Tag: Idazleak

Mendigatxa, Mariano (1832-1918)

Blogean duela gutxi idatzitako sarrera hau aberasteko orain arte ezagutzen ez nituen Mendigatxa sendiaren inguruko hainbat datu ekarri ditut hona. Ez dut uste jendaurrean idatziz sekula eman direnik. Bidankozarte aldizkariaren sustatzaile eta arduradun den Gotzon Pérez Artutx bidankoztarrari esker ezagutu ditut, jaioterriko parroki liburuak informatizatzen ari baita. Mendigatxaren inguruko xehetasun gehigarri hauek bere ahaleginaren eta pazientziaren fruitu dira. Sarrera hau bezalaxe, letra ilunean emanda dago eguneratzea ere.

Luis Luziano Bonaparteren eta Resurrección Maria Azkueren berriemaile bidankoztarra, hainbat testuren bitartez Erronkariko euskararen iturri ere bihurtu zena.

Mariano Mendigacha

Mariano Mendigatxa, Erronkariko eran jantzia

Erronkari haran osoan zehar XIX. mendeak jarri zuen -non lehenago, non berantago- bertako mintzoa galbidean. Bidankozen ere bai, jakina; baina herri hartan, horrekin batera, mintzo horren beraren bi lekuko bikain utzi zituen gizaldiak: Bonaparterentzat itzultzaile ibilitako Pedro Prudentzio Hualde, eta gaur hona ekarri dudan Mendigatxa, Erronkariko euskararen ikur eta -zoritxarrez- euskara horren beraren gainbeheraren sinbolo mingarri.

Mariano Saturnino Mendigatxa Bidankozen munduratu zen 1832ko otsailaren 12an. Guraso biak herrikoak zituen: Martin eta Melchora Ornat. Aitonak, burgiarra bata eta Erronkarikoa bestea. Mariano seme bakarra izan zen. Aita Mendigatxa etxekoa zuen eta ama, aldiz, Ornat etxekoa; 1829an ezkondu ziren eta beste seme bat jaio zitzaien ezkondu eta berehala -Pascual Isidoro-, baina urte eta erdi bete gabe hil zen. Ondoren Mariano jaio zen, eta 1833an hasitako gerra karlistaren ondorioz etxean ez zen beste seme-alabarik jaio. Karlistada giro latzak aita ondotik erauzi  zion Mariano Mendigatxari, eta umezurtz utzi.

Hiru urte zituela hil zioten aita. Kristinatar zenbaitek inguratu zuten 1835eko abenduan jaiotetxean bertan, eta ihes egiten saiaturik, balkoitik jauzi eginda, harrapatu eta herrian bertan akabatu zuten. Ama ez zen berriz ezkondu.

Bidankozeko eskola besterik ezagutu ez zuen laboraria izan zen Mariano Mendigatxa, baina berezko dohain handia izaki nonbait, nekazari batengandik espero ez zen mailaraino iritsi zen. Idazteko eta are itzultzeko erraztasuna agertu, eta mende erdi luzez izan zen kontuan hartzeko moduko erreferentzia Pirinio aldeko euskara hobeki ezagutu nahian zebiltzanentzat. Zenbatek esan ote dezakete horrenbeste?

Mendigatxa gaztea, amarekin bakarrik hazirik, ahal bezain pronto ezkondu zen, etxearen geroa ziurtatzeko. Gizonak ezkontzeko batez besteko adina 27 urtekoa zen garai hartan, hogei urte eskasekin espostu zuten mutikoa, aurretik hala erabakirik, Uztarrotzeko María Josefa Pérez Marcorekin. Bidankozeko aita eta Uztarrotzeko ama zituen emazteak. 

Bikoteak 5 seme-alaba izan zituen. Lehenengoa 1855ean Bidankoze astindu zuen kolera izurriteak eraman zuen, urtea baino ez zuelarik, aitaren anaiari berari gertatu bezala. Beste seme bat ere, bi urte bete gabe hil zitzaien. Beraz, hiru seme-alaba atera ziren aurrera: bi neska eta mutiko bat. Eusebia Felicia Otsagabiako batekin ezkondu zen, eta gainerako biek, (Francisco Simeon eta Ramona Ines), aitak bezala, aurrez prestatutako ezkontza izan zuten Bidankozeko etxerik aberatseneko bi anai-arrebarekin lotzeko: Santxena etxeko Juan eta María Cruz Mainz Salvochekin (1883). Ramona geratu zen Mendigatxa etxean eta berarekin bizi izan zen aita zahartzaroan.

Mendigatxa etxea

Mendigatxaren jaiotetxea, duela mende erdiko argazki batean

Bere bi alabak jaio ziren urte haietan (Ramona Ines 1858an, Eusebia Felicia 1863an) Erronkaritik kanpoko ikerleen arreta pizten hasi zen Mariano Mendigatxa. Bernardo Estornes Lasaren arabera, 1857ko bidaian ezagutu bide zuen Bonapartek Bidankozeko laborari azkarra, honek 25 urte baino ez zituela; beste iturri batzuek 1866-67ra arte izan ez zela diote. Prudentzio Hualde apaiz bidankoztarra izan zen San Mateoren Ebanjelioa eta doktrina Erronkariko uskarara moldatu zituena, baina Mendigatxa ere baliatu zuen printzeak: 50. salmoa Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko mintzoetara isurita argitara eman zuenean (1869) Mendigatxa arduratu zen -Martin Elizondo eta Pedro Jose Sanperrekin batera- itzulpen lanaz.

Mariano Mendigatxa ez zen L.L. Bonaparteren idatzizko berriemaile nagusietako bat izan, ezta bere haranerako ere; baina ez da ahaztu behar 1869an, hainbat egunez Donibane Lohizunen bildurik, Erronkariko euskararen aditz sistema osoa eta hiztegi lagin ederra jarri zizkiola eskura Mendigatxak printzeari: eta asko zen oraindik Bidankozekoak eskaintzeko zuena.

Esaterako, zerikusi handia izan zuen Arturo Kanpionen Orreaga balada hainbat euskalkitara eta Nafarroako hemezortzi mintzotara itzultzearekin: 1877an idatzi zuen Kanpionek Orreaga, Gipuzkoako euskaraz idatzi ere, eta halaxe agertu zen testua 1878an Revista Éuskara aldizkariaren lehendabiziko alean; baina oraindik ez omen zuen beste inongo euskalkitan emateko asmorik. Une hartan, ordea,  euskalkien arteko konparazioa bideratuko zuen testu bat aukeratu nahian zebilen Kanpion, eta lana Mendigatxak erraztu zion ezustean, inork eskatu gabe balada erronkarieraz paratu baitzuen  –Revista Éuskararen 1. alean bertan agertu zen bertsio hura ere-; itzulpen hark eta Bonapartek berak egin zizkion ukituek konbentzitu zuten Kanpion testuaren egokitasunaz, eta azkenean Orreaga izan zen euskalkiak erkatzeko (1880) iruindarrak plazaratu zuen idazkia.

Salmo Quincuagesimo 1869

Bonaparterentzat egindako salmo-itzulpenaren azala (egin klik testura jotzeko)

XIX. mendearen bigarren erdian zehar aipatzeko modukoa izan zen beraz Mendigatxaren lekukotasuna; baina goia XX. mende hasieran jo zuen, euskara bera Bidankozen argi eta garbi pitzatzen hasia zenean. 1902an, Resurreccion Maria Azkuek Zuberoan eskualde ezberdinetako hainbat berriemaileren arteko bilera bat antolatu nahi izan zuelarik, lau hamarkada lehenago Bonaparterekin aritutako bidankoztarra nahi izan zuen bere albora eraman. Ordurako 70 urteak beteta zituen Mendigatxak; aski joanak beraz harat-honat ibiltzeko behinolako indarrak. Azkueren asmoaren berri jakindakoan laguntza txikirik eskatuko ez ziola susmatu zuen gainera; baina baietz esan, eta udan elkartu zen Ligin bizkaitarrarekin. Hala egin bezain azkar jabetu zen Azkue Bidankozeko berriemailearen balioaz eta ia 15 urte iraun zuen harremana hasi zen horrela.

Harreman hori 1903tik 1916ra Azkuek eta Mendigatxak elkarri bidaliriko eskutitzek gorpuztu zuten. Bidankoztarrak idatzi zituenetarik 34 gorde dira; izan omen zen besterik. Erronkariko euskaraz daude gutun asko: inguruan Mendigatxak gero eta gutxiago entzungo zuen hizkeraren lekuko ederrak. 1957ra arte ez ziren ezagutzera eman.

Ondoren doana da gorde zen lehendabizikoa. Berorika egiten zion Azkueri, eta urteak pilatzen ari zitzaizkiola ikusita lekeitiarrari lehenbailehen ahalik eta gehien idazteko asmoa agertu zuen, bere idazkera ona ote zen zalantzan jarrita ere.

Bidankoze 1903’ko, Martxoaren 15’na
D. Resurrekzion Maria. Bilbo.
Maitagarrizko jeina. Bere tenpran xin zen orren azken Otsailaren 17’ko karta; artaz ekustan dud antzinatan diona uskarazko lan andi daramanian. Bitorreki arten dud zernaiden gaiza oil daztadan, uskaraz eskribitan dionetarik. Boztario batek artan nu orren letrak; ekustan duan aldi oroz, urdu zaitad gaudela biak xunto Eskapilenian beitartez beitarte. Eztud esprantza andirik ekusi biar daudala obrorik. Biotza erdiratan zaitad pensatian kementik irur urteren buruko, zer izanen den ote nitaz, adin daramadanareki iriko gizon guziuetarik eztud baizik laur zarrago; lauretarik bata dago utsitruk; eta berze irurak daude txotxatiar ellotruk xain xaina. Jangeiko Jeinari, otoy egiten daud, naro; emon daztan iltea on bat, erigoa luzerik bage. Eztago erremediorik, bear digu orkitu xiten denari; aren eskutik xin dein ber, izan deila komeni dena. Pensamentiuan artruk dakad biar daudala eskribitu al dokedan tenpra guziuaz, ilabete oro; anke ez obro ezik bizi nazala; Orrek eskribi beztad borontate dionian. Eta ¿nola daude osagarriz, Karmen, Sol, Aurora, eta Diana baidra orren familia? anke ezdutuala izaguntan nay dud xarrekitian onki. Eztakid gaxki ala onki eskribitan daudan; obroena barragarritako izanen zazka ene astakeriak. Egun xa estaud obro isartan, baizik, orri zerbutxatu naz betik baratan nazala gose andi bateki.

Aipagarria da 1903an bertan bere herriko hizkuntza-egoerari buruzko aski albiste esanguratsua jakinarazi ziola Mendigatxak Azkueri. Ilobei euskara irakasten saiatu zen, baina alferrik:

…tenpra berian, aski sentimentureki, erraiten daud, enazala trebe llober uskararen ikasaraztra, nola ezbaitey ñonere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, eztokey ikas ñolako gisan; kalaz, enfadatruk, eitzi digu alte bat; errana badigu kemen, eztagola betik urrutxa, makila egiteko; niri re ganiua gentu zaitad.

Ilobek ez zuten beraz aitonarena beste euskararik entzuten ordurako herrian, eta ahaleginak ez zuen ezertarako balio izan. Egina zuen ordurako euskara zaharrarenak Bidankozen.

Bidankoze zaharra

400 bat biztanle zituen Bidankozek Mendigatxaren garaian. Gaur, 100 ere ez.

1905era arteko 27 eskutitzetatik 22tan aritu zen bidankoztarra erronkarieraz. 1905etik aurrera, ordea, gaztelania izan zen Azkueri zuzentzeko erabili zuen hizkuntza, gutunetan euskarazko testu eta hitzak tartekatzen jarraitu bazuen ere.

Bien arteko harremana ikerle eta berriemailearen artekoaz haraindi heldu zen. Errespetu handiz hartu zuten elkar. Azken eskutitzetan, 80 urteak beteta zituen Mendigatxak bere indarrak ahitzen eta amaiera gerturatzen antzeman ahala, sentipenak eta kezkak ere jakinarazi zizkion Azkueri, eta Lekeitioko ikerle handia bidankoztarraren arazo eta ezinegonen lekuko izan zen. 1915ean sendirik gabekoentzako zaharretxe batera joateko asmoa izan zuen Mendigatxak, familiarekin bizi zen arren; antza denez, alaba batekin zuen harreman kaskarra ezinegon handia eragiten ari zitzaion Mariano adintsuari eta etxeko egoera garraztuta zegoen; horrek bultzatu zuen Mendigatxa erabaki hura hartzera. Bidankozeko udal-idazkariaren bidez iritsi ziren albiste haiek Azkuerengana, Mendigatxaren sendiak berak eskatuta, nonbait. Hori jakitean, herriko apaizaz baliatu zen Azkue Mendigatxari hurrengo eskutitza helarazteko. Etxean inon baino hobeto egongo zela esan zion; familiaren izena zaintzeko banatzerik komeni ez, gaineratu zuen. Pazientzia. 25 pezeta bidali zizkion gainera Azkuek Bidankozeko apaizari, horiekin erretoreak Mendigatxaren estutasunak nola edo hala arinduko zituelakoan (alaba ezkontzean haren aldeko donazioa egin zuen Mendigatxak eta bere buruarentzat gordetako dirutik ez omen zioten deus ere ematen). Azkueren aholkuak irakurri orduko baztertu zuen Mendigatxak bere hasierako asmoa (desde aquel momento desvanecí la idea de separarme, y me decidí a vivir junto con la familia, porque estoy sumiso y obediente a sus órdenes, respetándole como si fuera mi padre propio) nahiz eta etxekoekin bizitzen jarraitzeari ‘martirio‘ huts iritzi.

bIDANKOZE ALMADIA

Almadia-lanean. Joandako egunetako irudia.

Azken eskutitzean (1916) hurbil sentitu zuen heriotza: Con respecto a mi vida … no sé si me equivocaré, a mí se me figura que la presente será la última que reciba V. de mis manos … No tengo expresión suficiente para manifestarle lo agradecido que he vivido con la amabilidad, con el cariñoso afecto y con el dulce proceder que ha observado V. para conmigo desde el día que nos conocimos.

Asmatu egin zuen, zoritxarrez. Mendigatxa 1918ko uztailaren 31n hil zen. Galbidean zegoen Bidankozeko euskara ez zen berarekin zeharo desagertu, baina bere ikur nagusia galdu eta umezurtz gelditu zen, Mariano haurtxoari 80 urte lehenago gertatu bezala.

Mariano Saturnino Mendigacha, agricultor natural de Vidángoz, donde nació y murió (1832-1918) resulta en cierta medida un gran testigo crepuscular del dialecto roncalés que lo alumbró; gran testigo, porque las traducciones que preparó para Bonaparte y Campión y su relación epistolar con Azkue lo convierten en obligada referencia para el conocimiento del habla de su valle natal, hoy tristemente desaparecida. Y crepuscular, sin duda, pues la misma existencia de Mendigacha parece una alegoría del euskera de su localidad; aparentemente pujante aún en su infancia y agonizante cuando casi nueve décadas más tarde abandonó este mundo. 


Erasun, Jose (1821-1894)

Saldiasen jaiotako XIX. mendeko apaiz, itzultzaile eta euskaltzalea, Bonaparte printzearen nafar lankiderik goiztiarrenetako bat izan bide zena.

Saldias, Nafarroako Basaburua Ttipian

Nafarroako euskararen arnasa paperean ezarri zuten XVIII. edo XIX. mendeetako beste hainbat lekuko bezala, duela hogei urte eskas ia guztiz ezezaguna zen gurean Jose Erasunen nondik norakoa, eta oso azalekoa bere ekarpenaz genekiena. Rosa Miren Pagolak egile honen lanaren zati bat 90eko hamarkadan argitaratu ostean, bi izan ziren joan den mende amaieran Erasun ilunpetik aterarazi zutenak: On Tomas Otxandorena zena, Labaien eta Saldiasko erretore euskaltzalea (1997), eta Xabier Erize filologo eta soziolinguista (1998). Egileok beren lanetan aurretik esan zituztenak erabiliko ditut nik sarrera honetan.

Juan Jose Erasun Mutuberria Basaburu Ttipiko Saldiasen jaio zen 1821eko apirilaren 13an, Apezena izeneko etxean. Gurasoak Juan Jose Erasun eta Maria Engrazia Mutuberria izan ziren, herri-herrikoak. Ezin inguruan errotuagoa haur jaioberria: aiton-amonak ere Saldisan eta Labainan jaioak ziren denak. Sendotza hamar urterekin hartuta, gaztaro gehiena eman zuen, ohi zen legez, apaiz izateko prestatzen: Gramatika, Teologia, Latina…ez ziren gutxi herri txiki bateko eliztiarren ardura hartzeko gizon haiek eskuratu beharreko jakintzak. Ikasketak 1777an sortutako Iruñeko Apaizgaitegian egin zituen, bere belaunaldikoek bezala, baina urte haietan, Iruñean ez ezik, Galarko Espartzan eta Berriogoitin ere izan zen bolada batez, bertako parrokoen magalpean heziketa osatzen.

Tontsura zen apaiz izan nahi zuenak gotzainaren eskutik hartu beharreko lehendabiziko gradu edo urratsa. Tontsuradun 1844an bihurturik, eta handik gutxira Donezteben benefizio bat hartuta, azkar eman zizkioten saldiastar gazteari apezteko behar zituen gainerako ordenak (1846-47), bai eta zegozkion azterketak gainditu osteko baimenak ere. Kalahorran osatu zuen bidea 1847ko apirilean. Berrogeita zazpi urteko apaiz ibilbideari ekin zion Erasunek.

Zugarramurdi

Zugarramurdi

Doneztebeko benefizioak zortzi hilabetez baino ez zuen Malerrekara lotu; 1848tik aurrera Zugarramurdin zerbitzatu zuen, ia hamarkada batez izan zelarik bertako erretore, Ez hori bakarrik: Bonaparte printzeak bere ikerketa lanerako esku artean izan zuen Zugarramurdiko doktrina, nahiz eta Erasunen izenik ez daraman, saldiastarrak prestatu zuela dakigu gaur. Xabier Erizek argitu dituen xehetasunak dira ahapaldi honetako guztiak.

Bonaparte 1856ko udan etorri zen estraineko aldiz Euskal Herrira, Etxenikez aritzean aipatu nuen bezala. Uda hartan bertan agindu zituen printzeak Nafarroako euskara ezagutzen hasteko lehendabiziko itzulpen-lanak. Horrenbestez, baliteke azalean egilearen izena ordez  ‘Por uno de Saldías de Basaburúa Menor‘ besterik ez dakarren doktrina-itzulpena Erasunek 1856-57 bitarte horretan prestatzea. Hala egin bazuen, ongi ezagutuko zituen ordurako Zugarramurdiko hizkeraren gorabeherak, bertan zortzi-bederatzi urte eramanda. Itzulpen-data horixe izanez gero, Bonaparteren laguntzailerik goiztiarrenetako bat genuke Jose Erasun. Ez da alferrikako datua, gero berriro aipatuko dudan bezala saldiastarraren euskalzaletasuna azken orduko kontua baino gehiago izan zela adierazten duelako.

Saldias eliza

Saldias. Joan Bataiatzailearen eliza.

Zugarramurdiko euskararen lagin hori urte haietan idatzi ala beste uneren batekoa izan, 1857an Erasun sorterrira itzultzear zegoen. Uztailean bertan Saldiasko Joan Bataiatzailearen parroki-ardura bereganatu, eta hil arteko 37 urteetan izan zen erretore jaiolekuan. Epe luze horretan, bere eliztiarren onura espiritualaz ez ezik, elizarako eta ermitarako hiru ezkila berri eginarazteaz ere arduratu zen. Orduko 11,468 erreal kostatu ziren ezkila haiek. Horretaz gain, hilburukoan ia 14.000 erreal agindu zituen bere parrokiaren beharretarako.

Saldiasko erretorealdi luze hartan ez zen, ordea, erlijioaz eta ingurukoez bakarrik arduratu. Zugarramurdin egon izanak Bonaparte printzearen lankide bihurtzeko parada eman zion bezala, 25 urte beranduago, 1876 osteko giroan Nafarroan ere euskararen aldeko mugimendu baten zantzuak antzematen hasi zirenean, hantxe agertu zen Erasun urte haietako beste euskaltzale batzuekin batera. 1878an sorturiko Asociación Éuskara taldean parte hartu zuen, eta horretaz gain elkartearen babesean hainbat lan prestatu ere egin zituen, euskaraz zein gaztelaniaz, baten bat 1878tik 1883ra arte elkartekideek kaleratutako Revista Éuskara aldizkarian argitara eman zutelarik.

Bi dira Erasunek garai hartan sortu zituen euskarazko lanak, hainbat urte lehenago idatzitako Zugarramurdiko itzulpenaren osagarri:

– Batetik, Orreaga balada Saldiasko euskaraz emateaz arduratu zen. Balada hura Arturo Kanpionek sortu zuen 1877an, eta hiru urte beranduago euskalki nagusietara itzulirik argitaratu zuen. Baina Kanpion iruindarrak arreta berezia eman nahi izan zion Nafarroari lan hartan, eta erresuma zaharreko hemezortzi herritako bertsioak gehitu zituen. Erasunek prestatu zuen Saldiasi zegokiona. Dena den, nahi baino beranduago iritsi zitzaion Kanpioni agindutako lana, eta, berantetsirik, ondoko Erasun herriko bertsioa ere eskatu zion Francisco Hernandorena erretoreari. Horrela bada, Basaburu Ttipiko bi herriren lekukotasuna jaso zuen bilduma hark.

. Bestetik, Antonio María Claret zenaren 1848ko Catecismo de la Doctrina Cristiana euskaraz paratu zuen. 1881ean argitaratu zen Iruñean itzulpena, honako izenburu honekin: Doctrina Cristavaren Catecismoa guciz ongarai eta arguitu Antonio Maria Claret Trajanopolisco Arzobispuac escribitua eta consagratua…Nauarraco sacerdote batác uscarara viurtua.

Revista Euskara

Revista Éuskara-ren 1. alean (1878) argitaratu zen Orreaga balada. Bi urrte beranduago azaldu zen gainerako bertsio guztiekin.

Lan hauetan (eta erdarazkoetan ere bai) argi utzi zuen beti euskaraz idazterakoan gaztelaniazko ortografiari orpoz orpo segitzearen aldekoa zela. 1881ean Revista Éuskara-n argitaratu zioten erdal eskutitz batean, iritzi hori arrazoitu nahirik, euskararako itzulpengintzari emana urte asko zeramatzala argudiatu zuen Erasunek: ‘me he ejercitado 33 años en traducir del castellano y latín al vascuence’ idatzi zuen basaburutarrak. 1848rako ari omen zen, beraz, itzulpen-lanean. Bonaparteri helarazitako Zugarramurdiko doktrina hara heldu bezain pronto idatzi zuela (eta ez 1856-57an) ulertu behar da? Edota Erasunek sortutako euskarazko testuak guk gaur ezagutzen ditugunak baino gehiago izan zirela…?

1894ko azaroaren 11n utzi gintuen, bere jaiolekuan bertan. Izan duen hedapenari eta ospeari begira Jose Erasun ez dago XIX. mendeko Nafarroako euskal idazle ezagunenen artean, ez da dudarik; baina ez dira asko mendearen bigarren zati osoan (Karlistada arteko epean zein gerra ostekoan) euskararen aldeko lanean nabarmendu ziren nafarrak. Saldiastarrari ezin, ordea, meritu hori ukatu.

José Erasun (1821-1894), nacido en Saldías, párroco de Zugarramurdi primero, durante una década, y posteriormente asentado en su lugar de origen a lo largo de casi 40 años, es una figura no excesivamente conocida dentro del panorama de los escritores navarros en euskera del siglo XIX, aunque posee la particularidad y el valor añadido de haber contribuido al cultivo de la lengua en la época más temprana de las investigaciones del príncipe Bonaparte (1850-1860) y el de haber continuado haciéndolo años después, en la década de 1880, cuando un cierto movimiento de Renacimiento de la cultura vasca intentaba tomar cuerpo también en Navarra. Erasun, autor de una doctrina cristiana escrita en el euskera hablado en Zugarramurdi, lindante con el País Vasco Continental, es también, gracias a su traducción de la balada ‘Orreaga’ al habla de Saldías, uno de los no excesivamente abundantes testigos históricos que nos ha dejado el euskera de la Basaburua Menor, plenamente vigente en nuestros días.


Markotegi, Martin Jose (1734-1814)

Goñi herrian jaiotako elizgizona, bere jaioterrian abade ez ezik euskarazko predikugile ere izan zena.

Goñi2

Goñi, Markotegi osaba-iloben jaioterria, euskalduna izan zen 1930eko hamarkadara arte.

XVIII. eta XIX. mendeetan zehar guregana heldu diren euskarazko sermoi asko eta asko idatzi ziren Nafarroan zehar; hizkuntza dagoeneko galdu duten hainbat herriren euskalduntasunaren lekuko, edota erabilitako mintzoaren arrasto interesgarri dira haietako hainbat; baina sarritan umezurtz iritsi dira sermoiok guregana, haien sortzaileen izenak betirako galduta edo orain arte behintzat ezin jakinik. Ez da zorionez horrelakorik gertatu 1777. urtean Ollo herrian esandako batekin. Endrike Knörr zenak ezagutarazi zuen aurrenik (1992) Ollaranen erabilitako testua, eta -beste hainbatetan bezala- Aita Franzisko Ondarraren lan arretatsuari esker ezagutu ahal izan dugu hobeto izen bereko Markotegi osaba-iloben nondik norakoa. Bi izan baitziren Goñi herriak emandako Markotegi abizeneko apaiz eta idazleak, nahiz eta ni hemen osabaz baino arituko ez naizen, huraxe izan baitzen euskarazko lekukotasuna utzi ziguna.

Markotegi osaba, iloba bezalatsu, Martin Josef izenaz bataiatu zuten Goñin. 1734ko azaroaren 24an jaio zen, gurasoak Martin Markotegi eta Maria Migel Beraza zituelarik. Goñitarrak ziren guraso biak. Lau egun beranduago hartu zuen bataioa.

Sendotza 18 urterekin-edo harturik, 1755ean tontsuradun bihurtu eta 1762ra bitartean osatu zituen apaizbideari dagozkion urratsak. Gaspar Miranda eta Argaiz gotzain errioxarraren eskutik iritsi zuen apaizgoa Markotegik 1762ko otsailean. Ez dakigu, tamalez, zein izan ziren urte haietan egindako ikasketak.

Zeligueta2

Zeliguetako gaztelua, Ibargoitin. Bertan izan zen Markotegi 1760ko hamarkadan.

Apaiz bihurtzerako zenbait onura jasota zegoen goñitarra. 22 urterekin (1756) Aizpun herriko sakristau izendatu zuten; bost urte beranduago, 1761eko udan, Zeligueta herriko bikariotza eskuratu zuela ematen du. Aizpun sorterri ondo-ondoan zuen; ez, aldiz, Ibargoitiko Zeligueta. Ibargoitira egin bazuen, ordea, ez zen luzarorako izan; 1765ean Goñiko parroko Don Pablo Amezketa hil zelarik, Markotegi zebilen beharbada behin-behineko apaiz, eta edonola ere huraxe aurkeztu zuten herritarrek, eta baita aukeratu ere, ondorengo bikario. 1765eko maiatzean eskuratu zuen goñitarrak ofizialki sorterriko parroki ardura. Handik aurrera, heriotzak harrapatu arteko urte luzeak herrian eman bide zituen.

Goñiko abade zelarik prestatuko zuen beraz 1777an Ollo herrian irakurritako testu bilduma; edo, zehatzago hitz eginez, testu bilduma baino, bost zatitan banatutako hogei bat orrialdetako testu luzea. Aitortzari buruzkoa da Dulantziko komentu batean agertutako  idazkia, eta zati bakoitza Garizumako igande batean irakurtzekoa izango zen, kristau doktrina eliztarrei gogoratzeko-edo, sermolari nagusiaren predikuaren aurretik. Litekeena da Markotegiren zeregina gorde diren doktrinatxo horiek irakurtzea izatea, eta ondoren besteren batek guregana heldu ez diren sermoi nagusiak esatea.

Ollarandik horren hurbil jaiotako Markotegi goñerritarrak ollotarrei hitz egin zienean inguru hartako euskara erabiliko zuela pentsa liteke. Azken batean, ez zen alde handirik izango Goñerritik Ollaranera, eta 1777 aurreko 21 urteetatik 17 Goñerrian emana zen, bai Goñin, bai Aizpunen. Egia da, ordea, Iruñetik Zangozarako bidean dagoen Zeliguetan izan omen zela ia lau urtez; eta Goñerritik Ibargoitira gehixeago aldatuko zen mintzoa. Nolanahi ere, Markotegiren euskaran inguruan jasotako lekukotasun garaikideekin bat datozen ezaugarri asko agertu arren, baditu, halaber, bere jaioterriko mintzoari arrotzak zaizkion hainbat:

Esan erabiltzea, eta ez erran: ‘ta ala dio Marcancio essaten den autorebatec…’

Beste erabiltzea, eta ez berze: ‘bada esta besteric importazen baizic arquizea Jangoicoaren gracia…’

Duzu-rekin batera, gutxienik Ergoiengo kutsua (urrunagokoa ez bada) duen dezu: ‘essan zadazu becatu mortalic eguin duzu dela obras, dela deseos?’ ‘O nere christaua, naidezu ongui examiñatu zure conciencia?’

Azken batean, behinolako nafar hizkerak nahiko genukeen bezain ongi eta zehatz ezagutzen ez ditugun arren, Markotegiren hizkerak ez du Goñerriko euskara garbitzat hartzeko sinesgarritasun osorik eskaintzen. Iñaki Caminoren esanetan, Markotegiren idazkiak ez du dialektologia egiteko balio, arreta handiz hartuta ez bada.

Hil baino askoz lehenagotik gaixorik bizi izan zela ematen du. 1796-97 urteetako sinaduretan bere eskua ongi menderatu ezinik dabilenaren zakartasuna antzeman zuen Ondarrak. Baliteke ordurako bere azken urteetan auzitara ere eramango zuen perlesi gaitzaren menpe egotea. Izan ere, 1807an abadea zegozkion lanak ezin beterik zebilela salatu zuten eliztarrek. Ordurako Markotegi ez omen zen sinatzeko ere gauza. 1808an, auzia erabaki zenean, Goñiko bikario adintsuak jaiegunetan meza esateko laguntzailea behar zuela agindu zen.

Martin Joseph Markotegi 1814ko maiatzaren 26an hil zen, laurogei urteak betetzeko hilabete gutxiren faltan zegoela. Ondoan izango zuen beharbada izen bereko iloba (1766-1843), urte haietan Goñin bertan bizi baitzen. Aralarko San Migeli buruzko erdal liburu baten egilea izan zen iloba, baina gaur arte behintzat ez da aurkitu, nik dakidala, bere eskuak sortutako euskarazko idazkirik.

Amaiera gisa, hona hemen Markotegi osabaren ahotik, duela ia bi mende eta erdiko Garizuma hartan, Ollarango kristauak bide zuzenera eramateko entzun ziren hitzetako batzuk:

Icusi zazie cherri monton bat daudela sarturic loi batean, adizen dute escopetaren tiro bat, eta icusico tuzie nola gustiac alchazen dituste buruac, eta daude ala suspenso dembora labur batean: Baña passazen da quea polvorarena, eta arroito tiroarena, eta bereala biurzen dirade rebolcazera loi artan. Cer da au? Cer izan bear du: azendu ziraden tiratu zuten tiro artas. O catholicoac, cer da au baizic egotea becataria sarturic bere torpezetaco loi artan, adizen du Jangoicoac disparazen duen tiroa zañetan ilzen da norbait de repente, adizen ditu predicadorearen izac, eta izuturic alchazen du burua: essaten duela; ez gueiago becatu eguín, cerengatíc condena naiteque: adízen du jozen direla il ezquillac: galde eguiten du nor ilda: essaten diote fulano: A niri suceditu bazequide, cer contua eman bear nio Jangoicoari: tratazen du orduan apartazea eta vizizea ongui: Baña apenas juan da Predicadorea, apenas passatu de susto difuntoarena, eta apenas passatu da quea entierroco torchaena, bereala biurzen baita lenagoco vicio gaistoen loi ziquin artara: eta orai essan bear didezu, cer eguin ciran, eguin zinduzen proposito fervoroso aiec? Azendu ezquillaren soñuarequi batean: Perijt memoria eorum cum sonitu: Bada cer admirazeco da modu onetan biurzea zure vicio gaistoetara, azenzen bazara proposito eguin duzunas? Nere christaua, proposito ematen duzunac izan bear du zure vici guzico, firmea, eta eguiescoa, eta estelezaric orla irri eguin dezaquezu zure propositoas, cerengatic faltaturic propriedade ebec dirade zure confessio gustiac gaistoac.

Olloko eliza

Olloko eliza. Hemen entzungo zuten kristau adizaleek Martin Josef Markotegiren 1777ko doktrina.

Fueron dos los párrocos de nombre Martin Joseph Marcotegui -tío y sobrino- que vio nacer el pueblo de Goñi, en la merindad de Estella, a lo largo del siglo XVIII. El mayor de los dos, que desempeñó su labor pastoral en Aizpún primero, más tarde en Celigüeta, y finalmente y durante más de cuarenta años en su localidad natal, es el autor de un conjunto de cinco ‘doctrinas’ (es decir, de textos relacionados con el cumplimiento de algún punto de la doctrina cristiana, que antecedían al sermón principal de un misionista) leídos a los feligreses de la vecina localidad de Ollo durante la Cuaresma de 1777.  Así pues, dicha prédica ha pasado a formar parte de la apreciable nómina de textos relacionados de una manera u otra con el valle de Goñi que han llegado hasta nuestros días, si bien, en este caso (como en el de algunos otros escritos), y a la vista de no pocos de sus rasgos lingüísticos, se considere que el euskera empleado por Marcotegui no refleja de manera absolutamente fiel el que se debió de usar en su valle durante el siglo XVIII y hasta bien entrado el  XX.


Etxenike, Bruno (1819-1893)

Luis Luziano Bonaparteren lankide urdazubiarra,  printzearen ikerketa lanetarako euskarazko hainbat itzulpen prestatu zituena.

Brunoetxenike

Bruno Etxenike

Axularren sorterriko Karakoetxean jaio zen Bruno Eugenio Maria Etxenike Garmendia 1819ko uztailaren 9an. Bertakoak zituen aita Juan Bautista eta haren arbasoak ere; Maria Lorenza ama, aldiz, Urdazubira ezkonduko beratarra zen.

Herritik atera gabe ikasiko zuen irakurtzen-eta; baina osatu, Iparraldean osatu zuen bere heziketa. Larresoroko apaizgaitegia ikastetxe zibil bihurtu berria zuen Frantziako Gobernuak 1830eko hamarkadan, erlijiosoen ikastetxeak bertan behera utzirik, eta hara bidali zuen Juan Bautista Etxenikek seme gaztea. Dudarik gabe ongi baliatu zuen Bruno Etxenikek Larresoroko ikasketa giroa bere idazkietan antzeman daitekeen heziketa maila erdiesteko.

Bi emazte izan zituen; arabarra lehendabizikoa, nafarra bigarrena. Alaba bat eta lau seme eman zizkioten. Hainbat lekutan bizi izan zela ez da dudarik: Urdazubin eta Larresoron ez ezik, Elizondon, Gasteizen eta Iruñean bederen. Elizondon, esaterako, Datuegaraia izeneko jauregiaren jabe zen; Bonaparte printzearen pausaleku izan zen Datuegaraia behin baino gehiagotan. Beharbada ehungintzarekin loturiko lanbide edo negoziorik izango zuen. Dena den, ez da xehetasun handirik bere bizitzako hainbat gorabeherari buruz, Bonaparte printzea ezagutzeak eta harekiko harremanak eragindako albiste eta lanen aldean. Horiexek bihurtu zuten sona handiko Bruno Etxenike.

Urdazubi - Karakoetxea

Urdazubiko Karakoetxea, gaur egun

Luis Luziano Bonaparte printzea 1856ko udan etorri zen estraineko aldiz gurera. Filologiak eta hizkuntzek ordurako liluraturik eta euskaraz arduratzeko erabakia hartuta, Antoine d’Abbadie adiskidearen eskutik hasi zen euskara aztertzerakoan hainbat urtez lankide fin izango zituen asko ezagutzen. Antza denez, Antoineren anaietako batek ezagutzen zuen Etxenike, eta printzearen ikerketa asmoetarako Urdazubikoa laguntzaile ona izan zitekeela iritzita, aurkeztu egin zioten abuztuan, Baigorrin. Ez zen erabaki ustela izan; berehala onetsi zuen Bonapartek Etxenike -orduan bertan eman zion lehendabiziko enkargua, hots, San Mateoren Ebanjelioa euskaratu zezala- eta egun hartatik aurrera ahal bezain txukun bete zuen beti Etxenikek adiskide berriak eskatutakoa. Estraineko eskari hari erantzuteko ere ez zen luzamendutan ibili; hurrengo urtean argitaratu ahal izan zuen Bonapartek San Mateoin Evangelioa.

Bonapartek Etxenikeri

Bonapartek Etxenikeri idatzitako eskuitz baten hasiera (Iturria: Bidegileak bilduma)

Lan gaitza litzateke, ezinezkoa ia-ia, Luis Luziano Bonapartek euskararen ezagutzari egindako ekarpena Bruno Etxenike aipatu gabe laburbiltzea. Nafarroako euskarari zegokionez oso kontuan hartzen zituen printzeak urdazubiarraren ohar eta zuzenketak, eta Nafarroan egin beharreko dialektologia lanak koordinatzeko ardura eman zion; horrek Duvoisin, Intxauspe edota Otaegi bezalako funtsezko lankideen parean jarriko luke gutxienez; baina haratago joan zen Bonapartek Urdazubiko adiskideari agertutako estimua. 1861eko eskutitz batean honela idatzi zion printzeak: uste osoa dut, zu zeu zarela nahi dudana bete-betean ulertu duen pertsona bakarra. Antzeko besterik ere adierazi zuen behin baino gehiagotan. Ez dira nolanahiko hitzak. Ikerketa guztietan erabateko zorroztasuna besterik onartzen ez omen zuen Bonaparterentzat oinarri-oinarrizko gertatu zen Etxenikek eskatutakoari beti zorroztasun berberaz erantzuteko agertu zuen joera. 1860ko hamarkadan, printzea euskalkien mapa eratzen buru-belarri aritu zen garaian, hamaika herritan zehar ibili zen sarritan Etxenike (hainbat aldiz Elizondotik Gasteiza oinez joandako ibiltari porrokatua baitzen) tokian tokiko hizkuntza xehetasunak bilduz, Bonaparteri jakinarazteko. Printzeak oso enkargu zehatzak helarazi zizkion maiz: esate baterako (1864) ea aurkituko al zuen norbait, Etxenikek berak gidatua Irurtzundik Nabaskozerainoko bidea egin eta ibilbidean zeharreko herrietan euskararen egoera zein zen esango ziona. 1866ko bidaian Bonaparte 17 egunez Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkarin barrena ibili zenean, Etxenike bera eta Otaegi izan zituen bidelagun.

Dialektologo atzerritarraren asmoek eta lankide nafarraren laguntza arretatsuak adiskidetasun sendo eta luzea ehundu zuten. Gutxien-gutxienik 1869ra arte iraun zuen harremanaren lekuko, Bonapartek Etxenikeri idatzitako 41 gutun berreskuratu ahal izan dira. Ugarienak, 1861ean eta 1862an idatzitakoak. Galdu dira, zoritxarrez, eskutitz asko; Etxenikek berak idatzitako guztiak, besteak beste. Euskalari atzerritarra lankideen ekarpena eskuzabal ordaintzen ohituta zegoelarik, trabagarri ere gertatu zitzaion Etxenikek  emandako laguntzaren truke sekula ezer eskatu ez izana, baina Bonapartek nola edo hala saritu nahi izan zuen behin baino gehiagotan urdazubiarraren ahalegin oparoa: horren lekuko, esaterako, oparitu zizkion bi pìstola eta urrezko erloju bat. Gainerakoan, ordea, bistakoa da Etxenike ez zela gizon handinahia eta nekez argudia daiteke printzeari zerbait lortzearen truke lagunduko zionik. Gizon atsegina eta umoretsua zela adierazi zuten ezagutu zutenek; ausarta ere bazen, nonbait. Behin batez, mendiko bidexka batean barrena abiaturik, lapur batek eraso zien Etxenike eta Bonaparteri. Mehatxu egin ere bai: biziari eustekotan, poltsa eman beharra zuten. Urdazubikoak pistola bailitzan astindu zuen arropa azpian zeraman pipa bat eta izututa uxatu zuen lapurra. Harrituta utzi omen zuen jokabide horrek bere bidelagun sonatua.

Etxenike - Jonasen profezia

Jonasen profezia izan zen Bonapartek argitaratutako Etxenikeren itzulpenetako bat

Baztango euskarara itzuli zituen Etxenikek Bibliaren hainbat zati, Bonapartek eskaturik. Arestian aipatutako San Mateoren Ebanjelioa (1857) eta Jonasen profezia (1862) printzeak berak argitaratu zituen. Ordu hartan argitara eman gabe gelditu eta azken urteotan paratu diren beste hainbat ere prestatu zituen dena den; Kanten Kanta, Ruthen liburua, Apokalipsia, edota Elizondoko euskaraz emandako kristau doktrina. Horrekin batera, bestek idatzitako hainbat lan gainbegiratu, Bonapartek eskatutako grafia arauetara moldatu eta printzeari helarazteaz arduratu omen zen Urdazubikoa: Pedro Tornariak Ultzamako hizkeraz idatzitako doktrina, Urdiaingoa, Berakoa, Etxarrikoa… Guztira, Etxenikek Bonaparteri 40 katixima nafar baino gehiago helarazi zizkiola uste zuen Jorge Riezuk. Primeran ezagutzen zuen Nafarroako euskara; baina ingurukoak ere bai. Euskal Herrira egindako bost bidaietatik lautan izan zuen printzeak Etxenike ondoan.

Iraun duten eskutitzei begira ezin ziurta daiteke Bonaparte eta Etxenikeren arteko harremana 1869az haratagokoa izan zen ala ez; edonola ere, nabaria izango zen ordutik aurrera Karakoetxeako semearen sona euskararen azterlari eta sustatzaileen artean. 1877an Asociación Euskara de Navarrak ohorezko bazkide izendatu zuen, itzal handiko beste lagun batzuekin batera: Bonaparte bera, D’Abbadie edota Navarro Villoslada, besteak beste. 1882an Iruñeko Udalak antolatutako literatura lehiaketan edota Lore-Jokoetan ere, epaimahaikide izan zen Bruno Etxenike.

1893ko martxoaren 14an hil zen, Gasteizen, garun-isuri batek eramanik.

 

Bruno Echenique, nacido en la localidad de Urdax, a un paso del País Vasco continental, fue uno de los colaboradores más destacados (si no el principal) de Luis Luciano Bonaparte, a quien debe la dialectología vasca el primer gran impulso que sentó sus bases. Durante no menos de trece años (1856-1869), Echenique consagró buena parte de sus esfuerzos a recabar todo tipo de datos sobre el euskera navarro para el príncipe, ya fuera mediante la observación in situ de los rasgos lingüísticos de diferentes localidades, a través de la traducción de textos religiosos al euskera baztanés que él hablaba o mediante la corrección, edición  y adecuación de traducciones ajenas que se encargaba de hacer llegar al ilustre dialectólogo. Su labor constante y tenaz y el indisimulado aprecio que el propio Bonaparte le profesó debido a su espléndida colaboración hacen de Echenique una figura imprescindible a la hora de referirnos a la labor del vascólogo de Worcestershire y, por ende, a la contribución de Navarra a la lengua vasca durante el siglo XIX.


Ibero, Juan Martin (1729-1783)

XVIII. mende erdialdeko elizgizon nafarra, Oltzan abade ibili zen denboran euskarazko prediku sorta handixkoa idatzi zuena.

Azken bi hamarkadetako albiste pozgarria da Juan Martin Iberoren ezagutza, ordura arte egile ezagunik gabekoak baitziren berak prestatu eta sinadurarik gabe utzitako prediku guztiak. Frantzisko Ondarra zenaren lan arretatsu eta sakonaren fruitu izan zen XVIII. mendeko hainbat testuren egilea apaiz hau izan zela jakitea.

Munarriz Goñerria

Munarritz, Juan Martin Iberoren sorterria, gaur egun.

Munarritzen jaio zen, Goñerrian, 1729ko otsailean; hilaren 5ean bataiatu zuten. Fermin de Ibero eta Juana Maria Albeniz ziren jaioberriaren gurasoak. Amaren sendia Iruñelakoa edo Arizalakoa zen, iturriaren arabera; Deierrikoa, edonola ere. Munarrizko Aramaio etxean munduratu zen Juan Martin. Hura baino bost bat urte lehenago jaioa zen Ana Sebastiana, ezagutzen dugun arreba bakarra, gazte ezkondu zena oso, eta gazte hil ere bai.

1744an hasi zuen Iberok apaizgorako ibilbidea, tontsuradun bihurtzearekin; sei urte luze igaro ziren 1750ean ordena txikiak hartu arte. Baina 1754an Fernando de Beaumont jaunak Izuko abade izateko proposatu zuen munarriztar gaztea eta eliz agintariek izendapena onartu zutenetik azkar bete zituen azken urratsak. Hiru hilabete eskasetan (1754ko abendutik 1755eko martxora bitartean), Iruñeko apezpiku Gaspar Miranda eta Argaizen eskutik, subdiakonotza eta diakonotza hartu eta apaiz bihurtu zen. Izura apaiz joandakoan familia eraman zuen bertara: guraso biak, eta baita ilobak ere, Fermina (1743-) eta Juan Bautista (1746-), Ana Sebastiana arreba ez ezik Remiro Oderiz koinatua ere gazte hil zen-eta. Aurreneko hilabeteetan ezin izan zuten Izura iritsi berriek parroki etxea bizilekutzat hartu; orduantxe ari ziren eraikitzen; lanak 1755eko irailean amaitu ziren.

Izuratu eta lehendabiziko urteetan (1761era arte) Juan Bautista ilobaren heziketaz arduratu zen Juan Martin. Ondoren Iruñeko Pablo Arraiza merkatariarenean jarri zuen lanean. Merkatari izan zen Juan Bautista Lizarran ezkondu ostean, eta ezkontza gastuak osabak berak ordaindu zizkion. Ez du ematen bere arreba zenaren semeaz gaizki arduratu zenik. Fermina, bestalde, neskame izan zuen osabak hogei urtez (1753-1773) ezkondu zen arte. Horren goiz hildako gurasoek egin ez zutenez, osabak erabaki behar izan zuen, ohi bezala, bere ilobetako zein bihurtuko zen aita-amen oinordeko: gazteagoa izan arren Juan Bautistaren alde egin zuen.

izuko eliza

Izuko elizan ibili zen Ibero ia hogeita hamar urtez.

Parroko lanari eman zizkion urteetan Iberok Izuko elizaren alde izandako hainbat auziren lekukotasuna utzi dute artxiboek. Esate baterako, 200 urte lehenago elizako aldareetako lanak egin zituztenei behar baino 86 bat dukat gehiago ordaindu omen zizkietela-eta, oinordekoak diru hura itzultzera behartu zituen epaia lortu zuen Izuko abadeak. 

1766an testamentua egin zuen Juan Martin de Iberok. Bere arima izendatu zuen oinordeko, ez besterik, eta heriotza ondoan (1783ko azaroak 28) auzia sortu zen Aizpungo parroko Pedro Fermin Azkarate testamentu betetzailearen eta Juan Bautista ilobaren artean. Honen ustez hainbat zor utzi zizkion osabak behar bezala ordaindu gabe: 10.126 erreal guztira, zioen berak. Azkaratek, aldiz, ilobak aurkeztu kontuak ez zirela egiazkoak, eta huraxe zela benetako zordun, ez hildako osaba.

Kontu horiek guztiak bizirik zirautenentzat utzita, bere parrokia elizan bertan hobiratu zuten Juan Martin Ibero.

Asko idatzi zuen Iberok Oltza zendean apaiz emandako hiru hamarkada luzeetan. Euskarazko hogeita hiru testu aipatu zituen guztira Ondarrak; horietako hamasei Munarritzen agertu ziren, abadearen jaioterrian, Aita Damaso Intzak izan, eta kaputxino bakaikuarrengana heldu ziren azkenik. Beste zazpiak Muruzabalen azaldu eta J.M. Satrustegik eskuratu zituen. 1755 eta 1774 bitartean idatzi bide zituen gorde diren hauek. Horrelako beste zenbat galduko ote ziren?

Ezin esan daiteke Juan Martin Iberok herri bateko euskara biribil-biribila, dela Izukoa, dela Munarrizkoa, erabili zuenik. Badirudi Goñerrikoa duela nagusi, baina, Ondarraren esanetan, Izu aldekoa ere (Oltzakoa, beraz) baliatu zuen, eta horiekin batera ez batekoak eta ez bestekoak ez diren zenbait aditz forma ere baditu, testua jasoagoa bihurtu nahian-edo sartutakoak beharbada. XVIII. mendeko abade baten euskarazko lanen iturriak zehaztea lan gaitza da, ezinezkoa sarritan. Munarriztarrak behin baino gehiagotan aipatu zituen bere prediku bazter edo hondarretan erabilitako hainbat egile (Pedro de Calatayud, Nieremberg…) baina gaztelaniazko iturriak izan ziren horiek denak. Larramendiren arrastorik ez zuen Ondarrak Iberorengan topatu. Edonola ere, Izuko abadearen testuek XVIII. mendean hego-nafarreraren mendebaldean egiten zen euskarara hurbiltzen gaituzte. Eta hori gutxi balitz, Ondarraren lanari esker orain izen, abizen eta bizitza ezaguna darie lehen eskuizkribu anonimo zirenei:

Bi obliguecio andi, proponiçen dizquigu, Christio fielac, Christo gure erredentoreac, gure arimen arçai Divinoac, egungo Evangelioan. Bata, arimen cargue dauquegun sacerdoteogui, eta berçea feligresegui: Zuegui, manaçen dice iquesi, eta ssaquinçacela ongui doctrine christiana, eta Jaun Divino arren amaçeco, serbiçeçeco, Mandamentu sanduen goardaçeco, eta sacramentu sanduec disposicio onarequi errecibiçeco, bearden gucie; eta guri, zuen arimen arçeioqui, zuetas contu eman beardugun becela, explique çacegule Evangelio sandue cuidedorequi; Christo gure Erredentore, gure arimen arçaierequi, Cerure joan bearrean, ezcoacen zuec, eta gu, infernuco otso gueistoarequi, seculeco pena aietara. 

JM Ibero text

Iberoren 1768ko testu zati bat (Iturria: Fontes Linguae Vasconum)

Juan Martín de Ibero pasó a formar parte en la década de los 90 de la lista de sacerdotes navarros de nombre conocido que contribuyeron a lo largo de los siglos XVIII y XIX a dignificar variedades de la lengua que nadie, aparte de ellos, tuvo especial interés en cultivar por escrito. Ibero, hijo de Munárriz, localidad del Valle de Goñi, desempeñó su ministerio sacerdotal en la aldea de Izu, en la cercana Cendea de Olza. A lo largo de casi treinta años escribió no menos de dos docenas de pláticas en euskera que eran conocidas ya desde hacía varias décadas, pero a las que no cabía atribuir autor alguno ante la ausencia de datos que compensaran la falta de indicación expresa en los textos. Las pesquisas del capuchino P. Francisco Ondarra (1925-2005), miembro de la Academia de la Lengua Vasca, dieron finalmente fruto, y permitieron conocer el nombre de este autor navarro, anterior a Joaquín Lizarraga, cuyo testimonio contribuye a un mejor conocimiento del euskera que se habló hasta el siglo XX entre la Sierra de Andía y la Comarca de Pamplona.

 


Mikelestorena, Jose Antonio (1710-1785)

Lesakako eliza

Tourseko San Martin eliza, Lesakan.

XVIII. mendeko apaiz, predikari eta idazle nafarra, euskarazko erlijio liburutto baten idazlea.

Orain arte aipatu ditudan behinolako idazle nafar asko ez bezala, gaur ere euskaraz mintzo den eskualde batekoa zen Jose Antonio Mikelestorena: Lesakan jaio zen, Bortzirietan, 1710eko azaroan. Nicolas Alzolak bildu zituen XX. mendean elizgizon honi buruzko hainbat albiste; baita Joxemiel Bidador zenak ere, duela zenbait urte.

Bortziriarrak zituen gurasoak ere Mikelestorenak: aita, Pedro, etxalartarra zen. Maria Josefa Endara ama, aldiz, Lesakan bertan sortua. Iruñean apaiz ikasten hasi eta 1729an bihurtu zen tontsuradun. Ordena nagusietan lehena 1733ko irailean haru zuen Iruñean eta urtebete beranduago apaiztu zen; Irun aldera joa zen, kapilau, azken botoak hartu baino lehen, 1733ko subdiakono izendapenerako hantxe baitzen: D. Joseph Ant[oni]o Miquelestorena, Cap[ella]n de Irun. Beste hainbat egiteko bete zituen: Lesakako erretore izan zen urte luzez, eta Irunen ez ezik, Donostian ere izan zen kapilau: lekaime oinutsena, hain zuzen ere.  Horrekin batera, Lesakako San Agustin lekaimetxeko zuzendaria izan zen 1768tik aurrera. Zeregin horretan ziharduela, gaztelaniazko lantxo bat idatzi zuen: Hernaniko lekaime agustindarrek beren bizimodua arautu eta zuzentzeko asmoz argitara emandako Erregela-liburuaren sarrera, hain zuzen. Manuel Larramendi bera izan omen zen Hernaniko mojei Erregela berritzeko proposamena egin ziena; andoaindarrak eta lesakarrak elkar ezagutuko zutela ez da dudarik. Baina bada froga argiagorik.

Zubigaineko dantza

Lesakako dantzariak. Dantzak arrisku iturri nabarmena ziren Mikelestorenarentzat.

Sermolari bikainaren sona izan omen zuen Mikelestorenak Gipuzkoan. Horren lekuko, Larramendi beraren lehengusina Manuelak 1747 eta 1748an Aita Francisco Islari, Joaquin Lizarraga ezagutu zuen jesulagun eta nobelagileari, eskutitz bidez adierazitakoak:  ‘Nos predica un señor sacerdote angelical (…) Se llama Miquelestorena (…) Aseguro a vd. que en cualquier parte hubiera lucido. Y el vascuence claro, hermoso, sin mezcla ninguna’. Manuela Larramendiren esanetan, aitortza asko eta asko eragin zuten lesakarraren sermoiek.

Mikelestorena liburua1

Mikelestorenaren liburua (iturria: www.liburuklik.euskadi.net)

Lekaimeen arau berritzeak eta predikazioak, beraz, elkarrengana bilduko zituzten Larramendi eta Mikelestorena; ez ordea dantzek. Mendiburu bezain haien kontrako izan zen Lesakako erretorea. Dantzen inguruan oiartzuarra eta Larramendi bat etorri ezinak eragin zuen andoaindarrak Mendibururen Christau dotrin edo catecismo lucea lanaren aldeko iritzirik ez ematea. Probintzialari idatzi zion orduan Mendiburuk bere burua zuritzeko, eta dantzen aurkako bere jarrera beste apaiz askok ere bazutela frogatzeko. Mikelestorena -‘bien conocido del censor‘- erabili zuen adibide gisa. Sebastian Mendibururen eskutitzari esker dakigu ez zela Lesakan dantzarik izan 1737 eta 1765 bitartean eta horren eragile Mikelestorena izan zela:  ‘Aunque hay tamboril que convide todos los días de fiesta en Lesaca, se puede decir que no ha habido allí danzas estos 28 años por la oposición que les hace don Joseph Antonio Miquelestorena, siendo así que Lesaca es pueblo desparramado, y de cosa de dos mil almas de comunión, y al mismo tiempo es pueblo, donde hay tanta piedad, devoción y frecuencia de sacramentos, como en el lugar mejor arreglado de todo el vascuence’

Urte haietan zehar eman zuen argitara bere euskarazko obratxoa: Cerura nai duenac ar dezaquean vide erraza, D. Joseph Miquelestorenac eracutsia bear bezala, Iruñeco Martinez libruguillearen ondorengoen echean. 1749koa da lehendabiziko edizioa, izenburuan bertan esan bezala Txapitelako Martineztarren inprimategian atondua. Erdi Arotik datorren eta euskarazko literaturan aurretik ere ezaguna zen Ars moriendi delakoaren tradizioan txertatu beharreko testua da; kristauari ongi hiltzen laguntzeko gidaliburua da, beraz. Jaunartu zein aitortu aurretik edo bitartean, edota meza entzuterakoan pentsatu, egin eta esan beharrekoa biltzen duen liburuska, prosaz batez ere, nahiz eta badituen hasierako zatian lauko gutxi batzuk. Bertsoetan, prosan bezala, ideia bat da nagusi: hobe du bizi denak heriotzako unerako zuzen prestatu. Hura etor dadinean kondenatu egingo gaituzte gure ordura arteko gaizki eginek:

Captura Mikelestorena

Hainbat argitaraldi izan zituen Mikelestorenaren lanak; bost behintzat bai, XVIII. mendea bukatu baino lehen. Ez zen beraz hedapen eskaseko liburua izango. 1970ean hildako Francisco Lekaroz apaiz lesakarrak gogoan zuen XX. mende hasieran bazela oraindik Mikelestorenaren Cerura-ren ale bat Lesakako elizan. Gurutze biderako zerabilten.

1785eko urtarrilean hilburukoa egin zuen; ez zuen aberastasun handirik pilatu. Harekin bizi ziren etxekoandreaz eta neskameaz ez ezik, bi ilobaz oroitu zen bere azken egunetan. Ordurako Lesakan bertan apaiz zebilen haietako bati utzi zizkion zeuzkan liburu guztiak. Ez zuen adierazi, zoritxarrez, zein, zenbat eta nolakoak ziren.

 Urte hartan bertan, urriaren 27an, hil zen Jose Antonio Mikelestorena bere jaioterrian.

 

Mikelestorenaren lana faksimilean ikusgai

Mikelestorena, klasikoen gordailuan

 

Joseph Antonio Miquelestorena, sacerdote y predicador lesakarra del siglo XVIII, y coetáneo de figuras de prestigio como Manuel de Larramendi o Sebastián Mendiburu, a quienes conoció, es sin embargo -como demasiado frecuentemente sucede cuando hablamos de autores navarros en euskera- mucho menos conocido que aquellos e incluso bien poco entre sus propios paisanos. Aun sin alcanzar las cotas reconocidas a la oratoria del propio Mendiburu (con quien compartió una inflexible animadversión a las danzas) fue conocido y destacado por sus dotes para la predicación. Nos legó una única obrita en lengua vasca, cuyo título equivaldría a Fácil camino a emprender por quien desea el cielo, compendio muy al gusto de la época de los hábitos, gestos y oraciones que habían de caracterizar al cristiano para evitar el pecado y la condenación eterna, y que fue impreso repetidas veces a lo largo de su siglo. 

 

 

 

       

 

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    262728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu