Tag: Ezkabarte

Ziorditik Uztarrozeraino (Koldo Artola)

Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.


Hizkuntzaren lekukoak: EZKABARTE

Ezkaba Ip

Ezkabarte ibarra Ezkaba menditik.

Ezkaba He

Iruñerria Ezkaba menditik. Argazkiak: Julio Asunción.

Azken aldi honetan San Cristobal ere esaten dioten Ezkaba mendiak eman dizkio izena eta izana magalean sortutako haranari. Mikel Belaskoren iritziz ‘Ezkabako haitzartea’ izan liteke Ezkabarte toponimoaren esanahia, eta Iruñetik zetozenek ibarrera jotzeko baitezpada igaro beharreko tokiari egingo zion erreferentzia. 900 metro inguruko tontor hau ez da haraneko garaiena (hemen Jose Mari Pastor eutsatarraren azalpena), baina udal-dermioaren hegoaldea alderik alde zizelkatzeaz gain, ahazten zailak diren gogorapen garratzak sortarazi ditu XX. mendeko nafar askorengan, 1878an eraiki eta Gerra Zibil inguruko urte ilunetan heriotza gune bilakatutako gotorlekuagatik. San Cristobal izena nagusitu zen orduan, baina XIII. mendetik bederen ezagutzen ditugu escaua edo ecquaua bezalako toponimoak.

Erdi Aro urrun hartan euskaraz mintzatuko ziren noski Arre, Orikain, Sorauren, Eutsa, Makirriain eta abarreko biztanle gehien-gehienak, denak ez baziren. Baita historiaren zurrunbiloan itotako Eguntzun edo Elegi bezalako herrietakoak ere. Eremu zinez interesgarria da Ezkabarte Nafarroako euskararen iraupen-galeren begiekin aztertuta. Izan ere, nahiz eta berez Iruñerrikotzat ez jo ondo-ondoan du haran hegoaldeak hiriburua (Arre Iruñetik 5 kilometrora besterik ez dago), eta, bestetik, ipar-muturrean den Anotzek askoz hurbilago du Odieta harana -bertako euskarari XXI. mendera arte eutsi diona- Ezkabarteko gainerako herrixkak baino.

Hartara, Ezkabarteko euskararen gainbehera aztertzea ia bi mendetan zehar gertatu den prozesuaren kronika egiten saiatzea da. Azken berrehun urte horietako xehetasun batzuk ematen ahaleginduko naiz, datu zaharragoren batzuk bazterrean utzi gabe.

XIX. mendera arte: euskara nonahi

Zildotz

Zildotz. XVII zein XVIII. mendeetako lekukotasunak utzi ditu bertan euskarak.

Erdi Aroko leku-izenetan argi eta garbi antzeman daitekeen euskara bizi-bizirik zegoen XVI. mendean ere Ezkabarten barrena. Gizaldi hondarreko nafar herrien zerrenda ezagunean macaryayn, sorauren, acoz edota ezcaba bildu zituen eskribauak; esan gabe doa guztiak sartu zituela bascongadoen zerrendan. Euskaldun hutsak ziren Iruñe inguruko herrixka haiek. 

Zildozko 1629 eta 1631ko bi lekukotasuni esker badakigu zamuka esaten zietela ezkabartearrek korkoinak-eta garraiatzeko erabiltzen zituzten kakoei, eta isun, aldiz, lur-eremuren batean ezarritako debekuari: …a oydo decir que se suele poner vedado o ysun, que asi lo llaman de bascuençe / que en su lenguaje llaman ysun… (1631).

Arre2

Arre eta Arga ibaia. Ezkabarteko irudirik ezagunenetako bat.

XVII eta XVIII. mendeetan zeharreko toponimo askok eta askok hurbilduko gaituzte ezkabartearrek euren etxalde, alor edo mendiak izendatzeko zerabilten hizkuntzara. Hara, besteak beste, Aranbidegaña (Zildotz, 1699), Askapea (Orikain, 1777), Azotzaldea (Eutsa, 1718), Elizgibela (Azotz, 1777), Euntzebidea (Orrio, 1796), Orriobidea (Makirriain, 1678), Zabaldikaldea (Sorauren, 1741) edo Zokoa (Arre, 1782). Erret-Kontseiluko komisari erdaldunek Arre, Orikain, Sorauren, Ezkaba edo Azotz ordura arte bezala euskaldun huts ez, eta haientzako lan-eremutzat ere jo zitzatela eskatu zutenean (1767), zeharka eta haien asmoaren kontra ibarraren ordura arteko euskalduntasun osoa ari ziren aitortzen.

Urte haietako altxor eder bat utzi digu gainera Ezkabarteko euskarak: Zildotzen (1773), herriaren mintzoa baliatuz idatzi zuten kontzejukoek arma eta neurri zenbaiten inbentario bat. Udal agiri itxurapean idatzia dator Aingeru Irigaraik ezagutzera emandako dokumentua; gutxi dira euskarak eman dizkigun tankera beretsuko idazki zaharrak. Lerro hauen azpian duzue testua.

Zildotz 1773b

“Milla eta zazpitan eun eta yrutan oguei eta amiru guaren vrtean; celaric ReJidore Juan de Suescun, Gostunbrazen zen Bezala entreguatu zizaizquio vrte beri egunarequi Auzoco Armac: eta artuzitue por Inmentario; Zerenguatic Alziñeco urte zenbaites faltatu ziren zenbait paper…” (handitu irudia klik eginez)

XIX. mendea. Jarraipenaren etena.

Asko dira Iruñerrian zehar euskararen hondamendia XIX. mende hasieran gorpuzten hasi zela erakusten duten lekukotasunak (hemen, esaterako, Jimeno Juriok Egues harana dela-eta argitara eman zuena). Orduantxe abiatuko zen noski hizkuntzaren higatzea Iruñera begira dagoen Ezkabarte hego-ekialdean ere (Arre, Orikain, Azotz). Bonaparteren mapan berde argiz ageri da eremu hura; 1860ko hamarkadan euskaraz aritzen ziren hiztunak bazirela, baina ordurako gutxiengo zirela esan nahi du horrek. Euskararik gabeko lehen belaunaldia ez zen, nonbait, hiru herri horietan Lehen Karlistaldia baino beranduago jaio. Duela 150 urte Atarrabia, Burlata eta Iruñe atari-atari hartan euskararik bazela behintzat badakigu, nolanahi ere, mapari esker.

Haranaren erdialdean gehixeago iraun zuen euskararen transmisioak; XIX. mende hasieran hizkuntzak oraindik bazuen bizitasunaren seinale da, esaterako, Juan Francisco Goñi maisuak Makirriaingo eskolan idatzitako euskarazko doktrina (1828). Hainbat urte beranduago, 1860 inguruan, ez zen oraindik euskararen jarraipena eten Ezkabarte mendebaldean; baina aldatze bidean zen egoera. Sasoi hartan jaio zen Orrion urteen joanean Olaibarko azken euskaldun zahar bihurturiko Jose Maria Makirriainen aita. Orrioko seme hark ba omen zekien euskaraz, baina ez biribil. Ama (Etsaingo anuetarra) euskaldunagoa izango zen noski. Makirriain jauna muga-hiztuna zen, beraz. Zildotzekin batera Txulapain euskaldunagora begira zegoen Orrion euskararen jarraipena urte haietan ari bazen higatzen, ez zen bestela gertatuko ibarrean barrenerago dauden Makirriain, Garrues edo Eutsan. Zildotzen, nolanahi ere, 1860 inguru hartan bertan jaiotako emakume euskaldun baten aditzea dago Koldo Artolari esker, eta Pedro Diez de Ultzurrun sendagile euskaltzalearen aitona zildoztarra ere urte hartan sortua zen. Ekialdean dagoen Soraurenen, aldiz, gauza ezaguna da Antonio Atondo Arraiza euskal hiztuna 1872an jaio zela, baina nik behintzat ez dut herri hauetan bera baino beranduago sortutako inongo euskaldunen berri jakin.

Bonapartek mapa prestatu zuen urteetan, beraz, euskara zen nagusi Zildotz-Sorauren lerroan eta euskaldunak eremu hartako (ia) biztanle guztiak; baina herri gehienetan euskararik gabeko lehendabiziko belaunaldia orduantxe sortzen ari zela ematen du. Dena den, euskara ezinbesteko hizkuntza zen oraindik erlijio betebeharretarako: 1878an Aita Isidoro Zildozkoak idatzitako prediku bat arestian aipatu Diez de Ultzurrun sendagile iruindarraren eskuetara heldu zen.

Ibarraren hego-muturreko Azotz, Orikain eta Arreren ondotik, badirudi Garrues eta Ezkaba izan zirela erdaldundu ziren hurrengoak. Litekeen gauza da haien kokapena kontuan harturik. 1878an bertan, Asociación Éuskara delakoaren ekimenez eta euskararen orduko egoera zehaztu nahian hainbat eskualdetako bazkideek galdetegi bati erantzun ziotelarik, Oltzako bizilagun batek ia Ezkabarte osoa bildu zuen euskara ‘con bastante generalidad’ gordetzen omen zuen eremuaren baitan. Sorauren, Eusa, Orrio eta Makirriain zonalde horretan sartu zituen. Ez, ordea, Ezkaba eta Garrues, Bonapartek hamarkada bat lehenago haiexek ere berde ilunez margotu zituen arren. Bi herriotan euskara gainbehera zihoala pentsatu daiteke.

XX. mende hasiera. Ezkabarte erdialdeko euskararen azken hatsak.

makirriain

Makirriaingo txoko bat

Ezkabarte erdialdean euskarak 1900 inguruan bizi zuen egoera traketsa hainbat iturriri esker azter daiteke. Ez dira guztiz koherenteak, baina nahikoa irudi argia eskaintzen dutela uste dut.

1904an Elizbarrutiko Guía estadística-rako ¿Se habla vasco? galdera egin zutenean, Orrio, Zildotz, Eutsa, Makirriain eta Garruesen erantzun zuten baietz (baita gaur herri ez diren Aderitz, Nagitz eta Elegin ere). Hauetan guztietan, euskara oraindik hitz egiten zela erantzuteko bezain pixkor zegoen, antza. Gainerako herri guztietan ezezkoa eman zuten ordea; guztiz galdua izango zen agian ordurako Arre eta Orikain inguruan. 1904ko datu horiek, alabaina, ezin dira beti egia ziurtzat jo; 1878an euskaldun samartzat jo ez zuten Garruesen 26 urte beranduago baiezkoa eman eta Sorauren herria, ostera, ez zuten 1904koan aipatu, artean euskalduna zela beste iturri bati esker dakigun arren: arestian aurkeztu dudan Jose Maria Makirriain euskaldun olaiztarra 1888an jaioa zen, eta zahartzaroan adierazi zuenez bere gazte denboran ‘en Sorauren hablaban [euskaraz] hasta los gatos’. Litekeen gauza da ordurako haur soraurendarrak erdaldunak izatea, baina euskara indarrean egotea 30-40 urtetik gorako askoren ahotan. Garbi dago hizkuntza bizia zela oraindik, nekez eragingo baitzuen bestela aipatu pertzeptzio hura olaibartarraren gogoan; baina galtzen hasia zen Soraurengo euskara.

Transmisioaren etena agerikoa zen ordurako Ezkabarte erdiguneko herrietan. 1865an-edo Berriogoitin jaiotako antsoaindar euskaldun bat Ezkabartera ezkondu eta 1903-5 aldera jaio zitzaion semea Makirriainen. Aita ez bezala, erdaldun hazi zen seme hura. Koldo Artolak bildu zuen albistea semearen ahotik 1980ko hamarkadan. Zeharkako beste hainbat datuk berretsirik pentsa daiteke XX. mendean ez zela Zildotz eta Sorauren artean euskaldun zahar alerik ere jaio.

sorauren

Sorauren

1935ean Aingeru Irigarai Nafarroako euskal mintzoen hego-muga finkatzen ahalegindu zenean, doi-doia heldu ziren bere galdeketa ahaleginak eremu hartara. Sorauren izan zen zerrendaratu zuen Ezkabarteko herri bakarra, eta VII. multzoan egokitu zuen: adinekoren bat baino ez bide zen euskal hiztun, eta mintzo zaharra erabili ere egin gabe, nonbait. 30 urte lehenago katuak ere euskaldun omen ziren herri hartan desagertzear zen beraz euskara. Egun 77 urte dituen Jose Luis Borda Arraiza soraurendarrak gogoan duen herriko euskaldun zahar bakarra lehen aipatu dudan Antonio Atondo Arraiza bera da, bere aitona. Antonio Atondo 1944an edo 1945ean hil zen. Beste lekukotasunik agertu ezean, herriko euskara berarekin joan zela pentsa daiteke.

Urte haietan itzali bide zen euskara Zildotzen ere. 1925 inguruan jaiotako zildoztar batek adierazia da gaztetxoa zelarik amona entzuten zuela euskaraz, adin handiko beste zenbait herritarrekin ari zenean. Albistea 1935-40 ingurukoa izan liteke, eta amona 1865ean-edo jaioa zen, Diez de Ultzurrunen aitona euskalduna baino apurtxo bat beranduago, ausaz. Litekeena da pentsatzea hondar euskaldun zildoztar hauen belaunaldia ere, Soraurengoa bezalatsu, 1945-50 inguruan desagertu zela.

Ordurako, arrunt erauzia egongo zen euskara hegoalderago. Garruesen 1944an-edo ia 90 urte zituela hildako emakume batek ez zekien euskaraz. Halaxe adierazi zion Tomas Andueza garruestarak Koldo Artolari.

Diez de Ultzurrun sendagileak 1960an ezagutarazi zuen Makirriaingo 1828ko katixima Euskera agerkarian. Artikuluan adierazi zuenez, Zildotzen ez zegoen ordurako euskal hiztunik. Ezkabarteko euskara itolarrian zen eta iparraldean, Anotzen, bilatu behar ziren halabeharrez azken kondarrak.

Ezkabarte euskararen galera

Ezkabarteko euskararen galera-prozesua (hurbilpena). Koloreek gutxi gorabeherako mugak adierazten dituzte.

1950etik aurrerakoak. Anozko hondar hiztunak.

Anotz, esan dudan bezala, Odieta aldera dago begira, eta errepidez ere Odietako Anozibarrekin baino ez dago lotuta. Herri txiki-txikia da: 10 biztanletik beherakoa egun. XIX. mendean ere, ez ziren 60 baino gehiago. Gainerako herrietan euskara gainbehera zetorrelarik puskatxo batez iraun zuen han, Motxal izeneko etxean gutxienik: bertan XX. mende hasierara arte munduratu ziren haur euskaldunak. Odietako Erripetik Anotzera ezkondu eta gaztelaniarik jakin ere ez zekien Josefa Artzeren bi seme-alaba behintzat, euskaradun hazi ziren etxe hartan: 1908an jaiotako Celedonia Zenotz Artze, eta honen anaia Andres (1914). Hauek izan ziren Ezkabarteko azken haur euskaldunak. Beste anaia bat ere izan zuten, Manuel, baina ez du ematen euskara jasotzera heldu zenik.

IMG_20140519_093639

Anotz, 2014ko udaberrian

IMG_20140519_093719

Harri horien gainean egon zen eraitsi zuten arte Anozko Motxal izeneko etxea.

Celedonia Beltranenako Julian Artazkozekin ezkondu zen; erdalduna bera, Motxal ez beste etxe guztietako anoztar adinkideak bezalaxe. Horixe adierazi dit ezkontza hartatik jaiotako Maria Artazkozek; 76 urte ditu gaur. 1962ra arte Anotzen bizi izan zen eta ez zuen herrian beste etxe euskaldunik ezagutu; gogoan du, aldiz, ama eta osaba Andres euskaraz aritzen zirela elkarrekin. Maria gaztearen zeregina amona Josefa zaintzea izan zenez, eta hark asko egiten baitzion euskaraz -gaztelania trakets baino jakin ez-eta!- euskara pindartxo batzuk jasotzera heldu zen biloba gazteena, ahizpa ez bezala: nongoa zara? Egun on! Bai zuri’re!. Penaz esaten ditu gaur Mariak hitz horiek, haraneko euskaldun zahar bakarren altzoan hazi eta gehiago erakutsi ez ziotelako. Diez de Ultzurrunen esanetan 50 urtez gorakoak ziren euskaldun herrian 1960an; Erripeko amonarekin batera, beharbada Motxal etxeko Celedonia eta Andres baino ez.

Urte batzuk beranduago jaiotetxea utzi (errentan bizi ziren bertan) eta Iruñera egin zuten anoztar haiek. Horrexegatik ez zuen Sánchez Carrionek euskaldunik aurkitu 1970ean, nahiz eta Anozko euskara eman eta Ezkabarteko mintzoaren kolorea antzematen lagun zezaketen azken lekukoak izan baziren, oraindik.

Beste haran askotakoak bezain isil-isilik joango zitzaizkigun Koldo Artola nekaezinaren pazientziagatik izan ez balitz. Ikerle gipuzkoarrak ere, jakina, ez zuen Anotzen euskaldunik topatu 1980ko hamarkadan herria bisitatu zenean. Hala ere, hiriburura alde egindako anoztarren arrastoari segi eta Motxaleko Celedonia aurkitzeko gauza izan zen. Ez, ordea, anaia, Andres 1976an hila baitzen; baina Ezkabarteko azken euskaldun zaharra elkarrizketatu, 1981ean eta 1982an hainbat grabazio egin eta lekukotasun ederra bildu ahal izan zuen Artolak. 1985ean eman zuen argitara Ezkabarteko azken euskaldun zaharrari buruzko lana.

Maria Artazkozen esanetan fede handiko emakumea izan zen Celedonia, euskaraz baino ez zekien Erripeko Josefaren alaba. 1993ko irailaren 24an hil zen, bihotzez maite omen zuen Maria Auxiliadora egun batez. Hona hemen, amaiera gisa, emakume hark Koldo Artolari Ezkabarteko euskaraz kontatutako pasadizo ttiki bat, Olaizko artzaia topatu zuenekoa.

Aldi bétez… Oláizko… artzái bét… yoàn tzén… gúre… gùre erriko…oyanéra; falta zuén… fálta zituén ardí betzuk, eta… billetzéra, ayén billátzera; ta ni, nindabillén án, beyéki te… biórreki(n)… álde batétik, kártzen bèrtze aldéra… ta ník, ikúsi nuénian… múletaki(n)…zábillèla …! útzi béyek eta biórrak án, eta laixtérka yoán nitzén… neré anáie béstze eskín batián tzén, billátzera (barrez), ikerátuik!

Nafarroako udalerriak TxulapainEncajado entre los arrabales de Pamplona y valles de muy reciente pérdida del euskera, el desgaste de la lengua vasca a lo largo del municipio de Ezkabarte se ha propagado desde el sur hacia el norte a lo largo de los últimos dos siglos, de tal manera que mientras en localidades como Arre u Oricáin no queda ya recuerdo alguno ni memoria de sus vascohablantes, en el extremo septentrional del valle ha sido posible llegar a conocerlos e incluso recoger los últimos rescoldos del habla en la que se expresaron los ezkabartearras desde que existe memoria histórica de sus tierras. En el eje E-O que vertebra el valle desde Sorauren a Cildoz la desaparición completa del euskera autóctono no parece haberse producido antes de 1950.


Ezkabarteko Euskararen Eguna, larunbatean

arre

Arre (Ezkabarte)

 

Apirilaren 27an, larunbatarekin, Ezkabarteko Euskararen Eguna ospatuko da estraineko aldiz, bailarako zenbait euskaldunek bultzatuta. 11:00etatik aurrera elkartuko dira Arren, baina heldu diren urteetan haraneko beste herri batzuetan egiteko asmoa dute. Egitarau zabala prestatu dute antolatzaileek: joaldunak, txistor jatea, dantzari txikiak, herri-kirolak, puzgarriak… Bazkaria ere izango da, Arreko plazan, eta bada oraindik bertako tabernetan txartelak eskuratzerik.

Ezkabarte hainbat herrik osatutako Iruñerriko dermioa da, 2000 bat biztanlekoa, hiriburuaren iparraldean dagoena. Arre eta Sorauren dira haraneko herririk jendetsuenak. Bertako euskara XX. mendearen bigarren erdian itzali zen arren, Anoz herriko azken hiztunaren heriotzarekin, haziz doa pixkanaka hizkuntza berreskuratu dutenen kopurua.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2018(e)ko iraila
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    24252627282930
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu