Tag: Orbaibar

Zehaztasun beharrari, esker onez

burgui-web

Almadia Burgi herrian

Erronkariko euskarak utzi digun ganorazko arrastorik zaharrena XVI. mendekoa da; ez zaigu ordea prediku edota doktrina baten bidez heldu; halakoak (predikuak bereziki) nekez izan ohi dira hain aspaldikoak. Sorginkeriaren inguruko auzi batek eragin zuen euskararen agerpen idatzi goiztiar hura. Hiru belaunaldi ezberdinetako beste hainbeste andrazko burgiar salatu zituzten 1569ko udan, eta Iruñera joanarazi, lau eguneko bidaia neketsua eginarazita: hirurogei bat urteko Maria Gracieta izeneko bat, Maria Garat edo Garate alaba, eta baita zortzi bat urteko Gracieta bilobatxoa ere. Gotzaitegiko kartzelara eramanik bikario nagusiaren aurrean hitz egin behar izan zuten, en vulgar bascuence de la tierra eta itzultzailea lagun zutela, jakina, beste euskararik ez beste hizkuntzarik jakin ez-eta. Pedro Lekunberri apaiza ere harrapatu zuen bekatua edonon ikusten zuen ezjakintasunaren atzapar luzeak.

Esan gabe doa atzapar horrentzat berebiziko garrantzia zuela sorginkeriatzat har zitekeen edozein jokabide zorroztasun handiz deskribatzeak, bekatu ote zen erabakiko bazen; eta jokabide hori ahozko adierazpena izanez gero, funtsezkoa zela inork esandako hura hitzez hitz eta jatorrizko hizkuntzan ematea. Horri esker jaso zituzten 1569ko prozesu hartan —lekuko baten baino gehiagoren ahotan jaso ere— Maria amak Jainkoaz arnegatzeko esan omen zituen euskarazko hitzak: aurrac arnega eçaçuey Jangueycoaz eta andredonamariaz eta Saintu eta Sainta guçuez eta aytaz eta amaz eta ascaçi guçuez.

Ez dira gutxi euskararekiko atxikimendutik hain urrun zegoen jakin-min hark Aro Modernoan zehar eragin zituen lekukotasun baliotsuak: sorginkeriaren ingurukoak, irainak, eta bestelako zenbait. Zorigaiztoko emakume erronkariar haiek ez bezala, beraz, zer edo zer zor diogu guk orduko pentsamolde hertsiari… baina gaurko gizakiok bezala ordukoek hainbat unetan sentitutako zehaztasun beharrari ere bai.  Hori izan nuen hizpide maiatz hasieran 31 eskutik blogean; hona hemen esteka, han esandakoak inork irakurri nahi izanez gero.

 


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (II)

Brocaparte photo

Luis Luziano Bonaparte (1813-1891) eta Paul-Pierre Broca (1824-1880).

Joan den urtean, #KulturaZientifikoa Jaialdiaren 1. edizioaren karietara, Luis Luziano Bonaparte eta Paul-Pierre Broca ikertzaileak izan nituen hizpide, eta garai bertsuan batak zein besteak Nafarroako euskararen hedadura zela eta eginiko azterketa-saioak aipagai, biek eskainitako irudien batura osatze aldera. Sortaldetik sartalderako ibilbidea Iruñerrian eten nuen ordu hartan, galdera bat erantzunik gabe utzita: guztiz galdua ote zen Iruñeko mintzoa 1870eko hamarkadarako?

Iruñeko euskararen jarraipenaz

Bi ikertzaileek utzi zuten Iruñea euskararen eremutik landa; Broca izan zen ezkorrena, iaz adierazi bezala, eta hiriburua ez ezik Iruñerri ekialde eta hegoalde osoa ere jo zituen zeharo erdalduntzat. Hauexek izan ziren girondarraren azalpenak:

Nafarroako hiriburuaren inguruan euskarak egiten duen bihurguneak ideia bat sorraraz dezake berehala: alegia, hizkuntza ofizialera aldatu ondoren, gune garrantzitsu honek aldirietan pixkana-pixkana gaztelania hedatzearen aldeko eragina bideratu duela (Sur l’origine et la répartition de la langue basque, 42. or.).

L. L. Bonapartek 1862ko eskutitz batean aipatu zion Etxenikeri Iruñeko hizkuntza-egoeraz zuen ustea, Arabako zenbait herritan sumatutakoarekin parekatuz:

Guztiz erdalduntzat ditut [Arabako Luko, Ullibarri, Landa, Zuhatzu, Langara Ganboa eta Luiaondo], han denek gaztelaniaz egiten dutela esaten didazunez. Jende askok euskaraz jakiteak ez du nire iritzia aldatuko. Izan ere, banago euskaraz dakiten horiek ez dutela hizkuntza elkarren artean erabiltzen, eta baserrietatik edo beste herri euskaldunetatik joandakoekin baizik ez dutela euskaraz egiten. Arrazoi beragatik ez ditut euskalduntzat Bilbo, Iruñea eta Gasteiz, nahiz eta izan haietan hainbat euskaldun. Izan, badiren arren —berriro esango dut—, hizkuntza elkarren artean ez eta landa eremuetako biztanleekin bakarrik erabiltzen duten heinean, ez da egokia hiri euskaldunak direla esatea, ezta gutxiengo euskaldunekoak ere (1862-6-27an Bonapartek Etxenikeri idatzi eskutitza).

Iruñerria

Bonaparteren iritziz Iruñea ezin zen benetako hiri euskalduntzat jo. Hiriburuari ukatutako berdeaz markatu zituen, ordea, aldirietako herri guztiak; zalantza franko gaindituta baina.

1862an aldarrikatutako Iruñearen euskalduntasunik eza berretsi egin zuen printzeak urte eta erdi beranduago: dans toutes ces recherches il ne s’agit que de ceux qui appartiennent à la localité même de père en fils. Sans cela Pampelune présenterait aussi des Basques; mais nous ne les comptons pas puisque ils ne sont pas de Pampelune (1864-1-9). Laburbilduz, bazen euskaldunik Iruñean, baina ez Bonapartek hiria bera euskalduntzat jotzeko gisakoak: ez, alegia, iruindarrak, euskara gurasoengandik jasotakoak eta beste iruindar euskaldun batzuekin euskaraz aritzen zirenak.

Askoz ere fidagarriagoa ematen du Bonapartek eskaini zuen Iruñerriaren irudiak Brocarenak baino, XX. mendekoak direlako (eta ez XIX.ekoak) Iruñe ekialde eta hegoaldeko euskararen iraupenaz mintzo zaizkigun azken albisteak. Baina asmatu ote zuen Bonapartek hiriburuaren egoerari zegokionez?

XIX amaiera Iruñean

Iruñea XIX. mendearen hondarrean: Gaztelu plaza (ezk.) eta Foruen omenezko monumentua ezarri zuteneko lanak.

Leandro Olivier Insausti

Leandro Olivier Insausti (1862-1947)

Zaila da jakitea; gaztelania nagusituta, eta euskara egunetik egunera geroago eta zokoratzenago, ezin artxiboei eskatu XVII. mendekoa bezalako albiste parrastarik; eta hiriaren tamainak eta aniztasunak (hainbat bailaratako lagunen elkargune zelarik) guztiz konplikatzen dute analisia. 1860ko hamarkadako Iruñea hazten ari zen (23.000 biztanle zituen) baina oraindik harresi barreneko eremura mugaturik bizi zen. Azokagune bat baino gehiago zuen, ingurutik salerostera hurbildutako landako kanpotarren bilgune; eta tratuan aritzera jaitsitako lagun haietako asko euskaldun zirauten Oltza, Ezkabarte, Esteribar, Olaibar eta abarreko seme-alabak izango zirenez, ez da dudan jartzekoa Iruñean alde bateko eta besteko euskara entzun, entzungo zela. Are gehiago Iruñeko biztanle berri asko eremu euskaldunagoetatik hiriratutako jendea izanik: Fernando Mendiolak kalkulatu du (2002) hiriburuan 1860an bizi ziren etorkinen %35 inguru lurralde arront euskaldunetik zetorrela, eta hamarretik beste bi euskarari ahulago eusten zioten bailaretatik. Horrenbestez, 1870eko hamarkadan Iruñean euskara entzuten zela, ezaguna bezain agerikoa da. Sarritan aipatu da Iruñeko Artxiboko arduradun Leandro Olivier ormaiztegiarrak eman zuen lekukotasuna: 12 urterekin hiriburuan bizitzen hasi zenean, etengabe entzuten omen zuen euskara Navarrería, Carmen eta Santo Domingo karriketan, eta denda guztietan euskaldun bat behintzat behar izaten zen lanerako.

Iruñea Sto Domingo3

Iruñeko Santo Domingo karrikako komentua 1905ean.

Besterik da ordea erabakitzea aspaldi luzean erdalduntzen hasi eta erdararen inguruan antolatzen ari zen hiri hartan betidaniko familia iruindar euskaldunen transmisio-katea erabat etenda egongo zen ala ez. Seguru asko ezinezkoa da honezkero puntu horren gaineko argitasunik lortzea. Jimeno Juríoren ustez XIX. mende erdialdera arte izan zituzkeen Iruñeak bertako hiritar multzo euskaldunak. Gogora dezagun gaztetxo erdaldun hutsa zela 1870ean gerora euskalzale handi bihurtutako Arturo Kanpion bera, jaioterriak berezko hizkuntzari zeharo uko egin ziola esatera heldu zena.

Urte haietako beste albiste batzuek ez dute argi handirik ematen:

Los Vascongados

Rodríguez-Ferrerrek idatzi liburuaren azala.

1873ko Los Vascongados lanean, honako hau idatzi zuen Miguel Rodríguez-Ferrer andaluziarrak Bonaparteren sailkapenaz ari zela: deja fuera [printzeak, euskararen eremutik] las poblaciones de Alava, Vitoria, Nanclares y Miranda, donde ya no se habla vascuence alguno, para volverse a escuchar entre Alsasua y Pamplona; aunque en esta última capital, como en la de Álava ya nombrada, y Bilbao, no se advierta sino muy mixturado y sólo en sus últimas capas sociales. Igual sucede con los habitantes de Lumbier y Monreal en Navarra (69. or.). Nire ustez datuak ez du Iruñeko mintzoaren jarraipena frogatzeko balio. Irunberrin, esaterako, aspaldixko galdua zen noski euskara, eta hango karriketan entzuten bazen, inguruko zaraitzuar, itzagaondoar eta bestelakoen joan-etorrien seinale izango zen, Irunberri bertako hizkerak bizirik segitzearena baino gehiago. Ez nuke Rodríguez-Ferrerren aipua Iruñeko aldaeraren iraupenaren argudiotzat hartuko.

Ezta Mañé y Flaquer idazle kataluniarraren El Oasis liburuko lekukotasuna ere (1878). Iruñean izan zenean ostatuko neskameari euskaraz hitz egiten al zuen galdetu zion Tarragonakoak:

…erantzun zidan aiton-amonek ohikoa zutela; gurasoek ulertu bai baina ezinbestean baizik ez zutela erabiltzen; eta berak ez zekiela, eta ulertu ere, ez zuela ulertzen (397. or.).

Baina adibideak, berriro ere, ez du Iruñerako balio. Neskak idazleari jakinarazi zionez, hiriburutik hiru legoatara zegoen herri batean sortua zen. Ez zigun esan zeinetan, baina adierazi zuen hizkuntza-egoeraren arabera lasai asko izan zitekeen Itzarbeibar ekialdekoa, Tiebaskoa, Untzitibarkoa edota itzagaondoarra, adibidez. Lekukotasunak Iruñeko euskaldunen jatorri anitza eta hizkuntzaren gibelatzea bai, baina ezin digu argitu hirian aspaldian errotutako sendiak bertako aldaerari eusten ari ote zitzaizkion ala ez.

Orbaibar eta Izarbeibar: ikuspegi kontrajarriak

Iratxeta

Orbaibarko Iratxeta, doi-doia euskaldun 1860an Bonaparteren arabera (argazkia: www.misescapadaspornavarra.com).

Iruñerria aztertzean bezalatsu, ezin desberdinago jokatu zuten Iruñe hegoaldeko bi eskualde horiei zegokienez aztergai ditudan ikertzaileek. Brocak guztiz erdalduntzat jo zituen bi eremuak —eta nekez esan zezakeen besterik, hiriburu inguru gehiena euskararen eremutik at utzi ostean—. Eguesibar, Aranguren, Elortzibar edota Galar legez, erdara hutsean bizi omen ziren Gares, Untzue edota Oloritz, besteak beste, Brocak jasotako txostenen arabera. Izarbeibar zela eta, Garesen apenas hirurogei urte lehenago familia batzuk euskaraz mintzo zirela idatzi zuen antropologo frantziarrak; besterik ez. Orbaibar aipatu ere ez zuen egin, nahiz eta dezente hegoalderago dagoen Erriberrin XIX. mendearen hasieran haur euskaldunak ba omen zirela adierazi (oso kontu handiz erabiltzekoa dirudien datua, bestalde). Bonapartek, aldiz, Izarbeibar osoa sartu zuen euskararen lurraldean, eta baita Orbaibar zati bat ere: iparraldeko herri gehienak (Leotz eta Uzkita ez beste guztiak) eta erdialdeko bi (Barasoain eta Garinoain). Kolore argiz tindatuta, dena den, hizkuntzaren ahultasuna agerian jarriz.

Orbaibar Brocaparte

Orbaibar ingurua Bonapartek maparatu bezala (ezk.). Brocak (esk.) zuritan utzi zuen eskualde osoa.

Nork jokatu zuen zorrotzen? Brocak irudikatu bezala Izarbeibarko euskara ordurako galdua izatea ez da sinesgarria; geroztikako iturri ugari mintzatu dira baieztapen horren aurka. Hona hemen batzuk: Kanpionek Garesen adinekoak oraindik solasten zirela idatzi zuen 1884an; 1910ean Altadillek ez zuen guztiz iraungitzat jo euskara Garesen bertan (bai aldiz Tirapun edo Ukarren); 1920ko hamarkadan Izarbeibarko Utergan bizi zen Celedonio Azkarate euskal hiztuna, Fernando Perez de Labordaren arabera, eta ikertzaile honek berak ezagutarazi ditu XX. mendeko beste izarbeibartar euskaldun batzuk… Argudio gehiegi, itxuraz, Brocarekin bat egiteko. Sendagile frantziarraren mapak Iruñerrian irudikatzen duen erdararen sargune sakona euskararen ahultasun handiko eremu bat markatzen ari zela iduri luke, baina ez hizkuntzaren desagerpena: Gares aldeko euskara ez zen 1950 baino askoz lehenago zeharo iraungi.

aiesa

Alferrik saiatu zen Bonaparte Ezporogi aldean euskaldunak topatzen. Behar bezainbeste ordaintzeko prest zegoen, bilaketan lagunduko zion norbait bidaltzearren. Irudian, Aiesa (iturria: www.bajamontana.com).

Sortalderago, 1862tik 1864ra bitartean Bonapartek Orbaibar eta Ezporogiko egoera argitzeko eginiko galdeketa guztiak kontuan hartuta, mapan finkatu zuen azken irudiak oinarri sendoak zituela pentsa daiteke. Behin eta berriz estutu zuen printzeak Etxenike Ezporogi eta Aiesa aldean euskara erabiltzen zuen kristaurik topa zezan, halakoak izan bazirela entzuna baitzuen urte batzuk lehenago. Alferrik, ordea. Azkenean etsi eta Bizkaia esaten dioten eskualdea kolorerik gabe utzi zuen mapan. Orbaibar ere behin baino gehiagotan aipatu zion lankide urdazubiarrari eta azkenean, Ezporogi galdutzat eman arren, Orbaibarko dozena bat herri bildu zituen mapara (Bariainek, Untzuek, Orisoainek eta Iratxetak osatu erronbo itxurako eremuan), euskara oraindik erabiltzen ari zirenen eta baliatzeari utzi ziotenen arteko muga zehaztuz. Nire ustez, Izarbeibarrez eta Iruñerriaz dakiguna jakinda, zentzuzkoa da hemen ere Bonaparteren ikuspegia onestea eta Broca baino fidagarriagoa dela uste izatea.

Euskara Lizarrerrian, noraino?

Bi datu ziur har daitezke azken zati honen abiapuntu gisa: batetik, XIX. menderako oso higatua zegoela euskara Lizarrako merinaldean; eta bestetik XX. mendera arte ez zela guztiz itzali, Goñerrin bertan, adibidez, 1930eko hamarkadan zendutako hiztunak ezagutzen direlako.

Hortik aurrera, alde ederra dago Lizarraldeari dagokionez Bonaparte eta Brocaren artean; merezi du aztertzea. Horretarako lau erreferentzia hartuko ditut: Mañeruibar, Gesalatz, Deierri eta Ameskoa ibar biak.

Sorakoitz

Girgillaoko Sorakoitzen ez da egun inor bizi (Argazkia: Gonzalo Parreño)

Mañeruibarren (ondo-ondoko Gares inguruan ez bezala) euskara-arrastoak antzeman zituen Brocak, baina Bonapartek adierazitakoak baino ahulagoak. Girondarrak Etxarren eta Argiñaritz bakarrik jo zituen elebiduntzat. Bonapartek Girgillao eta Artazu ere bai; eta Girgillaoko bi baserri —Orendain eta Sorakoitz, 60 bat biztanle guztira— kolore ilunez aurkeztu zituen, inguruan ez bezala han bizilagun gehienak euskaldunak zirela adierazi nahirik. Gauza batean bederen bat etorri ziren bi ikertzaileak: Mañeru nahiz Zirauki erdaldunak ziratekeen ordurako. Hala ote? Herriotatik hurbil euskarak XX. mendera arte iraun zuela jakinda —eta ondoko Sorakoitzen indarrez gainera— ez litzateke erokeria 1860an Mañerun edota Ziraukin euskararen oihartzun apalen bat behintzat gera zitekeela pentsatzea. Idatzi izan da Mañeruko gudaldira bidalitako inguru hartako gazte batzuek (1873) ez zituztela Brea koronel karlistaren erdarazko sostengu-hitzak oso ongi ulertu eta Garesko apaizaren itzulpena behar izan zutela; oso zalantzazkoa da XIX. mendearen hondarreko gazte euskaldun haiek mañeruarrak izatea; baina Artazun 1930eko hamarkadan hildako hiztun baten berri jakin delarik, horren hurbil dagoen Mañeru 70 urte lehenago guztiz erdaldun imajinatzea ez da hain gauza erraza.

Argiñano-Iruxo

Gesalazko Argiñano —ezkerretara— eta Iruxo, elkarren ondoko baina Bonaparteren arabera hizkuntza aldetik urrun.

Ipar-sartalderantz goazela, Mañeruibarrek Gesalatz du mugakide. Deigarria da Bonapartek ibar hartaz emandako irudia: herrien erdia baino gehixeago bildu zuen hegoaldeko goi-nafarreraren baitara —iparraldekoak eta hego-ekialdekoak— baina  beste inon ez bezalako hizkuntza-eten bortitza irudikatu zuen haranaren barrenean: Iturgoien, Argiñano eta Biguria herriak gehiengo euskalduneko eremuan ezarri, eta ondo-ondoko Iruxo eta Muez guztiz erdalduntzat jo zituen. Argiñanotik Iruxora kilometro eskas dago, eta ez dut ezagutzen horrelako etena esplika dezakeen arrazoi historikorik, ez baita falta XVIII. mendean zehar Gesalatz osoan zehar, Iturgoiendik Irurreraino, euskararen indarrari buruzko albisterik.

Paul Brocaren irudia homogeneotasun handiagokoa da oraingoan: ibar osoa hartu zuen elebiduntzat, hego-muturreko Irurre eta Garisoain izan ezik. Lerate eta Muez izan ziren Brocak mapan euskaldun gisa markatutako herriak:  Bonapartek erdalduntzat jotako bi, hain zuzen ere.

Riezu

1799an Errezuko parrokiaren ardura hartu nahi izan zuten erdaldunak baztertu egin zituzten (argazkia: Julio Asunción).

Gesalazko Iruxo eta Muezen alboan dago Errezu, Deierriko ipar-ekialdeko lehen herria; ibar zabal askoa da hura, Lizarra ondo-ondoraino hedatzen dena. Hegoaldeko goi-nafarreraren azken muga Gesalatzen ezarririk, esan gabe doa Bonapartek ez ziola Deierriri inolako euskalduntasunik aitortu: aipatu ere ez zuen egin Etxenikeri idatzitako eskutitzetan. Errezu bera, ordea, oso euskalduna zen 70 urte lehenago: 1797an zazpi hautagai aurkeztu ziren herriko bikario izateko eta hiru aldez aurretik baztertu zituzten por ser tan solo romanzados que ignoran absolutamente el bascuence. Bonaparte zuzen bazegoen, oldar gaitzak eraman zukeen Deierri iparraldeko euskara hamarkada gutxiren buruan. Errezu bera, bestalde, euskaldun zirauen Argiñanotik bizpahiru kilometrora baino ez dago. Azaldu al dezakete erliebeak edo giza-harremanen bilakaerak bi herrion arteko horrenbesteko hizkuntza-alderik?

El Oasis 1878b

El Oasis (Mañé y Flaquer, 1878).

Beharbada egoera ez zen Bonaparteren mapak erakutsitakoa. Brocak erdalduntzat jo zituen Deierri erdialde eta hegoaldea (Zabal, Eraul, Allotz) baina haran zati handixkoa utzi zuen Nafarroako lurralde elebidunaren barrenean, hiru herritako datuak baliatuz: Ugar, Aritzala eta Ibiriku. Egia izan arren hainbat eskualdetan zorrotzagoa dirudiela Bonaparteren mapak Brocarenak baino, honako honetan gainerako lekukoak Brocaren ikuspegiaren alde ari zaizkigu: Lizarrako biztanle batek XX. mendean jakinarazi zuenez, euskaraz aritzen ziren solasean 1858an Abartzuza eta Eraulgo ikazkinak. Mañé y Flaquerrek, bestalde, aipatu El Oasis liburuan, Deierri aldean euskara pittin bat bazela iradoki zuen Iruñeko neskamea ahotan hartu zuen orrialde berean: si los navarros descienden de los vascones, como yo creo, y si han salido del valle de Yerri, como supone el Sr. Yanguas, allí deberíamos encontrar el tipo del vascón y la lengua en toda su pureza; no obstante, el vascuence se habla muy poco en dicha comarca.

Ibiriku

Lizarrerriko Ibiriku herria. Eguesibarren bada izen bereko beste bat. Argazkia: www.revistacallemayor.es

Eta ez hori bakarrik: Jimeno Juríok azaldu zuenez, Deierriko Ibiriku bera euskalduntzat jo zuen beste iturri batek 1878an: Oltzako berriemaile baten arabera, Iruñetik ezker euskarari ongi samar (‘con bastante generalidad‘) eusten zioten herrien mugan omen zegoen. Azken datu hau oso interesgarria iruditzen zait: 1878ko muga hartan izendatutako gainerako herri / ibar guztiak (Sorauren, Eutsa, Orrio, Makirriain, Ballariain, Larrageta, Elkarte, Oteitza, Itza, Oltza, Azantza, Munarritz eta Argiñano) euskarari sendo eusten zion eremuaren barrenean, ertz-ertzean, irudikatu zituen Bonapartek. Denak, Ibiriku bera izan ezik, hura zeharo erdalduntzat jota. Hala izango zen benetan? Edo printzeak Deierri sakon aztertu ez izanaren ondorio ote da Ibiriku eremu euskaldunean ez agertze hori? 1878ko lerroko gainerako herrietan euskarak XX. mendeak aurrera egin arte iraun zuen; badakigu Azantzan 1930eko hamarkadan iraungi zela guztiz; Soraurenen 1945era arte bederen iraun zuela; Ballariainen ere, 1942ra arte behintzat bai. Ibiriku aldeko herriek ahaztua izango zuten euskara 1865erako, edo atzeratu beharreko data da hori? Ikertzea merezi duen gaia dela uste dut.

Eulate

Ameskoako Eulate Nafarroako lurralde elebidunaren muga-mugan ezarri zuen Paul-Pierre Brocak 1875ean (argazkia: www.eulate.es).

Izan ere, ez du ematen Bonapartek Lizarra iparraldeko eremua bisitatzerik izan zuenik. 1857an Burunda zeharkatzean hurbiltzekotan egon zen, baina ez zuen astirik izan. Horrenbestez, Goñerritik ezker jasotako datu guztiak bestek emanak izan ziren, ez ikertzaileak bertatik bertara frogatuak. Antza denez Etxenike izan zuen iturri nagusi eta Bonaparte haren iritziari lotu zitzaion beste informazioen gainetik. Horixe bera antzeman daiteke Ameskoa ibarrei dagokienez. Ziordian printzeari esan ziotenez, Lizarrerrian euskara zerabilten hiztun apurrak Eulaten eta Ameskoabarreneko herrietan zeuden, eta albiste horiek ziurtatzen saiatzeko eskatu zion printzeak Etxenikeri 1863an:

C’est à Ciordia même, où le basque est très en usage, que l’on m’a assuré que dans tout le partido de Estella il n’y a que les localités suivantes de Amescoa Baja où quelques personnes seulement continuent à parler le basque: Eulate, S. Martin, Ecala, Baquedano, Zudaire, Gollano, Urra, Barindano, Artaza (1863-4-9an Etxenikeri idatzi eskutitza).

Urdazubikoaren txostenek iritziz aldarazi zuten ikertzailea, eta 1864ko abenduko gutunean baztertu egin zuen betiko Ameskoa ibarretako herriak mapan berdez tindatzea. Jakin bazekien, nonbait, euskaldun batzuk gelditzen zirela haietan; baina euskararik erabiltzen ez zutela jaso zuenez, bere maparen zorroztasunaren izenean erdalduntzat jo zuen eskualdea (Je tiens infiniment à la perfection de ma carte linguistique de l’Euscalerria, idatzi zuen aipatu berri dudan eskutitzaren pasarte hartan bertan).

Brocak, oraingoan ere, eskuzabalago jokatu eta eremu elebidunean sartu zuen Ameskoabarren osoa; baita Eulate ere. Larraona, aldiz, kanpoan markatu zuen. Ez zuen bien arteko Aranaratxe mapan ezarri.

Lizarrerria Brocaparte2

Bonaparte eta Brocaren arteko jauzia Lizarrerrian. Berdez, printzeak adierazitako euskararen eremua. Gorriz azpimarratuta, Brocak bere maparen zonalde elebidunean aipatutako herriak (berdez inguratuta dago Deierriko Ibiriku);urdinez, erdalduntzat jo zituenak.

Laburpen gisa

Ekarpen ederra egin zioten Bonapartek eta Brocak euskararen geografia historikoaren ezagutzari; zinez, urrearen balioa dute bien lanek. Horrexegatik, eta sona handiko ikertzaile atzerritarrak izanik euskarazale bihurtu eta hizkuntza haien ikerketaren jomuga bihurtzeagatik esker ona merezi dute betiko. Bonaparte izan zen euskara aztertzen luzeago aritu zena eta itzal handikoa da aspaldi gurean, baina Broca sendagilearen jarduna, apalagoa izan arren, ez da nire ustez merezi bezainbeste azpimarratu.

Euskararen mugak aztertzean atera zituzten ondorioak ez ziren berberak izan, eta horrenbestez ez batak ez besteak ez zuten seguru asko guztiz asmatu. Baina datu garaikideak emanik erkaketarako aukera eskaini digute, eta horrek biderkatu egin du burutu zuten lan handiaren balioa.

Bi jakintsuen ahaleginen emaitzak batuta, eta emaitza horiek XIX. mendearen hondarreko gainerako albisteen argitan irakurrita, 1860-70etako euskara nafarraren hegoaldeko azken muga ondorengo proposamen honetatik hurbil samar egon zitekeela esango nuke:

1) Erronkari guztia euskalduna zen, Burgin euskara galtzen hasia zelarik.

2) Zaraitzu aldean Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen muga-herriak. Azken bietan indartsuago zirauen lehendabizikoan baino.

3) Urrauletan zehar izango zen oraindik euskaldunik Eparotz, Irurozki, Ozkoidi eta Santsoainen; agian baita Urraulgoitiko Gindano-Ezkanitz eta Urraulbeitiko Artieda-Grez-Tabar lerroetan ere; baina nekez hegoalderago, eta aipatu herrietan izatekotan, ez inola ere luzerako. Erromantzatuko herri guztietan (baita Berroia eta Murelu-Berroian ere) ahaztua izango zuten euskara.

4) Itzagaondoko eta Ibargoitiko herrixka guztietan zeudekeen orainik euskal hiztunak, ez ordea Izko mendilerroaz beheitiko Sabaitzan edo Gardelainen. Elon euskara zeharo ahaztua ez bazen, ahaztear izango zen.

5) Orbaibarren bizirik egongo zen oraindik hegoaldeko goi-nafarrera, baina etengabea zen gibelatzea eta litekeena da herri bakar batzuetako azken belaunaldi euskaldunaren ezpainetan baino ez entzutea.

6) Izarbeibarren indartsuago zirauen euskarak Orbaibarren baino; ez ordea sasoiko. Baziren oraindik seguruenik gazte euskaldunak, baina ez ziren asko izango, edo beharbada ez herri guztietan. Euskara egoera batzuetan erabili beharreko tresna zen oraindik, baina ziztu bizian ariko zen gertatzen hizkuntza-aldaketa. Mañeruibarren ere bazerabilten euskara (herri guztietan???) baina Girgillaoko salbuespenak salbuespen, egoera Izarbeibarkoaren gisakoa izango zen, asko jota. Litekeena da Etxauribarko Belaskoain inguruan ere oso antzekoa izatea. Izarbeibarrez beheitiko eremurik aipatu ez dudan arren, ez da ahaztu behar Fernando Maioraren arabera 1876an hil zela euskalduntzat hartu ahal izan duen azken artaxoarra. Agian Artaxoa bera izango zen oraindik, euskara azken hatsetan izanik, hizkuntzaren hegoaldeko azken mugarria.

7) Gesalatz iparraldean indartsuago zebilen euskara erdialdean baino. Iruxo eta Muezen ezaguna izango zuten ziurrenik, baina ez hegoalderago, Irurren edota Garisoainen.

8) Deierri iparraldean ez zuten euskara guztiz ahaztua izango. Abartzuzatik gorako herrietan beharbada, Ibiriku-Errezu-Lezaun parean baino ez akaso; baina Bonaparte ez beste iturriek iradokitako egoera aintzat hartu behar dela uste dut. Nolanahi ere, Deierriko euskararen galeraren kronologia ongi aztertu gabeko gaia da.

9) Ameskoa ibarretan bazen oraindik euskaldunik, hizkuntza bazerabilten ziurtatzerik ez badago ere. Seguru asko Ameskoabarreneko herri guztiek eutsi zioten nola edo hala mendebalde kutsuko nafarrerari 1870era arte bederen. Handik ezker eta Arabako mugarako bidean, Eulaten ere euskara apurtxoren bat geldituko zen beharbada, Larraonan baino errazago. Hala izatera, ez dakit Aranaratxe bietako norekin bildu beharko litzatekeen.

AZKENA

Nafarroako euskararen 1860-70etako balizko hego-muga (proposamena) Bonaparte eta Brocaren ekarpenetan oinarrituta.

                                                  (Mapa hurbilagotik ikusteko, egin klik hemen)

En esta entrada me he referido a los límites de la zona de habla vasca en la Navarra central y occidental alrededor de 1870, con arreglo a los mapas trazados separadamente por el príncipe Luis Luciano Bonaparte y por el médico y antropólogo francés Paul-Pierre Broca entre 1860 y 1875. Ambos investigadores realizaron una labor encomiable que arroja menos similitudes en el occidente navarro que en la zona más oriental, pero que con la ayuda de otros testimonios contemporáneos permite aventurar con cierta aproximación cuál pudo ser el límite de la zona de mínima intensidad del euskera por aquellos días. En mi opinión, la hipótesis más razonable —formulada en los párrafos anteriores— es la de considerar como extremo meridional del euskera los siguientes puntos (de E. a O.): Burgui, Gallués, Racas Alto, Urraúl Alto (Irurozqui, Eparoz), Urraúl Bajo (Sansoáin ¿Artieda, Tabar?), Ibargoiti, Orba (Iracheta, Orísoain, Garínoain), Puente la Reina, Valdemañeru (Artazu ¿Mañeru?), Guesálaz (Lerate), Yerri (Ibiricu ¿Ugar, Arizala?), Amescoa Baja, Eulate.

Sarrera honek 3. #KulturaZientifikoa Jaialdian parte hartzen du

2015eko martxoaren 31ra arte iraungo du hirugarren #KZJaia-k.


Euskararen lekukoak: LEOTZ

Leotz mapa

Leozko udal-eremua eta inguruko herriak

Nafarroako udal-antolakuntza anitzaren baitan (haranak, zendeak, almiradioak) distriturik ere sortu zen XIX. mendean. Orbaibarrek administrazio-batasuna galdu eta hainbat zatitan banandu ostean. Leotz izan zen haietako bat. Udalerri zabala da (are zabalagoa 1976an Santsoain bereganatu zuenetik), baina ez jendetsua: 1850 inguruko 1250 biztanleen aldean, 250 eskas baino ez dira gaur egun Amatriain, Amunarrizketa, Artariain, Benegorri, Bezkiz, Iratxeta, Leotz, Makirriain, Olleta, Santsoain eta Uzkita herrixkek bildutakoak.

XiX. mendetik hona ez da populazioa leoztarrek galdutako gauza bakarra; beren euskalkiak ere alde egin zien, Erriberriko merinaldeko gainerako herri-ibarrei bezalaxe, Nafarroako erdialde guztia erdaldundu zuen olatu gaitzak eramanda. Historian zehar euskarak Leotzen izan duen indarra baino zailagoa da erakusten noiz desagertu ziren, isil-isilka, arbasoen hizkuntza jasotako azken leoztarrak. Ez du ematen XIX. mendean oso aurrera baino lehen izan zenik, dena den. Hona Leotzen euskaltasuna agerian jar dezakeen zenbait datu, haietako asko honakoan ere Fernando Maiora ikerleak bildurik:

1536. SANTSOAIN.  Miguel Aynes izeneko batek eta Maria Remiriz orisoaindarrak ostatu batean izandako elkarrizketaren lekuko izan zen Hernaut de Sansoain. Aynes Remirizen aurka deklaratzera deitu zuten herri hartara; halaxe esan zion Miguelek Mariari eta halaxe entzun zuen santsoaindarrak. Remirizek Aynesi bere kontra esateko zer zuen galdetuta, Aynesek isilka emandako erantzuna ez zuen Mariak batere gogoko izan. Primeran ulertu zuen Santsoaingoak emakumearen erantzuna: la dicha Maria Remiriz le dixo, que hera lo que abia de dezir contra ella y el dicho Miguel Aynes le dixo ciertas palabras callando queste deponente no las pudo oyr ny comprender y en deziendole aquellas oyo e comprendio que la dicha Maria Remiriz le dixo en bascuence que no dixese las palabras que alla le dixo por estas palabras,  ez ory herran

1587. Gasteizeko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, ohiko ortografia zarpaila erabiliz, bascongadotzat jo zituzten amunarrizqta, iracheta, leoz, vezqta, olleta, bezquiz, banegorry, sansoayn edota sansomayn. Hain sarri aipatu ohi dudan zerrenda osoa Manuel Lekuonak ezagutarazi zuen 1933an RIEV aldizkarian.

santsoain

Leozko Santsoain. Urraulbeitin ere bada izen bereko herrixka bat.

1588. ARTARIAIN. Graciosa Espartza eta Maria Ezpeleta artariaindarrak elkarri agirika aritu ziren behin batez, lehenak bigarrenari atzetik zebilkiola leporatu ostean. Berotzen hasi eta apezgoytia deitu zion Espartzak Ezpeletari; irain gordina zen hura, Ezpeletaren ahaldunak adierazi legez: le dixo la acusante, que mi parte hera una apezgoytia, que quiere dezir, que a sido desonrrada de clerigos…

1594 SANTSOAIN. Harrika hil omen zuten Joana Oses santsoaindarra; hainbat lekukok deklaratu zuten gertakariek eragindako prozesuan. Joana heriotzeko puntuan hartu zuen Miguel Zabaltza bikarioaren esanetan, Jesus, otoy, otoy eta antzeko hitzak esan zituen behin baino gehiagotan emakumeak bere azken orduan. Guillen izeneko frantziar bat jo zuten erruduntzat; herritarren ustez euskaraz asko ulertzen zuen hark. Catalina Etxaguek deklaratu zuenez Joana hil zen egunean Catalina Idoi izeneko batek Guillen etortzen ikusi eta honela esan zion: Jesus, Guillen, seyn descolorituric elduçaren. Handik lasterrera Graziana zeritzon Joanaren alabetako bat iritsi zen frantziarra zegoen lekura, mantalean harri zenbait ekarrita. Negar batean zetorren, Guilleni ay traydorea, ay traydoria, amary ylde datorquet esanez: frantziarrari harrika egiten uztearren baztertu zitezela eskatu zien Etxagueri eta gainerako lekukoei.

Uzkita2

Uzkita, Leotz iparraldeko azken herria. Bidean aurrera Ezporogi, Leotz baino are hustuago.

1634. UZKITA. Herrikoek zerabilten hizkuntzaren adierazgarri, hona nola izendatu zuen Uzkitako bat Andres Larrasoaña barasoaindarrak: se acuerda este testigo como el dicho Alcalde le dixo que para hazer y cortar dichas dos cargas de chaparros tenia licencia del quejante y que tambien puede haber un año de tiempo que Salvador dicho Uzquitarra

1653. IRIBERRI. Hirurogei urteko Fernando de Balenciak 11 zeramatzan Iriberriko jauregian, jabearen lurrak errentan emateaz arduraturik. Ez zuen han bizitzeko gaztelaniarik behar, antza; zin egin eta galdera batzuei erantzun ondoren, euskaraz azaldu zion Balenciari hartutako deklarazioa Juan de Vallarin notariak.

1701. IRIBERRI. Iratxetako abade ere bazen Juan Gimenezek euskara erabili zuen herritarrei jakinanarazi beharreko legezko abisu bat denek uler zezaten: publique el dicho edicto retroescrito en lengua ynteligible a todos los que concurrieron a oir la misa popular…

XVIII. mendea. Nafarroako auzitegietatik ateratako datuen irakurketa hutsak nekez bermatuko luke mende hartan Leotz inguruan euskara izan ere bazenik. Elizbarrutiko nahiz Erresumako komisari erdaldunek euskara zela eta eragindako auzi luzeetan eta haietan erabilitako argudioetan ez zuten Orbaibar ingurua aipatu ere egin. Ez zegoen komisarion ustez eremu haren erdal izatea frogatu beharrik. Hobeto esanda, ez zegoen frogatu beharrik orbaibartarrek gaztelania ere bazekitela; ez da gauza bera.

Horrela, Eliz Auzitegian 1744 eta 1765 bitartean datu-biltzaile aritutako komisari euskaldun eta erdaldunen lan-eremuak banatuz idatziriko Libro de Repartimientos delakoan, Erriberriko merinaldeko herri bakar bat ere ez zen euskalduntzat hartu. 1767an, orobat, auzitegi zibiletako komisari erdaldunek Nafarroako erdialdeko eremu batean gaztelania sartua zela eta aurrerantzean haiek herri horietan ere lan egiteko gai zirela aldarrikatu zutenean, Ibargoiti izan zen haien aldarrikapenaren muga. Muga horretatik haraindi zeuden hegoalderagoko ibarrak (Orbaibar, esaterako) kontuan ere ez zituzten hartu, gaztelaniari haietan erabat nagusi iritzita.

Amunarrizqueta

Amunarrizketako San Bartolome. Erabat hutsik ez gelditzeko borrokan dabilen herria, beste hainbat bezala.

Beste hainbat datu objektibok salatzen dute, ordea, ez zela hori errealitatea; bazela arrunt gune euskaldunik auzitegiek iradokitako mugetatik at. Ez digu gaur arte Leotzek XVI. mendekoak bezain argia den XVIII. mendeko lekukotasunik utzi (bai, aldiz, mendebaldean mugakide duen Oloritzek), baina bada kontuan hartzea merezi duen daturik: Amunarrizketan, esaterako, Artaxoa eta Puiuko abadeak izan zituzten XVIII. mende erdialdean; aski ezaguna da bi herriok euskaldunak izan zirela gizaldi hartan guztian zehar. 1772an Zangozako erdalduna heldu zen herrira eta euskaraz ez jakitea trabagarri gertatu zitzaion.

XIX. mendea: leoztarren euskara, gainbehera

XVIII. mendean biztanle asko ezagutzen hasitako gaztelania hura bera hasi zen XIX.ean euskara haranean zehar zokoratzen. Bonapartek begirada Nafarroan pausatu zuen urteetan guztiz ahulduta egongo zen Leozko mintzoa, eta horregatik beharbada behin baino gehiagotan aldatu zuen ikerle handiak bailarako euskararen bizitasunari buruz zuen ustea. Hona hemen printzeari esker ezagutzen ditugun hainbat albiste:

Iberia 1856

‘La Iberia’ aldizkariaren 1856ko ale berean dira Palarearen izendapenari eta Bonaparteren bidaia-amaierari buruzko albisteak

1856. Abuztuan Jose María Palarea bihurtu zen Nafarroako gobernadore. Lan hura azarora arte besterik bete ez bazuen ere, hilabete haietan bertan ibili zen estreinako aldiz Nafarroan Luis Luziano Bonaparte eta ez da harritzekoa gobernadorea printzearen albiste emaile bihurtu izana: Palareari, nonbait, Orbaibarren eta Ezporogi-Aiesa aldean euskaraz egiten zutela esan zioten, eta horixe jakinarazi zion berak euskalariari.

1858. Jose Antonio Uriarte bizkaitarrak Bonaparteri urtarrilaren 25eko eskutitzean aditzera eman zionez, euskalduna zen oraindik Leotz ingurua: Leoz que dista tres leguas de Tafalla no es distrito sino un lugar pequeño del valle de Orba è Ylzarbe en Navarra. El bascuence que en este valle de Orba se habla es idéntico al del valle Anue y Ulzama pero mas castellanizado. Seguruenik Palarearen eta Uriarteren albisteek erabat konbentzituko zuten Bonaparte. Deigarria da ordea Uriartek Leotz Izarbeibarren kokatzea. Ez dakit nondik jaso zituen datuak Arrigorriagan jaiotako idazleak.

Uri 1858

Leozko aipamena dakarren Uriarteren 1858ko gutun-zatia. Klik eginez kontsulta daiteke (07. blokea, 100. irudia)

1862-64. Aurreko albisteen eraginez ziur aski, 1862rako Bonaparte printzea sinetsita zegoen Orbaibar eta Ezporogi zirela euskararen eremuaren hego-muturrak. Horrela adierazi zion Etxenikeri 1862ko urtarrileko gutun batean. Lehentasun bihurtu zen handik harat printzearentzat inguru hartako doktrina-itzulpena eskuratzea, eta hala jakinarazi zion urdazubiarrari.

Badirudi, ordea, Etxenikek Orbaibarrez bidalitako albisteak ez zirela aurrez Bonapartek jasotakoak bezain baikorrak izan. 1863ko apirilean honela erantzun zion printzeak Urdazubikoaren gutun bati: erabat zuzen zaude Barasoainen eta Untzuen euskararik egiten ez dela diozunean. Baina horrek ez du esan nahi Orbaibarko gainerako herrietan hitz egiten ez denik. Amunarrizketa, Artariain, Bezkiz, Sansomain, Benegorri, Makirriain, Amatriain, Olleta, Iriberri. Uzkita, Leotz eta Iratxeta aipatu zituen Bonapartek jarraian: denak zitzaizkion egoki eskuratu nahi zuen katiximarako. Aitortu ere egin zuen, hala ere, ez zekiela oraindik ezer Tafalla inguruko euskara hartaz. Je ne connais absolument rien de ce basque (…) Tout ce qui se rapporte à ce dialecte de Orba a pour moi le plus grand interêt.

Etxenikeren ondorengo berriek ez zuten printzearen albiste-egarria ase ahal izan: uztailean temati zirauen Bonapartek: Orbaibarko euskarari dagokionez, kostatzen zait sinestea haran guztian itzali denik. Ziurtatzeko oso garrantzitsu iritzi zion Leotzen bertan euskara bizirik zegoen jakiteari, herri hark izan zuelako nonbait betidanik Orbaibarren zehar euskaldun izatearen ospea. Leozko euskara itzali zela ziurtasunez jakin artean Bonapartek ez zuen onartuko hizkuntza Erriberriko merinalde osoan desagertu zenik. Abuztu hartan beste eskutitz batean azpimarratu zion printzeak Etxenikeri zein beharrezko sentitzen zuen Leozko doktrina, zoritxarrez (harentzat, eta guretzat ere bai) sekula eskuratzerik izan ez zuena. Lehentasuna zen Orbaibar euskalari handiarentzat. Bereak dira hitzak (Etxenikeri, berriro ere): egoki baderitzozu inguru hartara norbait bidaltzea katixima itzul dezakeen pertsona topatzearren (dela apaiza edo dela maisua), arren, gastatu beharrekoak ez zaitzala zalantzan jarri, nire eskumenean dagoen edozer egiteko prest bainago.

Bonaparte Orbaibar

Leotz inguruko mugak Bonaparteren mapan. Egin klik mapa deskargatu eta irudia gertutik ikusteko.

1864ko urtarril hasieran berriro idatzi zion Bonapartek Etxenikeri. Orbaibarko euskarari buruzko albiste eza zuen kezkarik handienetako bat. Hilabete hartan bertan Etxenikek bidalitako datuekin konbentzitu zen azkenik euskara itzalia zela Leoz ekialdean dagoen Ezporogi bailaran, eta Orbaibarren ere galdutzat eman zuela ematen du; ordutik aurrera Agoitz jo zuen katiximarako jomuga (nahiz eta beranduago Agoitzi zegokionez ere etsi behar izan).

Hortxe amaitu ziren Bonapartek Leotz inguruari Etxenikerentzako gutunetan eskainitakoak. Hala ere, ez zuen azkenean erabat desagertutzat jo hango euskara, eta ondorengo urteetako albisteek aldatu egin zuten nonbait, neurri batean bederen, 1864ko ikuspegi ezkorra. Euskalkien mapa handian Leozko lau herri sartu zituen printzeak euskararen eremu barrenean: Iratxeta, Iriberri, Amunarrizketa eta Artariain. Iratxeta eta Leotz artean ezarri zuen hegoaldeko goi-nafarreraren muga.

Olleta La  Asuncion errom XII

Olletako eliza erromanikoa, gaur egun

1884an muga berbera adierazi zuen Kanpionek, baina Bonaparteren datuak kopiatu besterik ez zuen egin, bere uztako eguneratzerik gehitu gabe. Guztiz iraungia ote zen ordurako leoztarren mintzo zaharra Bonapartek adierazitako herrietan ere? Erabateko ziurtasuna zalantzan jartzeko moduko oihartzun apalak bildu ditu azken urteotan Fernando Maiora artaxoarrak: 1819an jaio eta 1901ean hildako Ignacia Dusaren eskutik dator bat. Iruñean sorturiko emakume euskaldun hau Tafallara ezkondu zen, eta ondorengoek jaso dutenez euskaraz egiten omen zuen hiriko azokan Orbaibartik jaitsitako nekazariekin. Leoztarrik ote haien artean? Aipatzekoa da, halaber, XXI. mende hasieran bertan ba omen dela Olletan arbasoei ikasitako euskarazko Aste Santuko abesti arrastorik gogoan duen biztanlerik.

Iluna da oraindik Leozko (eta Orbaibar osoko) euskararen desagerpen-data; baina argi eta garbi esan daiteke mendebaletik bizilagun izan zuen Izarbeibarko mintzoa ez zela XX. mendera arte itzali. Beste horrenbeste esan beharko al litzateke hain isil, hain Leotzezezagun alde egin zuen Leozkoaz?

El distrito de Leoz, municipio situado en el extremo septentrional de la Merindad de Olite, fue perdiendo rápidamente el euskera que le era propio -como tantos otras comarcas- a lo largo del convulso siglo XIX, aunque no es descartable que los últimos restos del habla valdorbesa en la que se expresaron los leoztarras se conservaran hasta más allá de 1900. A diferencia de aquel euskera, irrecuperable hoy día, las noticias y testimonios que dan fe de la lengua mediante la que se vertebraron las generaciones que han hecho de Leoz lo que es en la actualidad van aflorando lentamente pero sin pausa. Esos testimonios dan cuenta de que hasta el siglo XVIII el lenguaje presente aún hoy en la mayoría de los montes, terrenos y lugares de la comarca fue el único que comprendían muchos de los que los poblaron. Las buscas y rebuscas del príncipe Bonaparte alrededor de 1860 en su empeño por disponer de materiales esctitos en el habla de Leoz ofrecen luz, no siempre nítida pero en cualquier caso de gran interés, sobre el momento en el que los habitantes de Iratxeta, Amunarrizketa o Artariain, entre otros, estaban perdiendo la lengua vasca que pocas décadas atrás había sido aún insustituible.


Euskararen lekukoak: PUIU

Iruñetik Tuterarantz joateko ohitura duen gidariak hamaika aldiz ikusitako paisaia da gaur blogera dakardana.

PUEYO

Puiu

Podium hitz latindarrak Puiu itxura hartu zuen Orbaibarko herri eder honetako biztanleen mintzoan. Mintzo horrek berak zizelkatutako Arribillarraga, Azkarrabieta, Dorrondea, Iturriestalia edota Kaskallugaña bezalako leku-izenak bizirik ditugu oraindik hegoaldean mugakide Tafalla duen udalerri honetan, aspaldiko jario zabalagoaren lekuko. 1563an bildutako Puiumendia toponimoa, bestalde, bertakoek aspaldi-aspalditik herriari emandako izenaz mintzo zaigu.

Puiu 2012b

Puiuko leku-izenak (2012)

Leku-izenek pixkanaka baino galtzen ez duten euskararen oroitzapena arinago iraungi ohi da biztanleen gogotik. Bonaparteren garairako ahaztua omen zuten Puiukoek euskara. Hala ote? Fernando Maiora edo Ricardo Urrizola bezalako ikerleen bilaketa lanari esker hobeto ezagutu dugu azken urteotan lehendik ere garbi antzemandakoa: bere historiaren zatirik handienean euskalduna izan zen Puiu. Ez da nekeza baieztapen horren aldeko argudioak biltzea.

1570. Juanes Najurieta puiutarrak bi aldiz deklaratu behar izan zuen epaiketa berean. Bigarren aldian, lehendabizikoan esan zuena irakur ziezaiola eskatu zion eskribauari. Honek hala egin zuen en bascuence, que es su propia lengua, y por él oído y comprendido todo […] dijo que aquel era su primer dicho y la verdad y lo que él había depuesto.

1587. Espero zitekeen bezala, bascongado atalean sartuta ageri da Puiu Nafarroako herrien zerrenda ezagunean.

1596. Liskarrean hasi ziren Santa Maria elizan Graciana Mendia izeneko andere noblea eta herriko beste emakume talde bat. Antza denez hauetako bat, Catalina del Pueyo, atzealdeko bere eserlekutik altxa eta Gracianaren ondokora joan zen. Honek atzeratzeko eskatu zion, eserlekua berea zelakoan; baina Catalinak le respondio en bascuence que no quería, y que se bajase ella, que no era su asiento ni tenía que estar allí.

1596. Liskar handia altxatu zen Puiuko Martin Alzorriz eta Juanes Espartzaren artean, lehendabizikoaren etxeko atarian. Odolik ere izan zen. Martin Leozek ikusitakoa kontatu zuen: entre otras palabras que entre ellos decian y hablaban, oyo y comprendio este testigo que el dicho Juanes de Esparza, herido, decia al dicho Martin de Alzorriz en bascuence de esta manera: heure bician estuc trataçen falçuquerietan bayçe; que quiere decir: en vuestra vida no tratais sino en falsedad.

Pueyo 1596

‘heure bician estuc trataçen falçuquerietan bayçe’; Puiu, 1596.

1611. 75 urteko Martin Leozek gaztelania gutxi zekien. Martin Heneriz izeneko bat izan zuen lagun eta itzultzaile zenbait galderari erantzuteko unean por no saber bien romançe. Urte batzuk beranduago, izen bereko eta 65 urteko beste puiutar bati ere euskaratu egin behar izan zioten bere esanekin gaztelaniaz idatzitako agiria dandole a entender en su bascuense bulgar.

1627. 42 urtez Irunberriko apaiz  izandako Artariain lizentziatuak ablaba y entendía muy bien la lengoa bascongada, por ser natural del lugar del Pueyo, a donde la lengoa natural y hordinaria es el bascuençe.

1651. Iratxetako tabernan bikarioak eta beste lagun batek izandako ika-mikaren lekuko izan zen Martin Ozkariz puiutarra. Karta-jokoan ari zirela eztabaidan hasi ziren biak, baina Puiukoak ezin izan zituen elkarri esandakoak ulertu, gaztelaniaz aritu zirelako.

1662. Puiuko 8 biztanle (Julio Agoitz, Martin Aldunate, Pedro Irisarri, Joan Makirriain, Pedro Bon, Sebastian Iratxeta, Miguel Espinal eta Pedro Labiano, 25-71 urte bitartekoak) euskaraz mintzatu ziren haien adierazpenetan eta esan zutenaren erdal itzulpena azaldu behar izan zieten, ontzat eman zezaten.

1699. Puiuko bi lagun, Martin de Cicilia zirujaua eta Juan Apeztegia, lekuko izendatu zituzten alokatze bati buruzko auzi batean. Apeztegiak ezin izan zituen ulertu Cicilia zirujauak esandako zenbait gauza, porque habló en castellano y el testigo [Apeztegiak] no sabe dicha lengua. Hasiak ziren beraz zenbait herritar gaztelania ezagutzen; ez inola ere denak.

1714. Juan de Aoiz. 72 urte. Puiun jaio eta bizi zena. Oso gaizki moldatzen zen gaztelaniaz: entiende poco la lengua castellana, para ello le recivi juramento al dicho Joseph de Galisanz de que bien y fielmente declarara en lengua castellana lo que el testigo dijera en basquenze.

XVIII. m. 1748, 1756 eta 1758an, Iturengo eta Baztanaldeko hiru apaiz izan zituzten Puiun. Arraiozko Juan Antonio de Zozayak 1758an erretoretza utzi zuenean, Narbarten ibili zen apaiz. Ohiko ziren beraz bikario euskaldunak herrian.

Puiuko eliza

1859. Barasoaini buruz aritzean aipatu nuen Maria Angela Aldaz imoztarraren heriotzak Puiuri buruzko aski albiste deigarriak dakartza. Maiatzaren 19an hil zen Aldaz, Puiun, herri inguruan eskean ibili ostean. Hainbat pertsonak deklaratu behar izan zuten heriotzaren eta hildakoaren nondik norakoak argitu asmoz hasitako prozesuan. Galdeketen ondorioz garbi gelditu zenez, 53 urteko Maria Angela Aldazek ez zekien ongi gaztelaniaz [debia ser vascongada segun su modo de hablar y rezar en esa lengua…como no se esplicase bien en castellano…]; 18 urteko semea, aldiz, euskaldun hutsa zen, eta Tafallako epaitegira bertaraturik ez zen erdaraz deklaratzeko gauza izan. Hartara, Aldaz Puiun hil aurreko orduetan emakumearekin hitz egin zutelako lekukotasunik onena eman ahal izan zutenak, egun haietan herrian zeuden zenbait euskaldun izan ziren. Elgetako bi hargin, esate baterako, euskaraz mintzatu ziren eskalearekin. Barasoaingo Francisco Ugarte ere bai, aurreko sarrera hartan aipatu nuen bezala. Baina baita Puiun bizi ziren bi pertsona ere.

Emeteria Oses izan zen horietako bat. 60 urtekoa zen; XIX. mendearekin jaioa, beraz. Puiun bizi zen eta jaiotzaz ere puiutarra zela ematen du: herrian bertan 1821ean ezkondutako Emeteria Oses bera izango da, noski. Prozesuan adierazi zenez, Aldazekin aritu zen solasean, Imozkoa etxeko atarian agertuta. Hizketaldi laburra izan zuten, baina beste orbaibartar batzuk (Barasoaingo Cipriano Navaz. adibidez) ez ziren Aldazekin moldatzeko ere gauza izan eta euskaldun baten laguntza behar izan zuten. 1800 inguruan jaiotako Emeteria Oses puiutarra euskalduna izan zitekeela pentsatzea ez zait arinkeria iruditzen.

Herriaren euskarazko izena agerian da berriz, idatzizko mezuetan bada ere.

Fernando Argonz Salinasek ere euskaraz hitz egin zuen hildako anderearekin: encontró en una de las calles de este pueblo echada en el suelo a una mujer (…) y habiendole dirijido en bascuenze algunas preguntas (…) se dirijio a su casa el declarante. Agirien arabera, Argonz Puiukoa zen eta 16 urte baino ez zituen. 1842-43an jaiotako euskaldun puiutar bat? Ez litzateke nolanahiko albistea. Merezi du zertxobait gehiago jakiten saiatzea, eta oso interesgarriak dira Puiuko Santa Maria Elizako artxiboak aztergai honen inguruan gordetako zenbait datu: Manuel Argonz eta María Salinas gurasoak Puiun bertan ezkondu ziren 1843ko urtarrilean. Parroki agirien arabera puiutarra zen ama (1824an jaioa, nonbait); eta Otsagikoa, berriz, aita, 1821ean sortua. Emaztearen herrira ezkondu eta harekin beste seme bat behintzat izan zuen otsagiarrak Puiun: Jose Regino Argonz, 1844ko irailean jaio zena. Zoritxarrez, ez dut Fernando semearen bataio-agiririk topatu. Nolanahi ere den, anaia bat behintzat Puiun jaioa eta bestea euskalduna zela agiri bidez frogatuta egonik, biak ere hala izango zirela pentsatzea da logikoena. Aita zaraitzuarra ere euskaraz mintzatuko zen; ez du ematen zalantzan jartzekoa denik.

1840-45 inguruan Puiun jaiotako bi gaztetxo haiek euskaldunak zirela antzemate hutsak zenbait hausnarketa eragin dezake. Arrazoi nahikoa al litzateke XIX. mendean Otsagiko aita baten euskalduntasuna, Puiura ezkonduta, inguru hartan semeei euskaraz irakasteko, herria zeharo erdaldunduta egonez gero? Aitarekin soilik mintzatuta izango ziren euskaldun gazte haiek? Edota 1820 inguruan jaiotako ama puiutarra ere euskalduna izango zela onartu behar dugu? Eta hala izatera, erabateko salbuespena izango al zen emakume hura (eta sendi osoa) orduko Puiun? Zein euskara transmititu bide zen arronztarren etxean XIX. mende erdialdean: Zaraitzukoa? Puiukoa? Bien nahastea…?

Puiu1863. Bonaparteren ikerketen osteko mapak euskararen eremutik kanpo utzi zuen Puiu; muga-mugan -alboko Barasoain eta Garinoain baitziren mapako azken herri euskaldunak- baina kanpoan. Sarritan aipatu dut blog honetan euskara zeharo apaldurik baina bizirik zuten herri asko printzeak mapatik aterarazi zituelako susmoa. Susmo horren arabera egon zitezkeen oraindik adineko euskaldun zenbait Puiun 1860ko hamarkadan. Baina 1859ko lekukotasuna eta hark eragindako galderak egokiak balira, urte haietan Puiun adineko euskaldun gutxi batzuk baino gehixeago ere aurki zitekeela onartu beharko litzateke agian. XX. mendeak ekarri zuen Orbaibarren euskara berreskuratu nahiaren hasiera; bertakoaren erabateko galera ere mende horretan bertan gauzatu ote?

El Pueyo, villa situada apenas a cinco kilómetros de Tafalla, ofrece abundantes testimonios de la pervivencia durante siglos del euskera, y nos permite al mismo tiempo albergar una cierta sospecha de que el habla vasca del Valle de Orba bien pudo haber subsistido hasta épocas más tardías que las que la mera contemplación del mapa de Bonaparte sugeriría. En la parte final de esta entrada del blog me hago eco del testimonio recogido por Fernando Maiora según el cual el joven puiutarra Fernando Argonz, de unos 16 años allá por 1859, pudo comunicarse en euskera con una vecina vascongada del valle de Imoz que llegó a Pueyo pidiendo limosna y posteriormente falleció en la localidad en circunstancias poco claras. Los archivos parecen confirmar que el joven no era un simple vecino de Pueyo, sino que era natural de la localidad, al igual que su madre, en tanto que el padre era salacenco. Los datos quedan sujetos a interpretaciones, pero en mi opinión no permiten descartar la posibilidad de que existieran en mayor o menor medida, avanzado ya el siglo XIX, habitantes de Orbaibar que hubieran mantenido siquiera en parte la transmisión del euskera propio de la comarca.


Euskararen lekukoak: BARASOAIN

Mapa Barasoain

Barasoain aipatzearekin aurreneko aldiz ekarriko dut Orbaibar blogaren txoko honetara; euskararen historiari begiratuz gero emankorra eta interes handikoa da eskualdea. Artaxoarekin eta Tafallarekin hirukia osatzen duen Barásoain, gaztelaniazko izendapen ofizialean ere saiatu da aldentzen oinarrian latinezko –anus omen duten herriak izendatzerakoan erdaldun zenbaitek darabilen -aín trakets horretatik. Kasu honetan, gaztelaniaz hobetsi den formak hurbil ditu mende askotan zehar euskaraz mintzatu izan ziren barasoaindar haiek. Tafalla horren hurbil zuten barasoaindarrek berandura arte eutsi zioten euskarari. Martin Azpilikueta sonatuaren XVI, mendeak lekukotasun ugari utzi dizkigu, baina bada askoz berankorragorik ere.  Hona hemen adibide sortatxoa, asko eta asko blogean dagoeneko aipatu dudan Fernando Maiora ikerleak iluntasunetik aterata:

Martin_Azpilicueta

Martin Azpilikueta, barasoaindar jakintsua.

1554. Barasoaingo Cathelina Subiza, aitzurra hartuta, bere amaren etxeko pareta bat puskatzen hasi zelarik, ama bertara hurbildu eta euskaraz hasi zitzaion: aquella le dixo en bascuençe a la dicha Catelina, buen peon andas esta mañana, que buena priesa te das…

1558. Berrogei urteko Pedro Beuntza barasoaindarrari euskarara itzuli behar izan zioten hark deklaratutakoa, ados zegoen ala ez esan ahal izateko.

1565. Beatriz Tiebas eta Violante Ximenez andere barasoaindarrak irainka aritu ziren. Lekukoek adierazi zutenez, andurrcarra, que quiere dezir mala vieja, edota andurr probatua bezalakoak esan zizkioten elkarri.

1568. Barasoaingo errementari batzuek euskaraz ari zirelarik egin zioten eraso bezero bati, lana ordaintzerakoan sortutako ika-mika baten ondoren.

1577. 70 urte pasatxoko Catalina Arraiz barasoaindarrari euskaraz azaldu zioten hark adierazitakoa entzun eta gero eskribauak gaztelaniaz idatzi zuena.

1584. Barasoaingo errotara heldu beharreko ura bidean galtzen zela-eta, borrokan hasi ziren abuztuko iluntze batean Joan Armendariz errotaria eta herritar batzuk. Lekuko batek errotariaren euskarazko oihuak entzun zituen gainerakoak kolpeka hasi zitzaizkionean. Armendariz sendatu zuen zirujauaren esanetan, liskarra hasi aurretik batzuek eta besteek izandako hizketaldi garratza ere euskaraz izan zen.

1587. Gasteizko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendan, bascongado izenburua duen herri multzo barruan ageri da Barasoain ere.

Barasoain Azpilikueta

Azpilikueta sendiaren jauregia, Barasoainen

1593. Lihoa ureztatzeko sortutako ubidetxo baten erruz muturka hasi ziren Barasoaingo zenbait lurjabe. Istilurik handiena Joanes Aldunate ubidegilearen eta Joanes Olkozen artekoa izan omen zen. Hainbat lekukok azaldu zuten ikusitakoa auzian. Aldunatek eroa esan zion Olkozi makilaka erabiltzearekin batera. Bultza ere egin omen zion (dio al dicho Joanes de Olcoz con las manos un bulco) eta esterju çarra goaye arat oihukatu. Esterju hitzak ‘corto de vista‘ esan nahi omen du. Olkozen emazteak bere senarrari ‘esperjuro‘ deitu izana (zitala, deabruak hartua) leporatu zion Aldunateri. Honek ezetz erantzun zion: no he dicho yo tal, mi luçe çarra bayce esterju çarra.

1594. Barasoaingo Sabat Ioldik ez zekien gaztelaniaz. Deklarazioa hartu zion komisariak euskaraz ongi ez zekienez itzultzailea behar izan zuen.

1595. Gauza bera gertatu zitzaion Joana Orzaitz alargunari.

1600. Andurr çarra, que quiere decir mala mujer, esan omen zion Maria Zuarrondok Teresa de Alegria errainari.

1604. Deklarazioa euskaraz ulertarazi behar izan zioten Remiro de Monreal izeneko bati. Barasoainen bizi zen. Halaxe Joana Leozi eta Maria Buzunarizi ere.

1615. Antzeko egoera batean, euskarara itzuli zieten deklarazioaren erdal testua hainbat orbaibartarri. Haien artekoa zen Joanes Sola, natural y havitante en el dicho lugar de Varasoayn.

1629. Barasaoaingo hainbat biztanleri en lengua basconil eman zien aditzera eskribauak eskritura batek zioena.

1660. Joan Dicastillo eta Pedro Santestebanen arteko liskarra izan zen uda partean, San Bartolomeren ohorezko jai egunetan, biak zezenak ikustera joanik. Makila batez jo zuen Santestebanek Dicastillo, eta jipoitutakoa ezpata hartuta itzuli zen beranduago. Istilu hauen ondorioz hil egin zen Dicastillo, eta Barasoainen bizi zen lekuko zerrenda luzea deitu zuten prozesuan. Deklaratutakoa euskaratu behar izan zieten. Haietako bat behintzat Barasoainen jaioa zen: 53 urteko Joan Ancil laboraria.

1694. Barasoaingo alkate Simon Olkoz eta Jaime de la Puente gaitajolearen arteko auzian, herriko lekuko batek ezin izan zituen azaldu alkatearen emazteak musikariari esandako hitzak, por hablarlas en castellano. Bazen beraz gaztelania erabiltzeko gai zen barasoaindarrik ere.

1708. Inor aitonen seme izateari buruzko ikerketa batean, a varias personas notables (herriko apaiza tarteko) gaztelaniaz galdetu ostean, herritar baten laguntzaz galdetu zieten beste lau bizilaguni, viendo que hay muchas personas que no saben ni entienden mas que el idioma Basquence. Gaztelania bazekienik bazen beraz herrian; baina gutxiengo izanik oraindik.

Barasoaingo enparantza

Barasoaingo enparantza

1714. Que los hijos de la Valdorba hablan su lengua, el bascuence, idatzi zuen Francisco Elorza Barasoaingo abadeak bere nobiliarioan.

1744. Barasoaingo Udal Artxiboan bilduta dagoenez, derrigorrez jakin behar zuten euskara herrian parroko lana beteko zutenek para la buena direccion de la feligresia. 

1753. Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboko agiri baten arabera, egoera ez zen aldatu: Barasoaingo abade izan nahi zuenak, eliza-gaietan trebe zela ez ezik, derrigorrezkoa zuen agertzea la suficiencia en el idioma bascongado por ser natibo dicho idioma de los de esta villa.

1749-1764. Urte haietan Lazaro Baigorri barasoaindarra izan zen Agoizko apaiz, herritarrek aukeratuta. Mende osoan zehar euskaldun izatea derrigorrezko baldintza izan zen Agoitzen bikario aritzeko.

1772. Besollako jaunak barasoaindar bat hautatu zuen haren esanetan euskaldun huts zen Bariaingo erretoretzarako.

XIX. mende hasiera. Herri erdalduntzat hartu zuten auzitegietako datu-biltzaileak bidaltzeari zegokionez. Argi dago, ordea, euskaraduna zela oraindik ere Barasoain, eta hainbat urte beranduago emandako lekukotasunei begira, gazte, eta are haur euskaldunak ere bazirela pentsa daiteke.

1828. Urte hartako prozesu baten arabera Leon Echaide txokolategilea, Martin Antonio Navarlaz eta Antonio Berrueta arotza hizketan aritu ziren Barasoainen, herrian izandako gertaera bat hizpide hartuta. Solasa gaztelaniaz izan zen, baina Echaidek esan zuenez Berruetaren erdara ez zen oso ongi ulertzeko modukoa: el dicho Berrueta como es de idioma bascongado abla el castellano en terminos que muchas de sus expresiones no puede comprender  con aquel sentido cual corresponde. Prozesuan ez omen da ageri Berrueta arotza barasoaindarra zen ala ez. Nolanahi ere, Orbaibarren (Leotzen, hain zuzen) bazen Berrueta abizenekorik XIX. mende hasieran.

1831. Josefa San Martin euskaraz hasi zitzaion hizketan Jose Vidaurreri, eta honek bidali egin zuen, ez baitzuen euskararik ulertzen. Zaila da berriro ere albistea zehaztasun erabatekoz interpretatzea, datuak falta direlako. Bistan da nolanahi ere Barasoainen euskaraz entzun egiten zela, eta ez zela herriko guztien hizkuntza. Vidaurre laboraria zen, 32 urtekoa eta aita zein anaia ere herrian bizi ziren. Emaztea, Martina Sarriguren, orbaibartarra zela pentsa daiteke; 1804an Amatriainen bataiatutako Juana Martina Sarriguren bat behintzat bada. Oso litekeen gauza da beraz Jose Vidaurre erdalduna barasoaindarra edo inguru hurbilekoa izatea. Josefa San Martin euskalduna barasoaindarra izango al zen? Ez dakit. Galarren, Eguesen edo Arakilen bada garai hartan izen horrekin jaiotakorik.

1859. Maiatzaren 19an  hilda topatu zuten Puiun 53 urteko Maria Angela Aldaz; kanpotarra zen, eta eskale ibili omen zen inguruan, burua galdu samartuta, hil aurretik. Heriotzak eta hildakoa nongoa ote zen jakiteko ahaleginek xehetasun interesgarriz betetako prozesu luzea eragin zuten; besteak beste, Aldaz Erasoko imoztarra zelako eta euskaraz aritu zelako herrian barrena hil aurretik; jakin ere, ez zekien ongi gaztelaniaz (como no se esplicase bien en castellano, adierazi zuen lekuko batek).

Batetik, hainbat datuk iradokitzen dute euskara ez zela ordurako nagusi inguru hartan. Lekuko batzuek ez zuten ulertu emakumearen hitzik: batzuk ez ziren eskualdekoak izango (Agapito Gainza peoia, esaterako, Iguzkizan jaioa zen seguru asko), baina beste horrenbeste gertatu zitzaion Barasoainen bizi zen 36 urteko Cipriano Navazi ere. Honek euskaldun baten laguntza eskatu behar izan zuen emakumea gaztelaniaz trakets hasi zitzaionean. Ez dakit ordea Navaz jatorriz barasoaindarra ote zen.

Baina bada bestelako arrasto deigarririk ere: Navazi lagundu eta Imozko emakumearekin euskaraz hasi zen pertsona ere Barasoainen bizi zen; 30 urte zituen eta Francisco Ugarte zuen izena. Non jaioko zen? Non ikasiko zuen euskaraz gazte samarra zen Ugarte honek? 1829an Puiun Francisco Ugalde izeneko bat jaio zela jakinda, tentagarria da biak bat izan ote ziren susmatzea. Tentagarria, baina zaila; ezin da halakorik ziurtatu.

1859ko gertakizunak iradokitzen duena honako hau izan daiteke: bazen noski orduko Barasoain hartan euskararik ez zekienik; baina bazekienik ere bai.

1863. Euskara oraindik galdu ez zuen lurraldearen azken muturrean irudikatu zuen Bonapartek Barasoain, ondoko Garinoain herriarekin batera. Apirilaren 9an Etxenikeri idatzitako gutunean bi aldiz adierazi zuen Barasoainen ez zela euskaraz hitz egiten: ‘Vous avez parfaitement raison quand vous dites qu’à Barasoain et à Unzue on ne parle pas basque’ (…) ‘Barasoain et de Unzué où le basque n’est pas parlé’. Ez hitz egiteak ez du esan nahi euskaraz zekien inor ez zegoenik, jakina. Are gehiago printzeak, mapan, Barasoain euskararen eremuaren barrenean utzi zuela ikusirik. Adineko batzuek gordetako hizkuntza baino ez zen izango ordurako.

1884an antzeko aipamena egin zuen Campionek bere Gramática-n. Euskaldunik ere bazuen herrien zerrendan sartu zuen Barasoain, baina Bonaparteren zerrenda kopiatu besterik ez zuen egin. Ezin jakin Barasoaingo euskarak oraindik inoren gogoan iraungo ote zuen. Nolanahi ere, balizko azken hiztun horiek  XIX. mendearekin batera desagertuko ziren noski.

Aipamen zerrenda luze honek ez lituzke baztertu beharko historiak utzi dizkigun Barasoaingo eta inguruko hamaikatxo ezizen euskaldun: Orbaibarko antzinako testuak gaztelania hutsean edo euskararen aipamenik gabe mintzo direnean ere etengabea da testu haietan islatuta dauden gizon-emakumeen euskal gaitzizen jarioa: Urdin, Chipia, Moça, Ezcomberria, Juan Zar, Belcha, Ezquer, Gaztea, Viurria, Mayzterra, Carrica, Arçay… 

Nafarroako udalerriak BarasoainBarásoain, apenas a tiro de piedra de la ciudad de Tafalla, conservó durante largos siglos -como todo el Valle de Orba- el euskera en el que descubrimos comunicándose a sus habitantes desde que los testimonios más antiguos dan noticia. El entorno en el que el futuro ‘Doctor Navarro’, Martín de Azpilicueta, dio sus primeros pasos, fue así vascoparlante como tantos y tantos otros de la Navarra Media. Como en muchísimos lugares del Reino, apenas unas pocas frases exhumadas de diferentes archivos dan reflejo directo, pálido pero insoslayable (a falta hasta hoy día de textos de mayor extensión) del euskera en el que los barasoaindarras vivieron, discutieron y se relacionaron hasta el siglo XIX. Los últimos depositarios del habla vasca de la localidad se extinguieron a buen seguro durante las últimas décadas de dicha centuria.

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko urria
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1
    2345678
    9101112131415
    16171819202122
    23242526272829
    3031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu