente a la lengua de uso diario en Monreal, Salinas, Idocin, Abínzano y el resto de lugares que han compuesto y compusieron en su día este espacio entre Elorz, La Vizcaya, Izagaondoa y Urraúl Bajo. Incluso hasta el inicio del siglo XIX, no hace más de doscientos años, las fuentes nos muestran ibargoitiarras incapaces de manejarse en castellano con la misma soltura con la que hablaron su lengua materna; entre ellos el célebre Francisco Espoz y Mina (1781-1836), natural de Idocin. Probablemente el euskera sobrevivió en Ibargoiti tanto como la propia centuria que lo vio declinar; no es improbable que los últimos hablantes del valle alcanzaran los albores del XX, siglo durante el cual se extinguieron de la memoria de las gentes del valle los recuerdos directos de la lengua de sus mayores, aparentemente lejana pero tan presente a la vez.


Severino Ornat (1931-2014)

Atzo jakin nuenez joan den urri amaieran hil zen Bidankozeko Severino Ornat Sanz. La Santa etxean jaiotako gizon hau izan zen 2013an blog honetan bertan eta 2014an UZTARO aldizkarian azken euskaldunzahar bidankoztarrak zirela-eta aurkeztu nituenak jakinarazi zizkidan berriemaileetako bat. Ageriko osasun-arazorik ez eta ezustean alde egin du orain egun gutxi.

lasanta_detaile

‘La Santa’ etxearen aurrealde-zatia (Irudia: www.vidangoz.com/bidankozarte/)

Gaztetxotan ezagutzera iritsi zen Severina Fuertes Larequi amona euskaldunari buruzko albisteak jaso nituen Ornat jaunaren bidez joan den udazkenean, eta hark esan zidan Fuertes anderea izan zela 40ko hamarkada hasieran Igaritik Erronkarirako errepide-lanean aritu ziren presoei euskaraz egin zien bidankoztar haietako bat.

Herriko ondare ez-materialaren zatitxo hori jaso eta horrela galdu ez izana, beraz, Ornat jaunari zor diogu.

Goian bego.

Panorámica de Vidángoz

Bidankoze, Erronkari

Ha fallecido recientemente el bidankoztarra Severino Ornat Sanz, de la casa ‘La Santa’, uno de los vecinos gracias a cuya ayuda pude recopilar la información sobre los últimos vascoparlantes de Vidángoz que compartí en el blog y ha sido recientemente publicada a través de la revista Uztaro.

Ornat tuvo ocasión de escuchar de boca de su abuela vascófona (Severina Fuertes Larequi, 1865-1946) el euskera roncalés que se extinguió hace ya varias décadas en la localidad. Su testimonio ha contribuido a preservar el recuerdo del habla vasca autóctona, perdida y borrada de la memoria colectiva en tantos lugares de Navarra pero no así en Vidángoz, donde además de los textos que afortunadamente nos ha legado, los recuerdos de Ornat y su generación han evitado que aquelllos últimos euskaldunes caigan en el olvido.

Descanse en paz.


Euskararen lekukoak: ARTZIBAR eta OROTZ-BETELU

Artzibar I

Artzibarko udal-dermioa (urdinez) eta Orotz-betelukoa (gorriz).

Urrobi eta Irati ibaiak ardatz, 1.646 biztanle zituen Artzibarrek XIX. mendearen erdialdean; haietarik 177 Nagore haranburuan bakarrik. Ez dira askoz gehiago gaur ibar osoan bizi direnak, behinolako populazioaren %85 galduta. Artzibartik banandu ostean 800 bizilagunetik gorako izandako Orotz-Betelun, aldiz, 200 ere ez dira egun. Tantaka-tantaka hustu zaizkio herriak iragan mendean zehar inguru eder honi; halaxe hustu zaio berezko euskara ere, XIX. mendera arte nagusi, gizaldi hura azkentzean Longida aldetik makaltzen hasia, XX.a heldu bitartean iparraldeko herrietan transmititua, eta milurte berriaren atarian ahitu eta galdutakoaren oihartzunari baino eusten ez diona. Ikaratzeko moduan ibili dira parean Artzibarren euskararen ahultzea eta orain biziberritu nahi duen haranarena berarena. Bizkortuko ahal dira biak.

Joana da, izatez, ibar honetako euskara; baina ezagutu nahi dituenarentzat arrasto, istorio eta lekuko franko utzirik. Hemengo laburpenean baino ederkiago dastatu daitezke ingurune eder hau sakon ezagutzearekin batera www.valledearce.com webgune interesgarrian.

Aspaldiko lekukotasunak

XIX. mendera arte euskara izan zen hizkuntza nagusi ibarrean; ez da horren adibiderik han-hemenka falta.

ARIZKUREN

Arizkuren; behinolako herria 1940ko hamarkadan hustu zen (Iturria: www.lebrelblanco.com).

XVI. gizaldiaren hasierak J.M. Satrustegik 1992an ezagutzera emandako euskarazko ezkontitzak utzi zizkigun Artzibarren, Nafarroako beste hainbat eskualdetan bezala. Catalina Arizkurengoaren eta Uliko Martin Jasoren arteko auzia eragin zuten: Catalinak ezkontitzok esan, nonbait, eta ukatu egin zuen beranduago baliozkoak zirenik; aitaren beldur zen, antza denez, eta esanak esan ez zuen haren baimenik gabe ezkontzeko asmorik. Prozesuan Arizkurengoak eta jasotarrak elkarri eman bide zioten agindua bildu zuten: njc prometaçen derauçut / ez secula çuri faltaceco / eta çuçaz verce emazteric / ez egujteco. Aurreraxeago, azken horren ordez, honela dator: vici naycen artean ez agujteco.

Ez da XVI. mendeko agiriek eskainitako lekukotasun bakarra: Arrietan (1554), idatziz jarri zuen eskribau batek —sarritan gertatu bezala— herritarrei jakinarazi beharreko ohar bat erromantzez eman ostean euskaraz azaldu behar izan ziela: les ley del principio hasta el fin la dicha sentencya declarándoles y dándoles a entender en bascuençe. Xabier Itulain ikertzaileak bildu du datua.

oroz betelu

Orotz-Betelu.

Mende amaierakoa da, bestalde (1598), Fernando Maiorak ezagutarazitako traydore, bellaco, ynçaç mandory esaldia (Esaldiaren interpretazio zuzena irakurtzeko, jo sarrera osteko oharretara. Mila esker, Borja!). Orotz-Beteluko abadeak zaltegi batean mando bat zela-eta izandako liskarrari buruzko prozesuan agertu da, Nafarroako Artxibo Orokorrean.

Artzibartarren ohiko hizkuntza euskara izanik, bada espero bezala horren oihartzunik 1587ko herri bascongadoen zerrenda ezagunean ere: multzo hartakotzat jo zituzten arrieta, V.ª nueu, esparrien, equiça, orizbetelu, gorraiz edo mizcoz [Mizkotz jaso izan da azken euskaldun zaharren ahotan ere egun Imizkotz dena aditzera emateko].

XVII. mende hasierakoa da (1626) Asnotz herrixkan gertatutako istorio xelebrea. Maria Enekoitz izeneko neska aezkoarraren aita hil ostean, Aurizko eskribau Pedro Bergararekin ezkondu zen ama. Kalterako izan zuen Maria gazteak aitaordea etxean sartzea: Bergara eginahalak egiten hasi zen bere seme bat alabaordearekin ezkon zedin, horrela emaztea hiltzen bazen Mariari egokitu beharreko aita zenaren ondasunak eskuratu nahirik. Aitaordearen ahaleginak ahalegin, neskak ez zuen amore eman. Izan ere, beste mutil bat zuen gustuko: Juan Iribarren, Asnozko jaun gaztea, Mariaren osaba baten iloba umezurtza.

Bergara aita-semeek haien asmoen aurkako ezkontza hura inola ere onartuko ez zutela eta mehatxuka hasiak zirela ikusirik, Maria eta Juan amarru bidez ezkondu ziren osabak lagunduta. Baimenak aurrez lortu, proklamak Aezkoan zein Asnotzen irakurri, eta Orreagara joan ziren, Juan Beltran bikarioarengana; aspaldiko adiskide zuen osabak Beltran hura. Bikarioa gaixorik zegoela baliatuta, eta bisitatzeko aitzakiaz, ohe ondora hurbildu eta bere aurrean esan zituzten Asnozko mutilak eta Maria Enekoitzek ezkontitzak: —Nay nauzu zure senarretaco? —Bay, naycen dizuz (sic). Esan orduko presaka egin zuten ihes: apaizaren borondatearen kontra eta Elizaren legeak hautsita izan arren, ezkontza xelebre hura izan, bazen, formula esan eta abadeak hitzak entzun egin baitzituen. Epaitu egin zuten nolanahi ere amarrugileen jokabidea, jakina, eta zigorrak ezarri —ezkontza behar bezala errepikatzea, barau egitea, purgatorioko animen aldeko hainbat meza agintzea…— baina zigor arinak irudituko zitzaizkion Maria Enekoitzi, Pedro Bergararen semearekin ezkondu beharretik askaturik. Aurreraxeago aipatuko dudan On Javier Ibarrak eman zuen argitara albiste hau 1930eko hamarkadan.

NHE 1767

Artzibar eta Agoitz ingurua —beste batzuen artean— erdaldundutzat jo zuten komisariek 1767an (Iturria: J. M. Jimeno Jurío).

XVIII. mendean Artzibarrek euskaldun zirauen arren, gaztelania ere pixkanaka-pixkanaka hurbildu (edo hurbilarazi) izanaren lehen zantzuak antzeman daitezke. Blogean behin baino gehiagotan azaldu bezala honako honetan ere, Nafarroako Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Artzibarren gaztelania aski ezaguna zela argudiatu zuten 1765etik aitzim, eta horrenbestez, gehiengoa euskaldun izan arren, bazuketela aurrerantzean beraiek ere herri haietan lan egiterik, eta ez komisari euskaldunek bakarrik: la mayor parte de personas hablan la lengua vascongada (…) los más saben y todos entienden el castellano, por haberse introducido este idioma generalmente con la plausible providencia de enseñarlo los Maestros en las escuelas que se han puesto, no sólo a los niños, prohibiéndoles el hablar bascuence, sino es también a las demás personas del pueblo. Romanzadotzat jotzeko eskatutako herrien zerrendan Artzibarko hauek guztiak bildu zituzten: Asnotz, Zazpe, Espotz, Zandueta,  Hiriberri, Arrieta, Saragueta, Uritz, Nagore, Urdiroz, Imizkotz, Lakabe, Usotz, Gorraitz, Lusarreta, Orotz Betelu eta Gurpegi. Haran osoa, hitz gutxitan.

Hala ere, urte haietan bertan (1782), almadiak zirela-eta sortutako hainbat gorabehera aztertzeko Artzibar, Aezkoa eta Zangozako ordezkarien arteko bilera izan zenean, erretoreak ere joan behar izan ziren aezkoar eta artzibartarrekin; izan ere, Zangozakoek ez zekiten euskaraz eta bi haranetako agintari zibilak nekez moldatuko ziren haiekin: no saben bascuenz y los diputados y regidores de los Valles de Aezcoa y Arce por lo regular, no saben otro idioma. Albistea ez dator bat komisari erdaldunek agertutako hizkuntza-paisaiarekin.

Are gehiago; XIX. mendea hasita —Jimeno Juríok Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan topatutakoaren arabera— Orbaizko eta Artziko erretoreak Otsako parrokia eskuratzeko lehian hasi zirenean, baztertu egin zuten otsarrek Orbaiztik zetorkiena ia ez baitzuten zerabilen mintzoa ulertzen, por ser muy diferente del de este País. Nekez izango zen hura euskalki-arazoa, Artzibarko Otsa eta Longidako Orbaitz elkarren ondoan egonik. Antza denez, oso euskaldun zirauen Artzibar hegoaldeko Otsak duela 200 urte. Ez zen luzerako izango, mendean zeharreko albisteek erakutsi digutenez; aldiz, Itzagaondoko Urbikainen bezalatsu, hamarkada gutxitan euskararen nagusitasuna hankaz gora joan zela ematen du.

Izan ere, Bonaparteren mapa da Artzibar inguruko euskara pattaltzen hasi izanaren lehenbiziko lekuko argia. Haran hegoaldean ezarri zuen printzeak hizkuntza nagusi zeneko eremuaren muga 1863an: mugaz beheiti utzi zituen Longida erdaldunduagoa bertatik bertara zuten Olorices baserrietako bat, Otsa bera eta Zazpe herrixka, mapan kolore argiagoa zutelarik.

Bonaparte

Bonaparte, 1863. Euskara ahul Longidan eta Artzibar hegoaldean. Urraulgoitin (behean, eskuin, Ezkaniz) desagertze bidean.

Artzibarri buruzko xehetasunak jasotze aldera, 1865 eta 1869 bitartean Arrietako maisu Juan Cruz Elizaldek prestatutako doktrina-testuak baliatu zituen printzeak. Bonaparte Ondareko 60 eta 61. eskuizkribuak dira eta Nafarroako Artxibo Orokorrean daude ikusgai.

gurpegi-130309-18

Gurpegik 30 biztanle izan zituen behinola, XX. mendean hustu aurretik. 1860an euskara zuen nagusi (Iturria: J. Etxegoien)

Brocak (1874) oso antzeko albisteak eman zituen bere mapan; kontuan hartzekoa da hori, sendagile frantziarraren eta Luis Luziano Bonaparteren datuak ez baitziren beti bat etorri. Sainte-Foy-la-Grandekoari helarazitako txostenen arabera haranaren iparraldeko Urdirotz eta Gorraitzen euskara baino ez zuten ibiltzen;  Uritzen eta Espotzen, aldiz, —zer esanik ez hegoalderago— bi hizkuntzak zerabiltzaten ordurako. Erraza da erabilerari buruzko albiste hori Bonaparterek ezagutzaz emandakoetan txertatzea: Artzibar iparraldea guztiz euskalduna zatekeen oraindik baina gaztelania haranean gora zetorren, hegoaldean nagusitzen ari zen ordurako (zenbait herritan euskal hiztunak gutxiengo bihurtzeraino) eta erdialdean oraindik nagusi izan ez arren euskararen tokia hartzen hasia zen. Denbora baino ez zen behar hizkuntza-aldaketa erabatekoa bihurtzeko.

1900dik hona: harana eta euskara, gero eta itzaltzenago

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren azken oihartzuna larri-larri heldu zen XX. mendera Artzibar iparralde eta ekialdeko zenbait herritan; ikusi bezala gainerakoetan are zaharragoa zen etena. Duela 115 urte euskara zen nolanahi ere askoren hizkuntza ibarraren erdialde zabalean zehar. Bistakoa da hori Artzibarko apaizek 1904an Elizbarrutiak egin galdeketari eman zioten erantzunari begira:  lau baino ez ziren izan “¿Se habla vasco?” galderari “No” erantzun zioten herriak: aspaldixko erdaldundutako Otsarekin batera Artozki, Uritz eta Zandueta. Erantzuleen interpretazioa gorabehera, nekez ulertu behar da horri begira azken hiruretan bederen euskaldunik ez zegoenik: Uritzen, esaterako, 75 urte beranduago ere baziren.

Nolanahi ere nabarmena da erdarak zekarren indarra, hegoaldean bezala erdialdean; horren arrastoa utzi digute Eki ezizendun idazle anomimo batek Napartarra aldizkarian 1916tik aurrera karrikaratutako zazpi kronikek. Haran inguruko mintzoa hainbat hitz garbizale eta bestelakorekin nahasi-mahasi samar erabiliz, gogor kritikatu zituen Ekik Artzibarren euskara bazter utzi zutenak eta, bereziki, aspaldiko mintzoari garrantzirik ematen ez zioten agintariak. Hizkuntzaren egoerari buruzko zeharkako albiste baliotsuak ere eman zituen: Urdiroztik goiti eta Irati arroan hizkuntza mintzatua euskara zela iradokitzen dute hark idatzitakoek. Litekeena da berriemaile hura ere herri haietako batekoa izatea. 1917an isildu ziren, tamalez, bere kronikak.

Urte batzuk beranduago —1920ko hamarkada hasieran—, beste hainbat eremu bezala Damaso Intzak Artzibar ere aditz-joko nafarra aztertu nahirik zeharkatu eta gero, Erizkizundi Irukoitzarako inkestak egin zituzten haranean: Azkuek Arrietan, eta Etxalarko Eusebio kaputxinoak Orotzen eta  Azparrenen. Ez dira guztiak gorde, zoritxarrez. Arritan Juana Ibarrola izan zen lekuko; Orotzen Graciana Escabel, Angel Orradre eta Fermin Arbunies. Azparrenen, aldiz, Fermin Etxandi. Urte haietan ari zen koxkortzen edota gazte bihurtzen Artzibarko azken belaunaldi euskalduna.

hiriberri-130322-03

Hiriberri (Iturria: J. Etxegoien).

Hamar bat urte beranduago beste ikertzaile bat (Aingeru Irigarai) Artzibarko euskararen mugez arduratu zenerako, nekez entzungo zen aldaera hura inongo gazteren ahotan ere. Iratialdean topatu zuen Irigaraik hizkuntza bizien, gibelka ordea: Azparren eta Orotzen, eta baita horren ondoko Gorraitzen ere. Haietan ba omen zen 30 urtez gorako euskaldunik, baina mendearekin batera jaiotako belaunaldi hark ez zerabilen euskararik eta 50 urtetik goitikoen ezpainetan baino ez zen entzuten. Adin hartan bertan zegoen antza ezagutzaren eta erabileraren muga Hiriberri, Arrieta, Saragueta eta Uritzen. Imizkotz eta Lusarretako 50 urte ingurukoek erabili ere ez zuten egiten; antzeko zerbait antzeman zitekeen Lakabe eta Gurpegin, eta euskara-pixarrak baino ez gainerako herriren batean. Ez da Urdirotz, Espotz edota Arizkurengo albisterik Irigarairen zerrendan; izango zen euskaldunik han ere. Dena den, ziztu bizian zihoan iheska euskara Urrobin zein Iratin gora.

Ez dut XX. mendearen erdialdeko albiste handirik ezagutzen, baina pentsatzekoa da 1904ko inkestan artean euskaradun jo zituzten haran hegoaldeko herri denetan —eta erdialdeko askotxotan— urte haietan desagertuko zirela azken hiztunak. Eta herriak berak hustu inoiz, hondar euskal hiztun horiek desagertzearekin batera. Lakabeko seme Javier Ibarra Murillo apaiz euskalduna (1626ko Asnozko pasadizoa ezagutzera eman zuena) 1955ean hil zen. Ederrena etxean jaioa zen 1876an; guraso biak artzibartarrak zituen. Huraxe izango zen Lakabeko azken euskaldun zaharretako bat; herria bera handik gutxira hustu zen. 1951n Gorraitzen hildako Patricia Bizkai Barber azparrendarra ere euskalduna zela badakit. Gazte samar hil zen (1895ean jaioa izanik) Azparrengo azken belaunaldi euskalduneko andere hura. Interesgarria da nolanahi ere Artzibar erdialdeko Espotz herrian jaiotako Jose Goñi Lusarreta, 1944an hildakoa, euskararekin baino dorpeago moldatzen zela gaztelaniarekin. Baziren oraindik horrelakoak Artzibarren 1950. urtearen atarian.

Azken hiztunak

1970etik aurrera beste aditu belaunaldi batek Artzibarko euskal hiztunen nondik norakoa ikertzeari ekin zionerako desagerpenaren aurreko urratsean topatu zuten haraneko hizkera.

arrieta2

Arrieta (Iturria: J. Etxegoien).

Irizarrek (1970) estatistika gordina utzi zuen: Orotzen 11 euskaldun aipatu zizkioten, eta Artzibar osoan beste 16 (lau Arrietan, hiruna Lusarreta eta Hiriberrin, bi Uritzen eta bana Azparren, Espotz, Imizkotz eta Saraguetan). Zehaztasun handiko datuok Benito Urtasun ikertzaileak eman zizkion, azken euskaldunak 1900ean jaiotakoak zirela berretsiz. Urtasunek berak Orotz-Beteluko toponimia jaso zuen eta 1971n FLV aldizkarian ezagutzera eman ere bai. 65 urteko Manuel Arzelus izan zuen berriemaile. Arzelustarrak izan zien Orotzen euskara jaso zuten azkenetakoak, azkenak agian; dena den, Manuelen bost anaia-arrebak Uruguaira joan eta bertan gelditu ziren, eta ez dakit baten batek euskarari eutsi zion ala ez. Zaharrenak –Florencia eta Carmen arrebak- 1990 eta 1995ean hil ziren.

Artolak, bestalde, haraneko mintzoa biltzeari ekin zion 1971n bertan Hiriberrin, eta hainbat herritako hiztunak elkarrizketatu zituen hogei bat urtez: donostiarrari eta azken labekadako hiztun haien ekarpenari zor dizkiegu Artzibarko aldaeraren inguruko xehetasun asko. 1980an Artola bera eta Josu Tellabide baleko hiztun bila euskararen hego-mugak orrazten aritu zirenean,  honako herri hauetan topatu zituzten euskaraz ongi(ska) defendatzen ziren artzibartarrak: Lusarretan, Hiriberrin, Arrietan, Imizkotzen, Urdirotzen, Uritzen, Espotzen, Azparrenen eta Orotz-Betelun. Azken bietan, ‘ozta-ozta’ gainera, hiztun osoei muga-hiztunak gailentzen hasita nonbait. Artolak aurkitu zuten lekukorik gazteena, Soledad Arbonies, 51 urtekoa zen. 1971 hartan bertan hil zen Calixto Legasa artzibartar euskalduna, II. Errepublikan zinegotzi izandakoa eta Artozkiko Juriko etxera ezkondua. Ez dakit, ordea, Artozkin bertan sortua ote zen.

Jarraian, azken urte hauetako hondar hiztun eta muga-hiztunen zerrendatxo bat emango dut; denak ez badira gehien-gehienak bederen Koldo Artolak berak elkarrizketatu zituen 1971etik 1989ra bitartean. Batzuk informazio gutxi emateko gauza izan baziren ere, beste zenbaiten ekarpena garrantzi handikoa izan zen Irizarren adizkera-lanetarako:

Saturnino Etxamendi

Saturnino Etxamendi arrietarra (1985), eta Francisca Zilbeti emazte erroibartarra; euskalduna hura ere. (Iturria: Fontes Linguae Vasconum)

Orotzen Gregorio Arzelus Arzelus (1904-1986), Manuel Arzelus Gortari (1906-1985) eta Dionisia Lekunberri Orradre (1899-1991), nik dakidala herriko azken euskaldun zaharra.

Arrietan Marterena etxeko Saturnino Etxamendi Larrea, 1901ean sortua. Koldo Artolak Artzibarren izandako berriemailerik baliotsuenetako bat; 1981etik 1992ra bitarteko harremana izan zuten. Ibarreko azken euskaldun osoa izan zen Etxamendi seguru asko; Barañainen hil zen 1993ko abuztuaren 25ean.

Azparrenen Gregoria Bizkai Escabel (1901-1989), herriko euskara tirriki-tarraka gorde zuen azkeneko hiztuna.

Espotzen Manuel Zazpe Garde (1905) izan zen euskararen apurrak emateko hondar lekuko balekoa, baina hura ez zen zahartzaroan hizketan aritzeko bezain ongi moldatzen. 1986an bizi zen oraindik.

Badut susmoa Zazpe baino euskaldunxeago ote ziren Arriasgoitiko Galdurotzera ezkondu eta 1944an hildako Jose Goñi Lusarreta espoztarraren hiru semeak: Victoriano, Aniceto eta José León Goñi anaiak. Victoriano 1984 aldera hil zen. Arriasgoitiz aritzerakoan zabalago aipatuko ditut goñitar hauek.

Lusarretako Jose Larrea Arozena (1902-1990) berriemaile izan zen baina muga-hiztuna baino ez zen hura ere. Hango euskararen berri eman zezakeen azken pertsona izan arren, ulertu besterik ez zuen egiten; ez zen elkarrizketa bat izateko gauza.

Imizkozen euskara pixar batzuk besterik ez zituen gorde Vicente Inda Errok (1907-1991).

Hiriberrin 1901ean jaiotako Ambrosio Usoz Imirizaldu (1928an Estatu Batuetara alde egin eta Kalifornian iparraldeko artzai franko mintzakide izandakoa), Francisca Larragueta Imirizaldu (1905-1983) eta arestian aipatu Soledad Arbonies Larrageta, 1920an sortua. Andere hau, euskaldun oso baino hartzaileagoa izan arren (asko xamar ulertzen du baina mintzatu gutxi, Koldo Artolaren hitzetan) oso lagungarri izan zuen Aitor Aranak duela hamar urte Artzibarko hiztegiari buruzko liburua argitaratzeko. Tafallan bizi da gaur egun, 94 urteak beteta.

Hauek guztiek eta beste hainbatek emandako informazioaren laguntzaz, Orreaga Ibarra edota Iñaki Camino ere aritu dira XXI. mende honetan Artzibarko mintzoa ikertzen eta mendeetako ondarea galbidetik ateratzen. Ondare horren erakusgarri, hona hemen Arrietako Saturnino Etxamendik Koldo Artolari 1981ean abestu zion gaztetako Gabon-kanta (Iturria: FLV 113 (2011), 300-301. or.).

– Kantatzen zenuten euskaraz zerbait?

– Ni… jústo-jústo oròitzen náiz zerbáit: Jaiki, jaiki artzaiñak, ernatu goizean, Belengo ziudadean Jesus jaio da ta. Eztuzie jinestatzen ikusi artean, antxen deskansaturik, zure triste ori. Ni, no sé, alguna cosa así era.

– Eman, eman berriz…

Jaiki, jaiki artzaiñak
Ernatu goizean
Belengo ziudadean
Jesus jaio da ta.
Eztuzie jinestatzen
Ikusi artean
Antxen deskansaturik
Zure triste ori 

No sé, algo lo he cambiaö, e?

– Kontxo, oso polita da… eta bertzerik ez zen?
– Yo me acuerdo justamente… jústo-jústo oròitzen náiz, artzáiak, juàtentziré, mezára? eguérdiko… o gabérdiko mezán? altxinàrruekín ta… ¿cómo le llaman al zamárro? zamárruák? ta… bére górro… áundi aetái? ta abàrkekín, ta axúri zenbáit óla… bésoan, aurrári adóratzerá, a Jesús, a adorar…
– Muin ematera, edo muxu edo pott edo… nola erraten da?
– Ápa emáterá. Fiárki pollíta ìten züté orduan; géro yá… galdú ze déna, gáldu ziré.

Artzibarko euskararen galera 3.0

Artzibarko euskararen galera. Egin klik irudian gertuagotik ikusteko. Gorriz, azken hiztun ezagunen heriotza-urtea. Berdez, euskaldun osoak ez ziren azken muga-hiztunena. Urdinez, herrietan euskaldunen bat gelditzeari buruzko albisterik berankorrenak noizkoak diren.

A la vez que el drama de la despoblación que tan duramente le ha golpeado a lo largo del último siglo, el navarro valle de Arce / Artzibar ha vivido en paralelo durante ese mismo tiempo el progresivo debilitamiento y la desaparición de su habla vasca autóctona, extinguida en la práctica durante el último cuarto del siglo XX y cuyo último exponente es la hiriberritarra de 94 años Soledad Arboniés, que de niña, en época ya muy tardía (década de 1920) llegó a hacer suyo en parte el euskera de sus mayores. La crónica del euskera de Arce debe necesariamente recoger, por un lado, los ecos de largos siglos de vitalidad presentes en innumerables topónimos y que van aflorando también en diferentes archivos; y, por otro, el recuerdo de aquella última generación de artzibartarras que aún hace pocos años dieron testimonio del habla que alcanzaron en mayor o medida a aprender, y que los convierte en transmisores del patrimonio inmaterial del valle; por ello acompaña a esta entrada una lista con buena parte de esos últimos hablantes que lo poblaron hasta tiempos muy recientes.


Bidankozeko euskaldunei buruzko albisteak argitara emanda

Joan den urte amaieran, blog honen bidez, XX. mendean Erronkari haraneko Bidankoze herrian bizi izan zen azken belaunaldi euskaldunaren inguruko zenbait albiste eman nituen. Orain paperean dago eskura orduko lan hartan oinarritutako artikulua, UEUri eta UZTARO aldizkariari esker.

uztarologo2

“Bidankozeko gerraosteko euskaldunak” du izena artikuluak eta 2014ko uztail-irailei dagokien UZTARO aldizkariaren 90. zenbakian argitaratu da.


Hizkuntzaren lekukoak: EZKABARTE

Ezkaba Ip

Ezkabarte ibarra Ezkaba menditik.

Ezkaba He

Iruñerria Ezkaba menditik. Argazkiak: Julio Asunción.

Azken aldi honetan San Cristobal ere esaten dioten Ezkaba mendiak eman dizkio izena eta izana magalean sortutako haranari. Mikel Belaskoren iritziz ‘Ezkabako haitzartea’ izan liteke Ezkabarte toponimoaren esanahia, eta Iruñetik zetozenek ibarrera jotzeko baitezpada igaro beharreko tokiari egingo zion erreferentzia. 900 metro inguruko tontor hau ez da haraneko garaiena (hemen Jose Mari Pastor eutsatarraren azalpena), baina udal-dermioaren hegoaldea alderik alde zizelkatzeaz gain, ahazten zailak diren gogorapen garratzak sortarazi ditu XX. mendeko nafar askorengan, 1878an eraiki eta Gerra Zibil inguruko urte ilunetan heriotza gune bilakatutako gotorlekuagatik. San Cristobal izena nagusitu zen orduan, baina XIII. mendetik bederen ezagutzen ditugu escaua edo ecquaua bezalako toponimoak.

Erdi Aro urrun hartan euskaraz mintzatuko ziren noski Arre, Orikain, Sorauren, Eutsa, Makirriain eta abarreko biztanle gehien-gehienak, denak ez baziren. Baita historiaren zurrunbiloan itotako Eguntzun edo Elegi bezalako herrietakoak ere. Eremu zinez interesgarria da Ezkabarte Nafarroako euskararen iraupen-galeren begiekin aztertuta. Izan ere, nahiz eta berez Iruñerrikotzat ez jo ondo-ondoan du haran hegoaldeak hiriburua (Arre Iruñetik 5 kilometrora besterik ez dago), eta, bestetik, ipar-muturrean den Anotzek askoz hurbilago du Odieta harana -bertako euskarari XXI. mendera arte eutsi diona- Ezkabarteko gainerako herrixkak baino.

Hartara, Ezkabarteko euskararen gainbehera aztertzea ia bi mendetan zehar gertatu den prozesuaren kronika egiten saiatzea da. Azken berrehun urte horietako xehetasun batzuk ematen ahaleginduko naiz, datu zaharragoren batzuk bazterrean utzi gabe.

XIX. mendera arte: euskara nonahi

Zildotz

Zildotz. XVII zein XVIII. mendeetako lekukotasunak utzi ditu bertan euskarak.

Erdi Aroko leku-izenetan argi eta garbi antzeman daitekeen euskara bizi-bizirik zegoen XVI. mendean ere Ezkabarten barrena. Gizaldi hondarreko nafar herrien zerrenda ezagunean macaryayn, sorauren, acoz edota ezcaba bildu zituen eskribauak; esan gabe doa guztiak sartu zituela bascongadoen zerrendan. Euskaldun hutsak ziren Iruñe inguruko herrixka haiek. 

Zildozko 1629 eta 1631ko bi lekukotasuni esker badakigu zamuka esaten zietela ezkabartearrek korkoinak-eta garraiatzeko erabiltzen zituzten kakoei, eta isun, aldiz, lur-eremuren batean ezarritako debekuari: …a oydo decir que se suele poner vedado o ysun, que asi lo llaman de bascuençe / que en su lenguaje llaman ysun… (1631).

Arre2

Arre eta Arga ibaia. Ezkabarteko irudirik ezagunenetako bat.

XVII eta XVIII. mendeetan zeharreko toponimo askok eta askok hurbilduko gaituzte ezkabartearrek euren etxalde, alor edo mendiak izendatzeko zerabilten hizkuntzara. Hara, besteak beste, Aranbidegaña (Zildotz, 1699), Askapea (Orikain, 1777), Azotzaldea (Eutsa, 1718), Elizgibela (Azotz, 1777), Euntzebidea (Orrio, 1796), Orriobidea (Makirriain, 1678), Zabaldikaldea (Sorauren, 1741) edo Zokoa (Arre, 1782). Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Arre, Orikain, Sorauren, Ezkaba edo Azotz ordura arte bezala euskaldun huts ez, eta haientzako lan-eremutzat ere jo zitzatela eskatu zutenean (1767), zeharka eta haien asmoaren kontra ibarraren ordura arteko euskalduntasun osoa ari ziren aitortzen.

Urte haietako altxor eder bat utzi digu gainera Ezkabarteko euskarak: Zildotzen (1773), herriaren mintzoa baliatuz idatzi zuten kontzejukoek arma eta neurri zenbaiten inbentario bat. Udal agiri itxurapean idatzia dator Aingeru Irigaraik ezagutzera emandako dokumentua; gutxi dira euskarak eman dizkigun tankera beretsuko idazki zaharrak. Lerro hauen azpian duzue testua.

Zildotz 1773b

“Milla eta zazpitan eun eta yrutan oguei eta amiru guaren vrtean; celaric ReJidore Juan de Suescun, Gostunbrazen zen Bezala entreguatu zizaizquio vrte beri egunarequi Auzoco Armac: eta artuzitue por Inmentario; Zerenguatic Alziñeco urte zenbaites faltatu ziren zenbait paper…” (handitu irudia klik eginez)

XIX. mendea. Jarraipenaren etena.

Asko dira Iruñerrian zehar euskararen hondamendia XIX. mende hasieran gorpuzten hasi zela erakusten duten lekukotasunak (hemen, esaterako, Jimeno Juriok Egues harana dela-eta argitara eman zuena). Orduantxe abiatuko zen noski hizkuntzaren higatzea Iruñera begira dagoen Ezkabarte hego-ekialdean ere (Arre, Orikain, Azotz). Bonaparteren mapan berde argiz ageri da eremu hura; 1860ko hamarkadan euskaraz aritzen ziren hiztunak bazirela, baina ordurako gutxiengo zirela esan nahi du horrek. Euskararik gabeko lehen belaunaldia ez zen, nonbait, hiru herri horietan Lehen Karlistaldia baino beranduago jaio. Duela 150 urte Atarrabia, Burlata eta Iruñe atari-atari hartan euskararik bazela behintzat badakigu, nolanahi ere, mapari esker.

Haranaren erdialdean gehixeago iraun zuen euskararen transmisioak; XIX. mende hasieran hizkuntzak oraindik bazuen bizitasunaren seinale da, esaterako, Juan Francisco Goñi maisuak Makirriaingo eskolan idatzitako euskarazko doktrina (1828). Hainbat urte beranduago, 1860 inguruan, ez zen oraindik euskararen jarraipena eten Ezkabarte mendebaldean; baina aldatze bidean zen egoera. Sasoi hartan jaio zen Orrion urteen joanean Olaibarko azken euskaldun zahar bihurturiko Jose Maria Makirriainen aita. Orrioko seme hark ba omen zekien euskaraz, baina ez biribil. Ama (Etsaingo anuetarra) euskaldunagoa izango zen noski. Makirriain jauna muga-hiztuna zen, beraz. Zildotzekin batera Txulapain euskaldunagora begira zegoen Orrion euskararen jarraipena urte haietan ari bazen higatzen, ez zen bestela gertatuko ibarrean barrenerago dauden Makirriain, Garrues edo Eutsan. Zildotzen, nolanahi ere, 1860 inguru hartan bertan jaiotako emakume euskaldun baten aditzea dago Koldo Artolari esker, eta Pedro Diez de Ultzurrun sendagile euskaltzalearen aitona zildoztarra ere urte hartan sortua zen. Ekialdean dagoen Soraurenen, aldiz, gauza ezaguna da Antonio Atondo Arraiza euskal hiztuna 1872an jaio zela, baina nik behintzat ez dut herri hauetan bera baino beranduago sortutako inongo euskaldunen berri jakin.

Bonapartek mapa prestatu zuen urteetan, beraz, euskara zen nagusi Zildotz-Sorauren lerroan eta euskaldunak eremu hartako (ia) biztanle guztiak; baina herri gehienetan euskararik gabeko lehendabiziko belaunaldia orduantxe sortzen ari zela ematen du. Dena den, euskara ezinbesteko hizkuntza zen oraindik erlijio betebeharretarako: 1878an Aita Isidoro Zildozkoak idatzitako prediku bat arestian aipatu Diez de Ultzurrun sendagile iruindarraren eskuetara heldu zen.

Ibarraren hego-muturreko Azotz, Orikain eta Arreren ondotik, badirudi Garrues eta Ezkaba izan zirela erdaldundu ziren hurrengoak. Litekeen gauza da haien kokapena kontuan harturik. 1878an bertan, Asociación Éuskara delakoaren ekimenez eta euskararen orduko egoera zehaztu nahian hainbat eskualdetako bazkideek galdetegi bati erantzun ziotelarik, Oltzako bizilagun batek ia Ezkabarte osoa bildu zuen euskara ‘con bastante generalidad’ gordetzen omen zuen eremuaren baitan. Sorauren, Eusa, Orrio eta Makirriain zonalde horretan sartu zituen. Ez, ordea, Ezkaba eta Garrues, Bonapartek hamarkada bat lehenago haiexek ere berde ilunez margotu zituen arren. Bi herriotan euskara gainbehera zihoala pentsatu daiteke.

XX. mende hasiera. Ezkabarte erdialdeko euskararen azken hatsak.

makirriain

Makirriaingo txoko bat

Ezkabarte erdialdean euskarak 1900 inguruan bizi zuen egoera traketsa hainbat iturriri esker azter daiteke. Ez dira guztiz koherenteak, baina nahikoa irudi argia eskaintzen dutela uste dut.

1904an Elizbarrutiko Guía estadística-rako ¿Se habla vasco? galdera egin zutenean, Orrio, Zildotz, Eutsa, Makirriain eta Garruesen erantzun zuten baietz (baita gaur herri ez diren Aderitz, Nagitz eta Elegin ere). Hauetan guztietan, euskara oraindik hitz egiten zela erantzuteko bezain pixkor zegoen, antza. Gainerako herri guztietan ezezkoa eman zuten ordea; guztiz galdua izango zen agian ordurako Arre eta Orikain inguruan. 1904ko datu horiek, alabaina, ezin dira beti egia ziurtzat jo; 1878an euskaldun samartzat jo ez zuten Garruesen 26 urte beranduago baiezkoa eman eta Sorauren herria, ostera, ez zuten 1904koan aipatu, artean euskalduna zela beste iturri bati esker dakigun arren: arestian aurkeztu dudan Jose Maria Makirriain euskaldun olaiztarra 1888an jaioa zen, eta zahartzaroan adierazi zuenez bere gazte denboran ‘en Sorauren hablaban [euskaraz] hasta los gatos’. Litekeen gauza da ordurako haur soraurendarrak erdaldunak izatea, baina euskara indarrean egotea 30-40 urtetik gorako askoren ahotan. Garbi dago hizkuntza bizia zela oraindik, nekez eragingo baitzuen bestela aipatu pertzeptzio hura olaibartarraren gogoan; baina galtzen hasia zen Soraurengo euskara.

Transmisioaren etena agerikoa zen ordurako Ezkabarte erdiguneko herrietan. 1865an-edo Berriogoitin jaiotako antsoaindar euskaldun bat Ezkabartera ezkondu eta 1903-5 aldera jaio zitzaion semea Makirriainen. Aita ez bezala, erdaldun hazi zen seme hura. Koldo Artolak bildu zuen albistea semearen ahotik 1980ko hamarkadan. Zeharkako beste hainbat datuk berretsirik pentsa daiteke XX. mendean ez zela Zildotz eta Sorauren artean euskaldun zahar alerik ere jaio.

sorauren

Sorauren

1935ean Aingeru Irigarai Nafarroako euskal mintzoen hego-muga finkatzen ahalegindu zenean, doi-doia heldu ziren bere galdeketa ahaleginak eremu hartara. Sorauren izan zen zerrendaratu zuen Ezkabarteko herri bakarra, eta VII. multzoan egokitu zuen: adinekoren bat baino ez bide zen euskal hiztun, eta mintzo zaharra erabili ere egin gabe, nonbait. 30 urte lehenago katuak ere euskaldun omen ziren herri hartan desagertzear zen beraz euskara. Egun 77 urte dituen Jose Luis Borda Arraiza soraurendarrak gogoan duen herriko euskaldun zahar bakarra lehen aipatu dudan Antonio Atondo Arraiza bera da, bere aitona. Antonio Atondo 1944an edo 1945ean hil zen. Beste lekukotasunik agertu ezean, herriko euskara berarekin joan zela pentsa daiteke.

Urte haietan itzali bide zen euskara Zildotzen ere. 1925 inguruan jaiotako zildoztar batek adierazia da gaztetxoa zelarik amona entzuten zuela euskaraz, adin handiko beste zenbait herritarrekin ari zenean. Albistea 1935-40 ingurukoa izan liteke, eta amona 1865ean-edo jaioa zen, Diez de Ultzurrunen aitona euskalduna baino apurtxo bat beranduago, ausaz. Litekeena da pentsatzea hondar euskaldun zildoztar hauen belaunaldia ere, Soraurengoa bezalatsu, 1945-50 inguruan desagertu zela.

Ordurako, arrunt erauzia egongo zen euskara hegoalderago. Garruesen 1944an-edo ia 90 urte zituela hildako emakume batek ez zekien euskaraz. Halaxe adierazi zion Tomas Andueza garruestarak Koldo Artolari.

Diez de Ultzurrun sendagileak 1960an ezagutarazi zuen Makirriaingo 1828ko katixima Euskera agerkarian. Artikuluan adierazi zuenez, Zildotzen ez zegoen ordurako euskal hiztunik. Ezkabarteko euskara itolarrian zen eta iparraldean, Anotzen, bilatu behar ziren halabeharrez azken kondarrak.

Ezkabarte euskararen galera

Ezkabarteko euskararen galera-prozesua (hurbilpena). Koloreek gutxi gorabeherako mugak adierazten dituzte.

1950etik aurrerakoak. Anozko hondar hiztunak.

Anotz, esan dudan bezala, Odieta aldera dago begira, eta errepidez ere Odietako Anozibarrekin baino ez dago lotuta. Herri txiki-txikia da: 10 biztanletik beherakoa egun. XIX. mendean ere, ez ziren 60 baino gehiago. Gainerako herrietan euskara gainbehera zetorrelarik puskatxo batez iraun zuen han, Motxal izeneko etxean gutxienik: bertan XX. mende hasierara arte munduratu ziren haur euskaldunak. Odietako Erripetik Anotzera ezkondu eta gaztelaniarik jakin ere ez zekien Josefa Artzeren bi seme-alaba behintzat, euskaradun hazi ziren etxe hartan: 1908an jaiotako Celedonia Zenotz Artze, eta honen anaia Andres (1914). Hauek izan ziren Ezkabarteko azken haur euskaldunak. Beste anaia bat ere izan zuten, Manuel, baina ez du ematen euskara jasotzera heldu zenik.

IMG_20140519_093639

Anotz, 2014ko udaberrian

IMG_20140519_093719

Harri horien gainean egon zen eraitsi zuten arte Anozko Motxal izeneko etxea.

Celedonia Beltranenako Julian Artazkozekin ezkondu zen; erdalduna bera, Motxal ez beste etxe guztietako anoztar adinkideak bezalaxe. Horixe adierazi dit ezkontza hartatik jaiotako Maria Artazkozek; 76 urte ditu gaur. 1962ra arte Anotzen bizi izan zen eta ez zuen herrian beste etxe euskaldunik ezagutu; gogoan du, aldiz, ama eta osaba Andres euskaraz aritzen zirela elkarrekin. Maria gaztearen zeregina amona Josefa zaintzea izan zenez, eta hark asko egiten baitzion euskaraz -gaztelania trakets baino jakin ez-eta!- euskara pindartxo batzuk jasotzera heldu zen biloba gazteena, ahizpa ez bezala: nongoa zara? Egun on! Bai zuri’re!. Penaz esaten ditu gaur Mariak hitz horiek, haraneko euskaldun zahar bakarren altzoan hazi eta gehiago erakutsi ez ziotelako. Diez de Ultzurrunen esanetan 50 urtez gorakoak ziren euskaldun herrian 1960an; Erripeko amonarekin batera, beharbada Motxal etxeko Celedonia eta Andres baino ez.

Urte batzuk beranduago jaiotetxea utzi (errentan bizi ziren bertan) eta Iruñera egin zuten anoztar haiek. Horrexegatik ez zuen Sánchez Carrionek euskaldunik aurkitu 1970ean, nahiz eta Anozko euskara eman eta Ezkabarteko mintzoaren kolorea antzematen lagun zezaketen azken lekukoak izan baziren, oraindik.

Beste haran askotakoak bezain isil-isilik joango zitzaizkigun Koldo Artola nekaezinaren pazientziagatik izan ez balitz. Ikerle gipuzkoarrak ere, jakina, ez zuen Anotzen euskaldunik topatu 1980ko hamarkadan herria bisitatu zenean. Hala ere, hiriburura alde egindako anoztarren arrastoari segi eta Motxaleko Celedonia aurkitzeko gauza izan zen. Ez, ordea, anaia, Andres 1976an hila baitzen; baina Ezkabarteko azken euskaldun zaharra elkarrizketatu, 1981ean eta 1982an hainbat grabazio egin eta lekukotasun ederra bildu ahal izan zuen Artolak. 1985ean eman zuen argitara Ezkabarteko azken euskaldun zaharrari buruzko lana.

Maria Artazkozen esanetan fede handiko emakumea izan zen Celedonia, euskaraz baino ez zekien Erripeko Josefaren alaba. 1993ko irailaren 24an hil zen, bihotzez maite omen zuen Maria Auxiliadora egun batez. Hona hemen, amaiera gisa, emakume hark Koldo Artolari Ezkabarteko euskaraz kontatutako pasadizo ttiki bat, Olaizko artzaia topatu zuenekoa.

Aldi bétez… Oláizko… artzái bét… yoàn tzén… gúre… gùre erriko…oyanéra; falta zuén… fálta zituén ardí betzuk, eta… billetzéra, ayén billátzera; ta ni, nindabillén án, beyéki te… biórreki(n)… álde batétik, kártzen bèrtze aldéra… ta ník, ikúsi nuénian… múletaki(n)…zábillèla …! útzi béyek eta biórrak án, eta laixtérka yoán nitzén… neré anáie béstze eskín batián tzén, billátzera (barrez), ikerátuik!

Nafarroako udalerriak TxulapainEncajado entre los arrabales de Pamplona y valles de muy reciente pérdida del euskera, el desgaste de la lengua vasca a lo largo del municipio de Ezkabarte se ha propagado desde el sur hacia el norte a lo largo de los últimos dos siglos, de tal manera que mientras en localidades como Arre u Oricáin no queda ya recuerdo alguno ni memoria de sus vascohablantes, en el extremo septentrional del valle ha sido posible llegar a conocerlos e incluso recoger los últimos rescoldos del habla en la que se expresaron los ezkabartearras desde que existe memoria histórica de sus tierras. En el eje E-O que vertebra el valle desde Sorauren a Cildoz la desaparición completa del euskera autóctono no parece haberse producido antes de 1950.


Nafarroako solasak: Anue

aritzu-anue-navarra_69372015

Aritzun sortutako hiru bat euskaldun zahar anuetar bizi da gaur egun.

Joan den urtean zehar blog honetan azaldu bezala (ikusi sarrera honetan eta beste honetan) galbidean dago gaur egun Anue bailarako mintzoa. 6-7 euskaldun zaharren aditzea dut une honetan, 70 urtetik gorakoak denak, Aritzu, Olague, Leazkue eta Etulainen sortuak eta haranean zein inguruko herrietan zehar barreiatuak. Bada zorionez euskaldun ugari gazteagoen artean, baina aipatutako dozena erditxo horiek dira ibarrean betidanik baliatu den hizkerara hurbil gaitzaketen azkenak. Garrantzi handikoa da horregatik beraien lekukotasuna eta hainbat bidetatik jaso da azken urte hauetan.

Alde batetik, aipagarria da Labrit Multimediak ibarraren ondare ez-materiala jasotzearren bildutako ikus-entzunezko materiala; 25 bat orduko uzta guztira, hainbat herri ezberdinetako 14 lekukori zor dioguna. Lekuko horietan artean daude, jakina, Anueko azken euskaldun zaharretako batzuk ere.

LABRIT

Egin klik irudian bideoa ikusteko

Labrit Multimediaren irudian klik eginez, jasotakoaren zatitxo bat izango duzue ikusgai; 22 minutuko lagina. Kamera aurrean ikusi ahal izango dituzuen euskal hiztun anuetar aipagarrienak Olagueko Pedro Senosiain (herriko azken euskaldun zaharra; 5’30″etik 7’45″era), eta Aritzuko Graciosa Villanueva dira (13’55”-15’35”). Maxi Urteaga aritzuarraren hitz batzuk ere bilduta daude amaiera aldean, eta horrekin batera Egozkuen bizi den Juan Aleman baztandarraren jarduna ere bai.

Euskararik ez dakien Gerardo Larralderen lekukotasuna ere interesgarria da (3′-3’45”) bere guraso eta aiton-amonen euskalduntasunaz mintzo baita.

play2Labrit Multimediakoek interneten eskegitako bideo horrekin batera, irudietan ageri den Graciosa Villanuevari aurten bertan egindako grabazio luzeago baten zatia ekarri dut sarrera honetara. Graciosa 1944an jaio zen eta poliki moldatzen da oraindik ere euskaraz; ezagutzen ditudan euskaldun zahar anuetarren artean gazteena da. Kontuan hartu beharrekoa da Gaztelu eta Illarregikoak zituela gurasoak; baina aritzuarra da sortzez eta eskolan hasi arte euskara besterik ez zekien; beste gauza batzuen artean, bera haurtxoa zela herrira bidalitako Ablitasko maisuak euskarari egin zion kalteaz mintzo da Graciosa. Audiora jotzeko, aski duzue ezkerretako irudian klik egitea.

 

 

 

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    262728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu