Elortzibarko Euskararen Eguna

Euskararen Egunaren egitaraua (egin klik irudian)

Noain izango da larunbatean ospatuko den Elortzibarko Euskararen Egunerako topaleku. Goizeko hamarretan ekingo diote jaiari, eta proposamenez lepo datorren egitaraua prestatu dute Elortzibar Euskara Taldeak, Noaingo Gau Eskolak eta AEK-k.

Ohiko musika-eskaintza, erakustaldi eta haurrentzako ekintzez gain, aipatzekoa da arratsalde partean burutuko duten flasmob-a, eta herri-bazkarirako txartel bakoitzarekin euro bateko laguntza emango diotela bazkaltiarrek Dravet Fundazioari. Fundazio honen helburua izen bereko sindromea (haurrengan eragiten duen epilesia mota larri bat) ikertzea da.

Elortzibarko Euskararen Egunean indar berezia hartuko du ziurrenik inguruko euskaltzaleen aldarrikapen kutsuak. Gogoratu beharra dago eremu ez-euskaldunean dagoela Noain-Elortzibar, eta uko egin ziola 2010ean udalak Aranguren, Galar edota Belaskoainekin batera eremu mistoan sartzeko aukerari. UPN alderdiak gehiengo osoa du Noain-Elortzibarren.