Tag: #KZJaia

Miguel Ignacio Armasa, nafar idazle zahar berria (1770-1814)

beintza_labaien_03

Labaien eta Beintza, Basaburu Txikian.

Aro Modernoan eta Garaikidean euskarak eginiko bidea aztertu nahi dutenek asko zor diete ebanjelizazio beharrak eragin zituen testuei. Halakoen adibide da, esaterako, azken boladan hedabideetan aipatu den Materraren doktrina lapurtarra.

Behinolako euskara nafarra ikertzerakoan ere ezin nabarmenagoa da parroki-literaturarekiko morrontza: oraindik bederen galduta dagoen Santxo Eltsokoaren 1561eko doktrinatik hasita, eta garai bertsuan Amendux iruindarrak idatziriko olerkitxoa alde batera utzirik, hala nahi bada (ez baitzuen erlijio-helbururik, orduko erlijiotasunak zizelkatutako mundu-ikuskeraren emaitza bada ere), gutxi da katekesi-jardueraren edo espiritualtasunaren ildotik landa idatzi zena.

Areso, Jose 000017_6877073flcne4em239nm3n_D_82x110

Jose Areso (1797-1878)

Badira bestalde Nafarroako euskal testugintza zaharrean idazle izan zirela jakin arren inongo idazki ezagunekin lotu ezin ditzakegun egileak: Eltsokoa bera, Joan Undianokoa, Tomas Fermin Arteta edo Jose Areso. Horiekin batera bada, nahi baino askoz sarriago, egile ezagunik gabeko sermoi umezurtzik ere. Anonimoak izan arren badago batzuetan lanok testuinguru egokixean kokatzerik —denbora edo leku-erreferentziak garbiak direnean, adibidez—, baina hankamotz, herren gelditzen zaizkigu, zuku guztia atera ezinik, sortu zituen eskuaren nondik norakoa ezagutzerik ez badago.

Interesgarria da horregatik sermoigintza-lanean aritu eta idazki ezagunak utzi zizkiguten elizgizon nafarren zerrenda zabaltzea. Eta zerrenda hori elikatzera dator hemen aurkeztu nahi dudan idazlea.

Labaiengo (eta labaiendarren) seme

Captura1770

Miguel Ignacio Armasaren bataio-agiria (1770-XI-21; Iruñeko Elizbarrutiaren Artxiboa, 887-1 biribilkia,  Bataiatuen 2. Liburua, 125. fol.)

Beintza-Labaien elkarren ondoko bi herrigunek osatzen dute, San Pedro eliza Beintzan dagoelarik. Labaiengo frontoiaren ondoan dago gaur Armasa izeneko etxea: hantxe sortu zen mundura 1770eko azaroaren 19an, arratsaldeko ordu biak aldera, mutiko bat: 1749an etxe berean jaiotako Pedro Joseph Armasa Juanotenaren eta Ansolantzenako alaba Victoriana Zozaya Urrozen hirugarren semea zen. Miguel Ignacio izenez bataiatu zuten haurtxoa bi egun beranduago  Beintzako San Pedron.

Armasa (Labaien) Armasaren sortetxea

Labaiengo Armasa etxea, gaur egun.

Herrian sendo errotutako sustraiak zituen jaioberriak; guraso biak labaiendarrak izateaz gain, aurreko zazpi belaunaldietan behintzat Armasa izan zuten aitaren aldeko arbasoek bizitoki. Esaterako, etxe hartan bertan jaio zen 1603ko uztailean Pedro Armasa, Iturengo Sastanenako Mari Urdin Irigoienen senarra, gero Indietan hil zena; Miguel Ignacioren herenaitonaren aita izan zen Pedro hura; eta hark ere etxe berean bizi izandako aitona-amonak zituen. Albiste horien guztien eta beste hainbaten biltzaile Juan Joseph Armasa Irigoien izan zen, Miguel Ignacioren birraitonaren anaiarik gazteena eta 1758tik aurrera Labaiengo bikario. Ez zen hura izan Armasan hazitako elizgizon bakarra: gaur egun ere, abizena herrian aspaldi galdurik, gogoan du batek baino gehiagok apaiz ugari emandako etxea izan dela hura. Miguel Ignaciok urte batzuk beranduago hasitako erlijio-bidea askok zuten familian berak baino lehenago egina.

Sendiko elizgizonen batek hartuko ote zuen haurtxoari oinarrizko heziketa emateko ardura? Ez, nolanahi ere, Juan Joseph bikarioak, istripuz hil baitzen 1774ko abuztuan, Miguel Ignaciok lau urte ere ez zituela. Ez zen hura izango etxekoentzat heriotzarik mingarriena: 1772ko abenduan Juana Serafina arreba jaioberria galdu eta gero, aita bera hil zen 1773ko urtarrilean, 24 urte egin gabe. Victoriana emaztea ez zen berriro ezkondu: alargun hil zen 50 urte beranduago. Armasan bertan haziko al zen Miguel Ignacio? Ez dakit. Idatzi zituen testuetan erabilitako hizkeragatik behintzat, ez du ematen haurtzaroa Labaiendik at eman zuenik; baina konfirmazioa herrian bertan 1772an hartu zuenetik 1787ra bitarteko epea albisterik gabeko hutsunea da.

Ibilbide akademikoa: Iruñea, Alcalá

1787ko martxoaren 2an tontsuradun bihurtu zuen Armasako gaztea Iruñeko Gotzain Jauregian Esteban Aguado y Rojas apezpikuak. Hamasei urte zituen. Izan ere, gizaldi hartan erlijioa bizibide bihurtu nahi zutenek ezin zuten profesioa hamasei bete aurretik egin, eta nobizio-etxean urtebete lehenago sartu beharra zegoen. Litekeena da beraz Miguel gaztea 15 urterekin iristea Iruñera; egungo udaletxetik hurbil asko dagoen Santo Domingo komentura, itxura guztien arabera.

e108f1efc1a83903dca64364c9be3ebf

Iruñeko Santo Domingo komentua (XX. mende hasierako argazkia).

Ordutik aurrerakoa prestakuntza garaia izango zen noski Miguel Ignaciorentzat: arimarena ez ezik, akademikoa ere bai. Lehendabizikoari dagokionez, tontsuradun bihurtu osteko ondorengo bi ordenak bederen (graduak eta epistola) Iruñean bertan hartu zituen 1790eko eta 1791ko abendualdietan; handik harat azpidiakono zen beraz Armasa gaztea. Ez dut aurkitu, hala ere, apaiz bihurtu aurretiko azken ordena nagusiak Iruñean hartu izanaren frogarik; Alcalán osatuko zituen ausaz, hara jo baitzuen Labaiengoak ikasketak osatzera.

Capturaalcalasantomas

Behinola San Tomas kolegio eta komentua izan zena paradore da egun.

Alcaláko egonaldia San Tomas kolegioan egin zuen XVIII. mende hondarreko urte haietan. Labaiendarraren gaitasunaren seinale ematen du horrek: Alcaláko San Tomas ikastetxe domingotarrik entzutetsuenetako bat zen eta ikaslerik onenak bertara edo Valladolidera bidali ohi zituzten. Ziurrenik Iruñean hasitako Filosofia ikasketak sakondu zituen Armasak. Horrekin batera, orduko agirien arabera, Teologia ikasi zuen Alcalán, eta ikasle ez ezik besteren irakasle (lector) ere izan zen.

Kantabria, Araba eta Nafarroa. Gerra urteak.

Irakasle, eta sermolari ere bai, jakina, predikazioa baitzen domingotarren funtsa XIII. mendean lehen urratsak eman zituztenetik. Zoritxarrez, ez dakit nora eraman zuten Labaiengoa ordenaren beharrek Alcalán izan eta gero, baina idatzi zituen sermoi zenbait ilunpetik atera izanak eta XIX. mende hasierako iturrietan gordetako albiste batzuek Armasaren azken urteetako gorabehera nagusiak antzematen lagun dezakete.

Gaztelaniaz zein euskaraz aritu zen predikari, eta Espainiako Independentzia Gerra hasi aurretiko urteetan Kantabrian behintzat ibili zen, Nafarroatik aski urruti. 1806-7etan Novalesen zen, Santandertik sartalderantz 35 bat kilometrotara. Hainbat aldiz hitz egin zien Jasokunde parrokiko eliztarrei, eta Lesakan agertutako bi prediku (Jasokundeari berari buruzkoa bata, Ama Birjinaren bakardadearen ingurukoa bestea) dira harreman horren lekuko.

220px-Asuncion_de_Novales_003

Novalesko Jasokunde parrokian esan zituen Armasak 1806 eta 1807ko sermoiak

1806

‘Sermon de la Assumpcion: Novales año de 1806’ izenburua duen predikuaren hasiera

Novalesen Ama Birjina hizpide hartu zueneko 1807ko Ostiral Santu hartan ez zen oraindik Fontainebleauko Ituna sinatu eta ez zen horrenbestez soldadu frantsesik penintsularatu, baina garai latz eta odoltsua zetorren ate joka. Urrian zeharkatu zuen Bidasoa ibaia frantziar gudarosteak, Junot jenerala buru zuela; berehala ekin zion,  hego-mendebalderantz, Portugalerako bideari. Non ote zen  Miguel Ignacio Armasa egun haietan? Hilabete batzuk beranduago behintzat Gasteizen aritu zen predikari. Arabako hiriburuko Santo Domingo komentuan izan zen udaberrian eta San Vicente Ferrer izan zuen hizketa-gai. Ordurako frantsesek komentuan txikizio handia eragin zutelarik, nobizioak alde eginaraziz, agian bihotz-altxagarri hautatu zuen Armasak, eta ez kasualitate hutsez, domingotar valentziarrak Jainkoaren hitza hedatzerakoan lau mende lehenago sufritutako zailtasunez eta haiei aurre egiteko agertu zuen borondateaz aritzea.

Ez dut uste, edonola ere, 1808ko udaberrian Armasaren bizitokia Gasteizko Santo Domingo izango zenik. 1825 inguruko lan batean Manuel Herrero historiagile domingotarrak jaso zuenaren arabera, pentsa liteke labaiendarra ez zela ez Gasteizen ez Iruñean bizi (Iruñeko komunitateko kide izango zen arren), Sakanan baizik; edota inguru hartako herriren batean benefiziadua izango zela, Irañetan hartu baitzuten preso frantziar soldaduek. Hona hemen Herreroren hitzak, Iruñeko domingotarrek jasandako kalteez ari dela:

Irañeta

Irañetan atxilotu zuten frantsesek Armasa, Herreroren albisteen arabera.

….otros dignos individuos de aquella Comunidad tuvieron más que sufrir con atroces vejaciones. Graduaron de buen español al P. Fr. Tomás Gandiaga, y he aquí todo su crimen para ser puesto en captura, y dar mil y ochocientos reales en cambio de su libertad. Malsinaron también al P. Fr. Joaquín del Rosario, y se vio en inminente peligro de ser pasado por las armas. Por igual razón fue conducido preso desde el pueblo de Irañota (sic) el P. Lector de teología Fr. Miguel Armasa, originándole su total ruina no menos que a los anteriores

Litekeena da Armasa erasotzaile kanpotarrekin adeitsu agertu ez, eta haiek herritik indarrean ateratzea, handik Iruñera eramateko. Hau 1808an edo 1809an gertatu zen. Iruñeko Santo Domingon ere ez zuen, esan gabe doa, aterpe segururik: Napoleonek kontrolatutako lurraldeetan asko murriztu zen onartutako fraide eta komentu kopurua 1808ko Chamartingo dekretuen ostean, eta 1809ko abuztuan agindutako esklaustrazioaren ondorioz elizgizon gehienek haien komunitateak utzi behar izan zituzten eta nor bere herrira edo ahal zuen lekura joan. Iruñeko Santo Domingon Frai Jose Esteban Urra zen priore. Domingotar gutxi batzuekin komentuan gelditzeko baimena lortu zuen, baina agidanez Armasa ez zen haietako bat izan. Egoerak behartuta jaioterrira itzuli behar izan zuen, 1809 hondarrean bertan seguruenik.

Hartara, bizitzako azken urteek nahi ez bezalako herriratzea ekarri zioten Armasari. Zorigaiztoko etxeratze hark zeharkako fruitu ederrak eragin zituen ordea: domingotarrak San Pedroko eliztarrei 1810ean eta 1811n esan eta guregana heldu diren euskarazko hiru predikuak, esklaustraziorik agindu ez balitz seguruenik inoiz idatziko ez zituenak. Aurkitutako hirurak bakarrik ez, gehiago ere idatzi zituela iradokitzen dute haietan esandakoek.

granada_fray_luis

Frai Luis Granadakoa (1504-1588)

Zein liburu irakurri ote zuen Armasak bere bizitzan zehar? Euskarazkorik ere izango al zen haien artean? Zenbat, eta zein, salbatu ahal izango zituen Irañeta edo Iruñea utzi behar izan zituenean? Zein liburutegi izango zuen eskura Labaiengo hondar urteetan? Erantzun asegarririk gabeko galderak. Sermoietan, dena den, Armasaren beraren uztakoak ez ezik, badira besterenak irakurriz ikasitako argudio eta esapideak, horretan ez da dudarik. Agerikoa da Frai Luis Granadakoaren XVI. mendeko lanek nafarrarengan izan zuten eragina; ongi ezagutzen zuen Armasak Guía de Pecadores entzutetsuaren egile izan zenaren lana (XVII. mendean Axularrek ere ezagutu izan zuen legez). Ezagutza hori ez da harritzekoa: domingotarra zen Granadakoa ere, ordenak sekula emandako predikaririk handienetakoa izatearen sona zuen, eta behin eta berriro argitaratu ziren XVIII. mendean zehar hark idatzitako liburuak. Armasaren erdal sermoietan ez ezik euskarazkoetan ere antzeman daiteke Portugalen hildako elizgizonaren oihartzuna. Ez zuen ordea Granadakoa izan inspirazio-iturri bakar; Sebastian Mendiburu jesuitaren arrastoa ere badago nire ustez Armasaren euskarazko lanetan. Bere mendeko beste euskal idazleena ere bai? Sakonago aztertzeko dagoen gaia da.

Denbora gutxi izan zuen Armasak, ezusteko herriratze haren ondoren, Labaiengo biztanleak kristau fedean aitzinatzeko. Gazte hil zen, 1814ko otsailean, 43 urte eskas zituela. Sorterrian bertan ehortzi zuten, jaiotetxeari zegokion hobian. Bere idazki zenbait bederen galdu egin ziren, betiko akaso, eta ez ziren ez Bonaparterengana ez ondorengo ikertzaileengana heldu. Jose Ignacio Armasa ilobak (1808-1866) Miguel Ignacioren hainbat testu baliatu zituen inguru hartan bertan apaiz ibili zenean; batzuetan osabak prestatutakoa kopiatu baino ez zuen egin. Baina Armasa zaharrenaren oihartzuna bere ondorengo belaunaldiarekin batera itzalirik, denboraren joanak estalitako egile ezezaguna bihurtu zen laster, beste asko bezala; gaur zorionez eskura dugu —neurri batean behintzat— Basaburu Txikiko euskararen lekuko honen ekarpena. Nafar idazle zahar berria da orain Miguel Ignacio Armasa. Etorriko ahal dira horrelako beste asko atzetik.

Miguel Ignacio Armasa y Zozaya (1770-1814) era hasta hace pocas fechas un dominico olvidado por el paso del tiempo, ajeno completamente al ámbito de la literatura parroquial en lengua vasca. Sin embargo, una serie de sermones autógrafos recuperados estos últimos años permiten reivindicar su figura, y la precisión con la que detalló en dichos sermones la autoría, la fecha y el lugar de uso de los mismos —lamentablemente ausente en tantos y tantos textos similares que pueblan archivos y colecciones particulares— nos permiten reconstruir en parte las circunstancias que rodearon a este testigo del euskera de su época. Armasa nació en la casa del mismo nombre de la localidad de Beinza-Labayen, en la Basaburua Menor. Tras ingresar hacia 1785 en el convento de Santo Domingo de Pamplona y comenzar el recorrido formativo reservado en sus días a quienes optaban por la vida eclesiástica, cursó en la Universidad de Alcalá estudios de Teología y posteriormente los impartió, a juzgar por el título de ‘Lector’ con el que se refieren al labaiendarra las fuentes de su tiempo. Se conservan seis sermones manuscritos de Armasa, tres en castellano y otros tantos en euskera, que permiten ubicarlo entre 1806 y 1811 en Cantabria, Álava y Navarra. Atrapado por las penalidades que conllevó la Guerra de la Independencia Española entre 1808 y 1814,  fue capturado por el ejército francés en Irañeta hacia 1809 y obligado, a raíz de la exclaustración decretada aquel mismo año, a regresar a su localidad natal. Permaneció en Labayen hasta su temprana muerte en 1814, y fue allí donde escribió las tres prédicas en lengua vasca que nos permiten reconocerlo como autor en euskera y como fuente de información sobre el habla vasca que se usaba en aquella zona de Navarra a comienzos del siglo  XIX. 

lesaka

Lesakako Txallarrenia etxean (karrika amaierako etxean, argazkian) agertu ziren Armasaren gaztelaniazko zein euskarazko predikuak.

kzjaia3_banner_galeria

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.


Mariano Erbiti nafarra, Bonaparte printzearen laguntzaile (1819-1880)

Azken hilabete hauetan aipagai izan ditudan Luis Luciano Bonapartek eta Paul Brocak hainbat lankideren beharra izan zuten egin asmo zituzten ikerketak burutzeko. Ehunka kilometrotan zehar hizkuntzaren bizitasuna neurtzea lan gaitza zen (zer esanik ez, printzeari dagokionez, hizkuntza horren dialekto eta aldaera guztiak zehaztasunez desberdintzea!) eta komenigaria bakarrik ez, ezinbestekoa izan zuten bi ikertzaile atzerritarrek bertakoa gertuagotik ager ziezaieketen lagunen ekarpena.

Reclus-elisee

Jacques Élisée Reclus (1830-1905)

Broca eta Bonaparteren berriemaileez

Badirudi Brocaren lankide gehienak Bidasoaz haraindikoak izan zirela, Euskal Herritik kanpoko frantziar hiritar batzuk tarteko: Édouard Cazenave de Laroche (1824-?), Société d’Anthropologie de Paris entzutetsuko kidea hura ere, sendagile zebilen Paben, buruko gaitza zutenentzako eritetxean; Élisée Reclus geografoa Brocaren herkidea zen baina Orthezkoa zuen aita, eta gaztaro zati handia hantxe emanik ongi ezagutzen zuen Xibero ingurua; abizen berdintasuna gorabehera antropologoaren senide ez zen Honoré Broca doktore oloroetarrak, aldiz, Ligi, Montori eta Atharratzeko berriak bederen eman zizkion girondarrari.

Lapurtarra omen zen alabaina Henry Argelliès, Donibane Lohizunen mediku, herriaren garbitasun eta osasun-egoera hobetzeko ekimenetan parte hartzaile 1860ko hamarkadan. Euskarazko predikazioa Ipar Euskal Herriko zein parrokiatan egiten zen jakinarazi zion Brocari. Lapurdin sortua zen halaber Gratien Camino ingeniaria (1826-1879), Beskoitzeko auzapeza zelarik ikertzailearentzat Bastida inguruko euskararen mugak zehaztu zituena.

Intxauspe

Emmanuel Intxauspe, Zunharretako seme (1815-1902)

Bonaparteren laguntzaileak, ugariagoak ez ezik, ezagunagoak ere badira eta sakon ikertu izan da haietako asko: Jose Antonio Uriarte bizkaitarra, Klaudio Otaegi gipuzkoarra, Jean-Pierre Duvoisin lapurtarra edota Emmanuel Intxauspe zuberotarra nor izan ziren jakin gura duenak, esate baterako, badu non bilatu; zer esanik ez blog honetan bertan txokoa duten Bruno Etxenike edota Mariano Mendigatxa nafarrak hurbilagotik ezagutu nahi izanez gero.

Zinez erakarri zuen printzea Nafarroak eta berriemaile kopuru hazia izan zuen Beratik Garesa eta Etxarri-Aranaztik Bidankozera: arestian aipatu biez gain, beste hogeita hamarretik gora zerrendatu zituen Xabier Erizek bere tesi-lanean. Ez du ematen Bonaparte horiek denak aurrez aurre izatera heldu zenik, baina lankidetzat jotako guzti-guztiek eman zioten nolabaiteko informazioa, hizkuntza-datuak helaraziz edota ikertzaileak eskatutako tokian tokiko itzulpenak prestatuz.

Zoritxarrez, lankideak asko izateak ez du esan nahi denei buruz nahi beste dakigunik. Izan da aurrerapausorik azken urteotan —esaterako, Xabier Erizeren beraren ekarpenari esker jakin zen 1998an Jose Erasun saldiastarra printzearen laguntzaileen zerrendan sartu beharrekoa dela—, baina ez dira gutxi oso-oso azaletik baino ezagutzen ez ditugun berriemaileak: Antonio Arandia beratarra, Urizko doktrina paratu zuen Juan Cruz Elizalde maisua, Goñerriko Vicente Gulina, Oltzako Juan Martin Ugarte, Itzalleko doktrinaren idazle Benito Gil, eta abar.

Euskarazko idazleen zerrendan izen hutsa den Bonaparteren iturri haietako bat Mariano Erbiti da, Nafarroako Artxiboan dagoen Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea. Ez Erbitiren jaioterririk, ez lanbiderik, ez bestelako xehetasunik ez genekien gaur arte: primerako aukera da beraz #KulturaZientifikoa Jaialdia euskararen ikerketan laguntzaile izan zen nafar hau ezagunago bihurtzeko.

udaberamendi

Basaburuko Udabe eta Beramendi, aurrez aurre (iturria: www.todopueblos.com)

 

Mariano Erbitiren argazkia

Mariano Erbiti Urriza, Beintza-Labaiengo doktrinaren egilea.

Nor izan zen Mariano Erbiti?

Joaquin Mariano Erbiti Urriza 1819ko martxoaren 27an jaio zen Basaburua ibarreko Udaben, Lekunberritik zein Irurtzundik hurbil. Ez da itzali oraindik bertako euskara nafarra, apalduxe bizi den arren. Dorrea izeneko etxea izan zuen sorleku: XIX. mendetik hona hondatu ostean, goitik behera dago gaur egun eraberritua.

Erbitiren sustrai basaburuarrak Dorrean bertan 1778an sortutako Jose Joaquin aitaren aldetik zetozkion; ondo-ondoko Beramenditik iritsitako Juan Miguel aitona izan zen XVIII. mendearen erdialdean Udabera ezkondu eta etxera heldu zen lehenbiziko erbitiarra. Estefania Urriza ama, aldiz, Imozko Etxalekun jaioa zen 1782an. Beste bi seme eta bi alaba izan zituzten senar-emazteek Joaquin Mariano jaio aurretik.

Dorrea

Udabeko Dorrea etxea, gaur egun (Elías Muñozen argazkia)

Oso-oso umetan galdu zituen Erbitik guraso biak, eta betiko aldatu zion horrek bizitza; nekez iritsiko zen bestela, nik uste, euskaraz idatzi zuten nafarren artean txokoa izatera. Aita 1819ko uda heltzearekin hil zen, eta bigarrenez ezkondu zen ama udazkenean bertan, Gulia herriko gizaseme batekin. Etxeaz eta bost seme-alabez arduratzeko laguntza beharrak eragin zuen ezkontza, notarioak idatzi zuen agirian garbi adierazi bezala (ikus azpiko irudia).

1819

…acordaron d(ic)hos interesados el q(u)e contrajese el presente matrimonio, la desposada p(ar)a la mejor administracion de d(ic)ha casa y educacion de los espresados hijos…” (NAO, 23022/4; 1819ko urria)

Lotura hark ez zuen, ordea, asko iraun: 1822ko urriaren 8an itota topatu zuten Estefania Urriza. Ez aita ez ama, halaxe utzi zituen heriotzak Dorreako gaztetxoak. Zaharrenak sikiera kozkortuak ziren ordurako, baina Joaquin Marianok hiru urte besterik ez zituen. Hala ere, horren egoera lazgarria onerako izan zuen neurri batean etxeko txikiak, anaia-arrebei ez bezalako etekina ekarri baitzion. Ez dakit elkarrekin ala bananduta biziko ziren umezurtzak handik aurrera, ez eta nork hartuko zituen ere (beharbada Etxalekuko osaba apaiz Joaquin Mariano Urrizak; agian Ultzamako Eltson bizi ziren osaba-izebek) baina ematen du Mariano izan zela ondorengo urteetan idazten eta irakurtzen ikasteko aukera izan zuen bakarra. Esan gabe doa alfabetatzeak berebiziko eragina izan zuela Erbitiren ondorengo ibilbidean.

Captura

Sarrera honetan aipatutako zenbait herri, puntu gorriaz nabarmenduta.

Izan ere, bigarren karlistada bitartean maisu ikasketak egin zituen. Titulua ez zuen liberalek kontrolatutako Iruñean lortu, karlisten agindupeko Lizarran baizik. Helduko al zen nola edo hala borrokan parte hartzera? Litekeena da 1830eko hamarkada bukaeran 20 urteko Mariano gaztea lanean hasteko eskola bila ibiltzea, eta beharbada horrexek eraman zuen iparralderantz, ez sorleku zuen Basaburura, Leitzatik gertu dagoen Basaburu Txikira baizik.

Beintza-Labaienen bizi zen Erbiti 1840-42rako, eta urte haietan hasiko zen noski bertako mutikoei irakasten, nahiz eta horren lehendabiziko froga idatzia 1849koa den. Orduko irakaskuntzak ez zuen ezagutu dugunarekin zerikusi handirik… Erbitiren egunetako eskolak nolakoak ziren jakin nahi duenak hemen aurkituko du zerbait.

1840ko hamarkada hartan zehar sendotu zituen udabearrak Basaburu Txikiarekin lotu zuten sustraiak: maisu-lanean hasi zen, idazkari zeregina bete zuen (1842tik 1846ra bederen) eta Armottikia izeneko etxera ezkondu ere egin zen (1849) bertako alaba Francisca Erasunekin. Ezkondu zirenerako haurdun zegoen Francisca gaztea.

Erbitiren sinadura, 1846

Mariano Erbitiren sinadura Beintza-Labaiengo udal-kontuetan (1846; udal artxiboa)

Eskola2

Beintza-Labaiengo eskola-etxe berria XX. mende hasierakoa da. Egungo udaletxean zegoen zaharragoan aritu omen zen Erbiti.

Hasierako urte haietan zenbait gorabehera izan zituen Erbitik, lortutako irakasle-titulazioa liberalek ezarri hezkuntza-lege berriak baino lehenagokoa zuelako, baina 1850erako arazoak konpondu eta ondorengo hogei urteetan zehar trabarik gabe aritu zen Beintza-Labaiengo mutikoen irakasle, eta aldi berean familia zabala osaten lagundu zuen Armottikian: bederatzi seme-alaba izan zituzten Marianok eta Franciscak 1869ra bitartean. Amak ez zekien irakurtzen, baina seme-alaba guztiek izan zuten etxe hartan heziketarako aukera, eta garbi dago aprobetxatu zutela: Pedro Erbiti Erasun herriko idazkaria izan zen XIX. mende amaieran (eta Pedroren seme Severo sendagile bihurtu zen), Juan anaia apaiztu eta Igantzira jo zuen, Tomasa Sunbillako maistra izan zen… Halabeharrak Mariano haurtxoarengan ereindako hazia ez zen galdu eta fruitu ederrak eman zituen erbitiarren artean. Gaurko sarrera hau eragin duen fruitua, Beintza-Labaiengo euskararen arabera idatzitako doktrina-itzulpena, 1865 eta 1870 bitartean paratuko zuen seguruenik Mariano Erbitik, baina ez dakigu nola iritsi zen Bonaparteren eskuetara. Doktrina hartan ez zuen bete-betean Basaburu Txikiko euskara eman ahal izan; azken batean, ez zen hura umetan ikasi zuen hizkera. Baina saiatu zen, eta baita asmatu ere gauza askotan.

Armottikia2

Beintza-Labaiengo Armottikia gaur egun.

DF

Donfernandonea.

Besterik ere egin zuen Beintza-Labaiengo maisuak urte haietan. Asko ziren Armottikian eta irakasle-soldata ez zen izugarri handia; legeak agindutako 2.000 errealak baino gutxiago jaso zuen urte luzez, eta aletan kobratuta gainera. Agian akuilu horrek beharturik beste hainbat zereginetan ibili zen Udabekoa, ahaldun bezala batez ere: batean eliza-kabildoaren zordun zirenengana jo eta zorra kobratzeko ardura hartuko zuen, bestean Amerikara joan nahi zuten gazteen bidaia kudeatzeaz arduratuko zen… Egiteko haiei esker akaso, baina ez du ematen, inola ere, Armottikian eskasian bizi izan zirenik: batetik, maisuak Labaiengo Donfernandonea etxea erosi omen zuen; bestetik, Margarita Erbitik mailegu baten truke Dorrea hipotekatu behar izan zuenean Marianok ordaindu zuen arrebaren partez; horrez gain, sarritan mailegatu zien dirua premia zuten herriko nahiz inguruko lagunei. Ez da harritzekoa Mariano Erbiti herriko zergadun nagusietako bat bezala agertzea 1854-56etako udal-aurrekontuetan.

Eskolaz kanpoko jarduera haietako bat galgarri izan zuen, ordea. Soldadutzari muzin egin nahi zioten gazteen laguntzaile ere aritu zen Erbiti; ohikoa zen XIX. mendean soldadu joan nahi ez zuten askok beste norbaiti ordaintzea haien ordez joan zedin. Maisua lan hori betetzeko prest zeuden gazteen bila ibili izan zen trukean diruaren zati bat jasota. Baina, antza denez, besteren lekuan soldadu aritu beharreko gazte haietako zenbaitek alde egin zuten agindutakoa bete gabe, zegozkien sosak ongi poltsikoratu eta gero. Dirua alferrik emandakoen haserreak bete-betean jo zuen Erbiti bitartekaria, eta azkenean, egoera gero eta jasangaitzago gertaturik, herritik alde egitea erabaki zuen: lanbideari uko egin eta Baldomera alaba lagun zuela betiko aldendu zen Nafarroatik udabearra, Argentinarako bidea hartuta; 1870eko martxo eta maiatz artean gertatu zen nire ustez hori. Ez da 1870ean Buenos Airesera heldutako itsasontzietako bidaiari-zerrendarik gorde, baina lehen sei hilabeteetan hiru iritsi ziren Euskal Herritik: Bilbon itsasoratutako Cuatro Amigos izenekoa apirilean lehorreratu zen; huraxe, edo halakoren bat, izango zen Beintza-Labaiengo maisu ohia eta alaba bizileku berrira eraman zituena.

el-great-eastern-en-la-dc3a9cada-del-1870-cabavolo-com

Great Eastern ontzia, 1870ean kontinenteen arteko itsasaldiak egiten zituen handienetakoa (www.atlantic-cable.com)

Plaza_San_Martin_y_Catedral_Córdoba_(Argentina)_Siglo_XIX

Cordobako katedrala, Mariano Erbitik ezagutu zuen egunetan (1871). Hantxe ehortzi zuten (argazkia: Telasco García Castellanos, 1988).

Cordoba inguruan bizi izan ziren handik aurrera erbitiar biak, edo hangoak dira gutxienez aurkitu ahal izan ditudan haiei buruzko albiste apurrak. Alaba merkatari gisa ageri da 1895eko erroldan; saiatuko al zen aita Nafarroan bezala Argentinan ere maisu lanpostua aurkitzen? Baliteke, baina hala izatera ere, ez luzerako; bizitzako ibilide gehiena egina zuen Erbitik. 1878an, Cordobako notario baten aurrean, Nafarroan utzitako ondasun guztien ahaldun izendatu zuen Francisca Erasun emaztea. Handik bi urtera hil zen Mariano Erbiti euskal idazlea, 1880ko apirilaren 15ean, Cordoba hirian bertan. Katedralean ehortzi zuten, Apolinario Argañaras apaiz eta irakasleak sinatutako heriotz-agiriaren arabera. Ordurako, milaka kilometrotara, Bonaparteren eskuetan zen noski Beintza-Labaiendik bidalitako 50 orrialde inguruko eskuizkribua, etxetik urrun hildako udabear baten arrastoa ia mende eta erdi beranduago ilunpetik ateratzeko balio izan duena.

(Erbitiri buruz gehiago jakin nahi izanez gero, jo hona).

No pocos colaboradores de los que se valió Luis Luciano Bonaparte en sus investigaciones sobre la lengua vasca son hoy casi anónimos o nos resultan desconocidos en gran medida. El que presento aquí, Mariano Erviti (1819-1880) fue el maestro de escuela que se encargó de traducir al habla vasca de Beinza-Labayen la doctrina que obró en poder del príncipe. En realidad Erviti nació en Udave, en la Basaburúa Mayor, un puñado de kilómetros al sur de donde ejerció su profesión. Al igual que fue muy posiblemente el temprano fallecimiento de sus padres lo que le dio la oportunidad de alfabetizarse y cambió su vida, otras circunstancias no determinadas provocaron que se asentara en Beinza-Labayen y contrajera allí matrimonio, de tal manera que se ocupó durante al menos 25 años de la instrucción de los niños de la villa. Fue también secretario, procurador y uno de los contribuyentes principales del municipio, según recogen documentos de su época. Mariano Erviti abandonó Beinza-Labayen en 1870, probablemente motivado por la presión de diferentes personas que se sintieron engañadas al haber pagado al maestro para que el servicio militar lo hicieran en su lugar unos sustitutos que desaparecieron sin cumplir lo pactado. Erviti emigró a Argentina en compañía de una de sus hijas y fue allí donde falleció, sin tener ocasión de volver a Navarra.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Beintza-Labaien (argazkia: www.consorciobertiz.org)

kzjaia3_banner (1)

 

Sarrera honek 3. KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du.

Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (II)

Brocaparte photo

Luis Luziano Bonaparte (1813-1891) eta Paul-Pierre Broca (1824-1880).

Joan den urtean, #KulturaZientifikoa Jaialdiaren 1. edizioaren karietara, Luis Luziano Bonaparte eta Paul-Pierre Broca ikertzaileak izan nituen hizpide, eta garai bertsuan batak zein besteak Nafarroako euskararen hedadura zela eta eginiko azterketa-saioak aipagai, biek eskainitako irudien batura osatze aldera. Sortaldetik sartalderako ibilbidea Iruñerrian eten nuen ordu hartan, galdera bat erantzunik gabe utzita: guztiz galdua ote zen Iruñeko mintzoa 1870eko hamarkadarako?

Iruñeko euskararen jarraipenaz

Bi ikertzaileek utzi zuten Iruñea euskararen eremutik landa; Broca izan zen ezkorrena, iaz adierazi bezala, eta hiriburua ez ezik Iruñerri ekialde eta hegoalde osoa ere jo zituen zeharo erdalduntzat. Hauexek izan ziren girondarraren azalpenak:

Nafarroako hiriburuaren inguruan euskarak egiten duen bihurguneak ideia bat sorraraz dezake berehala: alegia, hizkuntza ofizialera aldatu ondoren, gune garrantzitsu honek aldirietan pixkana-pixkana gaztelania hedatzearen aldeko eragina bideratu duela (Sur l’origine et la répartition de la langue basque, 42. or.).

L. L. Bonapartek 1862ko eskutitz batean aipatu zion Etxenikeri Iruñeko hizkuntza-egoeraz zuen ustea, Arabako zenbait herritan sumatutakoarekin parekatuz:

Guztiz erdalduntzat ditut [Arabako Luko, Ullibarri, Landa, Zuhatzu, Langara Ganboa eta Luiaondo], han denek gaztelaniaz egiten dutela esaten didazunez. Jende askok euskaraz jakiteak ez du nire iritzia aldatuko. Izan ere, banago euskaraz dakiten horiek ez dutela hizkuntza elkarren artean erabiltzen, eta baserrietatik edo beste herri euskaldunetatik joandakoekin baizik ez dutela euskaraz egiten. Arrazoi beragatik ez ditut euskalduntzat Bilbo, Iruñea eta Gasteiz, nahiz eta izan haietan hainbat euskaldun. Izan, badiren arren —berriro esango dut—, hizkuntza elkarren artean ez eta landa eremuetako biztanleekin bakarrik erabiltzen duten heinean, ez da egokia hiri euskaldunak direla esatea, ezta gutxiengo euskaldunekoak ere (1862-6-27an Bonapartek Etxenikeri idatzi eskutitza).

Iruñerria

Bonaparteren iritziz Iruñea ezin zen benetako hiri euskalduntzat jo. Hiriburuari ukatutako berdeaz markatu zituen, ordea, aldirietako herri guztiak; zalantza franko gaindituta baina.

1862an aldarrikatutako Iruñearen euskalduntasunik eza berretsi egin zuen printzeak urte eta erdi beranduago: dans toutes ces recherches il ne s’agit que de ceux qui appartiennent à la localité même de père en fils. Sans cela Pampelune présenterait aussi des Basques; mais nous ne les comptons pas puisque ils ne sont pas de Pampelune (1864-1-9). Laburbilduz, bazen euskaldunik Iruñean, baina ez Bonapartek hiria bera euskalduntzat jotzeko gisakoak: ez, alegia, iruindarrak, euskara gurasoengandik jasotakoak eta beste iruindar euskaldun batzuekin euskaraz aritzen zirenak.

Askoz ere fidagarriagoa ematen du Bonapartek eskaini zuen Iruñerriaren irudiak Brocarenak baino, XX. mendekoak direlako (eta ez XIX.ekoak) Iruñe ekialde eta hegoaldeko euskararen iraupenaz mintzo zaizkigun azken albisteak. Baina asmatu ote zuen Bonapartek hiriburuaren egoerari zegokionez?

XIX amaiera Iruñean

Iruñea XIX. mendearen hondarrean: Gaztelu plaza (ezk.) eta Foruen omenezko monumentua ezarri zuteneko lanak.

Leandro Olivier Insausti

Leandro Olivier Insausti (1862-1947)

Zaila da jakitea; gaztelania nagusituta, eta euskara egunetik egunera geroago eta zokoratzenago, ezin artxiboei eskatu XVII. mendekoa bezalako albiste parrastarik; eta hiriaren tamainak eta aniztasunak (hainbat bailaratako lagunen elkargune zelarik) guztiz konplikatzen dute analisia. 1860ko hamarkadako Iruñea hazten ari zen (23.000 biztanle zituen) baina oraindik harresi barreneko eremura mugaturik bizi zen. Azokagune bat baino gehiago zuen, ingurutik salerostera hurbildutako landako kanpotarren bilgune; eta tratuan aritzera jaitsitako lagun haietako asko euskaldun zirauten Oltza, Ezkabarte, Esteribar, Olaibar eta abarreko seme-alabak izango zirenez, ez da dudan jartzekoa Iruñean alde bateko eta besteko euskara entzun, entzungo zela. Are gehiago Iruñeko biztanle berri asko eremu euskaldunagoetatik hiriratutako jendea izanik: Fernando Mendiolak kalkulatu du (2002) hiriburuan 1860an bizi ziren etorkinen %35 inguru lurralde arront euskaldunetik zetorrela, eta hamarretik beste bi euskarari ahulago eusten zioten bailaretatik. Horrenbestez, 1870eko hamarkadan Iruñean euskara entzuten zela, ezaguna bezain agerikoa da. Sarritan aipatu da Iruñeko Artxiboko arduradun Leandro Olivier ormaiztegiarrak eman zuen lekukotasuna: 12 urterekin hiriburuan bizitzen hasi zenean, etengabe entzuten omen zuen euskara Navarrería, Carmen eta Santo Domingo karriketan, eta denda guztietan euskaldun bat behintzat behar izaten zen lanerako.

Iruñea Sto Domingo3

Iruñeko Santo Domingo karrikako komentua 1905ean.

Besterik da ordea erabakitzea aspaldi luzean erdalduntzen hasi eta erdararen inguruan antolatzen ari zen hiri hartan betidaniko familia iruindar euskaldunen transmisio-katea erabat etenda egongo zen ala ez. Seguru asko ezinezkoa da honezkero puntu horren gaineko argitasunik lortzea. Jimeno Juríoren ustez XIX. mende erdialdera arte izan zituzkeen Iruñeak bertako hiritar multzo euskaldunak. Gogora dezagun gaztetxo erdaldun hutsa zela 1870ean gerora euskalzale handi bihurtutako Arturo Kanpion bera, jaioterriak berezko hizkuntzari zeharo uko egin ziola esatera heldu zena.

Urte haietako beste albiste batzuek ez dute argi handirik ematen:

Los Vascongados

Rodríguez-Ferrerrek idatzi liburuaren azala.

1873ko Los Vascongados lanean, honako hau idatzi zuen Miguel Rodríguez-Ferrer andaluziarrak Bonaparteren sailkapenaz ari zela: deja fuera [printzeak, euskararen eremutik] las poblaciones de Alava, Vitoria, Nanclares y Miranda, donde ya no se habla vascuence alguno, para volverse a escuchar entre Alsasua y Pamplona; aunque en esta última capital, como en la de Álava ya nombrada, y Bilbao, no se advierta sino muy mixturado y sólo en sus últimas capas sociales. Igual sucede con los habitantes de Lumbier y Monreal en Navarra (69. or.). Nire ustez datuak ez du Iruñeko mintzoaren jarraipena frogatzeko balio. Irunberrin, esaterako, aspaldixko galdua zen noski euskara, eta hango karriketan entzuten bazen, inguruko zaraitzuar, itzagaondoar eta bestelakoen joan-etorrien seinale izango zen, Irunberri bertako hizkerak bizirik segitzearena baino gehiago. Ez nuke Rodríguez-Ferrerren aipua Iruñeko aldaeraren iraupenaren argudiotzat hartuko.

Ezta Mañé y Flaquer idazle kataluniarraren El Oasis liburuko lekukotasuna ere (1878). Iruñean izan zenean ostatuko neskameari euskaraz hitz egiten al zuen galdetu zion Tarragonakoak:

…erantzun zidan aiton-amonek ohikoa zutela; gurasoek ulertu bai baina ezinbestean baizik ez zutela erabiltzen; eta berak ez zekiela, eta ulertu ere, ez zuela ulertzen (397. or.).

Baina adibideak, berriro ere, ez du Iruñerako balio. Neskak idazleari jakinarazi zionez, hiriburutik hiru legoatara zegoen herri batean sortua zen. Ez zigun esan zeinetan, baina adierazi zuen hizkuntza-egoeraren arabera lasai asko izan zitekeen Itzarbeibar ekialdekoa, Tiebaskoa, Untzitibarkoa edota itzagaondoarra, adibidez. Lekukotasunak Iruñeko euskaldunen jatorri anitza eta hizkuntzaren gibelatzea bai, baina ezin digu argitu hirian aspaldian errotutako sendiak bertako aldaerari eusten ari ote zitzaizkion ala ez.

Orbaibar eta Izarbeibar: ikuspegi kontrajarriak

Iratxeta

Orbaibarko Iratxeta, doi-doia euskaldun 1860an Bonaparteren arabera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com).

Iruñerria aztertzean bezalatsu, ezin desberdinago jokatu zuten Iruñe hegoaldeko bi eskualde horiei zegokienez aztergai ditudan ikertzaileek. Brocak guztiz erdalduntzat jo zituen bi eremuak —eta nekez esan zezakeen besterik, hiriburu inguru gehiena euskararen eremutik at utzi ostean—. Eguesibar, Aranguren, Elortzibar edota Galar legez, erdara hutsean bizi omen ziren Gares, Untzue edota Oloritz, besteak beste, Brocak jasotako txostenen arabera. Izarbeibar zela eta, Garesen apenas hirurogei urte lehenago familia batzuk euskaraz mintzo zirela idatzi zuen antropologo frantziarrak; besterik ez. Orbaibar aipatu ere ez zuen egin, nahiz eta dezente hegoalderago dagoen Erriberrin XIX. mendearen hasieran haur euskaldunak ba omen zirela adierazi (oso kontu handiz erabiltzekoa dirudien datua, bestalde). Bonapartek, aldiz, Izarbeibar osoa sartu zuen euskararen lurraldean, eta baita Orbaibar zati bat ere: iparraldeko herri gehienak (Leotz eta Uzkita ez beste guztiak) eta erdialdeko bi (Barasoain eta Garinoain). Kolore argiz tindatuta, dena den, hizkuntzaren ahultasuna agerian jarriz.

Orbaibar Brocaparte

Orbaibar ingurua Bonapartek maparatu bezala (ezk.). Brocak (esk.) zuritan utzi zuen eskualde osoa.

Nork jokatu zuen zorrotzen? Brocak irudikatu bezala Izarbeibarko euskara ordurako galdua izatea ez da sinesgarria; geroztikako iturri ugari mintzatu dira baieztapen horren aurka. Hona hemen batzuk: Kanpionek Garesen adinekoak oraindik solasten zirela idatzi zuen 1884an; 1910ean Altadillek ez zuen guztiz iraungitzat jo euskara Garesen bertan (bai aldiz Tirapun edo Ukarren); 1920ko hamarkadan Izarbeibarko Utergan bizi zen Celedonio Azkarate euskal hiztuna, Fernando Perez de Labordaren arabera, eta ikertzaile honek berak ezagutarazi ditu XX. mendeko beste izarbeibartar euskaldun batzuk… Argudio gehiegi, itxuraz, Brocarekin bat egiteko. Sendagile frantziarraren mapak Iruñerrian irudikatzen duen erdararen sargune sakona euskararen ahultasun handiko eremu bat markatzen ari zela iduri luke, baina ez hizkuntzaren desagerpena: Gares aldeko euskara ez zen 1950 baino askoz lehenago zeharo iraungi.

aiesa

Alferrik saiatu zen Bonaparte Ezporogi aldean euskaldunak topatzen. Behar bezainbeste ordaintzeko prest zegoen, bilaketan lagunduko zion norbait bidaltzearren. Irudian, Aiesa (iturria: www.bajamontana.com).

Sortalderago, 1862tik 1864ra bitartean Bonapartek Orbaibar eta Ezporogiko egoera argitzeko eginiko galdeketa guztiak kontuan hartuta, mapan finkatu zuen azken irudiak oinarri sendoak zituela pentsa daiteke. Behin eta berriz estutu zuen printzeak Etxenike Ezporogi eta Aiesa aldean euskara erabiltzen zuen kristaurik topa zezan, halakoak izan bazirela entzuna baitzuen urte batzuk lehenago. Alferrik, ordea. Azkenean etsi eta Bizkaia esaten dioten eskualdea kolorerik gabe utzi zuen mapan. Orbaibar ere behin baino gehiagotan aipatu zion lankide urdazubiarrari eta azkenean, Ezporogi galdutzat eman arren, Orbaibarko dozena bat herri bildu zituen mapara (Bariainek, Untzuek, Orisoainek eta Iratxetak osatu erronbo itxurako eremuan), euskara oraindik erabiltzen ari zirenen eta baliatzeari utzi ziotenen arteko muga zehaztuz. Nire ustez, Izarbeibarrez eta Iruñerriaz dakiguna jakinda, zentzuzkoa da hemen ere Bonaparteren ikuspegia onestea eta Broca baino fidagarriagoa dela uste izatea.

Euskara Lizarrerrian, noraino?

Bi datu ziur har daitezke azken zati honen abiapuntu gisa: batetik, XIX. menderako oso higatua zegoela euskara Lizarrako merinaldean; eta bestetik XX. mendera arte ez zela guztiz itzali, Goñerrin bertan, adibidez, 1930eko hamarkadan zendutako hiztunak ezagutzen direlako.

Hortik aurrera, alde ederra dago Lizarraldeari dagokionez Bonaparte eta Brocaren artean; merezi du aztertzea. Horretarako lau erreferentzia hartuko ditut: Mañeruibar, Gesalatz, Deierri eta Ameskoa ibar biak.

Sorakoitz

Girgillaoko Sorakoitzen ez da egun inor bizi (Argazkia: Gonzalo Parreño)

Mañeruibarren (ondo-ondoko Gares inguruan ez bezala) euskara-arrastoak antzeman zituen Brocak, baina Bonapartek adierazitakoak baino ahulagoak. Girondarrak Etxarren eta Argiñaritz bakarrik jo zituen elebiduntzat. Bonapartek Girgillao eta Artazu ere bai; eta Girgillaoko bi baserri —Orendain eta Sorakoitz, 60 bat biztanle guztira— kolore ilunez aurkeztu zituen, inguruan ez bezala han bizilagun gehienak euskaldunak zirela adierazi nahirik. Gauza batean bederen bat etorri ziren bi ikertzaileak: Mañeru nahiz Zirauki erdaldunak ziratekeen ordurako. Hala ote? Herriotatik hurbil euskarak XX. mendera arte iraun zuela jakinda —eta ondoko Sorakoitzen indarrez gainera— ez litzateke erokeria 1860an Mañerun edota Ziraukin euskararen oihartzun apalen bat behintzat gera zitekeela pentsatzea. Idatzi izan da Mañeruko gudaldira bidalitako inguru hartako gazte batzuek (1873) ez zituztela Brea koronel karlistaren erdarazko sostengu-hitzak oso ongi ulertu eta Garesko apaizaren itzulpena behar izan zutela; oso zalantzazkoa da XIX. mendearen hondarreko gazte euskaldun haiek mañeruarrak izatea; baina Artazun 1930eko hamarkadan hildako hiztun baten berri jakin delarik, horren hurbil dagoen Mañeru 70 urte lehenago guztiz erdaldun imajinatzea ez da hain gauza erraza.

Argiñano-Iruxo

Gesalazko Argiñano —ezkerretara— eta Iruxo, elkarren ondoko baina Bonaparteren arabera hizkuntza aldetik urrun.

Ipar-sartalderantz goazela, Mañeruibarrek Gesalatz du mugakide. Deigarria da Bonapartek ibar hartaz emandako irudia: herrien erdia baino gehixeago bildu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren baitara —iparraldekoak eta hego-ekialdekoak— baina  beste inon ez bezalako hizkuntza-eten bortitza irudikatu zuen haranaren barrenean: Iturgoien, Argiñano eta Biguria herriak gehiengo euskalduneko eremuan ezarri, eta ondo-ondoko Iruxo eta Muez guztiz erdalduntzat jo zituen. Argiñanotik Iruxora kilometro eskas dago, eta ez dut ezagutzen horrelako etena esplika dezakeen arrazoi historikorik, ez baita falta XVIII. mendean zehar Gesalatz osoan zehar, Iturgoiendik Irurreraino, euskararen indarrari buruzko albisterik.

Paul Brocaren irudia homogeneotasun handiagokoa da oraingoan: ibar osoa hartu zuen elebiduntzat, hego-muturreko Irurre eta Garisoain izan ezik. Lerate eta Muez izan ziren Brocak mapan euskaldun gisa markatutako herriak:  Bonapartek erdalduntzat jotako bi, hain zuzen ere.

Riezu

1799an Errezuko parrokiaren ardura hartu nahi izan zuten erdaldunak baztertu egin zituzten (argazkia: Julio Asunción).

Gesalazko Iruxo eta Muezen alboan dago Errezu, Deierriko ipar-ekialdeko lehen herria; ibar zabal askoa da hura, Lizarra ondo-ondoraino hedatzen dena. Hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga Gesalatzen ezarririk, esan gabe doa Bonapartek ez ziola Deierriri inolako euskalduntasunik aitortu: aipatu ere ez zuen egin Etxenikeri idatzitako eskutitzetan. Errezu bera, ordea, oso euskalduna zen 70 urte lehenago: 1797an zazpi hautagai aurkeztu ziren herriko bikario izateko eta hiru aldez aurretik baztertu zituzten por ser tan solo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence. Bonaparte zuzen bazegoen, oldar gaitzak eraman zukeen Deierri iparraldeko euskara hamarkada gutxiren buruan. Errezu bera, bestalde, euskaldun zirauen Argiñanotik bizpahiru kilometrora baino ez dago. Azaldu al dezakete erliebeak edo giza-harremanen bilakaerak bi herrion arteko horrenbesteko hizkuntza-alderik?

El Oasis 1878b

El Oasis (Mañé y Flaquer, 1878).

Beharbada egoera ez zen Bonaparteren mapak erakutsitakoa. Brocak erdalduntzat jo zituen Deierri erdialde eta hegoaldea (Zabal, Eraul, Allotz) baina haran zati handixkoa utzi zuen Nafarroako lurralde elebidunaren barrenean, hiru herritako datuak baliatuz: Ugar, Aritzala eta Ibiriku. Egia izan arren hainbat eskualdetan zorrotzagoa dirudiela Bonaparteren mapak Brocarenak baino, honako honetan gainerako lekukoak Brocaren ikuspegiaren alde ari zaizkigu: Lizarrako biztanle batek XX. mendean jakinarazi zuenez, euskaraz aritzen ziren solasean 1858an Abartzuza eta Eraulgo ikazkinak. Mañé y Flaquerrek, bestalde, aipatu El Oasis liburuan, Deierri aldean euskara pittin bat bazela iradoki zuen Iruñeko neskamea ahotan hartu zuen orrialde berean: si los navarros descienden de los vascones, como yo creo, y si han salido del valle de Yerri, como supone el Sr. Yanguas, allí deberíamos encontrar el tipo del vascón y la lengua en toda su pureza; no obstante, el vascuence se habla muy poco en dicha comarca.

Ibiriku

Lizarrerriko Ibiriku herria. Eguesibarren bada izen bereko beste bat. Argazkia: www.revistacallemayor.es

Eta ez hori bakarrik: Jimeno Juríok azaldu zuenez, Deierriko Ibiriku bera euskalduntzat jo zuen beste iturri batek 1878an: Oltzako berriemaile baten arabera, Iruñetik ezker euskarari ongi samar (‘con bastante generalidad‘) eusten zioten herrien mugan omen zegoen. Azken datu hau oso interesgarria iruditzen zait: 1878ko muga hartan izendatutako gainerako herri / ibar guztiak (Sorauren, Eutsa, Orrio, Makirriain, Ballariain, Larrageta, Elkarte, Oteitza, Itza, Oltza, Azantza, Munarritz eta Argiñano) euskarari sendo eusten zion eremuaren barrenean, ertz-ertzean, irudikatu zituen Bonapartek. Denak, Ibiriku bera izan ezik, hura zeharo erdalduntzat jota. Hala izango zen benetan? Edo printzeak Deierri sakon aztertu ez izanaren ondorio ote da Ibiriku eremu euskaldunean ez agertze hori? 1878ko lerroko gainerako herrietan euskarak XX. mendeak aurrera egin arte iraun zuen; badakigu Azantzan 1930eko hamarkadan iraungi zela guztiz; Soraurenen 1945era arte bederen iraun zuela; Ballariainen ere, 1942ra arte behintzat bai. Ibiriku aldeko herriek ahaztua izango zuten euskara 1865erako, edo atzeratu beharreko data da hori? Ikertzea merezi duen gaia dela uste dut.

Eulate

Ameskoako Eulate Nafarroako lurralde elebidunaren muga-mugan ezarri zuen Paul-Pierre Brocak 1875ean (argazkia: www.eulate.es).

Izan ere, ez du ematen Bonapartek Lizarra iparraldeko eremua bisitatzerik izan zuenik. 1857an Burunda zeharkatzean hurbiltzekotan egon zen, baina ez zuen astirik izan. Horrenbestez, Goñerritik ezker jasotako datu guztiak bestek emanak izan ziren, ez ikertzaileak bertatik bertara frogatuak. Antza denez Etxenike izan zuen iturri nagusi eta Bonaparte haren iritziari lotu zitzaion beste informazioen gainetik. Horixe bera antzeman daiteke Ameskoa ibarrei dagokienez. Ziordian printzeari esan ziotenez, Lizarrerrian euskara zerabilten hiztun apurrak Eulaten eta Ameskoabarreneko herrietan zeuden, eta albiste horiek ziurtatzen saiatzeko eskatu zion printzeak Etxenikeri 1863an:

C’est à Ciordia même, où le basque est très en usage, que l’on m’a assuré que dans tout le partido de Estella il n’y a que les localités suivantes de Amescoa Baja où quelques personnes seulement continuent à parler le basque: Eulate, S. Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano, Urra, Barindano, Artaza (1863-4-9an Etxenikeri idatzi eskutitza).

Urdazubikoaren txostenek iritziz aldarazi zuten ikertzailea, eta 1864ko abenduko gutunean baztertu egin zuen betiko Ameskoa ibarretako herriak mapan berdez tindatzea. Jakin bazekien, nonbait, euskaldun batzuk gelditzen zirela haietan; baina euskararik erabiltzen ez zutela jaso zuenez, bere maparen zorroztasunaren izenean erdalduntzat jo zuen eskualdea (Je tiens infiniment à la perfection de ma carte linguistique de l’Euscalerria, idatzi zuen aipatu berri dudan eskutitzaren pasarte hartan bertan).

Brocak, oraingoan ere, eskuzabalago jokatu eta eremu elebidunean sartu zuen Ameskoabarren osoa; baita Eulate ere. Larraona, aldiz, kanpoan markatu zuen. Ez zuen bien arteko Aranaratxe mapan ezarri.

Lizarrerria Brocaparte2

Bonaparte eta Brocaren arteko jauzia Lizarrerrian. Berdez, printzeak adierazitako euskararen eremua. Gorriz azpimarratuta, Brocak bere maparen zonalde elebidunean aipatutako herriak (berdez inguratuta dago Deierriko Ibiriku);urdinez, erdalduntzat jo zituenak.

Laburpen gisa

Ekarpen ederra egin zioten Bonapartek eta Brocak euskararen geografia historikoaren ezagutzari; zinez, urrearen balioa dute bien lanek. Horrexegatik, eta sona handiko ikertzaile atzerritarrak izanik euskarazale bihurtu eta hizkuntza haien ikerketaren jomuga bihurtzeagatik esker ona merezi dute betiko. Bonaparte izan zen euskara aztertzen luzeago aritu zena eta itzal handikoa da aspaldi gurean, baina Broca sendagilearen jarduna, apalagoa izan arren, ez da nire ustez merezi bezainbeste azpimarratu.

Euskararen mugak aztertzean atera zituzten ondorioak ez ziren berberak izan, eta horrenbestez ez batak ez besteak ez zuten seguru asko guztiz asmatu. Baina datu garaikideak emanik erkaketarako aukera eskaini digute, eta horrek biderkatu egin du burutu zuten lan handiaren balioa.

Bi jakintsuen ahaleginen emaitzak batuta, eta emaitza horiek XIX. mendearen hondarreko gainerako albisteen argitan irakurrita, 1860-70etako euskara nafarraren hegoaldeko azken muga ondorengo proposamen honetatik hurbil samar egon zitekeela esango nuke:

1) Erronkari guztia euskalduna zen, Burgin euskara galtzen hasia zelarik.

2) Zaraitzu aldean Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen muga-herriak. Azken bietan indartsuago zirauen lehendabizikoan baino.

3) Urrauletan zehar izango zen oraindik euskaldunik Eparotz, Irurozki, Ozkoidi eta Santsoainen; agian baita Urraulgoitiko Gindano-Ezkanitz eta Urraulbeitiko Artieda-Grez-Tabar lerroetan ere; baina nekez hegoalderago, eta aipatu herrietan izatekotan, ez inola ere luzerako. Erromantzatuko herri guztietan (baita Berroia eta Murelu-Berroian ere) ahaztua izango zuten euskara.

4) Itzagaondoko eta Ibargoitiko herrixka guztietan zeudekeen orainik euskal hiztunak, ez ordea Izko mendilerroaz beheitiko Sabaitzan edo Gardelainen. Elon euskara zeharo ahaztua ez bazen, ahaztear izango zen.

5) Orbaibarren bizirik egongo zen oraindik hegoaldeko goi-nafarrera, baina etengabea zen gibelatzea eta litekeena da herri bakar batzuetako azken belaunaldi euskaldunaren ezpainetan baino ez entzutea.

6) Izarbeibarren indartsuago zirauen euskarak Orbaibarren baino; ez ordea sasoiko. Baziren oraindik seguruenik gazte euskaldunak, baina ez ziren asko izango, edo beharbada ez herri guztietan. Euskara egoera batzuetan erabili beharreko tresna zen oraindik, baina ziztu bizian ariko zen gertatzen hizkuntza-aldaketa. Mañeruibarren ere bazerabilten euskara (herri guztietan???) baina Girgillaoko salbuespenak salbuespen, egoera Izarbeibarkoaren gisakoa izango zen, asko jota. Litekeena da Etxauribarko Belaskoain inguruan ere oso antzekoa izatea. Izarbeibarrez beheitiko eremurik aipatu ez dudan arren, ez da ahaztu behar Fernando Maioraren arabera 1876an hil zela euskalduntzat hartu ahal izan duen azken artaxoarra. Agian Artaxoa bera izango zen oraindik, euskara azken hatsetan izanik, hizkuntzaren hegoaldeko azken mugarria.

7) Gesalatz iparraldean indartsuago zebilen euskara erdialdean baino. Iruxo eta Muezen ezaguna izango zuten ziurrenik, baina ez hegoalderago, Irurren edota Garisoainen.

8) Deierri iparraldean ez zuten euskara guztiz ahaztua izango. Abartzuzatik gorako herrietan beharbada, Ibiriku-Errezu-Lezaun parean baino ez akaso; baina Bonaparte ez beste iturriek iradokitako egoera aintzat hartu behar dela uste dut. Nolanahi ere, Deierriko euskararen galeraren kronologia ongi aztertu gabeko gaia da.

9) Ameskoa ibarretan bazen oraindik euskaldunik, hizkuntza bazerabilten ziurtatzerik ez badago ere. Seguru asko Ameskoabarreneko herri guztiek eutsi zioten nola edo hala mendebalde kutsuko nafarrerari 1870era arte bederen. Handik ezker eta Arabako mugarako bidean, Eulaten ere euskara apurtxoren bat geldituko zen beharbada, Larraonan baino errazago. Hala izatera, ez dakit Aranaratxe bietako norekin bildu beharko litzatekeen.

AZKENA

Nafarroako euskararen 1860-70etako balizko hego-muga (proposamena) Bonaparte eta Brocaren ekarpenetan oinarrituta.

                                                  (Mapa hurbilagotik ikusteko, egin klik hemen)

En esta entrada me he referido a los límites de la zona de habla vasca en la Navarra central y occidental alrededor de 1870, con arreglo a los mapas trazados separadamente por el príncipe Luis Luciano Bonaparte y por el médico y antropólogo francés Paul-Pierre Broca entre 1860 y 1875. Ambos investigadores realizaron una labor encomiable que arroja menos similitudes en el occidente navarro que en la zona más oriental, pero que con la ayuda de otros testimonios contemporáneos permite aventurar con cierta aproximación cuál pudo ser el límite de la zona de mínima intensidad del euskera por aquellos días. En mi opinión, la hipótesis más razonable —formulada en los párrafos anteriores— es la de considerar como extremo meridional del euskera los siguientes puntos (de E. a O.): Burgui, Gallués, Racas Alto, Urraúl Alto (Irurozqui, Eparoz), Urraúl Bajo (Sansoáin ¿Artieda, Tabar?), Ibargoiti, Orba (Iracheta, Orísoain, Garínoain), Puente la Reina, Valdemañeru (Artazu ¿Mañeru?), Guesálaz (Lerate), Yerri (Ibiricu ¿Ugar, Arizala?), Amescoa Baja, Eulate.

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015eko martxoaren 31ra arte iraungo du hirugarren #KZJaia-k.


Lingua Navarrorum bloga berriro ere #KZJaia-n

kzjaia3_banner (1)Duela urtebete abiatu zen sare sozialen bidez #KulturaZientifikoa Jaialdia (#KZJaia), edozein esparrutako dibulgazio zientifikoa eta euskara uztartu, sarean hedatu eta ahal bezainbeste lagunengana heltzeko asmoz. DBHtik unibertsitatera bitarteko dozenaka eta dozenaka ikasle, irakasle eta bestelakok heldu zioten erronkari 2014an zehar eta aurreko bi edizioak batuta 174 artikulu sortu dira dagoeneko ekimen honen karietara (ikus aurreko bi jaialdien laburbildumak hemen eta hemen). Jaialdiaren hirugarren edizioa abiatuko da bihar, edonola.net bloga antolatzaile eta ardatz izango duelarik, eta aurreko bietan bezala honakoan ere parte hartu nahi luke txoko honek, datozen asteetako zenbait eduki #KZJaia3 traolapean karrikaratuz.Edonola

Lehenik eta behin, urtarrilean bertan, jaialdiaren lehendabiziko edizioan lantzen hasi eta biribildu gabe utzitako aztergai bat agertuko da blogean: Nafarroako euskararen eremua aztertu zutenean Bonapartek eta Brocak emandako albisteen arteko aldea. Iaz bi ikertzaileek Iruñetik eskuin jasotako datuak azaldu, eta hiriburuaz sartaldekoak izango dituzue eskura oraingoan. Horrekin batera, dena den, bestelako eduki batzuk ere sareratuko dira beranduago #KZJaia3 aitzakia gisa hartuta.

Jaialdia martxoaren 31n amaituko da, eta edonork har dezake parte; bere ekarpenaz euskara eta dibulgazioa sarean josi eta hazi nahi izatea, besterik ez da behar.

Oparoa izango ahal da, aurreko biak bezala!


‘Et alegraçaytec ongui’: bi euskaldun Karlos erregearen gortean

Carlos_III_el_Noble_en_Pamplona--2

Karlos III.aren irudia. Iruñea.

Orain dela sei mende Evreux etxeko Karlos III.a zen Nafarroako errege. Prestua ezizenez -izen bereko Gaiztoaren seme-, Iruñeko katedral gotikoa eraikitzen lagundu eta Erriberriko jauregia zabaldu zuen hura Nafarroatik urrun jaioa zen, Frantzia iparraldeko Mantes-la-Jolie herrian. Frantsesa zuen beraz ama-hizkuntza; XIV. mendeko agirietan Ydiomate gallicanum esaten ziotena.

1390eko otsailean Iruñean koroatu zutenean, latinez idatzi zituzten ospakizunari zegozkion agiriak, baina errege gaztearen zin-egiterako formula in ydiomate Navarre terre irakurri omen zuten. Nafar erromantzez, alegia. Hain ezaguna delarik Antso Jakitunaren garaiko ‘Lingua Navarrorum’ hura (1167), galdera egin diezaioke baten batek bere buruari: zergatik Lingua Navarrorum-etik Ydiomate Navarre terre-rako jauzia? XII. mendean euskara nafarren hizkuntza izendatu, eta XIV.enean erromantzea zen nafar lurraldearen mintzaira? Hainbeste aldatu ote zen hizkuntza-egoera bi mendetan, edo horrenbeste ahuldu ote zen euskara?

1167ko lekukotasunari dagokionez, ez da egia inon ere ‘Lingua Vasconum, lingua navarrorum est’ idatzi zenik, are gutxiago Antso erregeak berak horrelakorik idatzi zuenik. Pasarte ezagun hori Iruñeko apezpikuaren eta Bela izeneko konte baten arteko akordioari dagokio eta zatirik interesgarrienak honako hau dio: Orti Lehoarriç faciet ut lingua Nauarrorum dicitur unamaiçter eta Aceari Umea faciet buruçagui quem uoluerit. Alegia, agirian adostutakoaren arabera Orti Lehoarriz izeneko batek eta Azeari Umea zeritzon beste norbaitek unamaizter (=unai maizter; artzain buru) eta buruzagi bana izendatu behar zituzten. ‘Ut lingua Nauarrorum dicitur’ horrek harreman zuzenean jartzen ditu ‘nafar’ kontzeptua eta euskarazko hitzak, ‘nafarren hizkuntzan esaten den bezala’ baita bere esanahia. Nafarrek beraien hizkuntzan buruzagi ziotela, alegia. Erdi Aroko beste lekukotasun batzuek erakusten dutenaren ildo beretik, ‘nafar’ eta ‘euskaldun’ ari zaigu elkartzen testua. Baina ez da horregatik ulertu behar gaurko Nafarroa osoa euskalduna zenik: XII. mendera arte musulmandarren esku egon zen Erribera aldean, adibidez, nafar deitzen zieten Iruñe aldetik-edo etortzen zitzaizkienei; arrotzak ziren haientzat. Beraz, 1167ko lingua navarrorum euskara izendatzeko modua da, eta nafar = euskaldun elkartzen ditu, Iruñe inguruko oso lurralde zabalean herri xehearen mintzaira (ia) bakarra izango zela iradokiz; baina ez digu adierazten egungo Nafarroa osoan euskaraz aritzen zirenik.

Forua

Nafarroako Foruko 20tik gora euskal hitz eta esapide aipatu zituen Koldo Mitxelenak

XII. mendean Nafarroa gehienean nagusi bai, baina euskara hura ez omen zen boterearen eta ofizialtasunaren hizkuntza; are gutxiago agirietan erabiltzekoa. Idatzirako, XII. mendean oraindik gazte samarra zen nafar erromantzeak hartu zien aurre XIV.enerako beste hizkuntza batzuei (latinari, okzitanierari). Eta erromantze hura Nafarroan sortutako hizkuntza izanik, ez da harritzekoa 1390eko koroatze-ospakizunean latinarekin batera erabilitako mintzaira izatea. Erresuman sortua zen, elite agintariak beretua zuen, eta herri xehearen euskarari nekez aitortuko zioten solemnitatea eta balio idatzia ezagutzen zioten, nonbait. Erregea nola koroatzen zuten ikustera goi-mailako bisitari kanpotar asko bertaraturik, pentsaezina izango zen egun berezi hartan eta hura gogora ekarri behar zuten agirietan euskaraz baliatzea; frantsesa eta latinarekin batera ekitaldi hartan agertzeko bezain jasotzat zuten etxeko hizkuntza, erromantzea besterik ezin zen izan. 1167ko Lingua navarrorumek adierazten ez duen bezala Nafarroa osoa euskalduna zenik, 1390eko Ydiomate Navarre terre-k ez du esan nahi erromantzeak euskara ordezkatu zuenik, erabilera jaso hartarako egoki zeritzoten hizkuntza nafarra hura zela baizik. 1400. urtean, 1200.ean bezala, Nafarroako zati handi batean herri-hizkuntza bakarra izango zen noski euskara. Horixe gogorarazten digu XIII. mendeko Nafarroako Foruak ere. Erromantzez idatzita dago, baina euskaraz mintzo ohi zen gizarte baten araubidea zenez hainbatetan azaleratu zen euskara hura, zergen izenetan adibidez: Ay una pecha que es clamada açaguerrico en basquenz (…) Hay otra pecha que es clamada alfonsadera. en basquenz ozterate

Nolanahi ere, 1390eko koroatzearen lekukotasuna kontuan harturik pentsa genezake euskarak, herritar xeheen hizkuntza izate beragatik beharbada, ez zuela inolako lekurik izango ez Iruñeko gortean, ez goi-karguen artean. Errege atzerritarraren inguruko botereguneek ere zeharo arrotz izango zutela. Horrela al zen?

Iruñeko katedrala

Iruñeko katedrala

Hurbil gaitezen XV. mende hasierara gortean euskara arrotza zen ala ez ikusteko.

Urte haietan Nafarroako funtzionario nagusietako bi Martin de San Martin eta Machin de Çalua (Zalba) ziren. Idazkaria zen lehendabizikoa, diruzaina bigarrena: Zalbakoak errege-etxearen gastu eta diru-sartzeak zaintzen zituen. Ez ziren lankide hutsak; estua ematen du elkarren arteko harremanak, karguak eragindako betebeharrez haraindikoa. 1415eko egun batez gutuna idatzi zion San Martin idazkariak diruzainari. Donibane Garazikoek ordaindu beharreko diru-kantitate bat zenbatekoa zen jakin nahi zuen; eta bide batez eskutitzaren hartzailea oturuntzaren batera joatekoa ote zen galdetu ere bai. Ez zen beraz komunikazio formal hutsa. Erromantzeaz baliatu zen San Martin…

Machin seynnor: supplico vos que me imbiedes por escripto quoanta es la gracia que los de Sant Johan han de la imposicion (…) Et me inbiat a dizier si beares al conbit o non.

Et todo vuestro, Martin

de San Martin

…baina galdera ‘teknikoa’ egin ostean, eta bien artean zegoen harremanaren adierazgarri beharbada, idazki formaletan nekez aurkituko dugun hizkuntzaz baliatu zen hartzailea agurtzeko:

Et jaunatiçula egun hon.

Idazkariaren galdera ez ezik, Machin de Zalbaren erantzuna ere gorde zuen erregistro-liburuan esku anonimoren batek (zorionez!). Diruzainak lanbideaz kanpoko gaiei heldu zien aurrenik, gonbitean izango ez zela erantzunez eta Miguel Papon eta Peyre de Tors izeneko bi lagun aipatuz (azken hau, gorteko auzitegiko notario nonbait, gozotasun handirik gabe):

Seynnor maestre Martin. A commodo vos a Miguel Papon buen amic et seredes bien ayssa en casa de Peyre de Tors del bon baron que mal li se faga en el coillon et escusatme de conbit que non puedo ser, que huespedes tiengo…

Baina zatirik informalena osaturik, zertarako eta azalpen teknikoena eta lanbideari lotuena emateko, euskaraz segitu zuen erregearen diruzainak:

…Et jaunatiçula abarion eznayz bildur ezten alla. Et jaquiçu Done Johanne Garaçicoec dute graçia erregue baytaric hurtean yruroguey et amaui (amarr?) florin hurtean baytator sey florin et tercio bat ylean rebatiçera colectoreari (colectorean?) et alegraçaytec ongui.

Zure guçia, Machin

de Çalua

[oharra: testuak hainbat hitzi buruzko interpretazio bat baino gehiago izan du ezagutzera eman zutenetik; horren erakusgarri idatzi ditut parentesi artekoak]

1415 zalba

Machin Zalbakoaren erantzuna: Nafarroako Artxibo Orokorra, Diruzaintza-erregistroak, 339, 109. folioa, 1415.

Handia da kasualitateak iraunarazitako lerro hauen garrantzia: euskarazko eskutitz ezagunik zaharrena izateaz gain, eta hizkuntza-balio nabarmena duen antzinako lekukotasuna eskaintzearekin batera, agerian uzten dute erregegandik gertuko funtzionario bik normaltasun osoz baliatu zutela euskara testuinguru informalean… baina aldi berean kontsulta tekniko bati euskaraz erantzuteko lotsarik gabe.

Nongoak ote ziren, alabaina? Galdera guztiz kilikagarria da. Bi gizon hauei buruzko daturik ia ez dago, eta erantzunera hurbil gaitzakeen arrasto nagusia idatzi zutena da. Adituen ustez, finkatuta zeuden XV. menderako euskalkien banaketa modernoa eragin zuten aldaketa gehienak; atera daiteke beraz ondoriorik testuetatik, beren laburrean, eta hainbeste mende joan diren arren:

H batzuk badira, baina ez asko; ikerleen ustez ez ziren ahoskatuko (Johane bezalakoak kultismo hutsa dira), eta ez datoz bat gaur egun ahoskera horri eutsi dioten Iparraldeko eskualdeetako ohiturekin. Ez da harritzekoa; antza denez XV. menderako ez omen zen aspiraziorik entzuten Nafarroan. Galdua zen ordurako. H-ei begira, beraz, testua izan daiteke nafarra (Iparraldekoa ez); baina gehiago zehaztu ezinik.

Beste ezaugarri batzuek, aldiz, pixka bat zehatzago jokatzeko aukera ematen dutela dirudi:

Garacicoec hitzak, esaterako, egun batuan NORK pluralerako darabilgun –ek atzizki bera du (eta ez -ak). Dauden arrastoek erakusten dutenez, XV. menderako finkatuta zegoen Nafarroatik ezker -ak izatea atzizkia (gaur ere baden bezala) eta ekialderago, Nafarroan edo are sortalderago, -ek. Honen arabera hitz hori nekez egokituko zaio mendebaleko euskarari; nafarra da, gutxienez.

Ezten idatzi zuen Zalbakoak, bestalde. ‘Ez den’, alegia. Esanguratsua da aditz forma hori ere. Gaur egungo Gipuzkoan edo Bizkaian dan erabiltzen da (etorri dan mutilla, adibidez). Antzina ere bai; baina ez han bakarrik. Aspaldiko leku-izenek erakusten dutenez, Nafarroako mendebaldera iristen zen -a- horren esparrua: Araba ondoko Ameskoa eta Lana inguruan ohikoak dituzte -dana eta -dirana amaieradun toponimoak. Ameskoan zegoen, adibidez, Celayaren inçaurradana (1633). Ekialderago, Iruñerrian adibidez, ezberdina zen jokaera: Txulapaingoa da Arizcoadena leku-izena (1682). Zaila da gutuneko ezten horren jatorria Nafarroako mendebala izatea.

Gauza bera adierazi dezake eskutitzeko dute horrek: arrotz du adizkiak mendebaleko euskara (Arabatik gertu zegoen euskara nafarrari ere ez dagokio). Berankorragoa bada ere, Ameskoako Artatzako doktrina zatiak beste kolore bateko adizkiak dakartza: Norc amacedau Jangoycoa irakur daiteke bertan, esaterako.

Ematen du, beraz, oso litekeena dela diruzainaren euskara nafarra izatea, baina ez, aldi berean, Ameskoa-Lana inguruko euskara nafarra. Baytator edo baytaric bezalako beste hitz batzuek ez dute uste hori arriskuan jartzen, nahiz eta, beste alde batetik, deigarri samarra izan sartalde kutsua duen bildur agertzea (eta ez beldur).

Zalba2

Zalba, gaur egun

Esandako guztiaren osagarri, ezin interesgarriagoa da gutunaren idazlearen izena ere: Matxin Zalbakoa. Historian zehar, jabearen sorlekua gogorarazteko balio izan du sarritan abizen batek; herritik irten eta beste norabait egin ostean, bizileku berrikoek bertakoen artean desberdintzeko marka gisa-edo. Zalba herriska egungo Lizoainibarren dago, Zangozako merinaldean; euskalduna izan zen XX. mendera arte. Hipotesi hutsa izan arren, ez da erokeria pentsatzea Karlos III.arenaren diruzainaren arbasoak -edo hura bera?- Lizoainibarko herriskan jaio ahal izan zirela, eta beharbada Agoitz inguruko mintzoa isuri zuela 1415eko lerro urrun haietan.

Lizoainibar mapa2

Lizoainibar harana

Interesgarria izatearekin ere, garrantzitsuena ez da seguru asko San Martin eta Zalba nongoak ziren, baizik eta XV. mendean, errege dinastia erdaldun baten inguruko funtzionario hauek euskaldunak zirela, euskaraz egin ziotela elkarri, eta kontsulta tekniko baten erantzuna euskaraz idatzi izana. XX. mende amaieran bertan izan zelarik euskarari zientzia azaltzeko balioa aitortu ez zionik, on da jakitea bostehun urte lehenago Nafarroako erresumako diru-kontu batzuk naturaltasun osoz aipatu zituela euskaraz, eta idatziz, gai hartan nolanahikoa izango ez zen aditu batek.

Bakarrak izango al ziren, ordea, bere inguruan, bi gortesau euskaldun hauek? Guztiz bitxia da euskarazko testu zahar ezagunen artean horrelako bat. Egongo al ziren Martin de San Martin edota Machin de Zalba gehiago, kasualitatearen haizeak jo ez eta guregana heldu ez diren arren? Zilegi al da susmatzea errege kanpotarraren gortean euskara ez zela arrotza, eta euskarak, herri xehearen ahotan bezala, bazuela lekurik gizartearen goi mailan eta funtzionarioen artean ere?

Hala ematen du. Edo, Zalbakoaren hitzetan: eznayz beldur ezten alla.

P.D. Eskerrak eman nahi dizkiot Peio Monteanori, harekin izandako solasaldi batzuen ondorioz sortu zitzaidalako gai hau blogean aipatzeko asmoa, eta gai honen inguruan nirekin elkarbanatutako hausnarketengatik. Akatsak nireak baino ez dira.

erriberriko jauregiaEn 1415 dos importantes funcionarios del reino de Navarra -Martín de San Martín y Machín de Zalba, secretario y tesorero real, respectivamente- intercambiaron una breve correspondencia con motivo de una consulta de índole económica que el primero hizo al segundo. Una breve frase del de San Martín y la mitad de la respuesta del de Zalba fueron escritas en euskera, lo cual confiere gran importancia al documento. No solo por su valor lingüístico en sí mismo (se trata de las cartas en euskera más antiguas de las que se tiene noticia) sino por el rango social de los autores -lejos de los estereotipos que vinculan la lengua vasca exclusivamente a las clases más humildes- y por el nada desdeñable hecho de que fue precisamente la parte más técnica de la respuesta la que Machín de Zalba envió a su colega en euskera. Posiblemente la rareza del testimonio -único en su género y conservado por un capricho de la historia- no sea óbice para aventurar que en los círculos de la corte navarra de la época la lengua vasca bien pudo estar más presente de lo que la ausencia de otras pruebas parecería sugerir.

Sarrera honek  2. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du

KZJaia 2


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (I)

Bada zenbait aste agertu zirela blog honetan Bonaparte eta Broca zientzialari atzerritarrak, eta euskara ikertu nahiak bultzatuta burutu zituzten ikerketa ederrak. Garai berean egin zuten lan, nork bere aldetik eta euskara zaletasuna akuilu, hizkuntza mintzatuaren orduko mugak ikergai zituztela, besteak beste. Luze eta zorroztasunez aritu ziren biak, eta euskararen hego-mugei dagokienez behintzat ondorio berberetara heldu ez baziren ere, behinolako hizkuntza-egoera ezagutzeko urrearen balioa duten lekukotasunak utzi zizkiguten; ezin inola ere haien ekarpena merezi bezainbeste eskertu. 

Broca 1875 Nafarroa

Nafarroako euskararen mugak Paul Brocaren mapan (1874). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Bonaparte Nafarroa

Nafarroa ingurua Bonaparteren mapan (c. 1870). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Erabateko luxua izanik (eta gauza berria ordura arte euskararen historia ezagunean) horren maila handiko bi aditu une berean euskararen mugen inguruan jardun izana, galdera bati erantzun nahi dio sarrera honek: zer nolako irudia osatzen dute, bata besteari gehituta, Bonapartek eta Brocak Nafarroako euskararen orduko mugak ezagutzeko utzi zizkiguten argiek? Ekialdetik hasita, Iruñerrira bitarteko eremuan jaso eta erregistratu zutena aipatuko dut lehendabiziko zati honetan.

Nafarroako ekialdea: Erronkari-Zaraitzuetan euskara atzeraka (Eta are ekialderago?)

Burgui - Vista del pueblo.preview

Burgi

Ez ziren bat etorri Bonaparte eta Broca Erronkari haranaren egoera deskribatzerakoan. Napoleonen ilobak euskalduntzat jo zuen beti ibar osoa 1860ko hamarkadan zehar, bere laugarren bidaian lurraldea ezagutu aurretik; baina bazekien erronkariera higatzen hasia zela ere. 1864an Burgiri buruzko iritzi kontrajarriak jaso zituela idatzi zion Etxenikeri: ez zekien euskara burgiar gutxi batzuen mintzaira zen edota herritar askotxorena. Bazekien, bestalde (1865), Erronkariko herri batzuetan behintzat euskara gaztelania bezainbeste mintzo zela. Baina derrigorrezkoa zuen printzeak harana bisitatzea, Nafarroako hainbat eskualdetako doktrina-itzulpenak eskuratu ahala lehentasun bihurtu zitzaiolako lortu ezinik zebilen erronkarierazko bertsioa. Bruno Etxenike bera eta Claudio Otaegi lagun hartuta, beraz, horrenbeste erakartzen zuen euskara hura mintzo zen lekuan bertan ikertzeko aukera izan zuen printzeak 1866ko martxoan.

Bidankozen, hotzaren hotzez, Erronkarirako neguak Bonaparte gaixotu ere egin omen zuen arren, “elurrez betea, eta amildegi, hartz eta otsoek inguratua, baina gutxitan ikusi bezain jende abegikor eta adimentsukoa” zen lurralde hark ikaragarri aberastu zuen, bere eskutitzetan antzeman daitekeenez. Entzun zuen euskararik Burgin; baina gazte ez zirenek osatu gutxiengo bati bakarrik. Ohiko zorroztasunez irudikatu zuen hori bere mapan; euskaldunak, ziren, artean, ibarreko herri guztiak.

Erronk mapa

Erronkari ibarra

Bestelako albisteak utzi zizkigun Brocak. Bere mapan erabat erdaldunduta ageri dira Burgi eta Garde, euskararen mugatik at. Gaztelania baino ez zen han mintzo jaso zituen txostenen arabera; gainerako herrietan, aldiz, bi hizkuntzak omen zekizkiten.  Euskara apalduta egon arren printzeak are Burgin ere bertatik bertara entzun ahal izan zuenez ez du ematen Brocaren datua kontuan hartu beharrekoa denik.

uscarres01

Uskartze, Zaraitzuko hego-muturrean

Zaraitzun ere, nahiz eta bi ikerleek itxuraz antzeko mugak ezarri,  bada Bonaparteren ondorioak hobesteko argudiorik. Hala eta guztiz ere, okerreko albisteak jaso zituen hasiera batean: 1864an Sartzetik Uskartzerainoko herri guztiak erdaldunak zirela uste zuen, eta aldiz, euskaldunak ziratekeela handik hegoalderako guztiak Bigotzari eta Gazteluberrira bitartean. Ez zekien, artean, aspaldi erdaldundutako eremua dela hura. 1866ko bidaian ikusi ahal izan zuen egia bere begiez; Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen hego-muga, lehendabizikoan euskara gibelera zihoalarik. Uskartze (Zaraitzuko azken herria) ez zen ordurako euskaldun; hizkuntza umetan ikasi eta ordurako norekin hitz egin ez eta ahaztuta zuen adineko emakumearen lekukotasuna utzi zigun Bonapartek; ez zuen beraz herria euskalduntzat jo. Horregatik ez da sinesgarria Brocaren bertsioa: girondarrak, euskararen muga handik oso gertu ezarri arren -hiruzpalau kilometro baino ez- Uskartze eta are Ustaize ere jo zituen euskalduntzat. Nekez izan zitekeen egia, badakigulako 1605ean, ia hiru mende lehenago, herri erdalduna zela Ustaize, eta hiru kilometro eskasera dagoen Uskartzeko biztanleek nola-halako gaztelania zerabiltela -baina gaztelania, azken batean- hegoaldeko auzoekin harremanetan jartzeko.

anso

Anso (Huesca). Brocarentzat aspaldiko mendeetan erdaldun.

Zaraitzu eta Erronkariz haratago, hegoaldera eta eguzki aldera, Salvatierra eta Anso inguruak daude. Oso gutxi dakigu eremu horien balizko euskalduntasunaz. Toponimiaren nondik norakoak euskara Anson Aro Modernora heldu bide zela iradoki arren, hori ziurta dezaketen toponimiaz landako frogak falta zaizkigu. Brocak zein Bonapartek pausatu zuten begirada Huesca eta  Aragoiko lurrotan, baina ez modu berean. Honako hau idatzi zuen girondarrak Sur l’origine et la répartition de la langue basque lanean: Ez dago inolako frogarik gurearen aurreko mendeetan Anso ibarra nafarra izan dela edota euskara mintzatu dela erakusten duenik. Euskararen muga hau, beraz [Erronkari-Anso] oso aspaldikoa da; zilegi da pentsatzea erromatar garaikoa dela. Ez zen printzea horren ziur egongo: 1864an Huesca edo Zaragozako mutur horretan euskaldunik geldituko ote zen galdetu zion Etxenikeri. Bistan da, mapari begira, urdazubiarrak ez zuela horrelakorik topatu.

Brocnaparte 1

Pirinio aldea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu-ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

Irunberri-Agoitz ingurua: hizkuntza gero eta makaltzenago.

Irurozki

Irurozki (Urraulgoiti): bazuen oraindik euskara pixarrik Brocaren arabera; Bonapartek, hala izatera, ez zuen aintzat hartu.

Mendebalderago, eta Irati arrorantz goazela, Urraul-Longida ingurua dugu. Hego-mendebaldera, aldiz, Itzagaondoa eta Ibargoiti. Eskualde honetan ere nahikoa bat etorri ziren Bonaparteren eta Brocaren ondorioak. Ez guztiz, ordea. Bonapartek adierazi zuenez ihesian zihoan euskara Urraulgoitin barrena, eta Adoain-Ongoz-Lareki lerroan ezarri zuen hizkuntza-muga. Jakina den bezala, herri batean euskara zekiten apurrek erabili ere ez bazuten egiten (s’il ne conserve même pas un souffle de basque, esango zuen berak), mugatik kanpo utzi ohi zuen ikerle handiak herri hura eta ez zuen aintzat hartzen. Egon zitezkeen beraz euskara galtzear ziren herrixka zenbait hegoalderago ere. Bat letorke hori Brocaren datuekin, honek Bonaparteren muga-ertzean baina kanpoaldean zeuden Eparotz, Irurozki eta Santsoainen oraindik euskaraz bazekitela jaso zuelako. Zabaltza eta Imirizaldun, ordea, ez; ezta are urrunago diren Berroia eta Ripodasen ere. Irudi koherentea eskaintzen digute bi irakurketek: higatzen ari zen zeharo euskara Urraulgoitin, hegoaldetik iparralderantz. Urraulbeitin, aldiz, Bonapartek kontuan hartu ere egin ez zituen pixarrak geratu zitezkeen Santsoain-Artieda-Grez inguruan: horiexek ageri zaizkigu Brocaren 1874ko mapan. Itzagaondoari dagokionez pentsa liteke Brocaren iturriek Izanotz eta Indurainen euskara entzun zutela; bi herri horiek ezarri zituen Sainte-Foy-la-Grandekoak euskararen eramu ertzean; ez dakit hego-muturreko Gergitiain ere haiekin batera bildu behar ote den. Bonapartek argitasun handiagoa utzi zuen Itzagaondoari dagokionez: Claudio Otaegi bidali zuen herriz herri 1871n ibarreko herri guztietara joan eta euskaldunik ba ote zen aztertzera. Denetan aurkitu zuen gipuzkoarrak hiztun zenbait, asko ez baina. Ibargoiti ere euskalduntzat jo zuen Bonapartek, eta esan bezala jakina da horri dagokionean zorrotz samarra izan ohi zela. Brocaren berriemaileek, ordea, erabat erdalduntzat jo zituzten Ibargoitiko Idozin nahiz Zabaltza.

izko

Ibargoitiko Izko zen Bonaparteren ustez Zangozako merinaldeko euskararen hego-muturra 1870ean. Brocak ez zuen euskalduntzat jo.

Iruñerria: euskaldun, ala erdaldun?

Broca eta Bonaparteren lanen alderdirik interesgarrienetako bat Iruñerriari buruz emandako informazioa da. Agitz emaitza ezberdinak bildu zituzten biek, baina Iruñe inguruan euskara sufritzen ari zen higadura bortitzren irudi ederra eskaintzen du bien lanaren baturak.

Oso deigarria da Nafarroako erdialdean bi mapen arteko aldea: Brocak Iruñerri zati handi bat utzi euskararen eremutik kanpo: hiriburuaren ekialde eta hegoalde osoa, eta baina Iruñe iparralde-mendebaldeko hainbat auzo herrixka ere. Ezkabarteko Azotzen, Orkoienen eta Zizur nagusian euskararik oraindik bazela jaso zuen. Ez ordena Eguesko Elian eta Esteribarko Irotzen (!), Uharten, Artikan eta Barañainen. Horren arabera finkatu zuen Iruñerri inguruko hizkuntza-muga, hiriburuari itzulinguru egiten ziona.

Ez da dudarik gibelka zihoala euskara Iruñerri hegoaldean, baina Brocaren datu horien zuzentasunaren aurkako argudio franko eman daiteke Bonaparte baliatu gabe: Lázaro Ilundain noaindar euskalduna (1810-1890), Eguesen euskaraz sermoi esaten ibilitakoa; Irigaraik Eguesen bertan, Elian, bildutako euskara apurrak (1935); Badostaingo Aramendia etxera ezkondutako Francisco San Martin ibirikuarraren seme zaharrenak (24 urte 1821ean) euskara baino erabiltzen ez zuela, biztanle gehienek ordurako gaztelania bazekiten arren; 1943an hildako Faustino Erro, Joxemiel Bidador zenaren esanetan Zizurko hondar euskalduna izan zena… Bazen oraindik euskararik Iruñe inguru osoan 1870eko hamarkadan, Brocaren mapak jaso ez bazuen ere.

arre

Arre (Ezkabarte): Ultzama ibaia. Hasiera batean ez zuen Bonapartek uste herrian euskara entzuten zenik. Iritziz aldatu zen beranduago.

Ez zen alabaina erraza izango hiriburu inguruaren egoera konplexua behar bezala argitzea (12.000 biztanle 1850ean; 30.000 1900ean) eta euskara edonon berezko ba ote zen ala ez erabakitzea; lanak eman zizkion Bonaparteri ere Iruñe inguruko euskararen irudia osatzeak. Hainbat aldiz aipatu zion Etxenikeri bere kezka. 1860ko hamarkada hasieran hiri buruzagiaren ondo-ondoko herri-auzoak erdaldun zirela uste izan zuen, ez zela haietan euskararik erabiltzen eta ez zutela horrenbestean inolako kolorerik merezi. Berriozabal edo Sorauren zeuzkan salbuespentzat, haietan biztanle batzuek oraindik euskara egiten zutelakoan. Halaxe jaso zuen, nonbait, 1857ko bidaian: Berriozabalen gaztelania zela nagusi, baina bazela oraindik euskararik ere.

Antza denez, Orikain eta Olabe ere artean euskaldunak zirela iritzita amaitu zuen printzeak 57ko itzulia. Baina Arre, Atarrabia eta Burladan euskararik entzuten ez zela uste izan zuen luzaroan.

Auzia, nolanahi ere, ez zegoen erabat argi ikerlearentzat, eta 1864an zehar behin baino gehiagotan estutu zuen Bonapartek Etxenike leiala datu zehatzak eskura ziezazkion. Bistan da bazuela euskarak bizitasun arrastorik behintzat aurrez aipatu herrietan, eta baita Iruñerriko gainerakoetan ere, azkenean eskualde oso-osoa bildu baitzuen ikerleak bere mapara, uharte moduan erdaldun utzitako hiriburua alde guztetatik inguratuz. Iruñea bera guztiz erdaldun ote zen horrenbestez ordurako?

(bigarren zatian jarraitzeko)

Broca & Bonaparte - Nafarroako erdialde eta Iruñerria

Nafarroako erdialdea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu.ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

                                                                    Sarrera honek 1. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko maiatza
    A A A A O I I
    « Mar    
    1234567
    891011121314
    15161718192021
    22232425262728
    293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu