Tag: Sakana

Ziorditik Uztarrozeraino (Koldo Artola)

Arantzadi Zientzia Elkartearen ekimenez karrikaratu da Artolaren lana.

Joan den asteartean Iruñean aurkeztu eta egunotan plazaratu dute Aranzadi Zientzia Elkarteak eta elkartekide den Koldo Artola ikertzaileak Ziorditik Uztarrozeraino izeneko lana, etnologo gipuzkoarrak hainbat urtez Nafarroako euskararen muga-herrietan egindako bilketa-ahalegin eskergaren erakusgarri.

Txoko honetan sarritan aipatu dut Koldo Artola; ezinbestekoa da Nafarroa eta euskara ardatz dituen blog batean. Beragatik ez balitz, bildu gabe geratuko ziren berezko euskal mintzoa azken hamarkadetan galdu duten nafar herri askotako hondar euskaldunen lekukotasun baliotsuak, direla Urritzola, Anotz, Inbuluzketa edota Ilurdozkoak, beste askoren artean. Azken hatsetan ziren zenbait hizkera ezagutzera heltzeko aukera Artolak eta 1971n hasi zuen bilketa-saio nekaezinak eman digute. Nabarmena da, esaterako, azken urteotan donostiarrak Zaraitzu edota Artzibar aldeko euskararen inguruan argitara emandako artikulu-sorta oparoa.

Orain, Burundatik Erronkarirainoko dozenaka herritan bildutakoa batera karrikaratu du ohorezko euskaltzainak, hamarkada hauetan ereindakoak eman dituen fruitu aberatsak luze-zabalean ekarriz denon aurrera. Artolari eta bera bezalako beste zenbait euskalzaleri esker ez da oihartzunik gabe iraungi Nafarroako erdialdeko eremu zabalean azken hiztun izan zirenen belaunaldi hura, aurreko hainbesteri, tamalez,  gertatu bezala.

koldo artola

Koldo Artola

BERRIA egunkariak gaur bertan plazaratu du Koldo Artolaren argitalpenari buruzko artikulu hau. Horrekin batera, Ignazio Etxarren urritzolarra elkarrizketatu dute, Arakilgo azken euskaldun zaharra, iaz Nafarroako euskal mintzoen hego-mugak aztertzerakoan blog honetan aipatutakoa. Lekukotasun ederra da, gutxitan heltzen delako azken hiztun hauen ahotsa publiko zabalera, sarritan aldizkari espezializatuetako orrialdeetara mugaturik, nahiz eta denon ondare ez-materiala aberasteko ezin baliotsuagoak diren.


Ni Euskalduna proiektua: azken eguneratzeak

Ekain hasieran azkeneko aldiz aipatu nuenetik, Nafarroako euskal hiztun gehiago elkarrizketatu, grabatu eta sareratu ditu Ni Euskalduna proiektuak. Batetik, bertako mintzoa dagoeneko galduta duten herri batzuetan izan dira arduradunak (Alesbes, Gares eta Lizarran, hain zuzen) haietara bizitzera joandako euskaldun zaharren hitzak jasotzeko; baina tokian tokikoa ere bildu dute bestetik, euskalkia bizirik duten hiru herritan izan baitira uda hasi zenetik: Beran Josu Goia izan dute lekuko; Etxarri Aranatzen, aldiz, Jose Luis Jaka eta Jesus Razkin elkarrizketatu dituzte. Arantzan, azkenik, Kontxi Arzuri, Anttoni Makirriain eta Maria Josefa Biurrarenaren mintzoa jaso dute.

NiEuskalduna Bera

Berako Josu Goia (egin klik edozein iruditan bideoa ikusteko)

NiEuskalduna Etxarri

Jose Luis Laka eta Jesus Razkin etxarriarrak

NiEuskalduna Arantza

Arantzako lekukoak

Nafarroako 14 herri daude gaur egun ikusgai nieuskalduna.metroo.es webgunean; azken urtebete honetan egin duten lanaren emaitza dira grabaketak. Gaur aipatutako herri euskaldunez gain, Doneztebe, Goizueta, Mugiro, Lesaka eta Zugarramurdi dira bisitatu dituzten gainerakoak.


Baliabideak: Sakana, euskara bidean (Labrit Multimedia, DVDa)

Behin baino gehiagotan hitz egin dut blog honetan Nafarroako ondare ez-materiala bildu eta ezagutarazteko lanean ari den Labrit Multimedia enpresaz. Berezko euskara galtzeko bidean edo zorian diren Aezkoa, Erroibar, Esteribar edota Odietan ekoitzitako produktuez idatzi dut aurretik. Oraingo honetan, blogean Sakana eta Burundako euskal mintzoen egoeraz aritu berri naizenez, Labritekoek duela zenbait hilabete Sakanari buruz argitara eman zuten DVDa aipatu nahi dut.

Labrit SakanaIzenburua: Sakana, euskara bidean

Argitaratzailea: Labrit Multimedia

Zuzendaria: Gaizka Aranguren

Urtea: 2012

Euskarria: DVDa 

Hizkuntza:  euskara 

Iraupena: 33 minutu.

Salneurria: 10 euro.

2011n eta 2012an Altsasutik Irañetara bitarteko eremuan egindako elkarrizketen laburbilduma mamitsua da DVD honetan bildu dena. Hamabost herri ezberdinetako 20 lekuko guztira, 30 urtetik beherakoak zein 90 urtetik gorakoak, bertako euskara bizitasun handiz gorde duten inguruetakoak (Lizarraga edota Urdiain, esate baterako) nahiz gaur arte euskalkiari doi-doia eutsi diotenetakoak (Irañeta, Iturmendi edo Altsasu). Laginaren aniztasunak aberastu egin du euskarari dagokionez horren heterogeneoa den eskualdeari buruzko ikus-entzunezkoa.

Hiru atal nagusik osatuta dator (Etxea eta familia, Gazte garaiak eta Euskara), bakoitzak hamar bat minutuko iraupena duelarik. Trinkotuta bada ere, hainbat mintzagai astindu dituzte hiztunek DVDan zehar: XX. mendean zeharreko bizimodua, aspaldiko ohiturak, salerosketa, elikadura, garai bateko jolasak, euskararen galera eta hura berreskuratzeko ahaleginak, hizkuntzaren egoerari begira herri batzuetatik besteetara dagoen aldea…

Sakana mapa

Mapan adierazitako herri gehienetako hiztunak daude ikusgai DVDan.

Zenbait kasutan interes gehigarria dute aurkeztutako lekukotasunek, dagoeneko euskaldun zahar gutxi-gutxi batzuk baino ez dituzten herrietako lekukoak mintzatu baitira tarteka DVDan: Iturmendiko Fermin Gabilondo, esaterako, edota Irañetako Pedro Ganboa, horren adibide dira. Are nabarmenago Altsasuko euskararen azken hari-muturra eman dezakeen Saturnino Zelaia jauna.

Herriz herri eta haranez haran, euskaraz zein gazteleraz, Nafarroako biztanleen ondare ez-materiala bildu asmoz Labritekoak egiten ari diren lanera hurbiltzeko era ederra iruditu zait ikus-entzunezko hau, aurretik ikusi ahal izan ditudan gainerakoak bezala.

DVDaren aurrerapena (vimeo.com)


Nafarroako euskal mintzoen egungo mugak (III): Sakana eta Burunda inguruak

Martxoko bigarren zatian Irurtzunen eten nuen Nafarroako euskararen hego-mugan zeharreko ibilbidea. Horixe dut beraz abiapuntua hirugarren atal honetan.

IRURTZUN bidegurutze garrantzitsua da, eta azokagunea ere bai, aspaldiko partez; goiztiarra izan zen oso bertan euskararen galera. 1935erako euskararen eremuaren mugan ezarri zuen Irigaraik, baina bertako euskaldunei buruzko albisterik eman gabe. Euskal Herriko Atlas Etnolinguistikoan adierazi zenez 80ko hamarkadan oraindik euskaldun zahar irurtzundarrak aurkitu omen zitezkeen arren, aspaldiko urteetan halakorik ez dela ziurta daiteke. Galera, gainera, duela urte asko hedatu zen inguruan duen Arakil ibar osoan zehar.

urritzola arakil

Urritzolakoa da Ignacio Etxarren, Arakilgo azken euskaldun zaharra.

ARAKIL, Irurtzun inguruko hamabi herrik osatzen dute egun (Irurtzun beregaina da 1996tik). 1935erako, hirutan baino ez zeuden 50 urtez beherako euskal hiztunak. Galbidean edo are itzalita zegoen ordurako euskara herriren batean. Horrela bada, joan den mendearen amaieran desagertu ziren Arakilgo mintzoaren azken lekukoak ia-ia haran osoan. Are nabarmenagoa bihurtzen du horrek gaur aipa daitekeen salbuespen bakarra: Urritzola herriko Inazio Etxarren. 75 urteko urritzolar honen aita bertakoa zen (1900ean jaiotako Juan Bautista Etxarren) eta Irañetan sortutako ama ere euskalduna zuen. Bere belaunaldikoen artean euskara jaso zuen bakarra izan zen Inazio (anai-arrebek ere ez zuten ikasi) eta horrela, berezko mintzoa dagoeneko galdu duen haran batean, eta erdaldundutako herriek erabat inguraturik (Urritzola, gainera, Arakil hegoaldean dago) antzinako katearen azken katebegia da Etxarren jauna.

Berak euskara gorde izana erabat anakronikoa dela ulertzeko Arakilen barrena abiatu besterik ez dago. Izan ere, gainerako herrietan zehar euskara noiz galdu zuten aztertzea, adinekoenen oroitzapenetara egindako bidaia egitea da sarritan. Eta Urritzola izan ezik Irurtzun hegoaldeko gainerako herrietan, gainera, bizi izan ziren azken euskaldunen oroitzapena ere galduta dago. Arakilgo hego-muga den Errotzen 79 urteko Paco Gorrotxategik ez du herrian euskara sekula entzun izana gogoan. Aita erroztarra bera, erdalduna zuen. Euskaraz zekien amak, baina Donamariakoa zelako [Hortik behera, Oskia hegoaldeko Atondon ere -Itza bailarakoa, honako hau- ez dituzte herriko azken euskaldunak gogoan; 70eko hamarkadan hil zen azken hiztuna, baina Atondora ezkondutako imoztarra zen]. Irurtzun ondo-ondoko Izurdiaga, aldiz, guztiz erdalduntzat jo zen 1935eko Irigarairen inkestan ere; eta Irurtzun ekialdean dagoen Arakilgo herri bakarrean, Aizkorben, ez dut euskararen oroitzapenik topatu.

_Etxarren1G

Etxarren Iruñetik Gasteizerako errepide zaharrak zeharkatzen du. XX.mende amaieran hil ziren bertako azken euskaldun zaharrak.

Horrenbestez, Irurtzundik mendebaldera joan beharra dago Arakilgo azken euskaldunei buruzko xehetasun bila. Irurtzun aurrez aurre duen Etxeberrin 85 urteko Celestino Zubillaga bizi da. Gizon honen aita etxeberritarra (herriko azken euskaldun zaharrak bezala) 70eko hamarkadan hil zen. Berak euskara ulertzen du: arruatzuarrak-eta bere aurrean euskaraz aritu direnean lotsarik gabe hitz egiteko esan izan die, ‘que ya les pillaria algo‘ eta euskarazko Guaixe aldizkaria etxera iristean begiratua botatzen dio; ‘pero para pronunciar…‘ Umetan nola edo hala jasotako euskara ez du erabat ahaztu Zubillaga jaunak (1988an Koldo Artolari zenbait aditz forma emateko gauza izan zen) baina ezin euskaldun osotzat hartu. Askotan gertatzen den bezala, dena den, erabat galdu duenak hiztun oso iritzi ohi dio pittin bat gorde duenari: Aizkorben, adibidez, euskalduntzat dute Etxeberriko Celestino. Larraun aldera igotzen den errepidearen bazter batean dagoen Egiarretako Danboliñenea etxeko jaunak umetan ikasi zuen lehendabiziko hizkuntza euskara izan zen (bere aita egiarretarra, euskal hiztuna, 1972an hil zen) baina guztiz euskalduna zen ama goldaraztarrari euskarak pasarazitako lotsek eragin zuten kaltea: ez seme-alaba, ez ilobengan ez zuen hizkuntzak iraun. Azken euskaldun osoak 80ko hamarkadan joan ziren; haien artean Zapatero etxeko Jose Lazkoz, Artolaren berriemaile. Hamarkada berean hil ziren Ekaiko azken euskaldun zaharrak ere: Koldo Artolaren iturri Pedro Berjera, edota 1985ean zendutako Fermina Muzkiz. Etxarrenen gogoan dituzten hondar hiztun zaharrak Juanito Legarra eta Jose Miguel Goitia dira.  1996an hil zen azken hau, 89 urte zituela. Bera izan omen zen Etxarrengo azken euskalduna. Zuhatzura ezkondutako Juanitoren anaia Santos Legarra, aldiz, 1988an hil zen, anaia baino sei urte beranduago. Horra beraz, antza denez, Etxarrengo azken hiru euskaldun zaharrak. Zuhatzun euskara are lehenago galdu zela ematen du. Anastasio Beloki (1970) baino beranduago hildako euskaldun osorik ez dut ezagutzen; ez dakit egongo zen.

Haranaren mendebaldea, Irañetatik hurbil, gertuago dago egungo euskal mintzoaren mugatik; baina han ere urteak dira joan zela betirako Arakilgo euskara. Satrustegiko Alicia Izkok adierazi didanez Jesusa Ongay 1995ean hil zen, eta herrian hura dute azken euskalduntzat, nahiz eta Josefa ahizpa (Jesusa bezala Koldo Artolaren berriemaile 80ko hamarkadan) duela hamar urte hil zen; ahizpa hauen heriotzarekin desagertu zen Satrustegiko euskara, XXI. mendearen mugan. Garai beretsuan galdu zen betirako Ihabarko hizkera ere, azken-azken hiztunetakoa Mikaela Huarte izan zelarik. Lehentxeago galdu zen, aldiz, Hiriberrin. Tren-geltokia aipatu didate arrazoietako bat bezala bertako Germán Urriza eta Gerónimo Ollok. Azken honek uste du bere ama (duela 20 urte hildako Heliodora Armendariz) izango zela euskara ulertzen zuen azken hiriberritarra. 88 urteko Germanek ez ditu sekula Hiriberriko bi lagun kalean elkarrekin euskaraz entzun.

LARRAUN. Egiarretaz hitz egiterakoan Larraunerako errepidea aipatu dut; mendiz are hurbilago daude Egiarreta eta Larraun haraneko Madotz. Horixe da gaur egun bertako euskararen hego-muga.  Urtean zehar bi etxetan baino ez da jenderik bizi, ia erabat hustu baita; Lekunberri baino Arakil hurbilago izan arren, bizimodua Larraun aldera begira du, eta bertako euskarari eutsi diote Madozko biztanle apurrek. Bestela gertatu da, neurri batean behintzat, iparrerago dagoen Oderitzen; hainbat kanpotar joan da bertara bizitzera, batzuek euskaraz ez dakitelarik; gaztelaniak eta euskara batuak tokitxoa hartu dute beraz herrian, eta adinekoek Larraungo mintzoari eutsi arren euskaldun gazteagoek nahasi darabiltzate bertakoa eta batua. Ainhoa Berazak eman dizkit herri hauei buruzko xehetasunak.

Sakanara itzulita, eta Urritzolako argi-puntu ahula atzean utzita, bertako mintzoaren muga Ihabartik ezker dago gaur egun. Hortik aurrerako eremua zeharo heterogeneoa da: euskalkia galbidean duen herri bat eta indarrean duen beste bat elkar ukitzen egon daitezke. Ez da gaur goizeko kontua; Sánchez Carrionek berak aztertu zuen Sakana eta Burundako egoera duela berrogei urte baino gehiago, eta alde nabarmenak ikusi zituen herri batzuetatik besteetara Ziordia eta Irañeta bitarteko eremuan. Hiru lekutan azpimarratu zuen euskararen nagusitasuna: Arbizu, Ergoien eta Urdiainen; halaxe da oraindik ere. Arbizu-Urdiain-Ergoien hirukia, Altsasutik Irurtzuna bitarteko hizkeren gordailu nagusia da; bertan diraute indartsuen. Zerikusi handia izan du aurreneko bietan apaiz lanak. Duela 40 urte dagoeneko euskara eta gaztelania lehian zituzten Etxarri eta Lakuntza besterik dira. Indartu egin da euskara bi horietan azken hamarkada hauetan, baina handia da batuaren itzala eta ilunagoa bertako hizkeren etorkizuna; Lakuntzan, esaterako, haurrak euskaldunak dira, baina batuaren gurpilean hazitakoak oro har; Etxarrin gehiago entzuten da euskara duela 40 urte baino, baina lehen baino herri euskaldunagoa izanagatik etxarrieraren egoerak ez du zerikusirik Urdiain edota Ergoiengo hizkerek dutenarekin.

Lizarraga Ergoien

Lizarraga. Bonapartek bere maparen Nafarroako hego-mugan euskara aldetik indartsu adierazi zituen eskualdeen artean hizkuntzari irmo eutsi dion bakarra da Ergoien.

Oraindik aipatu ez ditudan herrietan (ekialdetik mendebalderantz Irañeta, Uharte, Arruatzu, Bakaiku, Iturmendi, Altsasu, Olazti eta Ziordia) herriko euskara galbidean dago edo ahantzi egin da guztiz. Hona zenbait xehetasun.

Irañeta

Irañetan euskaldun zahar gutxi batzuk bizi dira egun.

IRAÑETA. Gaur egun arte irinterak nola edo hala iraun duen arren, herriko adinekoek besterik gorde ez duten altxorra dela esan daiteke. Ez denek, gainera, badira-eta 80 urtez gorako erdaldunak ere. Jose Luis Erdoziak dozena erdi bat euskaldun zahar aipatu zituen joan den hamarkadan; niri bosten berri eman didate aurten Irañetan, 70 urtetik gorakoak denak: Urrunza etxeko Valentin Lakunza, Pedro Ganboa, Timoteo Beraza, Justo Zudaire…  besteren bat bada; askoz gehiago ez.

UHARTEn Irañetan bertan baino lehenxeago hasi zen euskara atzera egiten; duela 70-80 urte arte-edo nagusi izan zen euskara herrian; ordutik aurrera, ordea, etengabekoa izan da atzerakada. 1970ean, Sanchez Carrionek 50 urtetik gorako euskaldunak besterik ez zituen topatu, eta haiek ere euskara erabiltzen ez zutenak. Oso gutxi dira Uharten bertako euskararen berri eman dezaketen adinekoak; horien artean 80 urteko Jose Luis Huarte.

ARRUATZUn badira euskaldun zaharrak, baina 60 urtez gorakoak ia den-denak, 40 eta 60 urte bitartekoek euskara jaso ez dutelarik. Adin horretatik behera salbuespenen bat bada (herriko euskara etxean hartu duen 35 urte inguruko arruatzuar bat behintzat bada) baina ia ez dago Arruatzuko mintzoa ikasi duen heldu zein gazterik. Bat dator egoera hau Sanchez Carrionek duela 40 urte azaldu zuenarekin; orduan 20-30 urtetik gorako arruatzuarrak omen ziren euskaldunak. Etorkizun ilun-iluna du beraz Arruatzuko hizkerak. Apaizek ez zuten Arbizun bezala hizkuntzaren alde egin.

BAKAIKUn zenbait euskaldun zahar bizi dira, hamarren bat-edo gutxienez, baina 70 urtez gorakoak omen dira guztiak, eta baten bat dexente adintsuagoa da. Gazteagoen artean entzun daiteke tarteka herrikoa den hitzik edo egiturarik, baina haria eten egin zen arestian aipatutako adineko hiztun horien atzetik. Baliteke lotsagatik-edo euskara jakin badakien baina aditzera ematen ez duen beste herritarrik izatea -emakumeen artean batez ere-. baina oso zalantzan jartzekoa da 60 urtetik behera bakaikuera dakien biztanle bakar bat ere izatea; hala uste du adineko euskaldun zahar horietako baten iloba den Aner Galarza bakaikuarrak. Datua ez da harritzekoa eta okerragoa ere espero zitekeen: Sanchez Carrionek 40 urtetik gora topatu zituen euskaldunak Bakaikun 1970ean, ez gazteagorik.

iturmendi9

Iturmendin Gerra Zibila baino lehenagokoa da euskararen galera-prozesuaren hasiera.

ITURMENDIn ezin hurbilago dago herriko mintzoa erabateko desagerpenetik; hasi ere, Bakaikun baino lehenxeago hasi zen euskara galtzen. Bi euskaldun zaharren aditzea dut: Fermin Gabilondo (1927an jaioa) eta 90 urte inguruko Emilia Aseginolaza. Transmisioa guztiz etenda dago; Ferminen semea, esaterako, euskalduna da, baina euskara bere kabuz ikasi zuelako. Txepetxek bere ikerketa egin zuenean, 45 urtekoak ziren Iturmendin euskaraz zekiten gazteenak.

ALTSASUn 1900 inguruko belaunaldia izan zen noski euskaraz jakin eta hizkuntza erabili zuen azkena; eta ordurako ez zuen belaunaldi osoak euskara jaso; zenbait altsasuarrek baino ez. Ezaguna da 1915erako bazirela euskararik ez zekiten gazte altsasuarrak. Hamaika lotsa pasa zituzten hainbat urdiaindarrek Altsasu aldean, euskaraz egiteagatik eta gaztelaniaz ongi mintzatu ezinik hirikoek iseka eginda. Horrela bada, 90eko hamarkadan hil ziren Altsasuko euskaldun osoen azken belaunaldia osatu zuten hiztun gehienak; hortik aurrera, euskararen transmisioa oso lantzean behin eta era kaxkar-kaxkarrean gauzatu zen garaiko azken hondarrak baino ez ziren gelditu. Egoera horren adibide da Santiago Zelaia jauna (1934an jaioa) Altsasuko euskararen azken mugarritzat har daitekeena. Zelaia ez da euskaldun oso-osoa, eta kostatzen zaio euskaraz egitea, gogoz saiatzen den arren. Euskara jakitearen lotsa bizi izandakoa da, eta bere hitz eta gogorapenek argi eta garbi islatzen dute euskararen aurkako zein girotan hazi zen; Altsasuko hizkera ito zuen giroan.

Altsasun bezalatsu, OLAZTIko euskaraz ongi solastu ziren azkenak 90eko hamarkadan zehar desagertu ziren, duela 15-20 bat urte. Olaztiko mintzoa aztertzeko hiztun hauei 1989 eta 1992 bitartean grabazioak egin zizkien Adelaida Kintanari zor diot datua. Elkarrizketatuetako batzuk Pedro Emiliano Bengoetxea, Luisa Biota, Josefa Ezker, Maria Agirre, Teodora Bengoetxea, Sekundino Lopez de Goikoetxea edota Teresa Etxaiz izan ziren. Kintana bera hainbat olaztiarri euskara irakasten ari zitzaielarik, euskaldun zahar hauen etxeetara eraman zituen bere ikasleak herriko euskararen berri zuzena izan zezaten. Katea eten ez izanaren seinale ederra. Gaur egun ez dira bizi gurasoen arrimoan euskaldun bihurtutako olaztiar haiek, baina Nafarroako beste hainbat tokitan bezala, badira aiton-amonen ezpainetan entzundako altxor hura etxean jaso ez arren miretsi izan zuten hainbat olaztiar, beste era batean bada ere luzaroan hizkuntza bakarra izan zen hura gaur iraunarazteko asmoa dutenak. Sarrera hauetan agertu diren herrietan euskaldun horiek dira hizkuntzaren etorkizuna bermatuko dutenak.

Nafarroako euskararen muga mendebaldean 2013

Egin klik irudian handiago ikusteko. Lerro ez zuzenek bildutako herrietan euskara apur bat dakien pertsona bakarraren aditzea dut, baina ez da euskaldun osoa.

En esta entrada completo el recorrido iniciado semanas atrás en las comarcas pirenaicas al objeto de actualizar las fronteras actuales de las hablas vascas en Navarra. El corredor entre Irurzun y Alsasua, cerca ya de la muga con Álava, presenta dos zonas bastante diferenciadas que pueden apreciarse fácilmente en el mapa: la zona más cercana a Irurzun (el Valle de Arakil), más tempranamente castellanizada, ha perdido ya del todo su euskera propio, hecha la salvedad de un único hablante de 75 años en la localidad de Urrizola. Así pues, para el viajero que se desplace desde Irurzun hacia Alsasua es Irañeta la primera localidad en la que aún podrá encontrar unos pocos conocedores del habla local. Desde Irañeta hasta Alsasua se extiende un espacio en el que a día de hoy el dialecto navarro pervive aún en todos los pueblos, pero con enormes diferencias en cuanto a su presencia real. Se pasa sin solución de continuidad de enclaves donde el habla tradicional esta prácticamente extinguida, siendo conocida sólo por alguna de las personas de mayor edad (el caso de Iturmendi)  a otras en las que la lengua de uso habitual es la vasca y la variedad local del euskera goza de buena o excelente salud (Urdiain, a apenas 2 km). La propia Urdiain marca el límite occidental de la zona de máxima intensidad del euskera navarro; más al oeste está Alsasua, profundamente castellanizada durante los últimos 120 años y donde apenas quedan ya rescoldos del habla que le fue propia durante siglos. Olazagutia se encuentra ya fuera de los límites actuales de los dialectos navarros del euskera. 

 

 

 

 

 


  • RSS Jarioa – Harpidetu

  • CREATIVE COMMONS

  • Artxiboak

  • 2017(e)ko abuztua
    A A A A O I I
    « maiatza    
     123456
    78910111213
    14151617181920
    21222324252627
    28293031  
  • wordpress visitors
  • Feedburner

  • Jarraitu bloga

  • Copyright © 1996-2010 LINGUA NAVARRORUM. All rights reserved.
    iDream theme by Templates Next | Powered by WordPress
    Tresna-barrara saltatu