Tag: Oteitza

Lizarra hegoaldeko euskara dela eta

 

Legaria, gaur egun (argazkia: www.lebrelblanco.com).

Sarrera honen abiapuntua, Joseba Lizeaga Rika irakasleak Legariako toponimia gaitzat hartuta sortu duen webgunea (legaria.eus) ezagutzea izan zen; horrek eragin zuen gaur hona ekarritakoa. Lizeagaren bilaketa lana hedatzearekin batera (mila esker hari egindako ahaleginagatik, hemen aipatzen uzteagatik eta sarrera honen edukia hobetzeko egin dizkidan oharrengatik; akatsak nireak besterik ez dira), Lizarra inguruaz aritzeko aukera egokia iruditu zait. Nolanahi ere, Lizarrerriko euskararen iraupenaz edo balizko muga zaharrez gehiago jakin nahi duenarentzat bada sarean adituen ikerlan aski interesgarririk; esate baterako, Josemari Satrustegiren artikulu hau, Andres Iñigoren hau edota (orokorragoa bada ere) Patxi Salaberrik idatzitako beste hau.

Lizarrerriko herri txikia da Legaria, 100 biztanle ingurukoa; ia lau aldiz gehiago ziren XX. mendearen hasieran. Antzin, Mendilibarri, Oko, Etaiu eta Piedramillera ditu mugakide. Lizarra hiriaren hego-mendebalean dago, hamabost bat kilometrotara, merinalde burua eta Araba lotzen dituen errepidetik hurbil eta Ega ibaiaren bazterrean.

Legariako euskararen galeraz eta iraupenaz

Aspaldi itzali zen legariarren berezko euskara, gaurko biztanleen oroimenak gogora ekar dezakeen edozein albiste baino askoz lehenago. Lekukotasun idatzirik eza erabatekoa da gainera: ez dugu ezagutzen Legariako euskaldunek sortutako antzinako testurik. Baina beste hainbat eskualdetan bezala toki-izenek dakarte, neurri batean sikiera, behinolako hizkuntza-egoeraren isla. Legariako toponimo batzuetan bizirik dago oraindik gorpuztu zituen euskararen oihartzuna; eta toponimo horien gaurko itxura duela hiru mendeko iturrietan zutenarekin erkatzean, egungo oihartzun apalago hori ahots ozen eta argi bihurturik datorkigu:

XX. mendearen amaiera XVIII. mendea
LA ARRARTIA (1993) ARRARTEA (1726)    [Arartea, 1554]
LA ZAMIGELA LAZAGIBELA (1713) [Olaçaguibela, 1581]
MURUKUTURRI MOKURUITURRI (1704)
ZALDUKIA ZALDUKIA (1704)      [Calduquia, 1597]
ZARIGUALDIA JAUREGI ALDEA (1713)

Bistakoa da guregana desitxuratuta iritsi diren leku-izen zenbaiten euskal eitea gardenagoa zela antzina; denboran atzerago eta gardenago.

1587ko zerrendaren araberako banaketa. Sortaldean agiriak Kaseda ingurua ‘bascongado’tzat jo zuen arren, orduko dokumentuei esker badakigu erdalduna zela (mapa: http://nabarlur.blogspot.com.es)

Euskalduntzat jo behar dugu beraz XVIII. mendeko Legaria arestiko Arrartea edota Lazagibela horien ondorioz? Bada, ez dut uste hala denik. Eremu batean euskara galdutakoan —beste edozein hizkuntzarekin gertatu ohi denez— ez da unean berean edo urte gutxitan kamustu toponimoen euskal itxura; denbora-tarte luzeagoa behar da, zenbait belaunaldi, hizkuntza atzendu duen gizataldeak hizkuntza horrek utzitako leku-izenen esanahia ere erabat ahatz dezan. Alegia, itxuraldatuta ez dauden XVIII. mendeko bost toponimo ez dira aski argudio sendoa, bestelako daturik gabe, idatziz jaso zituzten urteetan Legariako euskara bizirik zegoela ondorioztatzeko. Are nabarmenago testuinguru osoa azterturik: garai hartan dokumentatu ziren beste gune askoren izenetan erdara dabil batera eta bestera (Baldecalderon, El Carasol, Las Majadas. Mata Ambre, Piezasnuevas, El Portillo, Los Ribazos…). Gehienez ere, euskararen arrastoak garbiak bai, baina nagusi ez direla ikusirik, balizko hizkuntza-galera berri samarra zela eta XVIII. mendea baino askoz ere lehenago gertatu ez zela susma genezake, datu zehatzagoak izan bitartean.

Informazio-iturriak tentuz erabili behar dira beraz, norabide batean zein bestean. Horren erakusgarri da txoko honetan sarritan aipatu dudan dokumentu bat: Gasteizen topatutako Nafarroako herrien zerrenda (1587), gehienak bascongado izenburupean jasota daudenez orduko hizkuntza-egoeraren azterketarako baliagarri dena. Bascongado atal horretatik kanpo daude idazkian bai Legaria, bai Lizarrerri hegoaldeko herri guztiak, Lizarra bera barne (ikus azpiko irudia). Baina zerrenda horri begira XVI. mendearen hondarreko legariarrek euskararik jakingo ez zutela pentsatu aurretik komeni da kontuan hartzea ordu hartako iturri guztietan bascongado hitzak ez zuela euskal hiztuna izendatzen, euskal hiztun hutsa baizik: euskaraz besterik ez zekiena, alegia. Irudiko marra urdinaren iparraldean euskara hizkuntza nagusi eta ia bakarra zela susmaraz diezaguke horrek; ez nahitaez marraz beheiti euskararik ez zegoela. Lizeagak berak aztertu duen 1597ko dokumentu batek, esaterako, ez du euskararen ezagutzari dagokionean alderik adierazten Lokiz mendilerro inguruko bost eskualdeen artean (Lana ibarra, Allin, Ameskoabarrena, Antzin eta Murieta; azken biak 1587ko mugaz bestaldekoak). Argi dago garai hartako gainerako lekukotasun guztiak aztertu behar direla ikuspegi aberats eta orokorragoaren bila.

Marra urdinak 1587ko dokumentuak ‘euskalduntzat’ jotako herrien muga adierazten du. Berdez azpimarratuta daude ‘bascongado’ atalean aipatu zirenak, eta gorriz atal horretatik kanpo agertutakoak.

Horrenbestez, ausartegia litzateke toponimo multzo ttipi bati interesez begiratu eta horren argitan XVIII. mendeko Legaria euskalduna irudikatzea; eta baita idazki bakar bat testuingurutik kanpo baliatu eta XVI. menderako erdaldundutako herria zela uste izatea ere. Ematen du erdibidean topatu behar dela arrazoia.

Topatzeko, ordea, datu guztiak bistaratu beharra dago, eta ezinbestean arakatu behar dira eskura ditugun agiri zahar guztiak iturrietara jota. Bilaketa-lan horretan ari da Joseba Lizeaga, artxibategiak miatuz, emaitzak aipatu webgunean zintzilikatuz, eta Legariako leku-izenei zenbait une historikotan zerien euskaltasuna denon aurrean jarriz.

Orain arte eginiko ikerketa-lanean oinarrituta, Lizeagak uste du 1587ko iturriak irudikatu mugaren euskal aldean zein erdaldunean bazirela elebidunak ere, edota ‘aurkako elebakarrak’ (esan nahi baita, erdaldun elebakarrak eremu bascongadoan eta alderantzizkoak). Alegia, ez zegoela batere malgutasunik gabeko hizkuntza-muga estankorik; egokiagoa dela egoera linguistikoa azkar aldatzen zeneko zonalde batez hitz egitea. Azkar, baina ez bat-batean eta ezein trantsiziorik gabe. Zentzuzko baieztapena ematen du, sarrera honetan zehar agertuko diren lekukotasunen argitan. Nahiz eta bistakoa izan Nafarroa erdialdeko euskal toponimian badela halako mozketa bortitz bat, eta eten horrek argi bereizi ohi dituela euskarari berandura arte eutsi zioten eremuak, eta oso aspalditik erdaldunduak zirenak —Mikel Belaskok erakutsi duenez, Lizarrerriari dagokionean Lana-Arroitz-Oteitza lerroa litzateke euskarazko leku-izen sarrien azken portua—, logikoa litzateke toponimiari esker antzemandako muga linguistiko hori praktikan erabat zurruna ez izatea, hizkuntza ezberdineko giza talde mugakideek nahitaez komunikatu beharra zutelako, besteak beste.

Lizeagaren webgunean sartzeko, egin klik irudian.

Joseba Lizeagaren ustez Leartza, Etaiu, Oko, Legaria bera eta Antzin izan bide ziren luzaroan eskualde hartan euskararen hondar mugak, eta bizilagun erdaldun(ago)ak Los Arcos, Sorlada, Piedramillera, Mendaza eta Acedo. Bi eremuon arteko orekak XVI. mendera arte edo egonkor iraungo zuelakoan dago.

Aldez aurretik aditua ez dela eta horrek dakarzkion mugak aitortuta, 1500etik aurrerako material ugari bildu du Lizeagak webgunean, emaitzarik zaharrenak 1531koak direlarik. Aurkitutako leku-izenak are antzinatasun handiagoko beste zenbaitekin erkatzen saiatu da, eta baita gaur egungoekin ere; aldi berean, biluztutako toponimoak dagokien erliebearekin lotzeko ahalegina egin du. Interpretazio lanari lotu zaio halaber, baina ezeren aurretik dituen mugak zintzotasunez onartuz, esan bezala. Eskertu beharrekoa iruditzen zait jarrera hori. Lizeagaren iritziak eskura daude, nahi duenak onar nahiz diskuti ditzan; baina, horren trukean, ikusgai dago egin duen ekarpena ere.

Legaria euskaradun XVI. mendean

1587ko zerrendak  bascongadotzat jo ez zuen Legariako 1600era bitarteko toponimoen uztak ez du zalantza handirik eragiten: leku-izen euskaldunen nagusitasuna erabatekoa da. Hona hemen Lizeagak bildutako batzuk (beste hainbat irakur ditzake webgunean hala nahi duenak): Arradoy çabala, Veçabala, Mendiferra, Amar ylcaurra, Leçegorrja, Olateguja, Ochateguivarrena, Mendigalbarr, Ahotegujvarrena, Aranvelça (1532); Yluçea, Apariçaygayna (1538); Yribe, Hudategorria, Arartea, Artebelça, Guibela (1554); Lyçarreta, Herbea, Gobarabidea, Hugaldea, Ayzturquieta (1581); Uçarabiribilla, Ucalaca (< eu(n)tze latza?) (1597)…

Legariako jauretxea herriko jauntxoena izan zen antzina (argazkia: www. navarchivo.com).

Aipatzekoa da batzarre hitzaren agerpena ere: estando los vezinos del dicho lugar de legaria juntados en baçarre (1537).

Legariako lekukotasun zuzenagoak eskura izatea oso eskertzekoa litzatekeen arren, ez da neke, leku-izenen euskaltasuna zenbaterainokoa den ikusita, oraindik ere euskarari eusten ari zitzaion inguru bati dagozkiola imajinatzea.

XVII. mendea hastearekin batera, aurreko gizaldian hain nabarmena izan zen euskal toponimoen nagusitasunaren ordez, jokabide nahasiagoa hasi zen islatzen idazkietan. Ordurako erdalduna(goa?) zatekeen eta askoz lehenagotik toponimia erdalduna zuen Mendaza herriko notarioak 1606an idatzi testu batean ausarki ageri dira erdal itxurako toponimo legariarrak euskarazkoekin batera (olaçaguibela, yribia, yguraymendia, erburua, rodigaña, cobra bidea vs junto al palacio, bal de calderon, piezas nuevas, entre los ribazos); baina Mendazan ez, baizik eta Legarian bertan, kontzejuak eraginda sortutako idazki berankorrago batean (1630) ia erabatekoa da ostera ere euskarazkoen nagusitasuna (arçubitoa, çalduquiagoyena, articomendia, erburu,  yguraymendia, olaçaguibela).

Hortik aurrerako iturrietan etenik gabe bihurtu zen sakonagoa gaztelaniaren arrastoa, eta neurri berean apalagoa euskararena. XVIII. menderako, lehen esan legez, gehiengo ziren erromantzez emaniko leku-izenak. Baina ikusi bezala XVII.aren bigarren laurdenean nagusi ez ezik garden ere lekukotu ziren oraindik euskarazkoak; erdal toponimoak tarteka lagun zituztela, denboraren joanean hizkuntza-aldaketa eragin zuen ukipena sendoa bihurtu zela iragarriz, baina euskararen guztizko desagerpena aditzera eman lezakeen toponimo zaharren desitxuraketarik gabe.

Urbiola (argazkia: www.jorgetutor.com).

Pentsa liteke, laburtuz, XVII. mendeak aurrera egin ahala erdararen arrastoa geroago eta sakontzenago ari zela Ega ugaldearen bazterretan; baina, horrekin batera, 1600 inguruko Legaria ez zela euskara galdutako herria, ezta hurrik eman ere.

Leku-izenetatik idazki ofizialetara: Urbiolako eliz agindua

Ez Legaria bakarrik; hego-ekialdean hurbil dagoen Urbiola ere ez. Bertakoa da Lizarrerri hegoaldeko euskarak urte haietan utzitako lekukotasunik nabarmenena. Ezaguna izan arren ez da gaur arte gehiegi hedatu XVII. mendearen atarian, 1600eko urrian, Iguzkitza udalerriko herriska hartan Antonio Zapata gotzainak eman zuen manua:

Urbiolako agindua (1600): “en romance y bascuence explicitamente…”

“Yten que el Vicario que es y fuere los domingos y fiestas de guardar al tiempo del offertorio enseñe solamente dos palabras dela doctrina xtiana y quatro oraciones dela ygl[es]ia en romance y bascuence y explicitam[en]te para que la entiendan y deprendan como son obligados…” 

(Urbiolako kontu-liburua, 97. folioa V, 1600-X-26, abade Luis Sanz zelarik; mila esker José Javier de Antoniori, agiriaren kopia helarazteagatik).

Felipe de Obregon izan zen 1600eko udazkeneko egun hartan gotzainaren partez Lizarrerriko Urbiolaraino joan eta agindua eman zuena. Obregon ez zen hutsaren hurrengo mandataria:  Gotzaitegiko bisitadore nagusia zen, Nafarroako eskualde ugaritan goiti eta beheiti ibilitakoa, eta badakigu Elizaren aginduak betearazterakoan zorroztasun osoz jokatzen zuela; hona, konparazione, zenbait emaztekik jantzitako buru-zapiak zirela eta otsail hartan bertan Lesakan hartutako erabakia:

“por ser figura indecente y scandalosa se manda a las dichas mujeres so pena de excomunion desde aqui a veinte dias de este mes se le quiten cada una a lo menos no entren con ella en la Iglesia y se pongan otra manera de tocados como las demas”

Obregon bezalako bisitari zorrotzak nekez aginduko zuen Urbiolan euskara ere erabil zedila Elizaren zereginetarako beharrezkoa ez izatera. Zarrakaztelun, esaterako, hilabete eskas lehenago, oso bestelako agindua eman zuen:

“(…) enseñe solamente dos palabras de la doctrina cristiana y cuatro oraciones de la iglesia en romance y explicitamente para que la entiendan…” (1600eko irailak 8).

Antonio Zapata y Cisneros 1596 eta 1600 bitartean izan zen Iruñeko gotzain (argazkia: https://es. wikipedia.org).

Zarrakaztelun euskararik behar ez zela bezain argi salatzen dute lekukotasunok Urbiolako egoera oso bestelakoa zela. Iguzkitzako herriskan ezinbestekoa zen nonbait, kristau doktrina eta otoitzak zenbait eliztarri helarazteko. Urbiola ez zen erdalduna 1600ean. Erdaraduna bai seguru asko, hein batean edo bestean, baina erdalduna ez. Izango zen bertan erromantzez molda zitekeenik, hortik erromantzea ere baliatzeko agindua. Baina euskara erabiltzekoa ere eman zen, hizkuntza hura baizik ulertzen ez zutenak baziren seinale; eta ez gutxi, ziurrenik.

Izango al zuen Urbiola inguruko hizkuntza-egoerak inolako antzik ongi asko dokumentatua dagoen beste batekin, urte haietan bertan Zaraitzuko Uskartze inguruan bizi zutenarekin, alegia? Zaraitzu ibarreko Uskartze euskalduna hizkuntza-muga sakon baten ertzean zegoen 1605ean, eta ondoko Ustaizen (hiru kilometro besterik ez baina mugarri horren beste aldean) erdaldun hutsak ziren; horrenbesteraino, non Uskartzeko hainbat biztanlek ezinbestekoa baitzuten nola-halako gaztelania behintzat ezagutzea, auzo erromantzedunekin harremanik izango bazuten. Urbiolatik gertu ere bazirenez aspaldi eta sakon erromantzatutako herriak, euskara zeharo arrotz zuketenak (Los Arcos ingurua gutxienez) baliteke XVII. mendearen hasieran Urbiolan ezagutzen zuten gaztelania, hein batean behintzat, eremu erdaldun hurbil harekiko harreman beharrak berak eragindakoa izatea. Hizkuntza-etena horrenbesterainokoa ote zen baieztatzeko daturik ez dut ezagutzen, baina 1600eko Urbiola euskalduna zela testu idatziek ziurtatzen dute. Eta ez du iduri Legariakoen egoera oso bestelakoa izan zitekeenik.

Erromantzea eta euskara: Lizarra hegoaldeko hizkuntzen paisaia 1600 urte inguruan

Zufia 2011n (irudia: www.panoramio.com).

Urbiolako eliz manuak agerian jarritakoa Legariako toponimiak iradokitakoa indartzera dator: alegia, 1587ko agiriko herri bascongadoen zerrendak ez digula balio ordu hartan Lizarrerrian euskarak zuen hondar muga finkatzeko; euskara ez zen idazki hark ‘euskalduntzat’ jotako herrietara mugatzen. Lizarra inguruari dagokionean behintzat, bazegoen euskararen eta erromantzearen arteko ukipen-eremua dokumentuak iradokitako mugaren inguruan, eta baita muga hartaz haraindi ere, 1600eko lekukotasunak erakutsi digun legez. Ikus ditzagun beste hainbat.

Bascongado izendatu zuten eremuak Lizarra bere baitan bildu ez, baina ia alderik alde inguratzen duenez, badira hiriburua baino pittin bat hegoalderago egonik ere XVI. mende amaierako zerrenda hark zeharo euskalduntzat hartu zituen herriak. Zufia da horietarik bat: aski lekukotasun ezaguna denez gogora ekarri besterik ez dut egingo 1550ean esandako ezkontitzak agertu zirela bertan (nic Diego de Çufia ematen drauçut neure fedea çuri Maria Miguel ez verce emazteric eguiteco…). Zufian bertan bizi ziren bai Maria Miguel bai Diego, hitz horiek elkarri emaniko bi gazteak. Sortalderago, Arandigoien eta Bilatorta ere bascongado esan zioten zonaldearen barruko ertzean zeuden. Lizarrako hego-ekialdean eta merinalde burutik legoa eskasera dagoen Deierriko herria da Arandigoien. XVI. mendearen bukaerako arandigoiendarren euskaltasuna zalantzan jartzerik ez dago: 1581ean gorabeherak izan zituzten, herrian bizi ez zen abadeak ordezko erdalduna utzi zuelako eta biztanle asko ez omen zirelako hura ulertzeko gauza. Hori gertatu zenean herritar gehienak Bilatortara joan ziren aitortzera; urte haietan bertan Lizarrako San Joan parrokian bikario zebilen Martinez lizentziatu bilatortarra euskalduna zen.

Hemeretzi urte beranduago (1600) ika-mika sortu zen berriro ere Arandigoienen Miguel Urra izeneko elizgizon batek bikario-postua eskuratu nahi izan zuenean, lekuko askoren esanetan ezin zelako euskararik gabe ardura hura hartu eta Urrak ez omen zuelako hizkuntza-eskakizuna behar bezala betetzen.

Gorabehera haietan inork ez zuen auzitan jarri Arandigoiengo biztanleak euskaldunak zirenik. Erdaraz ba ote zekiten (eta zenbatek) izan zen aztergai. 1600eko lekukoetako batek oso datu zehatza eman zuen: sakramentuak har zitzaketen 16 biztanleetatik lau baino ez bide ziren aise moldatzen gaztelaniaz.

Hagitz interesgarria da aztertzea Arandigoiengo euskaldunekin komunikatzeko arazoak zituzten elizgizon erdaldun(ago) haien jatorria. Ez ziren urrutikoak: Lizarrakoa bertakoa zen Urra, eta Arellanokoa 1581eko Mendoza batxiler erdalduna. Arellano ere Lizarraren hegoaldean dago, Jurramendiren hego-magalean.

Pello Etxanizek argitara emandako Lizarrako euskarari buruzko liburua.

Hori kontuan hartuta XVI. mendea azkentzean Arellano zeharo erdalduna zela ziurtatzea, ordea, arinkeria handia litzateke: berriro ere, datu bakar bati helduta ondorio orokorrak ateratzea. Arellanotik, oinez, ordubete pasatxo baino ez dago bai Urbiolara, bai Barbarinera ere. Aipatu hiru herriok hirukia sortzen dute Jurramendiren hego-mendebalean. 1600ean euskalduna zen Urbiola, lehen ikusi dugun gisan. Eta Barbarinen ere 1576an euskaraz mintzo zirela erakusten duen lekukotasuna dago, sorginkeriaren inguruko prozesu bati esker: Juana Lopezi alaba gaixotu eta hil zitzaionean, sorgintzat zuen herri bereko Juana Diaz jo zuen amak erruduntzat. Hildako alabaren aurrean negarrez ari zela Lopezek esandako hitzak ezagutzen ditugu, eskribauak, erdalduna agian, apur bat desitxuratuta jasotakoak: ay hene alaba, erraz galdua. Barren-barrenetik ateratako berba haiek euskaraz bota zituen Barbaringo andereak XVI. mendearen azken laurdenean.

Barbarindik sortalderantz bost kilometrora Deikaztelu dago. Ez da erraza zehazten noiz arte eutsi zioten deikazteluarrek euskarari. Gogoratu beharra dago, alde batetik, handik zetorrela 1990eko hamarkadan Pello Etxaniz irakaslearen eskuetara heldutako euskarazko sermoi bat, ustez 1805ekoa. Baina, berriro ere, testuinguru osoa aztertu beharra dago: nik dakidala ez da sermoiaren egiletasuna argitu, are gutxiago horrenbestez egile ezezagun horren jatorria, eta euskarazko dokumentu bat herri batean agertze hutsa ezin da herri horren euskaltasunaren frogatzat jo. Ongi dakigularik puska bat iparralderago, Allin ibarrean, euskararen atzerakada XVIII. mendean hasi zela (are lehenago Arbeitzan) eta XIX. mendean guztiz gauzatu, gaitza da onartzea 1805ean Deikaztelun euskarazko predikuak beharko zituztenik. Badakigu, bestetik, Manuel Garnica deikazteluarrak Itzagaondoa ibar euskalduneko Lizarragan bikario aritu nahi zuelarik (1793) azterketa pasa behar izan zuela zenbaterainoko euskara maila zuen erakusteko, eta honako hau izan zela erabakia: “…se halla en disp(osici)on de desempeñar su ministerio p(ar)a cuando llegue a celebrar…”. Garnica Itzagaondoan zerbitzatzeko gai ikusi zuten, baina Deikazteluko seme batek herri euskaldunean apaiz izendatzearren euskara-azterketa pasa behar izatea, Deikaztelu euskaldun izatearen froga argia baino gehiago, Garnicaren jatorriak euskarari zegokionean eragindako zalantzaren seinale dateke; eta baliteke ilundutako hitzek une horretan euskara ikasten ari zelarik betebeharrari ekiteko unerako prest egongo zenaren egoera islatzea. Bi lekukotasun horietan, laburbilduz, nik ez dut XVIII. mendearen amaierako Deikaztelu euskaradun jotzeko moduko froga sendorik ikusten; baina ez da zalantza handirik, orain arte erakutsitako testigantzen arabera, Barbarin edo Urbiolan bezalatsu biziko zela euskara han ere bi mende lehenago.

Arintzano, gaur egun. Aberingo baserria zen XIX. mendean eta 20 biztanle zituen.

Fernando Maiora nekaezinak Deikazteluko euskararen bizitasunaren lekuko gisa aipatu zuen labur-labur XVI. mendearen erdialdeko prozesu bat 2015eko Léxico autóctono histórico de Navarra liburuan (50. or.). Deikaztelukoa ez dakit, baina prozesu horretan iparralderago dauden Aberin herriari eta gaur upategi den Arintzano jaurerriari buruzko albiste interesgarria dago, gaur arte xehetasunak emanez hedatu ez dena. 1556an Aberingo Pedro Aldui preso zegoen eta hark eginiko krimenari buruzko ikerketa hasi zuten. Deikaztelun elkarrizketatutako lekukoetako bat Arintzanon zaindari zebilen Johannes Orcaiz (=Orzaitz) izan zen, 35 bat urteko gizasemea. Hona hemen Orzaitzen deklarazioaren pasarte bat (Nafarroako Artxibo Orokorra, 210772 prozesua, 282-283. or.):

“…estaba el dicho Pedro de Alduy acusado arrimado a una pared (…) como escondido y teniendo su lança tendida en la una mano y como le vieron alli entraron (…) y este testigo arremetio del con su lança, y el dicho Alduy se le puso en defension con la suya y hablando algo que este testigo no conprendio en Romançe…”

Horrenbestez Aberingo Alduik bazekien gaztelaniaz behintzat, baina Arintzanoko zaindariak ez. Prozesuan bai Aldui eta bai Orzaitz bezino izendatu zituzten, ez zutelarik adierazi bizi ziren herrietan bertan jaioak ziren ala ez; baina, edonola ere, badirudi Arintzanoko zaindari izateko ez zela erromantzerik behar XVI. mendean.

Urbiolako eta Barbaringo albisteek Jurramendi hegoaldeko euskararen oihartzuna dakarkiguten bezala, Arintzanoko lekukotasuna euskara mendiaren sortaldeko hegian ere duela lau mende eskas indarrean zela ari zaigu iradokitzen.

Oteitzako San Miguel eliza (argazkia: turismotierraestella.com)

Jurramendi ekialdean hau ere, baina Ega ibaiaz haratago, Oteitza dago. Hegoaldean Allo du, are sortalderago Mendigorria eta Larraga, euskarazko toponimiaz den bezainbatean orain arte aipatutako herriak baino oihartzun apalagokoak hirurak; beharbada aipagai dudan garaian euskararen bizitasunaren muga izan zen Oteitza. Euskara sasoiko zebilela dirudi edonola ere, nahiz eta hizkuntza bakarra ez izan. 1539an, ostatuan zerbitzari zebilen Catelina izeneko neska gaztearengana jo zuen Lizarrako Miguel Roldanek eta gizon bat lurrean erorita ikusi zuela jakinarazi zion; biak harengana joan, eta Catelinak —lurrean zena ezaguna izaki nonbait— ‘Joanot’ esan zion eta baita euskaraz galdegin ere ea zer gertatu zitzaion. Hizkuntza berean erantzun bide zion hil aurretik delako Joanot hark. Roldanek gertakaria nola azaldu zuen irakurrita, pentsa liteke lizarrarrak ere ulertu zuela Oteitzako neskatoak eta Joanotek elkarri esan ziotena.

70 urte beranduago (1609) bizirik zirauen euskarak Oteitzan, denek ez zekiten arren, eta herriko batzarretan bai euskara, bai erromantzea zerabiltzatela iduri du. 34 urteko Pedro Garcia de Sardoy herrian bizi zen, eta ez zen euskaraz aise moldatzen. Horregatik, ongi ulertzen ari omen zen batzarraren erdian Miguel Urbiolak hitza hartu eta argudioak euskaraz ematen hasi zenean, por decirlas en vascuence y este no saber la lengua muy bien, haria galtzen hasi zen Garcia de Sardoy. Gauza bera gertatu zitzaion ondoren Berlandino Urbiola izeneko beste herritar batek ere euskara baliatu zuelarik Miguel Urbiolari kontra egiteko. Beste hitz batzuk ulertu zituen ordea, eta hitzez hitz zituen gogoan: Miguelen seme Bertol Urbiolak aita defendatzeko esanikoak. Erromantzez esango zituen nonbait. Ematen du ika-mika hartan hizkuntza bat zein bestea gora eta behera ibili zituztela. Eta zuzena bada interpretatzea Bertol semeak erromantzea baliatu zuela euskaraz aritutako Miguel aitaren alde, ez da ezinezkoa hori belaunaldi gazteetan erdara gero eta gehiago indartzen hasi izanaren seinale izatea.

Labeaga 2004an (argazkia: www.euskomedia.org).

Jurramendiren sortaldeko hegian ez, baizik eta ipar-mendebalean, berriro ere Legariarantz hurbilduz, Iguzkitza udalerriko Labeaga herriska dago. Hantxe, XVI. mendearen hondarrean, beste leku askotan bezalako prozesua eragin zuen liskarra sortu zen, elizako eserleku jakin bat nori egokituko. Maiorak aipatu zuen estrainekoz Léxico autóctono histórico de Navarra liburuan (101. or.) hemen xehetasun gehiago emanez azaltzera noan prozesu hau. 1588ko egun batez Labeagako Martin Charles de Dallo elizan eserita zegoela herri bereko Joan de Dallo hurbildu zitzaion, tiraka eta bultzaka, han esertzeko eskubiderik ez zuela eta ez zuela. Istiluaren erdian Domingo de Oses agertu zen, Labeagako biztanlea hura ere, eta euskaraz hasi zitzaion Martin de Dallori handik altxatzeko esanez. Lekukoetako bat Martin de Lana izan zen; Labeagan bizi zen, aurreko guztiak bezala, eta 35 bat urte zituen. Dena ikusi zuen, baina ez omen zen Osesek esandakoa ulertzeko gauza izan (Nafarroako Artxibo Orokorra, 199462 prozesua, 9. or.):

“…ansi el tercero dia de pascoa de nabidad proximo pasado a lo que quisieran entrar en misa popular llego este testigo a la iglesia y bio que abia alboroto y fue alla y bio que Joan de Dallo acusado trababa del braço a Martin de Dallo quexante y le daba empentones y con mucha colera y alteracion le tiraba del braço y le dezia lebantaos de ay y el quexante le dezia que no se lebantaria quel estaba en su asiento y el otro siempre darle enpentones y con mucha colera le dixo el dicho acusado al quexante que era un villano sacre y que se abia de levantar (…) y este testigo y el vicario del dicho lugar y otro de Amescoa que ay se allo y otros andaban despartiendolos (…) llego Domingo de Oses y ablo ciertas palabras (…) con el dicho quexante y las ablo en bascuence y este testigo no sabe vascuence y no sabe lo que le dixo mas de que lebanto el braço y cerrado el puño…”

Etaiu, 1597: “…por estar hablando en romance y no saberlo este testigo…” (argazkia: www.etayo.es).

Labeagako bikario Diego de Basurtok, aldiz, ongi ulertu zuen dena, Osesen hitzak barne:

“…llego ay Domyngo de Oses y tanbien con mucha colera le dixo al quexante lebantaos de ay que mejor es que bos y lebanto el braço el puño cerrado aziendo muestra de quererle dar al dicho quexante…”

[Bide batez, nago ez ote den letra lodian markatu dudan horretan eskribauaren beraren euskara agertzen ari, erdarazko testuan barrena]

Itxura bereko deklarazioa egin zuen, Osesek esaniko hitzak adieraziz, Eulateko jauregiko jauna zen Joan Albarezek ere. Labeagako Domingo Elizaldek, aldiz, ez zuen Oses aipatu.

Izendatu ditudan zazpi gizasemeen egoera laburbilduz, badirudi Oses, Martin de Dallo, Albarez eta Basurto behintzat euskaldunak zirela; Martin de Lana ez, nonbait. Joan de Dallo eta Elizalderi buruzko datu erabakiorrik ez dut antzeman. Nekez izango zen Lana erdaradun bakarra.

Jurramendiren inguruko itzulia erlojuaren orratzen kontrako norabidean amaituz Etaiura jo dezakegu azkenik. Legariatik Oko herriak bakarrik banantzen du Etaiu. 1597an euskara zerabiltela, honakoan ere Maiorak topatutako datu batek berresten du (Nafarroako Artxibo Orokorra, 12807 prozesua): Etaiuko biztanle Martin Garcia agirika ari zen kalean, erdaraz, Joana Galdiano izeneko emaztekiarekin. Mezatara zihoala 50 bat urteko Nabarra Ollakarizketak ikusi eta entzun zituen biak errietan. Herrian bizi zen hura ere. Dena ikusi eta entzun bai, baina ez zuen ulertu; ez zekien erdararik. Ondoren, ordea, Joana Galdianorekin berarekin aritu zen hizketan. Galdiano, beraz, elebiduna zen; Ollakarizketa, aldiz, euskaldun hutsa. Joanaren senar Martin Gaonak ere bazekien euskaraz. Horrelaxe mintzatu zitzaion ostatuan Joanes de Ciordia izeneko itzain bati. Aipatu ditudan bost pertsonetatik, beraz, bik behintzat bazekiten gaztelaniaz eta lauk bederen bai euskaraz; haietako bat, gainera, elebakarra zen.

Piedramillera, Berrotza (irudia: www.lebrelblanco.com).

Iguzkitzaibar eta Egaibarko herriak ekarri ditut batez ere sarrera honetara. Agian gaurko artxibo-biluzketak emango digu etorkizunean Lizarrerri hegoaldeko XVI. mendeko eremu euskaradun hori zehaztu, finkatu edo Berroza alderantz zabaltzeko moduko datu gehigarririk. Legariatik hurbil asko dagoen Piedramillerari dagokion sorginkeria-prozesu batean (1576), herritar batez una de las buenas hechandras que habia en La Berrueça zela esaten da. Zer ote etxandra hori? Galdutako hizkuntzaren arrastoa? Oraindik bizirik zegoen euskararen isla? Ez da datu erabakiorra; egia da chandra / chandro izena erabili zutela garai bertsuan duda izpirik gabe euskaldunak ziren Eloko (1579) eta Artaxoako (1614) erdal testuetan, beste askoren artean; baina ordurako erdaldundutzat jo beharko genukeen Santacarako batean ere bai (1565). Garai bertsuan, Muesen (1587), bertako biztanle Maria de Sorladak sorguina hitza erabili zuen herri bereko Juana Azedo alargunarekin ari zela, sorgintzat baitzituen Juanaren bi koinata. Horrelako adibideak, euskararen erabilera bermatzeko ahulegiak izanagatik, herri horiek XVI. mendearen hondarrean euskaratik zeharo at behintzat ez zirela bizi ari zaizkigu esaten.

Eta zer esan Lizarraz, amaitzeko? Ez da 1587ko zerrendako herri bascongadoetako bat; hala izendatutakoen hego-muga marraztuz gero, ondo-ondoan baina mugaren azpian ikus dezakegu. Lekukotasun ugarik berresten dute ordea errealitatea konplexuagoa zela, Lizarra ez zela duela 430 urte iparralde euskaldunaren eta hegoalde erromantzatu hutsaren arteko hiri erdalduna. Hiria baino hegoalderago euskara bazela azaldu ondoren, Lizarra bertako zenbait datu ekarriko ditut gogora.

XVII. mendea hastearekin batera eta lehen erdi osoan zehar, elebidun ugariz gain, Lizarrak euskaraz baino ez zekien biztanle franko ere bazuela diote artxiboek. Garaiko ahotsen arabera zerbitzariak ziratekeen haietarik asko, eta zalantza handirik gabe ez ziren gutxi beste eremu euskaldun(ago) batzuetatik bertaratutakoak. Pedro Arraiza maisuak 1627an adierazi zuenez habia muchos montañeses en la Ciudad habitantes, asi de Burunda como de Amescoa y otras partes, que no sabian ni hablaban la lengoa castellana. Urte batzuk lehenago (1622) Lizarran urte eta erdi eman zuen Fray Pedro Pinedo frantziskotarrak euskaldun elebakar haietako askoren lanbideari buruzko oharra utzi zigun: ay muchos bascongados, pastores, criados y criadas que no entienden ni ablan el romance.

San Joan Bataiatzailea, Lizarra. XVII. mendearen hasieran hiru eliztarretik bat baino gehiago euskaradun huts omen zen (argazkia: www.liligo.es).

Lekuko batek baino gehiagok adierazi zuen beraz Lizarrako euskaldun elebakarrak muchos zirela. Zenbat, ordea? 1607ko albiste batek dakarkigu erantzuna. San Joan Bataiatzailearen parrokia bikario faltan gelditu zen urte hartan, eta erdalduna hobetsi zuten hautaketa egiteko eskumena zutenek. Parroki kabildoak auzitara bidali zuen erabakia, eliztarren onerako hartu ez zelakoan: mas de la tercera parte meramente vascongados y no saben romanz. Hogei urte beranduago arestian aipatu Pedro Arraiza igualtsu mintzatu zen arren (ay muchisimos bascongados en todas las parrochias), badirudi San Joanen ez ezik Lizarrako beste parrokia batzuetan ere nahi baino ohikoagoa izan zela fededun euskaldunen beharrak ase zitzakeen elizgizon gutxi edo bat ere ez izatea.

Inguruko ibar euskaldunetatik bertaratuak ote ziren XVII. mendearen hasieran lizarrarren herena edo gehiago osatzen omen zuten euskaldun elebakar haiek guztiak? Hala izanda ere (eta asko esatea da), ez da onartzen erraza gainerako biztanleak erdaldun hutsak izan zitezkeenik; nola txertatuko zen 1/3 euskaldun huts hura balizko 2/3 zeharo erdaldunduan, elkar ulertu ezina haien lanerako oztopo gaitza izan gabe? Nekez egokituko zen erdararik gabeko zerbitzari kopuru handi hura Los Arcosen edota Bianan, esaterako; pentsaezina dirudi. Euskaldun elebakar haien eguneroko bizimodua eta lana ahalbidetzeko moduko gizatalde elebidun hazia behar zuen orduko Lizarrak (demagun, esaterako, beste heren bat) eta bigarren heren euskaradun hura besterik gabe jatorriz Lizarratik kanpokotzat jotzea ez da samurra. Ezagutzen ditugun datuak arinegi interpretatu edota nabarmenegi behartu ezean ez da aise XVII. mendean euskara Lizarran egon bai baina berezkoa ez zela ondorioztatzea.

Sarrera honetan aztertutako eremua biltzen du lauki gorriak. Berdez, euskal toponimia garbiko udalerriak; horiz, euskarazko leku-izen ezagun gutxi dituztenak. Zuriz, (ia) inolako arrastorik gabekoak.

Laburbilduz…

  • 1587ko herri bascongadoen zerrendak euskararen nagusitasun (ia) erabatekoaren eremua antzematen lagundu dezake; eremu horretatik beheiti, ordea, Lizarran zein Lizarra hegoaldeko Egaibar eta Iguzkitzaibarren zehar, bizirik zegoen euskara XVI. mendearen hondarrean eta XVII.aren hasieran, euskara eta erromantzea ukipenean zirelarik.
  • Ukipen eremu horretan barrena agerikoa da XVI-XVII. mendeen arteko bidegurutzean bizilagun euskaldunak eta euskararik ez zekitenak, bietarik bazela. Kontuz ibili beharra dago behin betiko ondorioak ateratzeko tentazioaren aurrean, ez delako beti argitzen erraza harako edo honako euskal hiztuna bizi zen herrian sortua ote zen; baina ez da dudarik Oteitzan edo Labeagan erdaldun elebakarrak baziren bezalaxe, ez zela falta Etaiun edo Arintzanon euskaldun elebakarrik. Eta bazirelarik hiztun elebakarrak bi aldeetara, elebidunik ere izan behar ezinbestean. Orduko hark eguneroko bizitzan bi hizkuntzak entzutera ohitzen ari zen edo harrezkero ohitua zegoen gizartearen antza du.
  • Lizarrarako ere balio du, funtsean, arestian esandakoak. Seguruenera ere erromantzea inguruko herrisketan baino errotuago egonagatik, XVII. mendearen hasieran bizirik zirauen Lizarran euskarak, eta baziren hizkuntza bateko zein besteko elebakarrak, elebidunekin batera. Lizarrerriko hiriburuan asko ziren oraindik 1600-1650 bitartean euskararik baizik ez zekitenak, handik harat, zalantzarik gabe, egoera arin aldatu zen arren.
  • Zenbait herritako lekukotasun zuzenek agerian jarritakoa toponimia alorreko datu orokorragoek berresten dute. XVI. mende osoan zehar leku-izen euskaldunak erruz ageri dituen Legarian, esaterako, hizkuntza-egoera ez zen Labeagan edota Etaiun antzemandakoaren oso bestelakoa izango: euskara oraindik sasoiko, gaztelania ordurako herritar batzuek behintzat ezagutu arren.
  • Azken mapan proposatutako ukipen eremu horretatik at XVI. mendeko lekukotasunek euskararen oihartzun apalagoa baino ez dute agerian jarri. Hizkuntzaren erabileraren froga zuzenik edota euskarazko esaldirik ez; bai ordea hechandra edota sorguina bezalako hitzen erabilera, euskara bizirik egotearen balizko froga ez, baizik eta galdua zatekeen mintzoaren aztarna hutsa izan daitekeena, non eta ez diren horiek euskarak bere erabilera-eremutik kanpo zabaldutako hitzak. Denboran atzerago eginez, sarrera honetara ekarritakoak bezain argiak diren lekukotasun zaharragoak eskuratu ahal bagenitza (ez da erraza, haatik, horrelakorik gugana heltzea), baliteke hainbat urte lehenago Mendaza-Mues aldea eta Allo ingurua ere euskarara bilduta ikusi ahal izatea (azken hori batez ere?); baina eremu horietako euskararen iraupenak eta galerak ilunago diraute hemen azaldutako besteenak baino.
  • Orain arte esandako guztia hurbilketa hutsa baino ez dela aldez aurretik aitortuta, eta datu berriak ezagutu ahala ikuspegia alda litekeela, ematen du Iguzkitzaibar-Berrotza inguru zabalean XVII. mendearen hasierako euskararen azken muga ez zela azpian irudikatuta dagoenaren oso bestelakoa izango.
  • Amaitzeko, ez da ahantzi behar aipatu dudan eremuaren hego-mendebalean, Lizagorria-Mendabia aldean, ukaezina dela euskarazko toponimia zaharraren agerpena; eta Erdi Aroan zehar euskararen sargune hura Ebro ibairaino heldu zela.

1600 urte inguruko euskararen balizko muga Lizarrerri hegoaldean. Egin klik irudian handiturik ikusteko.

Parece incuestionable que durante el siglo XVI el euskera fue la lengua principal y hegemónica, única para buena parte de la población, en toda la extensión de la merindad de Estella situada al norte de su capital (señalada por la divisoria de color azul en el mapa sobre estas líneas). Pero eso no significa que fuera una lengua desconocida, ni mucho menos, en la propia ciudad del Ega ni en lugares situados más al sur. La línea de color marrón delimita la extensión (corroborada documentalmente) de una amplia zona de contacto en la cual,  en la confluencia de los siglos XVI y XVII, coexistieron en proporción probablemente variable —y crecientemente favorable al romance conforme avanzó el XVII— bilingües, monolingües vascos y monolingües castellanos. Menciono en esta entrada testimonios que demuestran sin margen para la duda el conocimiento de la lengua vasca (cuando no el desconocimiento de la castellana) por parte de vecinos de Etayo, Labeaga, Urbiola, Oteiza o Arínzano alrededor de 1600, a la vez que recuerdo algunos de los datos que nos permiten afirmar que en la propia Estella el euskera era lengua de uso hace cuatro siglos, hasta el punto de que en parroquias como la de San Juan Bautista más de la tercera parte de los feligreses desconocía el romance. Los testimonios documentales que dan fe de esta realidad se ven apoyados por la incuestionable vasquidad que destilan la mayoría de los topónimos del entorno de Montejurra durante el siglo XVI; por eso me hago eco de la gran labor de búsqueda realizada por Joseba Lizeaga en diferentes archivos para desenterrar y dar a conocer en su web la toponimia de Legaria, lugar de la comarca de Valdega que, como todos los de la zona de contacto anteriormente mencionada, debió de mantener el euskera hasta el siglo XVII. 

 

 

 


Euskararen eguna Oteitzan, asteburu honetan

Urriaren 5ean, larunbatarekin, Euskararen Eguna izango dute oteitzarrek eta Oteitzara biltzen diren gainerako guztiek. Irantzuko Mankomunitateak aurten antolatu dituenOteitza Euskararen Eguna jardueren artean, haurrentzako zein gazte-helduentzako ‘Euskaraz bizi nahi dut’ oztopo lasterketa dago. Eguerdi partean izango da eta egunean bertan izen emateko aukera egongo da. Herri-bazkarira nahi duenak, aldiz, urriaren 2a baino lehen erosi beharko du tiketa Oteitzan bertan edota inguruko zenbait herritan.

Informazio gehiago, hemen.


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko ekaina
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    2627282930  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu