Tag: Odieta

Ziorditik Uztarrozeraino (Koldo Artola)

Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.


Sarean: Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatearen webgune berritua

Iparmank

Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitateak (IPARMANK) webgune berritua abiarazi du duela gutxi. Oro har, Nafarroako ipar-mendebaldea da mankomunitate honen lan-eremua: Arano, Goizueta, Areso, Leitza, Araitz-Betelu, Larraun-Lekunberri, Basaburua, Imotz, Odieta eta Ultzama-Anue.

Webgunean barrena albisteak, gogoetarako gaiak, eskualdeko agenda, euskararekin loturiko baliabide ugari eta beste hainbat informazio interesgarri eskuratu ditzake bisitariak.


Nafarroako euskal mintzoen egungo mugak (II) Belatetik Bi Aizpera

Otsailean Nafarroako euskal mintzoek Pirinio aldean dituzten mugak irudikatzen ahalegindu nintzen; oraingoan, Belate-Irurtzun ibilbidearen inguruko herriak aipatuko ditut. Egungo euskara nafarraren hego-muturrean dago eremu hori ere eta lekuan lekuko euskararen azken mugak non dauden argitzen saiatuko naiz. Etengabeko higatze-prozesua ez da gaur arte eten hegoaldean Iruñerriarekin muga duten ibarretan eta aspaldiko euskara desagertzear dago Anuen hasi eta Imotzeraino doan ibilbideko hainbat tokitan; horren lekuko, adineko euskaldun zahar bakarra besterik ez duten eskualde honetako hainbat herri. Hamar bat behintzat izan daitezke, nire datuak zuzenak izanez gero.

Otsaileko sarreraren amaieran aipatutako Iragi, Anue haranerako bidean dagoen Esteribarreko azken herria da. Hortik aurrerakoak Iruñeko Merinaldeari dagozkio. Zubiritik Iragiraino heldu eta aurrera segitzen duenak Olaguen egingo du bat Belatetik Iruñera doan errepidearekin. Iparrerantz pittin bat aurrerago, Lantz dago Belatera heldu baino lehen. Mendebalderantz, aldiz, Ultzama eta Odieta daude.

olague2

Olague (Anue)

ANUE:  Belatetik Iruñerako errepide inguruko zazpi herrixkak osatutako harana da.  Pirinio aldetik datorrenarentzat Egozkue da Anuerako sarbidea, baina euskararen egoerak ez du  Iragikoarekin inolako antzik. Gaur ez da Egozkuen jaiotako euskaldun zaharrik gelditzen, sortzez baztandarra izanik herrian 35 bat urte daramatzan gizon bat bizi bada ere. Ez du honek esan nahi euskaldunik ez dagoenik; inguruko herri ugaritan bezala badira hiztun gazteagoak, baina belaunaldi oso bat galdu zuen euskarak -gaur egun 40-75 urte bitartean dabiltzanena, eskuarki- eta zulo horretan behera amildu da sekulako ibarreko euskararen ezagutza, Odietan edota Atetzen gertatu bezala. Hilzorian dago beraz Anueko mintzo zaharra, zazpi herrietatik lautan oraindik arrastoren bat geratzen den arren. Olaguen bada euskaldun zahar anuetar bat bederen: 87 urteko Pedro Etxarri. Hiztun osoa eta argia. Aritzun ere, pertsona bat behintzat herriko euskara emateko gauza da oraindik: Maria Jesus Villanueva. Euskaldun oso bakarra da seguruenik. Leazkuen 97 urteko Martina Loperena euskalduna bizi da egun, nahiz eta adinak oso beheratuta. Etulainen, azkenik, laurogei urteak beteta dituen Faustino Bizkarrondo omen da azken euskaldun zaharra. Egon liteke agian Anueko beste euskaldunen bat, haranean nahiz inguruko herrietan (egotekotan ere ez asko, zorigaitzez!), eta badira, jakina, euskara puxkak gorde dituzten hainbat adineko, gaur egun 70-80 urteen bueltan direnen gurasoak euskaldunak izan zirelako. Baina deigarria da nolako lanak izan ohi dituzten Anueko adinekoek ere beren inguruan gera daitezkeen azken euskaldun hauek identifikatzeko:  duela hainbat hamarkada euskara kaletik desagertu eta azken belaunaldi euskaldunak bere gurasoen hizkuntza isilean, etxean, gorde izanaren seinale. Haranaren hegoaldean, Burutain eta Etsainen, ez dut euskaldun zaharrik ezagutzen. Burutainen, esaterako, ehun urteak beteta hil zen XX. mende hondarrean azken euskal hiztuna izan bide zena, sortzez Etulaingoa.

[Anueri buruzko eguneratzea: hemen]

LANTZ. Anue baino iparrerago egon arren aspaldikoa da Lantzen ere euskararen galera. 1927an jaiotako Julian Beuntza da 2013ko martxoan herriko euskara erabiltzeko gauza den pertsona bakarra. www.ahotsak.com webgunean dago bilduta hondar hiztun honen ekarpena, eskualde osoko beste hainbat hiztunena bezala.

ODIETA. Anue ibarraren hegoaldea, Odietarako atea ere bada; Iruñetik 20 kilometrora baino ez dago ibar hau. Duela zenbait aste, Labrit Multimediak Odietari buruz ekoitzitako DVDa aipatzean, bertako azken euskaldun zaharren nondik norakoa laburbiltzeko aukera izan nuen, Labritekoek beraiek egindako bilaketa lana baliatuz. Bi baino ez dira gaur egun haranaren iparrean, Ultzamako mugatik gertu, bizi diren euskaldun zahar odietarrak: Latasako Martin Elizondo (1922)  eta Gelbentzuko Pedro Oiartzun (1925). Azken urteotan desagertu da Latasan bertan Mariano Ciganda (1910-2010).

Urritzola Galain

Urritzola, Anue eta Odietarekin muga egiten duen Ultzamako herria

ULTZAMA: Latasak eta Gelbentzuk Ultzama hegoaldeko herriekin dute muga. Ultzaman, Anuen eta Odietan ez bezala, badu oraindik indarrik bertako solasak, baina egoera ez da inola ere homogeneoa eta haranaren hegoaldean  galbidean dago guztiz. Odietako errepidean barrena heldu zen nagusiki Iruñerriak zekarren gaztelania, baina horretaz gain Ultzamako bi herri -bidegurutze den Lizaso eta Larraintzar hiriburua- erdararen barreiatzaile goiztiarrak izan ziren. Batean zein bestean ezin da aspaldi honetan bertako mintzoa gorde duen inor topatu (bai ordea bertara ezkondutako beste herrietako ultzamarren bat). Adineko biztanlerik gabe gelditu den Zenotzen ere itzali da haraneko euskara. Inguruko gainerako herrixketan badira Ultzamako euskara garbia gorde duten hiztun gutxi batzuk, horiek aurkitzea gero eta lan nekezagoa delarik: Urritzolan bi euskaldun zaharren aditzea dut, laurogei urte ingurukoak biak; euskara aise erabiltzen entzun dudan Felipe Beuntza da horietako bat. Ohi bezala badira, izan, euskara dakiten urritzolar gehiago, baina ez dira Ultzamakoa artez emateko gauza. Eltson, aldiz, 83 urteko Miguel Oronoz bizi da. Herriko gizonik adintsuena da bera. Ez dakit bertako euskarari eutsi dion eltsotar bakarra den, baina ziurtasun osoz aipa dezakedan bakarra bai. Gorrontz-Olanoko Gorrontz auzunean 80 urteko Pedro Iraizoz bizi da egun. Euskalduna, nahiz eta -sarritan gertatu bezala- solaskide ezagatik eta eredu batua urrun sentitzeagatik euskararako alfertu eta hura gero eta herdoiltzenago doakion.  Herriko azken euskaldun zahartzat jo daiteke. Izan ere, Burlatan bizi da 100 urterekin Pedroren osaba euskaldun gorronztar bat, baina itsu eta gor, eta adinari dagokion pattaltasunaz. Askotxo litzateke beraz Gorrontzeko bi euskaldun zahar oso geratzen direla esatea. Olanon ez da alerik.

Gerendiain, azkenik, Lizaso eta Larraintzar artean dagoen herrixka da. Javier Billabona gerendiaindarra euskaldun zaharra da. Ezin dut besterik aipatu.

[Ultzamari buruzko eguneratzea: hemen]

Beuntza Atetz

Beuntza da Atetzen euskaldun andanatxoa duen herri bakarra

ATETZ: Ultzama, Odieta eta Imotz artean dago ibar koxkor hau, bete-betean Iruñerrikoa den Txulapainen mugakide. Atezko euskararen galera Anuen edo Odietan irudikatu dudana bezain erabatekoa da, neurri batean salbuespen den herri bat dagoelarik: errepide nagusitik 3 kilometrotara dagoen Beuntzak, mendian gora Autza edota Etxaleku euskaldunagoak urruti ez dituenak, beranduagora arte eutsi dio euskarari. 60 urtetik gorako beuntzatarrek gurasoek irakatsitako euskara dakite. 40 bat biztanle dituen herria izanik euskaldun zahar andanatxoa bizi da beraz, hamarren bat-edo behintzat: Tomas Nazabal, Roman Irurita, Migel Eugi, Ignacia Ibarrola… 50 urtetik beherakoren bat tarteko, aipatutako azkenaren semea, esaterako.

Beuntzatik at, haatik, itzaltzear dago Atezko hizkera. Zigandan euskaldun zahar bakarra gelditzen da: Joaquina Baraibar (89 urte), azken bolada honetan franko makaldua. Aroztegin, Odietako mugan, euskarari eutsi dion etxe bat dago: Asinenia izenekoa. Bertako lau anaia-arrebak (Rosa Mari, Amparo, Angelines eta Jose Antonio Elizondo, 55-65 urte ingurukoak) euskaldunak dira. Etxearen euskalduntasunaren zergatia, dena den, gurasoen nondik norakoa izan daiteke hein batean: Labaiengoa zuten ama, eta aita ateztarra luzaroan ibili zen Malerrekan. Dena den, seme-alabak betidanik bizi izan dira Atetzen eta haiek behintzat Atezko euskalduntzat dute euren burua. Jose Antonio ongi samar moldatzen da euskaraz, erabateko erraztasunik gabe. Bere hiru arrebak (Rosa Mari, Amparo eta Angelines) aiseago mintzatzen dira. Berasainen, azkenik, Cristobal Ollok egin omen dezake euskaraz, baina ez agian nahi bezain airoski. Ondoko Muskitzen euskalduntzat dute baina ez horren garbi herrian bertan  Nik ez dut berarekin hitz egiteko aukerarik izan. Gainerako herrietan (Egillor, Erize, Eguaras…) joanak dira azken hiztun zaharrak.

IMOTZ: aipatzen ari naizen eskualde honetan guztian mendebalderago eta bizixeago ibili ohi da oro har euskalkia; Ultzaman Anuen baino indartsuago, eta Imotzen Atetzen baino bizkorrago. Imozko herri guzti-guztietan euskaldun zaharrik badela ziurtatu ahal izan dut; baina apur bat kostata behin baino gehiagotan. Ultzaman bezala, ezin esan herri guztiak egoera berean direnik; hegoalderago egoteak baino gehiago, komunikabide-sareak eragin du beharbada zenbait eremuren erdalduntze goiztiarragoa. Goldaratzen edota Etxalekun euskara sendoago dabilen bitartean, A-15 autobidea eta Donostiarako errepide zaharra bertatik bertara dituzten Urritzan eta Latasan aspaldi sartu zen gaztelania. Latasan Arantzadi izenekoa omen da euskarari eutsi dion etxe bakarra. Urritzan, aldiz, badira 65 urtetik gorako hiztun batzuk (Pello Aldaz eta Paquito Iriarte jaun atseginak, esaterako) baina gero eta gutxiago dira. Eraso da aurrekoekin batera aspaldi erdaldundutako hirugarren herria. Ez da erraza Imozko euskara garbia eman dezakeen erasotarrik topatzea. Litekeena da Cristobal Etxekonea izatea bakarra, azken urteotan euskaldun zahar zenbait hil baitira. Zarrantzen, bestalde, belaunaldien arteko euskararen transmisioa guztiz eten ez dela esan daiteke, era nahasi samarrean izan bada ere: gaur egun ez da bertan Imozko euskara gorde duen adinekorik bizi; bai ordea hiru bederen Ollon, Irurtzunen eta Iruñean. Iruñeko zarranztarrak alabari  irakatsi zion, baina honek, luzaroan herritik kanpo bizi izan denez eta Leitzako seme batekin ezkondu zenez, Imozkoa nahasian baino ez du gorde. Ez dut uste Zarranzko euskararen jarraipen-ahalegina beste inongo etxetan gertatu denik. Ez omen da beraz herriko euskarari dagokionez belaunaldi arteko erabateko amildegirik sortu, baina berezko mintzoen muga-eremuan izanik harritzekoa ez den transmisio zatikakoa baino ez da ziurtatu.

Muskitz

Muskitz (Imotz), bertako euskararen ezagutzaren hego-muturrean dago

Muskitz da, azkenik, Imozko herrietan hegoalderago dagoena, Atetzera eta Itzara begira, eta erdaldundutako herriek ia guztiz inguratua, baina bere txikian euskararen katea bertan eten ez dela esan daiteke, nahiz eta etorkizunean herriko mintzamoldearen jarraipena oso zaila izan. Adinean gora doazen muskiztarrak (gutxi batzuk) euskaldunak dira gehienak, eta ez da ondorengo belaunaldian amildegirik sortu, gazteago diren hainbatek ere eutsi diotelako euskarari. Dena den, Muskizko euskara beste eskualde batzuetatik etorritakoek dutenarekin eta gazteen eredu batuagoekin lehian dago gaur, eta lehia hori irabazteko adinako indarrik ez du, nik uste. Ez da gutxi, nolanahi ere, herriak inguruko guztiek baino euskaldunago iraun izana. Muskitzen bertan aitortzen dute bertako apaizak urterik ilunenetan euskararen sustapenaren alde egindako lanaren garrantzia.

Muskitz dugu azken herri euskalduna Ateztik Irurtzunerako bidean. Errepidea Itzan sartzen da ondoren, Nafarroako lau zendeetako batean, alegia. Antzina Gulia harana osatzen zuten herrixkak dira gaur egun Itzako iparraldea osatzen dutenak. XX. mendearen azken laurdenean desagertu ziren Zia, Aginaga, Gulia edota Larunben bizi izandako azken euskal hiztunak. Ziako Jose Loidi euskalduna, esaterako, 1982an hil zen. Hura bezala Koldo Artolak edota Pedro de Yrizarrek berriemaile hartutako azken itzatarrak 90eko hamarkadan zendu bide ziren; Arakil ibarreko Aizkorben, XXI. mende hasieran hildako ziatar euskaldun baten aditzea zuten, baina ezin izan dut albiste hori herrian bertan ziurtatu. Irurtzun bera ere bertako euskaldun zaharrik gabeko herria da noski aspaldi honetan.

En esta entrada he intentado perfilar el extremo meridional de las hablas del euskera en la zona central de Navarra, como continuación de los límites pirenaicos que traté de fijar a finales de febrero. En la villa de Lanz (1 solo hablante) y los valles de Anué (4) y Odieta (2) la situación del euskera propio de la zona es terminal. Lo mismo cabe decir de Atez, aunque con la excepción de Beunza, al norte de dicho valle, donde la lengua vasca tiene aún una cierta presencia entre las personas de mayor edad. Ulzama presenta una panorama de mayor complejidad pues hay localidades que han conservado el habla del valle notablemente mejor que otras; en todo caso, el extremo meridional está en una situación muy similar a la de Anué y Odieta, y en tres localidades (Lizaso, Larrainzar y Zenotz) el euskera de Ulzama puede darse por desaparecido. También en el valle de Imoz hay claras diferencias entre unos lugares y otros; todos conservan hasta hoy, en mayor o menor medida, su variedad lingüística, si bien en muy escasa medida en Urritza, Latasa o Eraso.

Image and video hosting by TinyPic

 


Eltso, Santxo (1522-??)

Elizgizon nafarra, Hegoaldean euskaraz argitara emandako lehen liburuaren egilea.

Duela gutxi arte oso idazle ezezaguna izan da geurean Santxo Eltso. Batetik, bere bizitzari buruzko daturik ia ez zegoelako, eta zeudenen artean egiazkoak zirenak eta ez zirenak behar bezala bereizita ez egoteagatik; bestetik, Eltsoren lanaren alerik ez delako guregana iritsi. Lehendabiziko lausoa, idazlearen bizitzari buruzkoa, nabarmen argitu da azken urteotan Ricardo Urrizolaren ikerketari esker. Bigarrenak -bere lana betirako galdu den ala ez, alegia- bere horretan dirau oraingoz.

Latasa Amarreko

Latasako Amarreko, Eltsoren jaiotetxea

Santxo Eltso 1522an jaio zen Odieta haraneko Latasa herrian, gaur egun Amarreko izena duen orduko Txikitxorena etxean. Hangoa zuen ama, Graxi Latasa, Santxo semea ezkongabe izan zuena. Aita, berriz, Martin Eltso zen, Latasatik kilometro batzuetara dagoen Eltso herriko abadea. Trentoko kontzilioak apaizen harremanak zeharo debekatu aurreko garai haietan ez zen ezohikoa horrelakorik gertatzea. Beste hiru seme-alaba izan zituzten Martinek eta Graxik.

Eltsoren genealogia3

Santxo Eltsoren zenbait senide eta arbaso

Santxoren umetako gorabeherak ezezagunak dira, baina gaztetan Alcalako unibertsitatera jo zuela garbi dago. 1544an kapilau onartu zuten bertako San Ildefonso kolegioan; ikasleei meza esateaz edota gaixoak zaintzeaz arduratuko zen, besteak beste, bere ikasketak egin artean. Teologian lizentziadun bihurtu zen, eta halaxe izendatu zuten latasarra hari buruzko agirietan: lizentziatu.

Agiri horien arabera Eltso lizentziatua txirotasunean bizizale izan zen, eta Jainkoaren hitza barreiatzen ibili zen herriz herri hainbat lekutan; Nafarroan bertan,  Gipuzkoan eta Bizkaian, esaterako. Predikari saiatuaren sona izan zuen bizi izan zen artean.

Lan didaktiko horren osagarri, Trentoko Kontzilioan hartutako erabakien ondorioz, edota Nafarroa Garaia Iparraldeko giro Erreformazalearen balizko eraginetatik zaintzearren, doktrina bat idatzi zuen odietarrak elebitan: Doctrina Christiana y pasto espiritual del alma para los que tienen cargo de almas y para todos estados en castellano y bascuence. XVII. mendeko Nicolás Antonio andaluziarrari zor diogu izenburua; Bibliotheca Hispana Nova izeneko lanean (1672) nafarraren liburuaren aipamentxoa idatzi zuen.

Laguntzaile boteretsuak izan zituen doktrina hark. Iruñeko apezpiku Diego Ramírez Sedeño de Fuenrealek eta erregeorde zen Don Juan de la Cerdá Medinacelliko dukeak, adibidez, goraipatu egin zuten Eltsok egindako predikari lana; eta gotzaitegiko parrokietan diru-bilketa egitea baimendu ere bai, obratxoa bukatuta zegoelarik, jasotako sosak baliatuz inprentara eraman eta argitaratu ahal izateko. Nicolas Antoniok  Doctrina 1561ekoa zela idatzi zuen; 1566ko urtarrilean egina zegoela gauza ziurra da. 1568rako dirua bildua omen zuen Eltsok eta inprenta-lanak bukatzeko agindua eman ahal izan zien Lizarran eta Iruñean ziharduten Adrian Anvers eta Tomas Porralis inprimatzaileei. Liburua plazaratzeko lana ez zen, ikusten denez, ez erraza ez berehalakoa izan.

Banaketa-arazoak ere izan zituen Santxo Eltsok. 1569an istilua sortu zen lizentziatuaren eta Juan Bastida izeneko mandazain tuterar baten artean. Eltsok Doctrinaren 444 ale utzi zizkion Bastidari, honek Cintruenigora garraiatu eta hango elizgizon bati eman ziezazkion. Enkargua ez zuen ongi bete eta liburuak tuterarraren etxean geratu ziren luzaroan, harik eta urtebete beranduago, tribunalek arrazoia emanda, Eltsok berreskuratu ahal izan zituen arte. Ehundik gora oso hondatuta zeuden, ordea, saguek janda edo txori-zirinek zikinduta, eta luze jo zuen kalteak ordaintzeko Latasakoak tribunaletan hasitako prozesuak.

cintruenigo3

Cintruenigo, Eltsoren doktrinaren 444 aleren jomuga

Prozesu horri esker jakin da doktrinaren 2.000 ale argitaratu zirela. Kontuan hartzeko kopurua da. Argitalpen ahaleginean Eltsok aldeko izan zituen haientzat liburua tresna baliotsua zen seinale, nonbait.

1572an sorterri ingurura itzuli zen. Ultzamako agintariek bertaratzeko eta haranean hiru hilabetez bizitzeko eskatu zioten odietarrari,

porque tenían mucha confianza en nuestro señor Jesucristo, que hallándose presente el dicho licenciado en el dicho valle e intercediendo a nuestro señor por los de la dicha valle, que no serían perdidos ni permitirá Dios que sean perdidos por tempestad de la piedra, como dijeron que habían sido perdidos en estos cuatro o cinco años últimos pasados, por lo cual estaban muy afligidos y necesitados…

Onartu egin zuen Eltsok proposamena, nahiz eta handik gutxira kexu agertu, haranekoek ez baitzituzten bete hark aldez aurretik ezarritako zenbait baldintza. Dena den, ultzamarren debozioaz eta uzta kaskarrez ez ezik lizentziatuak bereganatutako ospeaz ere hitz egiten duen gertakari honen ostean, ez dago hari buruzko beste inolako albisterik. Oraingoz behintzat 1572an dago etenda Hegoaldeko euskal idazlerik zaharrenaren arrastoa.


ODIETA – XX. mendeko lekukotasunak (Labrit Multimedia, DVDa)

Urteak daramatza Iruñeko Labrit Multimedia enpresak Nafarroako ondare ez-materiala biltzen, aztertzen eta jendaurrean aurkezten. Ehundaka eta ehundaka nafar elkarrizketatu dituzte dagoeneko bizimoduak, ohiturak, mintzoak… azken batean, bizitzaren lekukotasunak jaso eta ezagutarazi asmoz. Hainbat fruitu eman ditu orain arteko bilketa ahalegin honek, eta une honetan bertan beste zenbait egitasmo aurrera doaz. Hona ekarri nahi izan dudan lana ez da Labritekoen azken emaitza (zertan dabiltzan jakin nahi duena Twitterrez balia daiteke), baina interes handikoa iruditu zait une honetantxe bertako euskara guztiz galbidean duen haran bat duelako mintzagai, eta laster betirako itzaliko den mintzo baten lekuko delako.

odieta_karatula

 

Izenburua: ODIETA – XX. mendeko lekukotasunak / Testimonios del siglo XX.

Argitaratzailea: Labrit Multimedia

Zuzendaria: Gaizka Aranguren

Urtea: 2009

Euskarria: DVDa 

Hizkuntza:  gaztelania eta euskara 

Iraupena: 175 minutu.

 

Odieta harana Lizasotik Iruñerantz doan errepidean dago, hiriburutik 20 bat kilometrora-edo, Ultzama eta Ezkabarteko dermioen artean. Zortzi herrik osatzen dute: Latasa, Gelbentzu, Gaskue, Erripa, Gendulain, Ziaurritz, Anotzibar eta Ostitzek. Azken hau haranaz kanpoko udala izan zen luzaroan.

Hamabost odietar -bederatzi gizon eta sei emakume- elkarrizketatu zituen Maite Lakarrek DVDa osatzen duten lekukotasunak biltzeko. Poztu egin nintzen Gaizka Arangurenek haietako hiruk euskaraz (ere) hitz egin zutela jakinarazi zidanean. Odieta erdalduntzen hasita zegoen 1935ean Irigaraik datu-bilketa egin zuenerako. Sánchez Carrionek eta Yrizarrek oso galera nabarmena irudikatu zuten 70eko hamarkadan -azken honek haran osoan 40 euskaldun ere ez zeudela idatzi zuen-. Ez nuen uste honezkero Odietako euskara eman zezakeen bertako adinekorik izango zenik. Eta, hala ere, hiru lekuko bizi ziren oraindik Labrit Multimediakoek 2009an argitara emandako materiala grabatu zutenean. Gizonezkoak hirurak: Latasako Mariano Ciganda (1910ean jaioa) eta Martin Elizondo (1922-), eta Gelbentzuko Pedro Oiartzun (1925-). Azken bi hauek ditugu Odietako hondar euskaldun zaharrak, Mariano Ciganda 2010ean hil baitzen, ehun urteak beteta.

latasa odieta

Latasa

 

Odietako euskararen azken pausagune omen diren Latasa eta Gelbentzu haranaren ipar aldean daude, eta gertu dute horrenbestez artean euskaldunago iraun duen Ultzama. Bi herri horietatik kanpo ere nabaria da oraindik udalerrian zehar euskararen itzala: Gendulain herrixkako Goldaraz ahizpak, esaterako, euskara ulertzeko gauza dira eta hainbat esalditxo, asmakizun edota esaera dituzte gogoan. Nolanahi ere, Bonapartek Olaibarreko aldakia deitu zuena -Odieta, Olaibar, Ezkabarte eta Atarrabia, Iruñea ondo-ondoan- desagertzear dago, beste hainbati historian zehar gertatu bezala. Interes berezia du horregatik, nire ustez, DVD honek.

Euskarazko lekukotasunak alde batera utzita ere, ikus-entzunezkoa ia hiru orduko emaitza ederra da, 10 ataletan banatua (etxea, bizitza, ekonomia, bestak, erlijioa, osasuna, sinismenak, gerra, harremanak eta euskara) eta era guztietako elkarrizketak dituena. XXI. mendea ziztu bizian ezabatzen ari den XX.eko bizimodu, ohitura eta sineskera asko jaso dituzte Labritekoek, gaur egun gainbehera datorren ahozko transmisio gero eta eskasagoak eta gure komunikazio ohitura berriek horiek denak inola ere galtzen utz ez diezaguten.

 

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko urria
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    3031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu