Tag: Gesalatz

Gesalazko euskararen iraupenaz

Gesalazko herriak (iturria: enciclopedianavarra.com)

Lizarrako merinaldeko Gesalatz ibarrean mintzo zen euskara ez zen XX. mendera arte guztiz itzali, nahiz eta ez den, nik dakidala, azken hiztunei buruzko zehaztasun handirik ezagutzera eman. Iturriren baten isiltasuna gorabehera (1904ko Guía Eclesiásticarako galdetegian ‘No‘ erantzun zioten herri guztiek ‘¿Se habla vasco?’ galderari) bada baieztapen horren aldeko argudiorik.

Batetik, Bonapartek euskalduntzat jo zuen ibar zati handi bat, eta zenbait herri —Argiñano, Bidaurre, Biguria, Genbe, Iturgoien, Izurtzu, Muniain— euskarak indartsu ziraueneko eremuan irudikatu zituen 1863ko mapan. Ez du ematen ikerleak datuak bertatik bertara jaso zituenik, eta Gesalatzez haraindiko haranak (Deierri, Ameskoabarrena) koloreztatu gabe utzi zituenean eremu hartako euskara ahulxko baina artean biziaren egoera zorrotzegi epaitu zuelakoan nago; baina ez da gutxi, non eta hizkuntzaren muga-eremutzat jo zuen Gesalatzen, aipatu zazpi herriak kolore berde ilunean margotu izana; ziur zegoen, nonbait, herri haietako euskara sasoiko samar zebilela 1865 inguruan.

Bestetik, Paul Brocak, hamar bat urte beranduago, haran osoa egokitu zuen euskararen eremuaren baitan, ez euskara mintzo bakartzat zuen hartan, baina bai hizkuntza oraindik ahantzi ez zuenekoan. Ez zait iruditzen ibar horretarako Brocaren albisteak printzearenak baino zalantzazkoagoak direnik.

Gesalatz eta ondoko ibarrak, Bonapartek 1863ko mapan irudikatu zituen gisan. Iruxo-Lerate ingurua euskara gabekotzat jo zuen.

Gesalatzerako fidagarriena, dena den, Joaquin Ochoa de Olzaren 1878ko lekukotasuna dela esango nuke. Zehatza eta arrazoitua izateaz gain, inguru hura bertatik bertara ezagutzen zuen eskualdeko seme eskolatu baten eskutik datorkigu. Ochoa de Olzaren esanetan,

“…tirando una línea (…) en Sorauren y corriéndola por los pueblos de Eusa, Orrio, Maquirriain, Elcarte, Oteiza, Balliriain (sic), Larragueta, Iza y toda esta cendea de Olza, Azanza y Munárriz, en el valle de Goñi, Arguiñano, en el valle de Guesálaz, e Ibiricu, en el de Yerri (…) se forma la divisoria entre el país esencialmente castellano y aquel en que se conserva con bastante generalidad el vascuence. En toda esta zona (…) si bien lo común es hoy hablar castellano, apenas habrá una persona de 25 años para arriba que no hable o entienda el vascuence…”

Badirudi horrenbestez euskararen transmisioak 1850 aldera arte bederen iraun zuela Gesalatz iparraldeko herrietan. Handik aurrera, XIX. mendearen bigarren erdian jaiotako haur gesalaztar batzuek behintzat jasoko zituzten itzaltzen hasia zen euskara horren kondar zenbait; horietarik izan omen zen, antza denez, 1872an Iturgoienen sortutako Gedeona Ibañez, urteen joanean euskal idazle eta euskaltzain urgazle bihurtu zen Frantzisko Torres Ibañez Aita Felipe Murietakoaren ama. Gedeonak euskara pixka bat sikiera ikasi ahal izan zuen umetan, eta hark ikasitako horretatik hitz batzuk eta euskararekiko hurbiltasuna jaso zituen semeak, Jose de Artechek Murietakoa hil ostean Zeruko Argian azaldu eta Iñaki Sarriugartek (2009) Karmel aldizkarian gogora ekarri bezala (aipamena 61-62. orrialdeetan dago):

Aita Felipe Murietakoak (1897-1966) Iturgoiengo amak erakutsitako euskara apurtxoari esker bereganatu zuen hizkuntzarekiko atxikimendua.

“[Aita Felipe Murietakoaren] Ama Iturgoien herriko alaba zen eta ba omen zekien zertxobait euskaraz; izan ere, hitz solteren batzuk esaten omen zizkien seme-alabei, euren artean apakia (“sutondoan hauts azpian gordetako ilintia edo txingarra”). Hona hemen zer zioen Jose de Arteche idazleak Aita Murieta hil berritan:

‘Bere amatzaz askotan itz egiten ziran. Orain Naparruko Murieta´n ez da euskeraz itz egiten, baño bere amak baomen zekien euskeraz zerbait, eta arek erabiltzen zituan itzak esaten zizkidan. Abetan bat apakia, kear azpian gelditzen dan txingarra adieraziaz. Zenbat maite zuan itz au Aita Murieta´k! Baño iztegiak erabilli arren, ez det arkitu. Nik erabillitakuetan beintzat. Ezta Azkue´ren iztegian ere’.”

Hau jakinda, ez da harritzekoa Murietakoak erabilitako ezizen nagusietako bat Apakia izatea. Bila ibili bai, baina ez dut gaur arte Iruñean hildako Gedeona Ibañezen heriotzaren data ezagutzerik lortu. Egongo da oraindik, beharbada, XX. mendean euskararen azken apurrak baliatu zituzten iturgoiendar, genbetar edota muniaindar haien berri dakien adineko gesalaztarrik.

Muzki, Gesalatz (argazkia: lakako.com)

Nolanahi ere den. orain arte esandakoarekin bistakoa da ibarreko euskara bizirik heldu zela, arnasestuka izan arren, XX. mendera. Duela ehun bat urte, ziur asko adin handiko hiztunak besterik gelditu ez eta belaunaldien arteko eten linguistikoa betiko sakondu zen urte haietan, gazteek ezin ikasi eta zeharka baino antzeman ez zuten euskara hura gaztelaniarekin mordoilo batean nahasia erabili zuten Gabon gauetan, diru-eskean ibiltzeko kopla batzuk kantatzen zituztenean. Muzkiko Jesús Moreno Martínez de Morentínen gogorapenei esker webgune honetan jaso denez, honela hasten zen Muzkin bertan 13-14 urteko gaztetxoek etxez etxe abestutakoa:

Los de la Gogona sorture jaunona.

Onore pilare sorture danzare

Adi adie, kote lucié, jaunone.

Esta noche es Nochebuena, la noche de navidad,

Por amor de Jesucristo dadnos una caridad…

Euskarazko zatia hagitz desitxuratua zegoenez gorde da antzeko beste bertsiorik Muzkin bertan, baina elkarren arteko alde handiegirik gabekoak.

Honen harira Deikazteluko Antonio Urra Maezturi zor diodan lekukotasuna ekarri nahi dut hona azken datu gisa. Urra jaunaren aitaginarreba XX. mendearekin jaio zen Argiñanon, eta zahartzarora helduta ere gogoan zuen herrian behinola kantatutako Gabon gaueko koplatxoen oihartzuna, hark berak abestu zituelako gaztetan. Gesalazko gainerako herrietan Muzkin baino apur bat zaharragoak ateratzen baitziren eskean, baina ez 18 urtetik gorakoak, pentsa liteke lekuko argiñanotar honek 1915-20 bitartean erabili behar izan zituela horrela jaso diren eske-hitz hauek:

Gesalatz eta Deierriko paisaia (iturria: casaruralgruposnavarra.com)

Los de la Gogona, sutone jaunona.

El día de la Pascua, la Jainkoa.

Andure pilleri, eglian zeri.

Ergiti Kristi, ene Jauneri.

Duela mende bat baino gutxixeago Argiñano edo Muzkiko kaleetan euskara eta erdara nahasiz botatako esaldi horiek azken euskaldun zahar gesalaztarrek entzun ahal izan zituztelakoan nago. Lehen esan dudan bezala, beranduegi ote haietakoren batzuen oihartzuna desagertu aurretik jaso eta Gesalazko euskararen azken hats haiei izenak eta izanak egokitzeko?

N.B. Bidalketa hau plazaratu ostean Twitter bidez jaso dudan erantzun bati esker (estimatua dago, ) ezagutu dut Rufino Iraola Garmendiaren blogean zintzilikatutako sarrera eder bat, Argiñanon gaur den egunean bertan erabiltzen diren euskal sustraiko hitz eta esapide zenbait biltzen dituena. Konparazio gisa, Argiñanoko zerrendako berba batzuk irakur daitezke, ez forman eta ez esanahian inolako alderik gabe, azken hamarkadetan Iruñe ondoko Berriobeitin jasotakoak biltzen dituen Euskara Berriobeiti zendeako eguneroko hizkeran (2014) liburuan: arrapo (zapo) atxun (asun), birika (lukainka mota), ilarraka (ziza mota), lantxurda (intzigar), mandarra (amantal), muxarra (satitsu), ollaga / otabera (ote), sarde, txinurri (inurri+txiki), txutxo (zahato-mutur), zaborra, zakarro (baldar), zikiñoso, zulo

Iraola Garmendiak sareratutako hitz-zerrenda osoa ikusi nahi duenak, jo beza hona.

Argiñano. Ochoa de Olzaren datuen arabera, XX. mendearen hasieran 50 urtetik gorako euskal hiztunak izango zituela pentsa daiteke (argazkia: euskomedia.org).

En esta entrada centrada en el Valle de Guesálaz recojo algunos de los testimonios que nos permiten dar por seguro que la lengua vasca perduró en dicho valle, si bien debilitada y limitada quizás a algunos de sus lugares (Cuando menos Muniáin, Iturgoyen, Viguria, Vidaurre, Izurzu o Arguiñano) hasta entrado ya el siglo XX. Los datos aportados por el príncipe Bonaparte, Paul Broca o Joaquín Ochoa de Olza entre 1860 y 1880 difieren entre sí en algunos aspectos, pero coinciden a la hora de incluir a Guesálaz en la zona de habla vasca de su tiempo. Ochoa de Olza fue más allá al aseverar que en Arguiñano, al norte del valle, apenas habría en 1878 nadie mayor de 25 años que no hablara o entendiera euskera. Me hago eco asímismo de unas coplas bien conocidas en la zona, mezcla de euskera y castellano, que los jóvenes guesalaztarras acostumbraban a cantar la víspera de Navidad, y aporto gracias a los datos suministrados por Antonio Urra la versión de dichas coplas que su suegro de Arguiñano aprendió a cantar alrededor de 1915 y recordaba muchos años después.


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (II)

Brocaparte photo

Luis Luziano Bonaparte (1813-1891) eta Paul-Pierre Broca (1824-1880).

Joan den urtean, #KulturaZientifikoa Jaialdiaren 1. edizioaren karietara, Luis Luziano Bonaparte eta Paul-Pierre Broca ikertzaileak izan nituen hizpide, eta garai bertsuan batak zein besteak Nafarroako euskararen hedadura zela eta eginiko azterketa-saioak aipagai, biek eskainitako irudien batura osatze aldera. Sortaldetik sartalderako ibilbidea Iruñerrian eten nuen ordu hartan, galdera bat erantzunik gabe utzita: guztiz galdua ote zen Iruñeko mintzoa 1870eko hamarkadarako?

Iruñeko euskararen jarraipenaz

Bi ikertzaileek utzi zuten Iruñea euskararen eremutik landa; Broca izan zen ezkorrena, iaz adierazi bezala, eta hiriburua ez ezik Iruñerri ekialde eta hegoalde osoa ere jo zituen zeharo erdalduntzat. Hauexek izan ziren girondarraren azalpenak:

Nafarroako hiriburuaren inguruan euskarak egiten duen bihurguneak ideia bat sorraraz dezake berehala: alegia, hizkuntza ofizialera aldatu ondoren, gune garrantzitsu honek aldirietan pixkana-pixkana gaztelania hedatzearen aldeko eragina bideratu duela (Sur l’origine et la répartition de la langue basque, 42. or.).

L. L. Bonapartek 1862ko eskutitz batean aipatu zion Etxenikeri Iruñeko hizkuntza-egoeraz zuen ustea, Arabako zenbait herritan sumatutakoarekin parekatuz:

Guztiz erdalduntzat ditut [Arabako Luko, Ullibarri, Landa, Zuhatzu, Langara Ganboa eta Luiaondo], han denek gaztelaniaz egiten dutela esaten didazunez. Jende askok euskaraz jakiteak ez du nire iritzia aldatuko. Izan ere, banago euskaraz dakiten horiek ez dutela hizkuntza elkarren artean erabiltzen, eta baserrietatik edo beste herri euskaldunetatik joandakoekin baizik ez dutela euskaraz egiten. Arrazoi beragatik ez ditut euskalduntzat Bilbo, Iruñea eta Gasteiz, nahiz eta izan haietan hainbat euskaldun. Izan, badiren arren —berriro esango dut—, hizkuntza elkarren artean ez eta landa eremuetako biztanleekin bakarrik erabiltzen duten heinean, ez da egokia hiri euskaldunak direla esatea, ezta gutxiengo euskaldunekoak ere (1862-6-27an Bonapartek Etxenikeri idatzi eskutitza).

Iruñerria

Bonaparteren iritziz Iruñea ezin zen benetako hiri euskalduntzat jo. Hiriburuari ukatutako berdeaz markatu zituen, ordea, aldirietako herri guztiak; zalantza franko gaindituta baina.

1862an aldarrikatutako Iruñearen euskalduntasunik eza berretsi egin zuen printzeak urte eta erdi beranduago: dans toutes ces recherches il ne s’agit que de ceux qui appartiennent à la localité même de père en fils. Sans cela Pampelune présenterait aussi des Basques; mais nous ne les comptons pas puisque ils ne sont pas de Pampelune (1864-1-9). Laburbilduz, bazen euskaldunik Iruñean, baina ez Bonapartek hiria bera euskalduntzat jotzeko gisakoak: ez, alegia, iruindarrak, euskara gurasoengandik jasotakoak eta beste iruindar euskaldun batzuekin euskaraz aritzen zirenak.

Askoz ere fidagarriagoa ematen du Bonapartek eskaini zuen Iruñerriaren irudiak Brocarenak baino, XX. mendekoak direlako (eta ez XIX.ekoak) Iruñe ekialde eta hegoaldeko euskararen iraupenaz mintzo zaizkigun azken albisteak. Baina asmatu ote zuen Bonapartek hiriburuaren egoerari zegokionez?

XIX amaiera Iruñean

Iruñea XIX. mendearen hondarrean: Gaztelu plaza (ezk.) eta Foruen omenezko monumentua ezarri zuteneko lanak.

Leandro Olivier Insausti

Leandro Olivier Insausti (1862-1947)

Zaila da jakitea; gaztelania nagusituta, eta euskara egunetik egunera geroago eta zokoratzenago, ezin artxiboei eskatu XVII. mendekoa bezalako albiste parrastarik; eta hiriaren tamainak eta aniztasunak (hainbat bailaratako lagunen elkargune zelarik) guztiz konplikatzen dute analisia. 1860ko hamarkadako Iruñea hazten ari zen (23.000 biztanle zituen) baina oraindik harresi barreneko eremura mugaturik bizi zen. Azokagune bat baino gehiago zuen, ingurutik salerostera hurbildutako landako kanpotarren bilgune; eta tratuan aritzera jaitsitako lagun haietako asko euskaldun zirauten Oltza, Ezkabarte, Esteribar, Olaibar eta abarreko seme-alabak izango zirenez, ez da dudan jartzekoa Iruñean alde bateko eta besteko euskara entzun, entzungo zela. Are gehiago Iruñeko biztanle berri asko eremu euskaldunagoetatik hiriratutako jendea izanik: Fernando Mendiolak kalkulatu du (2002) hiriburuan 1860an bizi ziren etorkinen %35 inguru lurralde arront euskaldunetik zetorrela, eta hamarretik beste bi euskarari ahulago eusten zioten bailaretatik. Horrenbestez, 1870eko hamarkadan Iruñean euskara entzuten zela, ezaguna bezain agerikoa da. Sarritan aipatu da Iruñeko Artxiboko arduradun Leandro Olivier ormaiztegiarrak eman zuen lekukotasuna: 12 urterekin hiriburuan bizitzen hasi zenean, etengabe entzuten omen zuen euskara Navarrería, Carmen eta Santo Domingo karriketan, eta denda guztietan euskaldun bat behintzat behar izaten zen lanerako.

Iruñea Sto Domingo3

Iruñeko Santo Domingo karrikako komentua 1905ean.

Besterik da ordea erabakitzea aspaldi luzean erdalduntzen hasi eta erdararen inguruan antolatzen ari zen hiri hartan betidaniko familia iruindar euskaldunen transmisio-katea erabat etenda egongo zen ala ez. Seguru asko ezinezkoa da honezkero puntu horren gaineko argitasunik lortzea. Jimeno Juríoren ustez XIX. mende erdialdera arte izan zituzkeen Iruñeak bertako hiritar multzo euskaldunak. Gogora dezagun gaztetxo erdaldun hutsa zela 1870ean gerora euskalzale handi bihurtutako Arturo Kanpion bera, jaioterriak berezko hizkuntzari zeharo uko egin ziola esatera heldu zena.

Urte haietako beste albiste batzuek ez dute argi handirik ematen:

Los Vascongados

Rodríguez-Ferrerrek idatzi liburuaren azala.

1873ko Los Vascongados lanean, honako hau idatzi zuen Miguel Rodríguez-Ferrer andaluziarrak Bonaparteren sailkapenaz ari zela: deja fuera [printzeak, euskararen eremutik] las poblaciones de Alava, Vitoria, Nanclares y Miranda, donde ya no se habla vascuence alguno, para volverse a escuchar entre Alsasua y Pamplona; aunque en esta última capital, como en la de Álava ya nombrada, y Bilbao, no se advierta sino muy mixturado y sólo en sus últimas capas sociales. Igual sucede con los habitantes de Lumbier y Monreal en Navarra (69. or.). Nire ustez datuak ez du Iruñeko mintzoaren jarraipena frogatzeko balio. Irunberrin, esaterako, aspaldixko galdua zen noski euskara, eta hango karriketan entzuten bazen, inguruko zaraitzuar, itzagaondoar eta bestelakoen joan-etorrien seinale izango zen, Irunberri bertako hizkerak bizirik segitzearena baino gehiago. Ez nuke Rodríguez-Ferrerren aipua Iruñeko aldaeraren iraupenaren argudiotzat hartuko.

Ezta Mañé y Flaquer idazle kataluniarraren El Oasis liburuko lekukotasuna ere (1878). Iruñean izan zenean ostatuko neskameari euskaraz hitz egiten al zuen galdetu zion Tarragonakoak:

…erantzun zidan aiton-amonek ohikoa zutela; gurasoek ulertu bai baina ezinbestean baizik ez zutela erabiltzen; eta berak ez zekiela, eta ulertu ere, ez zuela ulertzen (397. or.).

Baina adibideak, berriro ere, ez du Iruñerako balio. Neskak idazleari jakinarazi zionez, hiriburutik hiru legoatara zegoen herri batean sortua zen. Ez zigun esan zeinetan, baina adierazi zuen hizkuntza-egoeraren arabera lasai asko izan zitekeen Itzarbeibar ekialdekoa, Tiebaskoa, Untzitibarkoa edota itzagaondoarra, adibidez. Lekukotasunak Iruñeko euskaldunen jatorri anitza eta hizkuntzaren gibelatzea bai, baina ezin digu argitu hirian aspaldian errotutako sendiak bertako aldaerari eusten ari ote zitzaizkion ala ez.

Orbaibar eta Izarbeibar: ikuspegi kontrajarriak

Iratxeta

Orbaibarko Iratxeta, doi-doia euskaldun 1860an Bonaparteren arabera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com).

Iruñerria aztertzean bezalatsu, ezin desberdinago jokatu zuten Iruñe hegoaldeko bi eskualde horiei zegokienez aztergai ditudan ikertzaileek. Brocak guztiz erdalduntzat jo zituen bi eremuak —eta nekez esan zezakeen besterik, hiriburu inguru gehiena euskararen eremutik at utzi ostean—. Eguesibar, Aranguren, Elortzibar edota Galar legez, erdara hutsean bizi omen ziren Gares, Untzue edota Oloritz, besteak beste, Brocak jasotako txostenen arabera. Izarbeibar zela eta, Garesen apenas hirurogei urte lehenago familia batzuk euskaraz mintzo zirela idatzi zuen antropologo frantziarrak; besterik ez. Orbaibar aipatu ere ez zuen egin, nahiz eta dezente hegoalderago dagoen Erriberrin XIX. mendearen hasieran haur euskaldunak ba omen zirela adierazi (oso kontu handiz erabiltzekoa dirudien datua, bestalde). Bonapartek, aldiz, Izarbeibar osoa sartu zuen euskararen lurraldean, eta baita Orbaibar zati bat ere: iparraldeko herri gehienak (Leotz eta Uzkita ez beste guztiak) eta erdialdeko bi (Barasoain eta Garinoain). Kolore argiz tindatuta, dena den, hizkuntzaren ahultasuna agerian jarriz.

Orbaibar Brocaparte

Orbaibar ingurua Bonapartek maparatu bezala (ezk.). Brocak (esk.) zuritan utzi zuen eskualde osoa.

Nork jokatu zuen zorrotzen? Brocak irudikatu bezala Izarbeibarko euskara ordurako galdua izatea ez da sinesgarria; geroztikako iturri ugari mintzatu dira baieztapen horren aurka. Hona hemen batzuk: Kanpionek Garesen adinekoak oraindik solasten zirela idatzi zuen 1884an; 1910ean Altadillek ez zuen guztiz iraungitzat jo euskara Garesen bertan (bai aldiz Tirapun edo Ukarren); 1920ko hamarkadan Izarbeibarko Utergan bizi zen Celedonio Azkarate euskal hiztuna, Fernando Perez de Labordaren arabera, eta ikertzaile honek berak ezagutarazi ditu XX. mendeko beste izarbeibartar euskaldun batzuk… Argudio gehiegi, itxuraz, Brocarekin bat egiteko. Sendagile frantziarraren mapak Iruñerrian irudikatzen duen erdararen sargune sakona euskararen ahultasun handiko eremu bat markatzen ari zela iduri luke, baina ez hizkuntzaren desagerpena: Gares aldeko euskara ez zen 1950 baino askoz lehenago zeharo iraungi.

aiesa

Alferrik saiatu zen Bonaparte Ezporogi aldean euskaldunak topatzen. Behar bezainbeste ordaintzeko prest zegoen, bilaketan lagunduko zion norbait bidaltzearren. Irudian, Aiesa (iturria: www.bajamontana.com).

Sortalderago, 1862tik 1864ra bitartean Bonapartek Orbaibar eta Ezporogiko egoera argitzeko eginiko galdeketa guztiak kontuan hartuta, mapan finkatu zuen azken irudiak oinarri sendoak zituela pentsa daiteke. Behin eta berriz estutu zuen printzeak Etxenike Ezporogi eta Aiesa aldean euskara erabiltzen zuen kristaurik topa zezan, halakoak izan bazirela entzuna baitzuen urte batzuk lehenago. Alferrik, ordea. Azkenean etsi eta Bizkaia esaten dioten eskualdea kolorerik gabe utzi zuen mapan. Orbaibar ere behin baino gehiagotan aipatu zion lankide urdazubiarrari eta azkenean, Ezporogi galdutzat eman arren, Orbaibarko dozena bat herri bildu zituen mapara (Bariainek, Untzuek, Orisoainek eta Iratxetak osatu erronbo itxurako eremuan), euskara oraindik erabiltzen ari zirenen eta baliatzeari utzi ziotenen arteko muga zehaztuz. Nire ustez, Izarbeibarrez eta Iruñerriaz dakiguna jakinda, zentzuzkoa da hemen ere Bonaparteren ikuspegia onestea eta Broca baino fidagarriagoa dela uste izatea.

Euskara Lizarrerrian, noraino?

Bi datu ziur har daitezke azken zati honen abiapuntu gisa: batetik, XIX. menderako oso higatua zegoela euskara Lizarrako merinaldean; eta bestetik XX. mendera arte ez zela guztiz itzali, Goñerrin bertan, adibidez, 1930eko hamarkadan zendutako hiztunak ezagutzen direlako.

Hortik aurrera, alde ederra dago Lizarraldeari dagokionez Bonaparte eta Brocaren artean; merezi du aztertzea. Horretarako lau erreferentzia hartuko ditut: Mañeruibar, Gesalatz, Deierri eta Ameskoa ibar biak.

Sorakoitz

Girgillaoko Sorakoitzen ez da egun inor bizi (Argazkia: Gonzalo Parreño)

Mañeruibarren (ondo-ondoko Gares inguruan ez bezala) euskara-arrastoak antzeman zituen Brocak, baina Bonapartek adierazitakoak baino ahulagoak. Girondarrak Etxarren eta Argiñaritz bakarrik jo zituen elebiduntzat. Bonapartek Girgillao eta Artazu ere bai; eta Girgillaoko bi baserri —Orendain eta Sorakoitz, 60 bat biztanle guztira— kolore ilunez aurkeztu zituen, inguruan ez bezala han bizilagun gehienak euskaldunak zirela adierazi nahirik. Gauza batean bederen bat etorri ziren bi ikertzaileak: Mañeru nahiz Zirauki erdaldunak ziratekeen ordurako. Hala ote? Herriotatik hurbil euskarak XX. mendera arte iraun zuela jakinda —eta ondoko Sorakoitzen indarrez gainera— ez litzateke erokeria 1860an Mañerun edota Ziraukin euskararen oihartzun apalen bat behintzat gera zitekeela pentsatzea. Idatzi izan da Mañeruko gudaldira bidalitako inguru hartako gazte batzuek (1873) ez zituztela Brea koronel karlistaren erdarazko sostengu-hitzak oso ongi ulertu eta Garesko apaizaren itzulpena behar izan zutela; oso zalantzazkoa da XIX. mendearen hondarreko gazte euskaldun haiek mañeruarrak izatea; baina Artazun 1930eko hamarkadan hildako hiztun baten berri jakin delarik, horren hurbil dagoen Mañeru 70 urte lehenago guztiz erdaldun imajinatzea ez da hain gauza erraza.

Argiñano-Iruxo

Gesalazko Argiñano —ezkerretara— eta Iruxo, elkarren ondoko baina Bonaparteren arabera hizkuntza aldetik urrun.

Ipar-sartalderantz goazela, Mañeruibarrek Gesalatz du mugakide. Deigarria da Bonapartek ibar hartaz emandako irudia: herrien erdia baino gehixeago bildu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren baitara —iparraldekoak eta hego-ekialdekoak— baina  beste inon ez bezalako hizkuntza-eten bortitza irudikatu zuen haranaren barrenean: Iturgoien, Argiñano eta Biguria herriak gehiengo euskalduneko eremuan ezarri, eta ondo-ondoko Iruxo eta Muez guztiz erdalduntzat jo zituen. Argiñanotik Iruxora kilometro eskas dago, eta ez dut ezagutzen horrelako etena esplika dezakeen arrazoi historikorik, ez baita falta XVIII. mendean zehar Gesalatz osoan zehar, Iturgoiendik Irurreraino, euskararen indarrari buruzko albisterik.

Paul Brocaren irudia homogeneotasun handiagokoa da oraingoan: ibar osoa hartu zuen elebiduntzat, hego-muturreko Irurre eta Garisoain izan ezik. Lerate eta Muez izan ziren Brocak mapan euskaldun gisa markatutako herriak:  Bonapartek erdalduntzat jotako bi, hain zuzen ere.

Riezu

1799an Errezuko parrokiaren ardura hartu nahi izan zuten erdaldunak baztertu egin zituzten (argazkia: Julio Asunción).

Gesalazko Iruxo eta Muezen alboan dago Errezu, Deierriko ipar-ekialdeko lehen herria; ibar zabal askoa da hura, Lizarra ondo-ondoraino hedatzen dena. Hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga Gesalatzen ezarririk, esan gabe doa Bonapartek ez ziola Deierriri inolako euskalduntasunik aitortu: aipatu ere ez zuen egin Etxenikeri idatzitako eskutitzetan. Errezu bera, ordea, oso euskalduna zen 70 urte lehenago: 1797an zazpi hautagai aurkeztu ziren herriko bikario izateko eta hiru aldez aurretik baztertu zituzten por ser tan solo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence. Bonaparte zuzen bazegoen, oldar gaitzak eraman zukeen Deierri iparraldeko euskara hamarkada gutxiren buruan. Errezu bera, bestalde, euskaldun zirauen Argiñanotik bizpahiru kilometrora baino ez dago. Azaldu al dezakete erliebeak edo giza-harremanen bilakaerak bi herrion arteko horrenbesteko hizkuntza-alderik?

El Oasis 1878b

El Oasis (Mañé y Flaquer, 1878).

Beharbada egoera ez zen Bonaparteren mapak erakutsitakoa. Brocak erdalduntzat jo zituen Deierri erdialde eta hegoaldea (Zabal, Eraul, Allotz) baina haran zati handixkoa utzi zuen Nafarroako lurralde elebidunaren barrenean, hiru herritako datuak baliatuz: Ugar, Aritzala eta Ibiriku. Egia izan arren hainbat eskualdetan zorrotzagoa dirudiela Bonaparteren mapak Brocarenak baino, honako honetan gainerako lekukoak Brocaren ikuspegiaren alde ari zaizkigu: Lizarrako biztanle batek XX. mendean jakinarazi zuenez, euskaraz aritzen ziren solasean 1858an Abartzuza eta Eraulgo ikazkinak. Mañé y Flaquerrek, bestalde, aipatu El Oasis liburuan, Deierri aldean euskara pittin bat bazela iradoki zuen Iruñeko neskamea ahotan hartu zuen orrialde berean: si los navarros descienden de los vascones, como yo creo, y si han salido del valle de Yerri, como supone el Sr. Yanguas, allí deberíamos encontrar el tipo del vascón y la lengua en toda su pureza; no obstante, el vascuence se habla muy poco en dicha comarca.

Ibiriku

Lizarrerriko Ibiriku herria. Eguesibarren bada izen bereko beste bat. Argazkia: www.revistacallemayor.es

Eta ez hori bakarrik: Jimeno Juríok azaldu zuenez, Deierriko Ibiriku bera euskalduntzat jo zuen beste iturri batek 1878an: Oltzako berriemaile baten arabera, Iruñetik ezker euskarari ongi samar (‘con bastante generalidad‘) eusten zioten herrien mugan omen zegoen. Azken datu hau oso interesgarria iruditzen zait: 1878ko muga hartan izendatutako gainerako herri / ibar guztiak (Sorauren, Eutsa, Orrio, Makirriain, Ballariain, Larrageta, Elkarte, Oteitza, Itza, Oltza, Azantza, Munarritz eta Argiñano) euskarari sendo eusten zion eremuaren barrenean, ertz-ertzean, irudikatu zituen Bonapartek. Denak, Ibiriku bera izan ezik, hura zeharo erdalduntzat jota. Hala izango zen benetan? Edo printzeak Deierri sakon aztertu ez izanaren ondorio ote da Ibiriku eremu euskaldunean ez agertze hori? 1878ko lerroko gainerako herrietan euskarak XX. mendeak aurrera egin arte iraun zuen; badakigu Azantzan 1930eko hamarkadan iraungi zela guztiz; Soraurenen 1945era arte bederen iraun zuela; Ballariainen ere, 1942ra arte behintzat bai. Ibiriku aldeko herriek ahaztua izango zuten euskara 1865erako, edo atzeratu beharreko data da hori? Ikertzea merezi duen gaia dela uste dut.

Eulate

Ameskoako Eulate Nafarroako lurralde elebidunaren muga-mugan ezarri zuen Paul-Pierre Brocak 1875ean (argazkia: www.eulate.es).

Izan ere, ez du ematen Bonapartek Lizarra iparraldeko eremua bisitatzerik izan zuenik. 1857an Burunda zeharkatzean hurbiltzekotan egon zen, baina ez zuen astirik izan. Horrenbestez, Goñerritik ezker jasotako datu guztiak bestek emanak izan ziren, ez ikertzaileak bertatik bertara frogatuak. Antza denez Etxenike izan zuen iturri nagusi eta Bonaparte haren iritziari lotu zitzaion beste informazioen gainetik. Horixe bera antzeman daiteke Ameskoa ibarrei dagokienez. Ziordian printzeari esan ziotenez, Lizarrerrian euskara zerabilten hiztun apurrak Eulaten eta Ameskoabarreneko herrietan zeuden, eta albiste horiek ziurtatzen saiatzeko eskatu zion printzeak Etxenikeri 1863an:

C’est à Ciordia même, où le basque est très en usage, que l’on m’a assuré que dans tout le partido de Estella il n’y a que les localités suivantes de Amescoa Baja où quelques personnes seulement continuent à parler le basque: Eulate, S. Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano, Urra, Barindano, Artaza (1863-4-9an Etxenikeri idatzi eskutitza).

Urdazubikoaren txostenek iritziz aldarazi zuten ikertzailea, eta 1864ko abenduko gutunean baztertu egin zuen betiko Ameskoa ibarretako herriak mapan berdez tindatzea. Jakin bazekien, nonbait, euskaldun batzuk gelditzen zirela haietan; baina euskararik erabiltzen ez zutela jaso zuenez, bere maparen zorroztasunaren izenean erdalduntzat jo zuen eskualdea (Je tiens infiniment à la perfection de ma carte linguistique de l’Euscalerria, idatzi zuen aipatu berri dudan eskutitzaren pasarte hartan bertan).

Brocak, oraingoan ere, eskuzabalago jokatu eta eremu elebidunean sartu zuen Ameskoabarren osoa; baita Eulate ere. Larraona, aldiz, kanpoan markatu zuen. Ez zuen bien arteko Aranaratxe mapan ezarri.

Lizarrerria Brocaparte2

Bonaparte eta Brocaren arteko jauzia Lizarrerrian. Berdez, printzeak adierazitako euskararen eremua. Gorriz azpimarratuta, Brocak bere maparen zonalde elebidunean aipatutako herriak (berdez inguratuta dago Deierriko Ibiriku);urdinez, erdalduntzat jo zituenak.

Laburpen gisa

Ekarpen ederra egin zioten Bonapartek eta Brocak euskararen geografia historikoaren ezagutzari; zinez, urrearen balioa dute bien lanek. Horrexegatik, eta sona handiko ikertzaile atzerritarrak izanik euskarazale bihurtu eta hizkuntza haien ikerketaren jomuga bihurtzeagatik esker ona merezi dute betiko. Bonaparte izan zen euskara aztertzen luzeago aritu zena eta itzal handikoa da aspaldi gurean, baina Broca sendagilearen jarduna, apalagoa izan arren, ez da nire ustez merezi bezainbeste azpimarratu.

Euskararen mugak aztertzean atera zituzten ondorioak ez ziren berberak izan, eta horrenbestez ez batak ez besteak ez zuten seguru asko guztiz asmatu. Baina datu garaikideak emanik erkaketarako aukera eskaini digute, eta horrek biderkatu egin du burutu zuten lan handiaren balioa.

Bi jakintsuen ahaleginen emaitzak batuta, eta emaitza horiek XIX. mendearen hondarreko gainerako albisteen argitan irakurrita, 1860-70etako euskara nafarraren hegoaldeko azken muga ondorengo proposamen honetatik hurbil samar egon zitekeela esango nuke:

1) Erronkari guztia euskalduna zen, Burgin euskara galtzen hasia zelarik.

2) Zaraitzu aldean Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen muga-herriak. Azken bietan indartsuago zirauen lehendabizikoan baino.

3) Urrauletan zehar izango zen oraindik euskaldunik Eparotz, Irurozki, Ozkoidi eta Santsoainen; agian baita Urraulgoitiko Gindano-Ezkanitz eta Urraulbeitiko Artieda-Grez-Tabar lerroetan ere; baina nekez hegoalderago, eta aipatu herrietan izatekotan, ez inola ere luzerako. Erromantzatuko herri guztietan (baita Berroia eta Murelu-Berroian ere) ahaztua izango zuten euskara.

4) Itzagaondoko eta Ibargoitiko herrixka guztietan zeudekeen orainik euskal hiztunak, ez ordea Izko mendilerroaz beheitiko Sabaitzan edo Gardelainen. Elon euskara zeharo ahaztua ez bazen, ahaztear izango zen.

5) Orbaibarren bizirik egongo zen oraindik hegoaldeko goi-nafarrera, baina etengabea zen gibelatzea eta litekeena da herri bakar batzuetako azken belaunaldi euskaldunaren ezpainetan baino ez entzutea.

6) Izarbeibarren indartsuago zirauen euskarak Orbaibarren baino; ez ordea sasoiko. Baziren oraindik seguruenik gazte euskaldunak, baina ez ziren asko izango, edo beharbada ez herri guztietan. Euskara egoera batzuetan erabili beharreko tresna zen oraindik, baina ziztu bizian ariko zen gertatzen hizkuntza-aldaketa. Mañeruibarren ere bazerabilten euskara (herri guztietan???) baina Girgillaoko salbuespenak salbuespen, egoera Izarbeibarkoaren gisakoa izango zen, asko jota. Litekeena da Etxauribarko Belaskoain inguruan ere oso antzekoa izatea. Izarbeibarrez beheitiko eremurik aipatu ez dudan arren, ez da ahaztu behar Fernando Maioraren arabera 1876an hil zela euskalduntzat hartu ahal izan duen azken artaxoarra. Agian Artaxoa bera izango zen oraindik, euskara azken hatsetan izanik, hizkuntzaren hegoaldeko azken mugarria.

7) Gesalatz iparraldean indartsuago zebilen euskara erdialdean baino. Iruxo eta Muezen ezaguna izango zuten ziurrenik, baina ez hegoalderago, Irurren edota Garisoainen.

8) Deierri iparraldean ez zuten euskara guztiz ahaztua izango. Abartzuzatik gorako herrietan beharbada, Ibiriku-Errezu-Lezaun parean baino ez akaso; baina Bonaparte ez beste iturriek iradokitako egoera aintzat hartu behar dela uste dut. Nolanahi ere, Deierriko euskararen galeraren kronologia ongi aztertu gabeko gaia da.

9) Ameskoa ibarretan bazen oraindik euskaldunik, hizkuntza bazerabilten ziurtatzerik ez badago ere. Seguru asko Ameskoabarreneko herri guztiek eutsi zioten nola edo hala mendebalde kutsuko nafarrerari 1870era arte bederen. Handik ezker eta Arabako mugarako bidean, Eulaten ere euskara apurtxoren bat geldituko zen beharbada, Larraonan baino errazago. Hala izatera, ez dakit Aranaratxe bietako norekin bildu beharko litzatekeen.

AZKENA

Nafarroako euskararen 1860-70etako balizko hego-muga (proposamena) Bonaparte eta Brocaren ekarpenetan oinarrituta.

                                                  (Mapa hurbilagotik ikusteko, egin klik hemen)

En esta entrada me he referido a los límites de la zona de habla vasca en la Navarra central y occidental alrededor de 1870, con arreglo a los mapas trazados separadamente por el príncipe Luis Luciano Bonaparte y por el médico y antropólogo francés Paul-Pierre Broca entre 1860 y 1875. Ambos investigadores realizaron una labor encomiable que arroja menos similitudes en el occidente navarro que en la zona más oriental, pero que con la ayuda de otros testimonios contemporáneos permite aventurar con cierta aproximación cuál pudo ser el límite de la zona de mínima intensidad del euskera por aquellos días. En mi opinión, la hipótesis más razonable —formulada en los párrafos anteriores— es la de considerar como extremo meridional del euskera los siguientes puntos (de E. a O.): Burgui, Gallués, Racas Alto, Urraúl Alto (Irurozqui, Eparoz), Urraúl Bajo (Sansoáin ¿Artieda, Tabar?), Ibargoiti, Orba (Iracheta, Orísoain, Garínoain), Puente la Reina, Valdemañeru (Artazu ¿Mañeru?), Guesálaz (Lerate), Yerri (Ibiricu ¿Ugar, Arizala?), Amescoa Baja, Eulate.

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015eko martxoaren 31ra arte iraungo du hirugarren #KZJaia-k.


Franzisko Martinez Elizalde (c. 1650-1733)

Estellerrian sortu zen XVII-XVIII. mendeetako jesuita, euskarazko doktrina baten idazlea.

Nafarroako euskara ezagutzera eman zuten aspaldiko idazleetako askotxo, gaur egun hizkuntza galdu duten eskualdeetako semeak izan ziren. Blog honetan bertan aipatu ditudan Amendux, Beriain eta Lizarraga horren lekuko dira. Baita seguru asko aurreko hirurak baino are ezezagunagoa den Franzisko Martinez Elizalde gesalaztar jesulaguna ere. Ez da gehiegi Muzkiko idazle honi buruz jakin ahal izan dena. Eta ezagutzen den horretan handia da beste gesalaztar batenganako zorra: Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan hainbeste ordu emandako Isidoro Ursuaren bilaketa lanaren emaitza dira nik hemen aipatuko ditudan albiste asko.

Muzki Gesalatz

Muzkiko eliza

Franzisko Martinez Elizalde (Francisco Elizalde hutsa idatzi zuen berak aipatuko dudan obran) XVII. mendearen erditsuan sortu zen Muzkin. Ezin da datarik finkatu, herriko parrokian jaiotakoen 1. liburua betirako galdu baitzen, baina 1646 eta 1654 bitartean izango zen noski. Bataiatuen liburu ezak jaiotza data lausotu duen bezala, gurasoen izenen froga dokumentala ere galarazi du. Itxura guztien arabera, ordea, Muzkiko Joseph Martinez Elizalde eta Arazuriko Ana Maria Iarnotz izan ziren Franziskoren aita-amak. Aita zatekeenaren sendiak erro sakonak zituen herrian: Josephen aurreko bost belaunaldiak behintzat muzkitarrak ziren.

Nolanahi ere, Joseph eta Ana Mariaren ustezko seme Franziskok ez zituen noski urte asko eman sorterrian. 1668 eta 1670 artean sartu bide zen Jesusen Lagundian. Boto-aitorpena 1689an egin ostean, hainbat zeregin bete zituen, eta ez nolanahikoak, gainera: zortzi urtez gramatika-irakasle aritu zen, eta beste bederatzi eman zituen, XVIII. mende hasieran, Carlos II.a zenaren bigarren emazte izandako Mariana Neoburg-ekoaren kapilau eta aitorle, hainbat urte beranduago Manuel Larramendi bera izango zen bezala. Horretaz gain, eskolaburu izan zen Jaengo Segura de la Sierra herrian Lagundiak zuen ikastetxean.

escanear0001

Franzisko Elizalderen liburua. Kredoa eta Salbea.

Ez zen urte haietan guztietan bere sorterriaz eta hizkuntzaz ahaztu. Muzkiko elizaren kontu liburuetako 1705eko ohar batek dioenez, bere dirutik ordaindu zituen parrokiari opari emandako kriseilu bat, meza-liburu bat eta alba bat. Euskara bera ahaztu ez, eta gorde ez ezik aintzat hartu zuela, aldiz, bere doktrinak uzten du agerian. Aita Elizalde hil eta bi urtera (1735) argitaratu zen Iruñean, Alfonso Burgueteren alargunarenean, Apezendaco dotrina christiana uscaras, apecec eta leitcen daquitenec eracusteco, eta explicatceco uscaldun puro leitcen estaquitenei, aiec aitus, eta memorias icasteco izenburudun obratxoa. 96 orrialdetako liburua da, izenburuak adierazi bezala eliztar eskolagabeak kristau doktrinaren oinarrietara hurbildu nahi dituena, galde-erantzunen bidez haiek buruz ikasi beharko dituzten fede-artikulu eta otoitzak dakiten hizkuntzan emanez. Liburu hauei zerien asmo didaktikoa Elizalderen lanaren hasiera-hasieratik antzeman daiteke:

Christio fiela, obligacio daucazu, eta arracio, devocio andia iduquicera ceure viocean gurucera: Christo ilce [=hil zen] gurucean, il biardugu arren fedean; ilce gure salvaceco, becatutic gu atraceco. Eguin veardugu costumbrea beti eguitera gurucea, nondic vearda ceñatu, alaber santiguatu.

Erabili zuen euskarari begira, Iñaki Camino ikerleak ez du muzkitarra bere inguruko euskararen eredu zeharo fidagarritzat; idazle jantziak izanik herriko hizkerara guztiz lerratu ez eta tarteka ekialde kutsuko hizkuntza ezaugarriak txertatzeko joera agertu zuten Nafarroako erdialdeko zenbait egile zaharrek, eta multzo honetan sartu behar da Aita Elizalde ere, Elkanoko Lizarragarekin batera, esaterako. Herrikoiagoa deritze Caminok Muzkin bertan sortutako Martinez de Morentintarren XVIII. mendeko predikuei. Ez da gutxi bertako euskara erabat ahaztuta duen Gesalazko herrixka honek, egun dozena bat biztanle izango ez duenak, behinolako hizkera ikertzeko iturri bat baino gehiago eskaintzea!

Madrilen hil zen Franzisko Elizalde 1733ko martxoaren 27an; 380 urte bete ziren herenegun.

Bere doktrina, ortografia batura moldatua, hemen.

El Valle de Guesalaz, situado en la Merindad de Estella, ha sido cuna de más de un autor de textos en lengua vasca. Recuerdo aquí a uno de ellos, el P. Francisco Martínez de Elizalde S.J., nacido en el lugar de Muzqui alrededor de 1650, que llegó a ser confesor de Mariana de Neoburgo, última reina de la Casa de Habsburgo en España, cuando ya había enviudado de Carlos II. El Padre Elizalde, ausente largos años de su Navarra natal, retuvo sin embargo la lengua que por aquel entonces era la única de gran parte de sus paisanos, y compuso pensando en ellos una doctrina en euskera publicada en Pamplona en 1735 que hoy es posible consultar en internet


Euskararen lekukoak: GESALATZ

Gesalatz

Lerate

Lerate, Gesalatz

 

 

 

Lizarrako merinaldearen ipar-ekialdean dago Gesalatz. Dozenatxo luze herriskak osatua, Iturgoien da jendetsuena. XX. mendera arte ez zen haranean euskararen oihartzuna itzali, bidean hainbat eta hainbat lekukotasun utzita. Haietako batzuk bildu ditut jarraian.

1474. ARZOZ. Notari-lan baterako bertako herritar bati testamendu bat irakurri zion notariak, lo en romanz contenido declarandoles en bascuenz. Beste horrenbeste gertatu zen 1486an BIGURIAn eta 1494an ITURGOIENen.

1582. IZURTZU. Apaizak en la lengua bascongada y en bascuenz (sic) eman zien herritarrei aditzera apezpikuaren ordezkariak agindutakoa.

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da haran osoa.

1597. MUZKI. Joanes Lizasoain, Fernando Gollao, Fernando Irurre, Joanes Elizalde eta Irurre herriko eskribaua  elkartu ziren Muzkin. Gollaoren emazteak ondoren adierazitakoaren arabera, badakigu euskaraz aritu zirela gizon haiek. Bearrean egonen ays bada  (‘que en necesidad estaria’) eta corragatiz (‘por deuda’) bildu dituzte orduko agiriek. 

XVII. mendea. ITURGOIEN, MUZKI. Ikuskariaren aginduak herritarrei euskaraz jakinarazi zizkietela dago adierazita parroki artxiboetan.

1601. IZURTZU. Herriko agintariengana jo zuen okinak, kexaka, zenbait izurtzuarrek bere kalterako ogia saltzen zutela salatuz. Salatuetako baten etxera joan zirenek hitz gordinak esan omen zizkioten hantxe topatutako arrebari: bellaca, borracha, ardançasquia.

1604. ARZOZ. Elizgizon erdalduna izendatu zutenean, kexu agertu ziren herritarrak, zeren eta no sabe ni abla ni entiende la lengoa bascongada que a sido la lengoa materna y la que se habla en el lugar de Arzoz. Herritarren biltzarreko ordezkariak eta apaiza azken honen etxean elkartu zirenean, estudiante bat aritu zen itzultzaile.

1643. ITURGOIEN. Inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa batean, bertako hainbat biztanlek itzultzaile bidez deklaratu behar izan zuen, ez baitzekiten gaztelaniarik.

1672. BIGURIA. Antzeko beste prozesu batean, apaizak (herrian gazteleraz zekien bakarrak) bertako bospasei biztanleren esanak itzuli zituen.
1672. ARZOZ. Apaiz berak herri honetako hiru lagunen esanak itzili zituen.

1690. MUZKI. Juan de Echauri muzkiarrak prozesu batean lekuko gisa adierazi zuenez, bi gizasemeren arteko liskar batean arrastro gaystoa esan zion batek besteari, que quiere decir en romançe, mala casta.

1718. MUNIAIN. Biguriako 1672koa bezalako ikerketa batean, Muniaingo hamaika biztanlek itzultzaile bidez deklaratu behar izan zuen, herrian todos bascongados zirelako.

1735. MUZKI. Francisco Elizalde muzkiarrak idatzi zuen Apezendaco dotrina christiana uscaras, apecec eta leitzen daquitenec eracusteco, eta explicatceco uscaldun puro leitcen estaquitenei; aiec aitus eta memorias icasteco. Iruñan argitaratu zen, eta Lizarrako Larreina liburudendan saltzen zen.

XVIII. MENDEA. ARZOZ, ESTENOZ, IRURRE. Auzietan datu hartzaile aritzen ziren komisarien izenak, ibilitako tokiak eta datak biltzen zituen ‘Libro de repartimientos’ izeneko liburuan, euskaraz mintzatzen ziren herrien zerrendan ageri dira.

1783. ITURGOIEN. Urte hartan onartutako arau batek derrigorrezko jotzen zuen hango erretoreak euskaldunak izatea, respecto de ser esta la lengua bulgar que se estila en este lugar.

1878. Asociación Éuskara delakoaren ekimenez, galdetegi bat luzatu zieten hainbat eskualdetako bazkideei euskararen orduko egoera zehaztu asmoz. Oltzako bizilagun batek ‘la divisoria entre el país esencialmente castellano y en el que se conserva con bastante generalidad el vascuence‘ delakoa finkatu zuen. Gesalazko iparralde osoa gutxienez (Argiñano aipatzen duenez, Genbe, Bidaurre eta Iturgoien ere bai behintzat) euskara oraindik con bastante generalidad gordetzen zuen lurralde horren barnean zegoen bere esanetan (1878ko maiatzak 22)

XX. MENDEA. J.M. Satrustegik adierazten duenez, El Padre Felipe de Murieta, Francisco Torres Ibañez (1897- 1966), capuchino, decía que su madre Gedeona Ibañez, nacida en Iturgoien, sabía euskera. Gedeona Ibáñez Arrechea, Aita Felipe Murietakoaren ama, 1872an jaio zen. Zoritxarrez, Gedeonaren izenik ez da agertzen ez Iturgoien ez Murietako eliz artxiboetan eta ezezaguna da oraingoz agian Gesalazko azken euskaldun zaharretako bat izan zen emakume honen heriotzaren data.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu