Tag: Pirinio aldea

Euskararen lekukoak: ERRONKARI

Erronkari 2

Erronkari eta Ezka ibaia

Julian Gaiarre kantari handiak haizatu du inork baino gehiago mundu zabalean zehar izen bereko haranaren buru den herria. Euskal hiztuna zen Gaiarre, bere belaunaldiko erronkariarrak bezala, eta horren lekukotasun eder askoa utzi zigun: gaztelaniaz idatzi balu segur aski pattal ulertuko zion izeba bati igorririko euskarazko gutuna. Gaiarrez geroztiko herriko seme-alabentzat, alabaina, agortzen ari zen iturria izan zen euskara: tenorea gripeak eramanda hil zenerako (1890) euskararik jasoko ez zuten haurrak ari ziren bere herrian sortzen. 

1587. Iruñeko Gotzaitegiko herri euskaldunak bascongados izenpean bildu zituen zerrenda luzean, Ronçal ageri da beste 450ekin batera; zerrendatik kanpo izendatutakoak (eta zeharka erdalduntzat jotakoak, horrenbestez), 58 dira.

1616-17  Erronkari

1616: Etxartek Ros (edo Rox) erronkariarrari idatzi lehendabiziko gutunaren hasiera (egin klik hurbilagotik aztertzeko). Iturria: Trebiño, I: Administrazio zibileko testu historikoak (2001), 20. or.

1616-1617. Administrazio zibilean euskarak emandako lekukotasunik goiztiarrenetako bat utzi ziguten iparraldeko Gabriel Etxart zuberotarrak eta  Miguel Ros erronkariarrak. Lehendabizikoa  -ausaz amikuztarra, Jean Louis Davanten iritziz- prokuradore zebilen Maulen; bigarrena, Erronkari ibarreko alkate edo notarioa zen, antza. Euskaraz idatzi zioten elkarri hainbat gutun, Espainia eta Frantziako muga inguruetan gertatzen ari ziren istilu sarriak oztopo baitziren merkataritzarako eta Luis XIII.ak berak eskatu omen ziolako Etxart prokuradoreari mugaz bestaldekoekin harremanetan jarri eta bizilagunen arteko istilu haiek konponbidean jar zitzala.

Etxartek eta Rosek elkar ulertu behar horrek zein hizkuntza eskatzen zuen, ez zen horri zegokionez zalantza handirik izan. Hona hemen Mauleko legegizonak idatzitako lehendabiziko eskutitzaren hasiera: Jauna ceren çuc ezpaituçu fraincez lengoageric endelgatzen, eta nic ezpaitaquit escribatzen espagnolez, haren causaz heuscaraz escribaturen dut guthun haur, esperançaz plazer harturen duçula goure lengoage naturalaz. 1616ko maiatzeko hitzak dira hauek. 1617ko ekainera arte iraun omen zuen bien arteko harremanak, eta 16 bat gutunetan zehar bideratu zen; 60 orrialde inguru guztira, haietako asko euskaraz.

Zoritxarrez, gaur egunera arte ez dira nik dakidala eskutitzok argitara eman. 1995ean jakinarazi zuen Londresko Sotheby’s etxeak gutunak enkantean emateko asmoa, baina hainbat gorabehera eta gaizki ulertu tarteko, ustezko erosle eza argudiatuz bere jabearen eskuetara itzuli ziren (egun haietan gertatutakoaz gehiago jakin nahi duenak Imanol Trebiñoren Administrazio Zibileko testu historikoak liburura jo dezake). Beranduago, liburuzale batek eskuratu zituen eta Euskal Herrian dira eskutitzak azken urteotan, bilduma pribatu batean: ik. El País egunkaria, 2008-3-31 eta 2008-10-5. Egun haietako prentsan irakur daitekeenez, honako hauek izan ziren Erronkarikoaren erantzun-hitzak Etxarten lehen gutuna jaso ostean:  Jauna plaçer andia reçevitu nuen çure cartaz. Azterkizun dagoen gaia da hau, zalantzarik gabe.

1707. Erronkariko seme zen Juan Bautista Amigot Gaiarre bihurtu zen Agoizko bikario, Artazun ibili ondoren. 1722ra arte izan zen herrian. Euskalduna izatea zen mende hartan Agoitzen aritu ziren guztiei eskatutako baldintzetako bat; nekez eskuratuko zuen lanpostua Amigotek ere euskararik jakin ez balu.

1778 erronkari

Auzitegi zibileko komisarioek erdaraz aritzeko modukotzat jotako eremu euskalduna grisez ageri da. Erronkari (berdez) euskalduntzat ere ez zuten hartu.

1765-85. 1765etik aurrera Elizbarrutiko auzitegiko komisari erdaldunek eta bi urte beranduago auzitegi zibilekoek euskara aitzakia hartuta abian jarri zuten estrategiak batzuen eta besteen irizpideak agerian utzi eta euskararen egoerari buruzko hainbat albiste interesgarri utzi zituen, behin baino gehiagotan aipatu dudan bezala.

Funtsean, ordura arte euskaldun huts gisa hartu izan ziren hainbat eskualdetan haiek ere lan egiteko eskubidea aldarrikatu zuten. Zerabilten argudioaren oinarria, eskualde haietan gaztelania gero eta jende gehiagok ulertzen zuela zen; ez zirela bascongado hutsak, alegia. Haiek ere ez zuten zalantzan jartzen euskaldunak zirenik; erdara ere ulertzen hasiak ote ziren, huraxe zen auzia. Datu-biltzaile euskaldunek, aldiz, horrelako erdalduntzerik ez zela erakutsi nahi izan zuten.

Luze eta gorabeheratsu jo zuen aldarrikapenak eragindako ika-mikak. Bide hartan gogorrago jokatu zuten Erronkariri zegokionez erret-auzitegiko komisariek Elizbarrutikoek baino; azken hauek bi eremutan banatu zuten Nafarroa (ordura arte bezala utz zitekeen eremu guztiz euskalduna eta erdaldundutakoa) eta euskaldun huts jo zuten Erronkari osoa; ez zuten ustez komisari erdaldunak har zitzakeen lurraldean sartu. Datu-biltzaile zibilek, ordea, tarteko eremu bat ere irudikatu zuten -euskaldun izanagatik erdara ulertzen hasia zen eskualde mistoa, alegia- eta Erronkari ez zuten ez hartan, ez euskaldunean ere jaso. Guztiz erdalduntzat jo zuten, zeharka, ibarra.

Elizbarrutiko Vicente de Latorre y García komisario erdalduna eta Juan Francisco Vidaurre euskaldun jaiztarra auzitan zirela (1778) azken honek esandako hitzak dira ondoren datozenak: …que no se dude de haber estado y estar reputada la villa de Ochagavía, como también el Valle de Roncal, por pueblos bascongados, sin embargo de ser este confinante con Romanzados.

1785. Auzitegi zibilak eta Elizbarrutikoak Erronkari zela eta bat etorri ez izanaren froga urte hartako prozesu batean aurki daiteke. Urraulgoitiko Gindano eta Zerrenkano herrixka euskaldunetan abade izateko bi hautagai lehiatu ziren, erdalduna eta euskalduna, sarritan gertatu legez. Batak eta besteak herrixkotan euskara beharrezko izatearen ala ez izatearen aldeko froga bilketari ekin zioten. Elizbarrutiko auzitegiari zegozkion auzietan datu-biltzaileak izendatzeaz arduratzen zen Juan Francisco Agirrek deklaratu zuenez, inguru hartarako guztirako komisario euskaldunak bidaltzen zituen, baita Zaraitzu eta Erronkarirako ere, como bascongados. Auzitegi zibilean ardura berbera zuen funtzionarioa, ordea, oso bestela mintzatu zen: que los valles de Salazar y Roncal están reputados por romanzados o castellanos para el reparto de pruebas, que se mandan recibir entre comisarios que desconocen el bascongado.

ERRONK 1866

Zaraitzu-Erronkari inguruak Bonaparteren mapan: biribil gorriaz, Erronkari. Berdez, mendebete lehenago euskaldunak ziren Gindano eta Zerrenkano, erdaldun ordurako.

1866. Euskaldun zirauen artean Erronkarik Bonapartek urte hartako martxoan egindako bisita garaian; halaxe adierazi zuen bere mapa handian.  Baina gizonek gaztelaniaz egiten zioten elkarri. Emakumeekin, ordea, euskaraz mintzatzen ziren. Erronkari herrian bertan sortutako idatzizko materialik ere baliatu zuen printzeak ibarrari buruzko datuak osatzerakoan.

1874. Euskararen muga-mugan ezarri zuen Paul Brocak herria bere mapan. Garde bera, sortaldetik bizilagun, eremutik at irudikatu zuen. Ez zen noski horrela izango.

1878. El oasis. Viaje al país de los fueros liburuaren egileak, J. Mañé y Flaquer-ek, Erronkariko gizonen artean gertatzen hasia zen hizkuntza-aldaketaren lekukotasun idatzia utzi zuen: hablan generalmente el vascuence, pero muchos lo van dejando por el caste­llano.

1884. Julián Gayarre abeslariak (1844-1890) euskarazko eskutitza idatzi zion izeba bati, arestian esan bezala. Isidoro de Fagoagak aurkitu zuen eskutitza eta argitara eman 1951n; hasierako transkripzioak bazuen akatsen bat, ondorengo egile batzuek zuzendu ez zutena, Fagoagaren bertsioari jarraitzeagatik-edo. Hau da nire ustez gaur egun Erronkariko Gaiarre Museoan ikusgai dagoen gutunaren irakurketa zuzena, puntuazioa ere bere horretan emanik:

Gaiarre3

Julian Gaiarre XIX. mendeko prentsan

              Ene tia Juana maitia

          Eugenio sinda arro onqui quemen gaude anisco onqui guziac e ta ori ¿nola dago? ¿naidia sin cona ichasoaren ecustra? anisco andi da tia Juana, nai badu nic dud anisco deuri orren taco vidagearen pagataco eta quemenco ostatiaren pagataco eztu eguiten quemen ozic batrere chatendugu quemen anisco onqui eta guero artandugu iror nescasci postretaco eta gazte eta pollit

             ha! cer vizia! tia Juana maitia amar urte chiquiago bagunu! …. Gorainzi guzientaco eta piyco bat nescachi pollit erroncarico guziat

                                 Julian 

Eskutitz hau idazterako ahultzen hasia zen noski euskara herrian eta, segur aski, Gaiarre bera ez zen ez euskal idazle trebea, ez -aspaldiko urte haietan- euskal hiztun ohikoa (azken mende laurdenean sarriago ibilia zen Iruñean, Irunberrin, Madrilen, Italian edo Errusian, esaterako, Erronkarin bertan baino), baina kantariak umetan ikasitako mintzoari buruzko xehetasun interesgarriak eskaintzen ditu testuak hainbat arlotan:

gaiarre eskutitza1

Gaiarrek idatzitako euskarazko gutuna

– Fonetikan, adibidez, sarri ageri dira herskari ahoskabeak sudurkari ostean (onqui, quemenco); kontsonante belar ozena ere bai hitz hasieran (cona, quemen); bada sinkopa edo kontsonante arteko bokal galerarik  (ecustra)…

– Izenaren morfologian: -tako atzizkia zerabilen destinatiborako (Norentzat) zein prolatiborako (Nortzat)guzientaco (=guztientzat), postretaco (=postretzat)

– Aditz morfologian, amaierako herskari ozena duen dud forma, bagunu adizkia… interesgarria da idazkia berorikaren lekuko gisa ere.

– Sintaxian: genitibo objektiboaz baliatzea (ichasoaren ecustra, ostatiaren pagataco), galde-perpausetako aditz osteko –a (¿naidia sin cona…?)

Gaiarre 2

– Lexikoan: sin (etorri); chiqui (gutxi); deuri (diru; gogora Bidankozen oraino gogoan duten usande uri guti hura)…

1904-5. Elizbarrutiko Guía estadística delakoan herriko apaizek ezetz erantzun zioten ¿Se habla vasco? galderari. Bidankoze, Izaba eta Uztarroze izan ziren ibarrean baietz ihardetsi zuten herri bakarrak. Ordurako erabat etenda zegoen hizkuntzaren jarraipena Erronkarin; 1900 inguruan jaiotako Amparo Galé-ren aitak hitz solteak baino ez zituen ikasi, esaterako. Azkuek ere ildo bereko lekukotasuna utzi zuen, 1905ean argitaratutako bere hiztegirako bilaketa lanean ari zela erronkariera ‘lauzpabost herritan’ mintzo zela esan baitzuen: Erronkari eta Burgi utzi zituen zerrendatik kanpo.

1926. Eskutitza idatzi zion Larrekori Erronkariko Benita Hualdek. Berriemaile horren lekukotasunari esker herrian oraindik erabiltzen zen euskarari zegozkion hainbat esaldi eta aditz forma bildu zituen Pedro de Yrizarrek Morfología del verbo auxiliar roncalés lanerako: niri ance ceitan galtatia / eguitan du / zomat valio du

roncal1933

Erronkari 1933an

1935. Irigaraik bere sailkapeneko VII. mailan bildu zuen Erronkari, Bidankoze bezalatsu. Ez zuen herri euskaldunen zerrendatik kanpo utzi, oraino ere euskal hiztunik bazen seinale, baina herriko euskalkiarenak ia-ia egin zuela erakusten duen datua da.

Erronkari 1953

Erronkariko udaletxea (1953)

1935-40. Urte haietan Iriondoa auzoko bi herritar elkarrekin euskaraz aritzen zirela dute oraindik gogoan Txarpa etxean: emakume horiek besteek ez ulertzeko erabiltzen omen zuten erronkariera; guztiz galbidean egongo zen gainerakoan bertako uskara. Andreetako bat María Petra Garate zen. Ez dut bere arrasto ziurrik topatu ez baita izen hori duen andrazkorik Erronkariko heriotza liburuetan. Mendi etxekoa zela dute gogoan herrian, edonola ere. Mintzakidea, Melitona Monzón Sarriés, Monzon etxean sortu zen 1865ean, eta bederatzi urte lehenago jaiotako Ciriaco Dasparen emaztea zen. Francisco Monzón eta Silveria Sarriésen alabetan zaharrena zen Melitona. Beste lau ahizpa gazteago izan zituzten gurasoek ondorengo hamabi urteetan. Hura bezala euskaldun izatera helduak edota transmisio-etenaren zurrunbiloan galdutakoak? Ez dakit.

1953. Apirilaren 18an hil zen Melitona Monzón, San Esteban elizako parroki-liburuen arabera. Hauxe da izen eta abizenez ezagutzen dudan Erronkari herriko azken alaba euskalduna. Ez dut uste berantiarragorik dokumentatu denik. Eta gelditu ere, nekez geldituko zen aleren bat baino gehiago, asko jota. Izenik argitara ematerik nahi ez duen adineko erronkariar batek esana da, aurten bertan, bere gazte denboran ez zuela herriak euskararenganako atxikimendurik batere agertu: no ha tenido cariño al vasco, esan zidan duda izpirik egin gabe orduko Erronkari herriaz ari zela.

1969. Herriko azken euskal hiztun zaharraren heriotza urte hartan gertatu bide zen, Sánchez Carrión-ek urtebete beranduago jaso zuenez: En la capital del valle, Roncal, la última ancianica euskalduna había muerto el pasado año.

Nafarroako udalerriak ErronkariA diferencia de la la vecina Vidángoz, donde parece que la lengua vasca mantuvo una mínima vitalidad siquiera entre algunos de sus mayores y circunscrita al hogar hasta época ligeramente posterior, en Roncal, cabeza del valle del mismo nombre, testimonios actuales sugieren que el aprecio hacia la lengua más antigua fue de alguna forma inferior. Como en el resto del valle el devenir del siglo XIX supuso el comienzo del fin para el ‘uskara’ de la localidad, por más que hasta aquella centuria el conocimiento del castellano por parte de sus habitantes fuera, más que probablemente, muy limitado. En esta entrada, que se mueve a caballo entre los datos referidos a la villa y otros de índole más general atribuibles al valle en su conjunto, aporto el nombre de quien fue posiblemente una de las últimas hablantes del euskera roncalés en la localidad natal de Gayarre: Melitona Monzón, nacida en la casa del mismo nombre en 1865 y fallecida en 1953.


Bonaparte eta Broca: Nafarroako euskararen mugak 1870ean (I)

Bada zenbait aste agertu zirela blog honetan Bonaparte eta Broca zientzialari atzerritarrak, eta euskara ikertu nahiak bultzatuta burutu zituzten ikerketa ederrak. Garai berean egin zuten lan, nork bere aldetik eta euskara zaletasuna akuilu, hizkuntza mintzatuaren orduko mugak ikergai zituztela, besteak beste. Luze eta zorroztasunez aritu ziren biak, eta euskararen hego-mugei dagokienez behintzat ondorio berberetara heldu ez baziren ere, behinolako hizkuntza-egoera ezagutzeko urrearen balioa duten lekukotasunak utzi zizkiguten; ezin inola ere haien ekarpena merezi bezainbeste eskertu. 

Broca 1875 Nafarroa

Nafarroako euskararen mugak Paul Brocaren mapan (1874). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Bonaparte Nafarroa

Nafarroa ingurua Bonaparteren mapan (c. 1870). Hurbilagotik ikusteko egin klik irudian.

Erabateko luxua izanik (eta gauza berria ordura arte euskararen historia ezagunean) horren maila handiko bi aditu une berean euskararen mugen inguruan jardun izana, galdera bati erantzun nahi dio sarrera honek: zer nolako irudia osatzen dute, bata besteari gehituta, Bonapartek eta Brocak Nafarroako euskararen orduko mugak ezagutzeko utzi zizkiguten argiek? Ekialdetik hasita, Iruñerrira bitarteko eremuan jaso eta erregistratu zutena aipatuko dut lehendabiziko zati honetan.

Nafarroako ekialdea: Erronkari-Zaraitzuetan euskara atzeraka (Eta are ekialderago?)

Burgui - Vista del pueblo.preview

Burgi

Ez ziren bat etorri Bonaparte eta Broca Erronkari haranaren egoera deskribatzerakoan. Napoleonen ilobak euskalduntzat jo zuen beti ibar osoa 1860ko hamarkadan zehar, bere laugarren bidaian lurraldea ezagutu aurretik; baina bazekien erronkariera higatzen hasia zela ere. 1864an Burgiri buruzko iritzi kontrajarriak jaso zituela idatzi zion Etxenikeri: ez zekien euskara burgiar gutxi batzuen mintzaira zen edota herritar askotxorena. Bazekien, bestalde (1865), Erronkariko herri batzuetan behintzat euskara gaztelania bezainbeste mintzo zela. Baina derrigorrezkoa zuen printzeak harana bisitatzea, Nafarroako hainbat eskualdetako doktrina-itzulpenak eskuratu ahala lehentasun bihurtu zitzaiolako lortu ezinik zebilen erronkarierazko bertsioa. Bruno Etxenike bera eta Claudio Otaegi lagun hartuta, beraz, horrenbeste erakartzen zuen euskara hura mintzo zen lekuan bertan ikertzeko aukera izan zuen printzeak 1866ko martxoan.

Bidankozen, hotzaren hotzez, Erronkarirako neguak Bonaparte gaixotu ere egin omen zuen arren, “elurrez betea, eta amildegi, hartz eta otsoek inguratua, baina gutxitan ikusi bezain jende abegikor eta adimentsukoa” zen lurralde hark ikaragarri aberastu zuen, bere eskutitzetan antzeman daitekeenez. Entzun zuen euskararik Burgin; baina gazte ez zirenek osatu gutxiengo bati bakarrik. Ohiko zorroztasunez irudikatu zuen hori bere mapan; euskaldunak, ziren, artean, ibarreko herri guztiak.

Erronk mapa

Erronkari ibarra

Bestelako albisteak utzi zizkigun Brocak. Bere mapan erabat erdaldunduta ageri dira Burgi eta Garde, euskararen mugatik at. Gaztelania baino ez zen han mintzo jaso zituen txostenen arabera; gainerako herrietan, aldiz, bi hizkuntzak omen zekizkiten.  Euskara apalduta egon arren printzeak are Burgin ere bertatik bertara entzun ahal izan zuenez ez du ematen Brocaren datua kontuan hartu beharrekoa denik.

uscarres01

Uskartze, Zaraitzuko hego-muturrean

Zaraitzun ere, nahiz eta bi ikerleek itxuraz antzeko mugak ezarri,  bada Bonaparteren ondorioak hobesteko argudiorik. Hala eta guztiz ere, okerreko albisteak jaso zituen hasiera batean: 1864an Sartzetik Uskartzerainoko herri guztiak erdaldunak zirela uste zuen, eta aldiz, euskaldunak ziratekeela handik hegoalderako guztiak Bigotzari eta Gazteluberrira bitartean. Ez zekien, artean, aspaldi erdaldundutako eremua dela hura. 1866ko bidaian ikusi ahal izan zuen egia bere begiez; Arrakasgoiti, Galoze eta Izitze ziren euskararen hego-muga, lehendabizikoan euskara gibelera zihoalarik. Uskartze (Zaraitzuko azken herria) ez zen ordurako euskaldun; hizkuntza umetan ikasi eta ordurako norekin hitz egin ez eta ahaztuta zuen adineko emakumearen lekukotasuna utzi zigun Bonapartek; ez zuen beraz herria euskalduntzat jo. Horregatik ez da sinesgarria Brocaren bertsioa: girondarrak, euskararen muga handik oso gertu ezarri arren -hiruzpalau kilometro baino ez- Uskartze eta are Ustaize ere jo zituen euskalduntzat. Nekez izan zitekeen egia, badakigulako 1605ean, ia hiru mende lehenago, herri erdalduna zela Ustaize, eta hiru kilometro eskasera dagoen Uskartzeko biztanleek nola-halako gaztelania zerabiltela -baina gaztelania, azken batean- hegoaldeko auzoekin harremanetan jartzeko.

anso

Anso (Huesca). Brocarentzat aspaldiko mendeetan erdaldun.

Zaraitzu eta Erronkariz haratago, hegoaldera eta eguzki aldera, Salvatierra eta Anso inguruak daude. Oso gutxi dakigu eremu horien balizko euskalduntasunaz. Toponimiaren nondik norakoak euskara Anson Aro Modernora heldu bide zela iradoki arren, hori ziurta dezaketen toponimiaz landako frogak falta zaizkigu. Brocak zein Bonapartek pausatu zuten begirada Huesca eta  Aragoiko lurrotan, baina ez modu berean. Honako hau idatzi zuen girondarrak Sur l’origine et la répartition de la langue basque lanean: Ez dago inolako frogarik gurearen aurreko mendeetan Anso ibarra nafarra izan dela edota euskara mintzatu dela erakusten duenik. Euskararen muga hau, beraz [Erronkari-Anso] oso aspaldikoa da; zilegi da pentsatzea erromatar garaikoa dela. Ez zen printzea horren ziur egongo: 1864an Huesca edo Zaragozako mutur horretan euskaldunik geldituko ote zen galdetu zion Etxenikeri. Bistan da, mapari begira, urdazubiarrak ez zuela horrelakorik topatu.

Brocnaparte 1

Pirinio aldea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu-ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

Irunberri-Agoitz ingurua: hizkuntza gero eta makaltzenago.

Irurozki

Irurozki (Urraulgoiti): bazuen oraindik euskara pixarrik Brocaren arabera; Bonapartek, hala izatera, ez zuen aintzat hartu.

Mendebalderago, eta Irati arrorantz goazela, Urraul-Longida ingurua dugu. Hego-mendebaldera, aldiz, Itzagaondoa eta Ibargoiti. Eskualde honetan ere nahikoa bat etorri ziren Bonaparteren eta Brocaren ondorioak. Ez guztiz, ordea. Bonapartek adierazi zuenez ihesian zihoan euskara Urraulgoitin barrena, eta Adoain-Ongoz-Lareki lerroan ezarri zuen hizkuntza-muga. Jakina den bezala, herri batean euskara zekiten apurrek erabili ere ez bazuten egiten (s’il ne conserve même pas un souffle de basque, esango zuen berak), mugatik kanpo utzi ohi zuen ikerle handiak herri hura eta ez zuen aintzat hartzen. Egon zitezkeen beraz euskara galtzear ziren herrixka zenbait hegoalderago ere. Bat letorke hori Brocaren datuekin, honek Bonaparteren muga-ertzean baina kanpoaldean zeuden Eparotz, Irurozki eta Santsoainen oraindik euskaraz bazekitela jaso zuelako. Zabaltza eta Imirizaldun, ordea, ez; ezta are urrunago diren Berroia eta Ripodasen ere. Irudi koherentea eskaintzen digute bi irakurketek: higatzen ari zen zeharo euskara Urraulgoitin, hegoaldetik iparralderantz. Urraulbeitin, aldiz, Bonapartek kontuan hartu ere egin ez zituen pixarrak geratu zitezkeen Santsoain-Artieda-Grez inguruan: horiexek ageri zaizkigu Brocaren 1874ko mapan. Itzagaondoari dagokionez pentsa liteke Brocaren iturriek Izanotz eta Indurainen euskara entzun zutela; bi herri horiek ezarri zituen Sainte-Foy-la-Grandekoak euskararen eramu ertzean; ez dakit hego-muturreko Gergitiain ere haiekin batera bildu behar ote den. Bonapartek argitasun handiagoa utzi zuen Itzagaondoari dagokionez: Claudio Otaegi bidali zuen herriz herri 1871n ibarreko herri guztietara joan eta euskaldunik ba ote zen aztertzera. Denetan aurkitu zuen gipuzkoarrak hiztun zenbait, asko ez baina. Ibargoiti ere euskalduntzat jo zuen Bonapartek, eta esan bezala jakina da horri dagokionean zorrotz samarra izan ohi zela. Brocaren berriemaileek, ordea, erabat erdalduntzat jo zituzten Ibargoitiko Idozin nahiz Zabaltza.

izko

Ibargoitiko Izko zen Bonaparteren ustez Zangozako merinaldeko euskararen hego-muturra 1870ean. Brocak ez zuen euskalduntzat jo.

Iruñerria: euskaldun, ala erdaldun?

Broca eta Bonaparteren lanen alderdirik interesgarrienetako bat Iruñerriari buruz emandako informazioa da. Agitz emaitza ezberdinak bildu zituzten biek, baina Iruñe inguruan euskara sufritzen ari zen higadura bortitzren irudi ederra eskaintzen du bien lanaren baturak.

Oso deigarria da Nafarroako erdialdean bi mapen arteko aldea: Brocak Iruñerri zati handi bat utzi euskararen eremutik kanpo: hiriburuaren ekialde eta hegoalde osoa, eta baina Iruñe iparralde-mendebaldeko hainbat auzo herrixka ere. Ezkabarteko Azotzen, Orkoienen eta Zizur nagusian euskararik oraindik bazela jaso zuen. Ez ordena Eguesko Elian eta Esteribarko Irotzen (!), Uharten, Artikan eta Barañainen. Horren arabera finkatu zuen Iruñerri inguruko hizkuntza-muga, hiriburuari itzulinguru egiten ziona.

Ez da dudarik gibelka zihoala euskara Iruñerri hegoaldean, baina Brocaren datu horien zuzentasunaren aurkako argudio franko eman daiteke Bonaparte baliatu gabe: Lázaro Ilundain noaindar euskalduna (1810-1890), Eguesen euskaraz sermoi esaten ibilitakoa; Irigaraik Eguesen bertan, Elian, bildutako euskara apurrak (1935); Badostaingo Aramendia etxera ezkondutako Francisco San Martin ibirikuarraren seme zaharrenak (24 urte 1821ean) euskara baino erabiltzen ez zuela, biztanle gehienek ordurako gaztelania bazekiten arren; 1943an hildako Faustino Erro, Joxemiel Bidador zenaren esanetan Zizurko hondar euskalduna izan zena… Bazen oraindik euskararik Iruñe inguru osoan 1870eko hamarkadan, Brocaren mapak jaso ez bazuen ere.

arre

Arre (Ezkabarte): Ultzama ibaia. Hasiera batean ez zuen Bonapartek uste herrian euskara entzuten zenik. Iritziz aldatu zen beranduago.

Ez zen alabaina erraza izango hiriburu inguruaren egoera konplexua behar bezala argitzea (12.000 biztanle 1850ean; 30.000 1900ean) eta euskara edonon berezko ba ote zen ala ez erabakitzea; lanak eman zizkion Bonaparteri ere Iruñe inguruko euskararen irudia osatzeak. Hainbat aldiz aipatu zion Etxenikeri bere kezka. 1860ko hamarkada hasieran hiri buruzagiaren ondo-ondoko herri-auzoak erdaldun zirela uste izan zuen, ez zela haietan euskararik erabiltzen eta ez zutela horrenbestean inolako kolorerik merezi. Berriozabal edo Sorauren zeuzkan salbuespentzat, haietan biztanle batzuek oraindik euskara egiten zutelakoan. Halaxe jaso zuen, nonbait, 1857ko bidaian: Berriozabalen gaztelania zela nagusi, baina bazela oraindik euskararik ere.

Antza denez, Orikain eta Olabe ere artean euskaldunak zirela iritzita amaitu zuen printzeak 57ko itzulia. Baina Arre, Atarrabia eta Burladan euskararik entzuten ez zela uste izan zuen luzaroan.

Auzia, nolanahi ere, ez zegoen erabat argi ikerlearentzat, eta 1864an zehar behin baino gehiagotan estutu zuen Bonapartek Etxenike leiala datu zehatzak eskura ziezazkion. Bistan da bazuela euskarak bizitasun arrastorik behintzat aurrez aipatu herrietan, eta baita Iruñerriko gainerakoetan ere, azkenean eskualde oso-osoa bildu baitzuen ikerleak bere mapara, uharte moduan erdaldun utzitako hiriburua alde guztetatik inguratuz. Iruñea bera guztiz erdaldun ote zen horrenbestez ordurako?

(bigarren zatian jarraitzeko)

Broca & Bonaparte - Nafarroako erdialde eta Iruñerria

Nafarroako erdialdea: Bonaparteren muga (1870, gorriz) vs. Brocarena (1874; urdinez; hurbilketa proposamena). Berdez inguraturik, euskal eremuan sartu.ez sartu zalantzazko direnak. Brocak muga finkatzeko ustez aztertu zituen herriak, azpimarratuta. Hurbilagotik, irudian klik eginez.

KulturaZientifikoa_1_Jaialdia_banner

                                                                    Sarrera honek 1. #Kultura Zientifikoa Jaialdian parte hartzen du


Euskararen lekukoak: LIZOAINIBAR

Lizoainibar Mendiorotz

Mendiorotz (Lizoainibar)

Lizoain ibarra Agoitz mendebaldeko hainbat herrixkak osatu zuten gerraostera arte. Honako hauek ziren, iparraldetik hegoalderantz goazela: Leiun, Laboa, Mendiorotz, Ozkariz, Redin, Janariz, Urotz, Lizoain, Ieltz, Beortegi eta Lerruz. Azken bi hauek Urrotz herritik oso gertu daude. Leiunek eta Laboak, aldiz, bertatik bertara dute Arriasgoiti bailara, 1943tik aurrera Lizoainibarrera bildutakoa. Arriasgoitik luzexeago eutsi zion euskarari Lizoainek baino, belaunaldi batez-edo beharbada. Horrenbestez, Lizoaingo herriak besterik ez ditut hemen aipatuko, eta beste baterako utziko ditut Arriasgoitikoak.

Ez dira gutxi XVI. eta XVII. mendeetan zehar lizoainibartarrak euskaldun hutsak izan ohi zirela frogatzen duten lekukotasunak. Asko eta asko Urrozko eta Agoizko notario-protokoloetatik atera dira, eta beste sarrera batzuetan ere aipatu dudan Xabier Itulain ikertzailearen ahalegin sendoak ekarri ditu argitara. Hari esker ezagutu ditut hemen azaldutako hainbat, eta hemen ongi esandakoak ere berari zor dizkiot horrenbestez.

Lizoainbar Lerruz

Lerruzko Ortubia etxeko atea

1554. LERRUZ. Urrizelkin bizi zen Simon de Lerruz jostunaren inguruko prozesu batean honako hau irakur daiteke: en este año mencionado y por tales los criaron, alimentaron, trataron, y nombraron en su casa, llamandoles hijos e hija y ellos padre y madre, en bascuençe su propio lenguaje aytaama.

1574. LIZOAIN. Eskribauak agindu baten edukia jakinarazi behar izan zien Lizoaingo hainbat biztanleri (Martin Ochoa, Sancho Ascunce, Garcia Apeztegui, Pedro Elcoaz, Juan de Arbonies, Beltran Zolina eta beste zenbaiti), a los quoales les di a entender en bascuence leyendoles desde el principio asta el fin. 

1574. MENDIOROTZ. Garcia de Zabalza errege-eskribauak euskaraz jakinarazi zien, ezinbestean, epai baten edukia lau laguni. Haietako bat, Martin de Yriart,  Mendiorotzen bizi zen. Beste hirurak, aldiz, Olaberriko longidarrak ziren:  Miguel Ozcoidi, Maria de Olaberri eta Catelina de Olaberri.

1576. LERRUZ. Sancho de Iturbideren eta gainerako lerruztarren arteko auziaren epaia gaztelaniaz irakurri zien eskribauak batari eta besteei. Ohi bezala, ez zen aski izan: les di a entender en bascuence ques su lengua comun de berbo a berbum todo lo contenido. Bistakoa da zein garrantzitsua zen euskara inguru hartan notario-egitekoa betetzeko.

Lizoainibar Lizoain

Agoiztik 11 kmra dago Lizoain herria

1577. LIZOAIN. Ondorengo lekukotasunean ikus daitekeenaren arabera ez ziren eskribauak ibarreko jendearekin harremanetan jartzeko euskara ezinbesteko zuten bakarrak. Hitzak Martin de Urroz eskribauarenak dira:  en el lugar de Liçoayn y en la plaça y lugar donde semejantes autos y publicaciones como el ynfrascrito se acostumbran azer por mi presencia, Andres Lassa nuncio del regimiento de la dicha villa leyo e publico a altas e ynteligible voz todo lo contenido en esta probicion dando entender en bascuençe lo en ella [contenido].

1587. Espero bezala, bascongadotzat   jo zuen bailara osoa Gasteizko apaizgaitegian aurkitutako Nafarroako herrien zerrendak.

1592. OZKARIZ. Herrietan aginte-lana betetzeak ez zuen gaztelaniaz jakitea esan nahi. Miguel Dominguet zen 1592an arduradun Ozkarizko kontzejuan. Vicente Sada notarioak euskaraz azaldu behar izan zien epai baten edukia bai Dominguet berari, baita beste dozena erdi bat ozkariztarri ere, gizonezko zein emakumezko. Miguel Muru, Martin Janariz, Sancho Zunzarren eta Juana de Agorreta ziren haietako batzuk.

1597. LEIUN. Sancho de Agorreta zen Leiungo jauregiaren jabea. Ez zekien gaztelaniarik eta euskaraz egin zioten, halabeharrez, galdeketa bat: respondyo despues que se le dio a entender en bascoençe. 

Lizoainibar - Leiun jauregia

Leiungo jauregia

1611. LABOA / LEIUN. Iloz herriko Pedro Zazpe izan zen lekuko urte hartako prozesu batean. Hari esker dakigu Laboako jauregiak jabe euskaldunak zituela: bai Esteban Torres (1611 aurretik hildakoa) eta baita Estebanen bilobarekin ezkondutako Maria Erro ere. Iturri berari esker dakigu, bestalde, Esteban jaunak euskaraz esan omen ziola egun batez Leiungo Garcia de Ilundain izeneko bati, entzule askoren aurrean, Leiungoen aurkako zerbait aurkitu zuela, eta lehenbailehen konpondu beharreko auzia zela.

1677. REDIN. Redintarrek, batzarrean auzotar gehienak bilduta -hirutik bi baino gehiago-, Pascual Oscariz izendatu zuten herriko errejidore. Euskararen beharra izan zuen berriro izendapena idatziz jaso zuen eskribauak: nombraron a Pasqual de Oscariz vecino y rejidor del dicho lugar por no auer diputado para efecto de que asista al dicho y comisario al apeo que de los vecinos y casas que ay en el dicho lugar se ha de hacer y para acer aquel al dicho rejidor y a don Miguel Luis de Redin, abad del dicho lugar, ley y les informe y di a entender en su lengua bascongada el contenimiento de la dicha comision.

1684. IELTZ. Honofre de Sada notarioak eskritura baten edukia jakinarazi behar Leon de Jaureguiberri eta Catalina Lopez senar-emazte ielztarrei, eta emaztearekin behintzat euskara erabili zuen agiriak zioena barnera zezan. Horrela eginik, ados eta konforme utzi zuen eskribauak Catalina Lopez, ordura arte ez baitzuen hark dokumentuak zer zioen ulertu ahal izan.

1717. BEORTEGI. Juan de Beamontt izeneko nekazari beortegiarra deitu zuten urte hartako prozesu batean lekuko izan zedin. Beste hainbatetan bezala, agiri ofizial bat gaztelaniaz irakurtzea lekukoak ulertzeko aski ez izanik, erdarazko testuaren nondik norakoa azaldu beharra egon zen; en lengua bascuenze que es la edioma que usa y acostumbra ablar el testigo.

Lizoainibar Ozkariz

Ozkarizko eliza

1778. Iruñeko Elizbarrutiko komisari erdaldunek (Vicente de Latorre buru zutela) eta euskaldunek (Juan Francisco Vidaurre jaiztarraren bidez) izandako auzi luzean, Nafarroako eskualde zabal bat legearen aurrean bascongado izateari utzi eta ordutik aurrera erdalduntzat jotzeko eskatu zuten Latorreren aldeko erdaldunek. Beste era batera esanda: eremu horren euskaltasuna ukatu gabe, bertakoek (edo bertako askok) ordurako gaztelaniaz ere hainbestean bazekitela eta ibarrean eskribau erdaldunek ere lan egin zezaketela onartzea ekarriko zuen horrek. Lizoainibar markatutako eremu horren barrenean zegoen. Vidaurrerekin bat egindako komisari euskaldunek Nicolas de Algarra eskribauaren lekukotasuna aurkeztu zuten Latorreren argudioari kontra egiteko. Gertutik ezagutzen zituen Algarrak komisari erdaldunek seinalatutako eskualde hartako herri asko. 90etik gora aipatu zituen, eta Lizoainibarko bat ere bai: Beortegi. Garai hartako egoerari buruzko informazio baliotsua dakarte bere hitzek. Algarrak ezagutzen zituen herrietan he hallado que los señores eclesiásticos, escribanos reales, médicos, cirujanos, boticarios, albéitares, herreros, ministros de la real renta, estudiantes, algunos arrieros trajineros o gente navegante saben y parlan el idioma castellano y por lo común los demás la lengua vascongada que es la más usada y corriente. Y siempre que he examinado algún testigo de la gente común fuera de los arriba citados ha sido en el vascuence, porque aunque entienden parte del castellano no se acomodan sino en el curso del vascuence, pidiéndome les explique las diligencias en dicha lengua. Y en los pueblos referidos, cuando he llegado a oir la misa popular de los festivos, he visto que los párrocos, al tiempo del ofertorio, las plegarias, sermones o pláticas doctrinales, las han explicado en vascuence como más común y comprensivo a todos.

1797. OZKARIZ. Arestian esandakoaren indargarri, 65 urteko Felipe Martinez laborariak ez omen zekien gaztelaniaz. Egiten ari zitzaizkion galderen eta emandako erantzunen irakurketa hari eginik, euskara behar izan zuen (su idioma bascongado) esaten ari zitzaizkiona egia zela ziurtatu ahal izateko.

Lizoainibar mapa

Lizoainibar ingurua Bonaparte printzearen mapan. Beortegi-Laboa-Leiun lerroak mugatzen zuen euskararen bizitasun eremua.

1846. MENDIOROTZ. Arotxena  etxeko Antonio Gardek hilburukoa egin zuenean, herriko abadeak testamentua gaztelaniaz irakurri eta ondoren euskaraz azaldu zion Garderi irakurritakoa, oniritzia eman zezan.

1863. Bonaparteren mapan Lizoainibar osoa ageri da euskararen lurraldearen barrenean, baina hizkuntza galtzen hasia zela adieraziz: herri gehienak euskarak indartsu zirauen eskualdetik kanpo irudikatu zituen printzeak. Leiun, Laboa eta Beortegi izan ziren eskualde horretan utzi zituen bakarrak. Horren arabera, gutxiengo ziratekeen ordurako euskal hiztunak Lizoainibarko leku gehienetan. Zangozako merinalde osoan eremu ilunagoan ezarritako herri guztietatik, mapan hegoalderago zegoena Lizoaingo Beortegi da.

Lizoainibar Broca

Lizoainibar bitan banatu zuen Brocak bere mapan. Ieltz euskararen eremutik kanpo dago.

1875. Paul Broca mediku ezagunak prestatutako euskararen hedadurari buruzko mapan hizkuntzaren ezagutza-mugatik kanpo utzi zuen Lizoainibarko Ieltz herria. Euskararen muga, izan ere, Ieltz eta Urotz-Lerruz artean ezarri zuen ikerle frantziarrak. Brocak jasotako datuen arabera, hortaz, euskara eta gaztelania mintzo ziren ibar gehienean zehar baina galduta zegokeen euskara Lizoainibar sartaldean. Bonaparteren eta Brocaren mapak zeharo bat ez badatoz ere, 1875erako Lizoainibarko euskararen jarraipena etenda zegoela ulertu behar da, dauden datuen arabera.

1910. Lizoainibarrez ari zela, Julio Altadillek se habla vascuence y castellano adierazi zuen Nafarroako herriei eskaini zien Geografía General del País Vasco-Navarro bildumaren baitako liburukian. Bonapartek emandako datuak zuzenak izatera, galduta edo galtzear izango zen euskara Beortegi-Laboa-Leiun lerroaren hegoaldean. Urte haietan bertan, berak asko jota hamabost-edo zituela, 1894an jaiotako Faustino Campos orondriztarrak euskaraz entzun ahal izan zituen Beortegiko adinekoak, 1980ko hamarkadan Koldo Artola ikertzaileari jakinarazi zionez:

—Eta zu gazte zinelarik edo aski mutilkoxkorra zinelarik, Beortegin ere zaharren artean euskaldunik izanen zen, ez?

Bai (…) bai, bai… bai, guti, bai, pero bakarren bat, e? ya zarretaik (…) amabortz urte, lomas izein nituen nik, ta orduen, bakar zenbait zarretaik, bazen, baña guti…

Lizoainibar Beortegi

Beortegik XX. mendera arte eutsi zion euskarari

1941. BEORTEGI. Urte hartan hil zen Matias Ekisoain beortegitarra (1875-1941), Gizon honek euskara ulertu bai, baina gutxi hitz egiten omen zuen, nahiz eta emaztea (Benita Villanueva, Ilarrazko esteribartarra) inguru euskaldunago batean jaiotakoa izan. Litekeena da Matias Beortegin euskara pindar batzuk baino jaso ez zituen muga-belaunaldikoa izatea, eta azken euskaldun osoak ordurako desagertuak izatea. Nolanahi ere, ez askoz ere lehenago, ziurrenik. Urte berean beste euskaldun bat hil zen herrian (Fermina Urdaci) baina Artzibarko Azparrenen sortutako emakumea zen hura. Matias Ekisoainen berri Amaia Ekisoain birbilobaren bidez jakin dut.

Lizoainibar mapa2El pequeño valle navarro de Lizoáin, situado al oeste de Aoiz,  se extendió hacia el norte en 1943 al anexionársele el municipio de Arriasgoiti, donde la lengua vasca perduró durante un puñado de años más. Por ello no menciono en esta entrada del blog los lugares pertenecientes a Arriasgoiti y recojo simplemente una serie de testimonios que demuestran la vigencia y universalidad de la lengua vasca en el antiguo valle de Lizoáin hasta bien entrado el siglo XIX. Durante la 16ª y la 17ª centuria gran cantidad de testimonios demuestran el hecho de que lizoaindarras de toda condición y sexo no solían conocer otra lengua que la vasca. Todavía más allá de 1850 el euskera seguiría vivo en importantes sectores de algunas localidades, si bien por poco tiempo. Casi con total seguridad, el euskera de Lizoáin llegó en franco estado de regresión al siglo XX, para ir apagándose durante las primeras décadas de dicho siglo sin dejar apenas eco ni testimonios escritos, como tan frecuentemente ha ocurrido en Navarra.


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE (eta III): Bidankozeko euskararen apurrak

Bidankozeko euskarari eta euskaldunei buruz esandakoak bukatutzat emateko, hona hemen Alejandra Salvoch bidankoztarrak (1927) duela 80 urte Alejandra Calderero amonaren ezpainetatik ikasitako Gabon kantaren grabazioa, 2013ko azaroan berak niri esan bezala.

Jarraian, grabazioaren transkripzioa:

Belelen, Belelen,

sortu Jesus Nazare.

Nazareneko liza, en guriona kantate,

ogi xuria ostiarako, ardaun ona kalitzeko,

bertan bertan konbertite Iesukristu goretako.

Txutxurubitate, Natiribitate.

Gairon gairona, argizagia, mellallandia,

zutan fiatze mundu guzia.

Ollarrak ata txoria mundu guzuti.

Goazen aingurieki, arkanxelireki, ga[u]r kantatzera,

gore erregiak en Xinko semiarena adoratzera.

Hiru aldiz esan dit Alejandrak gogoan duena, eta bitan grabatu diot. Bigarrena, txukunena, da sarrera honetan eskaini dudana. Ziurtasun handiz eman zuen denetan, eta ia aldaketarik gabe. Aldaketa horiek gorriz nabarmenduta daude: zazpigarren lerroko mellallandia ahaztu egin zuen lehendabiziko grabazioan, baina txertatu dudan audioan entzun daiteke. Amaierako gar eta adoratzea hitzak, bestalde, apurtxo bat aldatuta eman zituen estraineko saioan: lehendabizikoaren -u- pittin bat entzuten zen (ez guztiz garbi, hala ere), bigarrenean diptongoaren arrastorik ez badago ere; azken aditz izena, aldiz, bokal arteko dardarkari eta guzti eman zuen hasierako grabazioan, baina hura gabe bigarrenean, esango nuke.

Gutxienez bi kanta-zati ezberdinen nahasketa ematen du Alejandra Salvochek buruan duenak. Batetik, Eguberri bezpera arratsaldean ibarrean kantatu ohi zen ‘Gairon, Gairona’ izenekoaren hainbat bertsolerro antzeman daitezke. Ondoren datorrena Estornes Lasak 30eko hamarkadan jasoa da, Alejandrak ikasi zuen tenorean bertan, Bidankozeko bertsio berantiarrarekin antzekotasuna non duen gorriz markatuz. Ikus daitekeen bezala erdia-edo izango litzateke (ordena nahasian, hori bai) Salvoch andereak nola edo hala gorde duena:

Ai Mariá, 
Gairon gairona 
sortu da Jein ona 
natara bitate 
urtere bitate 
argizayiya, 
mirall andia 
zutarik mintzatzen da 
mundu guzian 
txand orok petik dakarte, 
gilzak eskian dakarte 
Paramuxko sagarra  
………………………………….. 
xagar kartarik xan dezala, 
Jeina, semia ta alaba, 
…………………………. 
dakiula balia 
ilioan ta bizian 
arimari ordia 
oilarra txuri mundutik 
aunguri ona zeuritik 
ogi ona ostiarako 
ardau ona kalitzarako 
ketan bietan konbertituk 
Jesukristo goretako 
ekusirik birtute 
kan dela 
graziaz beterik dakarte. 

Bestetik, Alejandraren jardunaren amaierak Erronkarin ez ezik Zuberoan ere kantatutako ‘Goazen’ak dakartza gogora; hasierako ahapaldia eta ezagunena, hain zuzen ere. Juan San Martinen arabera, diru eskean ibiltzeko erabili ohi ziren kanta hauek, baina Goazenak helduek abesten omen zituzten, eta Gairon Gairona, aldiz, haurrek. Ondoren datorrena San Martinek berak 60ko hamarkadan Uztarrozen bildutakoa da. Bidankozeko berriemaileak oso-osorik eman du, apur bat desitxuratuta bada ere:

Goa(t)zen aingurieki(n)
arkanxelieki(n)
gaur kantatzera,
gore Erregearen
Jeinko Semearen 
adoratzera

Alejandrak berak pena zuen, gaur arte gogoan gorde duena idatziz jartzen jakin ez eta azkenean bildu gabe galduko ote zen. Nahiz eta grabazioaren kalitatea nola-halakoa izan, eta lekukotasuna apala, esandakoagatik bakarrik merezi zuen nire ustez Bidankozen gordetako azken erronkariera kondar hauek biltzea.


Euskararen lekukoak: BIDANKOZE

Bidankoze3

Bidankoze

Erronkari hego-mendebaldeko herrixka ederra da Bidankoze. Bere txikian (400 biztanle ingurukoa antzina, ehunera iritsi ezindakoa egun) haraneko euskararen ikerketarako garrantzi handiko semeak eman zituen XIX. mendean zehar, bertako mintzoaren ezagutza hamarkada gutxitan kamustu eta ilundu aurretik. Bidankozarte bezalako buletinen bidez bere sustraiei eta ondareari eutsi nahi dien herri honetan, Nafarroako beste horrenbestetan bezalatsu, bada oraindik umetan azken euskaldun zaharrak ezagutu eta haien mintzoa entzuteko parada izan zuenik, nahiz eta 1935ean Aingeru Irigaraik azken hatsetik hurbil topatu Bidankozeko euskara. Ordura bitarteko albisteak dira sarrera honetan bildu ditudanak.

1560-1561. Urte haietan bi bidankoztarren aurkako auzi sonatu bat izan zen. Haietako bat, Graziana Beltza, sorgintzat jo eta haren kontrako epaia aditzera eman ziotenean, euskara erabili zuten agintariek, emakumeak ez baitzekien beste hizkuntzarik.

1587. Gasteizeko apaizgaitegiko herri nafarren  zerrendan, ‘bascongado’  multzoan sartu zuten Bidankoze.

1723. Herriko bi seme lehiatu ziren San Pedro parrokiaren ardura hartzeko: Miguel Hualde eta Pedro Esparz. Hualdek bidankoztarren boz gehiago lortu zituela ikusita, Esparzek irabazlearen ustezko hizkuntza-ezintasuna salatu zuen: [herrian] sólo se abla la lengua bascongada, especialmente por las mugeres y niños, que en lo regular no entienden otra, y es la que usan en el confesonario y esplicación de la Doctrina Christiana. Euskarari zegokionez, eta Esparzen esanetan, bere lehiakideak ni la entiende ni sabe hablarla. Ukatu egin zuen Hualdek hura dena: es hixo natural y nacido y criado en la villa asta que salió a estudios, y sabe con perfección la lengua vascongada. Argudio argia erabili zuen beraz: bidankoztar izate hutsa bere euskalduntasunaren frogagarri zen. Iruñera deitu zuten dena den Hualde euskara-azterketa egiteko, eta aski eskari esanguratsua egin zuen: aztertzaileak ongi ezagutu zezala Erronkariko hizkera. Izan ere, gaineratu zuen, la lengua bulgar que se abla en el valle de Roncal (…) es distinta en un todo a la que se abla en lengua bascongada en esta Ciudad y su çircunferencia. Azterketa egin zioten eta berretsi egin zuten eskuratutako parroki-lanerako.

1778. Ika-mika sonatua izan zuten Eliz Auzitegietako komisari datu-biltzaile euskaldun eta erdaldunek, azken hauen ustez Nafarroako herri asko ez baitziren ordurako bascongadoak (=euskaldun hutsak) eta erdara sartzen hasia izanik, komisari erdaldunek ere lekukoak elkarrizketatzeko eta lan egiteko egokiak iritzi zietelako. Ez zuten erdalduntzen hasiak (omen) ziren herrien zerrenda hartan Erronkarikorik aipatu. Isiltasun adierazgarria da, euskaraz ez bazen herri haietan galdeketa egitea alferrekoa zela onartzea baitzen.

Bidangoz Hualderen jaiotetxea

Prudentzio Hualde zenaren jaiotetxea

1823-1879. Urte haietan bizi izan zen Prudentzio Hualde apaiz bidankoztarra, Bonapartek eskaturik San Mateoren ebanjelioa eta Asteteren kristau-ikasbidea Erronkariko mintzora eraman zituena. Hualde izan zuen printzeak erronkarierarako itzultzaile nagusi, eta berari zor dizkiogu horrenbestez euskara hark utzi dizkigun testurik zabalenak.

1832. Mariano Mendigatxa, Hualderekin batera Bonapartek izandako bigarren laguntzaile erronkariar handia, urte hartan jaio zen. Blogean agertu berria denez ez naiz azalpen luzerik ematen hasiko, baina merezi du aipatzea Mendigatxaren belaunaldia Bidankozeko azken-aurreko belaunaldi euskalduna izan zela, itxura guztien arabera.

1858. Ramona Ines Mendigatxaren jaiotza-urtea. Gero azalduko dudan bezala, Mendigatxaren alaba euskalduna zen, eta ez zen salbuespena; 1855-1860 bitartean jaiotako euskaldun bidankoztar gehiagoren aditzea dut. Baina euskararen transmisioa urte haietatik aurrera-edo eten egin zela ematen du.

1863. Bonaparteren mapan kolore ilunez ageri da Bidankoze. Hegoalderago dagoen Burgin ez bezala, gehiengoaren hizkuntza zen oraindik euskara. Baina burgiarrak berak ari ziren erakusten luzaro gabe Bidankozen ere egitera zihoazen zoritxarreko bidea. Bidankozeko aditz laguntzailearen azalpen osoa, oparoa, goitik beherakoa, eman zuen Bonapartek; ez zuen Erronkariko beste inongo herritan hainbesteko xehetasunik bildu eta eman.

1880. Mendigatxak itzulirik, Arturo Kanpionen Orreaga baladaren erronkarierazko bertsioa agertu zen Revista Éuskara aldizkarian.

1890.  Azkuek Particularidades del dialecto roncalés izeneko lanean hainbat urte beranduago aitortu bezala, bere hiztegi famaturako datu bila aritu zenean (‘cuando hice mis buscas y rebuscas‘ idatzi zuen berak) Erronkariko lauzpabost herritan zerabilten oraindik euskara. Bidankoze zen herri horietako bat. Hiztegia 1905ean argitaratu zuen arren, bilaketa-lana XIX. mendeko azken hamarkadan egin zuen.

Bidankoze gaur egun

Bidankoze, gaur egun

1903. Hizkuntzaren transmisioa Bidankozen etenda zegoela agertzen dute Mendigatxak eskutitz batean Azkueri idatzitako hitzek. Mendigatxaren ilobek ez zekiten euskaraz. Alferrik saiatu zen aitona haiek euskaratzen, bera ere gogogabetzeraino, arrotz baitzekusaten gazteek ordurako kalean entzuten ez zuten hizkuntza. Honela azaldu zion hura guztia Mendigatxak adiskide bizkaitarrari: aski sentimentureki, erraitendaud, enazala trebe llober uskararen ikasaraztra, nola ezbaitei ñonere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, eztokei ikas ñolako guisan; calaz, enfadatruk, eitzidigú alte bat; errana badigu kemen, eztagola betik urrucha, makila eguiteko; niriré ganiua guenduzaitad. Euskararik batere jaso ez zuen lehendabiziko belaunaldia bide zen Mendigatxaren iloben hura: alabak euskaldunak ziren. 1903ko urrian bertan, Azkuek Bidankoze bisitatu eta hango euskara bertatik bertara entzun nahi zuela jakinik, Mendigatxak alaba eta biok mintzatuko zitzaizkiola erantzun zion bizkaitarrari; baina hori baino askoz hoberik ez zuela aurkituko herrian (nago ustetan alaba eta nitarik eskiten eztiona, eztiola eskiñen ñortarik irikontan). Aurrerago ikusiko den bezala, Ramona Ines alaba ez zen salbuespena. Urte haietako bidankoztar euskaldun gehiagoren aditzea badago.

1904. Azken sarreran aipatu nuen Elizbarrutiko Guía eclesiástica delakoan baietz erantzun zioten Bidankozen ¿Se habla vasco? galderari, Uztarrozen eta Izaban bezala. Heldu eta adinekoen hizkuntza izango zen ordea euskara, ez gazteena.

1918. Urte hartan hil zen Mariano Mendigatxa, quien al morir (idatzi zuen Azkuek urte batzuk beranduago) se llevó consigo el vascuence de su pueblo natal. Agian bera izan zen euskara ederki menderatu zuen azken bidankoztarra; ez noski azken euskalduna, ikusiko dugun moduan.

1922-25. 1855ean jaiotako Juliana Arriola andere bidankoztarra elkarrizketatu zuen Erizkizundi Irukoitzerako Aita Eusebio Etxalarkoak. Datu-bilduma galduta dago, tamalez. Baliteke andere honek Bidankozeko euskara neurri batean besterik ez menderatzea, baina ez litzateke harritzekoa izango euskaraz ederki jakitea ere, Mendigatxaren alaba euskaldunen belaunaldi berekoa izanik.   Nolanahi ere, 1925ean bertan hil zen, urriaren 4an.

1935. Irigaraik bere sailkapeneko VII. mailan ezarri zuen Bidankoze: euskara adineko gutxi batzuek bakarrik omen zekitela -dozena eskas batek-edo- baina ordurako erabili ere egiten ez zutela esan nahiko luke horrek.

Bidankoze-Igari 1939-1941

Bidankoze eta Igari arteko errepidean aritutako presoen omenez ezarritako plaka

1939. Urte amaieran, gerra bukatu eta handik hilabete gutxira, Francoren diktadurapean preso hartutako asko iritsi ziren Erronkari aldera Igari eta Bidankoze arteko errepidea egitera. Gatibu-lanak sortutako errepidea izan zen hura (1939-1941), Nafarroako beste batzuk bezala. Antza denez, zenbait preso euskaldunek Bidankozeko adineko batzuekin euskara erabiliz elkar ulertzeko aukera izan zuten. 

Prudentzio Hualde 1979

Prudentzio Hualderen heriotzaren mendeurrena Bidankozen ospatu zuteneko argazkia (1979)

La pequeña villa de Vidángoz tuvo en dos de sus hijos (Prudencio Hualde y Mariano Mendigacha, recientemente comentado en este blog) a dos de los más destacados colaboradores de los estudios vascos en el pirineo navarro. Antes que ellos, incontables generaciones hablaron en la localidad su variedad propia del habla roncalesa; variedad ésta que, desgraciadamente, apenas sobrevivió un puñado de años a los mencionados Hualde y Mendigacha. Sin embargo, como recuerdo de un pasado no tan lejano, aún hay bidankoztarras que recuerdan a las últimas personas que hablaron en la villa la lengua de sus mayores. 

 

Bidankoze udalerria


Mendigatxa, Mariano (1832-1918)

Blogean duela gutxi idatzitako sarrera hau aberasteko orain arte ezagutzen ez nituen Mendigatxa sendiaren inguruko hainbat datu ekarri ditut hona. Ez dut uste jendaurrean idatziz sekula eman direnik. Bidankozarte aldizkariaren sustatzaile eta arduradun den Gotzon Pérez Artutx bidankoztarrari esker ezagutu ditut, jaioterriko parroki liburuak informatizatzen ari baita. Mendigatxaren inguruko xehetasun gehigarri hauek bere ahaleginaren eta pazientziaren fruitu dira. Sarrera hau bezalaxe, letra ilunean emanda dago eguneratzea ere.

Luis Luziano Bonaparteren eta Resurrección Maria Azkueren berriemaile bidankoztarra, hainbat testuren bitartez Erronkariko euskararen iturri ere bihurtu zena.

Mariano Mendigacha

Mariano Mendigatxa, Erronkariko eran jantzia

Erronkari haran osoan zehar XIX. mendeak jarri zuen -non lehenago, non berantago- bertako mintzoa galbidean. Bidankozen ere bai, jakina; baina herri hartan, horrekin batera, mintzo horren beraren bi lekuko bikain utzi zituen gizaldiak: Bonaparterentzat itzultzaile ibilitako Pedro Prudentzio Hualde, eta gaur hona ekarri dudan Mendigatxa, Erronkariko euskararen ikur eta -zoritxarrez- euskara horren beraren gainbeheraren sinbolo mingarri.

Mariano Saturnino Mendigatxa Bidankozen munduratu zen 1832ko otsailaren 12an. Guraso biak herrikoak zituen: Martin eta Melchora Ornat. Aitonak, burgiarra bata eta Erronkarikoa bestea. Mariano seme bakarra izan zen. Aita Mendigatxa etxekoa zuen eta ama, aldiz, Ornat etxekoa; 1829an ezkondu ziren eta beste seme bat jaio zitzaien ezkondu eta berehala -Pascual Isidoro-, baina urte eta erdi bete gabe hil zen. Ondoren Mariano jaio zen, eta 1833an hasitako gerra karlistaren ondorioz etxean ez zen beste seme-alabarik jaio. Karlistada giro latzak aita ondotik erauzi  zion Mariano Mendigatxari, eta umezurtz utzi.

Hiru urte zituela hil zioten aita. Kristinatar zenbaitek inguratu zuten 1835eko abenduan jaiotetxean bertan, eta ihes egiten saiaturik, balkoitik jauzi eginda, harrapatu eta herrian bertan akabatu zuten. Ama ez zen berriz ezkondu.

Bidankozeko eskola besterik ezagutu ez zuen laboraria izan zen Mariano Mendigatxa, baina berezko dohain handia izaki nonbait, nekazari batengandik espero ez zen mailaraino iritsi zen. Idazteko eta are itzultzeko erraztasuna agertu, eta mende erdi luzez izan zen kontuan hartzeko moduko erreferentzia Pirinio aldeko euskara hobeki ezagutu nahian zebiltzanentzat. Zenbatek esan ote dezakete horrenbeste?

Mendigatxa gaztea, amarekin bakarrik hazirik, ahal bezain pronto ezkondu zen, etxearen geroa ziurtatzeko. Gizonak ezkontzeko batez besteko adina 27 urtekoa zen garai hartan, hogei urte eskasekin espostu zuten mutikoa, aurretik hala erabakirik, Uztarrotzeko María Josefa Pérez Marcorekin. Bidankozeko aita eta Uztarrotzeko ama zituen emazteak. 

Bikoteak 5 seme-alaba izan zituen. Lehenengoa 1855ean Bidankoze astindu zuen kolera izurriteak eraman zuen, urtea baino ez zuelarik, aitaren anaiari berari gertatu bezala. Beste seme bat ere, bi urte bete gabe hil zitzaien. Beraz, hiru seme-alaba atera ziren aurrera: bi neska eta mutiko bat. Eusebia Felicia Otsagabiako batekin ezkondu zen, eta gainerako biek, (Francisco Simeon eta Ramona Ines), aitak bezala, aurrez prestatutako ezkontza izan zuten Bidankozeko etxerik aberatseneko bi anai-arrebarekin lotzeko: Santxena etxeko Juan eta María Cruz Mainz Salvochekin (1883). Ramona geratu zen Mendigatxa etxean eta berarekin bizi izan zen aita zahartzaroan.

Mendigatxa etxea

Mendigatxaren jaiotetxea, duela mende erdiko argazki batean

Bere bi alabak jaio ziren urte haietan (Ramona Ines 1858an, Eusebia Felicia 1863an) Erronkaritik kanpoko ikerleen arreta pizten hasi zen Mariano Mendigatxa. Bernardo Estornes Lasaren arabera, 1857ko bidaian ezagutu bide zuen Bonapartek Bidankozeko laborari azkarra, honek 25 urte baino ez zituela; beste iturri batzuek 1866-67ra arte izan ez zela diote. Prudentzio Hualde apaiz bidankoztarra izan zen San Mateoren Ebanjelioa eta doktrina Erronkariko uskarara moldatu zituena, baina Mendigatxa ere baliatu zuen printzeak: 50. salmoa Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkariko mintzoetara isurita argitara eman zuenean (1869) Mendigatxa arduratu zen -Martin Elizondo eta Pedro Jose Sanperrekin batera- itzulpen lanaz.

Mariano Mendigatxa ez zen L.L. Bonaparteren idatzizko berriemaile nagusietako bat izan, ezta bere haranerako ere; baina ez da ahaztu behar 1869an, hainbat egunez Donibane Lohizunen bildurik, Erronkariko euskararen aditz sistema osoa eta hiztegi lagin ederra jarri zizkiola eskura Mendigatxak printzeari: eta asko zen oraindik Bidankozekoak eskaintzeko zuena.

Esaterako, zerikusi handia izan zuen Arturo Kanpionen Orreaga balada hainbat euskalkitara eta Nafarroako hemezortzi mintzotara itzultzearekin: 1877an idatzi zuen Kanpionek Orreaga, Gipuzkoako euskaraz idatzi ere, eta halaxe agertu zen testua 1878an Revista Éuskara aldizkariaren lehendabiziko alean; baina oraindik ez omen zuen beste inongo euskalkitan emateko asmorik. Une hartan, ordea,  euskalkien arteko konparazioa bideratuko zuen testu bat aukeratu nahian zebilen Kanpion, eta lana Mendigatxak erraztu zion ezustean, inork eskatu gabe balada erronkarieraz paratu baitzuen  –Revista Éuskararen 1. alean bertan agertu zen bertsio hura ere-; itzulpen hark eta Bonapartek berak egin zizkion ukituek konbentzitu zuten Kanpion testuaren egokitasunaz, eta azkenean Orreaga izan zen euskalkiak erkatzeko (1880) iruindarrak plazaratu zuen idazkia.

Salmo Quincuagesimo 1869

Bonaparterentzat egindako salmo-itzulpenaren azala (egin klik testura jotzeko)

XIX. mendearen bigarren erdian zehar aipatzeko modukoa izan zen beraz Mendigatxaren lekukotasuna; baina goia XX. mende hasieran jo zuen, euskara bera Bidankozen argi eta garbi pitzatzen hasia zenean. 1902an, Resurreccion Maria Azkuek Zuberoan eskualde ezberdinetako hainbat berriemaileren arteko bilera bat antolatu nahi izan zuelarik, lau hamarkada lehenago Bonaparterekin aritutako bidankoztarra nahi izan zuen bere albora eraman. Ordurako 70 urteak beteta zituen Mendigatxak; aski joanak beraz harat-honat ibiltzeko behinolako indarrak. Azkueren asmoaren berri jakindakoan laguntza txikirik eskatuko ez ziola susmatu zuen gainera; baina baietz esan, eta udan elkartu zen Ligin bizkaitarrarekin. Hala egin bezain azkar jabetu zen Azkue Bidankozeko berriemailearen balioaz eta ia 15 urte iraun zuen harremana hasi zen horrela.

Harreman hori 1903tik 1916ra Azkuek eta Mendigatxak elkarri bidaliriko eskutitzek gorpuztu zuten. Bidankoztarrak idatzi zituenetarik 34 gorde dira; izan omen zen besterik. Erronkariko euskaraz daude gutun asko: inguruan Mendigatxak gero eta gutxiago entzungo zuen hizkeraren lekuko ederrak. 1957ra arte ez ziren ezagutzera eman.

Ondoren doana da gorde zen lehendabizikoa. Berorika egiten zion Azkueri, eta urteak pilatzen ari zitzaizkiola ikusita lekeitiarrari lehenbailehen ahalik eta gehien idazteko asmoa agertu zuen, bere idazkera ona ote zen zalantzan jarrita ere.

Bidankoze 1903’ko, Martxoaren 15’na
D. Resurrekzion Maria. Bilbo.
Maitagarrizko jeina. Bere tenpran xin zen orren azken Otsailaren 17’ko karta; artaz ekustan dud antzinatan diona uskarazko lan andi daramanian. Bitorreki arten dud zernaiden gaiza oil daztadan, uskaraz eskribitan dionetarik. Boztario batek artan nu orren letrak; ekustan duan aldi oroz, urdu zaitad gaudela biak xunto Eskapilenian beitartez beitarte. Eztud esprantza andirik ekusi biar daudala obrorik. Biotza erdiratan zaitad pensatian kementik irur urteren buruko, zer izanen den ote nitaz, adin daramadanareki iriko gizon guziuetarik eztud baizik laur zarrago; lauretarik bata dago utsitruk; eta berze irurak daude txotxatiar ellotruk xain xaina. Jangeiko Jeinari, otoy egiten daud, naro; emon daztan iltea on bat, erigoa luzerik bage. Eztago erremediorik, bear digu orkitu xiten denari; aren eskutik xin dein ber, izan deila komeni dena. Pensamentiuan artruk dakad biar daudala eskribitu al dokedan tenpra guziuaz, ilabete oro; anke ez obro ezik bizi nazala; Orrek eskribi beztad borontate dionian. Eta ¿nola daude osagarriz, Karmen, Sol, Aurora, eta Diana baidra orren familia? anke ezdutuala izaguntan nay dud xarrekitian onki. Eztakid gaxki ala onki eskribitan daudan; obroena barragarritako izanen zazka ene astakeriak. Egun xa estaud obro isartan, baizik, orri zerbutxatu naz betik baratan nazala gose andi bateki.

Aipagarria da 1903an bertan bere herriko hizkuntza-egoerari buruzko aski albiste esanguratsua jakinarazi ziola Mendigatxak Azkueri. Ilobei euskara irakasten saiatu zen, baina alferrik:

…tenpra berian, aski sentimentureki, erraiten daud, enazala trebe llober uskararen ikasaraztra, nola ezbaitey ñonere entzuten ele bat ezik nik erraiten dabeidanak, eztokey ikas ñolako gisan; kalaz, enfadatruk, eitzi digu alte bat; errana badigu kemen, eztagola betik urrutxa, makila egiteko; niri re ganiua gentu zaitad.

Ilobek ez zuten beraz aitonarena beste euskararik entzuten ordurako herrian, eta ahaleginak ez zuen ezertarako balio izan. Egina zuen ordurako euskara zaharrarenak Bidankozen.

Bidankoze zaharra

400 bat biztanle zituen Bidankozek Mendigatxaren garaian. Gaur, 100 ere ez.

1905era arteko 27 eskutitzetatik 22tan aritu zen bidankoztarra erronkarieraz. 1905etik aurrera, ordea, gaztelania izan zen Azkueri zuzentzeko erabili zuen hizkuntza, gutunetan euskarazko testu eta hitzak tartekatzen jarraitu bazuen ere.

Bien arteko harremana ikerle eta berriemailearen artekoaz haraindi heldu zen. Errespetu handiz hartu zuten elkar. Azken eskutitzetan, 80 urteak beteta zituen Mendigatxak bere indarrak ahitzen eta amaiera gerturatzen antzeman ahala, sentipenak eta kezkak ere jakinarazi zizkion Azkueri, eta Lekeitioko ikerle handia bidankoztarraren arazo eta ezinegonen lekuko izan zen. 1915ean sendirik gabekoentzako zaharretxe batera joateko asmoa izan zuen Mendigatxak, familiarekin bizi zen arren; antza denez, alaba batekin zuen harreman kaskarra ezinegon handia eragiten ari zitzaion Mariano adintsuari eta etxeko egoera garraztuta zegoen; horrek bultzatu zuen Mendigatxa erabaki hura hartzera. Bidankozeko udal-idazkariaren bidez iritsi ziren albiste haiek Azkuerengana, Mendigatxaren sendiak berak eskatuta, nonbait. Hori jakitean, herriko apaizaz baliatu zen Azkue Mendigatxari hurrengo eskutitza helarazteko. Etxean inon baino hobeto egongo zela esan zion; familiaren izena zaintzeko banatzerik komeni ez, gaineratu zuen. Pazientzia. 25 pezeta bidali zizkion gainera Azkuek Bidankozeko apaizari, horiekin erretoreak Mendigatxaren estutasunak nola edo hala arinduko zituelakoan (alaba ezkontzean haren aldeko donazioa egin zuen Mendigatxak eta bere buruarentzat gordetako dirutik ez omen zioten deus ere ematen). Azkueren aholkuak irakurri orduko baztertu zuen Mendigatxak bere hasierako asmoa (desde aquel momento desvanecí la idea de separarme, y me decidí a vivir junto con la familia, porque estoy sumiso y obediente a sus órdenes, respetándole como si fuera mi padre propio) nahiz eta etxekoekin bizitzen jarraitzeari ‘martirio‘ huts iritzi.

bIDANKOZE ALMADIA

Almadia-lanean. Joandako egunetako irudia.

Azken eskutitzean (1916) hurbil sentitu zuen heriotza: Con respecto a mi vida … no sé si me equivocaré, a mí se me figura que la presente será la última que reciba V. de mis manos … No tengo expresión suficiente para manifestarle lo agradecido que he vivido con la amabilidad, con el cariñoso afecto y con el dulce proceder que ha observado V. para conmigo desde el día que nos conocimos.

Asmatu egin zuen, zoritxarrez. Mendigatxa 1918ko uztailaren 31n hil zen. Galbidean zegoen Bidankozeko euskara ez zen berarekin zeharo desagertu, baina bere ikur nagusia galdu eta umezurtz gelditu zen, Mariano haurtxoari 80 urte lehenago gertatu bezala.

Mariano Saturnino Mendigacha, agricultor natural de Vidángoz, donde nació y murió (1832-1918) resulta en cierta medida un gran testigo crepuscular del dialecto roncalés que lo alumbró; gran testigo, porque las traducciones que preparó para Bonaparte y Campión y su relación epistolar con Azkue lo convierten en obligada referencia para el conocimiento del habla de su valle natal, hoy tristemente desaparecida. Y crepuscular, sin duda, pues la misma existencia de Mendigacha parece una alegoría del euskera de su localidad; aparentemente pujante aún en su infancia y agonizante cuando casi nueve décadas más tarde abandonó este mundo. 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2019(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     1234
    567891011
    12131415161718
    19202122232425
    262728293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu