Tag: Ikerketak

Nafarroako euskararen hego-ekialdeko mugez: Murillo el Frutoko lekukotasuna

eslaider-murillo

Murillo el Fruto (argazkia: www.murilloelfruto.es)

Fontes Linguae Vasconum aldizkariak karrikaratutako azken alea (120.a) txoko honetan iruzkindu aurretik, ale horretan argitara emandako artikuluetako bat nahi dut azpimarratu, nire ustez interes berezikoa da eta. FLVeko zuzendari Patxi Salaberri Zaratiegik idatzia da eta ‘Murillo el Fruto: XIV. gizaldiko agiria‘ du izena.

Aurrekariak

Ez da atzo goizekoa Zidakos eta Aragoa ugaldeen ibilbide amaieran euskarak utzitako arrastoaren ikerketa. Urrun dago hala ere aztergai samurra izatetik: tamalez, orain arte ezagutzera eman diren antzinako dokumentuek ez dakarte Pitillas eta Zarrakaztelu bitarteko herrietan behinola mintzo izan zen euskararen aipamenik —badugu, ordea, iparralderagoko Uxue, Galipentzu edota Eslabari buruzkorik— eta ez dugu ez herri batzuetan ez besteetan idatzitako euskarazko testu bakar bat ere. Murillo ingurukorik nekez agertuko dela imajina daiteke, Aragoa barrenean Erdi Aroan desagertu bide zelako euskara. Zein mendetan, ordea? Eta nolakoa zen euskara hura?

Erreferentzia zuzenik ez dagoen eremuetan ezinbesteko lanabes eta lekuko dira toponimoak, leku-izenak; horiei esker aitzinatu da azken hamarkada hauetan Tuterako merinaldearen iparraldean euskarak izandako bizitasunaz dugun ezagutza.

Lana Zuñiga 3

Lana (g) eta Zuñigaren (b) arteko euskal toponimiaren etena. Zuñigan dokumentatuta dauden euskal leku-izen apurrak —Armorandieta, Atazabala…— Lanatik hurbil dagoen eremukoak dira batik bat (iturriak: Belasko, Salaberri Zaratiegi; argazkiak: www.mapio.net eta Bernardo Vega).

Toponimoetan oinarrituta eskaini zituen hain zuzen ere Mikel Belaskok (Toponimia y panorama lingüístico de la ribera de Navarra y zonas circundantes2004) iraganean Nafarroan bizi izan zen hizkuntza-egoerari buruzko hainbat argibide. Gizatalde batek toki bati aspaldi emandako izenak, azken batean, gizatalde horrek zerabilen mintzoaren oihartzuna helarazten digu; eta ikertzaile iruindarrak erakutsi duenez, garbi bereiz daitezke leku-izenei esker euskarari Aro Moderno edo Garaikidera arte eutsi zioten eskualdeak, batetik, eta askoz galera goiztiarragoa izan zutenak, bestetik. Nafarroan bortitza da sarritan lurralde batzuen eta besteen arteko etena, elkarren mugakide diren hainbat udalerriren artean ere antzeman baitaiteke (ik. gaineko irudia): Estellerriko Lana ibarrean, esaterako, egungo leku-izenen % 40 da euskarazkoa; ondoko Zuñigan, aldiz, % 2 baino gutxiago. Desoreka bertsuaren adibide dira Arroitz-Los Arcos edota Oteitza-Lerin (toponimoen % 40 euskaldun bikote bakoitzeko lehenbizikoek, % 0-1 eskas bigarrenek), Artaxoa eta Larraga (% 40 – % 0), Uskartze eta Nabaskoze (% 65 – % 0-2) edota Burgi eta Gazteluberri (% 70 – % 0-1). Garbi dago (ia) euskal toki-izenik gabeko herrietan euskara, izan bazen, aspaldi zaharrean ahantzi zutela.

Emandako adibideei begira ikus daitekeenez Nafarroa osoan zehar da nabarmena, eskuin-ezker, toponimian islatu den hizkuntza-eten hori. Ezin da pentsatu, ordea, Nafarroako eremu euskalduna eta erromantzea elkartrukerik gabeko gune estankoak zirenik, eta horrekin batera aipatu dudan eten hori ez da beti arestiko adibideetan bezain erabatekoa eta inolako trantsiziorik gabea. Tafalla inguruan goiti-beheiti, esaterako, Orbaibar eta Pitillas ditugu. Orbaibarko hamar leku-izenetik 6-7 dira gaur egun euskaratikoak, Burgin edota Zaraitzu hegoaldean bezalatsu; baina Pitillasko euskal toponimia arrastoak (% 5) Larraga, Nabaskoze edo Gazteluberrikoak baino agerikoagoak dira. Antzeko zerbait ikusiko genuke Uxue eta Zarrakaztelu erkatuz gero, azken hau oso hegoaldekoa izan arren. Laburbilduz, behinolako eremu euskaldun eta erromantzeen arteko etenak, argia izanagatik, ez zuen lerro zuzenik osatzen, eta hegoaldeko zenbait eremutan jaso den hondarreko euskal toponimia apur bat ugariagoak, bestalde, eremu horietan euskarak gehixeago iraun zuela salatzen du.

Euskal leku-izenak Nafarroa erdialdean2

Egin klik irudian hurbilagotik ikusteko.

Izan ere, euskarari berandura arte eutsi dioten Nafarroa erdialdeko zenbait herrik oso hurbileko bizilagun erromantzatuak zituzten arren (Garesek Mendigorria, edo Artaxoak Larraga, besteak beste; horren erakusgarri 1571n Galipentzu eta Kaseda bereizten zituen hizkuntza-muga argia ere), bi eskualdetan bederen euskara Erdi Aroan dezente hegoalderago erabili zela salatzen dute leku-izenek: Arroitz-Elizagorria-Mendabia sargunean Ebro ibaia harrapatu arte (A), eta baita sarrera honetako aztergai den Zidakos eta Aragoa ugaldeen bitarteko arroan ere, Murillo el Fruto eta Zarrakazteluraino (B). Alboko mapan ageri dira, zalantzak zalantza, euskara nafarraz ari garela toponimiak iradokitako mugarik zaharrenak, kolore berdeak euskararen agerpen garbia adierazten duelarik, eta horiak, aldiz, agerpen ahulago edo duda-mudazkoa (neureak besterik ez dira izan ditzakeen akatsak).

Patxi Salaberri

Patxi Salaberri Zaratiegi

Murillo el Frutoko koadernoa: lekukotasun zahar berria

Aipatu dudan azken bailara hori ongi ezagutzen du Patxi Salaberri Zaratiegi euskaltzain uxuetarrak, sorterri inguruko toponimian euskarak utzitako arrastoak izan baitzituen aztergai 1994an argitara emandako doktore-tesi zabalean eta gerora ere gai horri berari buruzko artikulu gehiago karrikaratu dituelako. Ez da harritzekoa, beraz, Nafarroako Artxibo Orokorrean letrakera gotikoa zuen Murillo el Frutoko koaderno zahar bat topatzean artxiboko arduradunek ikertzaile nafarrari helaraztea.

Erromantzez izkiriatutako koaderno hori XIV. mendekotzat jo du Salaberrik; idazkeraz gain, argudio potoloa da bertan jasota dauden pertsona-izen batzuk 1366ko iturri batean ageri diren berberak izatea. Azalean Libro Antiguo de la Pecha que pagan los labradores de la U[ill]a de Murillo el Fruto idatzi zuen esku berantiarrago batek. Murilloko nekazari zergadunen zerrenda dakar horrenbestez, eta horrekin batera (eta honako hau da interesgarriena euskararen ikerketarako) baita herriko toki-izen andana ere. Euskaratik kanpokoak ez dira falta (Los Cascallares, Los Linares, Malpuent, La Rueda) baina ugari datoz halaber euskarazkoak, gaurko euskaldunontzat ere ulerterrazak: Ayz ÇurietaAreaççea (=Areatzea), Varace AlcineaBarace VerrietaVarace ÇarretaBuztinaErteco ErreguaEuçea (=Euntzea), Garipençuco ZalduaLegazpietaTranq[u]a ÇarraHuarteco Odia… Izengoitien artean aipagarri da Joh[a]n Biperr izeneko bat zela alkate. Horrekin batera badira M[ari]a Garizu, Seme[n]o GorriSancho Lasterr edota M[ari]a Çalduna fija de G[arçi]a Çalduna, beste batzuen artean.

FLV 120Izen berezi hauek guztiak aurkeztu eta azterturik, zenbait ondorio eskaini ditu artikuluaren amaieran Salaberri Zaratiegik: alde batetik, Murilloko dokumentuan irakur daitezkeen euskarazko toponimoak aski gardenak direlarik, eta idatzi ziren garaian oraindik desitxuratzen hasi gabeak (esate baterako, koadernoko Barace Verrieta sarri askoa, Baricibarretas bihurturik ageri da 1619an, euskara herrian galdua zenean), toponimo garden horiek —toki batetik bestera mugi daitezkeen pertsonen izenak baino gehiago— argi ari direla iradokitzen euskara bizirik zegoela herrian XIV. mendean. Lekukotasun hau ezagutu aurretik, 1990eko hamarkadan, Murilloko euskarak XIII. mendera arte iraun zukeela uste zuen Salaberrik; datu berri hauen argitara beranduxeago iraungi zelakoan dago.

Bestetik, Murillo el Fruton ez ezik Melida, Santacara edo Zarrakaztelun ere orain arte pentsatu izan den baino beranduago nagusituko zen guztiz erromantzea; zoritxarrez, ez da orain arte agertu hipotesi hori berresten lagun dezakeen dokumentaziorik.

Nolakoa ote zen, bestalde, koadernoak islatzen dituen nafar haien euskal mintzoa? Bildutako toponimo goiztiarrek gaur arte eskura genituenek baino garbiago azaleratu dituzte Murillo inguruko lexikoaren gai batzuk: al(t)zin, baratze, berri, bide, eder, erregu, erte (=arte), eutze (iparralderagoko herrietan euntze = pentze, belardi), gorri, (h)odi, laster, mendi, zaldu… Horretaz gain, antzematen diren zenbait hizkuntza ezaugarri deskribatu ditu Salaberrik: bokalaren ondorengo kontsonante sudurkarietan bustidurarik ez zela (Buztina-alzinea) edota aspirazioa, h-ren ahoskatzea alegia, galdua zela ordurako.

Laburbilduz, euskarak Nafarroako hego-ekialdean Aragoa ibairaino izan zuen hedapena berretsi eta euskara haren kolorea pittin bat argitzera datorren lekukotasun ederra eman du ezagutzera uxuetarrak. Izango ahal dira, nork aurkituko zain, orain arte antzemandakoa zabaltzen eta sakontzen lagunduko diguten testu gehiago!

Ingurua2b

Euskararen iraupena Nafarroako ekialdean. Egin klik irudian hurbilagotik ikusteko.

Me hago eco en esta entrada del interesante artículo publicado en el último número de la revista Fontes Linguae Vasconum por su director, Patxi Salaberri Zaratiegi, miembro de la Real Academia de la Lengua Vasca-Euskaltzaindia. Salaberri desglosa y analiza los datos que ofrece un antiguo cuaderno recientemente localizado en el Archivo General de Navarra, escrito muy probablemente en la segunda mitad del siglo XIV y procedente de Murillo el Fruto, localidad ribera navarra sita en la comarca conocida hoy como Ribera del Arga-Aragón. El cuaderno lleva por título ‘Libro Antiguo de la Pecha que pagan los labradores de la U[ill]a de Murillo el Fruto’ y contiene abundante y valiosa información sobre las personas que poblaron Murillo hace más de seis siglos y acerca de la toponimia menor de la villa en aquella época, y es precisamente esa toponimia, cuando no existen referencias más directas, el instrumento más fiable del que disponemos para determinar cuál(es) era(n) la(s) lengua(s) que habló un grupo humano en un momento dado. Pues bien, la abundante presencia en el documento de topónimos euskéricos absolutamente diáfanos incluso en nuestros días, que no habían sufrido aún la inevitable deformación producida en los nombres de lugar cuando la lengua en la que se fijaron ha dejado ya de ser hablada por una comunidad, sugiere claramente que el euskera seguía aún vivo en Murillo el Fruto en la segunda mitad del siglo XIV, coexistiendo con el romance que en época posterior terminó imponiéndose por completo. Salaberri explica razonadamente este hecho, y perfila algunas características del habla vasca de Murillo que pueden entreverse en los topónimos que proporciona la nueva fuente exhumada. El académico de la lengua vasca concluye finalmente que la pervivencia del euskera en la ribera baja del Aragón, cuyo límite probable situó él mismo en su día en el siglo XIII, debe ser revisada a la vista del documento que ha dado a conocer.

Murillo Zarrakaztelu La Oliva

Murillo el Fruto (hurbilena), Zarrakaztelu eta La Oliva (eskuinetara) Uxue aldetik (argazkia: cercadepamplona.blogspot.com.es).


FONTES LINGUAE VASCONUM 119

 

Fontes119Egilea: Patxi Salaberri Zaratiegi (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2015

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera eta sarea.

Kalean delarik duela zenbait aste Nafarroako Gobernuak argitaratutako aldizkariaren 120. zenbakia, aipatu gabe dago oraindik txoko honetan aurrekoa, eta Nafarroa eta euskara lotzen dituzten aztergai interesgarriak bildu zituen FLVen 119.ak bere baitako bost artikuluetatik lautan. Hona xeheago haien berri.

Aurizko aldaeraren inguruan (Aurizko eta Orreagako euskararen lagin batzuk), Koldo Artola

Artolak berak ekarpen honen hasieran gogorarazten duenez, Bonapartek Cispamplonés izena eman zion XIX. mendean Iruñeko ekialde zabalean Olaibartik Ibargoitira eta Auriztik Urraulgoitira hedatutako euskarari. Auritzekin batera Orreaga zegoen eremu zabal horren ipar-ekialdeko ertzean. Gaur ez dago ordea bi herri horietako euskaldun zaharren mintzoa entzuterik; egia esateko, hizkera osoarenak egin du ia-ia, eta Erroibar zein Esteribarko hiztun bakar batzuk besterik ez dira behinolako Cispamplonés haren azken kondarren gordailu.

burguete-e1333797875786

Auritz. Argazkia: www.txikipolit.es

Zaraitzun nahiz Artzibarren jasotako uzta karrikaratu ostean, Orreaga-Auritzetan 1985 eta 1989 bitartean eginiko landa-lanaren emaitza isuri du Artolak Fontesen: 1900 eta 1910 bitartean sortu ziren Aurizko bost lekukoren hizketa, eta Orreagan 1929an jaiotako beste batena, hain zuzen ere. Hizkuntza alorretik kanpo aski interesgarriak diren hainbat gai topatuko ditu irakurleak artikuluan transkribatutako elkarrizketetan zehar: matatxerria, Orreagako prozesioa, gerra garaiko gorabeherak, eultzea…

Lekukoek eman zituzten datu linguistikoak, aitzitik, ez dira Koldo Artolaren esanetan nahi bezain argiak. Beharbada Orreaga zein Auritz, luzaroan, alde bateko eta besteko hiztunen pasabide ohikoak izateagatik; edota Artolak grabazioak egin zituenerako bi herrietako euskara galbidean egonda bazelako artean euskaldun zaharrik, baina guraso biak bertakoak zituenik arras gutxi… azken batean jasotako emaitzak nahasixeak dira tarteka, eta ez beti inguruko herrietako lekukotasunek eskatuko luketenaren araberakoak (horren adibide dira, esaterako, lehenaldi amaierako -n dela eta, edota -ako / -eko banaketaren inguruan Artolak bildutakoak). Nolanahi ere, Nafarroako eremu zabalean euskarari eutsi zion azken belaunaldiaren lekukotasuna galtzen ez uzteko Aranzadiko ikertzaileak egin duen lan eskergaren adibide ederra da artikulu honetan irakur daitekeena.

Garai arkaikoko euskara nafarraren lekukotasun berriak: gehiketak eta zuzenketak F. Maioraren liburuari, Ekaitz Santazilia

AGN

Nafarroako Artxibo Orokorra (R. Lasaosaren argazkia)

Behin baino gehiagotan aipatu dut hemen Fernando Maiora ikertzailea Nafarroako artxiboak biluztuz euskararen arrasto idatzien ondarea aberasteko egiten ari den ahalegin gaitza. Ezin konta ahala lan orduren fruitua zenbait libururen bidez eskaini du artaxoarrak; horietako bat 2011n argitara emandako Reino de Navarra. Euskera: injurias, coplas, frases da.

Orain arteko bilketa-lan eskerga hori are baliotsuago bihur dezake ordea hizkuntzan aditua denaren galbaheak, eta horretaz arduratu da NUPko irakasle eta Aziti Bihia taldeko kide den Ekaitz Santazilia. Maioraren bilaketa ahaleginaren zenbait emaitza esanguratsu hartu, eta haiei filologoaren zorroztasuna eta sakontasuna gehitu dizkie, Artaxoakoak iluntasunetik ateratako euskararen lekukoak orraztu, doitu eta iruzkinduz, Nafarroako euskararen ibilbidea eta nondik norakoak hobeto ulertzen lagun diezaguten.

Lesaka, Goizueta, Eugi, Ezkurra, Larrasoaña, Urrotz, Olatz-Txipi, Puiu, Otsagabia, Etxauri, Muruzabal eta Artaxoako hamabi lekukotasun aztertu ditu Santaziliak, 1549 eta 1607 bitartekoak. Herritarren arteko liskarrak konpontzeko hasitako prozesuei dagozkie, eta euskarazko hitz solteak baino askoz gehiago dakarte tarteka, zenbait lerrotako pasarte ere badirelarik hauetako batzuk (Etxaurikoa edo Otsagabikoa, besteak beste). Horren adierazgarri, Miguel Dicastillo lekukoak Etxauriko Joanes Ibarrari 1598an entzundako lekukotasun eder hau:

orayco  guiça aldartean arraçioric batre baldin badaucat, estaut Amburçeac orayco aldian nay duenic pasatuco (…) bay eta escribau batec juramentu arrtu cerauda eta es omen çen alcateen baytan firmatu, eta escribauagana aguertu ninça eta galdetu nio ene contra atera den emendic “mediante juramentu”  bat, eta erran çerauda “es”.

Dagoeneko aski ezagunak diren hizkuntza-ezaugarri ugariren oihartzuna dakarte maiz bildutako testuek; adibidez, amaierako -n gabeko iraganeko adizkiena (ninçanio…). Baina horiekin batera, badira ezaugarri berriagoak edo testuetan horren usu agertu ez direnak ere: Ezkurrako achequina çeagoc (1569);  erran aditz trinkoari dagokion nor-nori saileko çarreço adizkia (Larrasoaña, 1579); Urrotzen 1582an erabilitako erlatibozko egitura bitxia (guyçona char duc, buffeta bat emanagatic quexassen den ha); baizik-en ordeko baze (Olatz-Txipi, 1596)…

Beste hizkuntza-agerpen batzuk, aldiz, orain arte jasotako lekukotasunen arabera espero genezakeen eremutik kanpo loratu direla ematen du: esaterako, Lesaka inguruko *iron erroko ezindiro aditz forma (ez + zindiro, 1549), edota Olatz Txipiko elbanenquio iragangaitz eta datiboduna, Iparraldeko egileen artean ezaguna.

Artaxoa2

Artaxoa, 1607: “estesaçula bana alonbra ori, eçe urtea beteric dagola. Çoas, çaynço çure nagusiari nic erran drayçudala” (argazkia: www.artehistoria.com)

Hamabi lekukotasunak iruzkindu ostean, eta amaiera gisa, bi tresna baliogarri erantsi dizkio Santaziliak artikuluari: lanean zehar bildutako hizkuntza ezaugarri nagusien zerrenda eta kokapena batetik, eta testuetan ageri diren leku eta pertsona izen zenbait, bestetik.

La carta bilingüe de Matxin de Zalba (1416). El iceberg lingüístico navarro, Peio J. Monteano

Matxin de Zalba eta Martin de San Martin nafarrek XV. mendearen hasieran elkarri idatzi eta Florencio Idoatek 1969an topatu eta ezagutzera eman zuen gutun elebiduna blogean dagoeneko aipatu dudan gaia da. Garrantzi handiko lekukotasuna da (idatzi zenetik sei mende bete direla eta, apirila amaitu arte Nafarroako Artxibo Orokorrean ikusgai dagoena), behin baino gehiagotan aztertutakoa, baina eskutitza zegokion testuinguruan kokatu eta horren arabera interpretatzeko ahalegin sakona egin gabe zegoen oraindik. Hutsune hori bete nahiak eragin du Peio Monteanok FLVera ekarritako lana, egileak berak ikerketa-saioaren hasieran adierazi legez.

1416b

Et jaunatiçula abarion ez nayz bildur ezten alla…“. Matxin Zalbakoak 1416an idatzitako euskarazko testu zatia gorriz inguratuta dago (iturria: www.navarra.es).

Historialari atarrabiarraren lehendabiziko ekarpena eskutitzaren data zuzentzea izan da, arrazoiak emanda frogatu baitu 1416an idatzi zela orain arte 1415ekotzat genuen testua. Horrezaz gain, Matxin Zalbakoa eta Martin San Martingoa hurbilagotik ezagutzeko parada eman digu. Lehendabizikoa (c. 1390-1446), seguruenik iruñarra, erret-notario izendatu zuten eta Nafarroako finantza-arduradun nagusi izan zen 1413tik aurrera, eta horrenbestez, Nafarroako altxorraren arduraduna; itzal handiko gizona. Harexek idatzia da gutunaren euskal pasarterik zabalena. Martin San Martin, aldiz (c. 1380-1428?), ausaz San Martin Unxekoa, Joana infantaren idazkari izan zen 1405etik aurrera, erregearen idazkaria zen 1416rako, eta errege-etxearen diru kontuak eta gastuak kudeatzeaz arduratu zen.

Monteano 1416

Peio Monteano ikertzailea (argazkia: www.noticiasdenavarra.com)

Gastu horiei aurre egiteko San Martinek baliatu zuen zergetako bat Zalba finantza-arduradunaren kontrolpean zegoen, eta arrazoi horrek bideratu zuen lehendabizikoak bigarrenari 1416ko testua idaztea. Ez zen eskutitz ofiziala, baizik eta orri soltean idatzitako oharra, San Martini sortu zitzaion zerga-zalantza tekniko bat arin galdetzeko modukoa, eta orri hartan bertan Zalbakoak erantzundakoa. Garai bertsuko liburu bati josita iraun zuen oharrak XX. mendean iluntasunetik atera arte; betiko galduko zen bestela, ziurrenik.

Zenbait galdera egin dizkio Monteanok bere buruari artikuluan zehar: zergatik izkiriatu zituzten horren goi-mailako bi funtzionariok euskarazko pasarte haiek? Ohikoa izango al zen haien arteko komunikazioan euskaraz aritzea? Horren ezohikoa ote da oharra bera, edo halako gehiago izango ziren, desagertu badira ere?

XV. mendearen hasieratik Nafarroako gortea ‘bertakotu’ egin zela baieztatu du Monteanok, ordura arteko zerbitzari frantsesen proportzioa ahuldu zelarik. Bestalde, XV. mende inguruko erresuma hartan euskarak izango zuen pisua zenbaterainokoa izango zen ere aztertu du, eskura dauden zenbait iturri idatzi arakatuz. Atarrabiakoaren ustez ez da gehiegikeria orduko nafarren % 80 inguru

Unx G01

San Martin Unx (argazkia: www.arquivoltas.com)

euskalduna izango zela pentsatzea. Hau dena ikusirik, Monteanok uste du beharrezkoa dela Erdi Aroa azkentzean Nafarroak bizi izan zuen hizkuntza-egoeraren ohiko irudia aldatzea; euskara ez zela izango, besterik gabe, herri xehe eta alfabetatugabearen behe-mailako hizkuntza hutsa, batere prestigiorik gabea. Ohiko irudi hori egokitzeak errazago ulertaraziko liguke nolatan erabili zuten euskara 1416an Nafarroako Gorteko bi pertsonaia garrantzitsuk; zertarako, eta ekonomiarekin zerikusia zuen zalantza tekniko baten inguruan aritzeko gainera.

Saroi entitate geografikoaren banaketa, esanahia eta etorkia toponimiaren argitan, Luis Mari Zaldua

Sario Zaldua

Azken mendeotako Nafarroa euskaldun osoan zehar hedatu den sario / sarobe hitzaren banaketa FLVeko artikuluan ageri den bezala (iturria: Luis Mari Zaldua)

Merezi du labur antzean sikiera aipatzea Luis Mari Zalduaren artikulu interesgarria, aztergunea Nafarroaz gaindiko eremua bada ere. Aipagai duen saroi hitza, baliokide gaztelaniazko “sel” edo “prado o terreno cercado” dituena eta sare + ohe hitzen batura litzatekeena, ohikoa da Erdi Aroko dokumentazioan, XIII. mendetik aurrera, gaur egun OEHn ‘sarobe’ edo ‘saroi’ bezala jasota dagoelarik.

Luzaide eta Ollaran inguruko 1284ko lehen lekukotasunetatik hitzak egindako bidea aztertu du Zalduak, eta zorroztasunez zedarritu du saroi entitate geografikoak hango eta hemengo lexikoan utzitako arrastoa (ondoko mapan ikus daitekeen bezala). Hitzaren banaketa aski zabala bada ere (Gipuzkoa, Araba, Zuberoa…) Nafarroari dagozkio Zalduak jasotako adibiderik gehienak, eta horri esker ederki zehaztu du saroi horrek Nafarroan zehar utzitako aldaera bakoitzari (sarobe, saroi, sario, saure…) dagokion eremua.

Zaldua

Luis Mari Zaldua (argazkia: www.kronika.eus)

Lau hauekin batera FLV aldizkariaren 119. alea osatzera datorren bosgarren lana Iñaki Camino donostiarrak Oztibarreko mintzoaz eta haren lexikoaz idatzitako artikulua da.


FONTES LINGUAE VASCONUM 118

flv 118

FLV 118. Egin klik irudian edukietara jotzeko

Egilea: Patxi Salaberri (zuz.)

Argitaratzailea: Nafarroako Gobernua – Gobierno de Navarra

Urtea: 2015

Hizkuntza: euskara eta gaztelania

Euskarria: papera (sarean, hemen)

FLV  aldizkariaren 119. zenbakia osatuko duten edukiak dagoeneko orraztuta eta labean daudelarik, hona hemen —Nafarroako euskararen ikuspegitik— otsailean argitara emandako 118ari dagozkion zenbait:

 

Batallonaren ordena. Doneztebe, 1840. Juan Jose Zubiri

Santesteban antiguoGoizuetako udaletxeko artxiboan topatutako XIX. mendeko testu zahar berri bat ekarri du Juan Jose Zubiri donostiarrak Fontesera, Doneztebeko herritarrentzat idatzia, darabilen hizkera bete-betean Doneztebekoa izan ez arren.

Hogeita hamazazpi artikulutan zehar garatutako ordenantza da, estilo aldetik gaztelaniaren joskerarekiko morrontza handixkoa duena. Jatorrizko erdal testu zehatza ez da gaur arte topatu, baina agerikoa omen da itzulitakoak 1821eko lege-testu bat izan zuela oinarri; izan ere, Zubirik aurkeztutako idazkiaren zatirik handiena urte hartako apirilaren 17ko dekretu bat da, euskarara isuririk.

Zein euskaratara, ordea? Ez behintzat biribil-biribil zegokien hartzaileenera, esan bezala. Testuak baditu hainbat ezaugarri nafar, ipar-sartaldera begira jarriko luketenak; baina erdialde kutsukoak ere ez gutxi. Eta ageri diren tasun nafar horietan ez du ematen antzeman daitekeenik gaur Doneztebe inguruan egiten denaren isla zuzenik.

Zubirik, 1840ko itzulpenaren transkripzioa eskaintzeaz gain, zabal aztertu ditu artikuluan testuari dagozkion hainbat hizkuntza-ezaugarri, grafiatik hasi eta hiztegira bitartekoak.

Artzibarko aldaera deitu izanaren inguruan (eta 9 – Aditzaz zerbait Elkanoko aldaerarekiko erkaketan). Koldo Artola.

Ultrapamplones bonaparte

Hegoaldeko goi-nafarreraren baitako aldaerak (Eguesibarkoa eta Artzibarkoa barne) Bonaparteren sailkapenaren arabera (Iturria: Morfología del verbo auxiliar vasco).

Laster beteko ditu hamar urte Koldo Artolak Artzibar inguruko euskara hizpide harturik FLVn argitara eman zuen lehendabiziko lanak. Segida ederra izan zuen: beste zortzi ekarpen —gaurko hau errematea— horien bidez Artzibar iparraldeko eta Hego-Esteribarreko azken hiztunei 1971tik 1992ra bitartean Artolak berak eginiko hainbat inkesta ezagutarazi, eta inkesta horietan bildutakoak inguruko datu garakide zein zaharragoekin erkatzeko ahalegin handia egin duelarik. Erkaketa lan horretan barnera begira jokatu du alde batetik donostiarrak (azken hamarkadetan Artzibarren zein Esteribarren jaso ahal izan diren azken orduko albisteekin batera Uritz, Arrieta, Lakabe edota Orotz-Beteluko iturri zaharragoak baliatuz); baina datuak testuinguru zabalagoan txertatze aldera, izan dute lekurik XVIII. eta XIX. mendeei dagozkien Eguesibarko, Elortzibarko eta Urraulgoitiko lekukotasunek ere. Esan gabe doa Aranzadiko ikertzailearen lan eskuzabalari esker hobeto ezagutzen dugula Zangozako merinaldeko aldaera iraungi hura.

Adoain Iñako Redin

Adoain, Urraulgoiti (Iñako Redinen argazkia)

Gaurko honen aurreko zortzigarren atalean hiztegi lagin zabala alderatu eta gero, aditz laguntzailea izan du aztergai Artzibarri buruzko azken saio honek.

Esan bezala, Artolak kontuan izan dituen Artzibar ingurumariko datuen artean Urraulgoitikoak daude; Adoaingoak, hain zuzen. Datu labankor samarrak dira hangoak, orain arteko iturri idatzi bakarra Adoaingo Aita Estebanen testuak izan baitira, ezaguna delarik badela kaputxinoaren idatzietan lapurterarekiko zorrik, aditz alorrean bereziki; dena den ez du egileak Adoain bazter utzi nahi izan, Urraulgoiti Eguesibarrekin batera ezarri baitzuen Bonapartek 1863ko mapa ezagunean.

Basaburu Txikiko euskararen lekukoak (I) 

Arestian iruzkindutako bi lanekin batera, blog honetan lehendik ere aipatu ditudan Mariano Erbiti eta Miguel Ignacio Armasari buruzko xehetasunak topatuko ditu irakurleak Fontes Linguae Vasconum aldizkariaren 118. zenbaki honetan.

Hauexek dira gainerako artikuluak:

Hacia una periodización de la fragmentación del euskera occidental. Gontzal Aldai.

Aipuaren aipuari tiraka. Melchor Oiangurenen euskal gramatiken eta hiztegi hirukoitzaren bila euskalaritzaren hastapenetan. Mikel Aizpuru.

Birformulatzaile laburbiltzaileen balio diskurtsiboen azterketa. Mª Jesús Aranzabe / José Mª Arriola.

Las mujeres de El amigo congelado de Joseba Sarrionandia: la utilización de personajes femeninos para hacer frente a los límites del lenguaje. Eider Rodriguez.

Topónimos alaveses de base antroponímica que tienen hurivilla como formante. Patxi Salaberri Zaratiegi.


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (II)

Brocaparte photo

Luis Luziano Bonaparte (1813-1891) eta Paul-Pierre Broca (1824-1880).

Joan den urtean, #KulturaZientifikoa Jaialdiaren 1. edizioaren karietara, Luis Luziano Bonaparte eta Paul-Pierre Broca ikertzaileak izan nituen hizpide, eta garai bertsuan batak zein besteak Nafarroako euskararen hedadura zela eta eginiko azterketa-saioak aipagai, biek eskainitako irudien batura osatze aldera. Sortaldetik sartalderako ibilbidea Iruñerrian eten nuen ordu hartan, galdera bat erantzunik gabe utzita: guztiz galdua ote zen Iruñeko mintzoa 1870eko hamarkadarako?

Iruñeko euskararen jarraipenaz

Bi ikertzaileek utzi zuten Iruñea euskararen eremutik landa; Broca izan zen ezkorrena, iaz adierazi bezala, eta hiriburua ez ezik Iruñerri ekialde eta hegoalde osoa ere jo zituen zeharo erdalduntzat. Hauexek izan ziren girondarraren azalpenak:

Nafarroako hiriburuaren inguruan euskarak egiten duen bihurguneak ideia bat sorraraz dezake berehala: alegia, hizkuntza ofizialera aldatu ondoren, gune garrantzitsu honek aldirietan pixkana-pixkana gaztelania hedatzearen aldeko eragina bideratu duela (Sur l’origine et la répartition de la langue basque, 42. or.).

L. L. Bonapartek 1862ko eskutitz batean aipatu zion Etxenikeri Iruñeko hizkuntza-egoeraz zuen ustea, Arabako zenbait herritan sumatutakoarekin parekatuz:

Guztiz erdalduntzat ditut [Arabako Luko, Ullibarri, Landa, Zuhatzu, Langara Ganboa eta Luiaondo], han denek gaztelaniaz egiten dutela esaten didazunez. Jende askok euskaraz jakiteak ez du nire iritzia aldatuko. Izan ere, banago euskaraz dakiten horiek ez dutela hizkuntza elkarren artean erabiltzen, eta baserrietatik edo beste herri euskaldunetatik joandakoekin baizik ez dutela euskaraz egiten. Arrazoi beragatik ez ditut euskalduntzat Bilbo, Iruñea eta Gasteiz, nahiz eta izan haietan hainbat euskaldun. Izan, badiren arren —berriro esango dut—, hizkuntza elkarren artean ez eta landa eremuetako biztanleekin bakarrik erabiltzen duten heinean, ez da egokia hiri euskaldunak direla esatea, ezta gutxiengo euskaldunekoak ere (1862-6-27an Bonapartek Etxenikeri idatzi eskutitza).

Iruñerria

Bonaparteren iritziz Iruñea ezin zen benetako hiri euskalduntzat jo. Hiriburuari ukatutako berdeaz markatu zituen, ordea, aldirietako herri guztiak; zalantza franko gaindituta baina.

1862an aldarrikatutako Iruñearen euskalduntasunik eza berretsi egin zuen printzeak urte eta erdi beranduago: dans toutes ces recherches il ne s’agit que de ceux qui appartiennent à la localité même de père en fils. Sans cela Pampelune présenterait aussi des Basques; mais nous ne les comptons pas puisque ils ne sont pas de Pampelune (1864-1-9). Laburbilduz, bazen euskaldunik Iruñean, baina ez Bonapartek hiria bera euskalduntzat jotzeko gisakoak: ez, alegia, iruindarrak, euskara gurasoengandik jasotakoak eta beste iruindar euskaldun batzuekin euskaraz aritzen zirenak.

Askoz ere fidagarriagoa ematen du Bonapartek eskaini zuen Iruñerriaren irudiak Brocarenak baino, XX. mendekoak direlako (eta ez XIX.ekoak) Iruñe ekialde eta hegoaldeko euskararen iraupenaz mintzo zaizkigun azken albisteak. Baina asmatu ote zuen Bonapartek hiriburuaren egoerari zegokionez?

XIX amaiera Iruñean

Iruñea XIX. mendearen hondarrean: Gaztelu plaza (ezk.) eta Foruen omenezko monumentua ezarri zuteneko lanak.

Leandro Olivier Insausti

Leandro Olivier Insausti (1862-1947)

Zaila da jakitea; gaztelania nagusituta, eta euskara egunetik egunera geroago eta zokoratzenago, ezin artxiboei eskatu XVII. mendekoa bezalako albiste parrastarik; eta hiriaren tamainak eta aniztasunak (hainbat bailaratako lagunen elkargune zelarik) guztiz konplikatzen dute analisia. 1860ko hamarkadako Iruñea hazten ari zen (23.000 biztanle zituen) baina oraindik harresi barreneko eremura mugaturik bizi zen. Azokagune bat baino gehiago zuen, ingurutik salerostera hurbildutako landako kanpotarren bilgune; eta tratuan aritzera jaitsitako lagun haietako asko euskaldun zirauten Oltza, Ezkabarte, Esteribar, Olaibar eta abarreko seme-alabak izango zirenez, ez da dudan jartzekoa Iruñean alde bateko eta besteko euskara entzun, entzungo zela. Are gehiago Iruñeko biztanle berri asko eremu euskaldunagoetatik hiriratutako jendea izanik: Fernando Mendiolak kalkulatu du (2002) hiriburuan 1860an bizi ziren etorkinen %35 inguru lurralde arront euskaldunetik zetorrela, eta hamarretik beste bi euskarari ahulago eusten zioten bailaretatik. Horrenbestez, 1870eko hamarkadan Iruñean euskara entzuten zela, ezaguna bezain agerikoa da. Sarritan aipatu da Iruñeko Artxiboko arduradun Leandro Olivier ormaiztegiarrak eman zuen lekukotasuna: 12 urterekin hiriburuan bizitzen hasi zenean, etengabe entzuten omen zuen euskara Navarrería, Carmen eta Santo Domingo karriketan, eta denda guztietan euskaldun bat behintzat behar izaten zen lanerako.

Iruñea Sto Domingo3

Iruñeko Santo Domingo karrikako komentua 1905ean.

Besterik da ordea erabakitzea aspaldi luzean erdalduntzen hasi eta erdararen inguruan antolatzen ari zen hiri hartan betidaniko familia iruindar euskaldunen transmisio-katea erabat etenda egongo zen ala ez. Seguru asko ezinezkoa da honezkero puntu horren gaineko argitasunik lortzea. Jimeno Juríoren ustez XIX. mende erdialdera arte izan zituzkeen Iruñeak bertako hiritar multzo euskaldunak. Gogora dezagun gaztetxo erdaldun hutsa zela 1870ean gerora euskalzale handi bihurtutako Arturo Kanpion bera, jaioterriak berezko hizkuntzari zeharo uko egin ziola esatera heldu zena.

Urte haietako beste albiste batzuek ez dute argi handirik ematen:

Los Vascongados

Rodríguez-Ferrerrek idatzi liburuaren azala.

1873ko Los Vascongados lanean, honako hau idatzi zuen Miguel Rodríguez-Ferrer andaluziarrak Bonaparteren sailkapenaz ari zela: deja fuera [printzeak, euskararen eremutik] las poblaciones de Alava, Vitoria, Nanclares y Miranda, donde ya no se habla vascuence alguno, para volverse a escuchar entre Alsasua y Pamplona; aunque en esta última capital, como en la de Álava ya nombrada, y Bilbao, no se advierta sino muy mixturado y sólo en sus últimas capas sociales. Igual sucede con los habitantes de Lumbier y Monreal en Navarra (69. or.). Nire ustez datuak ez du Iruñeko mintzoaren jarraipena frogatzeko balio. Irunberrin, esaterako, aspaldixko galdua zen noski euskara, eta hango karriketan entzuten bazen, inguruko zaraitzuar, itzagaondoar eta bestelakoen joan-etorrien seinale izango zen, Irunberri bertako hizkerak bizirik segitzearena baino gehiago. Ez nuke Rodríguez-Ferrerren aipua Iruñeko aldaeraren iraupenaren argudiotzat hartuko.

Ezta Mañé y Flaquer idazle kataluniarraren El Oasis liburuko lekukotasuna ere (1878). Iruñean izan zenean ostatuko neskameari euskaraz hitz egiten al zuen galdetu zion Tarragonakoak:

…erantzun zidan aiton-amonek ohikoa zutela; gurasoek ulertu bai baina ezinbestean baizik ez zutela erabiltzen; eta berak ez zekiela, eta ulertu ere, ez zuela ulertzen (397. or.).

Baina adibideak, berriro ere, ez du Iruñerako balio. Neskak idazleari jakinarazi zionez, hiriburutik hiru legoatara zegoen herri batean sortua zen. Ez zigun esan zeinetan, baina adierazi zuen hizkuntza-egoeraren arabera lasai asko izan zitekeen Itzarbeibar ekialdekoa, Tiebaskoa, Untzitibarkoa edota itzagaondoarra, adibidez. Lekukotasunak Iruñeko euskaldunen jatorri anitza eta hizkuntzaren gibelatzea bai, baina ezin digu argitu hirian aspaldian errotutako sendiak bertako aldaerari eusten ari ote zitzaizkion ala ez.

Orbaibar eta Izarbeibar: ikuspegi kontrajarriak

Iratxeta

Orbaibarko Iratxeta, doi-doia euskaldun 1860an Bonaparteren arabera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com).

Iruñerria aztertzean bezalatsu, ezin desberdinago jokatu zuten Iruñe hegoaldeko bi eskualde horiei zegokienez aztergai ditudan ikertzaileek. Brocak guztiz erdalduntzat jo zituen bi eremuak —eta nekez esan zezakeen besterik, hiriburu inguru gehiena euskararen eremutik at utzi ostean—. Eguesibar, Aranguren, Elortzibar edota Galar legez, erdara hutsean bizi omen ziren Gares, Untzue edota Oloritz, besteak beste, Brocak jasotako txostenen arabera. Izarbeibar zela eta, Garesen apenas hirurogei urte lehenago familia batzuk euskaraz mintzo zirela idatzi zuen antropologo frantziarrak; besterik ez. Orbaibar aipatu ere ez zuen egin, nahiz eta dezente hegoalderago dagoen Erriberrin XIX. mendearen hasieran haur euskaldunak ba omen zirela adierazi (oso kontu handiz erabiltzekoa dirudien datua, bestalde). Bonapartek, aldiz, Izarbeibar osoa sartu zuen euskararen lurraldean, eta baita Orbaibar zati bat ere: iparraldeko herri gehienak (Leotz eta Uzkita ez beste guztiak) eta erdialdeko bi (Barasoain eta Garinoain). Kolore argiz tindatuta, dena den, hizkuntzaren ahultasuna agerian jarriz.

Orbaibar Brocaparte

Orbaibar ingurua Bonapartek maparatu bezala (ezk.). Brocak (esk.) zuritan utzi zuen eskualde osoa.

Nork jokatu zuen zorrotzen? Brocak irudikatu bezala Izarbeibarko euskara ordurako galdua izatea ez da sinesgarria; geroztikako iturri ugari mintzatu dira baieztapen horren aurka. Hona hemen batzuk: Kanpionek Garesen adinekoak oraindik solasten zirela idatzi zuen 1884an; 1910ean Altadillek ez zuen guztiz iraungitzat jo euskara Garesen bertan (bai aldiz Tirapun edo Ukarren); 1920ko hamarkadan Izarbeibarko Utergan bizi zen Celedonio Azkarate euskal hiztuna, Fernando Perez de Labordaren arabera, eta ikertzaile honek berak ezagutarazi ditu XX. mendeko beste izarbeibartar euskaldun batzuk… Argudio gehiegi, itxuraz, Brocarekin bat egiteko. Sendagile frantziarraren mapak Iruñerrian irudikatzen duen erdararen sargune sakona euskararen ahultasun handiko eremu bat markatzen ari zela iduri luke, baina ez hizkuntzaren desagerpena: Gares aldeko euskara ez zen 1950 baino askoz lehenago zeharo iraungi.

aiesa

Alferrik saiatu zen Bonaparte Ezporogi aldean euskaldunak topatzen. Behar bezainbeste ordaintzeko prest zegoen, bilaketan lagunduko zion norbait bidaltzearren. Irudian, Aiesa (iturria: www.bajamontana.com).

Sortalderago, 1862tik 1864ra bitartean Bonapartek Orbaibar eta Ezporogiko egoera argitzeko eginiko galdeketa guztiak kontuan hartuta, mapan finkatu zuen azken irudiak oinarri sendoak zituela pentsa daiteke. Behin eta berriz estutu zuen printzeak Etxenike Ezporogi eta Aiesa aldean euskara erabiltzen zuen kristaurik topa zezan, halakoak izan bazirela entzuna baitzuen urte batzuk lehenago. Alferrik, ordea. Azkenean etsi eta Bizkaia esaten dioten eskualdea kolorerik gabe utzi zuen mapan. Orbaibar ere behin baino gehiagotan aipatu zion lankide urdazubiarrari eta azkenean, Ezporogi galdutzat eman arren, Orbaibarko dozena bat herri bildu zituen mapara (Bariainek, Untzuek, Orisoainek eta Iratxetak osatu erronbo itxurako eremuan), euskara oraindik erabiltzen ari zirenen eta baliatzeari utzi ziotenen arteko muga zehaztuz. Nire ustez, Izarbeibarrez eta Iruñerriaz dakiguna jakinda, zentzuzkoa da hemen ere Bonaparteren ikuspegia onestea eta Broca baino fidagarriagoa dela uste izatea.

Euskara Lizarrerrian, noraino?

Bi datu ziur har daitezke azken zati honen abiapuntu gisa: batetik, XIX. menderako oso higatua zegoela euskara Lizarrako merinaldean; eta bestetik XX. mendera arte ez zela guztiz itzali, Goñerrin bertan, adibidez, 1930eko hamarkadan zendutako hiztunak ezagutzen direlako.

Hortik aurrera, alde ederra dago Lizarraldeari dagokionez Bonaparte eta Brocaren artean; merezi du aztertzea. Horretarako lau erreferentzia hartuko ditut: Mañeruibar, Gesalatz, Deierri eta Ameskoa ibar biak.

Sorakoitz

Girgillaoko Sorakoitzen ez da egun inor bizi (Argazkia: Gonzalo Parreño)

Mañeruibarren (ondo-ondoko Gares inguruan ez bezala) euskara-arrastoak antzeman zituen Brocak, baina Bonapartek adierazitakoak baino ahulagoak. Girondarrak Etxarren eta Argiñaritz bakarrik jo zituen elebiduntzat. Bonapartek Girgillao eta Artazu ere bai; eta Girgillaoko bi baserri —Orendain eta Sorakoitz, 60 bat biztanle guztira— kolore ilunez aurkeztu zituen, inguruan ez bezala han bizilagun gehienak euskaldunak zirela adierazi nahirik. Gauza batean bederen bat etorri ziren bi ikertzaileak: Mañeru nahiz Zirauki erdaldunak ziratekeen ordurako. Hala ote? Herriotatik hurbil euskarak XX. mendera arte iraun zuela jakinda —eta ondoko Sorakoitzen indarrez gainera— ez litzateke erokeria 1860an Mañerun edota Ziraukin euskararen oihartzun apalen bat behintzat gera zitekeela pentsatzea. Idatzi izan da Mañeruko gudaldira bidalitako inguru hartako gazte batzuek (1873) ez zituztela Brea koronel karlistaren erdarazko sostengu-hitzak oso ongi ulertu eta Garesko apaizaren itzulpena behar izan zutela; oso zalantzazkoa da XIX. mendearen hondarreko gazte euskaldun haiek mañeruarrak izatea; baina Artazun 1930eko hamarkadan hildako hiztun baten berri jakin delarik, horren hurbil dagoen Mañeru 70 urte lehenago guztiz erdaldun imajinatzea ez da hain gauza erraza.

Argiñano-Iruxo

Gesalazko Argiñano —ezkerretara— eta Iruxo, elkarren ondoko baina Bonaparteren arabera hizkuntza aldetik urrun.

Ipar-sartalderantz goazela, Mañeruibarrek Gesalatz du mugakide. Deigarria da Bonapartek ibar hartaz emandako irudia: herrien erdia baino gehixeago bildu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren baitara —iparraldekoak eta hego-ekialdekoak— baina  beste inon ez bezalako hizkuntza-eten bortitza irudikatu zuen haranaren barrenean: Iturgoien, Argiñano eta Biguria herriak gehiengo euskalduneko eremuan ezarri, eta ondo-ondoko Iruxo eta Muez guztiz erdalduntzat jo zituen. Argiñanotik Iruxora kilometro eskas dago, eta ez dut ezagutzen horrelako etena esplika dezakeen arrazoi historikorik, ez baita falta XVIII. mendean zehar Gesalatz osoan zehar, Iturgoiendik Irurreraino, euskararen indarrari buruzko albisterik.

Paul Brocaren irudia homogeneotasun handiagokoa da oraingoan: ibar osoa hartu zuen elebiduntzat, hego-muturreko Irurre eta Garisoain izan ezik. Lerate eta Muez izan ziren Brocak mapan euskaldun gisa markatutako herriak:  Bonapartek erdalduntzat jotako bi, hain zuzen ere.

Riezu

1799an Errezuko parrokiaren ardura hartu nahi izan zuten erdaldunak baztertu egin zituzten (argazkia: Julio Asunción).

Gesalazko Iruxo eta Muezen alboan dago Errezu, Deierriko ipar-ekialdeko lehen herria; ibar zabal askoa da hura, Lizarra ondo-ondoraino hedatzen dena. Hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga Gesalatzen ezarririk, esan gabe doa Bonapartek ez ziola Deierriri inolako euskalduntasunik aitortu: aipatu ere ez zuen egin Etxenikeri idatzitako eskutitzetan. Errezu bera, ordea, oso euskalduna zen 70 urte lehenago: 1797an zazpi hautagai aurkeztu ziren herriko bikario izateko eta hiru aldez aurretik baztertu zituzten por ser tan solo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence. Bonaparte zuzen bazegoen, oldar gaitzak eraman zukeen Deierri iparraldeko euskara hamarkada gutxiren buruan. Errezu bera, bestalde, euskaldun zirauen Argiñanotik bizpahiru kilometrora baino ez dago. Azaldu al dezakete erliebeak edo giza-harremanen bilakaerak bi herrion arteko horrenbesteko hizkuntza-alderik?

El Oasis 1878b

El Oasis (Mañé y Flaquer, 1878).

Beharbada egoera ez zen Bonaparteren mapak erakutsitakoa. Brocak erdalduntzat jo zituen Deierri erdialde eta hegoaldea (Zabal, Eraul, Allotz) baina haran zati handixkoa utzi zuen Nafarroako lurralde elebidunaren barrenean, hiru herritako datuak baliatuz: Ugar, Aritzala eta Ibiriku. Egia izan arren hainbat eskualdetan zorrotzagoa dirudiela Bonaparteren mapak Brocarenak baino, honako honetan gainerako lekukoak Brocaren ikuspegiaren alde ari zaizkigu: Lizarrako biztanle batek XX. mendean jakinarazi zuenez, euskaraz aritzen ziren solasean 1858an Abartzuza eta Eraulgo ikazkinak. Mañé y Flaquerrek, bestalde, aipatu El Oasis liburuan, Deierri aldean euskara pittin bat bazela iradoki zuen Iruñeko neskamea ahotan hartu zuen orrialde berean: si los navarros descienden de los vascones, como yo creo, y si han salido del valle de Yerri, como supone el Sr. Yanguas, allí deberíamos encontrar el tipo del vascón y la lengua en toda su pureza; no obstante, el vascuence se habla muy poco en dicha comarca.

Ibiriku

Lizarrerriko Ibiriku herria. Eguesibarren bada izen bereko beste bat. Argazkia: www.revistacallemayor.es

Eta ez hori bakarrik: Jimeno Juríok azaldu zuenez, Deierriko Ibiriku bera euskalduntzat jo zuen beste iturri batek 1878an: Oltzako berriemaile baten arabera, Iruñetik ezker euskarari ongi samar (‘con bastante generalidad‘) eusten zioten herrien mugan omen zegoen. Azken datu hau oso interesgarria iruditzen zait: 1878ko muga hartan izendatutako gainerako herri / ibar guztiak (Sorauren, Eutsa, Orrio, Makirriain, Ballariain, Larrageta, Elkarte, Oteitza, Itza, Oltza, Azantza, Munarritz eta Argiñano) euskarari sendo eusten zion eremuaren barrenean, ertz-ertzean, irudikatu zituen Bonapartek. Denak, Ibiriku bera izan ezik, hura zeharo erdalduntzat jota. Hala izango zen benetan? Edo printzeak Deierri sakon aztertu ez izanaren ondorio ote da Ibiriku eremu euskaldunean ez agertze hori? 1878ko lerroko gainerako herrietan euskarak XX. mendeak aurrera egin arte iraun zuen; badakigu Azantzan 1930eko hamarkadan iraungi zela guztiz; Soraurenen 1945era arte bederen iraun zuela; Ballariainen ere, 1942ra arte behintzat bai. Ibiriku aldeko herriek ahaztua izango zuten euskara 1865erako, edo atzeratu beharreko data da hori? Ikertzea merezi duen gaia dela uste dut.

Eulate

Ameskoako Eulate Nafarroako lurralde elebidunaren muga-mugan ezarri zuen Paul-Pierre Brocak 1875ean (argazkia: www.eulate.es).

Izan ere, ez du ematen Bonapartek Lizarra iparraldeko eremua bisitatzerik izan zuenik. 1857an Burunda zeharkatzean hurbiltzekotan egon zen, baina ez zuen astirik izan. Horrenbestez, Goñerritik ezker jasotako datu guztiak bestek emanak izan ziren, ez ikertzaileak bertatik bertara frogatuak. Antza denez Etxenike izan zuen iturri nagusi eta Bonaparte haren iritziari lotu zitzaion beste informazioen gainetik. Horixe bera antzeman daiteke Ameskoa ibarrei dagokienez. Ziordian printzeari esan ziotenez, Lizarrerrian euskara zerabilten hiztun apurrak Eulaten eta Ameskoabarreneko herrietan zeuden, eta albiste horiek ziurtatzen saiatzeko eskatu zion printzeak Etxenikeri 1863an:

C’est à Ciordia même, où le basque est très en usage, que l’on m’a assuré que dans tout le partido de Estella il n’y a que les localités suivantes de Amescoa Baja où quelques personnes seulement continuent à parler le basque: Eulate, S. Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano, Urra, Barindano, Artaza (1863-4-9an Etxenikeri idatzi eskutitza).

Urdazubikoaren txostenek iritziz aldarazi zuten ikertzailea, eta 1864ko abenduko gutunean baztertu egin zuen betiko Ameskoa ibarretako herriak mapan berdez tindatzea. Jakin bazekien, nonbait, euskaldun batzuk gelditzen zirela haietan; baina euskararik erabiltzen ez zutela jaso zuenez, bere maparen zorroztasunaren izenean erdalduntzat jo zuen eskualdea (Je tiens infiniment à la perfection de ma carte linguistique de l’Euscalerria, idatzi zuen aipatu berri dudan eskutitzaren pasarte hartan bertan).

Brocak, oraingoan ere, eskuzabalago jokatu eta eremu elebidunean sartu zuen Ameskoabarren osoa; baita Eulate ere. Larraona, aldiz, kanpoan markatu zuen. Ez zuen bien arteko Aranaratxe mapan ezarri.

Lizarrerria Brocaparte2

Bonaparte eta Brocaren arteko jauzia Lizarrerrian. Berdez, printzeak adierazitako euskararen eremua. Gorriz azpimarratuta, Brocak bere maparen zonalde elebidunean aipatutako herriak (berdez inguratuta dago Deierriko Ibiriku);urdinez, erdalduntzat jo zituenak.

Laburpen gisa

Ekarpen ederra egin zioten Bonapartek eta Brocak euskararen geografia historikoaren ezagutzari; zinez, urrearen balioa dute bien lanek. Horrexegatik, eta sona handiko ikertzaile atzerritarrak izanik euskarazale bihurtu eta hizkuntza haien ikerketaren jomuga bihurtzeagatik esker ona merezi dute betiko. Bonaparte izan zen euskara aztertzen luzeago aritu zena eta itzal handikoa da aspaldi gurean, baina Broca sendagilearen jarduna, apalagoa izan arren, ez da nire ustez merezi bezainbeste azpimarratu.

Euskararen mugak aztertzean atera zituzten ondorioak ez ziren berberak izan, eta horrenbestez ez batak ez besteak ez zuten seguru asko guztiz asmatu. Baina datu garaikideak emanik erkaketarako aukera eskaini digute, eta horrek biderkatu egin du burutu zuten lan handiaren balioa.

Bi jakintsuen ahaleginen emaitzak batuta, eta emaitza horiek XIX. mendearen hondarreko gainerako albisteen argitan irakurrita, 1860-70etako euskara nafarraren hegoaldeko azken muga ondorengo proposamen honetatik hurbil samar egon zitekeela esango nuke:

1) Erronkari guztia euskalduna zen, Burgin euskara galtzen hasia zelarik.

2) Zaraitzu aldean Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen muga-herriak. Azken bietan indartsuago zirauen lehendabizikoan baino.

3) Urrauletan zehar izango zen oraindik euskaldunik Eparotz, Irurozki, Ozkoidi eta Santsoainen; agian baita Urraulgoitiko Gindano-Ezkanitz eta Urraulbeitiko Artieda-Grez-Tabar lerroetan ere; baina nekez hegoalderago, eta aipatu herrietan izatekotan, ez inola ere luzerako. Erromantzatuko herri guztietan (baita Berroia eta Murelu-Berroian ere) ahaztua izango zuten euskara.

4) Itzagaondoko eta Ibargoitiko herrixka guztietan zeudekeen orainik euskal hiztunak, ez ordea Izko mendilerroaz beheitiko Sabaitzan edo Gardelainen. Elon euskara zeharo ahaztua ez bazen, ahaztear izango zen.

5) Orbaibarren bizirik egongo zen oraindik hegoaldeko goi-nafarrera, baina etengabea zen gibelatzea eta litekeena da herri bakar batzuetako azken belaunaldi euskaldunaren ezpainetan baino ez entzutea.

6) Izarbeibarren indartsuago zirauen euskarak Orbaibarren baino; ez ordea sasoiko. Baziren oraindik seguruenik gazte euskaldunak, baina ez ziren asko izango, edo beharbada ez herri guztietan. Euskara egoera batzuetan erabili beharreko tresna zen oraindik, baina ziztu bizian ariko zen gertatzen hizkuntza-aldaketa. Mañeruibarren ere bazerabilten euskara (herri guztietan???) baina Girgillaoko salbuespenak salbuespen, egoera Izarbeibarkoaren gisakoa izango zen, asko jota. Litekeena da Etxauribarko Belaskoain inguruan ere oso antzekoa izatea. Izarbeibarrez beheitiko eremurik aipatu ez dudan arren, ez da ahaztu behar Fernando Maioraren arabera 1876an hil zela euskalduntzat hartu ahal izan duen azken artaxoarra. Agian Artaxoa bera izango zen oraindik, euskara azken hatsetan izanik, hizkuntzaren hegoaldeko azken mugarria.

7) Gesalatz iparraldean indartsuago zebilen euskara erdialdean baino. Iruxo eta Muezen ezaguna izango zuten ziurrenik, baina ez hegoalderago, Irurren edota Garisoainen.

8) Deierri iparraldean ez zuten euskara guztiz ahaztua izango. Abartzuzatik gorako herrietan beharbada, Ibiriku-Errezu-Lezaun parean baino ez akaso; baina Bonaparte ez beste iturriek iradokitako egoera aintzat hartu behar dela uste dut. Nolanahi ere, Deierriko euskararen galeraren kronologia ongi aztertu gabeko gaia da.

9) Ameskoa ibarretan bazen oraindik euskaldunik, hizkuntza bazerabilten ziurtatzerik ez badago ere. Seguru asko Ameskoabarreneko herri guztiek eutsi zioten nola edo hala mendebalde kutsuko nafarrerari 1870era arte bederen. Handik ezker eta Arabako mugarako bidean, Eulaten ere euskara apurtxoren bat geldituko zen beharbada, Larraonan baino errazago. Hala izatera, ez dakit Aranaratxe bietako norekin bildu beharko litzatekeen.

AZKENA

Nafarroako euskararen 1860-70etako balizko hego-muga (proposamena) Bonaparte eta Brocaren ekarpenetan oinarrituta.

                                                  (Mapa hurbilagotik ikusteko, egin klik hemen)

En esta entrada me he referido a los límites de la zona de habla vasca en la Navarra central y occidental alrededor de 1870, con arreglo a los mapas trazados separadamente por el príncipe Luis Luciano Bonaparte y por el médico y antropólogo francés Paul-Pierre Broca entre 1860 y 1875. Ambos investigadores realizaron una labor encomiable que arroja menos similitudes en el occidente navarro que en la zona más oriental, pero que con la ayuda de otros testimonios contemporáneos permite aventurar con cierta aproximación cuál pudo ser el límite de la zona de mínima intensidad del euskera por aquellos días. En mi opinión, la hipótesis más razonable —formulada en los párrafos anteriores— es la de considerar como extremo meridional del euskera los siguientes puntos (de E. a O.): Burgui, Gallués, Racas Alto, Urraúl Alto (Irurozqui, Eparoz), Urraúl Bajo (Sansoáin ¿Artieda, Tabar?), Ibargoiti, Orba (Iracheta, Orísoain, Garínoain), Puente la Reina, Valdemañeru (Artazu ¿Mañeru?), Guesálaz (Lerate), Yerri (Ibiricu ¿Ugar, Arizala?), Amescoa Baja, Eulate.

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015eko martxoaren 31ra arte iraungo du hirugarren #KZJaia-k.


Izarbeibarra eta Mañeruibarra: etxe izenak

Izarbeibar Mañeruibar 4

‘Izarbeibarra eta Mañeruibarra: etxe izenak’ liburuaren azala.

Joan den urtarrilean jakin nuen Koldo Colomori esker Gares inguruko herrietako oikonimoak —etxeen izenak, alegia— bildu eta liburu batean aurkeztu asmoz bidean zen egitasmoaren berri. Izarbeibarko euskaldunen azken urte hauetako ahaleginak nolako fruitu ederrak eman dituen ikusita (blog honetan bertan aurkeztutako hainbat liburu edota euskeraenvaldizarbe.blogspot.com webgune bikaina horren lekuko), oraingo honetan ere lan sakon eta oparoa espero behar. Halakoxea izan da, zalantzarik gabe.

Hona hemen egun hauetan Izarbeibar eta Mañeruibarren zehar aurkezten hasia den liburuaren oinarrizko datuak:

Izenburua: Casas de Valdizarbe y Valdemañeru: nombres e historia / Izarbeibarra eta Mañeruibarra: etxe izenak

Argitaratze-koordinazioa: Mikel Belasko Ortega, Koldo Colomo Castro (egileak, guztira, 26)

Urtea: 2014

Hizkuntza:  gaztelania eta euskara

Laguntzaileak: Izarbeibar eta Mañeruibarko Udalak, Nafarroako Gobernua

Orrialde kopurua: 669

Salneurria: 20€

Izarbeibar Mañeruibar3

Garesi buruzko atalaren azala (argazkia: Patxi Uriz)

Duela hiru urte sortu zen Izarbeibar eta Mañeruibarko etxe-izenak bildu, normalizatu eta jendearen aurrean paratzeko ideia. Lan beharrezkoa, izen haietako asko galbidean baitziren ordurako, adinekoek baizik ez zekizkitelarik; baina egiteko gaitza aldi berean, hemezortzi herritako ehunka eta ehunka eraikinek osatu ondarea goitik behera aztertu eta ordenatzea ez baitzen munta txikiko afera.

Izarbeibar Mañeruibar2

Olkotzi eskainitako atalaren orrialde bat

Horregatik, egitasmoa errealitate bihurtzeko derrigorrezko osagai bat —eta, bide batez, liburu honen zutaberik sendoenetakoa— elkarlana izan da. Argitalpenaren ardura Koldo Colomok eta Mikel Belaskok hartu badute ere, talde handi baten ahaleginari esker osatu ahal izan da egitekoa: 25 lagun baino gehiago arduratu dira Izarbeibarko hamabi herrietan eta Mañeruibarko seietan informazioa biltzeaz, eta herri horietako ia 70 biztanle izan dituzte berriemaile. Azken horiek ez ezik biltzaileak ere eskualdekoak izanik, bertakoek bertakoentzat sortutako argitalpen honen bigarren zutabea hurbiltasuna dela esan daiteke; nekez bil zitekeen liburu batean Izarbeibar eta Mañeruibarri buruzko ezagutza handiagorik.

Aipatzekoak dira lanaren sakontasuna eta zorroztasuna ere. Liburuaren helburuetako bat inguruko etxe-izenak egoki finkatzea eta interesa duen irakurleari erreminta zehatz eta fidagarria eskaintzea denez, funtsezkoa zen euskal nahiz erdal oikonimoen formak datu historikoak eta hizkuntza-arauak kontuan hartuz aurkeztea, eta ez irizpide garbi eta guztiz bateraturik gabe. Are gehiago ekimena Nafarroako zonalde horretan aitzindaria izanda. Gutxi lan horri ekiteko Mikel Belasko bezain egokirik: ikertzaile iruindarraren gidaritzapean, Euskaltzaindiaren arauetan oinarritutako proposamen zehatz eta arrazoituak aurkeztu dira euskarazko etxe-izenetarako, eta Euskaltzaindiaren beraren lana izango da proposatutakoa aintzat hartu edo ukitzea.

Etxe-izenak era normalizatuan biltzeko erabilitako hizkuntza-irizpideak liburuaren hasieran azaldu ditu Belaskok. Harekin batera beste bi egilek finkatu dituzte lanaren oinarriak lehen orrialdeetan: Koldo Colomok, aitzinsolas elebidunean, eta Fernando Perez de Labordak, oikonimo askotan hain begi-bistan ageri den euskarak bi ibarretan eginiko ibilbide historikoa laburtuz.

Liburura Izarbeibar eta Mañeruibarko mintzoaren aztarna bila jotzen duenak —euskara baitu blog honek ardatz— ezinbesteko du laburpen interesgarri hori irakurtzea; baina, horretaz gain, Argiñariztik Añorbera eta Biurrundik Ziraukira bitarteko etxeetan euskarak utzi duen arrasto sakona antzemateko bide ezin hobea du herri bakoitzari eskainitako orrialdeetan barrena abiatu eta etxe-izenak, argibideak, erreferentzia historikoak… liburua bera, hitz batean, eskuztatu eta dastatzea. Gomendio bera egin nahi diot bere herriko etxeak ikusi, bi ibarren historiaz apur bat gehiago jakin edota Nafarroako ondarearen zati hau gertutik ezagutu nahi duenari: ibilbide atsegina eskainiko diote fitxa bidezko antolaketak, azalpenen argitasunak eta testuekin batera txertatutako argazki ezin ugariagoek.

Liburua dagoeneko esku artean izateak ez du esan nahi, dena den, argitalpena eragin duen proiektu zabalagoa bukatutzat jo behar denik. Oikonimoen normalizazio linguistikoa ez ezik administratiboa ere bideratu nahiko lukete egileek, berreskuratutako etxe-izenen erabilera sustatzearren; hori dela eta Nafarroako Gobernura helarazi dituzte proposatutako izenak, katastroan eta mapagintzan agertu ahal izateko. Normalizazio administratiboarekin batera dibulgazio-lana egin nahi da ibarretan bertan, kultur ondasun diren aspaldiko etxe-izenak ahal den kasu guztietan erabil daitezen, eta erabiliz, iraun ahal izan dezaten; beti ere etxejabeen borondatea errespetatuz, jakina.

Izarbeibar Mañeruibar5

Añorbeko Casa Txuperio / Txuperiorena etxeak XVII. mendeko igeltsero bati zor dio izena: Exuperio de Echeverríari, hain zuzen.

Azken batean gizatalde bat bere herri, ibar edo eskualdearekin identifikatzen lagun dezakeen elementu garrantzitsuenetako bat etxea da: ederki bildu ditu bada liburu honek, txukun izendatzeko bidea eskainiz gainera, izena ongi ezagututa izanari hobeki eutsi ahal izateko. Baina etxe horiek izendatu dituzten hizkuntzak, halaber, nortasun-emaile indartsuak dira; eta alde horretatik ere nahi dut azpimarratu argitalpen hau. Ez etxeen bidez Izarbeibar eta Mañeruibarko euskara azaleratzeagatik bakarrik, baizik eta gaur egun eskualdekoak diren bi hizkuntzak zaindu, arautu eta harremanetan jartzeagatik, biak baitira bertakoen ondare, eta bien arteko elkarkidetza eta errespetuak ekarriko diolako onura inguruari. Azkenik, ziur naiz lan bikain hau prestatze bera kultur-identitatea indartzeko tresna izan dela parte hartu dutenentzat. Aukera polita dute haiei esker gainerako mañeruibartar eta izarbeibartarrek ere haien ondarera hurbildu, hura hobeto ezagutu eta, horrela, nortasun-sustraiak errotzeko.

Hona hemen liburua jendaurrera ekarri asmoz datozen egunotan izango diren aurkezpen-ekitaldiak:

Abenduak 11 diciembre: Legarda (20:00etan)

Abenduak 12 diciembre: Añorbe (20:00etan)

Abenduak 13 diciembre: Gares-Puente la Reina (18:00etan)

Abenduak 14 diciembre: Eneritz (13:00etan)

Abenduak 15 diciembre: Obanos (19:30ean)

Abenduak 16 diciembre: Ukar (19:30ean)

Abenduak 19 diciembre: Zirauki (20:00etan)

Abenduak 20 diciembre: Artazu.

Comento en esta entrada la obra ‘Casas de Valdizarbe y Valdemañeru: nombres e historia’, coordinada por Koldo Colomo y Mikel Belasko y que está siendo presentada durante el mes de diciembre en Gares-Puente la Reina y sus alrededores. Se trata de un libro de extraordinaria calidad y cuidada presentación que recoge a lo largo de casi 700 páginas cerca de dos mil casas pertenecientes a las dieciocho entidades de población de los valles mencionados, aportando entre otras informaciones imágenes, datos históricos y la denominación normalizada en castellano y euskera de cada una de ellas. Esta publicación, de indudable valor para salvaguardar el patrimonio inmaterial de la zona, no habría sido posible sin el esfuerzo coordinado de casi 30 autores y 70 informadores de todos pueblos del entorno a lo largo de más de dos años, y puede ser adquirida al precio de 20 euros hasta agotar los ejemplares. En las líneas que anteceden a este resumen está recogido el calendario de presentaciones previsto para los próximos días.


Ziorditik Uztarrozeraino (Koldo Artola)

Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « Mar    
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu