Tag: historia

Euskararen lekukoak: ZARAITZU HEGOALDEA (II)

Orlagatu

Orlagatu mendia (1133 m.), Zaraitzuko Itzalle eta Urraulgoitiko Adoain artean (argazkia: cercadepamplona.blogspot.com.es)

Sarrera honen lehendabiziko zatian euskarak Zaraitzu hegoaldean XIX. mendera bitartean eginiko bideaz arituta, bigarren honetan XX.ean zeharreko albisteak ekarri nahi ditut interesa duenarentzat, haietako asko orain arte karrikaratu gabeak direlarik. Azken hilabeteotan burutu eta oraindik ere fruitu berririk eskain lezakeen bilketaren emaitza da gaurkoa, eta nolanahi ere lan zabalago baten aurrekari izan nahi luke. Guztiz ezinbestekoak izan dira Ezkarozetik Galozera bitarteko hainbat berriemaile zaraitzuarren oroitzapenak, eta luze joko luke hemen guztiak aipatzeak, baina gizalegezkoa da ororen gainetik Jezabel Oroz sarztarraren ahalegina eskertzea. Hango eta hemengo ibarkide ugari sakon ezaguturik, bat egin zuen lehenbiziko unetik nik agertutako bilaketa asmoarekin eta urrearen balioa izan dute niretzat asmo horren alde jarritako gogoak eta denborak; haien fruitua da neurri handi batean hemen jasotakoa. Zaraitzu hegoaldeko azken euskaldun zaharrei buruzko kronika hau Jezabelen zordun da, inorena izatekotan.

Zaraitzuko uskarara zeharo amildu aurretik XX. mende amaieran Jaurrietatik Espartzaraino pilatutako materialetara hurbiltzen denari galdera bat etor dakioke burura; niri neuri behintzat hala etorri zitzaidan duela hainbat urte: ez al dakigu ezer Espartzaz beheitiko azken euskaldunez? Haien ahotsik inola ere entzun ezinda gelditu bagara, hain aspaldikoa ote da Zaraitzu hegoaldeko euskararen galera?

Artola

K. Artolak 2006an ezagutarazitakoak dira Ibiltzietako euskarari buruz ditugun albiste xehe bakarrak (argazkia: www.aranzadi.eus)

Ibiztako apurrakBadakigu ibarraren iparraldean joan den gizaldia hastearekin batera-edo eten zela euskararen jarraipena. Koldo Artolak zaraitzueraren ondarea gorde nahian galdeketa lana burutu zuenean Itzaltzun ez inguruko beste herri guztietan topatu ahal izan zituen 1900az geroztik jaiotako baleko hiztunak, baina harrokeria handirik gabe: horrela, 1902ra bitartean sortutako ezkaroztarrak elkarrizketatu zituen, eta belaunaldi berekoak ziren halaber Orontzeko lekukorik gazteena (1903), Jaurrietakoa (1906) edo Otsagabikoa (1908). Artolaren azken artikulu-bilduman baliatutako Espartzako berriemailerik berankorrena (Rosario Ramirez anderea) 1911n jaioa zen, Aitor Aranari Zaraitzuko hiztegia osatzen lagundu zion Antonia Gartzia herrikidea baino pare bat urte lehenago. Zaraitzu iparralde osoan, aldeak alde, euskararen erabateko etena urte gutxiren buruan gertatu zela iradokitzen du lagin zabal horrek. Pentsa liteke, halaber, Espartzatik beheitiko hiztunei buruzko xehetasunik eza hain nabarmena izanik, haranaren hegoaldean 1900 aitzinetik gertatu zela euskararen etena. Eta halaxe izan zen ia salbuespenik gabe. Ez askoz lehenago, ordea.

Iruñetik Irunberrin barna ibarreratzen denak hiru udalerri topatuko ditu bata bestearen ondotik Zaraitzu hegoaldea Otsagabirantz zeharkatu ahala: Galoze, Gorza eta Sartze. Udalerriok zortzi herriska biltzen dituzte guztira gaur egun, eta bakarrak izan ezik gainerako guztiek azken ehun urteotan galdu dute guztiz berezko euskara, ez lehenago. Mintzoa iraungi aitzinetik hiztun izatera heldu ziren hondar herritar haietako batzuk ekarriko ditut jarraian gogora, isildua den zaraitzuerak inguru haiek ere berandura arte gorpuztu eta zizelkatu zituela ez ahaztearren.

Galoze: euskararen azken muga XX. mendearen hasieran.

Lau gunek osatzen dute Galoze udalerria; Uskartze ibarraren hego-muturrean dago, Galoze bezalatsu Zaraitzu ibai bazterrean. Izize aldenduxeago, sortalderantz; eta Itzalle zokoratu samar, Urraulgoitira begira, Orlagatu mendiaren magalean.

Galoztarrak 463 ziren 1910eko erroldan. 2014an 97 baino ez, eta askoz gutxiago dira aipatu lau herrisketan urte osoan bizi direnak. Uskartze, esaterako, biztanle bakarra izatera heldu zen duela hogei bat urteko neguetan. Hamabost bat herritar baino ez dira bizi etenik gabe Itzallen. Are gutxiago Galozen: bizigune eder bezain eskastuak dira egun, Nafarroako hainbat eta hainbat bezala.

Bonaparte

Sarrera honetan aztergai dudan eremua, Bonaparteren mapa aski ezagunean (1863). Uskartzetik goitiko edota Bidankozeko kolore ilunagoek euskararen bizitasuna markatzen dute, Arrakasgoitiko (Racas Alto) edota Adoain inguruko argiagoek ez bezala.

1866an inguru hura euskararen lurraldearen ertzean zegoela erakusten digu Bonaparteren mapak. Printzeak Uskartzen zaraitzuera guztiz ahantzia zegoela ikusi, eta herria hizkuntza-mugatzat jo zuen ohiko xehetasunaz. Baina kolore iluna erabili zuen Uskartze ondoko Galoze, Izize eta Itzalle inguratzeko (ez Arrakasgoiti edo Racas Alto baserrian gisako argiagoa, ikus irudia) eta hiru haietan euskara oraindik sasoiko samar zebilela adierazi zigun horrenbestez. Nafarroan zeharreko euskararen mugetan Bonapartek erabilitako kolore ilun-argien arteko kontrasteak balio handiko informazioa eskaintzen du euskararen galeraren kronologia finkatzerakoan. Ñabardura ilunago horrek, Nafarroako beste eremu batzuetan, bertako euskara zeharo galtzeko gutxienez 50 urte falta zirela esan nahi izan du praktikan (Berriobeitiko Añezkarren 1929ra arte jarraitu diezaiokegu euskaldunen arrastoari; Eguesibarko Elian 1935era arte, Ezkabarteko Soraurenen 1944ra arte, Erronkariko Bidankozen 1959ra arte…). Aski genuke beraz mapan duten kolore ilunagoa Galozen, Izizen eta Itzallen zaraitzuerak XX. mendera arte iraun zuela ontzat emateko.

Baina bada beste argudiorik ere. 1904ko Guia Eclesiástica-‘Sí‘ batez erantzun zioten ‘¿Se habla vasco?‘ galderari Galozeko bi parrokiek: Itzallekoak batetik, eta Uskartze-Galoze-Izizek bestetik:

Fagoaga 1962b

Blas Fagoagak (1962) 1904ko datuez idatzitako artikuluaren pasartea.

‘¿Se habla vasco?‘ galderaren interpretazioa aldakorra eta tokian tokiko apaizaren araberakoa izango zen, baina euskarak parroki lanean kontuan hartzeko bezainbesteko bizitasuna izatearekin lotu daiteke; ez, behintzat, hiztunen bat edo beste gelditze hutsarekin. Uskartzeri buruz Bonapartek emandako albisteak ontzat emanez gero, bistan da 1904ko ‘Uscarrés, Iciz y Gallués’ hori iziztarren edota galoztarren euskalduntasuna ari dela bermatzen; bazukeen oraindik euskarak indarrik bi herri haietan edo bietako batean behinik behin. Ez da Galozeko eta Izizeko euskararen iraupenari buruzko beste albiste zuzenik bildu, nik dakidala; XX. mende hasieran jaio eta zeharo erdaldun kozkortutako galoztarren aditzea badut, baina ordurako guztiz erdaldundutako Uskartzeren mugakide izan arren ez ziren adineko euskal hiztunak faltako Izizen edota Galozen 1900 inguruan, Guía-ko aipamena zuzena izatera.

Itzalleri dagokionez, ematen du udalerriko laugarren herriak ere, ibarrerako sarbide nagusitik urrunxko eta babesturik, 1860az dezente haratago iraun zuela euskaldun. Ez da ahaztu behar, denboran atzera eginez, euskarazko doktrina prestatu zuela Benito Gil apaiz adoaindarrak 1827an Itzallera heldu orduko parroki lanerako lagungarri. Ez zukeen horrelakorik egingo herrian euskara sasoiko topatu izan ez balu. Gilen jaioterrian berean baino are sasoikoago, ziurrenik. Gogora Bonapartek, Adoain ez bezala, euskararen bizitasun eremura bildu zuela Itzalle 1863ko mapan, arestiko irudian ikus daitekeenez.

Itzalletarrei dagokienez, gainera, bada bestelako erreferentzia interesgarririk. Badakigu zein zen gutxi gorabehera herriko hizkuntza egoera XX. mende hasieran, Espartzako Nicolas Elarre hondar euskaldunak (N.E.) Koldo Artolari (K.A.) 1992an adierazirik:

K.A.- Eta denbora kartan, Itzallen egon zintzalarik, orduko zarrek xardokitzen zien?

N.E. – Itzállen yà, Itzállen yá etxákin.                                                                                        

K.A.- Ez? zarrek ere ez?  

N.E.- Ze? áitzen, áituz…bai, enténditzen bèa… kàla-kála, xardóki gúti.                          

K.A.- Xardoki ez, e? zu gazte zintzanean kango zarrek konprenditu solo…                                          

N.E.- Eta, guré… errián guziák.                                                                                                        

K.A. – Eta Igarin?

N.E. – Igarín e… eztán… ta eztá’re iten.                                                                                      

K.A. – Igualtsu nola Itzallen edo igual geixeago?                                                                                    

N.E. – Iguál, iguál, iguál… bah! Kála, óitzen… báizen, (t)xárdoki anítz, pues, xa, xakín bay’án, ba… yá gúti, xardókitzen, gútxi, étzen…                                                        

ITZALLE - Garcia etxea, jauregia

Itzalleko Garcia etxea, antzinako jauregia (argazkia: www.escapadarural.com)

Nicolas Elarre 1902an sortu zen eta 13 urterekin joan zen Itzallera artzain han bost urte emanez (c. 1915-1920) eta gero beste bost eman zituen Igarin (c. 1920-1925). Hau guztia jakinda ematen du herri euskaraduna zela artean 1910-20 bitarteko Itzalle, zaraitzuera zeharo ahantzi gabea, nahiz eta ordurako adinekoen artean baino ez iraun eta erabili ere, gutxi erabiliko zuten. Litekeen gauza da hizkuntzari pittin bat luzeago eustea Itzallen Izizen baino, eta azken horretan Galozen bertan baino. Nolanahi ere, hamarkada asko joan dira ordutik eta Galozeko mintzoari hiztun konkretuen izenak egokitzeko denbora joana da akaso. Bilaketa ahaleginak oihartzun lauso zenbait besterik ez du oraingoz eskaini, baina oihartzunik argienak Itzallekoak dira. Han jaio ziren 1865-1869etan Marta Orduna eta Nicolas Sarries senar-emazteak, agian euskaldun izan zirenak. Martak euskara jaso bazuen Itzalleko amak emanik izango zen, Nabaskozekoa baitzen aita. Etxegoienen jaio eta Ameriketara alde egin zuen Nicolas, aldiz, 1990eko hamarkadan ia ehun urte zituela hildako Vicente Sarries itzalletarraren aita izan zen. Vicentek gogoan zituen oraindik euskarazko hitz edo kanta zatitxoak, zer esaten ari zen ez bazekien ere. Herrian ez da zalantzan jartzen senar-emazteek, gutxi ala asko, bazekitela zerbait, baina euskal hiztun hazi eta zahartu ziren ziurtatzerik ez dut orain arte lortu. Aipatutako Vicente Sarries, edota egun 78 urte dituen Jose Orduna itzalletarraren aita zena, 1890-1900 inguruan sortu eta euskara pixar batzuk jasotzera heldutako erdaldunak izan ziren; haiek baino lehenagokoak ditugu noski Itzallen euskara ongi xardokitzeko gauza izan ziren azkenak.

IZITZE Irigoien etxea

Izize. Irigoien etxea (2015).

Izizeri dagokionez, Irigoien etxeko Petra Sancet Adot (1878-1949) euskal hiztuna izan ote zen ibili gara, aldeko eta aurkako iritziak jasota, eta usteak nahasi datozela ikusita ez zaigu ziurtzat jotzeko modukoa iruditu. Are gutxiago egun 74 urtekoa den Celina Conpainsen amona Romualda Sarries Sarries (1883-1967), baten batek euskalduntzat hartu arren bilobak berak amona erdalduna zela argi adierazirik. Baina badaki Celinak berak andere hura alguna frasecica bederen emateko gauza bazela. ‘Conocian palabras y frases’, jaso dugu herrian bi emazteki haiek direla eta. Horrenbestez, igarotako denborak Galozeko euskaldunak oraingoz behintzat lanbropean ezkutatu badizkigu ere, zenbait iturrik adierazten digute XX. mendearen lehendabiziko laurdenean zehar ez zela ezinezkoa izango Itzalle-Galoze-Izize inguruan zaraitzuera hiztunak topatzea; eta beharbada hondar euskaradunen oihartzuna ez zela bigarren laurdenera arte itzali. Merezi du gogoratzea 1935eko sailkapenean Irigaraik ez zuela Galoze udalerria aipatu ere egin, nahiz eta beratarraren zerrendan baden tarteka falta den herririk.

Gorza eta Igari. Guesa, Iriarte, Iriburu, Rekalde; azken orduko etxe euskaldunak

800px-Gorza

Gorza, 1955ean (Indalecio Ojangurenen argazkia)

Gorza udalerri ttipia izen bereko herriskak eta Igarik osatua da, lehenbizikoa Zaraitzu ibaiaren ertzean dagoela eta bigarrena bazterrerago, Bidankozerantz. 250 bat bizilagun biltzen zituzten bi herriek duela hirurogei urte; egun 50 ere ez dira erroldan, eta bitik bat sasoiaren araberako biztanlea da. Gorzan, esaterako, zazpi bat lagun baino ez dira neguan bizi; Igarin, hamabost edo.

Arturo Campionek utzi zizkigun Igariko euskarari buruzko XX. mendeko lehenbiziko albisteak. Honako hau idatzi zuen Euskal-Esnalea aldizkarian 1911n:  “En Igal no le habla nadie, aunque pueden hacerlo los mayores de treinta y cinco años; de diez años para arriba lo entienden casi todos; pero de dicha edad para abajo no le entiende ninguno.”

Bonapartek 70 urte lehenago Galozen bezala, Gorzan ezarri zuen Irigaraik 1935ean Zaraitzuko euskararen azken muga. Ikertzaileak VI. multzoan egokitu zuen Igari (los de 50 años y más lo saben, pero no lo usan) eta VII.ean Gorza bera, azken-azkenekoan beraz, euskaraz inor mintzo ez eta ulertu ere adinekoek baizik ulertzen ez zutela aditzera emanez.

Badirudi beraz gehixeago iraun beharko zuela euskarak Igarin Gorzan baino. Ez da harritzekoa Koldo Artola 1981ean Espartzatik haratagoko zaraitzuera apurrak topatzen saiatu zenean Igarin ere gelditu izana. Alferrik ordea; ez zuen herrian euskaldunik aurkitu.

Igarib

Igari. Irigarai izeneko etxea (2015)

1935eko datua zuzena izatera 1880-85 ingurura arte jaioko ziren gurasoen euskara ongixko jasotzera heldutako igariarrak. Litekeen gauza da, XX. mendean munduratuen artean ere geratu baitziren euskara horren printzak: esate baterako, Irigoien etxeko Floren eta Juana Mari Orozek gogoan dute duela 25 hildako amak bazekiela euskarazko zenbait hitzen esanahia (‘tal cosa en euskera se dice…’ hasten omen zitzaien tarteka). Are beranduago jaio eta egun 90 urte dituen Fermin Semberoiz Bracok, aldiz, paperean ezarri du ahantzi ez dituen euskarazko hitzen zerrendatxoa, hemen aipatu nuena. Hauek biak, nola edo hala euskara entzunez baina euskararik gabe hazitako igariarrak izan ziren.

Esteban Sanz Maria Iribarren

Gorzako Esteban Sanz eta Igariko Maria Iribarren emaztea, azken labekadako euskal hiztunak biak (iturriak: Jezabel Oroz eta Txuri Beltzean).

50ekoak ez dakit, baina garbi dago gerra urteetan 65-70 urte zituzten herritar euskaldunak bazeudela, nahiz eta igarotako denboraren eraginez oroitzapen batzuk besterik ezin izan diren berreskuratu 2014ko eta 2015eko bilaketa ahaleginean. Horien adibide da Rekalde etxeko Maria Iribarren Machin andere euskalduna (1866-1943), gorztar batekin Sartzera ezkondu eta bizitzaren hondarrean ere euskara harekin zerabilena. Edota Iriarteko Maria Ana Iribarren Esarte (1862-1954), herrian adinkideekin euskaraz aritzen zena, nahiz eta haien izenik ezin izan dudan berreskuratu; eta egun 93 urte dituen Maria Jauregui Iribarren bilobari Aita Gurea erakutsi ziona.

Bonaparteren bidaiez geroztikako euskaldunik jaioko ote zen Igarin? Ziurtasunaren eremura ezin ekarririk gelditu zait Maria Juana Serrano Salvoch (1870-1949), ausaz euskal hiztun, baina oraingoz ezin frogatzeko modukoa. Galdeketa hau duela hogei urte egin balitz askoz emaitza zaporetsuagoa emango zuen. Hogei urte barru egitea, aldiz, alferrik litzateke seguruenik.

Igariko euskaldun zaharrei buruz topatutako azken albisteak, beraz, 1950eko hamarkadakoak dira, mugakide zituzten Bidankozekoak bezala. Alderdi horretatik datu koherente samarra da. Iduri luke, ordea, euskarak luzexeago iraun beharko zuela Igarin Gorzan baino, bai Irigaraik emandako datuengatik, bai herria haranaren ardatzetik bazter egoteagatik. Gorzako albiste apurrak, ordea, bestela mintzo dira.

Gorzan, Igarin bezala, euskararen transmisioa ez zen oraindik eten Bonaparteren bilaketa lana hastear zen urteetan. Horren erakusle da Iriburu etxean 1859an jaiotako Esteban Sanz Iribarren gorztarra, euskalduna, Sartzeko Benita Abentin eta Ibiltzietako Juanito Sanz bilobek oraindik ere gogoan dutena. Arestian aipatu dudan Maria Iribarren igariarraren senar izan zen Esteban alargun gelditu ostean. Lehenbiziko emazte Rosalia Galtzabarrarekin bezala (Sartzeko Ginda etxekoa hura) bigarrenarekin ere euskara izan zuen ohiko hizkuntza. Esteban Sanz 1946an hil zen.

Gregoria Semberoiz - My Heritage

Gregoria Semberoiz gorztar euskalduna  (1885-1962; iturria: www.myheritage.es).

Baina badirudi Bonaparteren lana burutu eta puska bat beranduagora arte iraun zuela neurri batean bederen Gorzako euskararen kateak. Izan ere, 1885ean jaiotako Gregoria Semberoiz Jiménez  euskaldun kozkortu zen eta bada gaur ere horren lekukotasuna eman dezakeenik. Herri euskaldunagoa zen Ibiltzietara ezkontzeak lagunduko zion beharbada? Nolanahi ere, Gregoriak eta beranduxeago aipatuko dudan senarrak euskara baliatzen zuten Juliana eta Maxima alabek helduen arteko kontuak uler ez zitzaten. 1962an hil zen andere hau, Gorza inguruko euskararen azken mugarri segurua.

Sartze: Aldabe, Arnobere, Aroztegi, Juangorri, Labari, Larranbe, Pascual, Torrea, Zubiri.

80 biztanle 1960an. 33 2014an, askoz ere gutxiago negua herrian ematen dutenak (bitik bat edo)… aurrekoak legez odolustu da Sartze, Gorza eta Espartza arteko bidearen eskuin aldean dagoen herriska ederra. Euskara guztiz kolokan zuela irudikatu zuen Irigaraik duela 80 urte, arestian aipatu VII. multzoa egokitu ziolarik. Ez du ematen euskararen egoera zeharo terminala zenik 1930eko hamarkadan, hizkuntza galbidean egon arren; azken urtean jasotako albisteen arabera esan daiteke gutxigatik ez zirela heldu 70-80etako ikertzaileak Sartzeko hiztunen lekukotasunak egokitasunez gordetzera.

XIX. mendearen azken muturrera arte sortutako euskaldunen berri eman du Sartzen eginiko bilaketak. Asko 1875 eta 1880 bitartean jaioak, bakanak handik aitzin, transmisioaren eten nagusia urte haietan gertatu bailitzan.

sartze

Sartze, gaur egun (www.casasruralesnavarra.com)

Sartzeko euskararen galera Ibiltzietakoa baino urte batzuk lehenago gertatu zela ematen du, pittin bat hegoalderago edota ibarra zeharkatzen duen bide nagusian bertan egoteak eraginda beharbada. 1950ean Sartzen jaiotako zortzi euskal hiztun bizi ziren gutxienez; urte berean, Ibiltzietako euskara jasotako 11 lagun bederen bazeuden. Nolanahi ere, XX. mendearen erdialdean bazegoen oraindik euskara Sartzeko kaleetan entzuterik, eta bada gure artean oraindik euskara hura herriko kaleetan pasieran zebiltzan adinekoei edota etxeko atarian josten ari zirenei entzun zien lagunik.

Sartzeko euskaldun haietako batzuk, ez gutxi, 1950 eta 1960 artean joan ziren: Aroztegiko Toribia Semberoiz Villanueva (1951n), Torreako Geronimo Carrica Esandi (1953an), Zubiriko Alejandra Irigoyen Sarries (1957an) edota Juangorriko Paula Goyena Jauregui (1960an). 1875-85 bitartean jaioak denak, eta euskara zabal eta sendo jaso zuen azken belaunaldiaren seme-alabak. Handik harat gutxi izan ziren hausten hasia zen kateari heldu ahal izan ziotenak, eta horregatik gutxi izan ziren, ezinbestean, 1960tik aurrera zaraitzuera aise emateko moduan iraun zuten herritarrak. Lau, nik dakidala. Bi bikote, zehatzago esanda; agian ezkontidea ere euskaldun izatea ez zen hizkuntzari eusteko orduan argudio hutsala izan.

Juliana Braco Goyena (1882-1962) Torrea etxean jaio, eta Fernando Jauregui Galchavarra (1879-1962) auzoaren Aldabe etxera ezkondu zen. Gogoan dituzte oraindik Sartzen zein Ibiltzietan senar-emazteak, eta baita biak euskaldunak zirela ere. Elkarren ondoan bizi eta elkarren ondoren hil ziren, bata bestearen biharamonean.

Sarze3

Sartze. Argazkia: Jesus M Etayo

Euskaldun hazi zen, hainbat urte beranduago, 1897an sortutako Gregoria Jauregui Eseverri ere. Jasotako datuen arabera ez zen ondoren sarztar euskaldun bakar bat ere munduratu, baina gazte samar hil zenez, 1964an, ezin izan zen Arnobere etxeko alaba haren euskararik jaso; etxe hartan bertan edota Albientako atean ikusi ohi zuten egungo adinekoek Gregoria jertse edo galtzerdi josten, Ezkarozeko Aragon etxetik zetorren Eulogia Eseverri Echegoyenekin batera, 1950 aldera, biak euskaraz tar-tar.

Herriko azken euskaldun zaharra, seguruenera ere, gizonezko bat izan zen: Pascual etxeko Marcos Iroz Jauregui, Gregoriaren senarra (1887-1971). Burua galduta eman zituen azken urteak; horrenbestez 60ko hamarkadan utzi bide zion euskarak Sartzen hizkuntza bizia izateari. Baina XX. mende amaiera osoan zehar bizi izan dira euskara etxean aunitz urtez  entzun eta lauso artean bada ere neurri batean hari heldu diotenak: Marcos eta Gregoria herriko azken hiztunak izan omen ziren bezala, haien alaba Bonifacia Iroz Jauregui da seguru asko euskara ulertzeko gauza izan zen azkena. Arnobereko Bonifacia 2006an zendu zen, orain hamar urte eskas.

Ibiltzieta: Bidondo, Charles, Irigarai, Juan, Labari, Luis, Morea, Otxoa, Pena.

Baliteke Ibiltzieta izenaren esanahia urak biltzen diren lekua izatea; XIII-XIV. mendeetako zenbait agiritan Huulçieta (1366) edota Huvilcieta (1268, 1428) itxurapean ageri da.

IMG_20150103_102052

Ibiltzietako eliza 2015eko urtarrilean

Zaraitzu hegoaldekotzat hartu ditudan herrien artean hauxe da euskarari beranduagora arte eutsi ziona. 1880tik aurrera, ondo-ondoko Sartzen transmisioa ia etenda eta handik beheiti are agortuago zegoen unean, ibiztar euskaldun andanatxo bat bederen jaio zen; are 1890 ostean ere. Ibiltzietako euskararen etena, galera eta desagerpena Sartzekoa baino hamarkada bat beranduago gertatu zela ematen du, oro har.

Dena den, Sartzen bezala, errepideaz bestaldera ere ez ziren gutxi izan 1950eko hamarkadan zehar hil ziren adineko euskaldunak, ibiztarrei buruz ere esan daitekeelarik urte haiek izan zirela hizkuntzaren bizitasuna guztiz eta betiko higatu zutenak. 1950 osteko urteetan desagertu ziren euskal hiztun haien artean gogoan dituzte oraino herrian Labari etxeko Juana Jauregui Urzainqui (1865-1952), hura bezain euskaldun zen Francisco anaia baino hiru urte beranduago hildakoa; Luciano Udi Villanueva (1877-1953), Luis etxekoa; Eugenia de Carlos Iribarren (1884-1954), Itzallera ezkondua eta Jaurrietatik bertaraturako Victoriana Gallurrekin batera Itzalleko kaleetan euskaraz entzun zuten azkena; Otxoako Gabriela de Carlos Landa (1870-1955), aurrekoaren ahizpa edo ahizpaordea, arestian aipatu Eulogia Eseverri ezkaroztarrarekin eta Alejandra Irigoyen sarztarrarekin kalean barrena giro onean euskaraz ibili ohi zena; Charles etxean sortutako Vicente Barberena Arana (1873-1955); eta Balbina de Carlos (1893-1958), Gabriela de Carlosen ezkontzaz kanpoko alaba, eta amarengandik euskara jaso zuena.

Hartara, 1950eko hamarkada bukatzearekin batera, Ibiltzietako euskal hiztun talde txiki bat baino ez zen gelditu. Sartze eta Gorzako aleak gehituta, egun haietan dozenatxo bat lagunek behintzat eman ahal izango zuen Zaraitzu hegoaldeko euskararen lekukotasuna. Askoz ere gehiago ziren oraindik Espartzan bertan, esaterako, eta hori dela eta seguruenik, 1958ko maiatzean ibarreko euskara ikertzearren hamar eguneko egonaldia burutu zuenean, Koldo Mitxelenak ez omen zituen Espartzaz beheitiko herriak kontuan hartu. Bazen oraindik ordea euskararen arrastorik, eta ahotsik bildu ez zen arren, Ibiltzietako eliza berriaren inaugurazioko argazkiak (1959) betiko isildu zaizkigun lekuko haien irudia behintzat ezagutaraz diezaguke:

Ibizta behin betikoa

Ibiltzieta, 1959. Ama Birjinaren Jaiokundearen eliza inauguratu zuteneko argazkia. 1: Gregoria Semberoiz gorztarra (1885-1962). 2: Felipa de Carlos ibiztarra (1899-1983). 3: Restituta Zazu espartzarra (1895-1998), Ibiltzietako Gora etxera ezkondua. 4: Pedro Esandi ibiztarra (1888-1971), Gregoriaren senarra. 5: Manuela Goyena ibiztarra (1877-1961). Denak euskal hiztunak. Argazkia: J. Oroz eta Txuri Beltzean.

Ibiltzietako euskara txukun gorde zuten hiztun berantiarrenak, nik dakidala, honako hauek izan ziren: Manuela Goyena Barberena (Morea, 1877-1961), Pedro Esandi Barberena (Irigarai, 1888-1971), Ramona Adot Goyena (Bidondo, 1890-1979), Felipa de Carlos Monzon (Pena, 1899-1983) eta Petra Rodrigo Monzon (Pena, 1908-1985).

Ibizta 1961

Ibiltzieta, 1961. Pedro Esandi, txapela eta guzti, ezkerraldetik hasita lehenbizikoa (iturria: J. Oroz / Txuri Beltzean).

Irigarai etxeko Pedro Esandi, Sartzeko Marcos Irozekin batera, Zaraitzu hegoaldean euskarari eutsi zion azken gizonezkoa izan zela ematen du. Pelotazale, kitarrajole eta muslari amorratua, gaztetan Ramona Adotekin batera Zuberoara joan zen espartin egitera, egiteko hura berez emaztekiei egokitu bazitzaien ere. Gerora, aizkoraz egurra lantzen ikasi eta enbor mozten ibili zen Zuberoan bertan. Gorzako Gregoria Semberoiz (euskalduna hura ere, lehen esan bezala) izan zen Pedroren emaztea.

Baina ez zen Irigarai izan, Pena baizik, Ibiltzietako euskara gorde eta hedatu zuen azken etxea. Hantxe jaio ziren herriko euskararen lekukotzat jo daitezkeen azken bi andereak: Felipa de Carlos eta Petra Rodrigo ahizpaordeak.

Pena2

Bi irudiotan, Ibiltzietako Pena etxea (2015)

Bi emazteki hauen ama Cesarea Monzon izan zen, Gorzako Juan Domingo Monzonen eta Maria Juliana Semberoiz ibiztarraren alaba; Ibiltzietan bertan jaioa 1868an eta antza denez Zaraitzu hegoaldeko herrietan euskara transmititu zuen azken pertsona. Bi aldiz ezkondu zen andere hau. Felix de Carlos izena zuen lehenbiziko senarrak eta huraxe izan zen 1899an jaiotako Feliparen aita. Urte batzuk beranduago Jacinto Rodrigo izeneko batekin esposatu zen Cesarea. Zaragozako Undues de Lerdakoa zen Jacinto, erdalduna. Hala ere, 1908an Jacintok eta Cesareak Petra alabatxoa izan zutenean, amaren euskara jaso zuen hark ere.

Petra Rodrigo 1947

Petra Rodrigo ibiztar euskalduna, seme-alabekin (1947). Argazkia: J. Oroz eta Txuri Beltzean.

Felipa de Carlos izan zen Ibiltzietako euskara ikasirik herrian bertan hil zen azken hiztuna, Petra Igarin bizi izan baitzen 1936tik aurrera. Horregatik, Koldo Artola 1981ean Ibiltzietara balizko euskal hiztunen bila heldu zenean, Felipa baino ez zuen topatu. Donostiarrak proposatutako galdera sail bati adeitsu erantzun zion emakumeak eta idatziz hartu zituen Artolak erantzunak, eskura grabagailurik ez izaki. Ikertzaileak berak 2006an idatzi bezala ‘Zoritxarrez, baina, harengana itzuli baino lehenago zendu zenez, hasitako lana ezin izan genuen aurrera eraman’. Felipa de Carlos Monzon 1983ko urriaren 26an hil zen, 84 urte zituela. Bi urte beranduago zendu zen Petra ahizpaordea Igarin. Egia esan, euskaldun zahar ibiztar bat geratzen zen oraindik: Juan etxeko Faustino Berrade Tanco (1921-1992), Juan anaia bezala (1919-1966) herrian jaio eta herrian euskaldun hazitakoa. Nire ustez ezin dira ordea berradetarrak Ibiltzietako euskararen lekuko garbitzat hartu, ikasi zuten mintzoa Otsagabitik herriratutako gurasoena izan baitzen. Zuzenagoa da horrenbestez esatea Igariko Jauregira ezkondutako Petra Rodrigorekin batera itzali zela, duela hiru hamarkada eskas, Ibiltzietako euskara zaharra.

Map10c

Zaraitzueraren gibelatzea XX. mendean zehar. Urdinez, gutxi gorabeherako muga bakoitzari dagozkion urteak; gorriz, Espartzatik beheitiko herrietako azken euskaldun zahar ezagunen heriotza-urteak.

El abundante y valiosísimo material audiovisual recogido entre la década de 1970 y los primeros años del presente siglo de labios de los últimos conocedores del euskera salacenco nos conduce sin excepción a las localidades más septentrionales del valle, las últimas que conservaron la lengua de sus mayores: Ochagavía, Jaurrieta, Ezcároz, Oronz y Esparza. A pesar de ello, y de que por omisión los últimos hablantes de los enclaves meridionales corren el riesgo de quedar sepultados bajo el manto del olvido, durante el siglo XX el euskera perduró en mayor o menor medida en prácticamente todos los lugares de la mitad sur de Salazar; y en aquellos pertenecientes a los municipios de Güesa y Sarriés, hasta más allá de 1950. En Igal y Güesa, en concreto, el habla autóctona pervivió hasta los 50-60, y en Sarriés e Ibilcieta, hasta los 70 y 80 respectivamente. Es esa pervivencia la que trato de poner de relieve en esta entrada, recuperando la memoria de algunos de aquellos últimos vascófonos cuyo recuerdo se conserva aún en los pueblos situados más allá de Esparza. Esa recuperación habría sido absolutamente imposible sin la desinteresada aportación de salacencos como Benita y Marcelino Abentin, Asunción Goyena, Luis Iriarte, Miguel Iroz, José Manuel Jáuregui, María Jáuregui, Javier Sanz, Juanito Sanz, Pío Sarriés y otros muchos; y, sobre todo, sin la colaboración constante e impagable del sarztarra Jezabel Oroz, al que debo todo lo que de novedoso pueda aportar esta entrada y cuya gran ayuda  es de justicia agradecer a través de estas líneas. 


Juan Cruz Elizalde (1816-1870)

zandueta ????- nagore? Alt-III- 345

nagore-130507-22-pan

Nagore XX. mendearen hasieran (goian) eta XXI.enean: den-dena aldatu da, baita herriaren kokagunea ere. Iturria: www.valledearce.com

Sarrera honetan bildutako datu asko iluntasunetik ateratzeko ezinbestekoa izan da zenbait lagunen bilaketa-lan arretatsua. Hiru ditut bereziki gogoan: Artzibarko Udal Artxiboko Loreto Echavarren, ibarreko apaiz Patxi Izco eta Xabier Itulain ikertzaile itzagaondoarra. Zorretan nago haiekin. 

Bonaparte Ondarea —euskalariak bere ikerketak burutu ahala bildu zituen idazkien bilduma, alegia— oso ezagunak ez diren altxorrez beteta dago. Horietarik bat Nafarroako Artzibar haraneko euskararen lekukotasun interesgarri askoa da: XIX. mendearen erdialdeko doktrina itzulpena, Juan Cruz Elizaldek prestatua, egileak berak lanaren hasieran idatzi zuenez:

“Arcico Vallea compocen da oguei·eta vorz erri eta caserioquin, Urizco erria dago erdisuan, eta Valleco uscara dá, nic oray explicacen duten vezala. Juan Cruz Elizalde.”

Izatez, bi dira Elizaldek utzi zizkigun testuak. Hasieran itzulpen bat prestatu zuen, eta ondoren, Claudio Otaeguik eginiko ohar batzuk kontuan harturik eta Bonaparteren gustua zuzenago betetze aldera nonbait, bigarren bertsioa, oso antzekoa.

Nagore San Julian

Nagoreko San Julian eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com)

Interesgarria da itzultzaileak eginiko lanaren fruitua, ez dituelako gehiegi eman inguru hartako euskarak; baina zoritxarrez asko dago oraindik argitzeko horrelako bitxiak utzi zizkiguten berriemaileen inguruan. Nor izan zen, esaterako, Juan Cruz Elizalde hura? Oso gutxi da orain arte berataz esan dena. Uritz herriarekin lotzen dugu, Bonaparte Ondarean bertan dagoen informazioaren arabera, eta maisua izan zela jaso zuen Xabier Erizek Nafarroako euskararen historia soziolinguistikoaz prestatu tesian. Gainerakoan, ordea, ia guztiz ezezagun dirau, eta penagarria da zein gutxi eman den jakitera printzearen laguntzaile askori buruz, nahiz eta zenbaitek —Elizaldek berak, adibidez— gaur egun galduak diren hizkeren arrasto baliotsuak utzi zizkiguten. Artzibarren bertan bada, gaur den egunean, gizon honen aditzea ere ez duen euskaltzale eskolaturik; eta hala ere ibarreko euskararen historian eta egungo artzibartarren oroimenean txokoa merezi duelakoan nago.

Hona hemen, laburzurrean, Urizko doktrinaren egileari buruzko zenbait zertzelada.

Juan Cruz Elizalde Lusarreta 1816ko abuztuaren 7an jaio zen Artzibarko Nagore herrian. San Julian elizan 1805ean ezkondutako Geronimo Elizalde eta Miguela Tomasak izan zituzten hamabi seme-alabetatik seigarrena izan zen. Nagore betidanik izan da haraneko herririk jendetsuenetako bat; 44 etxe eta 177 biztanle zituen XIX. mendearen erdialdean. Nagoretik Uritzera bizpahiru kilometro baino ez daude. Ezaguna izango zuen ezinbestean Elizaldek doktrinaren bidez paperera isurtzeko eskatu zioten hizkera, bistakoa baita ibarreko semea zela.

Ieltz Lizoinibar

Lizoainibarren jaioa zen Elizalderen bi amonetako bat, Ieltz herrian hain zuzen. Irudian, San Bizente eliza (argazkia: www.lebrelblanco.com).

Baina ez bera bakarrik. Amaren aldeko sendia ere artzibartarra zuen: Nagoren jaioak ziren bai ama, baita Juan Jose Lusarreta eta Josefa Aldabe aiton-amonak ere. Aita, aldiz, lizoainibartarra zuen: Ieltz herrikoa, hain zuzen. Aitaren aldeko aitona Pedro Jose Elizalde zen urrun samar sortutako senide bakarra: Eratsungoa zen eta maestro carpintero izendatzen dute XVIII. mendearen amaierako paperek. Lizoainibarko adarra, horrenbestez, Catalina Saldias amona ielztarraren eskutik zetorkion Elizalderi; saldiastarrak zurgintzan aritu omen ziren XVIII. gizaldi osoan zehar, Xabier Itulain ikertzaileak topatutako albisteen arabera. Ezin izan da Lizoainibarko euskararen lekukotasun zabalik gorde, baina Artzibar eta Eguesibar hizkuntzaren aldetik ahaide zirelarik eta Lizoainibar bien artean egonik (eta Ieltz, gainera, Eguesibarko muga-mugan, ik. mapa), ez du ematen Ielzko eta Nagoreko mintzoek elkarren arteko alde aipagarririk izango zutenik.

Nagoreko San Julianen bataiatu zuten Juan Cruz Elizalde jaioberria 1816ko abuztuaren 8an.

Maisu izateko prestatuko zen noski, baina urte latzak egokitu zitzaizkion eta belaunaldi hartako ikasleez ari garelarik (Mariano Erbiti basaburutarra lekuko) nekeza da prestakuntza horren arrastoari heltzea; gaur arte behintzat ez dut aurkitu Elizalderen maisu-ikasketei buruzko agiririk. Ez da Iruñeko Junta Superior de Educación delakoak 1830eko hamarkadan utzitako erregistroetan Nagorekoaren izenik ageri; titulazioa karlisten kontrolpeko lurraldean eskuratu izanaren seinale, agian. Nolanahi dela ere, urte batzuk beranduago irakasle zebilen, berehala azalduko dudan bezala.

Bi aldiz ezkondu zen Elizalde. Lehendabiziko emaztea 1806an Orreagan sortutako Fermina Berro Monteagudo izan zen, Otsagabiako aitaren eta Uztarrozeko amaren alaba, eta horrenbestez, zalantza handirik gabe, senarra bezain euskalduna. 1841eko uztailean esposatu ziren Auritzen Juan Cruz eta Fermina. Ez dakit zein izan zuten lehendabiziko bizitokia, baina 1843 edo 1844rako behintzat Arrietan biziko ziren, orduantxe ekin baitzion Elizaldek herri hartako mutikoen heziketa lanari.

Mapa JCE

Sarrera honetan aipatutako zenbait herriren kokapena. Gorriz, Elizalderen jatorriarekin loturikoak. Berdez, lanbideari dagozkionak.

Gazte hil zen Fermina, Arrietan bertan, 1845eko ekainean. Bikoteak seme-alabarik izan gabe, antza. 1846ko urtarrilean, oso hilabete gutxiren buruan, bigarren aldiz ezkondu zen Juan Cruz Elizalde: Felicia Andueza —hogei urteko urroztarra eta urroztarren alaba— hartu zuen emaztetzat neskaren herrian bertan. Litekeena da Felicia ere euskal hiztuna izatea, nahiz eta ez den Ferminaren kasuan bezain agerikoa, jaio zenerako hizkuntza gibelatzear edo gibelatzen hasia zelako noski Urrotzen, Bonapartek berrogei urte beranduago emaniko datuei begira.

Juan Cruzek eta Feliciak bi alaba eta seme bat izan zituzten: Martina Marcelina 1847an jaio zen, Martin zortzi urte beranduago, eta Escolastica, gazteena, 1858an. Irakurtzen eta idazten ikasi zuten maisuaren hiru seme-alabek, amak alfabetatu gabe iraun bazuen ere; garai bertsuan Bonaparteren beste lankide baten etxean, arestian aipatu Mariano Erbiti irakaslearenean, errepikatutako eredu bera.

Maestro de Uriz

Elizaldek Urizko maisu-lanpostua eskuratu nahirik bidalitako eskutitza (Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren Artxiboak eskainitako irudia)

Ezkondu ostean Arrietan biziko ziren lehenik Elizalde-Andueza senar-emazteak, hango lanari eutsi baitzion maisuak hainbat urtez. Baina 1851ko abuztuan Urizko eskola hezitzailerik gabe gelditu zenean (irakasle ibilitako Martín Ernestak Orondritzera alde egin baitzuen) Nagorekoak bere burua eskaini zuen hautagai Arrietan emandako zazpi urteak aldeko argudiotzat harturik (ik. irudia).

1851ko azaroa bukatu baino lehen izendatu zuten Elizalde Urizko mutikoen maisu. Irakaslearen alde mintzatu ziren Arrietako apaiza (Martin Jose Elia) zein auzo-alkatea (Lorenzo Aranaz). Pozik utzi zituen bata zein  bestea nagorearrak aurreko urteetan egindako lanak:

…ha ejercido su ministerio en este referido lugar durante siete años, á total complacencia de todo su vecindario, y con gran aprobechamiento de los niños, habiendo obserbado una conducta irreprensible y digna de imitación bajo todos conceptos… 

Ez zen halakoa izaten irakasle guztien jokabidea. Elizaldek Arrietatik alde egin eta handik bost urtera (1856), mutikoen heziketaren ardura Francisco Larraguetak zuelarik, galdeketa egin zuen Lehen Hezkuntzako Batzordeak, lau herritar maisuaren jokabidearekin nazka eginda kexu agertu eta gero: antza denez haurrek ez zuten Larraguetarekin ezer ikasten, eta ez da oso harritzekoa, ez omen baitzen sarritan eskolara joan ere egiten, eta mozkortu ere egiten zelako nonbait (en todas las ocasiones que ha podido (…) siendo la befa de sus mismos discipulos). Elizaldek utzitako hutsunea ez zuten ondorengo maisu guztiek Bonaparteren berriemaileak bezain ongi bete, itxuraz.

Uritz2

Urizko jauregietako bat (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com)

Zerk eragin ote zuen Elizalderen lekualdatze nahi hura? Jornalak ez behintzat: Nagorekoa eta Arrietakoa ziren Artzibarko eskolarik jendetsuenak, eta horren araberako soldata zuten, Urizko maisuari agindutakoa baino dezente hobea (trukean, 16-20 ikasle baino ez ziren Uritzera joaten, Nagorera baino hiru aldiz gutxiago). Nire ustez irakaskuntzarekin batera beste lanbide bat betetzeko aukerak bideratu zukeen Elizalde Uritzera: Larraguetari 1856an egindako galdeketak jasotzen dituen agiria Juan Cruz Elizaldek berak idatzi eta sinatu zuen ibarreko idazkari gisa. 1867ko abendukoa da Urizko hezitzaileak sinatutako udal-idazkirik berantiarrena. Litekeena da beraz Uritzen aritu zen urteetan irakaskuntza eta idazkaritza, biak bere ardurapean hartu izana; eta ibarrekoek biltzarrak Nagoren egiten zituztelarik, urrun samar dagoen Arrieta baino askoz ere erosoagoa izan zitekeen Urizko eskola-zeregina Elizalde idazkariarentzat. Sendia Uritzen bizi zela 1857tik 1868ra bitarteko errolda guztiek berresten dute.

1868rako idatzia zukeen nagorearrak Artzibarko euskararen berri ematen digun doktrina-itzulpena. Bonaparte 1866ko otsailean izan zen Artzibarren, Nafarroako ipar-ekialdea ezagutu zueneko bidaian zehar. Uritzen gelditu omen zen: Elizalderen lana jasotzeko agian? Agoizko euskaraz emaniko doktrina eskuratzea izan zen hilabete luzez Bonaparteren xedea, baina azkenean etsi egin zuen, Agoitz ingurune erdaldunegia zelakoan. Itxura guztien arabera 1852 eta 1866 bitartean idatzi zen Urizko lan hark lagunduko zuen noski printzearen beharrak neurri batean bederen asetzen. Nolanahi ere, ez dago doktrinaren aipamenik Bonapartek Echenique lankideari idatzitako eskutitzetan.

IMG-20151110-WA0003 Elizalde

Juan Cruz Elizalderen heriotz-agiria (Patxi Izcoren argazkia)

Arestian aipatu 1868ko erroldakoak dira gaur arte udal-artxiboek Elizalderen jardunaz utzi dizkiguten azken albisteak. Bizitzaren hondarreraino izan zen ziurrenik Urizko maisu, maestro de niños de este partido gisa ageri baita Nicolas Olondriz bikarioak idatzitako heriotz-agirian. 1870eko azaroaren 25ean hil zen Elizalde, ohean gaixorik, eritasunak biatikoa hartzea eragotzita. Meza sei apaizek esanik egin zuten hiru egun beranduago  hileta-elizkizuna.

Xabier Itulainek jakinarazi didanez Martin Elizalde zuen izena 1924an Urizko maisuak. 1855ean jaiotako semea baldin bazen, 75 urte luzez arduratu ziren elizaldetarrak Urizko gaztetxoen heziketaz.

Aita gurea, ceruetan zaudena, santifica bedi zure icena, etorri vedi guregana zure erreiñua, cumpli vedi zure borondate Sandua, ceruan vezala lurrean ere. Eman dezaguzu eguneroco oguia, eta varca dizquiguzu guri gauren zorrac, ala nola guc barcacen baitiogute zor gaitusteneri, eta libra gaizazu gaiz gucietaic. Amen. Ala izan daela.

Artzibarko Aita Gurea, Elizalderen testuetako batean ageri den bezala (Uritz, c. 1860)

El nagorearra Juan Cruz Elizalde Lusarreta (1816-1870) tradujo hacia 1860 la doctrina cristiana con arreglo a la variedad cispamplonesa de Arce dejándonos dos manuscritos que se conservan hoy en el Fondo Bonaparte. A pesar del indudable interés de ambos textos como obligada referencia para acercarnos al euskera propio del valle, hoy tristemente desaparecido, el autor apenas ha sido hasta nuestros días más que un simple apunte desprovisto casi completamente de contenido a falta de datos biográficas, como ocurre aún con demasiados colaboradores del ilustre príncipe y vascólogo. Es ese vacío el que ha pretendido paliar siquiera en parte esta entrada, ofreciendo una serie de noticias acerca de quien fue maestro de instrucción primaria durante un cuarto de siglo, primero en Arrieta y a partir de 1852 en Úriz, a la vez que secretario en su Artzibar natal.


Miguel Ignacio Armasaren predikuak (II)

Bi dira orain arte blog honek Miguel Ignacio Armasa nafarrari eskaini dizkion sarrerak. Martxoan, batetik, 1770ean jaiotako domingotar honen nondik norakoak laburtu nituen; maiatzean, bestetik, hark idatzitako euskarazko testuetako bat ekarri nuen hona, denetan zaharrena: 1810eko Ostiral Santuan Labaiengo herrikideei hitz egiteko prestatu zuena.

1810b

San Pedrori buruzko predikuaren amaiera. Egin klik irudian testu osoa ikusi ahal izateko

Armasaren testu ezagunetarik bigarrena da gaurko honetan hona dakardana: Sermon del Glorioso San Pedro Apostol predicado en Lavayen en el año de 1810 izenburuduna, alegia. Herriko elizari izena eman zion santua izan zuen hizpide predikariak, San Pedroren fede handia agerian jarri eta adizaleak halakoxeak izatera bultzatzearren.

Hiru orrialde —hasi eta buka— eta laugarrenaren hasiera bete zituen domingotarraren letra txukun askoak. Erabili zuen paperaren neurri handixkoa dela eta orrialde erdika topatuko du sermoia irakurleak, ez orrialdeka; zazpi zatitan beraz, ez lautan.

Predikua ikusi edota deskargatu nahi izanez gero, egin klik irudian.

El dominico navarro Miguel Ignacio Armasa (1770-1814), ya anteriormente mencionado en este blog, fue autor de al menos tres sermones en euskera escritos a principios del siglo XIX,  el segundo de los cuales —dedicado a San Pedro en 1810— doy a conocer en esta entrada. Natural de Labaien y lector de Teología por la Universidad de Alcalá, Armasa vivió sus últimos años allí donde había nacido y predicó ante sus convecinos una vez que la exclaustración de 1809 provocó su retorno forzoso.

 


Euskararen lekukoak: ZARAITZU HEGOALDEA (I)

Zaraitzu banaketa kolore

Zaraitzuko aspaldiko banaketa: Otsagabiko kinoia, gorriz; Errartea, laranjaz; Atabea, berdez. Azken honen hegoaldeko hiru udalerriak izango ditu aipagai sarrera honek.

Zaraitzu ibaxa osatzen duten 14 herriak bederatzi udalerritan daude gaur bilduta. Erdi Aroaz geroztik, ordea, eta ez hain aspaldira arte, bestelako hiru eremuren arabera antolatu zuten zaraitzuarrek harana: gaztelaniaz quiñón izenaz ezagututakoen bidez, hain zuzen.

XIV. mendetik hiru kinoitan banatu zen Zaraitzu: OtsagabiaErrartea (Jaurrieta, Ezkaroze eta Espartza) eta Atabea. Azken hau da denetan zabalena, eta Itzaltzu nahiz Orontzerekin batera Espartzatik beheitiko herri guztiak hartzen ditu Ibiztatik Uskartzeraino, ibarraren hegoalde osoa, alegia: Ibizta bera, Sartze, Gorza, Igari, Galoze, Izitze, Itzalle eta Uskartze.

Azken lau hamarkadetan Zaraitzuko euskararen itolarriaz eta azken arrastoez idatzi eta ikertutakoa, galeraren kronika, alegia, Espartzan eten izan da ia beti. Hegoalderantz zihoala, herri hartantxe topatu zituen azken hiztunak 1970eko udan Sánchez Carrión gazteak; bertan grabatu zuen Koldo Artolak 1976tik XXI. mende hasierara arte hainbat euskaldunen mintzoa (Dionisia Garate, Telesfora Elarre, Jacinto Ramirez edota Lucas Semberoizena); 2002an hildako Antonia Gartzia espartzarraren ezagutza baliatu zuen Aitor Aranak Zaraitzuko mintzoa hiztegi batean isurtzeko… Albiste baliotsuak eta lekuko ezagunak, izen eta abizendunak, izenarekin batera izana ere aitortzeko modukoak, Zaraitzu erdialdeko euskara zaharraren hondar gordetzaileak.

Mapa2

Kolore ilunagoan, Zaraitzu eta Nabaskoze ingurua. Biribilean bilduta daude sarrera honetan aztertutako herri gehienak.

Nabarmena da ordea etena Espartzatik behera, eta zeharo urriak Zaraitzu hegoaldeko hiztun berankorrei buruzko albisteak. Izatez, 1981ean Artolak Ibiztan Felipa de Carlos andere euskaldunari eskura grabagailurik ez zuela eginiko hainbat galdera baino ez.

Nolanahi ere den, eta erromantzea aspaldi zaharrean bizilagun izanik ere, berandura arte eutsi dio euskarari Sartze eta Galoze arteko eremuak. XX. mendeko hainbat belaunaldi euskaldun ezagutu dituzte inguru horretako herri batzuek, eta azken labekadako hiztunen arrastoa ez da oraindik ezabatu. Arrasto hori hona ekartzea izango da gai honi buruzko bigarren zatiaren xedea, baina horren aurretik datu ezagun zaharragoak aipatuko ditut, euskarak Ibizta eta Uskartze bitartean eginiko ibilbidea gogora ekartze aldera.

Euskaldun… 

1587ko herri bascongadoen zerrenda ezagunean ycal, sarries eybilçieta, ygalguessa, vscarres, yçiz eta gallues ageri dira, iparralderagoko esparça, escaroz edota xaurrieta bezalakoekin batera, hizkuntzari zegokionez Zaraitzu osoa bat eta bakarra zela agerian jarriz. 1598ko prozesu batean goraynci Bidondoren arcayari hitzak utzi zizkigun Joanes de Yzal artzaina bezain euskaldunak ziren seguruenera ere urte haietako galoztar, gorztar edo sarztarrak; euskaldun elebakarrak, haietako asko.

Itzalle

Itzalle, gaur egun (argazkia: cercadepamplona.blogspot.com)

…eta erromantzatuen bizilagun

Deigarria da aipatu zerrendak euskalduntzat jo zituela dezente hegoalderagoko herriak ere, Nabaskoze-Erromantzatu inguruko guztiak nahiz are Zangoza aldekoak tarteko: nabascues, vstes, Vigue calicas nuevo [= Biotzari eta Gazteluberri], arbonies, domeno y adansa, ayzpurz, murillo berroya, hugun, yeso, liena de lumbier [= Ledia], Rocaforte, aybar, Sanguesa, casedaBaina gainerakoan badu zerrendak okerrik (XIX. mendera arte euskaldun izandako Artaxoa multzo bascongadotik kanpo utzi izana, esaterako) eta oker hutsa da aipatu herrien balizko euskalduntasuna ere. Toponimiak emandako albisteez gain, froga argiak utzi dizkigute aspaldiko hainbat agirik.

Uskartze elurpean

Uskartze elurpean. Herria biztanle bakarra izatera heldu zen 1990eko hamarkadan (argazkia: www.todopueblos.com)

Sarrera honi dagokionez, horren adibiderik esanguratsu eta ederrena XVII. mendearen hasierako auzi bat da. 1604ko abenduan Pedro Lopez bikario euskalduna hil zen Uskartzen, jaioterriko parroki lanean 32 urte eman eta gero. Uskarztarrek bi hautagai aukeratu zituzten haren lekua hartzeko, eta elizbarrutiko auzitegira jo zutenez horrek eragindako prozesua informazio-iturri ezin interesgarriagoa da. Burgiko Rodrigo Armendariz eta Biotzariko Martin Ripalda saiatu ziren Uskartzeko erretore bihurtzen eta bien arteko lehian oinarrizko argudioa izan zen hizkuntza: izan ere, erronkariarra euskalduna zen, eta Erromantzatukoa, aldiz, ez. Gogo handiz ekin zioten horrenbestez Uskartzekoen egoera linguistikoa norberaren interesekin bat zetorrela argudiatzeari, eta —zeharka bada ere— uskarztarren eta bizilagun batzuen arteko aldea nolakoa zen agertzeari.

Ustaize Iñako Redin

Ustaize (Iñako Redinek ateratako argazkia)

Bistakoa da Armendarizen eta Ripaldaren lekukoek ez zutela errealitatearen irakurketa berbera egin; ez da harritzekoa. Baina argi utzi zuten batzuek zein besteek Uskartzeko gizon-emakumeak euskaldunak zirela. Zenbaterainoko gaztelania ote zekiten, huraxe zen auzia, ez besterik. Ondoren datorren laburbilduma, 1605eko prozesuak emandako hizkuntza-argazkia da:

Uskartze (Zaraitzu). Herri euskalduna zela ez zuen inork zalantzan jarri. Hautagai erdaldunak aurkeztu lekukoen hitzak sinestera, uskarztarrek bazekiketen erromantzea ere, nahiz eta ezagutza mailaz aritzean iritzi guztiak bat ez etorri: lekuko batek adierazi zuen hiru urtetik gorako haurrak ere gauza zirela erdarazko hitzari erdaraz erantzuteko; beste batek erromantzea baliatzeko gai ziren 34 biztanle zituen gogoan, nahiz eta aitortu zerabilten erdara ez zela hirietakoa bezain txukuna, eta beste hainbat lagun hizkuntza ulertzeko baino ez zirela gauza. Hirugarren batek gizon zein emakumeek erdara “ulertzen zutela” adierazi zuen, eta “hitz egin ere bai”; erromantzea etxe guztietan “gehiago edo gutxiago” ezagutzen zutela adierazi zuen beste lekuko batek; batzarretan erdara entzun zuenik ere bazen, bi biztanlek euskaraz ez zekitelako, antza. Ustaizeko abadea eta jostuna ere lekuko eraman zituen Ripaldak: abadeak andere uskarztarrak erromantzez agurtzen zituenean haiek ulertu eta euskaraz erantzuten ziotela esan zuen; jostunaren arabera, aldiz, las mugeres (…) ablan algun tanto el romance: bai gutxienez berarekin joskintzari buruzko gauzez erdaraz aritzeko beste… emakumeek elkarren artean euskara erabili arren. Arestiko algun tanto edota medianamente ageri ohi da Ripaldaren aldekoen adierazpenetan Uskartzekoek erdaraz zenbateraino zekiten azaltzeko. Erromantzearen itzala defendatu beharrekoak ere, beraz, itzal hura oso zabala zela esan ezinik zebiltzan.

iciz-valle-de-salazar-navarra_111735

Izitze, herri guztiz euskalduna XVII. mendearen hasieran (irudia: panageos.com)

Burgiko hautagaiaren aldeko lekukoek bestelako egoera agertu zuten. Maria Marimachi alarguna euskaldun elebakarra zen, uskarztar gehienak bezalatsu; andrazkoek, batez ere, ez omen zekiten beste hizkuntzarik. Juan Elizondo apaiza, gotzaitegiaren izenean eliz aginduak betetzeko herria bisitatzera joan zenetan, euskaraz aritu zen beti. Zioenez hizkuntza huraxe zen bertakoek zekitena, y si algunos saben romance, son muy pocos, porque lo que se platica y trata es bascuençe. Gauza bera adierazi zuen Lopez hil ostean behin-behineko apaiz ibilitako Pedro Echegoyenek: biztanle gehienak euskaldun hutsak zirela, eta batzuek erromantzea ulertu arren ezinbestekoa zela herrian doktrina euskaraz erakustea, y si no les dixese (…) saue de cierto sauer que la mayor parte de los vezinos no lo entenderian. Echegoyenek erromantzea erabili balu nola edo hala ulertu ahal izango ziotenen artean zegoen nonbait 67 urteko Martin Uscarres, baina hark ere euskara zuen berezko, eta aitortzerakoan ez zuen besterik nahi.

Batzuen eta besteen esanak irakurrita, garbi dago Uskartzekoen hizkuntza euskara zela; erromantzea ez zen guztiz ezezaguna, baina ez dirudi herrian errotuta zegoenik. Aitzitik, gutxiengoak baino ez zekien; nola edo hala jakin ere, batzuetan.

Izitze (Zaraitzu). Ibarraren hegoaldeko herri hau Uskartze bezain euskalduna zen, gutxienez. Bi lekuko iziztar baliatu zituen Armendarizek (Ripaldak bakar bat ere ez); biek adierazi zuten euskaraz aritzen zirela beti uskarztarrekin.

01VISTA BIGUEZAL_thumb[8]

Biotzari, Martin Ripaldaren sorterri erdalduna (argazkia: Julio Asunción)

Ustaize (Nabaskoze). Zaraitzu ibaian beheiti Uskartzetik hiru kilometro eskasera egonagatik, hagitz bestelakoa zen egoera bertan. Ripaldak bakarrik aurkeztu zituen lekuko ustaiztarrak Uskartzeko bizilagunen hizkuntza-egoeraz hitz egin zezaten, eta erdaldun hutsak zirela aitortu zuten. Arestian esan bezala, Ustaizeko jostunak ezinbesteko zuen emakume uskarztarren (nola-halako?) erromantzea, elkar ulertuko bazuten. Ustaizeko abadea ere erdaraz hurbiltzen zitzaien Uskartzeko andrazkoei. Argi dago Uskartzetik Ustaizerainoko tartean bazela ibar aldaketa hutsa baino zertxobait gehiago; eta litekeena da, ustaiztarren erdalduntasuna hainbestekoa bazen, elkarren arteko komunikaziorako uskarztarren gutxieneko erdara-maila hura ezinbestekoa izatea.

Mapa7

Biotzari (Erromantzatua). Ripaldaren sorlekua herri erdalduna zen ezbairik gabe, Erromantzatuko gehienak bezala. Hona hemen 1605eko martxoan Armendariz burgiarrak lehiakideaz ari zela esan zuena: (…) y el contrario [Ripalda] no sabe la dicha [euskara] seno romançe solo por ser natural del lugar de Bigueçal, naçido y residente en el, a donde no saben bascuençe, ni lo saben ni entienden… 

Martxoan bertan Iruñean hautagaiei euskara azterketa eginik, gainditu egin zuen Burgikoak, baina biotzariarrak

…no lo sabe hablar, aunque lo entiende, como el mismo lo a confesado y se a visto por el dicho examen…

Uskartzen benefizioa zuelako iritsi ote zen Ripalda erdalduna euskara ulertzera? Nolanahi ere, maiatzean Armendarizen aldeko erabakia hartu zuten agintariek. Hizkuntza, oraindik ere, pisuzko argumentua izan ohi zen herri euskaldunetako bikarioak aukeratzerakoan.

Hizkuntza muga sendoa zegoen beraz Uskartze eta Ustaize artean XVII. mendearen hasieran, eta egonkor jarraitu zuen ondorengo urte luzeetan ere. Egoera aldatu izana iradoki zuten 1767an Erret Auzitegiko komisari erdaldunek, ez baitzuten Zaraitzu egokitu ez Nafarroako eremu euskaldunean, ez euskaldun izan arren erdara ulertzen hasia zen hartan, zeharka bada ere ibarra erromantzearen eremuan zeharo sartuz; eta 1785ean Adan Arbizu izeneko apaiz ustaiztar batek erdalduntzat jo zituen Zaraitzu zein Erronkari (estan reputados por romanzados o castellanos para el reparto de pruebas, que se mandan recibir entre comisarios que desconocen el bascongado). Baina Arbizuren iritzia ez zetorren bat orduko ahots gehienekin, eta interesak eragindakoa zen gainera, erdalduna izanik Zaraitzu ondo-ondoko Gindano eta Zerrenkano herrixka urrauldar euskaldunetako bikario bihurtu nahian baitzebilen. Uskartzekoa bezalakoxea baina 180 urte berankorragoa, Adan Arbizuren asmoak eragindako prozesua Zaraitzu hegoalde inguruko euskararen sendotasunaz jabetzeko tresna ederra da.

Gorza

Gorzak zazpi bat biztanle izan ohi ditu gaur egun neguan (argazkia: rutasnavarra.com)

Laburbilduz, Ustaizeko elizgizonak Gindano eta Zerrenkanoko bikariotza lortu zuen 1784ko abenduan baina euskaraz ez zekienez horretarako gai ez zela salatu zuen Adoaingo abade Lucas Gilek. Zenbait herritar, ordea, Arbizuren aldeko iritzia emanda zeuden. Handik harat abiatutako prozesuak hainbat albiste deigarri utzi dizkigu: batetik Arbizuk, zeregina betetzeko gai zela frogatzearren, herri haietan gaztelaniaz ere bazekitela nahi izan zuen erakutsi, eta horretarako aurkeztutako lekuko batzuk Ustaizekoak ziren, eta erdaldunak, jakina. Bestetik, 1785eko apirilean apaiz lehiakide bat agertu zitzaion Arbizuri: Juan Miguel Montes, Gorzako euskalduna. Arbizuk euskara ez zekienez Gindano eta Zerrenkanoko lana ezin bete zezakeela aldarrikatu zuen Montesek ere.

Gindano eta Zerrenkanon zerabilten hizkuntzari buruzko datuak biltzeko asmoz, bestalde, Sartzeko abadea izendatu zuten elizbarrutiko agintariek, eta Gindanoko behin-behineko apaiz, aldiz, Arrakasgoitikoa. Emandako ardurak betetzeko euskaldun behar zuten izan biek, eta halakoxeak ziren artean haien parrokiak ere, beranduagoko datuek erakutsi bezala.

Arbizu ustaiztarrak lortu egin zuen azkenean bi parrokietan aritzeko baimena; baina egin zioten euskara-azterketa gainditzeko adinako ezagutza-maila bermatu behar izan zuen, hizkuntza ikasirik.

Gil

“Doctrina Uscaras Dn Benito Gil escrivituric…”. 1827ko abendua zen, ez 1727koa (Nafarroako Artxibo Orokorrak eskainitako irudia).

Beraz, XVIII. mendearen amaieran euskaldun ziren Sartze eta Gorzako apaizak, azken hau herriko semea izanik. Eta Arrakasgoitin bertan, ondoko Ustaizen ez bezala (nahiz eta biak Nabaskozeko dermioan egon) bikario euskalduna behar zuten. Artean euskaradun zen beraz Zaraitzu osoa baina hastear zen galera-prozesua, Uskartzeko mugan behinik behin, Bonapartek 80 urte geroago emandako albisteen arabera.

Muga zaharrak kolokan

Benito Gil adoaindarrak (1801-1870) Itzalleko parrokiaren ardura hartu bezain laster euskarazko doktrinatxoa idatzi zuen vere governuarendaco. 1827an gertatu zen hori, nahiz eta bikario gazteak oharkabean mende bat atzera egin eta ia berrehun urtez iraun duen uste okerra zabaldu. XIX. mendea aurrera zihoala Gilek euskarazko testuaren beharra sentitu izana argi eta garbi ari zaigu esaten zaraitzuera sasoiko zebilela oraindik Galoze ondoko herri hartan; haurrak ere euskaldunak ziren Gilek ezagutu zuen Itzallen. Baina pittin bat hegoaldera eginez gero, aldatzen hasia zen egoera.

Captura2

1872ko “Études sur les trois dialectes basques des Vallées d’Aezcoa, de Salazar et de Roncal” lanaren amaieran aipatu zuen Bonapartek Uskartzen sei urte lehenago ikusitakoa (azpimarratutako pasartea)

Luis Luziano Bonaparte printzeak zehaztasun osoz finkatu zuen euskararen muga Zaraitzu hegoaldeari zegokionez. Honako hau idatzi zuen 1872an, luzaroan euskararen azken portu izandako Uskartzeri buruz ari zela: hondar herri honetan utzi egin diote euskaraz hitz egiteari, guk ez baitugu 1866an topatu hizkuntza horretan mintzatzeko gauza zen inor. Gaztaroan euskaraz aritzeko gai zen bertako andere zahar batek ahantzi egin du azkenik. Uskartzen ez bezala, bizirik zirauen euskarak Nabaskozeko Arrakasgoiti txikian. Ez ordea printzeak herrixka hura kolore ilunean biltzeko bezain indartsu. Uskartze ondo-ondoko Galozen eta Izitzen, ordea, hizkuntzak sasoikoago zirauela adierazi zuen mapan; zer esanik ez handik goiti.

Bonaparte

Bonaparte 1863 (lerro hauen gainean) vs. Broca 1874 (azpian)

Broca

Sinesgarria da Worcestershireko ikertzailearen lekukotasuna, aurreko datuekin bat datorrelako. Ez, aitzitik, Brocarena, Uskartze ez ezik Ustaize bera ere euskararen eremuan sartu baitzuen. Argi ikusi dugu XVII. mendean ere ez zela horrelakorik gertatzen; okerreko txostenek eragindako irakurketa izango zen noski.

Garbi dago, nolanahi ere, XIX. mendea azkentzearekin ia Zaraitzu osoa zela artean euskaldun eta hegoaldeko herri guztietan entzun zitekeela euskara Uskartzen bertan izan ezik; baina hainbat mendetan zehar egonkor iraun zuen muga zahar sendoa desagertzen ari zen, eta ziztu bizian hasia zen euskara inguruko herrietan ere ahultzen. 1870eko hamarkadan bazen oraindik euskararen transmisiorik Sartzetik Galozera bitarteko eremuan, baina ez zen erabatekoa eta etena gertatzear zegoen.

La parte más meridional del Valle de Salazar —el espacio entre Ibilcieta y Uscarrés, perteneciente al quiñón de Atabea— fue la que antes perdió el dialecto salacenco en el que sus habitantes se expresaron durante siglos, a medida que el romance firmemente asentado hasta la vecina Ustés remontó inexorablemente el río y relegó a la lengua vasca alterando una situación más o menos estable durante larguísimo tiempo. Cuando a partir de la década de 1970 proliferaron los estudios acerca de los últimos euskaldunes del valle y la recogida de testimonios de su habla, las localidades al sur de Esparza quedaron casi completamente al margen al no encontrarse ya (con la excepción de una anciana de Ibilcieta de quien Koldo Artola obtuvo unos pocos datos) a nadie que pudiera dar testimonio de la lengua que en ellas se usó. No quiere esto decir que el euskera de pueblos como Igal, Güesa o Izal se hubiera extinguido siglos, ni tan siquiera largas décadas atrás: hasta bien entrada la pasada centuria pudo escucharse en todas esas localidades y en buena parte de las restantes. Esta entrada comienza, mediante el repaso de los testimonios que van desde el siglo XVI hasta el XIX, un recorrido por la historia del euskera en el sur de Salazar; recorrido que no puede completarse sin trazar a grandes rasgos el devenir del euskera de Sarriés, Güesa y Gallués durante los últimos cien años, cuando se batía ya en retirada pero aún no había desaparecido de las casas y los rincones del sur de Atabea. Ese devenir será tratado en una entrada posterior.

sartze

Sartze oso herri euskalduna zen artean XIX. mendearen hondarrean (www.casasruralesnavarra.com)


Euskararen ibilbidea bere hego-mugan zehar

Joan den maiatzaren 26an, UEUk, Oihaneder Euskararen Etxeak eta Aziti Bihia elkarteak antolatutako Euskararen Historian barna: uste dugunetik dakigunera mintegiaren karietara, Araba eta Nafarroako eremu zabalean behinolako euskarak utzitako arrasto sakona izan nuen hizpide Gasteizen.

Inork egun hartan erabilitako aurkezpena ikusi nahiko balu, hemen topatuko du.

Otsailean abiatutako mintegiaren azken lau saioak irailaren 29tik abenduaren 22ra bitartean izango dira.

Oihaneder Gasteiz

Oihaneder Kultur Etxea


Miguel Ignacio Armasaren predikuak (I)

Testua IJoan den martxoaren 4an aurkeztu nuen blog honetan bertan Miguel Ignacio Armasa domingotarra (1770-1814), Labaiengo nafarra, XIX. mendearen hasieran zenbait prediku idatzi zituen euskal idazle zahar berria.

Prediku horietan zaharrena da sarrera honetara ekarri dudana: 1810eko Ostiral Santuan Kristoren Nekaldia zela eta jaioterriko eliztarren aurrean esan zuena, hain zuzen ere.

Hemen duzue predikurako esteka. Ondoko irudian klik eginez ere jo ahal izango duzue bertara.

Armasak erabilitako paperaren neurriengatik, bi irudi behar izan dira orrialde bakoitza osorik biltzeko: horrenbestez, 19 eta 20 irudiak lehendabiziko orrialdeari dagozkio; 21 eta 22 fitxategiak bigarrenari; 23 eta 24 zenbakidunak hirugarrenari; 25 eta 26 irudiak laugarrenari; eta 27-28 bikotea, azkenik, bosgarrenari.

En esta entrada el lector encontrará, digitalizado, el primero los tres sermones recientemente recuperados que compuso en lengua vasca al inicio del siglo XIX el dominico navarro Miguel Ignacio Armasa: más concretamente, el referido a la Pasión de Cristo que leyó a sus convecinos de Labayen durante el Triduo Pascual de 1810.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko ekaina
    A A A A O I I
    « maiatza    
     12
    3456789
    10111213141516
    17181920212223
    24252627282930
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu