Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.